Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

198. zk., 2014ko urriaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

SEGURTASUN SAILA
4350

EBAZPENA, 2014ko urriaren 10ekoa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena; honen bidez, Ertzaintzaren Eskala Goreneko intendente Kategorian sartzeko hautaketa prozeduraren deialdia egiten da.

Deialdi hau egingo da Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legean eta Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuan eta maiatzaren 21eko 111/2002 Dekretuan, otsailaren 17ko 36/2004 Dekretuak eta apirilaren 20ko 120/2010 Dekretuak aipatu Dekretuari egindako aldaketetan xedatutakoaren arabera.

Halaber, Segurtasun sailburuordeak alde horretatik egindako eskaerari erantzun zaio.

Horretan guztian oinarrituta, zuzendari nagusi honek ebatzi du Ertzaintzako Eskala Goreneko intendente Kategorian sartzeko hautaketa-prozedurarako deialdia egitea, aintzakotzat hartuz ondoko.

DEIALDIAREN OINARRIAK:

Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.

Barne sustapeneko hautaketa-prozeduraren deialdia egingo da oposizio-lehiaketa bidez. Horren osagarri, prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia egingo dira; hain zuzen, Ertzaintzaren Eskala Goreneko intendente Kategoriako 6 plaza betetzeko, Euskal Administrazio Publikoen funtzionarioen sailkapeneko A taldeko A1 azpitaldeari dagozkionak; sartzeko eskatzen den titulazioaren arabera.

Deitutako plazak gehiago izan daitezke. Kopurua handituz gero argitaratu egingo da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bidez, Hemeretzigarren Oinarrian ikusitakoarekin bat etorriz, Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 40.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Plaza-gehikuntza oinarri hauen bidez arautuko da eta Hamaikagarren Oinarrian, 3. puntuan, aurreikusitako izapidearen aurretik ezarri beharko da.

Bigarrena.– Parte hartzeko eskakizunak.

1.– Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi dutenek, onartuak izan nahi badute, eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Aldez aurreko eskabidea egitea.

b) Ertzaintzako karrerako funtzionario izatea.

c) Jarraian adierazten diren kategorietako batean zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran egotea, azaltzen diren inguruabarrak aldi berean gertatzen direla:

c.1.– Ertzaintzako komisario Kategorian zerbitzuan izatea, hiru urte benetako zerbitzuan bete izanik, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 59.3 artikuluan ezarritakoaren arabera eta, gainera:

c.1.1.– Doktore, lizentziatu, ingeniari, arkitekto edo antzeko tituluaren jabe izatea.

c.1.2.– Titulazio hori ez dutenek ere parte ahal izango dute, baldin eta sailkapeneko beheragoko taldeari dagokiona badute (A taldea, A2 azpitaldea) eta beharrezko gaikuntza-ikastaroa gainditu badute, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 59. artikuluko 2. zenbakian araututakoaren arabera.

Gaikuntzako ikastaro horren ezaugarri bereziak direla-eta, ikastaroa egin dutenak eta halaber c.1.1. atalean aipatutako titulazioetako baten jabe direnak bide horretatik sartu ahal izango dira hautaketa-prozedura honetan. Kasu horretan gaikuntza-ikastaroa eginda izatea ez da titulazioaren baldintza betetzeko bidetzat hartuko.

c.2.– Euskal Herriko Poliziari buruzko Legea indarrean sartu zenetik intendente-kategoriarako egiten den bigarren deialdia denez, eta Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen Seigarren Xedapen Iragankorrak emandako eskumenari jarraikiz, Poliziari buruzko Legearen 59. artikuluan (bigarren oinarria, 1. puntua, c.1. atala) aipatzen diren funtzionarioez gain, Ertzaintzako Betearazpen Eskalako komisariondoko Kategorian zerbitzuan daudenek ere parte ahal izango dute, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

c.2.1.– Doktore, lizentziatu, ingeniari, arkitekto edo antzeko tituluaren jabe izatea

c.2.2.– Ertzaintzako komisariondoko Kategorian benetako zerbitzuan bost urte bete izana, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 59.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

d) BTP gidabaimenaren jabe izatea.

e) Hutsegite larria edo oso larria egin izanagatik zehapenik jaso ez izana, ezarritako zehapena deuseztatuta geratzea lortu denean izan ezik.

1.– Prozedura honetan parte hartu nahi dutenek aurreko atalean ezarritako eskakizun guztiak beteta izan beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

2.– Izangaia onartua izan dadin eta hautaketa-prozesuan parte har dezan nahikoa izango da aurreko atalean (2. puntua) eskatutako baldintzak betetzen dituela adieraztea eskabidean (eskabideak aurkezteko epearen amaierari buruzkoak dira baldintza horiek). Eskakizun horiek deialdia egin duen organoak ofizioz egiaztatuko ditu eta, horretarako, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren eta Segurtasun Sailburuordetzaren ziurtagiria beharko du.

3.– Aurreko atalean xedatutakoa gorabehera, hautaketa-prozedurako edozein unetan, prestakuntza-ikastaroan edo praktikaldian zehar, onartuen eta baztertuen zerrenda oneste aldera, organo eskudunak jakingo balu horietako baten batek deialdian parte hartzeko beharrezko baldintzak ez dituela betetzen, hautaketa-prozeduratik kanpo utziko luke edo, hala balegokio, prestakuntza-ikastarotik edo praktikalditik, hari entzun ondoren.

4.– Hautaketa-prozedura honetan parte hartzea borondatezkoa da, eta berekin proba psikoteknikoak eta/edo nortasuneko probak egiteko onespena ematea dakar. Gainera, proba horren emaitza beste balorazio-faktore bat bezala erabiltzea onartu beharko da, oinarri hauetan aurreikusitakoari jarraiki.

Hirugarrena.– Eskabideak.

1.– Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi dutenek Gobernuaren Gurenet Intraneten bidez egin beharko dute eskabidea, bertan eskuragarri egongo den eskabide-eredua betez.

2.– Eskabideak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

3.– Eskabidea modu telematikoan formalizatuko denez, izangaiek bederatzigarren oinarriaren lehenengo atalean adierazitako epean eta eran aurkeztu eta egiaztatu beharko dituzte merezimenduak.

Laugarrena.– Izangaiak onartzea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan eta Bigarren Oinarriaren lehenengo ataleko ezarritako baldintzak betetzen direla ofizioz egiaztatu eta gero, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda ebatziko du eta Hemeretzigarren Oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz argitaratuko da.

2.– Bazter utzitako izangai bakoitzari dagokionez, behin-behineko zerrendak jasoko ditu horiek baztertzea eragin duten arrazoiak; halaber, 10 egun balioduneko epea emango da erreklamazioak egiteko eta eskabideak izan ditzakeen akatsak zuzentzeko.

3.– Aurkeztutako erreklamazioak onartu edo ezetsiko dira onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda (lehen atalean aurreikusitako moduan argitara emango dena) behin betiko bihurtzen duen Ebazpenean.

4.– Hautaketa –prozedura honetan parte hartzen duten pertsonak (hautaketa-prozesua, prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia) eskabidean erabilitako lanbide identifikazio zenbakiaren bitartez identifikatuko dira. Era berean, lanbide identifikazio bera erabiliko da Ertzaintzaren Eskala Goreneko intendente gisa egingo den izendapenerako.

Bosgarrena.– Epaimahai Kalifikatzailea.

1.– Epaimahai Kalifikatzailea eratuko da oposizio-lehiaketaren probak eta merezimenduak zehaztu, garatu eta ebaluatzeko, baita izangaiak hautatzeko ere, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen eta uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren aurreikuspenen arabera. Epaimahai horrek mahaiburua, lau epaimahaikide eta idazkari bat izango ditu. Epaimahai horrek emakumezkoen eta gizonezkoen ordezkaritza orekatua izango du.

Epaimahai Kalifikatzailea osatzen duten kideen eta horien ordezkoen izendapena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren Ebazpenaren bidez argitaratuko da, Hemeretzigarren Oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz.

2.– Epaimahai Kalifikatzailearen jarduera kide anitzeko organoen funtzionamenduari buruzko arautegiaren araberakoa izango da.

Epaimahai Kalifikatzailea osatzen duten pertsonei aplikatuko zaizkie Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 28. eta 29. artikuluetan parte ez hartzeko eta errefusatzeko jasotako arrazoiak.

Epaimahai Kalifikatzaile honetan parte hartzeak aurreikusitako legezko kalte-ordainak jasotzea eragingo du.

3.– Hautaketa-sistema eratzen duten proben eta merezimenduen garapena eta ebaluazioa Epaimahai Kalifikatzaileari dagozkio eta autonomia funtzional osoz jardungo du. Bestetik, prozeduraren objektibotasuna bere ardurapekoa ere izango da eta, gainera, deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du.

4.– Hautaketa-sistemak dituen proba guztietarako edo batzuetarako, Epaimahai Kalifikatzaileak bere lanetan aholkulariak edo adituak erabil ditzake, baina beroriek bakarrik euren espezialitateen barruan emango dituzte aholkuak eta laguntza teknikoa.

5.– Epaimahai Kalifikatzaileak hautaketa-sistema garatzeko behar diren neurri guztiak hartu ahal izango ditu oinarri hauetan aurreikusita ez dagoen guztiari dagokionez. Halaber, oinarri hauen interpretazio eta aplikazioari buruz sortuko diren arazoak ebatzi ditzake, baita bere funtzioak betetzeko ere.

6.– Epaimahaiak ezingo du deitutako plaza-kopurua baino izangai gehiago hautatu. Muga hori hausten duten proposamen guztiak erabat deusezak izango dira.

7.– Epaimahai Kalifikatzailearen akordioak Hemeretzigarren Oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz argitaratuko dira.

8.– Epaimahai kalifikatzaileari zuzendutako idazkiak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiara igorri beharko dira.

Seigarrena.– Hautaketa sistema.

1.– Hautaketa-sistema oposizio-lehiaketa izango da, eta oposizio- eta lehiaketa-sistemak bata bestearen atzetik burutuko dira, horretan parte hartzen dutenen gaitasuna eta lehentasun-ordena zehazteko. Oposizio-lehiaketaren guztirako puntuazioa bi faseen batuketatik lortutakoa izango da. Puntuazio horri gehituko zaio euskararen ezagutzaren merezimenduaren ebaluazioan lortutako puntuazioa, eta, hartara, izangaien lehentasun-hurrenkera zehaztuko da.

2.– Lehiaketa-fasean ez da inor baztertuko eta bertan lortutako puntuazioa ezin izango da kontuan hartu oposizio-faseko ariketak gainditutzat jotzeko edo horietan lortutako kalifikazioak aldatzeko.

Zazpigarrena.– Oposizioa.

Oposizio-fasean ondorengo probak egingo dira:

1.– Lehena: proba praktikoa. Baztertzailea eta nahitaezkoa. Epaimahai kalifikatzaileak zehaztuko duen kasu praktikoa ahoz edo idaztiz ebaztean datza. Proban Ertzaintzaren Eskala Goreneko intendente Kategoriari dagozkion eginkizunak eta Ebazpen honetako I. Eranskinean agertzen den programan sartutako irakasgaiak erlazionatu beharko dira.

Proba hau gehienez 90 punturekin baloratuko da eta gainditzeko gutxienez 45 puntu lortu beharko dira.

2.– Bigarrena: gaitasunak baloratzeko proba. Ertzaintzaren intendente lanbide profilarekin zerikusia duten ondorengo gaitasunak baloratzean datza:

– Norbere buruarekiko kontrolaren gaitasuna: 0tik 30 puntura bitartean baloratuko da eta gainditzeko gutxienez 15 puntu lortu behar dira.

– Ekintza-gaitasuna: 0tik 30 puntura bitartean baloratuko da eta gainditzeko gutxienez 15 puntu lortu behar dira.

– Sinesgarritasun profesionalaren gaitasuna: 0tik 20 puntura bitartean baloratuko da eta gainditzeko gutxienez 10 puntu lortu behar dira.

– Kooperatibitate eta pertsonen arteko harremanen gaitasuna: 0tik 20 puntura bitartean baloratuko da eta gainditzeko gutxienez 10 puntu lortu behar dira.

– Zuzendaritza eta Kudeaketaren gaitasuna: 0tik 20 puntura bitartean baloratuko da eta gainditzeko gutxienez 10 puntu lortu behar dira.

– Norberaren eraginkortasunaren gaitasuna: 0tik 20 puntura bitartean baloratuko da eta gainditzeko gutxienez 15 puntu lortu behar dira.

– Organizazio-inguruaren gaitasuna: 0tik 10 puntura bitartean baloratuko da eta gainditzeko gutxienez 5 puntu lortu behar dira.

– Gaitasun profesionala: 0tik 10 puntura bitartean baloratuko da eta gainditzeko gutxienez 5 puntu lortu behar dira.

Gaitasun horien balorazioa ondorengo idatzizko eta/edo ahozko ariketak egitean oinarrituko da:

– «In basket» (erretilu-ariketa).

Izangaiak gai batzuei aurre egin beharko die lehentasun-hurrenkera bat ezarriz.

– Eztabaida taldean.

Interes-talde batzuekin, negoziatze-prozesu batekin lotutako elementuei aurre egin beharko die.

– «Role Play».

Lanpostuaren erantzukizunarekin lotutako berariazko egoera baten irudikapena egingo da.

– Simulazio proba.

Bere jarduera eta erantzukizunarekin lotutako berariazko gai baten irudikapen bat egitean datza.

– Arazo kritikoei buruzko elkarrizketa.

Izangaiaren lan-ibilbidearen inguruko aparteko egoeretan oinarrituko da.

Proba hori gehienez 160 punturekin baloratuko da. Oposizioa gainditzeko, gaitasun bakoitzean adierazitako gutxieneko puntuazioa lortzeaz gain, izangaiek guztirako puntuazioan 80 puntu edo gehiago lortu beharko dituzte.

Proba hori osatzen duten ariketa guztiak nahitaez egin beharko dira.

Zortzigarrena.– Oposizioko proben garapena.

1.– Probak ezin izango dira hasi, harik eta deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik bi hilabete igaro arte.

2.– Lehenengo proba egiteko eguna, ordua eta tokia, Hemeretzigarren Oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz iragarriko dira, zazpi egun natural lehenago gutxienez. Gainerako ariketen segidako iragarpenak gutxienez hirurogeita hamabi ordu lehenago argitaratuko dira esandako eran.

3.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, Epaimahai Kalifikatzaileak erabaki ahalko du gaitasunak baloratzeko proba eta/edo ariketa desberdinak finkatutakoaz bestelako hurrenkera batean egitea, baita egun berean proba batzuk burutzea ere.

4.– Izangaien kopurua kontuan hartuta, eta ariketak egitea zerbitzuaren beharrekin bateragarria izan dadin, Epaimahai Kalifikatzaileak erabaki dezake gaitasunak baloratzeko proba hainbat txanda eta tokitan egitea.

5.– Automatikoki hautaketa-prozeduratik kanpo geratuko dira Epaimahaiaren deiaren arabera ezarritako ordu, egun eta lekuan nahitaezko Proba eta/edo ariketak egitera agertzen ez direnak, ez aurkezteko arrazoi gaindiezinak izanda ere. Arau bera aplikatuko zaie nahitaezko edozein proba eta/edo ariketa hasi ondoren azaltzen direnei.

6.– Parte-hartzaileak proba eta/edo ariketa guztietara aurkeztu beharko du bere nortasuna egiaztatzen duen agiria aldean daramala. Epaimahai Kalifikatzaileak edozein unetan agiri hori erakusteko eska diezaioke.

7.– Nahitaezko proba bakoitza bukatzean, Epaimahai Kalifikatzailearen Akordioaren bitartez, Hemeretzigarren Oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz argitaratuko da gainditu dutenen eta baztertuta geratu direnen zerrenda; proba gainditu ezaren arrazoiak adierazita.

Bederatzigarrena.– Lehiaketa.

1.– Lehiaketa-fasean parte-hartzaileen alegatutako eta egiaztatutako merezimenduak baloratuko dira, betiere dagoen baremoaren arabera.

Behin oposizio-fasea amaituz gero, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren Ebazpen bidez, gainditu dutenentzat merezimenduak alegatu eta egiaztatzeko 10 egun balioduneko epea irekiko da, Hemeretzigarren Oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz argiratuko baita.

Ez da beharrezkoa izango Administrazio jardulearen esku dauden merezimenduak alegatzea, ezta egiaztatzea ere, Administrazioak ofizioz baloratuko dituelako. Epe horren barruan Administrazio jardulearen esku ez dauden merezimenduen jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira bakarrik Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian.

Edonola ere, merezimenduak Administrazio jarduleak egiaztatuta izanda zein horretarako jarritako epe berezian alegatuta eta egiaztatuta egonda, eskabideak aurkezteko 3.2. Oinarrian aurreikusitako azken egunerako bereganatuta izan behar dira.

Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza araudia onartu zuen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 13.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, merezimendutzat ezin izango dira hartu deialdian parte hartzeko eskatutako eskakizunak eta baldintzak.

2.– Lehiaketa-fasean merezimenduak guztira 150 punturaino baloratuko dira, baremo honen arabera:

2.1.– Lanbide-historiala gehienez 120 punturaino baloratuko da. Ondorio horietarako aintzat hartuko da Ertzaintzako lanpostuetan betetako zereginak eta polizia-lanarengatik jasotako aitorpenak.

2.1.1.– Lanpostuetan egindako jarduerak edo lanak baloratuko dira, baldin eta lanpostu horiek Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzen duen 388/1998 Dekretuaren II., III. eta IV. kapituluetan aurreikusitako moduetako edozein erabiliz lortu badira.

Lanpostu bakoitza Ertzaintzaren lanpostu-zerrendan jasotako lanpostu-kodeaz identifikatuko da. Lanpostu-kode baten dotazio desberdinak ez dira lanpostu desberdintzat joko.

Atal hau gehienez 110 punturekin baloratuko da, hain zuzen zerbitzu-hilabete bakoitzeko hurrengo baremo partzialaren arabera (unitatea baino txikiagoak diren zatikiak baztertuta utzita). Bakarrik kontuan hartuko dira izangaiak azken 10 urteetan Ertzaintzan lanbide-jardunean betetako lanpostuak, deialdia honetan eskaerak aurkezteko azken egunetik hasita.

a) Eskala Goreneko lanpostuetan: 0,90 puntu.

b) Komisario-kategoriako lanpostuetan: 0,60 puntu.

c) Komisariondoko kategoriako lanpostuetan: 0,30 puntu.

2.1.2.– Polizia-lanarengatik jasotako aitorpenak gehienez 10 punturaino baloratuko dira. Hurrengo aitorpenak jaso izana baloratuko da. Errekonozimenduak ematea baloratuko da, Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena arautzeko den urriaren 16ko 202/2010 Dekretuan araututakoak, ondorengo baremoa kontuan izanik:

a) Polizia-lanarengatiko bereizgarri gorridun domina: 5 puntu.

b) Polizia-lanarengatiko bereizgarri berdedun domina: 4 puntu.

c) Polizia-lanarengatiko bereizgarri zuridun domina: 3 puntu.

d) Polizia-zerbitzuarengatiko bereizgarri gorridun diploma: 2 puntu.

e) Polizia-zerbitzuarengatiko bereizgarri zuridun diploma: puntu 1.

2.2.– Antzinatasunaren merezimendua Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzan dauden datuen arabera baloratuko da. Hori hala izanik, Ertzaintzan emandako antzinatasun-urtebete oso bakoitza 0,16 punturekin baloratuko da (unitatea baino txikiagoak diren zatikiak baztertuta utzita), eta gehienezko puntuazioa inola ere ezin izango da 5 puntutik gorakoa izan.

2.3.– Ikasketak, gaikuntza eta lanbide-hobekuntzarako jarduerak gehienez 25 punturaino baloratuko dira. Atal honetan, baloratzeari begira, espezializazio-ikastaroak, titulazio eta diploma ofizialak eta hizkuntza-ezagutzak kontuan hartuko dira.

2.3.1.– Burututako edo Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiak aitortutako espezializazio-ikastaro bakoitzeko, bertan jasota dauden datuen arabera, 5 puntu emango dira, baina atal honetan 10 puntuak inola ere ezin izango dira gainditu.

Hau da atal honetan aipatzen diren espezializazio-ikastaroen katalogoa:

a) Ikerketa Kriminaleko Ikastaroa (edozein izenetakotan) eta/edo Argiketa Ikastaroa.

b) Trafiko Ikastaroa eta/edo Trafiko eta Bide Segurtasuneko Espezializazio Ikastaroa.

c) Txakur-gidari Ikastaroa.

d) Eskoltak Gaitzeko Ikastaroa.

e) Esku-hartze arloan Gaitzeko Ikastaroa.

f) Brigada Mugikorreko Ikastaroa.

g) Helikoptero-pilotuen Ikastaro Integratua.

h) LIUBeko Gaikuntza Ikastaroa.

Atal honen balorazio-ondorioetarako, Trafikoko Espezializazio Ikastaroa eta Trafiko eta Bide Segurtasuneko Espezializazio Ikastaroa egin eta gainditu izana 5 punturekin baloratuko da, espezializazio-ikastaro bakartzat hartuta.

Era berean, Argiketako espezializazio-ikastaroa eta Orotariko Ikerketa Kriminaleko I. Espezializazio Ikastaroa egin eta gainditu izana 5 punturekin baloratuko da, espezializazio-ikastaro bakartzat hartuta.

2.3.2.– Titulu eta diploma ofizialei -Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministeritzak horratakotzat aitortutakok- gehienez 10 puntu emango zaizkie, baremo honen arabera:

a) izangaiak, sartzeko baldintza gisa, Administrazioko A taldeko A1 azpitaldean sartzeko beharrezko tituluetako bat aurkeztuz gero eta; gainera, doktore-titulua aurkezten badu, doktoretzak 10 punturekin baloratuko da.

b) izangaiak, sartzeko baldintza gisa, Administrazioko A taldeko A1 azpitaldean sartzeko beharrezko tituluetako bat aurkeztuz gero eta; gainera, graduatu ondoko tituluak (Masterrak barne) baditu, graduatu ondoko titulu bakoitza 8 punturekin baloratuko da.

c) izangaiak, sartzeko baldintza gisa, Administrazioko A taldeko A1 azpitaldean sartzeko beharrezko titulazioetako bat aurkeztuz gero eta; gainera, A taldeko A1 azpitaldean sartzeko beharrezkoak diren titulazio gehigarrietako bat aurkezten badu, titulu gehigarri bakoitza 6 punturekin baloratuko da.

Sartzeko baldintza gisa aurreikusitako titulazio akademikoak baino maila beheragokoak diren tituluak ez dira baloratuko.

2.3.3.– Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuarekin bat etorriz, Europar Batasuneko hizkuntza ofizial bakoitzaren ezagutza (gaztelera izan ezik) baloratuko da. Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak horretakotzat aitortutakoak izango dira eta gehienez 5 puntu emango zaizkie, baremo honen arabera:

Europar Batasuneko hizkuntza ofizial bakoitzeko (gaztelera izan ezik):

B1 Maila: 0,50 puntu.

B2 Maila: 1,00 puntu.

C1 Maila: 2,00 puntu.

C2 Maila: 3,00 puntu.

Hizkuntza-ezagutzak titulu ofizialaren edo titulua emateko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen agiriaren fotokopia konpultsatuaren bidez egiaztatuko dira.

Alegatuko diren tituluen jabe izateko erreferentzia-data eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna izango da. Ez da titulu horiek egiaztatzeko inolako probarik egingo.

Ziurtagiri bat baino gehiago aurkeztuz gero, bakarrik mailarik altuena duena baloratuko da.

Hamargarrena.– Euskararen ezagutza-maila baloratzea.

1.– Euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko da.

2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean Ertzaintzaren 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta dutenek 80 puntu lortuko dute.

3.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean Ertzaintzaren 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta dutenek 60 puntu lortuko dute.

4.– Hautaketa-prozesuan ez da euskararen ezagutza egiaztatzeko probarik egingo.

5.– Epaimahai Kalifikatzaileak ofizioz egiaztatu eta baloratuko du egiaztatze hori.

Hamaikagarrena.– Oposizio-lehiaketako azken kalifikazioa.

1.– Oposizio-lehiaketako azken puntuazioa bi faseetan lortutakoaren batuketa izango da, baina horri gehituko zaio merezimendu gisa euskara-ezagutzaren ebaluaziotik sortuko dena eta horrexek zehaztuko du hautaketa-prozesuko parte-hartzaileen lehentasun-ordena.

2.– Sailkapeneko ordenean puntuazio berdinketak ondorengo irizpideen arabera ebatziko dira, hain zuzen ere, irizpideak ezartzen diren ordenean:

a) Otsailaren 18ko 4/2005 Legea, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako.

b) Puntuazio hobea oposizioan.

c) Antzinatasun handiagoa Ertzaintzan.

3.– Hautaketa-prozesua osatzen duten proba eta merezimenduen sailkapena amaituta, Bosgarren Oinarrian aurreikusitako Epaimahai Kalifikatzaileak horiek onartu eta Hemeretzigarren Oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz argitaratuko ditu eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariari bidaliko dizkio:

a) Hautaketa-prozedura gainditu dutenen behin betiko zerrenda, lortutako puntuaziorik altuenetik baxuenera ordenatuta.

Hautatutako pertsonen zerrenda, hautaketa-prozedura gainditu dutenek eta deitutako plaza-kopuruaren barruan sartzen direnek osatzen baitute.

Hamabigarrena.– Eskakizunak egiaztatzea eta praktiketako funtzionarioak izendatzea.

1.– Bigarren Oinarriaren 4. zenbakian ezarritako arauketaren arabera, deialdian parte hartzeko eskatutako baldintzak betetzen dituztela behar bezala egiaztatu duten hautatutakoak praktiketako funtzionario izendatuko ditu Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariak; hain zuzen, Hemeretzigarren Oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz argitaratuko den Ebazpenaren bidez eta Prestakuntza Ikastaroaren hasiera-data ere jarriko da.

2.– Baldintzak ez betetzeagatik uko egiteak edo baztertzeak izanez gero, aurreko atalean adierazitako Ebazpena argitaratu baino lehen, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariak hautaketa-prozeduratik kanpo uztea eta beste pertsona batzuek ordeztea erabakiko du. Ordezpena egingo dute, aipatu bazterketaren ondorioz, deitutako plaza-kopuruaren barruan daudenek, ezarritako sailkapen-ordenaren lehentasun hurrenkerari jarraituz.

Hamahirugarrena.– Prestakuntza-ikastaroa.

1.– Prestakuntza Ikastaroa egiteko eskubidea duten praktiketako funtzionarioei Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren Ebazpenaren bidez deituko zaie ikastarora aurkezteko.

2.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariak, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bitartez, interesdunei jakinaraziko die ikastaroa noiz hasi behar duten.

3.– Prestakuntza-ikastaroa Kontseilu Araupetzaileak onartutako ikasketa planaren arabera garatuko da.

4.– Prestakuntza-ikastaroa Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian edo Akademiako zuzendari nagusiak izendatuko duen zentroan egingo da. Ikasketa planean aurreikusitakoaren arabera emango da eta bertan ezarritako iraupena izango du.

5.– Prestakuntza-ikastaroaren azken kalifikazioa Hemeretzigarren Oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da.

6.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak ebatziko du prestakuntza ikastaroa gainditzen ez dutenak baztertzea.

7.– Prestakuntza ikastaroak dirauen bitartean, ikaslearen espedientetik ondorioztatu ahal bada gainditzea ezinezkoa duela, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bitartez prozesutik baztertua izan ahalko da, interesdunari entzun ondoren.

Hamalaugarrena.– Praktikaldia.

1.– Praktikaldia prestakuntza-ikastaroa gainditu duten izangaiek egingo dute; hain zuzen, beren jardun-arloen arabera egokiagoak diren zentro edo egoitzetan, praktiketako Intendenteen prestakuntza osoa lortze aldera eta, kategoria horri dagokionez, Ertzaintzaren polizia zerbitzuen egitura eta funtzionamendua bereziki ezagutu dezaten.

2.– Praktikaldia hasi baino lehenago, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak Ebazpena emango du eta, horren bidez, praktikaldiaren iraupena, baloratzeko eta gainditzeko sistemak eta prozedurak ezarri eta praktiketarako destinoak emango dira. Ebazpen hori Hemeretzigarren Oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da.

3.– Praktikaldian, Ertzaintzaren Eskala Goreneko intendente Kategoriari dagozkion funtzioak betetzeko izangaien eraginkortasun profesionala ebaluatuko da. Ebaluazioa praktikaldiak iraun bitartean gertatutako egitateen gainean baino ez da izango.

4.– Praktikaldiaren kalifikazioak Hemeretzigarren Oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko dira.

5.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak praktikaldia gainditzen ez dutenak hautaketa-prozesutik baztertzea ebatziko du.

Hamabosgarrena.– Praktiketako intendenteen araubide juridikoa.

1.– Praktiketako intendenteak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Barne Erregimeneko Erregelamenduan ezarritako diziplina-araubidearen menpe egongo dira eta, osagarri gisa, gertakaria irakaskuntza arloko diziplina hutsegite hutsa ez den kasuetarako Euskal Herriko Polizia Kidegoen diziplina-araubidearen menpe.

2.– Praktiketako funtzionarioak direnez, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 54.2 artikuluan zehazturiko ordainsariak jasoko dituzte.

3.– Praktiketako intendenteei lizentzia emango zaie betetzen ari diren lanpostuari dagokionez. Aipatu lizentzia ordaindua izango da, salbu eta 4/1992 Legearen 54.2 artikuluan zehaztutako lansariak jasotzearen alde badaude.

4.– Praktiketako intendenteak izaera horri eutsiko diote, harik eta kategoria horretako karrerako funtzionario izendatu arte edo hautaketa-prozesutik bazter utzi arte, hala ezartzen baita Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 54. artikuluan. Praktikaldia bukatzeak ez du berekin ekarriko jatorrizko kategorian lehen betetako destinora bueltatu ahal izatea.

5.– Prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia, bakoitza bere aldetik, nahitaezkoak eta baztertzaileak izango dira eta horietan parte hartu ez izanak edo horiek ez gainditzeak izangaia hautapen-prozesutik kanpo geratzea ekarriko du besterik gabe eta Eskala Goreneko intendente Kategorian sartzeko eskubideak galduko ditu. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariak ebatziko du baztertzea.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, ezinbesteko arrazoiengatik, ikastarora edo praktikaldira agertzen ez direnak edo beroriek burutzen ez badituzte, egongo den hurrengoren bat egin dezakete, behin aurrekoa ezinezko egiten zuten gorabeherak desagertuz gero, horretarako eskaria egin ondoren. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademaiko zuzendariari dagokio arrazoia aztertzea eta berak bidezkotzat jotzen duen erabakia hartuko du.

Hamaseigarrena.– Hautaketa-prozeduraren behin betiko sailkapena eta karrerako funtzionarioen izendapena.

1.– Hautaketa-prozedurako behin betiko sailkapen-ordena oposizio-lehiaketan lortutako kalifikazioak, prestakuntza-ikastarokoak eta praktikaldikoak batuz egingo da.

2.– Praktikaldia amaitu ondorengo bi hilabeteen barruan, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren proposamenez, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak karrerako funtzionario izendatuko ditu hautaketa-prozesua gainditu duten izangaiak; izendapena Hemeretzigarren Oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz argitaratuko da.

Ertzaintzaren Eskala Goreneko intendente izendapena egingo da.

Hamazazpigarrena.– Hutsegite larri edo oso larriengatik zehapenak ezartzea.

Intendente Kategorian sartzeko izangaiek diziplina-espedientea lehendik irekita badute edo geroago irekitzen bazaie, hautaketa-prozesuan onartua izatea, horretan jarraitzea eta Intendente Kategorian sartzea baldintza honen menpean geratuko dira: diziplina-espediente horietan izangaiei hutsegite larri edo oso larriengatik zehapenik ez ezartzea.

Hemezortzigarrena.– Kalte-ordainak.

Izangaien aldetik barneko edozein hautaketa-prozesutan aurkeztea borondatezkoa denez gero, hautaketa-fasean, prestakuntza-ikastaroan edo praktikaldian sor daitezkeen bidaia-gastuen edo beste batzuen gainean, ez dute inolako eskubiderik, beraz Administrazioak ez du gastuok ordaintzeko obligaziorik.

Hemeretzigarrena.– Argitaratzeak.

Argitaratzeak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Iragarki-oholean agertuko dira eta Sailen arteko intranetan -Gurenet- ere kontsultatu ahal izango dira, kontrakorik zehazten ez bada. Epeak kalkulatzeko orduan mugatzailea izango da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Iragarki-oholean argitaratzeko data.

Hogeigarrena.– Errekurtsoak.

Deialdi honek administrazio-bidea agortzen du eta bere aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritzan, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan aurkara dezakete.

Aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkezten bada, ezin izango da bide jurisdikzionaletik jo, harik eta errekurtso hori berariaz ebatzi arte edo isiltasunagatik ustezko ezespena eman arte.

Interesdunak bide jurisdikzionaletik aurka eginez gero, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztuko du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik kontatzen hasita.

Arkauti, 2014ko urriaren 10a.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,

MALENTXO ARRUABARRENA JULIÁN.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala