Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

199. zk., 2014ko urriaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIA
4384

EBAZPENA, 2014ko urriaren 8koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, 2014-2015erako garapen lankidetzaren arloan profesionalak espezializatzeko sei beketarako deialdia egiten duena.

2014. urteari doakionez, deialdi hau egiterekin konplitu egiten dira ekainaren 17ko 138/1997 Dekretuan jasotako aurreikuspenak; dekretu horren bitartez, arautu egiten dira Garapen Lankidetzaren arloan profesionalak espezializatzeko bekak (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 125. zk.; 1997ko uztailaren 2koa). Oro har, ebazpen honetan ez dira errepikatuko dekretu horren edukiak, zeina diru-laguntza hauen deialdira aurkeztu nahi duten pertsonek nahitaez kontsultatu behar baitute.

Aipatu dekretuko 2.1 artikuluan honako hau ezartzen da: beka horietarako deialdia urtero egingo da, Lehendakaritzako idazkariaren erabakiaren bitartez. Erabaki horretan honako hauek adierazi beharko dira: deialdiaren xedea, bekaren iraupena, beken dotazioa eta ordainketa, eskabide-ereduak eta esleipen-moduak. Gaur egun, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia da eskumen hori duen organoa, bi dekretu hauek aplikatuta: Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen abenduaren 15eko 20/2012 Dekretua, lehendakariarena; eta Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 187/2013 Dekretua.

Aipatu laguntzak kudeatzeari eta eman beharreko ebazpenei dagokienez, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren organoena da eskumena; betiere, honako arau hauetan xedatutakoaren arabera: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta erregulatzeari buruzko ekainaren 19ko 5/2008 Legeko 4.b) artikulua; eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren funtzionamendu eta antolaketari buruzko Erregelamenduaren –martxoaren 23ko 95/2010 Dekretuak onartutakoaren– 5.b) artikulua.

Azkenik, esan behar da eze, deialdi honi dagokionez, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Artezte Kontseiluak proposamena egiteaz gain, erabakia hartu zuela, 2014ko ekainaren 17an egindako bilkuran.

Horren ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Garapenerako lankidetzaren arloan profesionalak prestatu eta espezializatzea bultzatzeko sei bekaren – 2014-2015eko ekitaldirakoen– deialdia egitea da ebazpen honen xeda; hamabi hilabeteko epean garatu beharko dira beka horiek. Hasiera eguna, 2013ko abenduaren 31rako aurreikusia, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak zehaztu beharko du.

2. artikulua.– Iraupena eta non garatuko diren.

1.– Bekek hamabi hilabeteko iraupena izango dute; eta epe hori honelaxe zenbatuko da: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak bekak esleitzeko ebazpen bat emango du; bada, ebazpen horretan finkatutako egunetik aurrera egingo da zenbaketa hori.

2.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako bulegoetan (Gasteiz) burutuko dira beken onuradunen espezializazioa eta prestakuntza; baina, operatibitatea edo edukiaren mamia dela-eta beste leku edo lurralde batzuetan burutu behar badira, hala egingo da.

3. artikulua.– Izapideketa elektronikoa.

1.– Prozedura honen izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko, bide elektronikoak erabil ditzakete interesaturik dauden pertsonek.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak –bai aurrez aurre, bai bide elektronikoa erabiliz– izapidetzeko zehaztapenak honako egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/2014/bek_2014/y22-izapide/eu

3.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak ez du behartzen honako honetara: prozedurako gainerako izapideak egiteko, aurrerantzean ere bide bera erabiltzera; eta edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea.

4.– Eskabidearen osteko izapideak, bide elektronikotik egiten badira, ondoko helbideko egoitza elektronikoaren bidez egin beharko dira: https://www.euskadi.net apartado «mis gestiones»

4. artikulua.– Pertsona eskatzaileen betekizunak egiaztatzea.

1.– Eskabideetan aukera egongo da pertsona eskatzailea denak berariaz honako hau onartzeko: aurkeztu behar diren datuak edo agiriak organo kudeatzaileak lortu edo egiaztatzea, nahiz aurrez aurreko bidea nahiz bide elektronikoa erabiltzen duenean, betiere eragotzi gabe Administrazio Publikoak dituen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak.

2.– Eskabidea aurkezteaz gain, honako obligazio hauek egiaztatu beharko dira:

– Aipatu beken onuraduna ez izana lehenago.

– Beka baliatzeko bateraezintasunik ez izatea, zehazki, 138/1997 Dekretuko 12. artikuluan eztarritakorik.

– Diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zigor penalik edo administratiborik jaso ez izana.

– Diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko ezgaitzen duen legezko debekurik ez izatea, barne direlarik sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak.

– Era berean, onuradunei laguntzak edo diru-laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaiturik izatea honako edozein itzultze- edo zehapen-prozedura: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik bideratzen ari dena.

5. artikulua.– Diru-zuzkidura eta ordainketa.

1.– Diru-zuzkidura honako hau izango da:

a) Beka bakoitzarentzat 18.000 euro.

b) Bestalde, ekainaren 17ko 138/1997 Dekretuko 3.d) artikuluan zehaztu prestakuntza gauzatzeko aurreikusitako zenbateko guztizkoa hauxe izango da: sei bekadunentzako 10.000 euro.

2.– Kredituaren aurrekontu-banaketa hauxe izango da:

a) 2014ko ekitaldiaren kargura 30.000 euro, ordainketa-kreditu gisa, eta

b) 2015eko ekitaldiaren kargura 88.000 euro, konpromiso-kreditu gisa.

3.– Ordainketa:

Beka esleitu ostean egingo da lehen ordainketa, aldez aurretik bekaduna onartu eta hartuta, eta bekaren zenbatekoren % 25ekoa izango da. Bigarren ordainketa, bekaren zenbatekoaren % 40 egiten duena, bekaz baliatzen hasten denetik lau hilabete pasatu ostean egingo da, eta, betiere, bekadunaren jarduerak garatzeari buruzko aldizkako txostena aurkeztuta aldez aurretik. Hirugarren ordainketa, bekaren zenbatekoaren % 25 egiten duena, bigarren ordainketa egin zenetik aurrerako sei hilabete pasatu ostean, eta, betiere, aldizkako txosten egokia aurkeztuta aldez aurretik. Azkena den laugarren ordainketa, bekaren zenbatekoaren % 10 egiten duena, honako hau aurkeztu eta onartu ostean egingo da: ekainaren 17ko 138/1997 Dekretuko 3.a) artikuluan zehazten den lana edo azterlana.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.–Ebazpen honetako I. eranskinean ezarritako ereduarekin bat etorriaz eta hura behar bezala beteta, laguntza-eskabideak aurrez aurre aurkez daitezke Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bulegoetan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean. Aipatu eranskineko eskabide-eredua Agentziaren web orrian ere eskuratu ahal izango da: www.elankidetza.euskadi.net

3.– Orobat, eskabideak bide elektronikoaren bidez aurkeztu ahalko dira honako egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/2014/bek_2014/y22-izapide/eu

4.– Eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

7. artikulua.– Prozedura kudeatuko duen organoa.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio diru-laguntza lerro hau kudeatzeko atazak egitea. Hartarako, laguntza-eskabideen gaineko balorazioa eta azterketa teknikoa egingo du Koordinazio Teknikorako Zerbitzuak, eta, bestalde, proposamena helaraziko dio Hautaketa Batzordeari. Eta hartarako batzarturik, batzorde horrek proposamena egingo dio organo eskudunari, hain justu ere bekak esleitzeari buruzkoa.

8. artikulua.– Hautaketa Batzordea.

Aurreko artikuluan aipatu Hautaketa Batzordea honako pertsona hauek osatuko dute:

● Lehendakaria: Ainara Arrieta Archilla, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Koordinazio Teknikoaren arduraduna.

● Batzordekidea: Noemí de la Fuente Pereda, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Koordinazio Estrategikoaren arduraduna.

● Batzordekidea: Nicolás Basarrate Hormaechea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Administrazio eta Zerbitzuen arduraduna.

● Idazkaria: Ana Rojo González, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako aholkulari juridikoa.

9. artikulua.– Esleipenak egiteko eskumena duen organoa.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria da deialdiko bekak esleitzeko eskumena duen organoa.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honetan berariaz aurreikusita ez dagoen guztirako, honako hiru hauetan jasotako aurreikuspenak aplikatuko dira: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua; eta Garapen Lankidetzaren arloan profesionalak espezializatzeko bekak erregulatzeari buruzko ekainaren 17ko 138/1997 Dekretua.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, berorren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daiteke, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Ebazpen honek, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko urriaren 8a.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,

MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRÍA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala