Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

200. zk., 2014ko urriaren 21a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4427

EBAZPENA, 2014ko urriaren 20koa, Kultura Ondarearen zuzendariarena, zeinaren bidez baimena ematen baitzaio jabetza intelektualaren eskubideak kudeatzen jarduten duen Euskal Kulturgileen Kidegoa (EKKI) erakundeari Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik edo nagusiki jardun dezan Jabetza Intelektualaren Legean aitortzen diren eskubideak kudeatzeko erakunde gisa.

Konstituzioaren 149.1.9 artikuluak dioenez, Estatuak du jabetza intelektualaren gaineko legeriaren eskumen esklusiboa.

Era berean, Konstituzioaren 149.2 artikuluaren arabera, autonomia-erkidegoek bereganatu ahal dituzten eskumenei kalterik egin gabe, estatuarentzat eginbeharra eta oinarrizko aginpidea izango da kultura-zerbitzua, eta autonomia-erkidegoen artean kultura-harremanak erraztuko ditu, horiekin ados jarrita.

Euskal Herriaren Autonomia Estatutua abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onartu zuen. Autonomia-estatutuaren 12.4 artikuluak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio Estatuak jabetza intelektualaren gainean duen legeria betearaztea.

Irailaren 28ko 3069/1980 Errege Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion fundazio eta elkarte kulturalen, liburu eta biblioteken, zinematografia, musika eta antzerkiaren, gazteria eta sustapen soziokulturalaren, ondare historiko-artistiko eta kirolen arloko Estatuaren zerbitzuak.

Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak eta irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak ezartzen dituzte Estatuaren Administrazioaren zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko modua eta prozedura.

Konstituzioaren atal horietan ezarritakoa oinarri hartuta, ekainaren 24ko 896/2011 Errege Dekretua onartu zen, zeinaren bidez zabaldu egiten baitira irailaren 28ko 3069/1980 Dekretuaren bitartez jabetza intelektualari buruzko legedia betearazteko arloan Estatuaren Administrazio Orokorretik Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatutako zerbitzuak (2011ko ekainaren 30eko BOE, 155. zk., eta 2011ko ekainaren 30eko EHAA, 124. zk., 2011ko uztailaren 20ko EHAAn, 138. zenbakian, zuzendua). Dekretu horretan xedatzen denez, jabetza intelektualaren eskubideak kudeatzen dituzten erakundeei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoak honako eginkizun hauek hartzen ditu bere gain, Estatuaren legeriak zehaztutakoaren arabera:

«a) Baimena ematea edo kentzea ustiapen-eskubideak nahiz ondare-izaerako beste eskubide batzuk, beren izenean edo besterenean, kudeatzera dedikatzeko asmoa duten erakunde edo erakunde-elkarteei, baldin eta bakarrik edo nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan jarduteko asmoa badute. Erakunde horiek dira egile baten baino gehiagoren edo jabetza intelektualeko eskubideen beste titular batzuen kontura eta interesen alde aritzen direnak. Baimena emateko aintzat hartuko dira Estatuko arauek ezarritako baldintzak betetzea, eskubideak modu eraginkorrean Euskal Autonomia Erkidegoan kudeatuko direla ziurtatzeko baldintzak eta interes orokorrekoa den jabetza intelektualaren babesa.

b) Kudeaketa-erakunde horien estatutuak eta horien aldaketak onartzea.»

Euskal Kulturgileen Kidegoa (EKKI) erakundeak, egile-eskubideak kudeatzea eginkizun izanik, eskaera egin du apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuaren 147. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitako baimena eman dakion (1/1996 Legegintzako Errege Dekretua, Jabetza Intelektualaren Legearen testu bategina onartzen duena).

Eskaera-idazkia eta gainerako agiriak aztertuta, egiaztatu da erakunde horrek bete egiten dituela baimena emateko araudian ezarritako baldintzak.

Ondorioz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuaren 26. artikuluak ematen dizkidan eginkizunak baliatuz, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Baimena ematen zaio Euskal Kulturgileen Kidegoari (EKKI) Jabetza Intelektualaren Legean aitortzen diren eskubideak kudeatzeko erakunde gisa jardun dezan Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik edo nagusiki. Erakunde horrek jabetza intelektualaren eskubideak kudeatzen jarduten du.

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Hirugarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera, hala xedatuta baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107. artikuluan eta hurrengoetan.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko urriaren 20a.

Kultura Ondarearen zuzendaria,

IMANOL AGOTE ALBERRO.


Azterketa dokumentala