Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

203. zk., 2014ko urriaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4510

EBAZPENA, 2014ko urriaren 23koa, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekiko lankidetzan enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatzeko laguntzen deialdia argitaratzen duena.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2014ko urriaren 23ko batzarrean hartutako Akordio bidez onartu du 2014rako laguntzen deialdia egitea enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatzeko Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekiko lankidetzan. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretu bidez onartutako Lanbideko Estatutuen 10.2 artikuluko p) idatzi-zatian xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio hori argitaratzea.

Azaldutako guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2014ko laguntzen deialdia argitaratzea, enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatzeko Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekiko lankidetzan. Deialdia erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluaren Akordio bidez onartu da 2014ko urriaren 23ko batzarrean, eta Ebazpen honekin batera jaso da eranskin gisa.

Bigarrena.– Laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Akordioak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Akordioaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko urriaren 23a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.

ERANSKINA
ENPLEGURAKO ORIENTAZIO EKINTZAK ETA ZERBITZUAK GARATZEKO LAGUNTZEN DEIALDIA

Enplegu-zerbitzuen erabiltzaileei arreta espezializatua eta banakakoa ematea da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ekintzaren funtsezko zutabea. Banakako arreta hori da bermerik onena, langabezian daudenen lan-aukerak hobetzeko eta lana dutenen enpleguaren kalitatea eta iraunkortasuna lortzeko. Gizarteak enplegurako orientazio-zerbitzuak eskatzen ditu, eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua behartuta dago zerbitzu horiek ematera.

Enplegurako orientazio-zerbitzutzat hartzen dira informazio-, laguntza-, motibazio- eta aholkularitza-ekintzak eta -neurriak. Betiere pertsonaren lanbide-inguruabarrak kontuan izanik, ekintza eta neurri horiek pertsonari bere gaitasunak eta interesak zehazteko aukera ematen diote, bai eta bere ikaskuntza-ibilbide indibiduala, enplegu-bilaketa eta enpresa-ekimenak gauzatzeko prozesua kudeatzeko aukera ere.

Enpleguari buruzko 56/2003 Legearen 19. sexies artikuluaren lehen paragrafoan adierazten denaren arabera, enplegu publikora iritsi nahi duten langabeak lehendabizi inskribatu, eta elkarrizketa bat egin beharko dute. Bildutako datuen arabera, laneratzeko zer zerbitzu behar dituen aztertuko da. Horrekin eta langabearen lankidetzarekin, banakako enplegu-ibilbide pertsonalizatu bat zehaztuko da, hala badagokio.

Enpleguari buruzko 56/2003 Legearen 19. septies artikuluan ezartzen da zer ardura dituzten enplegu-zerbitzu publikoek: enplegu-ibilbide pertsonalizatuak egitea, horien jarraipena egitea eta ebaluatzea, eta hala dagokionean, entitate laguntzaileengana bideratzea lan-eskatzaileentzako ekintzen garapena. Nolanahi ere, zehaztu egingo da zer ekintza egin behar dituzten enplegu-zerbitzu publikoek, eta zeintzuk kontzertatu ahal izango diren.

Enpleguari buruzko 56/2003 Legearen 23. artikuluaren 3. paragrafoan adierazten denaren arabera, enplegu-zerbitzu publikoek kudeatuko dituzte enplegu-politika aktiboetara bideratutako baliabide ekonomikoak; horretarako, behar diren ekintza eta neurriak garatuko dituzte, 25. artikuluan ezarritako esparruei erantzun ahal izateko; ekintza eta neurrion kudeaketarako, berriz, bide hauek erabil daitezke: laguntza publikoak, administrazio-kontratuak, hitzarmenak, zuzeneko kudeaketa edo zuzenbidearen araberako beste edozein forma juridiko.

Enpleguari buruzko 56/2003 Legearen 25 artikuluan ezartzen denaren arabera, enplegu-politika aktiboetarako zerbitzu eta programek 4.bis 4 artikuluan ezarritako ardatzei erantzun beharko diete, eta garatu, berriz, autonomia-erkidegoek eta Estatuko Enplegu Zerbitzuak garatuko dituzte, beren eskumenen esparruan. 4.bis 4 artikuluan bertan, 1. ardatz moduan jasotzen da Orientazioa, egin beharreko ekintzok zehaztuz: informazio profesionala, motibazioa, aholkularitza, profil profesionala eta gaitasunak diagnostikatzea eta zehaztea, banakako ikaskuntza-ibilbidea diseinatzea eta kudeatzea, enplegu-bilaketa eta lan-bitartekaritza. Laburbilduz: pertsona onuradunei laneratzen laguntzeko ekintzak.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren ardura izango da banakako enplegu-ibilbide pertsonalizatua diseinatzea, lantzea eta gauzatzea; horren barruan sar daitezke enplegurako eta autoenplegurako orientazio- eta informazio- zerbitzuak, lanbide-kualifikazioa eta enplegagarritasuna hobetzeko zerbitzuak, eta enpresekin eta entitate nahiz erakunde publikoekin harremanetan jartzeko zerbitzuak, interesduna laneratzea errazteko.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lehentasuna izango du eskatzaileen enplegagarritasuna balioesteko eta ibilbide pertsonalizatuak diseinatzeko.

Ibilbide pertsonalizatuak ezarri ondoren gauzatuko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ekintza eta zerbitzu zehatzak, zuzenean edo entitate laguntzaileen bitartez.

Gaur egun langabezia gora doanez eta, beraz, enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak jaso ditzaketen pertsonak gero eta gehiago direnez, premiazko prozedura bat finkatu behar da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuekin lan egingo duten entitateen sare bat aukeratzeko eta ibilbide pertsonalizatu bakoitzaren orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak emateko enplegu-zerbitzuen erabiltzaileei.

Akordio honen bitartez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzutik kanpoko entitateen laguntza behar duten orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak zehazten dira, eta haiek finantzatzeko deialdia egiten da.

Akordio honetan aipatutako enplegurako orientazio profesionalerako ekintzak egitearekin batera, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua gogoeta egiten ari da etorkizuneko EAEko Lanbide Orientazioko Sistemari buruz.

Era berean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin batera orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatzeko entitate laguntzaileek izan beharreko gutxieneko baliabide pertsonal eta materialen baldintzak ezartzen dira, jarduera horren kalitatea eta eraginkortasuna bermatze aldera.

Horregatik guztiagatik, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak hala proposatuta, erakunde autonomo honen Administrazio Kontseiluak, 2014ko urriaren 23ko batzarrean, laguntzen deialdia onartzen du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekiko lankidetzan enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatzeko, baldintza hauekin:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xede dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, 2014ko ekitaldian, enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzeko eman ditzakeen laguntzak. Laguntza horien hartzaileak, berriz, jarduera hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin batera gauzatzeko baldintzak betetzen dituzten entitateak izango dira.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantziazioa.

1.– Deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 3.774.000 eurokoak dira, horietatik 2.264.400 euro Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2014ko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak, eta 1.509.600 euro 2015eko konpromiso-kreditukoak.

2.– Europako Gizarte Funtsak parte hartu ahal izango du deialdi honen babespean diruz lagundutako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak finantzatzen, EAEko 2007-2013 EGIF Programa Operatiboaren barruan.

3. Artikulua.– Laguntzen xede diren jarduketak: Enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak.

1.– Deialdi honen babespean diruz lagundu ahal izango dira Lanbidek ezarritako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak, entitate laguntzaileekin batera gauzatzen direnak, betiere I. eranskinean aurreikusitako baldintzen arabera, han zehazten baitira lurraldeko jardun-eremu edo -azpieremuak eta orientazioko ordu-blokeen kopurua.

2.– Jarduera hauek sartzen dira orientazio-zerbitzuan:

a) Lan-merkatuari buruzko informazioa, enplegu-politika aktiboak eta karterako zerbitzu komun eta osagarrien eskaintza.

Lan-merkatuari eta enplegu-politika aktiboari buruzko datuak edo inguruabarrak, erabiltzaileen lan-aukerak areagotzeko baliagarri izan daitezkeenak. Orientazioa banaka, taldean edo orokorrean eta presentzialki edo telematikoki egin ahal izango da.

b) Banakako diagnostikoa eta profila.

Erabiltzaileari zuzeneko arreta eskaintzea honako hauek identifikatzeko: trebetasunak eta gaitasunak, prestakuntza eta esperientzia, interesak, familia-egoera eta izan ditzakeen aukera profesionalak eta jarduketa honen barruko berariazko protokoloaren arabera garrantzitsu iritzitako bestelako alderdiak. Informazio hori erabiltzailearen profila egiteko eta enplegagarritasunaren arabera sailkatzeko erabiliko da.

c) Enplegurako ibilbide pertsonalizatua diseinatzea.

Erabiltzailearen profilaren, beharrizanen eta aurreikuspenen arabera, enplegura iristeko egokien irizten den ibilbidea sortuko zaio, eta modu ziur batean jakinaraziko zaio. Ibilbide hori sortzeko, irizpide teknikoak eta estatistikoak erabiliko dira, eta, horrez gainera, ekintza nagusi batzuk zehaztuko dira, baita ekintzok egiteko egutegia eta egiaztapena eta jarraipena egiteko elementuak ere. Ibilbidea egiteko, enplegurako akordio pertsonal bat izenpetu beharko da erabiltzailearen era enplegu-zerbitzu publikoaren artean.

d) Laguntza pertsonalizatua ibilbidea egiteko eta jarduera-konpromisoak betetzeko.

Tutore edo orientatzaile batek banaka eta modu pertsonalizatuan egingo du erabiltzailearen ibilbidearen jarraipena, eta haren egitekoak izango dira, era berean, ibilbidea berrikusi eta eguneratzea, betebeharrak, helmugak eta etapak finkatzea eta haiek betetzen direla ikuskatzea. Era berean, erabiltzaileak hartutako jarduera-konpromisoaren jarraipena egingo du, baldin eta haiek prestazioen hartzaile ere baldin badira. Horrez gainera, erabiltzailea suspertzeko eta haren enplegagarritasuna hobetzeko aholkularitza, informazio eta laguntza emango du.

e) Informazio, aholkularitza eta laguntza tekniko gehigarria curriculuma osatu eta hartan lanbide-profilari dagozkion lanbide-gaitasunak adierazteko.

Erabiltzaileei emango zaien informazio eta aholkularitza banakakoa, taldekoa eta orokorrak hartuko ditu, haien gaitasunak eta lanbide-profilak identifikatzeko. Horrez gainera, laguntza-tresnak eta -teknikak jarriko dira haien eskura, curriculum pertsonalizatuak egiteko.

f) Aholkularitza ematea eta enplegua aktiboki bilatzeko teknikak erabiltzea.

Atal honetan, informazioa emango da eta besteren konturako enplegua bilatzeko eskuragarri dauden bitartekoen, tekniken eta tresnen oinarrizko erabilera erakutsiko da. Azken horietan sartuko dira, besteak beste, bitarteko telematikoak eta sare sozialen erabilera. Hala dagokionean, autoenpleguaren eta ekintzailetzaren arloko aholkularitza-zerbitzura bideratuko dira erabiltzaileak.

g) Lanbide-aukerak identifikatzeko informazioa eta aholkularitza.

Erabiltzaileei informazioa ematean eta haiei Espainian, Europar Batasuneko gainerako herrialdeetan eta nazioartean dituzten enplegu-aukeren azterketa arrazoitua egitean datza. Horrez gainera, erabiltzaileen profilaren arabera, edo profil horren hasierako bilaketa-parametroak modu adostuan aldatu ondoren, eskura dituzten enplegu-politika aktiboen berri emango zaie erabiltzaileei, enpresa, entitate eta erakunde publiko eta pribatuekiko harremanak erraztuz.

h) Enpresek kontratatzeko eta laneratzeko tresna eta laguntzei buruzko informazioa eta aholkularitza.

Enpresek langileak kontratatzeko eta haiek laneratzeko dituzten tresnei buruzko informazioa emateko laguntza kualifikatua izango da.

3.– Deialdi honen babespean diruz lagundutako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak entitate onuradunen langile propioen bitartez gauzatuko dira, azpikontrataziorik gabe.

4.– Talde-ekintzetan gutxienez 4 pertsona egon behar dute, taldeko.

5.– Lagundutako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak hasteko epea hilabetekoa izango da, deialdiaren ebazpenaren jakinarazpenaren hurrengo egunetik kontaturik, eta 8.6 artikuluan aurreikusitako baldintzetan. Egiteko epea, berriz, 2015eko irailaren 30era artekoa izango da.

4. artikulua.– Orientazio-ekintzen eta -zerbitzuen hartzaileak.

1.– Honako pertsona hauek izan daitezke enplegurako orientazio-ekintzen erabiltzaileak:

a) Enplegurik gabeko pertsonak.

b) Langabezian erortzeko arriskuan edo enplegua hobetu nahian ari diren langileak.

c) Eta, oro har, lan egiteko adina duen eta, edozein egoeratan egonik ere, enplegua modu aktiboan bilatzeko interesa duen edonor.

2.– Ibilbide pertsonalizatua egin nahi dutenek parte-hartze aktiboa izateko konpromisoa adierazi beharko dute, enplegu-akordio pertsonal bat izenpetuz.

3.– Orientazio Zerbitzuaren erabiltzaileek aldez aurretik Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan inskribatuta eta altako edo etendurako administrazio-egoeran egon behar dute.

5. artikulua.– Diru-laguntzen onuradun diren entitate laguntzaileak.

1.– Edozein pertsona fisikok edo juridikok, publikoa edo pribatua dela ere, egin ahal izango ditu, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren entitate laguntzaile gisa, deialdi honen xede diren orientazio-ekintza eta -zerbitzuak, eta hartarako aurreikusitako diru-laguntzak jaso ahal izango ditu. Horretarako, ezinbestekoa da orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak behar bezala gauzatzeko behar den esperientzia eta baliabide materialak eta giza baliabideak edukitzea, artikulu honetako 3. eta 4. paragrafoetan azaltzen den bezala.

2.– Halaber, enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatu eta deialdi honek arautzen dituen diru-laguntzak eskuratzeko aukera izango dute artikulu honen 1. puntuak adierazten diren enpresen edo entitateen elkarte eta taldeek, nortasun juridikorik duten ala ez kontuan hartu gabe, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Elkarte eta talde horietako kideek beren gain hartzen badute horien izenean egingo dituztela diruz laguntzekoak izango diren jarduera guztiak edo horietako batzuk, eskaeran adierazi beharko dute hori egiteko asmoa dutela, eta onuradun-izaera izango dute.

b) Elkarte edo taldeei elkartutako kideek, beren gain hartzen badute jarduera guztiak edo haien zati bat elkarte edo talde horien izenean egiteko konpromisoa, behar adinako esperientzia eta bitarteko materialak nahiz giza baliabideak izan behar dituzte enplegurako orientazio-ekintzak egin eta orientazio-zerbitzuak emateko; betiere, artikulu honen 3. eta 4. paragrafoetan adierazten diren eskakizunak betez.

3.– Hau da deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzak eskuratzeko behar den aurretiazko esperientzia:

a) Gutxienez bi urteko esperientzia 2007-2010 epean enplegurik gabeko pertsonei orientazio-ekintza zuzenak eta azpikontrataziorik gabeak ematen, jarduera hauetakoren bat eginez:

– Enplegua lortzeko orientazioa eta enplegurako eta/edo autoenplegurako motibazioa.

– Laneratzean laguntzeko prozesuak.

Jarduera horiek diru-laguntzen programa hauetakoren baten laguntzarekin eginak izan behar dute:

– Abenduaren 23ko 327/2003 Dekretuko I. kapitulua, lan-aukerak areagotzeko eta laneratzea sustatzeko neurriak arautzen dituena.

– Lan eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren 1994ko martxoaren 9ko Agindua, oinarri arautzaileak ezartzen dituena Enpleguko Institutu Nazionalak laguntzak eman ahal izateko irabazi-asmorik gabeko entitateei, honako hauek egiaztatzeko ekintzak egin ditzaten: profesionaltasuna, informazio profesionala, orientazio profesionala eta enplegu-bilaketa aktiboa.

– Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioaren 1998ko urtarrilaren 20ko Agindua, oinarri arautzaileak ezartzen dituena enplegu-orientazioko ekintzetarako eta autoenplegurako diru-laguntzak emateko.

– TAS/2643/2003 Agindua, irailaren 18koa, enpleguaren arloan programa esperimentalak abian jartzeko diru-laguntzak emateko oinarriak arautzen dituena.

Entitateei baldintza hori betetzat emango zaie baldin eta enplegu-zerbitzu publikoek kudeaturiko enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak garatu badituzte, betiere Abenduren 16ko Enpleguari buruzko 23 artikuluan ezarritakoaren arabera eta lege horren beraren 4 bis 4 artikuluan zehaztutako 1. ardatzeko Orientazioa eremuaren barruan. Era berean, ekintza eta zerbitzuok garatu dituztela egiaztatu beharko dute, lege horren 7.2.1.c) artikuluaren arabera.

b) Gutxienez urtebeteko esperientzia 2011-2014 epean enplegurik gabeko pertsonei orientazio-ekintza zuzenak eta azpikontrataziorik gabeak ematen, honako arau hauek beteta:

– Diru-laguntzen deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekiko lankidetzan enplegurako orientazio- ekintzak eta -zerbitzuak garatzekoa, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak 2011ko martxoaren 31ko Akordioaren bitartez onartua (Argitalpena: EHAA, 2011ko apirilaren 27koa).

– Diru-laguntzen deialdia, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekiko lankidetzan enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak garatzekoa, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak 2013ko urtarrilaren 21eko Akordioaren bitartez onartua (Argitalpena: EHAA, 2013ko martxoaren 27koa, zuzendari nagusiaren 2013ko martxoaren 20ko ebazpenaren bitartez).

– Enplegu-orientazioko beste programa batzuk, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak sustatu eta finantzaturikoak.

4.– Baliabide materialak eta giza baliabideak edukitzeko baldintza betetzat emango da honako eskakizun hauek egiaztatuz gero:

a) Jarduerak hasten diren unean, lokal- eta ekipamendu-azpiegitura egoki bat izatea diru-laguntzen xede diren jardun-eremu edo -azpieremuan, enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak banaka edo taldean eskaini ahal izateko. Gutxienez, honako baliabide hauek izan behar dituzte:

– Arreta banakatua emateko bulego bat, entitateak bakarrik erabiliko duena.

– Gutxienez 10 lagunekin jarduteko moduko talde-arretarako gela bat, orientazioko beste entitateren batekin partekatzen ez dena eta lanerako mahaiak, apalategiak eta altzari lagungarriak dituena.

b) Jarduerei ekitean, giza baliabide propioak izatea: gutxienez kontratupeko teknikari bat, unibertsitate-ikasketak amaituta dituena. Giza baliabide horiek urtebetetik gorako esperientzia izan behar dute eta curriculum egiaztatua enplegurako orientazio-lanen arloan. Gainera, ofimatika, internet eta lan-merkatuari buruzko jakintza izan behar dute. Diruz laguntzen diren ekintzak egiteko langile propio nahikoak dituztelako konpromisoa hartuko dute entitateek, eta langile horiek gai izan behar dute erabiltzaileentzako arreta EAEko bi hizkuntza ofizialetan eskaintzeko.

5.– Aurreko paragrafoetan aipatutakoaz gain, entitate onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, eskaera egiten duten entitateek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2006ko ekainaren 19ko Aginduan aurreikusitakoaren arabera, zerga-betebeharretatik salbuetsita egongo ra Euskal Autonomia Erkidegoko autonomia-, foru- eta toki-erakundeak, baita erakunde horietako batek edo gehiago partaidetutako elkarteak ere.

b) Ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administrazio-zehapenik, edo ez egotea horretarako desgaitzen dituen debeku baten pean, sexuagatiko bereizkeriagatik sortutakoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari jarraikiz.

6.– Erakunde onuradunei diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomiadunen antzeko diru-laguntzen edo laguntzen karietara bideratzen hasitako itzulera- edo zigor-prozedurak amaituta egotea.

6. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Orientazio-ekintzak eta zerbitzuak gauzatzeko diru-laguntzen zenbatekoa orduko 34 eurokoa izango da; kopuru hori jarduerari lotutako gastu arruntak eta pertsonalekoak estaltzera bideratuko da, betiere kontuan izanik urte osoan pertsona bati orientazioa eskaintzeko erabil daiteken gehieneko denbora 12 ordukoa dela eta orientatutako pertsona bakoitzarengatik diruz lagundutako gehieneko denbora honako hau dela:

(Ikus .PDF)

Langileekin egindako gastu zuzenaren % 140 lagun daiteke diruz.

Langileekin egindako zuzeneko gastutzat hartuko dira diruz lagundutako orientazio-ekintzak egiten dituzten langileen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak; horretarako muga lanaldi osorako kontratatutako langile bat izango da, 1.500 orduko.

7. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzak lortzeko eskabideak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan eta Lanbideko Enpleguko Lurralde Bulegoetan aurkeztu beharko dira, http://www.lanbide.net web orrian eskura egongo den eredu ofizialaren bidez. Horretaz gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.

Orientazio-zerbitzuak lankidetzan eman nahi dituen entitate bakoitzak eskabidean adierazi beharko ditu lurraldeko jardun-eremu edo -eremuak, eta zenbat 750 orduko bloke egingo dituen eremu edo azpieremu bakoitzean (hemendik aurrera «ordu-blokeak»), kontuan izanik ezen, gutxienez, eremuko 750 orduko bloke bat adierazi behar dela; gehienez, berriz, I. eranskinean eremuka eskainitako bloke-kopurua.

2.– Eskabide horrekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Entitatearen edo enpresaren IFKren kopia edo, pertsona fisikoen kasuan, NANaren kopia –Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan nortasun-datuen egiaztapen elektronikoa baimendu ez bada, betiere–, eta eskabidea sinatzen duen pertsonak duen ordezkaritzaren egiaztagiria.

b) Memoria bat, 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera orientazio-ekintza eta -zerbitzuetan egindako jarduera zehatz-mehatz biltzen duena. Hain zuzen ere, honako alderdi hauek deskribatu behar ditu zehazki: kolektibo onuradunak, egindako ekintzak eta lortutako emaitzak.

c) Hau aurkeztu behar da 5.3.a) artikuluaren azken paragrafoak eskatzen duen esperientzia egiaztatzeko: dagokion enplegu-zerbitzu publikoak emandako ziurtagiria, xehetasunez eta berariaz azalduko duena zer ekintza egin diren eta zer kolektibo izan diren onuradun.

d) Memoria bat, gauzatu beharreko ekintzetarako erabili beharreko metodologia eta teknikak eta eskura izango dituzten baliabideak deskribatzen dituena.

e) Eskatutako diru-laguntzari dagokionez, 5. artikuluko 4. paragrafoan ezarritako betekizunak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa, gutxienez honako hauek jasotzen dituena:

– Deialdi honen xede diren ekintzak egiteko proposatutako langileen zerrenda, haien kontratuak eta curriculum vitaea barne.

– Txosten bat, honako hauek azaltzen dituena: zer ezaugarri dituen entitate eskatzailearen kokapenak, zer lokal dituen eskatutako diru-laguntzen xede diren eremu edo azpieremuetan eta zer irisgarritasun-baldintzak dituzten lokalok. Horrez gainera, instalazioen planoak eta irisgarritasun-arauak betetzen direla egiaztatzen duen agiria ere aurkeztu beharko da.

3.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Lanbidek bere web orrian argitaratuko du zer eskabide ez diren aurkeztu behar bezala beteta, edo zeintzuek ez dituzten aurkeztu aurreko atalean adierazitako dokumentuak; eragindako entitateek, akatsak zuzentzeko edo aurkeztu beharreko dokumentazioa aurkezteko, hamar eguneko epea izango dute, web orrian horien berri ematen den egunetik aurrera kontaturik. Hori egin ezean, eskabideak ezetsitzat emango dira. Halakoetan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ebazpen espresua eman beharko du, eta horren jakinarazpena egin.

4.– Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

8. artikulua.– Ebazteko eskumena duen organoa, emakida-prozedura, ebazpena, berraztertze-errekurtsoa eta publizitatea.

1.– Lana Aktibatzeko Zuzendaritza izango da eskaerak kudeatu eta bideratzeaz arduratuko den organoa, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia horiek ebazteko eskuduna.

2.– Lehiaketa sistemaren bidez esleituko dira diru-laguntzak, eta, horrela, aurkezten diren eskabideak hurrengo artikuluan aurreikusitako ebaluazio- eta esleipen-irizpideen arabera ebaluatuko dira. Horri dagokionez, kide anitzeko organo bat eratuko da, eta honako kide hauek izango ditu:

– Presidentea: Gotzone Sagardui Goikoetxea, Lan Aktibazioko zuzendaria.

– Idazkaria: Jesús M.ª Ordoñez Orzaiz, Lan Aktibazioko Zuzendaritzako Laneratzeko Arloko arduraduna.

– Bokalak: Amaia Arteaga Dañobeitia eta Angel Altuna Urcelay, Laneratze Areako teknikariak.

3.– Aurreko paragrafoan adierazten den kide anitzeko organoak behin-behineko ebazpen-proposamen bat egingo du, honako hauek adieraziz: zer diru-laguntzak emango dituen eta zein diren diru-laguntza horien proposatutako onuradunak, zenbat orientazioko ordu-bloke esleitu diren lurraldeko jardun-eremu edo -azpieremu bakoitzeko, eta zer diru-laguntza proposatzen horretarako eta, azkenik, zeintzuk ukatuko diren eta zergatik. Interesdunei jakinaraziko zaie behin-behineko ebazpen-proposamen hori, Lanbideren web-orrian argitaratuta: www.lanbide.net

Pertsona interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute egokitzat hartzen dituzten alegazioak aurkezteko. Epe hori behin-behineko ebazpen-proposamena Lanbideren web-orrian argitaratu, eta hurrengo egunean hasiko da kontatzen.

4.– Epe hori igarota eta, hala badagokio, interesdunek aurkeztutako alegazioak aztertuta, kide anitzeko organoak behin betiko ebazpen-proposamena egin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari helaraziko dio, hura baita deialdi hau ebazteko organo eskuduna.

Ebazpen-proposamenak ez die Administrazioarekiko eskubiderik sortzen proposatutako onuradunei.

5.– Prozeduraren ebazpena eman eta jakinarazteko gehienezko epea lau hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratzen den egunetik kontaturik. Epe hori igaro ondoren ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskabidea baztertutzat jo ahal izango da.

6.– Prozedurari buruzko ebazpena pertsona interesdunei jakinaraziko zaie, Lanbideren webgunean argitaratuz: www.lanbide.net

7.– Ebazpenean honako hauek adieraziko dira: zein diren entitate onuradunak, zenbat orientazioko ordu-bloke esleitu diren, eta zenbateko diru-laguntza emango den, nola eta zer epetan ordainduko diren eta nola justifikatuko den. Era berean, ukatuak izan diren eskaeren zerrenda jasoko dute, horren arrazoia adierazita.

Gainera, espresuki aipatuko da EGIFek finantziazioan parte hartzen duela EAEko 2007-2013 Programa Operatiboaren esparruan.

8.– Ebazpen honek amaitu egiten du administrazio-bidea eta honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpena Lanbideren webgunean argitaratu eta biharamunetik kontaturik, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, webgunean argitaratu eta biharamunetik kontaturik.

9.– Publizitate printzipioa betetzearren, betiere, prozedurari buruzko ebazpena Lanbideren webgunean argitaratzea alde batera utzi gabe, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, deialdi honen babespean emandako laguntzen onuradun diren entitateen zerrenda argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, EAEko 2007-2013 EGIF Programa Operatiboaren barruan EGIFekin batera finantzatu dela espresuki adierazita.

9. artikulua.– Eskabideak ebaluatzeko eta diru-laguntza esleitzeko irizpideak.

Prozedura hau jarraituko da araututako baldintzak betetzen dituzten eskabideak ebaluatzeko eta orientazio-ekintzei eta -zerbitzuei dagozkien diru-laguntzak esleitzeko:

1.– Lurraldeko jardun-eremuan edo -eremuetan eskatutako orientazioko ordu-blokeen guztizko batura diruz lagunduko den kopuruaren berdina edo hori baino txikiagoa bada, eskatu dituen orientazioko ordu-blokeen araberako diru-laguntza emango zaio entitate bakoitzari.

2.– Lurraldeko jardun-eremuan edo -eremuetan eskatutako orientazioko ordu-blokeen guztizko batura diruz lagunduko den gehieneko kopurua baino handiagoa bada, eskabideak balioetsi egingo dira, honako irizpide hauek kontuan:

a) Deialdiaren 5.3. artikuluan arautzen diren eskakizunekin lotuta, 2 puntu emango dira entitateek froga dezaketen ibilbide-urte bakoitzeko, aintzat hartuta zer lan egin duen entitateak azken 7 urteetan langabetuentzako lanbide-orientazioaren esparruan, gutxienez eskatzen den bi urte horietaz aparte. Gehienez 10 puntu emango dira.

b) II. eranskinak dioen moduan, gehienez 10 puntu emango dira zerbitzua eskainiko den instalazioen kokapenagatik, jardun-eremuaren barruan. Entitate batek kokapen bat baino gehiago badu jardun-eremuaren barruan, punturik gehien lortzen dituena bakarrik hartuko da kontuan.

c) 4 puntu emango dira baldin eta itxaroteko esparru osagarri bat badago, enplegua bilatzeko tresna eta materialetara iristeko aukera ematen duena; horien artean, Interneterako sarbidea duen ordenagailu bat, gutxienez. Entitate batek kokapen bat baino gehiago badu jardun-eremuaren barruan, b) atalean punturik gehien lortzen dituena bakarrik hartuko da kontuan.

d) 1 puntu emango da talde-arretarako beste gela bat edukitzeagatik. Entitate batek kokapen bat baino gehiago badu jardun-eremuaren barruan, b) atalean punturik gehien lortzen dituena bakarrik hartuko da kontuan.

3.– Behin eskabideak aurreko atalaren arabera balioetsi ondoren, honako prozedura hau erabiliko da diru-laguntza banatzeko eta esleitzeko:

a) Entitate bakoitzari eman zaion puntuazioari dagokion portzentajea kalkulatuko da, jardun-eremu edo -azpieremu berean parte hartzen duten entitate guztiek lortutako guztizko puntuazioaren arabera.

b) Lortutako portzentajea jardun-eremu edo -azpieremu bakoitzean banatu beharreko ordu-blokeen guztizko kopuruari aplikatuko zaio, hurbilen dagoen zenbaki osoaren arabera borobilduz. Entitate bakoitzari handienetik txikienerako hurrenkeran lortutako puntuazioaren arabera egokitu zaion bloke-kopurua esleituko zaio.

c) Behin aurreko banaketa egin ondoren, esleitu gabeko blokerik geratzen bada eremu edo azpieremuren batean, horiek banatu beharreko ordu-blokeen guztizko kopurutzat hartuko dira, eta honako hurrenkera honen arabera esleituko:

– Lehenik eta behin, b) atalaren arabera eremu edo azpieremu berean blokeren bat esleitu zaien entitateen artean, betiere ez badituzte eskuratu eskaturiko bloke-kopuru guztiak. Banaketa hori egiteko aurreko a) eta b) ataletan aurreikusitako prozedura bera erabiliko da.

– Bigarrenik, orientazioko ordu-blokerik esleitu ez zaien entitateen artean. Banaketa hori egiteko aurreko a) eta b) ataletan aurreikusitako prozedura bera erabiliko da.

d) Ordu-blokeen esleipenean berdinketarik ematen baldin bada guztizko puntuazioetan, lehentasun-hurrenkera honetan egingo da esleipena:

– Lehentasuna izango dute ordu-bloke gutxien esleitu zaizkien entitateek. Banaketa hori egiteko, aurrekoetan erabilitako prozedura bera erabiliko da.

– Puntu-berdintasunak bere horretan badirau aurreko irizpidea bete ondoren, 2.a). atalean puntuazio handiena lortu duten entitateek izango dute lehentasuna.

– Puntu-berdintasunak bere horretan badirau aurreko irizpidea bete ondoren, artikulu honen 2.b). atalean puntuazio handiena lortu duten entitateek izango dute lehentasuna.

– Puntu-berdintasunak bere horretan badirau aurreko irizpidea bete ondoren, artikulu honen 2.c). atalean puntuazio handiena lortu duten entitateek izango dute lehentasuna.

– Puntu-berdintasunak bere horretan badirau aurreko irizpidea bete ondoren, artikulu honen 2.d). atalean puntuazio handiena lortu duten entitateek izango dute lehentasuna.

– Puntu-berdintasunak bere horretan badirau, lehentasuna izango dute, hurrenkera honetan, udalaz gaindiko administrazio publikoak, toki-administrazioak, araututako prestakuntza-zentro publiko edo pribatuek eta gainerako entitateek.

e) Azkenik, ordu-blokeak aurreko ataletan adierazitakoaren arabera esleitu, eta eremuren batean ordu-blokeak soberan geratuz gero, bloke horiei dagozkien orduak zati berdinetan banatuko dira eremu edo azpieremu horretan gutxienez bloke bat esleituta daukaten entitateen artean; betiere ez badute lortu eskaturiko guztizko bloke-kopurua, edo eskabidean onartu badute orientazio-ordu gehiago egitea aurreko atalean aurreikusitakoa gertatzen den kasuan.

10. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da:

– Lehendabizi, 2014. ekitaldian, ebazpena argitaratu ondoren, emandako diru-laguntzaren % 60 ordainduko da. Diru-laguntzaren zati hori jasotzeko, entitate onuradunak ziurtagiri baten bidez egiaztatu behar du jardueraren hasiera eta kontratatutako pertsonen identitatea, eta Lanbidek ziurtatu beharko du pertsona horiek alta emanda daudela Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean.

Ordainketak 180.303,63 euroko kopurua gainditzen badu, entitateek banku-abala aurkeztu beharko dute, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezarritakoari jarraituz; dekretu horrek arautzen du Euskadiko Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren diru-laguntzak bermatu eta itzultzeko erregimen orokorra, eta bertan ezartzen dira diru-laguntza horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak. Abalaren eredua eta hura egiteko jarraibideak Lanbidek emango ditu.

Edonola ere, ez da bermerik eratu beharra eskatuko, baldin eta diru-laguntzen onuradunak tokiko entitateak edo haien mendeko entitate edo organismoak badira.

– Bigarren zatia, gainerako % 40a edo justifikazioaren ondorioz geratzen den zenbatekoa, 2015. ekitaldian ordainduko da. Horretarako, enplegu-zentroko zerbitzua amaitu eta hurrengo bi hilabeteetan, dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

– Emandako diru-laguntzarekin egin den jardueraren azalpen-memoria zehatza.

– Erantzukizunpeko adierazpena, ziurtatzen duena benetakoa dela Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sisteman daukan informazio mekanizatua, entitateak egindako ekintzei eta pertsonei eskainitako arretari buruzkoa.

– Diruz lagundutako ekintzak egin dituzten langileen nominen eta Gizarte Segurantzako kotizazio-agirien (TC1 eta TC2 ereduak) kopiak eta ekintzetan egindako gastuen egiaztagiriak.

11. artikulua.– Diru-laguntzaren onuradun diren entitateen betebeharrak.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzen onuradun diren entitateek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Ekintzak egiten dituzten bitartean lortutako informazioa biltzea, kudeatzea eta iraultzea, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak eskura jarritako protokoloak, fitxa teknikoak eta sistema informatikoak erabiliz.

b) 2026. urtera arte Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta kontrol ekonomikoaz eta fiskalizazioaz arduratzen diren organoen –Europako Gizarte Funtsekoak barne– eskura edukitzea egindako eta diruz lagundutako orientazio-jardunen dokumentuak.

2.– Era berean, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak alde batera utzi gabe, laguntzak jasotzen dituzten entitateek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Diruz lagundutako jardueren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta diru-laguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabar objektiboren nahiz subjektiboren aldaketa ere.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan jardutea diruz lagundutako jarduera egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko eta kontrolatzeko, ofizioz edo alde batek eskatuta; eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Europako funtsak kontrolatzen dituzten instantziek egin beharreko egiaztatze- eta kontrol-jardunen eraginpean jartzea.

c) Lanbideri jakinaraztea helburu bererako beste edozein administrazioren edo erakunde publiko edo pribaturen laguntza, diru-sarrera edo baliabideak jaso izana.

d) Laguntza horiek aditzera emateko material eta ekintza guztietan, laguntzak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta, EAEko 2007-2013 EGIF Programa Operatiboaren barruan, Europako Gizarte Funtsaren artean finantzatu direla aipatzea eta «Europako Gizarte Funtsak zure etorkizunean inbertitzen du» goiburua txertatzea.

3.– Diruz lagun daitezkeen gastuak Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak beteko badituzte, gastuaren kontularitza-erregistro bat eraman behar da, aparteko kontularitza-sistema batean eta kontularitza-kode egoki batez identifikatua.

12. artikulua.– Diru-laguntza aldatzea.

Diru-laguntza emateko orduan kontuan izandako baldintzetan zerbait aldatzen bada, diru-laguntza ere aldatu ahal izango da; nolanahi ere, diru-laguntzen onuraduna izateko deialdi honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak bete beharko dira. Baldintzen aldaketa horren ondorioz, diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

13. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuk aldi berean jasotzea.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak ez dira bateragarriak helburu bererako lortutako beste edozein motatako diru-laguntza edo laguntzarekin.

14. artikulua.– Ez-betetzeak.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izango diren entitateak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan jasotako kasuren batean egongo balira edo deialdi honetan ezarritako baldintzetakoren bat beteko ez balute, Lanbideko zuzendari nagusiak ebazpen bidez adieraziko lieke jaso gabe dituzten kopuruak jasotzeko eskubidea galdu izana eta, hala badagokio, jasotako diru-laguntza Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, diru-laguntza emandako unetik bertatik sortutako legezko interesekin batera. Horrez gain, egoki diren gainerako ekintzak bideratu ahal izango dira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Aipatu zenbatekoak sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorioetarako, erantzukizun araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan xedatutakoa izango delarik.

15. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetze kasuetan jasotzen diren laguntzak itzultzeko prozedura, honako hau izango da:

1.– Lanbideko zuzendari nagusiak laguntzak itzultzeko prozedurari ekin, eta Lana Aktibatzeko zuzendariak prozedura hasi izana eta hartarako arrazoiak jakinaraziko dizkio interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio egoki iruditzen zaizkion alegazioak egiteko. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.

2.– Alegazioak jasotakoan edo hartarako epea iragan eta jaso ez badira, prozedurari amaiera emango zaio, Lanbideko zuzendari nagusiaren Ebazpen bidez. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

3.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik hasita gehienez bi hilabeteko epean, dagozkion diru-kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra ekarriko du. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

4.– Borondatezko epe horretan diru-laguntza itzultzen ez bada, diru-laguntza berreskuratzeko premiamendu bidera jotzeko izapideei ekingo zaie.

16. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, deialdi honetan araututako laguntza-eskabideak betetzearen ondorioz lortutako datu pertsonalak bere titulartasuneko fitxategi batean sartuko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak. Fitxategi hori, «Enplegurako eta prestakuntzarako diru-laguntzak» izenekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak datu pertsonalak biltzeko dauzkan fitxategiak arautzen dituen Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 10eko Aginduaren bidez dago araututa.

Halaber, pertsona interesdunek datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak izango dituzte, legeak onartzen duen eran; horretarako, hori adierazten duen idazki bat igorri beharko dute Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Gasteiz).

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala