Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

207. zk., 2014ko urriaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4611

AGINDUA, 2014ko urriaren 20koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko Ikuskatzaileen eta Administrazioko Hezkuntzako ikuskatzaileen Kidegoetako funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketarako deialdia egiten duena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko 6.3 xedapen gehigarrian ezarritako aurreikuspenen arabera, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan bildutako irakasle kidegoetako langile funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketak eta haiek bete beharreko plazen beste hornikuntza-prozedura batzuk arautzen dituenak, betebehar bat ezartzen die hezkuntza administrazioei, bi urtez behin estatu mailako lekualdatze-lehiaketak deitzekoa. Lehiaketa horietan karrerako funtzionarioak diren irakasle guztiek hartu ahal izango dute parte, edozein dela ere menpekoak diren edo sartu diren hezkuntza-administrazioa, baldin eta horretarako betekizunak betetzen badituzte. Hala, interesdunek lehiaketa guztietan parte hartu ahal izango dute ekintza bakarraren bitartez, ebazpenaren ondotik kidego bakoitzean destino bakarra lortuz.

Irailaren 26ko ECD/1800/2014 Aginduaren bidez, ezartzen dira zein prozedurazko arau izango diren aplikatzekoak 2014-2015 ikasturtean zehar deitu behar diren estatu mailako lekualdatze-lehiaketetan, hain zuzen ere Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan –Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak aldatua– bildutako irakasle kidegoetako langile funtzionarioen artekoetan.

Horrenbestez, aipatutako araudian xedatuaren babesean eta Hezkuntzako Ikuskatzailetzan lanpostu hutsak badaudenez,

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioko Ikuskatzaileen eta hezkuntzako administrazioaren zerbitzura dauden Ikuskatzaileen kidegoetako langile funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketarako deitzea.

2.– Deialdi hori arautuko duten oinarriak onartzea.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Ondorioak.

Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen kontra aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita; bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko urriaren 20a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

OINARRIAK
I. KAPITULUA
OINARRI OROKORRAK

Lehenengoa.– Deialdia.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioko Ikuskatzaileen eta hezkuntzako administrazioaren zerbitzura dauden Ikuskatzaileen kidegoetako karrerako langile funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketarako deialdia egiten da.

2.– Lehiaketa honek ondorengo xedapenok bete beharko ditu: Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak aldatua; Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legea; Funtzio Publikoa Eraldatzeko Neurriei buruzko abuztuaren 2ko 30/1984 Legea, aipatutako estatutuaren arau bidezko garapena eman arte indarrean jarraitzen duten artikuluetan; Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatekoez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legea; urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan bildutako irakasle kidegoetako langile funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketak eta haiek bete beharreko lanpostuen beste hornikuntza-prozedura batzuk arautzen dituena; abenduaren 11ko 343/2001 Dekretua, Hezkuntzako ikuskatzaile postuetarako hizkuntza eskakizunak eta eskakizun horien derrigorrezkotasunak esleitzeko araubide berezia ezartzen duena; azaroaren 9ko 297/2010 Dekretua, euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia-Esparru Bateratuko mailekin baliokidetzekoa; irailaren 26ko ECD/1800/2014 Agindua, 2014-2015 ikasturtean zehar deitu behar diren estatu mailako lekualdatze-lehiaketetan aplikatzekoak diren prozedurazko arauak ezartzen dituena.

Bigarrena.– Eskaintzen diren postuak.

1.– Lehiaketa honetan eskaintzen diren postuen behin-behineko eta behin betiko finkapena Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez egingo da, irailaren 26ko ECD/1800/2014 Aginduko bosgarren atalean ezarritako datetan. Behin-behineko finkapena 2015eko otsailaren 13a baino lehen egingo da, eta behin betikoa, berriz, 2015eko apirilaren 14a baino lehen. Ebazpen horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren webgunean argitaratuko dira: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net eta http://www. irakasle.net.

2.– Eskaintzen diren lanpostuen artean, 2014ko abenduaren 31n dauden postu hutsak eta lehiaketaren ebazpena ematean geratzen direnak sartuko dira. Gainera, nahitaezko erretiroen ondorioz 2014-2015 ikasturtearen amaierara arte sortzen diren postu hutsak sartu ahalko dira. Batzuk zein besteak eskainiko dira hezkuntza plangintzan haien funtzionamenduaren jarraitutasuna aurreikusita dagoenean, eta ikastetxe berean irakasleen egonkortasunerako ezartzen diren irizpideen arabera.

3.– Hutsik geratzen diren postuen definizioan akatsen bat gertatzen bada edo eskolako plangintzan aurreikusi gabeko funtzionamenduan duen posturen bat bada, dagokion akatsen zuzenketa argitaratuko da.

II. KAPITULUA
PARTE HARTZEKO BETEKIZUNAK ETA BALDINTZAK

Hirugarrena.– Betekizunak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahalko dute lehenengo oinarrian aipatzen diren eta urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuko 10. artikuluan jasotako betekizunak betetzen dituzten langileek –errege dekretu horrek Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan bildutako irakasle kidegoetako langile funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketak eta haiek bete beharreko lanpostuen beste hornikuntza-prozedura batzuk arautzen ditu–, bai eta deialdi honetan aipatzen direnek ere.

2.– Betekizun horiek betetzea eskatuko da eskabideak aurkezteko epea amaitzerako, eta jabetza hartzen denera arte eutsi beharko zaio.

Laugarrena.– Parte-hartzearen izaera.

1.– Parte-hartzea nahitaezkoa izango da zazpigarren oinarrian jasotako kasuetan.

2.– Parte-hartzea borondatezkoa izango da seigarren oinarrian jasotako kasuetan.

Bosgarrena.– Hizkuntza-eskakizuna.

1.– Ondorengo atalean jasotako salbuespenarekin, derrigortasun-eguna beteta daukaten hizkuntza-eskakizuneko postuak eskatzeko, ezinbestekoa izango da kasuko hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta izatea, Hezkuntzako ikuskatzaile postuetarako hizkuntza-eskakizunak eta eskakizun horien derrigorrezkotasunak esleitzeko araubide berezia ezartzen duen abenduaren 11ko 343/2001 Dekretuan xedatuaren arabera edo, bestela, Euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko mailekin baliokidetzeko azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak aipatutako tituluak edo hizkuntza-ziurtagiriak edukitzea.

2.– Ez da eskatzen egiaztatzea eskakizun, titulu edo baliokidea den egiaztagiririk, baldin eta egiaztatzen bada euskaraz egindako ikasketa ofizialak onartzen eta euskarazko tituluekin eta ziurtagiriekin egiaztatzeko salbuespenak ezartzen dituen apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuko 2. eta 3. artikuluetan aurreikusitako salbuespenak gertatzen direla; horiek egiaztatzeko Dekretu horretan ezartzen den moduan egingo da.

III. KAPITULUA
BORONDATEZKO PARTE-HARTZEA

Seigarrena.– Borondatezko parte-hartzea.

1.1.– Deialdi honetan eskaintzen diren postuetan borondatez parte hartu ahal izango dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpe dauden eta jarraian adierazten diren egoeretako batean dauden irakasle funtzionarioek:

a) Jardunean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikitako Hezkuntzako Ikuskatzailetzako postuetan behin betiko destinoarekin, baldin eta behin betiko azken destinoaz jabetu zirenetik aurtengo ikasturtearen amaiera arte gutxienez bi urte iragan badira.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikitako postuetan aitortutako zerbitzu berezietan, baldin eta behin betiko azken destinoaz jabetu zirenetik aurtengo ikasturtearen amaiera arte gutxienez bi urte iragan badira.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikita dauden Hezkuntzako Ikuskatzailetzako postuetan aitortutako borondatezko eszedentzian, dauden motetan.

Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 89.1 artikuluko a) eta b) ataletan aurreikusitako moduan, norbere interesagatik edo familia batzeagatik borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioek, parte hartu ahal izateko, ezinbesteko izango dute eszedentziara igaro zirenetik aurtengo ikasturtea amaitu arte bi urte iragan izana.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikitako Hezkuntzako Ikuskatzailetzako postuetan, aitortutako etete-egoeran, betiere aurtengo ikasturtea amaitzen denean etendurako diziplina zigorraren iraunaldia bukatu bada eta behin betiko azken destinoaz jabetu zirenetik gutxienez bi urte iragan badira.

e) Beste Herri Administrazio batzuetan zerbitzua eskaintzen, baldin eta behin betiko azken destinoaz jabetu zirenetik aurtengo ikasturtearen amaiera arte gutxienez bi urte iragan badira.

1.2.– 1.1 atalean aipatzen diren parte-hartzaileek, era berean, gainerako Hezkuntza Administrazioek egindako deialdiei dagozkien postuak eska ditzakete, bakoitzaren oinarrietan ezarritako irizpideei jarraiki.

2.– Beste Hezkuntza Administrazio batzuen menpeko langile funtzionarioak:

Deialdi honi dagozkion postuak eskatu ahalko dituzte beste Hezkuntza Administrazio batzuen menpean dauden irakasle funtzionarioek, agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Funtzionario horien lehen behin betiko destinoa hauxe izan beharko da: aukeratu zituen deialdia zedarritzen zen Hezkuntza Administrazioaren alorrekoa, bertan azken baldintza hori betetzeko eskatzen ez zen kasuan izan ezik.

Langile horiek eskabide-ereduaren arabera, eta destinoari dagokion hezkuntza Administrazioak egiten duen deialdian zehazten den organoaren aurrean egin beharko dute parte hartzeko eskabidea.

IV. KAPITULUA
NAHITAEZKO PARTE-HARTZEA

Zazpigarrena.– Nahitaezko parte-hartzea.

1.– Lehiaketa horretan parte hartzera derrigortuta daude jarraian adierazten diren egoeretako batean dauden funtzionarioak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikita dauden Hezkuntzako Ikuskatzailetzako postuetan 2014-2015 ikasturtean behin-behineko postua duten funtzionarioak.

Lehiaketa honetan parte hartuko ez balu, edo parte hartuta ere nahikoa plaza huts eskatuko ez balitu, ofizioz eman ahalko zaio behin betiko destinoa Hezkuntzako Ikuskatzailetzaren zentroetan, behin behineko jarduna duen Lurralde Historikoan dauden ikastetxeetan, I. eranskinean ikuskatzailetza-zentroak argitaratuta dauden ordenari jarraituz.

b) Eszedentziatik edo funtzioen etenaldi egoeratik etorri, behin betiko destinoa galdu eta jarduneko zerbitzura itzuli eta deialdi hau argitaratzen den eguna baino lehenago, itzuleraren indarrez Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mendeko ikastetxeren batean behin-behineko destinoa lortu dutenak.

Lehiaketa honetan parte hartuko ez balu, edo parte hartuta ere nahikoa plaza huts eskatuko ez balitu, behin behineko jarduna izan duen Lurralde Historikoan dauden ikastetxeetan eman ahalko zaio ofizioz behin betiko destinoa, I. eranskinean Ikuskatzailetza zentroak argitaratuta dauden ordenari jarraituz, edo bestela, destinoa eman zain geratuko da.

c) Nahitaezko eszedentzian, edo funtzioen etenaldi irmoan eta destinoko postua galduta dauden funtzionarioak, zigorra bete eta gero, behin-behinean itzultzerik lortu ez badute, eta egoera hori aitortu bazaie Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mendeko ikastetxeren batean.

Aurreko paragrafoan aipatutako funtzionarioek lehiaketa honetan parte hartzen ez badute edo, parte hartu arren, behar den beste postu eskatzen ez badute eta, hala, behin betiko destinorik lortzen ez badute, borondatezko eszedentzia egoeran geldituko dira, Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 89 artikuluko 1.a) atalean aurreikusten den moduan.

d) Behin betiko destinoa galdu duten funtzionarioak, epaia betetzeagatik edo errekurtsoari emandako ebazpena betetzeagatik, edo behin betiko betetzen zuten postua ezabatu zaielako.

Parte hartzen ez badu, ofizioz behin betiko esleitu ahal izango zaio postua, behin behineko jarduera izaten ari den Lurralde Historiko barnean dauden eta baldintzak bete ditzakeen postuetan, kasuaren arabera, I. eranskinean argitaratutako ikuskatzailetza zentroen ordena jarraituz.

e) Behin betiko plaza galdu eta bere kidegoan aktibo mantenduz administrazioko beste postu batzuk izatera pasa ziren langile funtzionarioak, betiere hura utzi eta behin behineko destinoa lortu badute gaur egun Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mende dauden postuetan.

Lehiaketa honetan parte hartuko ez balu, edo parte hartuta ere nahikoa plaza huts eskatuko ez balitu, ofizioz eman ahalko litzaioke betiko destinoa Hezkuntzako Ikuskatzailetzaren zentroetan, behin behineko jarduna duen Lurralde Historikoan dauden ikastetxeetan, I. eranskinean ikuskatzailetza-zentroak argitaratuta dauden ordenari jarraituz.

V. KAPITULUA
HERRI EDO BARRUTI BATERAKO LEHENTASUN-ESKUBIDEA

Zortzigarrena.– Parte-hartzeko kasuak eta baldintzak.

Herri edo barruti bateko ikastetxeetan behin betiko destinoa lortzeko lehentasun-eskubidea izango dute, jarraian adierazten diren egoeraren batean dauden eta ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten parte-hartzaileek, zerrendatzen diren lehentasun ordenan:

a) Ikastetxe batean behin betiko izaeraz betetzen zuten lanpostua ezabatu edo aldatzen denean, beste behin betiko destino bat lortu arte, lehentasun-eskubidea izango dute postua ezabatu den herri bereko beste ikastetxe bateko edo, hala badagokio, postua ezabatu den ikastetxea dagoen barrutiko beste ikastetxe bateko postu bat lortzeko.

b) Behin betiko betetzen zuten irakasle-plaza galduta Herri Administrazioan beste postu bat betetzera pasa direnak, betiere azken postua eten badute.

c) Behin betiko izaeraz betetzen zuten lanpostua galdu dutenak, apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 89.4 artikuluan aurreikusitako familiarteko edo seme-alabak zaintzeko borondatezko eszedentziaren egoera aitortu ostean aplikatu beharreko araudiak zehaztutako postu-erreserbaren denbora-tartea amaitu delako eta zerbitzu aktibora itzuli nahi badute edo behin-behinean itzuli badira.

d) Betetzen zuten behin betiko lanpostua galtzeagatik, epaia bete beharra dela edo administrazio-errekurtsoaren ebazpena bete beharra dela-eta.

e) Ezintasun iraunkorraren ondorioz erretiro-egoera aitortuta eduki ondoren, zerbitzu aktiborako berriz gaitu diren langile funtzionarioak.

Aurreko atal bakoitzean adierazitako egoeran karrerako bi funtzionario edo gehiago daudenean, postua merituen baremoa aplikatzean puntuazio altuena lortzen duenari esleituko zaio.

Idatzi-zati honetan adierazitako egoeretan egonda lehentasun-eskubideaz baliatu nahi duten langile funtzionarioek kidegoan behin betiko izaeraz azken destinoa izan zuten herri edo barrutirako erabili ahal izango dute.

Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubideren batez baliatzen diren irakasleek parte hartzeko eskabidean honakoa adierazi beharko dute:

1.– «Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea baliatuz gero bete beharrekoa» idazpuruan, eskubidea erabili nahi den herri edo barrutiaren kodea adierazi behar da, bai eta lehentasun-eskubidea izateko arrazoia ere.

2.– Jarraian, eskubide horretaz baliatzeko espezialitatearen (plaza-mota) + hizkuntza-eskakizunaren (bertako hizkuntza) kodea ezarriko da. Lehentasun hori kontuan hartuko da herria, espezialitatea eta hizkuntza-eskakizuna/derrigortasun-data erreserbatzeko.

3.– Ikastetxe jakin bat lortzeko, lehentasun-ordenaren arabera, «Eskatzen diren plazak» idazpuruan, eskubidea egikaritzea dagokion herriko ikastetxe guztiak adierazi behar dira eta, barrutiko lehentasun-eskubidea izanez gero, aukeraz eskatutako herrietako ikastetxe guztiak (horiek herrien araberako bloke homogeneotan multzokatu behar dira). Herriko kodea bakarrik adieraziz gero, postuak hutsik dituzten bertako edozein ikastetxetako destinoa emango zaio; eskubidea izanda herriko ikastetxe guztiak eskatzen ez badira, edo, gune baterako lehentasun-eskubidea izanda, aukeraz eskatu diren herrietako ikastetxe guztiak eskatzen ez badira, aipatutako herrietako gainerako edozein ikastetxe batean (postuak hutsik daudenean) eman ahal izango dio destinoa, I. eranskinean agertzen diren ordenan.

Eskubideaz baliatuta herri, espezialitate eta hizkuntza-eskakizunaren erreserba lortu ostean, ikastetxe jakin bateko destinoa, lekualdatze-lehiaketan lehentasun-eskubiderik gabe parte hartzen duten gainerakoen arabera lortuko dute, baremoan lortutako puntuazioaren arabera.

VI. KAPITULUA
PARTE HARTZEKO ESKABIDEAK

Bederatzigarrena.– Eskabideak.

Parte-hartzaileek eskabide bakarra aurkeztuko dute, III. eranskinean ageri den ereduaren arabera.

Eskabideak sinatzen dituztenek espresuki azaldu beharko dute oinarrietan eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eskaerak oinarri hauen I. eranskinean ageri den edozein ikuskatzailetza zentroetan egin beharko dira.

Edonola ere, zehazki parte-hartzaileek eskabideetan adierazitako kodeei dagozkien postuak eskatu direla hartuko da kontuan. Eskabideetako kodeak ez badira existitzen, osatu gabeak badira edo langile parte-hartzaileak eska ditzakeen postuekin bat ez badatoz, baliogabetu egingo dira. Aurreko arrazoiengatik eskaera guztiak baliogabetuko balira, lehiakidea destinoen esleipenetik baztertuko litzateke, baina deialdi honetan destinoa ofizioz esleitzeko aurreikusten diren egoerak hor leudeke.

Hamargarrena.– Dokumentazioa aurkeztea.

1.– Lehiatzaileak honako dokumentazioa aurkeztu beharko du:

– «Merezimenduak egiaztatzeko orria», Interneteko ondoko helbideetan lortuko den ereduaren arabera: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net eta www.irakasle.net.

– Merezimenduak egiaztatzeko dokumentazioa, II. eranskinean (merezimenduen baremoa) exijitutakoaren arabera, salbu eta dokumentazio hori Langileen Erregistroan badagoenean (izan ere, halakoetan nahikoa izango da aipatutako Orrian alegatzea barematu nahi den merezimendua), edo ofizioz zenbatzekoak diren merezimenduak direnean, oinarri honetako 2. atalean adierazitakoaren arabera.

2.– II. eranskinean xedatutakoaren arabera (merezimenduen baremoa), ondorengo atalean aipatzen diren merezimenduak sailak ofizioz zenbatetsiko ditu, eta, horrenbestez, ez dira ez alegatu beharko ez haiei buruzko egiaztagiririk aurkeztu beharko:

– 1. atala: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari emandako zerbitzuak.

– 2.3. a), b) c) eta d) atalak: Euskal Autonomia Erkidegoko eta beste erkidego batzuetako Hizkuntza Eskola Ofizialek emandako titulazio edo ziurtagiriak, baldin eta, beste erkidego batzuek emandakoen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Langileen Erregistroan badaude. Erregistroan dagoen informazioa kontsultatu ahalko da, oinarri honetako 3. Atalean aurreikusitakoaren arabera.

– 3.1 eta 3.2 atalak: Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak antolatutako prestakuntza-jarduerak ofizioz zenbatuko dira, bai eta aipatu Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak homologatu edo onartutako irabazi asmorik gabeko erakundeek antolatutakoak ere, EIMA eta NOLEGA erakundeek antolatutakoak izan ezik. Azken bi kasu horietan, interesdunak aipatutako jarduerak burutu dituela alegatu edo egiaztatu beharko du.

– 4.3. atala: Euskal Autonomia Erkidegoko Katedradunen Kidegoko kidea izatea.

3.– Langileen Erregistroan dagoen informazioa kontsultatzearen eraginetarako, honako helbidera jo beharko da: www.irakasle.net (sartu erabiltzailea eta pasahitza) – Espediente pertsonala. Eta ondoren, honako atalak kontsultatu ahalko dira:

Zerbitzu orria.

Tituluak.

Ikastaroak.

Zuzendaritza-karguak.

4.– Gaztelaniaz edo euskaraz ez dagoen dokumentazio guztia Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batera egindako itzulpen ofizial eta guzti aurkeztu beharko da, zinpeko itzultzaileak egina edo, bestela, dagokion kontsulatu edo bulego diplomatikoak baliozkotua.

5.– Eskabideak aurkezteko epean adierazten diren eta behar bezala frogatzen diren merezimenduak soilik izango dira kontuan.

6.– Fotokopia bidez aurkezten den dokumentazioa konpultsatua izango da.

7.– Aurkeztutako dokumentazioaren egiatasunaren berariazko erantzuleak lehiatzaileak izango dira. Agiriren bat faltsua bada edo manipulatuta badago, parte-hartzaileak deialdi honetan parte hartzeko eskubidea galduko du, bestelako erantzukizunak alde batera utzi gabe.

Administrazioak edozein momentutan eska diezaieke interesdunei zalantzak edo kexak eragiten dituzten merezimenduak justifikatzeko.

Hamaikagarrena.– Eskabideak, eskatutako betekizunak eta alegatutako merezimenduak egiaztatzeko agiriak aurkezteko tokia.

1.– Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan.

2.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan adierazitako edozein lekutan. Posta-zerbitzuko bulegoren batean aurkeztu nahi bada eskabidea, kartazal irekian egingo da, zerbitzu horretako funtzionarioak eguna eta zigilua jar ditzan eskabidean, kartazala ziurtatu aurretik.

Hamabigarrena.– Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea.

Eskabideak egin eta agiriak aurkezteko epea 2014ko azaroaren 6tik 24ra bitartekoa izango da, biak barne.

Adierazitako epe hori amaitzen denean, ez da onartutako inolako eskabiderik eta aldaketarik egindako eskaeretan, ezta aurkeztutako merezimenduei dagokien dokumentaziorik ere.

VII. KAPITULUA
MEREZIMENDUEN BAREMOAREN APLIKAZIOA

Hamahirugarrena.– Merezimenduen baremoa aplikatzeaz arduratuko diren unitate eta organoak.

Lehiakideek adierazi dituzten merezimenduak ebaluatzeko, merezimenduen baremoko 3 eta 4.1 atalei dagokienez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak Batzorde Barematzaile bat izendatuko du. Batzorde horietan, horren kontrako oinarri sendoko arrazoirik ez bada adierazten, gizon zein emakumeek gutxienez % 40ko ordezkapena izango dute, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldatzen duen Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen 31. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Batzorde Barematzailea honako kide hauek osatuko dute:

Batzordeburua: Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoko edo Hezkuntza Administrazioaren Zerbitzura dauden Ikuskatzaileen Kidegoko funtzionarioa.

Batzordekideak: Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoko edo Hezkuntza Administrazioaren Zerbitzura dauden eta jardunean dauden Ikuskatzaileen Kidegoko lau funtzionario.

Aurreko Batzorde Barematzaileko burua Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko du, eta kideak zozketaz aterako dira. Era berean, aurrez zozketaz izendatutako batzordekideen artetik batzordeburuak proposatzen duen pertsona izendatuko du Langileak Kudeatzeko zuzendariak idazkari lanak egiteko.

Ordezkari gehien dituzten erakunde sindikalek ordezkari bat izendatu ahal izango dute Batzorde bakoitzean begirale lanak egiteko.

Batzorde Barematzailea izendatzeko erabili diren irizpideei jarraiki, ordezko kideak izendatu ahalko dira. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan jasotako abstentziorako eta uko egiteko kausetara lotuta egongo dira Batzordeetako kideak.

Langileak Kudeatzeko zuzendariak gaian espezialistak diren bi aholkulari sartu ahalko ditu beharrezkoa dela irizten den Batzordeetan.

Otsailaren 2ko (26ko EHAA) 16/1993 Dekretuaren 6. eta 16. artikuluek aurreikusten dutenaren arabera, bidaien gastuengatiko kalte-ordainak ekainaren 13ko (28ko EHAA) 121/2006 Dekretuak dioenari jarraiki ordainduko dira. Dekretu horrek zerbitzuengatiko kalte-ordainen zenbatekoak eguneratzen ditu.

Batzorde Barematzailearen osaera Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren webgunean argitaratuko da: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net.

Baremoaren gainerako atalengatik lehiakideei dagokien puntuazioa hala dagokion administrazio-unitateek jarriko dute.

VIII. KAPITULUA
PROZEDURAN ONARTZEARI ETA PUNTUAZIO-EMATEARI BURUZKO EBAZPENAK

Hamalaugarrena.– Onartuen, baztertuen eta puntuazioaren behin-behineko ebazpena.

Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzan Batzorde Barematzailearen aktak eta langile-atalek esleitutako puntuazioa jaso ostean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Interneteko www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net helbidean eta Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan argitaratuko da (interesdunei jakinarazteari begira) Langileak Kudeatzeko zuzendariaren Ebazpena, behin-behinekoz onesteko onartutako eta baztertutako parte-hartzaileen zerrendak; azken kasu horretan, adieraziko du zein den baztertzeko arrazoia. Baremoko atal bakoitzean onartutako parte-hartzaileei emandako behin-behineko puntuazioa aipatutako Interneteko helbidean soilik ikusgai jarriko da, interesdunei jakinarazteari begira.

Lehiatzaileek erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte behin-behineko ebazpen horren kontra, jendaurrean jartzen denetik 10 egun balioduneko epean.

Hamabosgarrena.– Onartuen eta baztertuen eta puntuazioaren behin betiko ebazpena.

Aurreko oinarrian aipatutako erreklamazioak ebatzi ondoren, Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpena behin betiko egin eta argitaratu egingo da (interesdunei jakinarazteari begira) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net helbidean, bai eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan ere. Ebazpen horrek onartutako eta baztertutako parte-hartzaileen behin betiko zerrenda eta, baztertuen kasuan, baztertzeko arrazoia ere jasoko du. Baremoaren atal bakoitzean parte-hartzaile onartuek lortutako behin betiko puntuazioen zerrendak aipatutako Interneteko helbidean soilik ikusgai jarriko da, interesdunei jakinarazteari begira.

Aipatutako behin betiko zerrenda horren kontra, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, jendaurrean jartzen den egunaren biharamunetik hilabeteko epean.

IX. KAPITULUA
POSTUEN ESLEIPENEI BURUZKO EBAZPENAK ETA JABETZA HARTZEA

Hamaseigarrena.– Postu hutsen behin-behineko esleipena.

Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpenaren bitartez destinoen behin-behineko esleipena onartuko da, lortutako puntuazioari eta parte-hartzaileen eskaeren lehentasunei jarraituta, eta ebazpen hori Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net webgunean eta Hezkuntza Sailaren lurralde-ordezkaritzetan argitaratuko da. Destinoen behin-behineko esleipena dakarten zerrendak aipatutako Interneteko helbidean soilik argitaratuko dira.

Puntuazioaren guztizkoan berdinketarik gertatuz gero, honela ebatziko da, hurrenez hurren: baremoaren atal bakoitzeko puntuazio altuenari begiratuz eta atalak baremoan duten hurrenkera kontuan hartuz.

Hala ere berdinketak jarraitzen badu, azpiataletan lortutako puntuak hartuko dira aintzat, baina, lehen bezala, baremoan agertzen diren hurrenkerari jarraituz.

Bi kasuotan, arlo bakoitzean kontuan izango den puntuazioa ezin izango da baremoan atal bakoitzerako finkatutako puntuaziorik altuena baino handiagoa izan, ezta, azpiatalen kasuan, azpiatalak sartuta dauden arloak daukan puntuaziorik altuena baino handiagoa ere. Irizpide horiek aplikatzean azpiatal bat edo gehiago sartuta dagoen atalaren puntuaziorik altuenera iristen bada, ez dira kontuan izango gainerako azpiataletan izandako puntuazioak.

Beharrezkoa balitz, kidegoan sartzeko oposizioak egin zituzten urtea hartuko litzateke kontuan azken irizpide gisa, zaharrena lehenetsiz berrienaren aurrean, eta urtearen barruan, prozesuan lortutako puntuaziorik altuena lehenetsiz baxuenaren aurrean.

Hamazazpigarrena.– Erreklamazioak eta uko egiteak.

Lehiatzaileek behin-behineko esleipenaren aurkako erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net webgunean eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan jendaurrean jartzen denetik 5 egun balioduneko epean. Lehiakide boluntarioek, epe horretan bertan, lekualdatze lehiaketan parte-hartzeari uko egin diezaiokete, lehiaketak parte-hartzeko eskabidean idatzitako eskaera guztiei eragin diezaiekeela ulertuta.

Horren ondorioetarako, kontuan izan behar da behin-behineko ebazpenean destinorik ez lortzeak ez duela adierazi nahi behin betiko esleipenean lortuko ez denik.

Hamazortzigarrena.– Postu hutsen behin betiko esleipena.

Erreklamazioak aztertuta eta, hala badagokio, aurreko oinarrian aurreikusitako uko egiteak onartu eta gero, destinoen behin betiko esleipena onartzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren Agindua emango da. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta bertan lehiaketako destinoen behin betiko zerrendak non eta noiz argitaratuko diren jakinaraziko da.

Lekualdatze-lehiaketako destinoen behin betiko esleipenaren aurkako errekurtsoak, parte hartu den hezkuntza administrazioa edozein izan dela ere, errekurtsoaren xede den postuari dagokion hezkuntza Administrazioari zuzendu beharko zaizkio, eta bertan ebatzi.

Hemeretzigarrena.– Jarduneko zerbitzura itzultzea.

Eszedentzian dauden eta lehiaketaren ondorioz jarduneko zerbitzura itzultzen diren Ikuskatzaileek, ondoko agiriak aurkeztu beharko dituzte dagokien Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzan:

1.– Eszedentziarako aginduaren kopia.

2.– Irakaskuntzarekin bateraezina den gabezia edo gaixotasun fisiko edo psikikorik ez duela adierazten duen medikuaren ziurtagiri ofiziala.

3.– Zinpeko aitorpena edo agindua, diziplina espediente bidez Estatuko Administrazioaren, toki administrazioaren edo autonomia-erkidegoko administrazioaren Kidego edo eskala batetik ere banatua izan ez dela egiaztatzeko eta, era berean, funtzio publikoak betetzeko gaitasunik kendu ez diotela egiaztatzeko.

Hala ere, lehiaketa honetan destinoa lortu baina beste irakasle kidego batean jardunean daudenek ez dituzte aurkeztu beharko aipatutako agiriak.

Hogeigarrena.– Lanpostuaz jabetzea.

Destino berriak 2015eko irailaren 1ean hartuko dira jabetzan.

Hogeita batgarrena.– Destinoen ukaezintasuna.

Lehiaketaren behin betiko ebazpenean esleitutako destinoei ezin izango zaie uko egin.

Hogeita bigarrena.– Ordainsariak.

Oinarri hauen babespean araututako deialdiaren bidez euren jatorriaz bestelako kudeaketa eremu batean behin betiko destinoa lortu duten funtzionarioek destinoa lortzen duten eremuari dagozkion ordainketa arauen arabera jasoko dute euren ordainsaria.

X. KAPITULUA
DATU PERTSONALAK

Hogeita hirugarrena.– Datu pertsonalen erabilera.

Pertsona parte-hartzaileek aurkeztutako datuak dagokien prozeduran edo jarduketan aurreikusitako xedeetarako baino ez dira erabiliko.

Datu horiek inola ere ez dituzte erabiliko beste batzuek, eta laga ere ez zaizkie lagako, ez bada interesdunaren baimen argi eta garbirik, edo ez bada datu pertsonalak babesteko legean jasotako kasuren batean (15/1999 Legea, abenduaren 13koa, 6.2 eta 11.2 artikuluak; BOE, 298 zk., 1999ko abenduaren 14koa).

Aipatutako 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, datuak lagatzen dituen pertsonak, edozein unetan, eskuratu, zuzendu, baliogabetu eta aurka egiteko eskubideak bete ahal izango ditu, erregelamenduan zehaztuko den moduan.

Fitxategi horren erabilera eta funtzionamendua Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen aurreikuspenetara egokitu beharko da.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala