Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

207. zk., 2014ko urriaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
4614

AGINDUA, 2014ko urriaren 22koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena. Honen bidez, beka-deialdia egiten da, 2014-2015 ikasturtean, nautikako eta arrantzako irakaskuntzen arloko ikasketak egiteko honako hauetan: Blas Lezo - Pasaiako Itsas Arrantzarako Ikastetxea; Bermeoko Itsas-Arrantzako Prestakuntzarako Eskola, eta Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantzarako Lanbide Heziketako ikastetxean.

Arrantzarekin zerikusia duten sektoreetako langileen trebakuntza-politika egokiari eustea da, besteak beste, Ingurumen, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren helburuetariko bat. Horregatik, arrantza-sektorearen premia eta berezitasun sozioekonomikoei erantzuna emateko, beharrezkoa da itsas langileei eta, oro har, merkatuaren betekizunetara egokitutako prestakuntza jaso nahi duten guztiei bekak emateko deialdia egitea, Europatik eskatzen denari egokitutako prestakuntza jaso dezaten eta aipatutako arrantza-sektorearen mesedetan.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeari buruzko apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuak indarra hartu zuelarik, eta 18.1.u) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriaz, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzari dagokio «nekazaritako eta arrantza eta nautikako prestakuntza, eta arlo horietako prestakuntza profesionala sustatzea». Bestalde, 21.1.ñ) artikuluak Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari esleitzen dio arrantzako eta nautikako gaitasun profesionala bultzatzea.

Eskumen-esparru berri horren barruan, eta lehen paragrafoan aipatutako helburu hori lortzeko, hain zuzen, egin dugu beken deialdi hau, aurreko ekitaldietan hasitako politikari jarraikiz. Ildo horretan, 2013ko ekitaldian honako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren agindua eman zen argitara: 2013ko azaroaren 13koa. Honen bidez, beka-deialdia egiten da, 2013-2014 ikasturtean nautikako eta arrantzako irakaskuntzen arloko ikasketak egiteko Pasaia eta Bermeoko Lanbide Heziketako Itsasketa eta Arrantza Ikastegietan eta Ondarroako Lanbide Heziketako Antiguako Ama Itsasketa eta Arrantza ikastetxean (2013-11-22ko EHAA, 223. zk.).

Autonomia Estatutuaren 10.10 eta 16. artikuluen arabera Euskal Autonomia Erkidegoari emandako eskumenaren indarrez, eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeari buruzko apirilaren 9ko 190/2013 Dekretua ezarritakoarekin bat, eta Arrantza eta Akuikulturako zuzendaritzak proposatuta, honako hau,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2014-2015 ikasturteari dagokionez, nautikari eta arrantzari buruzko ikasketak ondokoetan egiteko beketarako deialdia egitea: Blas Lezo - Pasaiako Itsas Arrantzarako Ikastetxean, Bermeoko Lanbide Heziketako Itsasketa eta Arrantza Ikastegian eta Ondarroako Lanbide Heziketako Antiguako Ama Itsasketa eta Arrantza ikastetxea.

Bigarrena.– Bekak zein gastutarako erabili ahalko diren.

– Ohiko bizilekutik kanpo bizitzeak eragindako gastuak.

– Ikastetxerako joan-etorriek eragindako gastuak.

– Mantenu-gastuak.

– Ikasketa-materialetarako gastuak.

Hirugarrena.– Hautagaiek lortutako puntuazioaren arabera esleituko dira bekak, eta horretarako izendatuko den balorazio batzorde batek ezarriko du puntuazioa. Hautagai bakoitzari puntuazio esleitzeko, irizpide hauek baliatuko dira:

– Egin beharreko ikasketen maila:

A maila.– Arrantzako kapitaina................................................. 8 puntu.

B maila.– Goiko graduko prestakuntza-zikloak........................ 8 puntu.

C maila.– Gradu ertaineko prestakuntza-zikloak..................... 6 puntu.

D maila.– Itsasbazterreko patroi balioaniztuna........................ 4 puntu.

– Ohiko bizilekuko herritik ikastetxea dagoen herrirako distantzia:

1. taldea: 50 kilometrotik gorakoa......................................... 16 puntu.

2. taldea: 30 eta 50 kilometro artekoa..................................... 8 puntu.

3. taldea: 10 eta 30 kilometro artekoa..................................... 4 puntu.

4. taldea: 5 eta 10 kilometro artekoa....................................... 2 puntu.

– Eskatzailearen inguruabar pertsonal eta familiarrak:

Bizikidearengatik (ez badu ordaindutako lanik egiten)............ 2 puntu.

Seme edo alaba bakoitzarengatik........................................... 2 puntu.

Anaia-arreba bakoitzarengatik (baldin eta adingabekoak eta ezkongabeak badira, edo langabezian badaude eta euren familia-unitatean ezkontide bakarrak egiten badu lan ordaindua)...................................................................................... 1 puntu.

– Eskatzaileak aurreko urtean lortutako diru-sarrera gordinak, alde batera utzita nondik datozen, edo haren familiak lortutakoak, baldin eta eskatzailea ekonomikoki familiaren mende bizi bada.

0 eta 6.000 € arteko diru-sarrerak:........................................... 8 puntu.

6.001 eta 12.000 € arteko diru-sarrerak:.................................. 4 puntu.

12.001 eta 18.000 € arteko diru-sarrerak:................................ 2 puntu.

Laugarrena.– Balorazio Batzordeak esleituko die puntuazioa hautagaiei, aurreko puntuan azaldutako irizpideei jarraikiz egiten duen balorazioaren arabera.

Batzordeak honako kide hauek izango ditu:

Batzordeburua: Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzako Egitura Zerbitzuaren arduraduna.

Idazkaria: Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzako teknikari bat.

Batzordekideak: Pasaia, Bermeo eta Ondarroako ikastetxeetako zuzendariak, edo horiek eskuordetzen dituztenak.

Bosgarrena.– Aurkeztutako eskabideak aztertu ostean, Balorazio Batzordeak eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten lagunak hautatuko ditu, dagokien puntuazioa esleituko die, eta ebazteko proposamena igorriko dio Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari. Honek ebazpen bidez esleituko baititu agindu honen bidez deitutako bekak, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik harako hilabeteko epean. Onartutako hautagaien zerrenda, puntuazio zehatza eta esleitutako bekaren zenbatekoa: hori guztia jasoko du aipatu ebazpenak. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako ebazpen baten bidez egingo zaie jakinarazpena interesdunei. Ebazpena 10 eguneko epean argitaratuko da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik aurrera. Epe hori igarota, eskabideak ezetsitzat jo ahalko dira, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako; nolanahi ere, aipatu legearen arabera, Administrazioak berariaz ebazteko obligazioa dauka. Ebazpen horrek ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean.

Seigarrena.– 1.– Gehienez ere, 133.454 euro baliatuko dira 2014-2015 ikasturterako deitutako bekak finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituaren arabera.

2.– Eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, adierazitako kopurua aldatu ahal izango da, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko beste laguntza-programa batzuk bete ondoren agortu gabe geratu diren baliabide ekonomikoen arabera, betiere laguntzen gaineko ebazpena eman aurretik. Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen batek emango du horren berri.

3.– Agindu honetan azaldutako baldintzak betetzen dituzten hautagai guztiek izango dute beka jasotzeko eskubidea. Bekak 2.404,05 eurokoak, gehienez, eta bekadun bakoitzari esleitutako puntuen arabera eta proportzioan kalkulatuko dira. Puntuaren balioa honela kalkulatuko da: bekei esleitutako balioa zati bekadun guztiek lortutako puntu guztien kopurua. Beken balioa aurreko puntuan ezarritakoari jarraiki kalkulatuko da, eta bekadun guztien puntu guztiak, berriz, agindu honen 3. puntuan ezarritako irizpideen arabera.

Zazpigarrena.– Bekaldiak ikasturte bat iraungo du.

Zortzigarrena.– 1.– Ikasketak egiteko ikastetxeetan jaso ahal izango da eskabide-inprimakia, eta eskatzaileak ikasketak egin dituen ikastetxeko idazkaritzan aurkeztu beharko da; salbu eta Ondarroako Lanbide Heziketako Antiguako Ama Itsasketa eta Arrantza ikastetxearen kasuan, izan ere, Bermeoko Itsasketa eta Arrantza Ikastetxeko idazkaritzan aurkeztu beharko da-eta. Beka-eskabidea honako helbide hauetan aurkeztu ahal izango da:

– Blas Lezo - Pasaiako Itsas Arrantzarako Ikastetxea.

Marinos, 2 – 20110 Pasaia (Gipuzkoa).

– Bermeoko Itsas-Arrantzako Prestakuntzarako Eskola.

Ongintza s/n - 48370 Bermeo (Bizkaia).

2.– Beka eskabideei agiri hauek erantsi beharko zaizkie.

a) Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

b) Eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoan administrazio-auzotasuna duela egiaztatzen duen ziurtagiria.

c) Familia-unitateko kide guztien Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenaren fotokopia. Baldin eta familia-unitateko kideren batek ez badu aipatutako aitorpena aurkezten, aurkeztera behartuta ez dagoelako, horixe egiaztatu beharko du Foru Ogasunaren ziurtagiri baten bidez, eta, era berean, egiaztatu beharko ditu, nominen edo ordainagirien bidez, lanagatik, langabezia-subsidioarengatik, pentsioarengatik edo antzeko kontzeptuengatik jasotako zenbatekoak.

d) Familia-elkarbizitzaren ziurtagiria.

Datuak egiaztatzeko sistemaren bidez kontsultatu daitezkeen agiriak aurkeztu beharrik ez dago, hala ezarrita baitago Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan. Hala ere, horretarako, interesdunak baimena eman beharko du, Herritarrek zerbitzu publikoak eskuratzeko sarbide elektronikoari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 6.2.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.– Bekaren gehieneko zenbatekoa diruz lagun daitezkeen gastuen batura izango da, eta onuradunak gastu horiek benetan egin dituela egiaztatu beharko du, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenaren, 51.1 artikuluku e) eta g) letretan ezarritakoaren arabera.

Bederatzigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

Hamargarrena.– Beka bakoitzari dagokion zenbatekoa gorabehera, emandako laguntza bi zatitan ordainduko da: lehenengo ordainketa, guztizko zenbatekoaren % 25, ikasturteko lehenengo hiruhilekoa amaitzean egingo da; eta bigarrena, guztizko zenbatekoaren % 75, ikasturtea amaitzean, betiere ikasleak probetxua atera badio eta matrikulatutako modulu edo ikasgai guztiak gainditu baditu.

Beka ordaintzeko, bekadunak hirugarrenen altaren inprimakia aurkeztu beharko du, laguntza-eskabidearekin batera aurkeztu ere.

Hamaikagarrena.– Beka-eskabidea aurkezteak berekin dakar bekak deitzeko agindu honetan ezarritakoa formalki onartzeko konpromisoa. Bekadunak arau honetan ezarritakoa urratuz gero, onartu eta eman zitzaion zenbatekoa bueltatu beharko du, bai eta aplikatzekoak diren legezko interesak ere.

Behar bezala justifikatutako arrazoi bat dela-medio, bekari uko eginez gero, bekagatik kobratutako eskubide ekonomikoen parte bat bueltatu beharko du. Garatzeke geratzen den bekaldia eta bekaren zenbatekoa kontuan hartuta kalkulatuko da zenbat diru itzuli behar duen.

Hamabigarrena.– 1.– Eskolara joan ezean, beka jasotzeko eskubidea galduko du ikasleak. Ez-bertaratzea honelaxe neurtuko da.

– Ikaslearen ez-bertaratze faltek eskola-orduen % 15etik gora egiten badute, beka galtzea ekarriko dio, eta, horretaz gain, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu.

– Justifikatutako falten kasuan, falta-kopuruak eskola-orduen % 30etik gora egiten badu, goiko lerroaldean zehaztutako ondorioak sortuko dira. Nolanahi ere, klasera bueltatzen den unean bertan aurkeztu beharko du ikasleak eskolara joan ez izanaren justifikazioa.

2.– Ikasturtea errepikatzen ari diren ikasleek, hala balegokie, ohiko bekaren % 50eraino lortu ahalko dute, baldin eta aurreko ikasturteari probetxua ez ateratzeko arrazoia behar bezala justifikatzen badute, eskolaz kanpoko arrazoi larriengatik; arrazoi horiek kasuan kasu baloratuko ditu agindu honen ebazpen-zatiaren 4. paragrafoan ezarritako batzordeak.

Hamahirugarrena.– Ezin da aldi berean baliatu ikasteko beka hau eta helburu bererako funts publikoen kontura ematen den beste edozein laguntza, eta, horrenbestez, eskatzaileak, agindu honetan deitutako beketako bat esleitzen badiote, laguntzetako bati uko egin beharko dio.

Hamalaugarrena.– Bekadunak beka galduko du eta jasotako zenbatekoa gehi dagozkion legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari bueltatu beharko dizkio, gehienez bi hilabeteko epean, baldin eta agindu honetan eskatutako baldintzaren bat, edozein ere, bete ez duela egiaztatzen bada, onuradunak aurkeztu zuen dokumentazioan jasotako datuak okerrak edo faltsuak badira, eskolari probetxurik atera ez badio eta/edo ez bada klasera joan; edo beste ez betetzeren bat egin badu, bai bekaren xedeari dagokionez, bai eta laguntza emateko eskatutako baldintzei dagokienez ere. Horrelakorik gertatzekotan, ikastetxeko zuzendaritzek ziurtatu beharko dute, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, hilabeteko epean, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren aurrean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salaren aurrean, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko urriaren 22a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala