Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

207. zk., 2014ko urriaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
4616

EBAZPENA, 2014ko urriaren 29koa, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordearena, giza baliabideak prestatzeko eta sustatzeko (Ikertu Programa) laguntzetarako 2014ko ekitaldiko deialdia iragartzeko dena.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2009ko urriaren 14ko Aginduaren bidez, Ikertu Programa (giza baliabideak prestatzeko eta sustatzeko laguntzak) garatu zen (2009ko urriaren 19ko EHAA, 200. zk.). Agindu hori, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko ekainaren 8ko Aginduak aldatu zuen (2011ko uztailaren 4ko EHAA, 126. zk.).

Agindu horien helburua da jakintza eta berritzeko ahalmena sustatzea, eta ikertzaileen eta teknologoen masa kritikoa handitzea.

Aipatutako aginduaren zioen adierazpenean eta eranskin arautzaileetan ezarritakoaren arabera eta agindu arautzaile horren 9. artikuluan xedatutakoarekin bat, hor iragarritako diru-laguntzak emateko, 2014ko ekitaldirako deialdia iragartzen da, eta, horretarako, eman beharreko arau guztiak ematen.

Azaldutako guztiagatik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

1.– Ebazpen honen xedea da Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2009ko urriaren 14ko Aginduan aurreikusitako laguntzen 2014ko ekitaldirako deialdia iragartzea (2011ko ekainaren 8ko Aginduaren bidez aldatua); agindu haren bidez, giza baliabideak prestatzeko eta sustatzeko laguntzen Ikertu programa ezartzen da, enpresen I+G+B-n laguntza-modalitateentzat, junior eta senior kategoriako langileen kontratuak berrituz, I+G+B-ko proiektuetan parte har dezaten. II. eta III. eranskinak.

2.– Programa hori finantzatzeko, 800.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan 2014ko ekitaldirako eta arlo horretarako ezarritako aurrekontu-kredituaren kontura: 400.000 euro, 2014rako, eta 400.000, 2015erako.

Ekitaldi bakoitzari dagozkion diru-laguntzetarako deialdietan izendatzen diren zenbateko osoak aldatu ahal izango dira, eskatutako laguntzen guztizko zenbatekoa kontuan hartuta, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailari beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe gelditu zaizkion aurrekontu-baliabideen arabera, eta laguntzetarako ebazpena eman aurretik. Zenbateko hori handituz gero, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da.

Bigarrena.– Betekizunak.

Deialdi honetako laguntzak eskuratu ahal izateko, egiaztatu beharko da Ikertu programa arautzen duen aginduan ezarritako betekizunak betetzen direla.

Hirugarrena.– Eskabideak eta epea.

1.– Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzari bidali beharko dizkiote eskabide-orriak interesdunek, eta, aurkeztu berriz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren lurralde-bulegoetan aurkeztu behar dituzte, edo, bestela, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetan.

2.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan eta dti-ind@ej-gv.es helbide elektronikoan eskuratu ahal izango dira inprimaki normalizatuak.

3.– Eskabideak hilabeteko epean aurkeztu behar dira, deialdia egiteko ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko urriaren 29a.

Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordea,

ESTÍBALIZ HERNÁEZ LAVIÑA.


Azterketa dokumentala