Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

207. zk., 2014ko urriaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4617

203/2014 DEKRETUA, urriaren 21ekoa, Adimen-desgaitasunen bat duten Pertsonen aldeko Elkarteen Euskal Federazioa (FEVAS) gizarte-interesekotzat aitortzeko dena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatzen denez, gizarte-interesekotzat aitortu ahal izango dira gizarte-zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak –arauz ezartzen diren baldintzak betetzen dituztenak–; hain zuzen ere, aitortzeko haien ibilbidea eta Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektoreak EAEko gizarte-zerbitzuen garapenaren alde ematen duten laguntza.

Urriaren 7ko 424/2013 Dekretuak, gizarte zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-interesekotzat aitortzeari buruzkoak, gizarte-intereseko aitorpena lortzeko betekizunak eta prozedura arautzen ditu.

Haren babesean, Adimen-desgaitasunen bat duten Pertsonen aldeko Elkarteen Euskal Federazioa (FEVAS) erakundeak aipatutako aitorpena eskatu du, uste baitu merezi duela gizarte-interesekoa dela aitortzea, gizarte-ekintzaren arloan egiten dituen jarduerengatik.

Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak adierazi duenez, Adimen-desgaitasunen bat duten Pertsonen aldeko Elkarteen Euskal Federazioa (FEVAS) irabazi-asmorik gabeko erakundea da, 1980. urtean eratu zen eta xede nagusitzat ditu:

a) Adimen-desgaitasunen bat duten pertsonen eta haien senideen duintasuna eta eskubideak defendatzea, bai eta haien bizi-kalitatea hobetzen laguntzea ere.

b) Adimen-desgaitasunen bat duten pertsonen aldeko gizarte-jarrera positiboak sustatzea.

c) Adimen-desgaitasunaren arazoen gaineko azterketak, informazioa eta zabalkundea sustatzea.

d) Adimen-desgaitasunen bat duten pertsonei eta haien senideei emandako zerbitzuen kalitatearen etengabeko hobekuntza sustatzea.

e) Entitateen arteko loturak sustatzea, harremanak izan eta bakoitzaren jarduerei buruzko informazioa trukatzeko.

f) Federazioko kideak ordezkatzea erakunde publiko, entitate pribatu eta pertsona fisiko eta juridikoen aurrean, baldin eta, haietako bakoitzak dituen eskumenen eremuan, adimen-desgaitasunaren arazoekin zerikusia badute.

g) Beste edozein, baldin eta zuzen edo zeharka lagundu badezake Federazioaren misioa eta helburuak betetzen edota adimen-desgaitasunen bat duten pertsonei eta haien senideei mesede egiten.

Ibilbide historikoa du Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak ematen; izan ere, egiaztatu du bere jarduera etenik gabe burutu duela 2009tik, Euskal Autonomia Erkidego osoan.

Urriaren 7ko 424/2013 Dekretuan xedatutakoaren arabera, Jaurlaritzaren Kontseiluak onartutako dekretu bidez egingo da gizarte-intereseko aitorpena, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailburuak proposatuta, zeinak dagokion espedientea izapidetuko baitu.

Horrenbestez, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko urriaren 21ean egindako bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren,

HAU XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Aitortzea Adimen-desgaitasunen bat duten Pertsonen aldeko Elkarteen Euskal Federazioa (FEVAS) erakundea gizarte-interesekoa dela, burutzen dituen gizarte-ekintzen bidez Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen laguntzeagatik.

2. artikulua.– Aitortzea Adimen-desgaitasunen bat duten Pertsonen aldeko Elkarteen Euskal Federazioa (FEVAS) erakundeak merezi dituela aitorpen honen berezko eskubideak, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatutakoak.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko urriaren 21an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.


Azterketa dokumentala