Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

207. zk., 2014ko urriaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4620

AGINDUA, 2014ko urriaren 22koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita ireki dela deialdia, EAEko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako itunpeko ikastetxeek jarduera-proiektu integralak egin ditzaten, hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko 2014-2015, 2015-2016 eta 2016-2017 ikasturteetan.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eskola-eredu mistotik hezkidetzailera igarotzeko eraldaketa-prozesu bat sustatu nahi du, genero-indarkeria eta sexismoan oinarritutako indarkeria-adierazpen oro prebenitzen laguntzeko. Horretarako, «Hezkuntza Sisteman Hezkidetza eta Genero Indarkeriaren Prebentzioa Lantzeko Gida Plana» egin du sailak. Planaren helburuetako bat ikastetxeek beren kulturan, politiketan eta jardunbideetan genero-ikuspegia txerta dezaten sustatzea da, eskola-komunitateko eragile guztien laguntzaz.

Genero-indarkeria sexismoan eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean oinarritutako sistema baten ondorio larriena da. Eskolak ikasleen arteko botere-harremanak aldatzen lagundu dezake, behar diren aldaketak eginez, berdintasunean oinarritutako harremanen bidezko sozializazioa ziurtatzeko. Sozializazio horrek identitate-aniztasuna errespetatu behar du, eta ikasle guztien garapen pertsonala ahalbidetu behar du, nola neskena, hala mutilena.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 28. artikuluak hezkidetza-eredu bat garatzea eskatzen dio hezkuntza-sistemari. Zehazki, honako hau adierazten du:

«Hezkuntza-politika publikoek bultzatu beharreko hezkuntza-ereduek, betiere, helburu hauek izan behar dituzte: sexuaren araberako estereotipoak eta rolak baztertuko dituen garapen integrala eskaintzea, bereizkeria mota oro baztertzea, eta generoak behartu gabeko orientazio akademiko eta profesionala bermatzea. Horretarako, emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna bultzatuko da alor guztietan: curriculumean, antolaketan eta abarrean».

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 29. artikuluan ezartzen denez, Hezkuntza Administrazioak hezkidetzako proiektuak sustatuko ditu, eta hezkidetza-helburuak integratuko ditu hezkuntzako maila ezberdinetako jakintza-arloetako eta diziplinetako curriculumaren diseinuan eta garapenean.

Azkenik, hezkuntza-sisteman hezkidetza sustatzeko eta genero-indarkeria prebenitzeko gida-planak honako hauek garatzea proposatzen du: proiektu integralak, gizarte- eta kultura-ezaugarri nahiz -egoera desberdinak dituzten ikastetxe pilotuetan, eredu eta erreferentzia izan daitezen EAEko gainerako ikastetxeentzat.

Hori guztia aintzat hartuta, eta esleitutako eskumenen esparruan, hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Gehienez ere Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta/edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako itunpeko 3 ikastetxe aukeratzea, hezkidetzaren eta genero-indarkeriaren prebentzioaren esparruan jarduketa-plan bat diseina dezaten 2014-2015, 2015-2016 eta 2016-2017 ikasturteetarako. Proiektu integral horren bidez, hezkidetzari eta genero-indarkeriaren prebentzioari modu integralean, sistematikoan eta integratuan helduko diote ikastetxeotan.

2. artikulua.– Hornidura.

1.– Helburu hori lortzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako ezarritako aurrekontu-sailen kontura, guztira 9.000 euro bideratuko dira.

2.– Hautatutako ikastetxe bakoitzari hiru mila (3.000) euroko diru-ekarpen bat egingo zaio deialdi honetan aipatzen diren hiru ikasturteetarako, irakasleak zein eskola-komunitatea trebatzeko eta proiektua koordinatzeko eta zabalkundea egiteko jardueretarako.

3.– Diru-ekarpena egiteaz gain:

a) Hautatutako ikastetxeetako hezkidetza eta genero-indarkeriako arduradunek lurralde arteko mintegi batean hartuko dute parte, eta Berritzegunearen zuzeneko aholkularitza jasoko dute prozesu osoan zehar.

b) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak prestakuntza emango die aukeratutako ikastetxeetako berdintasun-ordezkariei.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Agindu honetan aipatzen diren laguntzak EAEko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako itunpeko ikastetxeei esleituko zaizkie.

4. artikulua.– Baldintzak.

1.– Eskaera egiten duen erakundeak ez du eduki behar diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ez eta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuagatiko diskriminazioaren ondoriozko lege-debekuak barne (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen amaierako seigarren xedapenak arautzen duen ildotik).

2.– Eskaera egin duen erakundeak egunean izan behar ditu indarreko xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, arauz zehaztu den bezala.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko beste diru-laguntza batzuen esparruan, diru-laguntza horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei laguntzak hauek emateko, edo, hala badagokio, ordaindu ahal izateko.

5. artikulua.– Erakunde eskatzaileak betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, eta horretarako ez da zertan eskatzaileen baimenik behar izango, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz.

2.– Eskarietan aukera izango da laguntzak eskatzen dituen erakundeak berariaz adieraz dezan baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu edo dokumentu guztiak lortu edo egiaztatzeko, Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenak eragotzi gabe.

3.– Erantzukizunpeko adierazpen bidez (eskabide-orrian bertan azaltzen da), betebehar hauek egiaztatuko dira:

a) Helburu berarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.

b) Eskaria egiten duen pertsonak edo erakundeak ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ez eta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuagatiko diskriminazioaren ondoriozko lege-debekuak barne (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen amaierako seigarren xedapenak arautzen duen ildotik).

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo/eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzak direla-eta hasitako ezein itzultze- edo zigor-prozedura bukatuta egon beharko da.

d) Eskabide-orriko eta berarekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla adieraztea, eta betetzen dituela laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

e) Ikastetxeko zuzendaritzaren konpromisoa edukitzea, proiektuaren garapena antolatzeko eta irakasleen inplikazioa eta hezkuntza-komunitatearen partaidetza bultzatzeko.

f) OOGk onartzea proiektua egitea.

g) Proiektua hautatua izanez gero, hura ikastetxearen urteko planean eta geroko urteko memorian txertatzea onartzeko ikastetxeko OOGren erabakia jasotzea.

h) Ikastetxeko hezkidetzako eta genero-indarkeriaren prebentzioko arduraduna izendatzea. Hark ezaugarri hauek bete beharko ditu: langile finkoa, ikastetxea ondo ezagutzen duena, sentsibilizatuta dagoena, eta dinamizatzeko, koordinatzeko eta buru izateko gaitasunak dituena.

i) Berdintasun-ordezkari izango den pertsona izendatuta edukitzea Ordezkaritza Organo Gorenean (OOG).

j) Berdintasunerako Batzordea izatea. Hezkuntza-komunitate osoa ordezkatuta egongo da bertan.

6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.

2.– Administrazio elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Informatika eta E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartu zuen Telekomunikazio zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute izapidetze elektronikoa.

3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainontzeko ereduak bide elektronikotik izapidetzeko argibideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskura daitezke: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2014/hezkidetza-3/y22-izapide/eu

4.– Eskaera egin ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egingo dira, helbide honetan: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2014/hezkidetza-3/y22-izapide/eu

5.– Bitarteko elektronikoen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan izapideak egiteko ordezkari bat izendatzen denean, pertsona horrek alta emanda egon beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Ordezkarien Erregistro Elektronikoan: https://euskadi.net/

7. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa.

1.– Entitate eskatzaileek «eskabidea» formulario normalizatua aurkeztu beharko dute, behar bezala beteta. Eskabide-eredua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuratu daiteke, helbide honetan: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2014/hezkidetza-3/y22-izapide/eu

2.– «Eskabidea» formulario normalizatuarekin batera, 2014-2015, 2015-2016 eta 2016-2017 ikasturteetarako «Jarduera-proiektu integralak» formulario normalizatua aurkeztu beharko duzu, eta eduki hau izango du:

I.– Justifikazioa.

II.– Helburu orokorrak eta helburu espezifikoak.

III.– Helburu espezifiko bakoitzari lotutako jarduketak; arduradunak, denborak eta jarraipen-nahiz lorpen-adierazleak zehaztuko dira.

IV.– Ebaluazioa.

3.– Deialdiaren eranskinean, proiektua lantzeko orientabideak daude bilduta.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

1.– Dokumentazio hori aurkezteko epea hamabost egunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

2.– Dokumentazioa modu elektronikoan aurkeztuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2014/hezkidetza-3/y22-izapide/eu

3.– Entitate eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete dokumentazioa, beraiek nahi duten eran. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

9. artikulua.– Hautaketa-batzordea.

1.– Eskaerak barematuko ditu Hautaketa Batzordeak, eta hautatutako ikastetxeen zerrendak egingo ditu. Hauek osatuko dute:

a) Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria edo horrek izendatzen duena; batzordeburu izango da.

b) Hezkuntza-berriztapeneko lurralde-arduradunak edo haiek eskuordetzen dituzten pertsonak.

c) Berritzegune Nagusiko Eskola Inklusiboko arduraduna (dibertsitatea-generoa).

d) Berriztapen Pedagogikoa zerbitzuko pertsona bat; idazkari-lanetan jardungo du.

2.– Aurkeztutako eskabideak Hautaketa Batzordeak balioztatuko ditu, eta hark Berritzeguneko aholkularien laguntza izango du.

10. artikulua.– Diru-laguntzen bateraezintasuna.

Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak bateraezinak dira 1. artikuluan xedatutako helburu berbererako beste edozein erakunde publikok edo pribatuk eman dezakeen beste edozein diru-laguntzarekin.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Hautaketa-batzordearen proposamena aztertuta, Hezkuntza sailburuordeak ebazpena emango du, eta elektronikoki jakinaraziko zaie proposamen hori interesdunei sei hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta, egindako eskabideei dagokienez, onuradun bakoitzarentzat emandako zenbatekoa adieraziko da, eta, behar izanez gero, uko egiteko arrazoiak. Ebazpen hori elektronikoki jakinaraziko zaie interesdunei, eta zabalkundea emateko besterik ez da argitaratuko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

2.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

3.– Artikulu honen lehenengo paragrafoan aipatutako epea igarota, ebazpena onuradunei jakinarazten ez bazaie, dagokion eskabidea ezetsi egin dela uler dezakete onuradunek Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoaren ondorioetarako.

12. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.

1.– Proiektuak aukeratzerakoan aniztasuna bilatuko da ikastetxeen gizarte- eta kultura-egoeretan, ikastetxeen ezaugarrietan, aurkezten dituzten proiektu-motetan eta lurralde-banaketan.

2.– Aurkeztutako proiektuei gehienez ere 10 puntu emango zaizkie, eta gutxienez 6 puntu lortu beharko dituzte onartuak izateko. Honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

a) Ikastetxeak egindako bidea eta premien zehaztapena (2,75 puntura arte). Honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

I.– Ikastetxeak, ondoren aipatzen diren esparruetan, jarduerak, programak eta proiektuak sustatzen, prestakuntzan eta abarretan egindako bidea: hezkidetzan, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean, genero-indarkeriaren prebentzioan, sexu-aniztasunean, harreman afektibo sexualetan. (Puntu 1, gehienez ere).

II.– Eskualdeetako Berritzeguneek hezkidetzaz eta genero-indarkeriaren prebentzioaz antolatutako mintegietan parte-hartzea. (0,50 puntu, gehienez ere).

III.– Nahiko! Programan edo Beldur Barik Programan parte-hartzea. (0,25 puntu, gehienez ere).

IV.– Premien zehaztapena. (Puntu 1, gehienez ere).

b) Helburu orokorrak eta helburu espezifikoak (1,25 puntu, gehienez ere).

c) Jardunak. (4 puntu, gehienez). Honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

I.– Ikasleentzako jarduerak: estereotipoak, interakzio-plana, espazioen erabilera, genero-indarkeriaren prebentzioa, heziketa afektibo eta sexuala, orientazio akademikoa... (1,25 puntu, gehienez).

II.– Hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa sartzeko jardunak: proiektuetan (IHP (Ikastetxearen Heziketa Proiektua), ICP (Ikastetxearen Curriculum Proiektua) eta AJA (Antolakuntza eta Jarduera Araudia), aniztasunari erantzuna, bizikidetza, eta abar), dokumentuetan (jakinarazpenak, matrikulazioak, aktak...) eta ikastetxeko komunikazio-sistemetan (puntu 1, gehienez).

III.– Klaustro guztiaren prestakuntza (0,75 puntu, gehienez).

IV.– Familien prestakuntza eta parte hartzea (0,75 puntu).

V.– Eragile soziokomunitarioen prestakuntza eta parte-hartzea (0,25 puntu, gehienez).

d) Zer neurritan egokitzen den proiektua «Hezkuntza-sisteman Hezkidetza eta Genero Indarkeriaren Prebentzioa Lantzeko Gida Plana» delakora, eta hezkuntza-komunitateak plana prestatzen izandako parte-hartzea (puntu 1, gehienez ere).

e) Ebaluazioa (puntu 1, gehienez ere).

3.– Lortutako puntuazioaren arabera egingo da esleipena.

13. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da:

a) Lehenengo ordainketa, diru-laguntzaren % 60, esleitutako diru-laguntza onartu bezain laster egingo da.

b) Gainerakoa –diru-laguntza osoaren % 40– «Hezkidetza - Diru-laguntzaren justifikazioa» agiria aurkeztu ondoren ordainduko da; 2015eko ekainaren 30a baino lehen aurkeztu behar da agiri hori, behar bezala beteta. Agiri hori, dagozkion faktura eta ordainagiriekin batera, bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2014/hezkidetza-3/y22-izapide/eu

2.– Administrazioak laguntzak eta diru-laguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean egon behar du entitate onuradunak. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren zure datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora zuzendu beharko zara bide elektronikoa erabiliz; bide hori Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Sailak ematen du, helbide honetan http://www.ogasun.ejgv.euskadi.net/r51-341/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html

3.– 2015, 2016 eta 2017ko ekainaren 30a baino lehen, «Hezkidetza - Jarduera-proiektu integralak - Justifikazioa» agiria aurkeztuko da bide elektronikoen bidez, behar bezala beteta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2014/hezkidetza-3/y22-izapide/eu.

4.– Esleitutako diru-laguntza adierazitako epeetan justifikatu ezean edo esleitutako diru-laguntza baino gutxiago justifikatuz gero, ebazpena aldatzeko prozesua hasiko da, dagokion kopuruaren heinean, eta, hala badagokio, galdu egingo da laguntza eskuratzeko eskubidea.

5.– «Hezkidetza – Diru-laguntza justifikatzea» eta «Hezkidetza – Jarduera-proiektu integralak – Justifikazioa» agiriak behar adinako aurrerapenez argitaratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2014/hezkidetza-3/y22-izapide/eu).

14. artikulua.– Ikastetxeen betebeharrak.

1.– Agindu honetan araututako laguntzen onuradun diren entitateek bete egin beharko dituzte 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak; eta, edonola ere, bete egin beharko dituzte honako hauek:

a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Ildo horretan, diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko agiria jasotzen denetik aurrera, 15 eguneko epea izango dute erakunde onuradunek diru-laguntzari uko egiten diotela berariaz eta idatziz adierazteko; osterantzean, diru-laguntza onartu egiten dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzaren aurrean justifikatzea betetzen direla eskakizunak eta baldintzak eta egin dela laguntza esleitzeko edo erabiltzeko arrazoi izan den jarduera.

d) Diru-laguntza eman dion administrazioari xede bererako lortu duen beste edozein laguntzaren berri ematea, hala agintzen baitu Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Testu Bategina, 1998ko urtarrilaren 19ko EHAA).

e) Diru-laguntza eman duen administrazioak egin beharreko egiaztapen-ekintzei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-ekintzei laguntza ematea, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan bertan adierazten denez.

2.– Jarduera-proiektu integral bat aurkeztea, hezkidetzari eta genero-indarkeriaren prebentzioari modu integralean heltzeko, 2014-2015, 2015-2016 eta 2016-2017 ikasturteetarako.

3.– Ikasturte bakoitzerako, lan-plan bat eta hari dagokion memoria egitea. Dokumentuok ikastetxearen urteko planaren eta urteko memoriaren zati izango dira, hurrenez hurren.

4.– Hezkidetzako eta genero-indarkeriaren prebentzioko ikastetxeko arduradunari aukera ematea mintegian eta sailak antolatuko dituen prestakuntza-jardueretan parte hartzeko.

5.– Hezkidetzako eta genero-indarkeriaren prebentzioko arduradunak lurralde-arteko mintegian parte hartzea. Hartan, deialdi honetan parte hartzen duten ikastetxeak elkartu eta koordinatuko dira, eta aholkuak emango zaizkie.

6.– OOGko berdintasun-ordezkariak sailak emango duen prestakuntzan parte hartzea.

7.– Irakasle, ikasle eta familientzako prestakuntza-saioak antolatzea.

8.– Lankidetzan aritzea ISEI-IVEI-rekin, informazioa biltzen eta proiektuaren jarraipena eta ebaluazioa egiten.

9.– Egindako esperientzia beste ikastetxe batzuekin partekatzea.

15. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Aurkeztutako dokumentazioan Hezkuntza Berriztapenerako Zuzendaritzak akatsik edo zehaztasun-gabeziarik ikusiz gero, hamar eguneko epean zuzentzeko edo behar diren arauzko agiriak ekartzeko eskatuko dio interesdunari, eta jakinaraziko dio horrela jokatu ezean eskaerari uko egin diola interpretatuko dela horretarako ebazpena eman ondoren, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak 42. artikuluan xedatutakoaren arabera.

16. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko organoa.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

17. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetan aldaketarik gertatu bada, betiere diru-laguntzaren helburua bete bada, eta, hala dagokion kasuan, beste erakunde publiko edo pribaturen batetik bestelako diru-laguntza edo laguntzak ere jaso badira, aldatu egin ahal izango da diru-laguntzak ematen dituen ebazpena. Horretarako, Likidazio Ebazpena emango du Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak, eta, hartan, emandako diru-laguntzen kopuruak doituko dira.

18 artikulua.– Baldintzak ez betetzea eta itzulketa-prozedura.

1.– Diru-laguntza emateko arrazoitzat hartutako baldintzak nola edo hala bete ez direla egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatzen denari jarraituz. Eta batik bat kasu hauetan:

a) Justifikatzeko betebeharra bete ez bada.

b) Diru-laguntza ez bada erabili eman zen helbururako.

c) Baldintzak bete gabe jaso bada laguntza.

d) Agindu honetan ezarritako betebehar bat edo batzuk bete ez badira.

e) Jardueraren kostua kontuan izanda, gehiegizko finantzaketa gertatu bada.

2.– Baldintzak betetzen ez direnean, itzultzeko erabili beharreko prozedura lehen aipatutako azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992-02-07ko EHAA) xedatzen denaren araberakoa izango da. Diru-laguntza edo laguntzaren kontzeptua dela-eta behar ez bezala jaso diren diru-kopuruak itzultzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen abuztuaren 31ko 212/1998ko Dekretuan ezarritako modalitateei jarraituko zaie, eta itzulketa Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiaren izenean egingo da, betiere kontuan hartuta maiatzaren 2ko 69/2007 Dekretuaren bidez sartutako aldaketak.

19. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok fitxategi batean sartuko dira («Hezkidetza – Jarduera-proiektu integralak» deritzonean, hain zuzen), diru-laguntzen deialdi hau eta beronekin zerikusirik duen beste edozein prozedura edo administrazio-espediente kudeatzeko, bai eta deialdira biltzen direnei deialdiaren bilakaeraren berri emateko ere. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten lagunek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honetan aurreikusi gabeko orotarako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak dioena aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean izango da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko urriaren 22a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

ERANSKINA
PROIEKTUA EGITEKO ORIENTABIDEAK

1.– Genero-indarkeriari aurrea hartuko dion hezkidetza-eskolaranzko bidea egiteko, hurrengo hiru ikasturteetarako ikastetxearen proposamena deskribatuko du proiektuak. Proiektu integral horrek lagungarria izan behar du ikastetxea gauzatzen ari den jarduketak eta gauzatu asmo dituenak antolatzeko.

2.– Justifikazioan honako hauek azalduko dira: zer arrazoi dituen ikastetxeak hezkidetzari eta genero-indarkeriari modu integralean heltzeko; zer bide egin duen esparru horretan; eta zer premia bete nahi diren. Premia horiek ikastetxeak daukan informazioan oinarrituta zehatz daitezke (bizikidetzaren behategia, aniztasunaren arretarako plana, tutore-jarduna, familien eskariak...), eta/edo diagnostiko espezifikoago batean oinarrituta. Hala ere, zenbait kasutan, landuko diren eremuei buruzko diagnostiko sakonagoa izan daiteke, hain zuzen, hurrengo ikasturterako edo ikasturteetarako planteatutako jardueretako bat. Azkenik, zehatz adieraziko da nola sustatu nahi den hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartzea, zer esparru lehenetsiko diren ikasturteetan zehar, nola txertatuko den genero-ikuspegia IHPan (Ikastetxearen Heziketa Proiektua), ICPan (Ikastetxearen Curriculum Proiektua) eta AJAn (Antolakuntza eta Jarduera Araudia), zer-nolako antolakuntza jotzen den beharrezkotzat..., proiektuak irauten duen hiru ikasturteetan aurrerapauso nabarmena egiteko ikastetxea mistoa izatetik genero-indarkeriari aurrea hartuko dion hezkidetza-eskola izatera aldatzeko bidean.

3.– Proiektuak definituko ditu hiru ikasturteen amaierarako lortu nahi diren helburu orokorrak.

4.– Helburu orokor bakoitzak helburu espezifikoak izango ditu, eta haietako bakoitzak kasuan kasuko jarduketak proposatuko ditu, hala nola zer ikasturte akademikotan landu nahi diren, nor izango diren arduradunak, denborak, eta jarraipen- nahiz lorpen-adierazleak.

5.– Ebaluazioari dagokionez, hiru ikasturteetan zer prozesu egingo den azalduko da, proiektuan aldaketak egin behar diren ala ez jakiteko. Horretarako, jarduketa bakoitzaren jarraipen- eta lorpen-adierazleak hartuko dira kontuan. Era berean, plana bera hiru urteak amaitutakoan nola ebaluatuko den zehaztuko da: adierazleak, tresnak, eragileak.


Azterketa dokumentala