Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

207. zk., 2014ko urriaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4622

AGINDUA, 2014ko urriaren 28koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Honen bidez, diru-laguntzen deialdia egiten da 2014an irakasleak etengabe prestatzeko eta pedagogia eta didaktika eguneratzeko jarduerak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeentzat.

Hezkuntza-lanaz eta eskola-testuinguruko ikaskuntzaz hausnartzeko eta horiek eguneratzeko eremuan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ekitatea eta bikaintasuna finkatzen ditu hezkuntza-sistemaren helburu modura. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagokio unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako irakasleen prestakuntza antolatzea eta zaintzea baldintza onetan eta beharrezko kalitatearekin betetzen direla irakasleek irakasle izateko lortu behar duten prestakuntza, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 102. artikuluan jasotzen den bezala.

Hezkuntza-komunitateko eragileen ekarpenez baliaturik hausnartzeko prozesu bat egin ostean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Prest Gara Plana onartu du 2014-2017 aldirako: unibertsitateaz kanpoko irakasleak etengabe prestatzeko plana. Hainbat deialdiren bidez, Sailaren lehentasunezko jarduketa-ildoak batzen ditu; honako hauek dira: 1) Eleaniztasunerantz; 2) Sare_Hezkuntza; 3) Aniztasunean elkarrekin bizitzen ikasi; 4) «Ikasten ikastea» eta «izaten ikastea» oinarrizko gaitasunak garatzea, eta 5) Bikaintasunerantz praktika onen bidetik.

Helburu horiek lortzeko, jarduketa-programa sistematikoa, koordinatua eta jasangarria garatu behar da egon dauden baliabideak optimizatzeko, eta unibertsitateaz kanpoko irakasleak etengabe prestatzen diharduten eragileen artean behar diren sinergiak sortzeko.

Hori dela eta, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak diru-laguntzen deialdi bat egiten du irakasleak etengabe prestatzen diharduten irabazi-asmorik gabeko erakundeen jarduerak diruz laguntzeko.

Horregatik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan –Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren eremuko diru-laguntzak erregulatzeari buruzkoan– xedatutakoaren arabera, eta aurrekontu-zuzkidura nahikoa dagonez Euskal Autonomia Erkidegoko 2014ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 4/2013 Legean onartutako kredituen arabera, eta aplikatu daitezkeen gainerako xedapenak kontuan izanik, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Deialdi honen xedea da: diru-laguntzak ematea Euskal Autonomia Erkidegoan dauden irabazi-asmorik gabeko erakundeei unibertsitateaz kanpoko irakasleak etengabe prestatzeko 2014ko ekitaldian egiten dituzten jarduerengatik, hurrengo artikuluetan adierazten diren baldintzetan:

Agindu honen xedetik kanpo geratzen dira Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak egindako beste deialdi batzuen babesean diruz lagundutako jarduera guztiak.

2.– Helburu hori lortzeko, 100.000 euro bideratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-sailen kontura.

3.– Zenbateko hori handitu ahal izango da, baldin eta agortu gabeko dirurik geratzen bada Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren eta deialdia ebatzi aurretik. Halakorik gertatuz gero, egoera horren berri emango da Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen bidez.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Itzulgarriak ez diren diru-laguntzen bidez gauzatuko dira ebazpen honetan azaltzen diren laguntzak, eta lehiaketa-prozeduraz emango dira.

2.– Aurkeztutako eskabideak ebaluatu ondoren, baloraziorik handiena lortzen dutenak baietsiko dira, harik eta horretarako jasotzen den aurrekontu-kreditua agortu arte, edo, indarrean dauden legeen arabera aurrekontuak aldatzea onartzen bada, haiek eguneratzean geratzen den kreditua agortu arte.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Deialdi honen xede diren diru-laguntzak eskatu ahal izango dituzte pertsona juridiko pribatuak eta irabazteko asmorik gabeak, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi direnak.

4. artikulua.– Baldintzak.

1.– Erakunde eskatzaileak ez du izan behar diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, eta ezta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrena).

2.– Erakunde eskatzaileak egunean izan beharko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko beste diru-laguntza batzuen esparruan, diru-laguntza horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei laguntzak hauek emateko, edo, hala badagokio, ordaindu ahal izateko.

5. artikulua.– Erakunde eskatzaileak betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Organo kudeatzaileak behar beste aldiz egiaztatuko du laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela; horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz.

2.– Eskarietan, laguntza eskatzen duten erakundeek aukera izango dute beren-beregi adierazteko baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu guztiak lortu edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak dagozkion egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-ahalmenak betetzea.

3.– Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (eskabide-orrian bertan azaltzen da), betebehar hauek egiaztatuko dira:

a) Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta betetzen direla laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

b) Adieraztea ea beste administrazio edo erakunde publiko zein pribaturi diru-laguntzarik, laguntzarik edo beste baliabiderik eskatu zaion helburu bererako, eta, hala badagokio, jaso direla adieraztea.

c) Eskatzaileak ez du izan behar diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, eta ezta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrena).

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo/eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzak direla-eta hasitako ezein itzultze- edo zigor-prozedura bukatuta izatea.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Honetarako egin beharko dira diruz lagunduko diren jarduerak:

a) Prestakuntza-ikastaro edo/eta ikastaro zientifiko eta teknikoak antolatu eta kudeatuz, irakasleak etengabe prestatzeko ekintzak egiteko. Ikastaro horiek zerikusia izan beharko dute hezkuntza-eremuarekin, gai didaktikoak eta pedagogikoak eguneratzearekin, eta Sailak bultzatzen dituen lehentasunezko jarduketa-ildoekin. Ildo hauek Saileko Web gunean kontsultatu daitekeen Prest_Gara planean adierazita daude. Ekintza presentzialetan gauzatu beharko dira epigrafe honetan jasotzen diren ekintza guztiak. Era berean, diru-laguntzari heltzeko, gutxienez 15 partaide izan beharko dira ekintzako.

Diruz laguntzeko aurrekontuaren % 75eraino lagunduko dira a) idatzi-zati honi heltzen dioten ekintza guztiak, eta gehienez ere 1.500 euroraino ekintzako. Gainera, kontuan izango da gehienez ere eman daitekeen diru-laguntzaren muga: 100 euro emandako ikastaro presentzialaren orduko (gastu guztiak barne).

b) Irakasleak etengabe prestatzen izandako esperientziak zabaltzeko eta trukatzeko ekintzak, esaterako, topaketak, kongresuak, jardunaldiak, aldizkako argitalpenak edo jardunbide onen eskuliburuak edo gidak, zeinak lotuta egon beharko baitute hezkuntza-eremuko ikerketarekin, gai didaktikoak eta pedagogikoak eguneratzearekin eta Sailaren lehentasunezko jarduketa-ildoak bultzatzearekin. Ildo hauek Saileko Web gunean kontsultatu daitekeen Prest_Gara planean adierazita daude.

Diruz laguntzeko aurrekontuaren % 75 arte diruz lagundu ahal izango dira, eta gehienez ere 6.000 euro ekintzako. b) idatzi-zati honetan, honako gastu hauek onartuko dira ekintzak justifikatzeko: diseinatzeko, maketatzeko eta banatzeko gastuak, publizitate- eta koordinazio-gastuak eta antzekoak, eta gehienez ere 1.000 euro. Koordinazio-gastuek ezingo dute aurrekontu horren % 10 gainditu, eta gehienez ere 500 euroko muga izango dute.

2.– Kanpoan geratuko dira Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak diruz lagundutako prestakuntza- edo zabaltze-ekintzak, edo hark bultzatutako deialdien babesean eginak; era beran, kanpoan geratuko dira jarduera profesionala betetzeko eskatzen den legezko titulua edo ziurtagiria ematea dakarten ekintzak edo beste titulazio batzuen parte direnak (ofizialak, ez ofizialak), baita gradu-, graduondo- eta master-tituluak eta antzekoak ere.

Halaber, kanpoan geratuko dira: erakunde antolatzailearen langileei berariaz zuzentzen zaizkien ekintzak, erakunde antolatzailearekin lotutako erakundeetako langileei zuzentzen zaizkienak edo kontratu- edo azpikontratu-harremanak edo antzekoak dituzten erakundeko langileei zuzentzen zaizkienak.

3.– Ez dira diruz lagunduko ekintza hauei egotzi dakizkiekeen gastuak:

● Aldizkarietan edo beste hedabide batzuetan artikuluak argitaratzeko gastuak, aurretik argitaratutakoak berriro editatzeko gastuak; horretarako, berdin izango da beste ekitaldi batzuetan diru-laguntzarik jaso duten ala ez.

● Izan badiren erreminta informatikoak egokitu edo moldatzeko gastuak.

● Ikastaro- edo sari-gastuak edo antzekoak.

4.– Egiten dituen jarduera guztiak egitearren, guztira, erakunde bati ematen zaizkion diru-laguntzak guztiek ezin izango dute deialdi honetako aurrekontuaren % 10 gainditu.

5.– Diruz lagunduko diren jarduerak, bestalde, 2014ko urtarrilaren 1 eta abenduaren 31 bitartean egin beharko dira.

7. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Eskabideak baliabide elektronikoz aurkeztu beharko dira 2014ko azaroaren 14ra arte, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunetik hasita.

2.– Egoitza elektroniko honetatik eskuratu ahal izango da eskabide-orriaren eredua, 5.3 artikuluan adierazitako erantzukizunpeko adierazpenak jasotzen dituena: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2014/prest_gara-asal/y22-izapide/eu

3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

Eskabidea egin ostean, hura onartzeko edo ukatzeko ebazpena eman arte egin beharreko izapide guztiak https://www.euskadi.net/misgestiones-en bidez egin beharko dira.

4.– Eskabide-orriari, bestalde, Elkarteen Erroldako edo dagokion errolda publikoko inskripzioaren ziurtagiriaren kopia erantsi beharko zaio, baita honako dokumentazio tekniko hau ere:

● 2014. urtean egindako jardueren edo egin nahi diren eta diru-laguntzen deialdi honen xede direnen jardueren deskribapen zehatz-mehatza, ekintzak bereizita. Haietako bakoitzaren inguruan, adierazi beharko da: zein den ekintza-mota (6.1 artikuluko a) edo b) idatzi-zatietan jasotzen diren ekintzak), zeintzuk diren helburuak, metodologia, ebaluatzeko sistema, eta zein adierazle definitzen diren, baita zein pertsona motari zuzentzen zaien, zenbat izango diren, zenbat dirauen ekintzak, eta noiz eta non egingo den.

● Ekintza guztien aurrekontu xehatua: gastuak jaso beharko ditu, eta, hala badagokio, matrikulak egiteak, sarrerak dokumentazioa edo material informatikoa saltzeak dakartzan sarrerak, baita jarduerarekin lotuta dagoen beste edozerk dakartzanak.

5.– Eskabideak akatsik edo zehaztasun faltarik duela antzemanez gero, edo dokumenturen bat falta dela antzemanez gero, eskatzaileari 10 eguneko epea emango zaio hura zuzentzeko.

8. artikulua.– Kudeatzeko organoa.

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak kudeatuko du agindu honetan aurreikusten diren diru-laguntzak emateko prozedura.

9. artikulua.– Hautaketa-batzordea.

Hautaketa-batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskabideak aztertu, eta ebaluatzeko. Honako hauek osatuko dute:

● Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako Irakasleen Hobekuntzarako arduraduna: batzordeburu jardungo du.

● Bi teknikari, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatuak; haietako batek idazkari jardungo du.

10. artikulua.– Esleitzeko irizpideak eta hautaketako prozedura.

1.– Hautaketa-batzordeak eskabide-orri guztiak ebaluatuko ditu, honako irizpide hauek aplikatuz:

a) Proposatutako jardueraren kalitatea: gehienezko balorazioa: 20 puntu. Ez da onartuko gutxienez 10 puntu lortzen ez dituzten proposamenik.

a.1.– Proposatutako ekintzen koherentzia, argitasuna eta zehaztasuna: jarduteko premiari buruzko atariko diagnostikoa; helburuak eta espero diren emaitzak; aurreikusitako ekintzak zehatz-mehatz; helburuko publikoa; zer esperientzia duen erakundeak eduki edo garrantzi bereko jardueretan; genero-ikuspegia sartzea. (0 puntutik 8ra).

a.2.– Aurkeztutako aurrekontuaren argitasuna eta egokitasuna: eskatutako diru-laguntza, guztira; ea aurrekontua egokia den proposatutako ekintzetarako, honelako aldagaiak jasota: zenbat pertsonari zuzentzen zaion ekintza, zenbat ale, zer espezializazio maila behar den ekintza aurrera ateratzeko... (0 puntutik 7ra).

a.3.– Sistema bat definitzea jardueraren kalitatea bermatzeko eta emaitzak baloratzeko, ebaluazio-adierazleak sartuz (0 puntutik 5era).

b) Garatu beharreko jardueraren potentzial estrategikoa eta egokitasuna: ea egokia den Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko unibertsiteaz kanpoko irakasleak etengabe prestatzeko Prest_Gara Planaren markoko helburuak ildo estrategikoak eta ekintzak erraztu eta bultzatzeko (0 puntutik 10era).

c) Jardueraren eragina: proposatutako ekintza zein lurralde-eremutan proiektatuko den eta zenbat pertsonari zuzenduko zaien, eta zer ahalmen duen hezkuntza-komunitateko taldeetako bakoitzean eragiteko; borondaterik dagoen ala ez proposatutako ekintzarekin jarraitzeko, eta zein den egituran esku hartzeko potentziala, egoera hutsezkoaz aparte; aukerarik egoeran ekintza egokitu edo transferitzeko. (0 puntutik 10era).

2.– Eskabideen balorazioa kontuan izanik, hautaketa-batzordeak ebazpen-proposamen bat prestatu, eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari igorriko dio. Proposamen horrek jasoko du zer ekintza hautatu diren, eta zer diru-laguntza proposatzen den ekintza bakoitzerako. Era berean, baztertutako eskabideen zerrenda jasoko da, eta baztertzeko arrazoiak aipatuko dira.

11. artikulua.– Prozedura ebaztea.

1.– Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta sei hilabetera ebatziko du deialdia Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak.

2.– Ebazpena modu elektronikoan jakinaraziko zaizkien interesa duten erakundeei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da denek jakin dezaten.

3.– Epe horretan ebazpenik eman ezean, eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ohartemandako ondorioetarako.

4.– Ebazpenak ez du agortuko administrazio-bidea, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio hezkuntza-sailburuordeari hilabeteko epean, ebazpena elektronikoki jakinarazi, eta hurrengo egunetik aurrera.

12. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

1.– Deialdi honen babesean ematen diren diru-laguntzak bateraezinak dira Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak egiten dituen beste deialdi batzuetatik lor daitezkeen diru-laguntza guztiekin. Hala ere, bat etorri daitezke beste diru-laguntza batzuekin, baldin eta, helburu bera izanik, beste erakunde publiko edo pribatu batek ematen baditu.

2.– Nolanahi ere, emandako laguntzek eta diru-laguntzek eta finantzatutako ekintzaren bidez lortutako diru-sarrerek, denek batera, ezin izango dute gainditu burututako ekintzak guztira sortzen duen gastuaren % 100.

13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Honako betebehar hauek izango dituzte agindu honen bidez deitzen diren diru-laguntzen erakunde onuradunek:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, onartzen dela ulertuko da, salbu erakunde onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten duenean ebazpena elektronikoki jaso eta hamar eguneko epean.

b) Beren eginkizunak betetzeko, Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz eskatzen duten informazioa ematea.

c) Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinaraztea laguntzarik, diru-laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso den helburu bererako beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatutatik.

d) Diru-laguntza emateko kontuan hartu duen egoerarik aldatuz gero, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinaraztea.

14. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

1.– Diru-laguntza ordaintzeko, diruz lagundu daitekeen ekintza gauzatu beharko da hura emateko ebazpenean ezartzen diren baldintza eta modu beretan, eta honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da 2015eko otsailaren 1a baino lehenago:

● Burututako jardueren azalpen-memoria. Aurreikusitako plana bete dela erakusteko eta ziurtatzeko behar diren xehetasun guztiak izan beharko ditu.

● Prestakuntza-ekintzak ikastaroak, kongresuak edo jardunaldiak direnean, txosten bat aurkeztu beharko da, partaideek betetzen duten ebaluazio-galdeketatik ateratzen diren ondorio guztiak jasotzen dituena. Galdera-sorta hori erantzuteko, kontuan izan beharko dira ekintza horretako eskabide-orrian adierazten diren helburu zehatz guztiak.

● Onartutako aurrekontuan jasotzen diren gastuen benetako ziurtagiriak, jatorrizko fakturak edo zuzenbidez balioa duen beste edozein dokumentu, baita matrikula egitetik, dokumentazioa saltzetik edo finantzatzeko gainerako iturrietatik datozen diru-sarrerenak ere, baldin eta proiektuan aurreikusten badira. Faktura horietan, finantza daitezkeen kontzeptuak azaldu beharko dira, bereizita eta bananduta. Fakturen edo dokumentuen gastu-datak ezin izango dira 2014ko abenduaren 31 baino berandukoagoak izan.

2.– Artikulu honetan adierazten den azalpen-dokumentazio hori modu elektronikoz aurkeztu beharko dan http://www.euskadi.net/misgestiones-en.

15. artikulua.– Diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea.

1.– Diru-laguntza emateko aintzat hartu diren baldintzarik aldatuz gero, aldatu ahal izango da diru-laguntza emateko ebazpena, baldin eta diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada; betiere deialdi honetan erakunde onuradun izateko ezartzen diren gutxieneko baldintzak betetzen badira, eta, hala badagokio, hala badagokio, administrazio honetatik edo beste edozein administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribatutatik jasotako laguntzak edo diru-laguntzak bateragarriak badira. Ondorio horietarako, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak aldaketak egiteko ebazpenak emango du emandako diru-laguntzaren zenbatekoak doitzeko. Erakunde onuradunak, bestalde, itzuli egin beharko du mugaz kanpo jasotako zenbatekoa.

2.– Finantzatutako jarduerari lotutako gastu eta diru-sarrera guztiak kontuan hartuta, jardueraren balantze ekonomikoa aurrekontuan jasotakoa baino txikiagoa bada, diru-laguntza proportzionalki doituko da benetan sortutako gastuari.

16. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak jarraipen- eta kontrol-sistemak ezarri ahal izango ditu, edo/eta behar beste datu eskatu ahal izango du onartutako jarduera bakoitzean aurreikusitako helburua eta emaitzak bermatzeko.

17. artikulua.– Ez betetzea.

1.– Diru-laguntzen onuradun diren erakundeak, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen diren zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta ondorengo kasu hauetan, berriz, eman eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere:

● Diru-laguntza ez erabiltzea eskatu eta eman zen helburu zehatzerako.

● Ez egitea diru-laguntza eragin zuen jarduera.

● Ez justifikatzea diru-laguntza erabili dela eman ziren helburu zehatzetarako.

● Oro har, ez betetzea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko VI. tituluan ezarritako obligazioak, agindu honetan ezarritakoak edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritakoak.

2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/91 Dekretuan ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira ondorio guztietarako.

18. artikulua.– Datuak babestea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak erabili eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, fitxategi batean sartuko dira diru-laguntzen deialdi hau kudeatu eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Fitxategi honen arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzaren aurrean balia daitezke. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honen parte hartzen duten lagunek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari, beste erakunde publiko batzuetan, aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren frogatzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Administrazio-prozedurako gaietan agindu honetan aurreikusten ez den guztirako, aplikatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko urriaren 28a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala