Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

207. zk., 2014ko urriaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
4623

EBAZPENA, 2014ko urriaren 8koa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusiarena, 2014an Bruselan egingo diren Polizien eta Suhiltzaileen Europako Jokoetan parte hartzen duten Ertzaintzako kirolarientzako laguntzak arautzen eta deitzen dituena.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak, Ertzaintzako kideak sasoian egon daitezen politika ezarri beharra dagoela iritzita, eta kirol-arloan izan duten ibilbidea dela-eta polizientzako kirol-lehiaketetan emaitza onak lortzeko aukera duten Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kidegoko kirolariei laguntzeko helburuz, erabaki du helburu horretarako 2014ko ekitaldian emango dituzten laguntzak arautzea eta deitzea.

Laguntza hauen helburua da aurten Bruselan (Belgika), uztailaren 12tik 20ra bitartean, izango diren Europako Suhiltzaileen eta Polizien Jokoetan parte-hartzea erraztea. Parte-hartzailearen beraren kontura izango da kirol-joko horietan parte hartzen ematen duen denbora.

Azaldutakoan oinarrituta, Ebazpen honen bidez laguntzak kalkulatzeko baremoak eta kudeatzeko irizpideak ezartzen ditugu honako agindu honen bidez.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren egiturari buruzko martxoaren 30eko 96/2010 Dekretuak (apirilaren 16ko EHAA, 70. zk.) ematen didan eskumenari jarraikiz,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Ebazpen honen xedea da, hain zuzen, aurtengo uztailaren 12tik 20ra bitartean Bruselan (Begika) egingo diren 2014ko Polizien eta Suhiltzaileen Europako Jokoetan parte hartzen duten Ertzaintzako kirolarientzako diru-laguntzak eskatzeko eta emateko arauak ezartzea.

2. artikulua.– Diru-zenbatekoa.

Ebazpen honen diru-hornidura hogei mila (20.000) eurokoa da. Eskatzaile bakoitzari jokoetan parte hartzeagatik izandako gastuaren % 60 emango zaio gehienez, betiere Ebazpen honetan ezarritako mugekin, eta inoiz ez bi mila eta bostehun (2.500) euro baino gehiago.

1.– Mantenua, bidaia, ostatua eta izena emateko kuota ordaintzeko gastuetarako emango dira Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak, betiere honako baldintza hauek betez gero:

a) Mantenu-gastuei dagokienez, benetan gastatutakoa eta justifikatukoa ordainduko zaie: gehienez ere 30 euro.

Dagokion diru-kopurua sortze aldera, mantenuko gastutzat joko dira bazkaltzeko eta afaltzekoak, banan-banan hartuta.

b) Bidaia-gastuei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegotik edota, hala dagokionean, penintsulatik Bruselara arteko txartela ordainduko zaie, joan-etorrikoa.

c) Ostatuko gastutzat joko dira, berriz, logela eta gosaria ordaintzekoak. Gehienez ere lau izarreko hoteletan hartu beharko dute ostatu.

Ostatu-gastuengatik jaso beharreko zenbatekoa benetan gastatutakoa eta justifikatutakoa izango da, aurreko paragrafoan ezarritako mugen baitan.

Hartutako ostatuan gosaririk eduki ezean, benetan gastatutako eta justifikatutako gosaria ordainduko zaie, eta gehienez ere 6 euro.

d) Jokoetan, aukeratutako modalitateetan, izen-emate gastuak joko dira inskribatzeko gastutzat.

2.– Ebazpen honetan arautzen diren laguntzen zenbatekoa (bera bakarrik edo beste diru-laguntza batzuekin batera hartuta) ez da, inola ere, onuradunak Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Jokoetan parte hartzeagatik izaten duen gastua baino handiagoa izango.

3. artikulua.– Laguntzen onuradunak.

1.– Ertzaintzako kirolariek eskatu dezakete diru-laguntza, baldintza hauek betez gero:

a) Ertzaintzaren karrerako funtzionarioa izatea, eskaera egiten den unean, edo administrazio-egoera hauetan egotea: zerbitzu aktiboan edo bigarren jardueran.

b) Federazioaren lizentzia izatea:

– Diruz laguntzeko eskatzen den modalitateari edo modalitateei dagokien lizentzia.

– Deialdi hau argitaratu baino 6 hilabete lehenagoko antzinatasuna izatea federazioan edo azken bosturtekoan hiru urtez federazioaren lizentzia indarrean eduki izana. Kasu bietan federazioaren lizentziak indarrean egon beharko du Ebazpen hau indarrean den bitartean.

2.– Ezingo dira pertsona onuradun izan laguntza edo diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalen bat jaso dutenak, ez eta horretarako gaitasuna eragozten dien legezko debekuren batean daudenak ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean jasotakoarekin bat.

4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen kirol-jarduerak.

Polizien jarduerarekin lotura handiena duten kirol-diziplinak lagunduko dira diruz Ebazpen honi jarriki, eta banan-banan zein zenbait batera hartuta. Hona zehazki zein diren:

– Borroka-arteak (karatea, judoa eta taekwondoa).

– Atletismoa.

– Biatloia eta triatloia.

– Pistola-tiroa.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak lortu nahi dituztenek honako hauetan aurkeztu beharko dute eskabidea, datu pertsonalak eta lanbide-identifikazioko zenbakia emanda: Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren Erregistro Nagusian (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz), Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia eta Larrialdietako Akademian edota azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4. artikuluak aipatzen duen edozein tokitan, betiere Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia eta Larrialdietako zuzendariari zuzenduta.

2.– Eskabideak aurkezteko epea hamabost lanegunekoa izango da, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Kirolari bakoitzak eskabide bakarra egingo du, zein modalitaterako (baterako zein bat baino gehiagotarako) eskatzen duen diru-laguntza azalduta, Ebazpen honetako 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4.– Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Federazioaren fitxaren (indarrean egon behar du) fotokopia, edo, bestela, azken bosturtekoan indarrean egondako hiru federazio-lizentzien fotokopia.

b) Kirol-merezimenduen akreditazioa, dagokion kirol-federazioak ontzat emanda, edo kirol-curriculuma.

c) Eskatzaileak, kirolari den aldetik, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarik sekula jaso ez duela eta merezimenduak akreditatu dituen diziplinako Kirolen Kontseilu Gorenaren goi-mailako kirolarien zerrendan ez dagoela eta egon ez dela zehazten duen zinpeko adierazpena.

d) Ogasun eta Finantza Sailaren «Hirugarrenen datuen alta» izeneko agiri normalizatuaren jatorrizko bertsioa, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia eta Larrialdietako Akademian jaso ahalko duena, behar bezala zigilatua eta dagokion bankuak eta eskatzaileak sinatuta entregatzeko, salbu eta aldez aurretik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak diru-laguntzaren edo kalte-ordainen bat eman badio.

e) Polizien eta Suhiltzaileen Europako Jokoetan parte hartzeagatik benetan izandako gastuen ordainagiria edo ordainagiriak, zehazkiago, janaria, mantenua, bidaiak, ostatua eta izena emateko kuotak direla-eta izandako gastuena.

f) Eskatzaileak 8. artikuluan ezarritako aurrekontuak egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen dituen agiri guztiak, baremazioa egite aldera.

6.– artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako okerrak zuzentzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia eta Larrialdietako Akademiak hautemango balu aurkeztutako eskabidea ez dela behar bezala formalizatu edo honako Ebazpen honetan eskatutako agiriren bat falta dela, interesdunari eskatuko zaio hamar laneguneko epean (10) akatsak zuzen ditzala edo nahitaezko agiriak aurkez ditzala. Halaber, ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta artxibatu egingo dela, dagokion ebazpena eman ondoren.

Orobat, beharrezkotzat jotzen den kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia eta Larrialdietako Akademiak eskatu ahalko die eskatzaileei formalizatutako eskabideak ebazte aldera egokitzat jotzen duen behar beste agiri osagarri aurkeztea. Hori eskatu ostean, eskatzaileak ez badu dokumentazioa ezartzen den epean aurkezten, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, eta artxibatu egingo da.

Eta hori Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

7. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak.

1.– Diru-laguntzen ebazpen-proposamena egiteko, Kalifikazio-epaimahaiak honako irizpide eta portzentaje hauek izango ditu kontuan:

Kirol-merezimenduen puntuen taula:

a) Bartzelonan 2003an, Adelaidan 2007an, Vancouverren 2009an, New Yorken 2011n eta Belfasten 2013an egindako Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Jokoetan, aipatutako kirol-diziplinaren batean lortutako postuak:

(Ikus .PDF)

Atal honetan, kirolari bakoitzari aipatutako hiri bakoitzean lortu zituen hiru dominengatik edo hiru parte-hartze desberdinengatik puntuatuko zaio gehienez.

Era berean, atal honetan, parte hartzeagatik bakarrik lortuko dira puntuak, inolako dominarik lortu ezean.

b) Aipatutako diziplina batean edo zenbaitetan lortutako postuak, 2008., 2010. eta 2012. urteetan egindako Polizien eta Suhiltzaileen Europako Jokoetan:

(Ikus .PDF)

Atal honetan, kirolari bakoitzari, Europako Jokoetan parte hartu duen urte bakoitzeko, gehienez hiru domina lortu izanagatik edo hiru parte-hartzerengatik emango zaizkio puntuak.

Era berean, atal honetan, parte hartzeagatik bakarrik lortuko dira puntuak, inolako dominarik lortu ezean.

c) Aukeratzen diren modalitateetan azken bost urteotan akreditutako kirol-markak, epaimahaiaren ustez, horrek Polizien eta Suhiltzaileen jokoetan domina lortzea ahalbidetzen badu. Baremo hau erabiliko da: urrezko domina, 60 puntu; zilarrezko domina, 40 puntu eta brontzezko domina, 20 puntu.

d) Azken bost urteotan estatu- edo herrialde-mailako tiroko edo defentsako lehiaketetan (judo, karate edo taekwondo) lortutako postuak, eta, epaimahaiaren arabera, Polizien eta Suhiltzaileen hurrengo Jokoetan dominen bat lortzeko aukera izatea, ondorengo baremoaren arabera: lehen postua 100 puntu, bigarren postua 80 puntu, hirugarren postua 60 puntu, laugarren postua 40 puntu eta bosgarren postua 20 puntu.

2.– Balorazio orokorrean 200 puntu baino gutxiago lortzen dituzten eskabideak ezingo dira diruz lagundu.

8. artikulua – Epaimahai Kalifikatzailea.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko Epaimahai Kalifikatzailea eratuko da. Hona kideak:

– Mahaiburua: Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Araubide Juridiko, Kudeaketa Ekonomiko eta Gai Orokorretako sailburua.

– Kideak: Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako bi teknikari.

– Idazkaria: EAEko Poliziaren eta Larrialdietako Zerbitzuen Ikastegiko Kontratazio eta Aurrekontuko atalburua.

2.– Epaimahai Kalifikatzaileak gehiengo soilez hartuko ditu erabakiak, Ebazpen honetako 7. artikuluan diru-laguntzak esleitzeko ezarritako irizpideei jarraikiz, eta dagokion ebazpen-proposamena emango dio Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusiari.

9. artikulua.– Hautatzeko prozedura.

1.– Eskatzaileen artean banatuko dira laguntzak, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusiaren Ebazpen bidez, Epaimahai Kalifikatzaileak hala eskatuta.

2.– Aurreikusitako diru-hornidura norgehiagoka-erregimenean esleituko da, 7. artikuluaren arabera gutxieneko puntuazioa lortzen duten eskabideen artean.

Hori horrela izanik, Ebazpen honen 2. artikuluan zehaztutako ehunekoak eta zenbatekoak kontuan hartuz emango dira diru-laguntzak; dena dela, hornidura ekonomikoa nahikoa ez balitz, proportzionalki banatzeko irizpidea erabiliko da, balorazio fasean lortutako puntuazioa parametro gisa erabilita.

10. artikulua. Ebazpena.

1.– Eskabideak aurkezteko epea agortutakoan, hiru hilabeteko epearen barruan emango du Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusiak deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen Ebazpena, Epaimahai kalifikatzaileak egindako proposamena ikusi ondoren, eta horren berri emango zaie esleipendunei.

2.– Ebazteko epea amaitutakoan interesdunei inolako jakinarazpenik egin ez bazaie, eskabidea ezetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman badituzte, eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko.

4.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-taulan, Ertzaintzaren web-orri korporatiboan (Gurenet) eta Ertzaintzaren unitateetako iragarki-tauletan argitaratuko da deialdi honen Ebazpena.

5.– Diru-laguntza Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren ebazpena argitaratu ondoren ordainduko da, nola eta eskatzaileak aurretik uko ez dion egiten.

11. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Ebazpen honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzetan onartzea diru-laguntza. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hasi eta hamabost eguneko epean, onuradunak berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egin ezean, diru-laguntza onartu duela ulertuko da.

b) Diru-laguntza xede jakin bat betetzeko ematen denez, diru-laguntza xede jakin horretara bideratzea, 12. artikuluan –baldintzak aldatzeari buruzkoan– finkatutakoa aplikatu ezean.

c) Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak eskatzen dion informazio guztia ematea.

d) Diru-laguntza eman dion erakundeari jakinaraztea Espainiako edo nazioarteko beste edozein administraziok edo erakunde publikok nahiz pribatuk helburu bererako bestelako diru-laguntzak edo laguntzak eman dizkiola.

e) Kontrol Ekonomiko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatzen dioten informazioa ematea.

e) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu egin baldin bada, horren berri ematea laguntza eman dion erakundeari.

g) Irudi korporatibo onari eustea, lehiaketa edo ordezkapen ofizial guztietan parte hartzen ari den bitartean.

12. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntzak ematen dituen ebazpena aldatu ahalko da, diru-laguntza esleitzeko kontuan hartutako baldintzetan edozein aldaketa eginez gero, baldin eta deialdiaren xedea betetzat jotzen bada eta, hala dagokionean, deialdi honetan esleitutako diru-laguntzez gain beste erakunde publiko zein pribatu baten diru-laguntzak edo laguntzak jaso badira. Ondorio horietarako, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendariak dagokion likidazio-ebazpena egingo du, emandako diru-laguntzen zenbatekoa egokitzeko.

13. artikulua.– Diru-laguntza emateko baldintzak ez betetzea.

Diru-laguntza eman ahal izateko ezarri diren baldintzetako bat ez dela bete egiaztatzen bada, 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera, Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrera itzuli beharko da jasotako zenbateko osoa gehi legez dagozkion interesak. Batez ere honelakoren bat gertatuz gero:

a) Gastuak justifikatzeko beharkizuna ez betetzea.

b) Laguntza ematerakoan arrazoi gisa hartu zen helburua ez betetzea.

c) Laguntza jasotzea horretarako eskatzen ziren baldintzak bete gabe.

d) Ebazpen honetako 11. artikuluan ezarritako obligazioren bat edo batzuk ez betetzea.

e) Laguntzen diru-kopuruak jardueraren kostua gainditzea.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Horrenbestez, haren aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dezakete Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren aurrean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Arkauti, 2014ko urriaren 8a.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,

MALENTXO ARRUABARRENA JULIÁN.


Azterketa dokumentala