Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

207. zk., 2014ko urriaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
4625

196/2014 DEKRETUA, urriaren 14koa, Euskal Autonomia Erkidegoak Pasaiako Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluan dituen ordezkariak kargutik kendu eta izendatzeko dena.

Irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuak Estatuko Portuei eta Merkataritzako Nabigazioari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen du. Atariko Tituluaren II. Kapituluan, interes orokorrekoen artean sailkatutako portuak arautzen dira. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Bilboko eta Pasaiako portuak sartzen dira interes orokorrekoen artean.

Estatuaren lurraldea antolatzeko modua eta lurralde horretako interes orokorreko portuek autonomia erkidegoetan duten eragin ekonomiko eta sozial handia kontuan hartuta, aipatutako legegintzako errege-dekretuak beharrezko neurriak ezartzen ditu erkidegoek portuetako agintaritzaren antolakuntzako egituretan parte-hartze handiagoa izan dezaten. Izan ere, agintaritza-egitura horiek portuak artezten dituzten herri-organoak dira.

Hain zuzen ere, Estatuko Portuei eta Merkataritzako Nabigazioari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren 30. artikuluko 1. eta 2. paragrafoek honela diote:

«1.– Administrazio Kontseiluak honako kide hauek ditu:

.......................................................................

b) Berezko kide bat; kide hori itsas kapitaina izango da.

c) Kide-kopuru bat, 10 eta 13 artekoa. Kanariar eta Balear uharteetarako, ordea, 16 artekoa izango da. Autonomia-erkidegoei edo Ceuta eta Melilla hiriei dagokie kopuru hori ezartzea, baita kideak izendatzea ere.

2.– Autonomia-erkidegoek edo Ceuta eta Melilla hiriek, c) idatzi-zatian aipatu diren kideak izendatzerakoan, honako irizpide hauek errespetatuko dituzte:

a) Estatuko Administrazio Orokorraren ordezkaritza kide horietako hiruk eta itsas kapitainak izango dute. Kideetako bat estatuaren abokatua izango da, eta bestea, Estatuko Portuak erakunde publikokoa.

b) Autonomia-erkidegoaren ordezkaritza kide horietako lauk eta lehendakariak izango dute.

c) Kanariar Uharteetan, kabildo bakoitzak ordezkari bat izango du, eta, Balear Uharteetan ere, kontseilu bakoitzak ordezkari bat izango du.

d) Portuaren zerbitzugunea kokatuta dagoen udalerriek Kontseiluko gainerako kideen 100eko 33ko ordezkaritza izango dute. Zerbitzugunea udalerri batean baino gehiagotan kokatuta egonez gero, ordezkaritza, lehenik, Portuko Agintaritzak administratutako portuari edo portuei izena ematen dion udalerriari edo udalerriei egokituko zaie; ondoren, gainerako udalerriei, zerbitzugunearen eraginpean duten azalerarekiko proportzioan.

e) Kontseiluko gainerako kideen ehuneko 66 honako hauen ordezkaritzari egokituta izendatuko da: merkataritza-, industria- eta nabigazio-ganberei, enpresa- eta sindikatu-erakundeei, eta portuen arloan garrantzi handia duten sektore ekonomikoei.

Kideen izendapena, nahitaez, Administrazio Kontseiluan ordezkaritza duten administrazio publikoek, erakundeek eta organismoek proposatuta egingo da. Estatuko Administrazio Orokorraren kasuan, proposamen hori Estatuko Portuak izeneko erakunde publikoaren lehendakariak egingo du.

Administrazio Kontseiluko kideen izendapenak, lehenengo ataleko c) idatzi-zatian aipatzen denak, lau urteko indarraldia izango du. Izendapena berritu ahal izango da, hurrengo lerrokadan ezarritakoari kalterik egin gabe.

Kontseiluko kideak kargutik kentzeko erabakia autonomia-erkidegoko organo eskudunak hartuko du, kide horiek ordezkatzen dituzten antolakundeek, organismoek eta erakundeek hala proposatuta».

Ondorioz, Eusko Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean eta Estatuko Portuei eta Merkataritzako Nabigazioari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituz, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko urriaren 14an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Ondoren zehazten den pertsona, berakk eskatuta eta egindako lanagatik eskerrak emanda, Pasaiako Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluko kide kargutik kentzea, aipatzen den zuzenbide publikoko entitate juridikoak eskatuta:

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak eskatuta:

– Martín Arregi San Miguel jauna.

2. artikulua.– Ondoren zehazten den persona Pasaiako Portu Agintaritzaren Administrazio Kontseiluko kide izendatzea, aipatzen den zuzenbide publikoko entitate juridikoak eskatuta eta haren ordezkari izateko:

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak eskatuta:

– Miren Izaskun Iriarte Irureta andrea.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau kargugabetzea eta izendapen berria Pasaiako Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluko lehendakariari jakinarazten zaizkion egunetik aurrera sartuko da indarrean, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko urriaren 14an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.


Azterketa dokumentala