Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2014ko azaroaren 3a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4671

EBAZPENA, 2014ko urriaren 16koa, Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordearena eta Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordearena. Honen bidez agindua ematen da argitaratzeko UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2014ko urtarrilaren 30eko Erabakia, zeinaren bidez aldatzen den tituluaren gehigarri europarra (TGE) UPV/EHUn emateko prozedura.

Akademia Antolakuntzako errektoreordearen 2011ko abenduaren 21eko Ebazpenaren bidez (2012ko urtarrilaren 24ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria), UPV/EHUn tituluaren gehigarri europarra (TGE) emateko prozedura ezarri zen.

Ondoren, 2012ko azaroaren 12an, 2012ko urriaren 16ko Ebazpenaren bidez, UPV/EHUko ikasleen kanpoko praktika akademikoen araudia argitaratu zen EHAAn, Gobernu Kontseiluak 2012ko irailaren 27ko bileran onartua. Arautegi horrek 16.2 artikuluan dio tituluaren gehigarri europarrean jasoko direla UPV/EHUko ikasleek egindako kanpoko praktikak, gehigarri europarraren arautegian zehazten den eran, eta Unibertsitateko Ikasleen Estatutuaren 24. artikuluari jarraikiz (1791/2010 Errege Dekretua, abenduaren 30ekoa).

Tituluaren gehigarri europarra (TGE) UPV/EHUn emateko prozeduran ez da xedatzen kanpoko praktika akademikoak TGEn jaso behar direnik eta, horregatik, aldatu egin behar da prozedura hori, eta beste xedapen batzuk sartu, hain zuzen ere zehazteko TGEn agertu behar diren datuak, bai eta kanpoko praktika akademikoek bete behar dituzten baldintzak ere dokumentu horretan agertzeko.

Era berean, Ikasleen Estatutuko 32. artikuluak dioena (1791/2010 Errege Dekretua) jaso behar da prozeduran, hau da, kultura eta kirol ekintzen, elkartasuneko eta lankidetzako jardueren eta ikasleen ordezkaritza-lanen aitorpen akademikoari eta transferentziari buruzkoa.

Graduko Batzordeak eta Graduondoko Batzordeak aldaketa horien aldeko iritzia eman zuten, eta UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2014ko urtarrilaren 30ean onartu zituen aldaketok.

Hori dela eta, Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordeak eta Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordeak, UPV/EHUko errektorearen 2013ko urtarrilaren 30eko Ebazpenak ematen dizkien eskumenak erabiliz (gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazten ditu eta eskumenak eskuordetzen ditu ebazpen horrek), eta Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 10.2 artikulua betez (2004ko martxoaren 12ko EHAA), honako hau

EBAZTEN DUTE:

Artikulu bakarra.– Agindua ematea argitara dadin UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2014ko urtarrilaren 30eko Erabakia, zeinaren bidez aldatzen den tituluaren gehigarri europarra (TGE) UPV/EHUn emateko prozedura, Gobernu Kontseiluak 2011ko azaroaren 17an onartua eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2012ko urtarrilaren 24an argitaratua. Hauek dira aldaketak:

Lehenengoa.– Zortzigarren artikulu bat gehitzea, honako hau esango duena:

«8. artikulua.– Kanpoko praktika akademikoak TGEn jasotzea.

UPV/EHUko ikasleek egindako kanpoko praktika akademikoak TGEn jasoko dira, hurrengo artikuluan adierazten den moduan, baldin eta tutorearen aldeko txostena badute, kudeatu badira GAURen praktikak kudeatzeko dauden tresna informatikoen bidez, eta kasuan kasuko ikasketen ardura daukaten ikastegiek zein Master eta Doktoregoko Eskolak datuak sartu badituzte aplikazio horietan».

Bigarrena.– Bederatzigarren artikulu bat gehitzea, honako hau esango duena:

«9. artikulua.– TGEn sartu beharreko informazioa.

Ikasleen TGEn ondoren aipatzen den informazioa emango da, tutorearen aldeko ebaluazioa duen kanpoko praktika akademiko bakoitzerako:

a) Praktikaren izena (eskaintzan agertzen den izena izan behar da).

b) Praktika egin den enpresa edo erakunde lankidea.

c) Ordu kopurua.

d) Praktika egin den ikasturtea.

e) Praktikaren hizkuntza.

f) Izaera (curriculumekoa/curriculumetik kanpokoa).

g) Praktika egin den herrialdea».

Hirugarrena.– Hamargarren artikulu bat gehitzea, honako hau esango duena:

«10. artikulua.– Unibertsitatean egindako kultura eta kirol ekintzak, elkartasuneko eta lankidetzako jarduerak eta ikasleen ordezkaritza lanak».

Ikasleen TGEn jasoko da unibertsitatean egindako kultura eta kirol ekintzei, elkartasuneko eta lankidetzako jarduerei eta ikasleen ordezkaritza lanei dagokien aitorpen akademikoa, ikasketak gestionatzeko arautegietan xedatutako moduan.

Laugarrena.– Azken xedapenaren izena aldatzea, eta «Azken xedapenetatik lehenengoa» deitzea.

Bosgarrena.– Azken xedapenetatik bigarrena gehitzea, honako hau esango duena:

«Azken xedapenetatik bigarrena.– 8, 9 eta 10. artikuluak aplikatuko zaizkie UPV/EHUko ikasleek 2010/2011 ikasturtetik aurrera egindako praktikei eta izandako aitorpen akademikoei, ikasturte horretakoak ere barne».

Leioa, 2014ko urriaren 16a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA

Eskuordetzaz (2013ko urtarrilaren 30eko Ebazpena, 2013-02-13ko EHAA)

Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordea,

AMAIA ZARRAGA CASTRO.

Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordea,

NEKANE BALLUERKA LASA.


Azterketa dokumentala