Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

222. zk., 2014ko azaroaren 20a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4985

ERABAKIA, 2014ko azaroaren 6koa, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluarena, irakasle kontratatu iraunkorren plazetako epaimahaien osaera aldatzeko dena.

Konstituzio Auzitegiak maiatzaren 29an emandako 87/2014 epaiak agindutakoaren arabera, epaimahaietako kide guztiak zozketa bidez izendatu behar dira, Euskal Unibertsitate Sistemaren 29. artikuluak ezarritakoarekin bat. Printzipioz, horietako bat bakarrik izan daiteke UPV/EHUko plantillako kide. Euskal Unibertsitate Sistemaren Legeak berak baldintza hau malgutzeko aukera ematen du plaza elebidunen kasuan. 40/2008 Dekretuak ez du malgutasun hori beren beregi jasotzen, baina, edonola ere, Euskal Unibertsitate Sistemaren Legean jasotakoa nagusitzen da.

Proposatzen dena da zozketa kasu guztietan eta kide guztiak aukeratzerakoan beharrezkoa izatea, baina, aldi berean, plaza elebidunetan UPV/EHUko kide bakarraren baldintza malgutzea eta kideok bi izatea, zaila baita UPV/EHUtik kanpo baldintza guztiak (horien artean, euskara jakitea) betetzen dituzten epaimahaikideak aurkitzea.

Aipatutako guztiagatik, eta ikusita Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordearen proposamena, Gobernu Kontseiluak honako hau

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Aldatzea irakasle kontratatu iraunkorrak hautatu eta kontratatzeko prozedurari buruzko arautegiaren 10.1 artikulua (Gobernu Kontseiluak 2008ko maiatzaren 8ko bileran onartu eta Irakasleen Errektoreordearen 2008ko ekainaren 23ko ebazpen bidez 2008-07-15eko EHAAn argitaratutako arautegia), ondoren jasotako moduan geratuko dena:

II. TITULUA
EPAIMAHAIAK

10.1 artikulua.– Epaimahaia bost kidek osatuko dute. Horiek guztiak zozketa bidez aukeratuko dira, saileko kontseiluak proposatutako 15 kideen artetik. Saileko kontseiluak egindako proposamena aldatu ahal izango du irakasleen arloan eskumena duen errektoreordeak, aldaketa behar bezala arrazoituta eta sailarekin negoziatuta. Epaimahaiko bat bakarrik izango da UPV/EHUko plantillakoa. Bost titular eta beste hainbat ordezko izendatuko dira. Epaimahaiburua eta idazkaria epaimahaiko kideek aukeratuko dituzte beren artetik.

Euskara nahitaezkoa den plazetan epaimahaikideetako bi, gutxienez, elebidunak izango dira. Horrelakoetan, epaimahaiko bi izan ahalko dira UPV/EHUko plantillakoak. Gainerako epaimahaikideek proba autonomia erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan jarraitu ahal izango dutela bermatuko da.

Euskara nahitaezkoa ez den plazetan, izangaiak proba euskaraz egin nahi duela adierazi badu, bermatu egingo da epaimahaiak autonomia erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan jarraitu ahal izango duela proba, eta horretarako behar diren baliabideak jarriko dira.

Epaimahaikide izateko nahitaezkoa izango da unibertsitateko katedradun edo irakasle oso izatea edo pareko kidegoetakoa Europako Unibertsitate Eremuko unibertsitate publikoren batean. Irakasle agregatuen plazetako epaimahaietarako, kideetako hiru eta beren ordezkoak unibertsitateko titularrak edo pareko kidegoetakoak izan daitezke.

Proposatutako kideen artean zozketa egingo da eta zozketaren emaitzekin hurrenkera ezartzeko zerrenda bat egingo da. Horrela, bada, epaimahaikide titularrak hurrenkera horren arabera aukeratuko dira, baina epaimahaia behar bezala eratzea eragozten duten pertsonak alde batera utzita. Alde batera uzteko arrazoiak izango dira, hala nola, dagoeneko UPV/EHUko kide bat edo, hala dagokionean, bi egotea, emakumeen eta gizonen kopuruan orekarik ez egotea (ahaleginak egingo dira bi sexuek, gutxienez, % 40ko ordezkaritza izan dezaten), edo irakasle agregatuen plazetako epaimahaietan egon daitezkeen unibertsitateko titularren gehienezko kopurua gainditzea. Titularren ordezkoak izendatzeko ere prozedura bera erabiliko da. Hurrenkeraren arabera aukeratuko dira, baina batzordea egoki eratzeko behar diren ezaugarriak izan behar dituztela kontuan hartuta (UPV/EHUko kideak izatea, gizonak izatea, emakumeak, irakasle titularrak...).

Sailak proposatutako epaimahaikideen artean, gehienez hiru izan ahalko dira UPV/EHUkoak, edo sei (guztiak elebidunak), euskara nahitaezkoa den plazetan. Horrez gain, proposamenean emakumeen eta gizonen arteko oreka errespetatu beharko da.

Euskararen ezagutza nahitaezkoa den plazetan aurretik adierazitakoa salbuetsita, sei pertsona elebidun proposatzea ezinezkoa balitz daudenak proposatuko dira eta falta dena ez elebidunekin ordezkatuko da. Elebidunak hiru baino gutxiago balira soilik batzordeko bat izango da UPV/EHUko plantillakoa.

Zozketa zein toki eta egunetan egingo den saileko iragarki oholean argitaratu beharko da gutxienez hiru egun lehenago.

Bigarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Leioa, 2014ko azaroaren 6a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Idazkari nagusia,

JOSE LUIS MARTÍN GONZÁLEZ.


Azterketa dokumentala