Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

222. zk., 2014ko azaroaren 20a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
4992

EBAZPENA, 2014ko urriaren 30ekoa, Kontsumobideko zuzendariarena. kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak eta interesak sustatzeko eta babesteko 2015erako dirulaguntzetarako deialdia egiten du, toki-erakundeetarako eta toki-erakundeek sustatutako erakundeetarako.

Dirulaguntza horietarako programa Osasuneko eta Kontsumoko sailburuaren 2010eko otsailaren 17ko Aginduan dago garatuta (37 zk.dun EHAA, otsailaren 24koa).

Aipatutako aginduaren 5. artikuluan ezarritakoaren arabera, egoki da iragartzen dituen dirulaguntzetarako 2015eko deialdia egitea, eta, horretarako, eman beharreko arau guztiak ematea. Kontsumobide sortzeko ekainaren 29ko 9/2007 Legean daude zehazturik Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren beraren funtzioak eta hango zuzendaritzaren funtzioak (4. artikuluan eta 9.ean, hurrenez hurren). Eta, zer jartzen duen ikusita, Kontsumobideko zuzendariaren ardura da deialdi honetarako ebazpena ematea.

Kontsumobideren egitura eta antolaketa, berriz, uztailaren 12ko 159/2011 Dekretuan dago araututa, eta hango xedapen gehigarrian jartzen duenez, 2011ko irailaren 1ean hasiko da lanean erakunde hori. Eta EAEONALko 51.2 artikuluaren arabera, Jaurlaritza, sailburuak eta erakunde autonomoetako lehendakariak edo zuzendariak dira eskumendunak, bakoitza bere esparruan, arauak onartzeko eta laguntzak edo dirulaguntzak emateko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan bildutako ondorioetarako, ebazpen honetako laguntzak emateko, Euskal Autonomia Erkidegoko 2015eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahikoa izan behar da.

Horregatik guztiagatik, aipatutako aginduko 5. artikuluan jasota datorren ahalmena baliatuz, honako hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak eta interesak defendatzeko dirulaguntzen 2015eko deialdia egitea da ebazpen honen xedea. Dirulaguntza horien programa Osasun eta Kontsumoko 2010eko otsailaren 17ko aginduan garatu zen, eta toki-erakundeetarako eta toki-erakundeek sustatutako erakundeetarako da.

2.– Horretarako, guztira, 958.570 euro erabiliko ditugu, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretatik aterata, horretarako jarria dagoen aurrekontu-kreditutik. Kopuru hori honela banatuko da:

a) 859.171 euroko aurrekontu-kreditua, bi gauza hauetarako: kontsumitzaileei eta erabiltzaileei informazioa eta prestakuntza emateko jarduerak egiteko eta halakoetan sortzen diren funtzionamendu-gastuetarako; eta kontsumitzaileen informaziorako udal-bulegoetarako zentro eta zerbitzuen argitalpenak editatzeko eta zabaltzeko. Aurrekontu-kreditu hori bitan banatuko da:

2015. urtean: 644.378 euro

2016. urtean: 214.793 euro

b) 80.000 euro, kontsumoko ikuskaritza-lanek eragiten dituzten gastuak ordaintzeko. Aurrekontu-kreditu hori bitan banatuko da:

2015. urtean: 60.000 euro

2016. urtean: 20.000 euro

c) 19.399 euro, kontsumitzaileen informaziorako udal-bulegoetarako zentro eta zerbitzuak lekuz aldatzeko edo hango instalazioak, erreformak, zabaltze-lanak edo ekipamenduak ordaintzeko. Aurrekontu-kreditu hori bitan banatuko da:

2015. urtean: 14.549 euro

2016. urtean: 4.850 euro

3.– Erakunde onuradunek 2015ean egiten dituzten gastuak ordaintzeko dira laguntza horiek.

4.– Laguntzetan guztira zenbat diru eskatzen den ikusita, kopuru horiek baino diru gehiago ere jar daiteke, hori bai, Kontsumobideren beste laguntza-programa batzuen exekuziotik agortu gabe geratu diren aurrekontuen arabera, eta betiere programa horiek ebatzi baino lehenago. Halakorik gertatzen bada, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da jakitera, Kontsumobideko zuzendariaren ebazpen bidez.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan bildutako ondorioetarako, ebazpen honetako dirulaguntzak emateko, Euskal Autonomia Erkidegoko 2015eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahikoa izan behar da.

2. artikulua.– Baldintzak.

2010eko otsailaren 17ko Aginduan aurreikusita dauden laguntzak eskatzeko (otsailaren 24ko EHAA), erakundeek baldintza batzuk bete behar dituzte, agindu horretako bertako 3. artikuluan jartzen duen bezala.

3. artikulua.– Eskabideak eta epea.

1.– Eskabide-eredu bat Kontsumobiden eta www.euskadi.net helbidean banatuko dugu.

2.– Eskabideak eta gainerako agiri osagarriak Kontsumobiden aurkeztu behar dira, Kontsumobidera zuzenduta; edo, beste aukera bat: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan jartzen duen lekuetan.

3.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da eskaerak aurkezteko epea eta 2015eko otsailaren 15ean bukatuko da.

AZKEN XEDAPENetatiK lehenengoa

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENetatiK BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko urriaren 30a.

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendaria,

MARÍA ELENA BEGOÑA UNZUETA TORRE.


Azterketa dokumentala