Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

224. zk., 2014ko azaroaren 24a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
5017

Itsas arrantzari buruzko martxoaren 13ko 6/1998 Legeko 10. artikuluan xedatutakoarekin bat, itsas jarduna antolatu eta arautzeko finkatzen diren neurriek, jasangarritasuna oinarri dutela, itsas baliabideak babestera eta kontserbatzera joko dute, eta itsasaldeko komunitateak garatzera. Halaber, lege horretako 6. artikuluaren arabera, itsas baliabideen ustiapena egokia eta arrazoizkoa izateko, baliabideok legez baimendutako bitartekoak eta aparailuak erabiliz ustiatu behar dira, eta oreka jasangarria bermatu behar da jardueraren errentagarritasun ekonomikoaren eta itsasoko baliabide eta ekosistemen babes eta kontserbazioaren artean.

Premisa horietatik abiatuz, eta kontuan izanik lanpernak (Pollicipes pollicipes) Euskal Autonomia Erkidegoko kostan bizi duen egoera zaila dela, Eusko Jaurlaritzaren Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak aintzat hartu zuen baliabide hori ustiatzeko kudeaketa-planak erabiliz ezarriko zen sistema baten komenigarritasuna.

Ekimen horri erantzuteko, Azti-Tecnalia Fundazioak Euskal Autonomia Erkidegoko kostaldean lanperna (Pollicipes pollicipes) ustiatzeko planak aplikatzeko bideragarritasun-azterlana egiteko proiektu pilotua aurkeztu zuen. Proiektu hori aplikatzeko, lanperna ustiatzeko kudeaketa-plan bat onartu zen, Donostiako Igeldoko itsasargiaren eta Orioko udalerriko Anarri lurmuturraren artean dagoen itsas partean. Eremu horretako kudeaketa-plana betearazpen-fasean dago oraindik.

Aipatu kudeaketa-planaren betearazpen-lanak jarraitzen duten bitartean, sektoreak eskatuta eta Azti-Tecnalia Fundazioari kontsulta egin ondoren, pentsatu da eremu berri baterako beste kudeaketa-plan bat egitea interesgarria izan daitekeela, oraingo honetan Bizkaiko Lurralde Historikoan. Lurralde horretan lanpernak ustiatzeak Gipuzkoan egitearen aldean beste ezaugarri batzuk ditu; izan ere, oinezko itsaskilarien erroldan izena emanda dauden pertsonek biltzen dute baliabide hori.

Agindu honen helburua da lanpernak (Pollicipes pollicipes) ustiatzeko esperimentu izaera izango duen behin behineko plan bat onartzea, Billano lurmuturraren (43º 26´02.99´´N eta 2º56´40.62´´O) eta Birjilandape (Bakioko udalerria, 43º25´55.52´´N eta 2º48´41.19´´O) artean.

Plan hori aplikatzeak itsaskitan ibiltzearen debekua dakar dibertitzeko arrantza egiten dutenentzat, bai eta itsaskilarien erroldan inskribatuta ez dauden arrantzale profesionalentzat ere.

102/1997 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoaren bidez, itsaski-espezieen debekualdiak eta gutxieneko neurriak biltzen dituen taula orokorra finkatzen da, eta, gainera, eskumena ematen zaio arrantzako eskumena duen sailburuari debekualdien eta neurrien taula orokorra aldatzeko, kirol-arrantzaleei debekatutako espezieen kopurua handitzeko edo txikitzeko, eta bilketarako denbora, modua eta tokia finkatzeko, betiere kasuan kasuko txosten eta irizpen teknikoen ondotik. Ahalmena ematen zaio, halaber, beharrezko xedapen eta arauak onartzeko.

Gorago azaldutakoa kontuan izaki, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Billano lurmuturrean (43º 26´02.99´´N eta 2º56´40.62´´O) eta Birjilandape (Bakioko udalerria, 43º25´55.52´´N eta 2º48´41.19´´O) artean kokatzen den eremuan lanperna (Pollicipes pollicipes) ustiatzeko kudeaketa-plana onartzea, saiakuntza-esperientzia gisa eta behin-behinekoz. Agindu honen I. eranskinean jasota dago kudeaketa-plan horren arauketa.

Bigarrena.– Billano lurmuturraren (43º 26´02.99´´N eta 2º56´40.62´´O) eta Birjilandape (Bakioko udalerria, 43º25´55.52´´N eta 2º48´41.19´´O) artean lanpernak (Pollicipes pollicipes) biltzea debekatzea dibertitzeko arrantza egiten dutenei zein itsaskilarien erroldan inskribatuta ez dauden arrantzale profesionalei.

Hirugarrena.– Kudeaketa-plan honetan mugatutako zatian, plan horretan ezarritako aurreikuspenen edo plana garatzen duten ebazpenen arabera baimena duten pertsonek soilik bildu ahalko dituzte lanpernak (Pollicipes pollicipes).

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ahalmena ematen zaio Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari agindu honetan xedatutakoa gauzatzeko behar diren neurriak har ditzan.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin egunaren biharamunean hasita izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean; halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko auzietako salan, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko azaroaren 12a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

ERANSKINA
BILLANO LURMUTURRAREN ETA BIRJILANDAPE (BAKIOKO UDALERRIA) ARTEAN KOKATZEN DEN ITSASERTZEAN LANPERNAK USTIATZEKO KUDEAKETA-PLAN ESPERIMENTALA.

1.– Ustiatu daitekeen espeziea.

Lanperna (Pollicipes pollicipes) da ustiatu daitekeen espeziea.

2.– Ustiapen-eremuak.

Billano lurmuturraren (43º 26´02.99´´N eta 2º56´40.62´´O) eta Birjilandape (Bakioko udalerria, 43º25´55.52´´N eta 2º48´41.19´´O) arteko itsasertzaren zatia da ustiapen-eremua.

3.– Hitzarmenaren indarraldia

Kudeaketa-plan hau 2016ko apirilaren 30era arte egongo da indarrean.

4.– Jardueraren baldintzak. Baimenak.

Planaren ustiapen-eremuan, lanpernak biltzeko baimena eskatu ahalko dute itsaski-bilketa oinez –lanpernak, kasu honetan– egiten dutenen erroldan izena emanda dauden pertsonek.

Salbuespenez, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak lanpernak biltzeko baimena eman ahalko die arrantzale profesionalei, baldin eta, Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzean lanpernak (Pollicipes pollicipes) ustiatzeko planak aplikatzearen bideragarritasunaren azterketa egiteko proiektu pilotuan lortu nahi diren helburuak baimen hori ematea gomendagarri egin dezaketen baldintzak ematen badira.

5.– Gehieneko ustiapen-kuota.

Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak, bildutakoaren eta baliabidearen jarraipena egiteko kanpainan lortzen diren emaitzen arabera, urteko gehieneko ustiapen-kuota baimendua eta beste kudeaketa-neurri batzuk ezarri ahalko ditu.

Urteko gehieneko ustiapen-kuotara heldutakoan, ustiapen-eremua itxi egingo da lanperna-bilketarako, eta debekatuta geratuko da espezie hori biltzea.

6.– Debekualdia eta biltzeko aldia.

Debekualdia: behin betirako debekualdia ezartzen da hautatutako ustiapen-eremuan: maiatzaren 1etik irailaren 30era arte.

Biltzeko aldian, debekualdia hasiko da baita ere, urteko gehieneko kuotara iritsiz gero.

Biltzeko aldia: biltzeko aldia urriaren 1etik apirilaren 30ra arte izango da. Gehieneko bilketa-kuotara iritsitakoan hasiko da debekualdia, eta debekatuta geratuko da ustiapen-eremuan lanpernak biltzea.

7.– Gutxieneko neurria.

Lanpernak (Pollicipes pollicipes) bildu ahal izateko, 40 mm izan behar ditu, gutxienez, ale bakoitzak. Horretarako, kontuan hartuko da lanpernak, tenkatu gabe dela, zer luzera duen guztira (L) kapituluaren ertzetik pedunkuluaren oinarrira.

Biltzerakoan, lanpernak «multzoan» ateratzen badira, gutxieneko neurri horretara heldu beharko dute, gutxienez, multzo bakoitzaren pisuaren % 60 osatzen duten aleek.

8.– Bilketarako metodoak eta baldintzak.

Debekatuta dago lanpernak biltzea larunbateko 00:00etatik igandeko 24:00etara bitartean, baita jaiegunetan biltzea ere. Debeku hori salbuetsiko da astean zehar itsaski-bilketa ezin izan bada burutu arrazoi objektiboak direla-eta: baldintza meteorologikoak, itsasoaren egoera txarra, etab.

Debekatuta dago urpean igeri egiteko ekipamenduak edo sistema autonomoak edukitzea edo erabiltzea.

9.– Salmenta-oharra.

Arrantza-politika komunaren kontrolari eta gainerako garapen-arauei buruzko Batzordearen azaroaren 20ko 1224/2009 EE Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz, «salmenta-oharra» agiria formalizatu beharko da eta erakunde ofizialei jakinarazi, ohiko bitartekoak erabiliz.

10.– Bildutakoaren jarraipena.

Arrantza-egunkari bat bete beharko da, eta lanpernak biltzeko baimena duten pertsonei entregatu. Kanpaina amaitzean, bilketen egunkari hori Azti-Tecnalia fundaziora bidaliko da.

Egunkarian, jasota utziko da, gainera, Billano lurmuturraren (43º 26´02.99´´N eta 2º56´40.62´´O) eta Birjilandape (Bakioko udalerria 43º25´55.52´´N eta 2º48´41.19´´O) arteko itsasertzean zer tokitan bildu diren, egunean egunean, lanpernak.

11.– Baliabidearen jarraipena.

Bilketa-sasoia amaitu ondoren, baliabidearen egoeraren jarraipena egingo da, Azti-Tecnalia Fundazioak ezartzen duen metodologiari jarraituz.

Baliabidearen eta bildutakoaren jarraipena eginda zer emaitza lortzen den ikusi, eta adierazleek horretarako aukera badela erakusten badute, kudeaketa-plan bat egingo da, berariaz, hurrengo bilketa-kanpainarako.

12.– Arau-hausteak.

Kudeaketa-plan honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, edo Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak baimenetan edo kudeaketa-plana garatzeko ebazpenetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, zehapenak ezarriko dira, aplikatzekoa den arrantza-araudiaren arabera.

13.– Lizentzia ezeztatzea eta etetea.

Lizentzia ezeztatu egingo da titularrak eman zitzaionean bete behar zituen baldintzak betetzeari uzten badio.

Dagozkion zehapenez gain, lizentzia ezeztatu egingo da, orobat, aurreko artikuluan zehaztutako bi arau-hauste edo gehiago eginez gero.

Azken kasu horretan, ez zaio baimenik berriro emango baimena ezeztatu zaion titularrari.

Lizentzia ezeztatzeko espedienteen izapideak egin bitartean, baimena etenda uzteko kautela-neurria hartu ahal izango da.

14.– Ustiapen-plana etetea.

Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak, arrazoitutako ebazpen bidez, kudeaketa-plana eten, eta planaren ustiapen-eremuan lanpernak biltzea debekatu ahal izango du, hala egitea komeni dela irizten bada espezieen kontserbazio-egoerari eta jasangarritasunari eragiten dioten inguruabarrak zein diren kontuan izanda.

15.– Habilitazioa.

Ahalmena ematen zaio Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari lanpernak ustiatzeko plan hau aplikatzeko eta garatzeko behar diren neurriak har ditzan.


Azterketa dokumentala