Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

225. zk., 2014ko azaroaren 25a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5035

AGINDUA, 2014ko azaroaren 18koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Unibertsitatea-Enpresa ekintzetarako aurreikusitako funtsen kargura Ikerketa eta Berrikuntza Teknologikorako laguntzak emateko deialdia egiten duena (2015-2016).

Berrikuntza-prozesuak, arazo zehatzak ebazteko asmoz ezagutza zientifikoak eta teknikoak erabili eta aplikatzeko prozesua den aldetik, jadanik ez dio jarraitzen ohiko eskema linealari, zeinetan oinarrizko ikerketatik ikerketa aplikatura pasatzen baita eta bertatik garapen teknologikora, ekoizpen- eta merkaturatze-prozesuan amaitzeko; aitzitik, era askotako loturetan oinarritutako dinamika berri bati erantzuten dio.

Berrikuntza teknologikoa industria-ekoizpeneko enpresetan nabarmendu ohi bada ere, eragile askoren arteko elkarrekintzen emaitza da: ikerketa teknologikoko zentroak, unibertsitateak, enpresa-elkarteak, ETEak, industria-talde handiak, azken erabiltzaileak, herri-administrazioak, eta abar.

Berrikuntza, beraz, elkarrekintzazko eredu baten emaitza da, eta bertan gero eta garrantzi handiagoa ematen zaie eragileen arteko elkarrekintzei eta, gaur egungo egoeran, haien arteko harreman- eta truke-mekanismoak sortzeari. Horrek berekin dakar tartean diren eragileen kulturak eta estrategiak aldatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoan Zientzia eta Teknologia Sistemak badu hutsune bat, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako unibertsitateen eta inguruko agente zientifiko-teknologikoen eta ekoizpen-enpresen arteko elkarrekintzari dagokionez. Agindu honen bitartez, deialdia egiten duen sailak lankidetza sustatu nahi du honako hauek artean: unibertsitateko ikertzaile-taldeen, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agenteen –deialdiaren ondorioetarako erakunde laguntzaile izendatu baitira– eta teknologia-berrikuntzan interesa duten industria-enpresen artean.

Ekoizpen-ingurunea jabetuta dago zientzia- eta teknologia-ezagutzaren arloan dituen mugez; euskal unibertsitateak eta agente zientifiko-teknologikoek, berriz, ahalmen zientifiko eta tekniko handia dute ezagutzei eta ekipamenduei dagokienez, baina ekoizpen-inguruneak ez du hori behar adina aprobetxatzen.

Deialdi honen xedea, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistema indartzea da, unibertsitateko eta teknologia-zentroetako ikertzaile-taldeen eta ekoizpen-inguruneko enpresen arteko elkarrekintza ahalbidetuta, kalitateagatik eta interes zientifiko-teknologikoagatik enpresentzat interesgarriak izango diren ikerketa aplikatu edo teknologikorako proiektuen bitartez. Produktu horiek, hain zuzen, unibertsitatetik enpresarako teknologi transferentzia ekarriko dute, edota prozesuen edo produktuen mailan helburu berritzaileak gauzatzea.

Asmoa da, ahal den neurrian, hauxe da: enpresetako eta unibertsitate- eta teknologia-taldeetako teknikariek parte hartzea, eta, bestalde, proiektuen helburuak produktu edo prozesu berritzaileak lortzera bideratzea, aurrelehiakortasunaren edo lehiakortasunaren mailan; aipatutako lehentasunekin bat etorriz enpresek haiekiko interes handia baitute.

Deialdia egin duen sailak elkarrekintza hori sustatuko du, proiektuen zuzeneko kostuaren alde handi bat finantzatuz; enpresek ere aipatutako finantziazioan parte hartu beharko dute, ikerketa-proiektuarekiko duten interes teknologikoaren arabera.

Ondoko dekretua kontuan izanik: 193/2013 Dekretua, apirilaren 9koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena (2013ko apirilaren 24ko EHAA, 78. zk.).

1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.) ezarritakoa kontuan izan da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretatik emandako diru-laguntzak bermatu eta itzularazteko araubide orokorra arautu zen, eta, era berean, diru-laguntzon kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintza, araubide eta betebeharrak ezarri ziren. Horretaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa ere aplikatuko da.

Eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa oinarri hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren helburua.

1.– Deialdi honen xedea diru-laguntzak ematea da ikerketa-proiektuak gauzatzeko, zeintzuen helburua baita ezagutza unibertsitatetik enpresetarantz transferitzea, aipaturiko enpresen interes-arloetan. Proiektuak unibertsitateko taldeek burutu behar dituzte, enpresako pertsonalaren parte-hartzearekin; aukeran erakunde laguntzaileetako ikertzaileek ere parte hartu ahal izango dute.

2.– Parte hartzen duten enpresek, gutxienez, proiektuaren kostu osoaren % 10 finantzatu beharko dute, eskudirutan egindako ekarpenarekin. Diru hori ikertzaileen lansariak ordaintzeko erabili ahalko da. Hartarako, lankidetza-hitzarmena izenpetuko da unibertsitate onuradunaren eta enpresaren artean, 15.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

1.– Agindu honen xede diren laguntzetarako 183.578 euro erabiliko dira:

2.– Aipatu zenbatekoa gehitu ahal izango da, guztira eskatutako laguntzen zenbatekoa kontuan hartuta eta erakunde kudeatzailearen beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe geratzen diren aurrekontu-baliakizunen arabera, betiere haiek ebatzi aurretik. Zirkunstantzia hori gertatzen bada, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez.

3. artikulua.– Deialdian parte har dezaketen erakundeak.

1.– Euskal Herriko Unibertsitatea izan ezik, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten unibertsitateak izan daitezke diru-laguntzaren onuradunak, baldin eta 4. artikuluaren arabera eratutako ikertzaile-taldeak badituzte plantillan.

2.– Enpresa, diru-laguntzaren zuzeneko onuradun ez bada ere, ikerketaren emaitzen benetako jasotzailea da. Alde batetik, proposatutako gaiak eta ikerketaren emaitzek enpresaren interesekin bat etorri behar baitute, eta, bestetik, enpresak emaitzei lotutako ezagutzak bere «know-how»-aren barruan sartuz erabili egin beharko ditu, eta bai ustiatu ere, unibertsitate-talde ikertzailearekin izenpetu behar duen hitzarmenean jasotakoaren arabera.

3.– Enpresa parte-hartzaileek ezin izango dute jaso diru- laguntzaren parterik, ez zuzenen ez zeharka; beraz, proiektuaren esparruan unibertsitate onuradunak ezin izango ditu kontratatu lanak egiteko; eta, bestalde, ezin izango dute hornigairik saldu, ezta geldialdi teknikoengatik kobratu ere. Baina, eskudirutan egindako ekarpen ekonomikoak egiteaz gain, honako hauek ipini beharko ditu enpresak: proiektuaren helburuak lortu ahal izateko behar diren baliabide humanoak, teknikoak eta materialak; eta horrek, enpresak proiektuaren emaitzekiko duen interesa uzten du agerian.

Helburu horretarako ez dira enpresatzat kontsideratuko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente akreditatuak.

4.– Deialdi honetan erakunde laguntzailetzat hartuko dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente akreditatuak, urriaren 1eko 221/2002 Dekretuaren 2. artikuluan azaltzen diren agente-kategorietan badaude (221/2002 Dekretua, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarea arautzeko oinarriak arautu zituena). Hona hemen artikulu horretan zerrendatzen diren kategoriak:

– Oinarrizko eta bikaintasuneko ikerketa-zentroak.

– Elkarlaneko ikerketa-zentroak.

– Teknologia-zentroak.

Deialdi honen helburuetarako, honako hau joko da agente zientifiko teknologikoen erregistroko zerrenda eguneratutzat: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzak egiaztatutako zerrenda, noiz eta deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunean, betiere urriaren 1eko 221/2002 Dekretuko 17.4 artikuluarekin bat etorriaz.

Entitate laguntzaileak ezin dira izan deialdi honetako laguntzaren onuradun, nahiz eta enpresaren ordainketetatik kobratu ahal izango duten, zehazki, 1.2 artikuluaren arabera dagokien ordainsarien zatia.

5.– Ezingo dira erakunde onuradun izan: diru-laguntza edo laguntza publikoak eskurazteko aukera galtzeko posibilitatearekin zigor administratiboa edo penala dutenak, edo halakorik eskuratzeko legezko debekuren bat dutenak, sexu-arrazoiengatiko diskriminaziogatiko jazotakoak barne direlarik, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean zehaztutakoarekin bat etorriz.

4. artikulua.– Proiektuari atxikitako ikertzaileei dagokienez erakunde parte-hartzaileentzako betekizunak.

1.– Proiektuetan jardungo duten ikertzaileek erakunde parte-hartzailetakoren bateko plantillakoak izan beharko dute. Erakunde parte-hartzaileek kontratatu beharko dituzte ikertzaileak, honako epearen barruan: deialdiko eskabideak entregatzeko epea amaitu baino lehen. Ikertzaileak proiektuan zenbat denboran parte hartzea aurreikusten den, bada, epe hori halako dedikazioa-aldia izango du. Ikertzaile nagusiak kontratua izan beharko du erakundearekin, proiektuaren iraupen osoa halako epealdi batez gutxienez, barne direlarik exekuzio-fasea eta 5.1 artikuluan zehaztu lau hilabeteko epealdi osagarria.

2.– Deialdi honetan eskatutako proiektua garatuko den urteetarako eskatutako edo emandako beste proiektu batzuetan konprometitutako orduak deklaratu beharko ditu unibertsitate eskatzaileak, ikertzaileetariko bakoitzari dagokionez; eta pertsona bakoitzeko dedikazio osoari doakionez urteko 1.600 orduko maximoa kontuan izanik, ordu erabilgarri aski izan beharko ditu proiektu honetan konprometitutako jarduerak gauzatzeko.

3.– Pertsona bat obra baterako kontratatu bada, unibertsitate eskatzaileak obraren iraupenari eta kontratuaren luzapen gertagarriari buruzko agiriak aurkeztu beharko ditu, beharrezkoa bada; eta obra baterako kontratatua izan bada, obra horrek dakarren dedikazioa adierazi beharko du, proiekturako konprometitutako jarduerei aurre egiteko ordu erabilgarri aski dagoela argi uzten delarik.

4.– Doktoretza-tesia egiteko kontratatutako pertsona bada (prestakuntza-aldian diren doktoretza aurreko ikertzaileak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legeko 21. artikuluaren arabera), finantzatzen duen erakundearen izendapena aurkeztu beharko du, zeinetan honako hauek adierazi behar diren: finantzaketa-epealdi osoa; deialdi honetan eskatutako proiektuari urteko zenbat ordu dedikatu zaizkion (ziurtagiria), ordu horiek bateragarriak eginik doktoretza-tesiari buruzko proiektua gauzatzearekin; proiektuan tesia eta horren jarduera zenbateraino gainjartzen diren (portzentajea), eta tesia zein zentrotan egin behar den. Proiektu-eskabide bakoitzean, prestakuntzan den doktoretza aurreko ikertzaile batek bakarrik parte hartu ahal izango du.

5.– Research Professo edo Research Fellow kategorietan Ikerbasque Fundazioak kontratatutako ikertzaileak, baldin eta erakunde bati atxiki eta erakunde horretako plantillado badira, deialdi honi dagokionez ikertzaile kontsideratuko dira.

6.– Ikertzaileak ezin izango du parte hartu deialdi honetako eskabide bat baino gehiagotan. Eskabide batera baino gehiagotara aurkeztuz gero, ohartaraziko zaio ezen aukeratu egin behar duela haietarik zeinetan parte hartuko duen (bakarrean).

7.– Aurreko deialdietan finantzatutako proiektuetan parte hartzen duten ikertzaileek ezingo dute parte hartu deialdi honetan; betiere 2014ko abenduaren 31n euren jarduerak ez badituzte zarratu, betetzeko obligazioak dituztelako, salbu eta emaitzen argitalpena. Onartzeko kontuan izan zen azkeneko data baino lehen ezeztatzen bada finantzatutako proiektu bat, parte hartu duten ikertzaileek ezin izango dute beste proiektu batzuetan parte hartu, harik eta proiektu haren azken buruko data, onartu zenen aurreikusia, ailegatu arte. Zirkunstantzian horietan dauden proiektu-eskabideei ezezkoa emango zaie.

8.– Proiektuak irauten duen bitartean, ikertzaile-taldea, gutxienez, hiru pertsonek osatuko dute, honako hauek:

a) Proiektua zuzenduko duen ikertzaile nagusi bat, doktoretza egiaztatzen duen titulua duena.

b) Honako hauetarikoren bat duten ikertzaileak: doktore-titulua, lizentziatura, arkitektura- nahiz ingeniaritza-titulua edo unibertsitateko gradua. Erakunde parte-hartzaile bakoitzean, betekizun hori konplitzen duen pertsona bat izango da, zeina plantillakoa izango den.

c) Enpresako pertsonak, programaren xedeko teknologian esperientzia egiaztatua dutenak, baina ez direnak egokitzen aurreko paragrafoetan zehaztu kategorietara.

9.– Proiektuan ezinbesteko baldintza da: unibertsitate onuraduneko ikertzaile-talde batek eta Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duen enpresa batek parte hartzea, gutxienez. Erakunde laguntzaile batek parte hartzea aukerakoa izango da.

5. artikulua.– Proiektuen baldintzak eta diruz lagun daitezkeen kontzeptuak.

1.– Proiektuek urteko edo bi urteko exekuzio-fase bat izango dute, eta azken urtekotik harako lau hilabeteko epealdi osagarri bat izango dute, eta epe horietan bukatu beharko dute, hain zuzen ere 15. artikuluan zehaztu memoria zientifikoa eta gastuen egiaztagiria entregatuaz.

2.– Proiektuan parte hartzen duten erakundeetariko bakoitzean garatu beharko dira ikerketa-jarduerak.

3.– Deialdira aurkezten diren ikerketa-proiektuek II. eranskinean zehaztu printzipioak errespetatu beharko dituzte.

4.– Iraupena.

Deialdia ebatzi eta proiektua onartutzat jota gero hasiko dira proiektuak (15.1 artikulua); edozelan ere, proiektuari hasiera ematen zaion egunetik hasita, urteko batean edo bitan burutu beharko dira.

5.– Deialdi honetan honako hauek finantzatu ahal izango dira:

a) Laguntzaileak: kontzeptu horren barruan, lanaldi osoagatik, hau da, urteko 1.600 ordugatik honako zenbateko hau lagunduko da diruz: urteko 15.5000 euro, gehienez. Proiektuari eskaintzen zaion dedikazioa txikiagoa bada, proiektuarentzako dedikazio-aldiarekiko proportzionala izango da diruz lagunduko den zenbatekoa.

Lizentziaduna, ingeniaria, arkitektoa, unibertsitateko graduduna edo ingeniari teknikoa izan beharko du laguntzaileak. Ez da izango deialdian parte hartzen duten erakundeetako plantillakoa eta ezin izango du jaso beka bidezko beste ordainsaririk, beste ikerketa-proiektu batzuetarako diru-laguntzarik, lansaririk edo izaera publiko edo pribatuko bestelako laguntzarik. Laguntzaileek gutxienez urte bat eman beharko dute proiektuari atxikita.

b) Material inbentariagarria: kontzeptu horregatik ez dira urteko 18.000 euro baino gehiago ordainduko; betiere kontuan izanik deialdian ez dela finantzatzen BEZaren gastua. Proiektuaren kargura eskuratutako ekipamenduek ez dute izango 18.000 eurotik gorako kostu unitarioa, eta erakundearen inbentarioan jaso beharko da. Bazter uzten dira altzariak, instalazioak eta kudeaketako ekipo inbentariagarria.

c) Materiak ahikorra: proiektuko jardueretarako beharrezkoa den heinean eta behar bezala justifikatzen bada, ez da mugarik egongo kontu-sail horretan.

d) Bidaiak: proiektuko jarduerak burutu ahal izateko egiten direnak. Bidaia-gastuak onartuko dira, zertarako-eta proiektua betearazteko azken urtean lortutako emaitzak erakusteko, betiere ikertzaile-taldeko pertsona bakar batentzat.

e) Beste gastu batzuk: finantzatutako proiektuaren kostuaren % 5 egingo dute gehienez urteko. Aurreko kontu-sailetan aurreikusi gabeko kontzeptuetarako gastuak ordaintzeko baino ez da erabiliko diru hori.

6. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabeteko izango da, agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

2.– Eskabideak helbide honetara bidali behar dira:

Eusko Jaurlaritza

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila.

Zientzia Politikarako Zuzendaritza

Erreferentzia: Unibertsitate-Enpresa Ikerketa Proiektuak

Donostia kalea 1

01010 Vitoria-Gasteiz.

Edo Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen eraketa, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan zehaztutako erregistroetarik edozeinen bidez edo zuzenean; betiere, deialdian, eskabideak aurkezteko ezarritako epearen barruan. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan zehaztu bulegoetarik edozeinetan aurkeztu ahal izango da.

Informazioa eskatzeaz gain, programa honetan zehaztu aginduzko dokumentazioa aurkeztu ahal izango da toki hauetan: Zuzenean herritarrei arreta emateko bulegoetan: Bizkaia (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbo), Gipuzkoa (Andia 13, 20003 Donostia), eta Araba (Ramiro Maeztu 10 beh., 01008 Vitoria-Gasteiz).

3.– Erakunde eskatzailearen legezko ordezkariak sinatu beharko du eskabidea. Gainera, proiektuaren ikertzaile nagusiaren sinadura eta erakunde laguntzaileen eta enpresa parte-hartzaileen legezko ordezkarien sinadurak ere beharko dira; horrela adieraziko dute proiektuan parte hartzeko duten borondatea.

4.– Eskabidearekin batera, 1. eranskinean zehazten den dokumentazioa aurkeztu behar da. Eskabidea eta dokumentazioa paperean aurkeztuko da, bai eta beste kopia bat ere, CD batean, formatu elektronikoan.

5.– Datuak aipatu gabe uzteak, aldatzeak edo eskatutako informazioaren edozein erabilera oker egiteak eskabidea ezestea ekarriko du.

6.– Eskabideak aurkezteko ereduetariko posible bat eskura dute interesdunek Internet-eko helbide honetan: «http://www.hezkuntza.net» – Unibertsitatea eta Ikerketa.

7.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50. artikuluaren 6. paragrafoak aipatu erantzukizunezko deklarazioa jaso beharko du eskabideak. Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legeaz aldatu zen lege hura.

7. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea, Ikerketa Proiektuen Zerbitzuaren bidez.

8. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Eskatutako informazio guztia jasotzen ez badute eskabideek, eta/edo aurreko paragrafoetan adierazitako agiri guztiak eransten ez bazaizkie, interesdunari hori jakinarazi eta 10 eguneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko edo derrigorrezko agiriak aurkezteko. Gainera, horrela egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, betiere 30/1992 Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko 42. artikuluari jarraiki emandako ebazpenaren ondoren; lege hori, 4/1999 Legeaz aldatu zen. Ez da onartuko hasierako eskabidearekiko aldaketarik, ezta beste parte-hartzaile batzuk sartzea ere.

9. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

Ebaluazio-batzordea honako hauek osatuko dute: Zientzia Politikarako zuzendaria, lehendakaria izango dena; Unibertsitateetako zuzendaria, eta Ikerketa Programetarako teknikaria. Aipatu batzordeak eskabide bakoitzari buruzko txostenak eskatu ahal izango dizkie dagokien jakintza-arloan ospea eta ebaluatzeko esperientzia dituzten ikertzaileei. Ebaluazio eta Prospektiba Agentzia Nazionalak (ANEP) edo Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak (UNIBASQ) egin ahal izango dituzte aipatu txostenak. Ebaluazio-batzordeak deialdiko irizpideak behar bezala aplikatuko ditu, eta, bestalde, homogeneizatu egingo du gaiaz aditu diren pertsona ebaluatzaileek egindako interpretazioa.

10. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.

1.– Diru-laguntzak emateko ebazpen-proposamena egiteko, Ebaluazio Batzordeak ondoko irizpideak izango ditu kontuan, eskaerak ebaluatu, aukeratu eta lehentasunen arabera antolatzeko aplikatuko baititu:

(Ikus .PDF)

2.– Ebaluazio-sistema homogeneizatu eta irizpideak aplikatzerakoan objektibotasun handiagoa lortze aldera, deialdiaren III. eranskinean adierazi dira irizpideak zehatzago baloratzeko aldeen xehetasunak, ebaluatzaileei euren lanean laguntzeko eta ebaluazio-prozedura gardenago izan dadin.

11. artikulua.– Onartutako aurrekontua zehaztea eta laguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Diru-laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira, eta proiektuaren iraupen osoari dagozkionak izango dira. Hartarako, Ebaluazio Batzordeak egingo du laguntzak esleitzeko proposamena, aurkeztutako eskabideak ebaluatuaz.

2.– Onartutako aurrekontuak kontuan hartuko ditu 5. artikuluan ezarritako kontzeptuak; eta honelaxe zehaztuko da: planteatu eta eskabidean behar bezala egiaztatutako beharren eta adituek egindako gomendioen arabera.

3.– Ebaluazioan 50 puntu edo hortik gorako balioespena lortzen duten eskabideak bakarrik finantza daitezke. Ebaluazio Batzordeak eskabide bakoitzerako onartutako kostuaren eta balioespen-fasean lortutako puntuazioarekiko lehentasun-ordenaren arabera erabakiko da laguntzak –agindu honetan araututakoak– ematea. Eta diru-laguntzako zenbatekoak esleitu egingo dira, harik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako kreditua agortzen den arte, edo, indarrean dagoen legediaren arabera aurrekontuetan aldaketak egiten badira, haiek gaurkotzetik ateratzen dena agortzen den arte. Aukeratutako ikerketa-proiektu bakoitzean onartutakoaren % 100era ailegatu ahal izango dira esleipenak.

4.– Urteka banatuko da diru-laguntzaren guztirako zenbatekoa, aipatu diren beharren eta onartutako lan-planaren arabera.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Ebaluazio Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari proposamena aurkeztuko dio, eta honek laguntzak esleitu edo ukatu egingo ditu, ebazpen bakar eta arrazoituaren bidez. Ebazpen horren berri interesdunei banan-banan emango zaie. Jende oro jakitun izan dadin, EHAAn argitaratuko da erakunde onuradunen zerrenda, esleitutako urtekako zenbatekoa eta, gauza dadin, finantziazioa jaso duen programaren titulua.

2.– Onartzen den proiektu bakoitzari buruz datu hauek jaso beharko dira ebazpenean:

– Ikertzaile nagusiaren izena.

– Erakunde onuraduna.

– Parte hartzen duten enpresen izenak edo helbideak.

– Ikerketa-proiektuaren titulua.

– Erakunde onuradun bakoitzari dagokionez, proiektua egiteko izango diren urtekoetarik bakoitzerako esleitutako zenbatekoa.

3.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera, hilabeteko epean. Deialdi hau argitaratzen denetik hasita sei hilabeteko epean berariazko ebazpenik ematen ez bada eta ez bada jakinarazten, eskariak isilbidez ezetsitzat jo ahal izango dira.

13. artikulua.– Beste diru-laguntza eta laguntza batzuekiko bateragarritasuna/bateraezintasuna.

Diru-laguntza hau bateragarria da helburu berarekin beste erakunde finantziatzaile batzuek emandakoekin. Ikerketa-proiektu batek beste erakunde baten edo Eusko Jaurlaritzako beste sail baten deialdian parte hartzen badu eta zati batean behintzat finantzatua izan bada, deialdi honen bitartez finantzatu ahal izango da: beste erakunde haren finantzaketaren bidez proiektuan estali ez diren beharren zati osagarria, baina guztirako finantzaketak ezin izango ditu gainditu ikerketak dituen beharrak. Gainfinantzaketarik detektatuz gero, deialdi honen bidez emandako finantzaketa kopuru egokian txikituko da. Zientzia Politikarako Zuzendaritza beste alderdi finantzatzailearekin harremanetan jarri ahal izango da, kofinantzaketa-akordio bat lortzeko. Nolanahi ere, eskatzaileak argi eta garbi egiaztatu beharko du zein diren kanpoko finantzaketaren xedea, jarduerak, zenbatekoa eta banaketa.

14. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko baldintzak.

1.– Onuradun eta parte-hartzaile diren unibertsitate bakoitzari igorriko zaio diru-laguntzaren zenbatekoa.

2.– Enpresaren lehen ordainketaren egiaztagiria eta hitzarmena (15.3 artikulua) jaso ostean ordainduko da lehen urtekoa. Lehen urteko txostena entregatu eta onartu ostean egingo da bigarren eta azkena den urtekorako zehaztutako zenbatekoaren % 75eko ordainketa. Unibertsitate onuradunak 15.4, 15.5 eta 15.6 artikuluetan zehazten den aginduzko dokumentazioa aurkeztu eta hori laguntzaren organo kudeatzaileak ikus-onetsiaz onartu ostean, igorriko da gainontzeko % 25a.

3.– Diru-laguntzaren zenbatekoa abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-araubidearen arabera bermatuko da. Dekretu horretan arautzen dira, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen berme eta itzulketen sistema orokorra eta hura kudeatzen parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta obligazioak.

4.– Erakunde onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzearena eguneraturik izan beharko du, Ogasun eta Finantzako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan ezarritakoari jarraikiz (1992ko uztailaren 8ko EHAA).

5.– Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

15. artikulua.– Proiektuaren garapenari jarraipena egiteko dokumentuak.

1.– Diru-laguntza onartzea: Ebazpena jakinarazitakoan, diru-laguntzaren urtekako banaketaz informatuko dira erakunde onuradunak. Ebazpena jakinarazpena jasotzen denetik aurrerako 10 egun naturaleko epean ez bada berariazko ukorik egiten, ulertu beharko da erakunde onuradunak onartu egin duela diru-laguntza. Une horretatik aurrera proiektuak gauzatzeari ekingo zaio, urteko baten edo bitan, Ebazpenean ezarritakoaren arabera.

2.– Kontratua: laguntzaileentzako diru-laguntzarik egonez gero, laguntzailea unibertsitate onuradunari lotzen duen kontratuaren kopia bidali beharko da, non parte hartuko duen proiektuaren kodea eta titulua berariaz jaso beharko diren, baita bere egitekoak eta urteko dedikazioa ere. Kontratu hori ezin da izan ebazpenaren eguna baino lehenagokoa, eta proiektuaren exekuzioaren lehen sei hilabeteen barruan egin beharko da. Kontzeptu hori dela-eta emandako diru-laguntza deialdian ezarritako zenbatekoaren % 100era iritsiko ez balitz eta kontratuaren kostu osoa estaltzera iritsiko ez balitz, zentroak lanaldi osorako kontratua egin ahal izango du, eta horretarako, zentroak berak erantsiko dio zenbateko bat emandako diru-laguntzari, kostu osora ailegatu artekoa. Hori gertatuz gero, proiektuarekin batera, zentroak esleitzen dizkion bestelako egiteko osagarri batzuk ere egin ahal izango ditu.

3.– Erakunde parte-hartzaileen arteko hitzarmen eta enpresaren ordainketa: lankidetza-hitzarmena izenpetu beharko da unibertsitate onuradunaren, enpresa parte-hartzaile(ar)en eta, halakorik bada, erakunde laguntzaileen artean, Transferentzia Teknologikorako Erakunde baten bitartez (hala nola: BTBak, Unibertsitate-Enpresa Fundazioa, Estrategia Teknologikorako Unitatea edo beste batzuk). Hitzarmen horretan honako hauek jaso beharko dira: ekonomia-harremanak, jabetza eta ikerketaren garapenean erantzukizunak nola banatzen diren; proiektuen emaitzei dagokienez, erabilera, jabetza eta baliatzea, eta deialdiari dagokionez enpresak/ek bere egin dituzten obligazioak.

Ebazpena jakinarazten denetik harako hilabeteko epearen barruan, Zientzia Politikarako Zuzendaritzan honako hauek aurkeztu beharko dira: sinatutako hitzarmena eta bai enpresaren lehen ordainketaren egiaztagiria ere, horiexek sartzen baitira diru-laguntzaren lehen ordainketa egiteko aldez aurretiko baldintzan.

4.– Urteko txostena: unibertsitate onuraduneko ikertzaile nagusiak, proiektua burutzeko urteko bakoitza amaitzean, proiektuaren urteko txosten bat aurkeztu beharko dio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari. Ondokoak jasoko dira txosten horretan: proiektuaren helburuen exekuzio-maila, izandako gorabeherak, lortutako emaitzak eta diru-laguntzatik gastatu den kopuruaren estimazioa.

5.– Gastua egiaztatzea: proiektua gauzatzeko azken urtekoa amaitzen denetik harako bi hilabeteko epearen barruan, behin urteko txosten egokia aurkeztu ostean, egindako gastu guztikoaren ziurtagiria aurkeztu beharko du unibertsitate onuradunak, kontzeptuen banaketa adieraziaz, eta gerakinak justifikatuaz, halakorik bada. Era berean, proiektu bererako edo proiektu beraren helburu partzialetarako jasotako sarreren eta egindako gastuen balantzea aurkeztu beharko du.

6.– Azken buruko txosten zientifikoa: proiektua gauzatzeko azken urtekoa amaitu osteko lau hilabete igaro baino lehen, proiektuko ikertzaile nagusiak amaierako txosten zientifikoa beharko du, eta bertan zehaztasun handiz adierazi: aurrekariak, bibliografia, helburuak, metodologia, emaitzak, emaitzen eztabaida, ondorioak eta zabalkunde- eta jendarteratze-jarduerak.

7.– Argitalpenak: proiektuaren emaitzak aldizkari espezializatuetan argitaratzen badira, edo liburuak, monografiak, artikuluak, doktore-tesiak, lizentziatura-tesinak, kongresuetarako komunikazioak, patenteak, kontratuak, baliagarritasun-modeloak eta abar eragiten badituzte, deialdia babesten duen sailaren laguntza utzi beharko da jasota, proiektuaren kodea aipatuz. Era berean, argitalpenen kopia bidali beharko da Zientzia Politikarako Zuzendaritzara.

8.– Enpresaren txostenak: diruz lagundutako ikerketaren bidez lortutako emaitzak enpresak nola aplikatu eta/edo ustiatu dituen ikusteko, jarraipen bat egingo da; hartarako, enpresa parte-hartzaileak, proiektua amaitzen duenean, memoria bat aurkeztuko du, eta bertan proiektuaren garapenari eta lortutako emaitzei buruz duen iritzia adieraziko du. Proiektua amaitu ostean urtea amaitzen denean, emaitzak ustiatzeari buruzko txostena aurkeztu beharko du, eta bertan honako hauek adierazi beharko ditu: emaitzak nola erabili dituen, emaitza horiek enpresan nola ezarri dituen, egindako patenteak eta lortutako etekinak.

9.– Unibertsitate onuradunaren legezko ordezkariaren oniritziarekin bidali beharko da proiektuaren jarraipenari dagokion dokumentazio guztia; salbuespen izango dira enpresaren txostenak, enpresaren legezko ordezkariak izenpetuko baititu.

10.– Artikulu honetan aipatu txostenen edukien deskripzioa eskuragarri egongo da interneteko helbide honetan: http://www.hezkuntza.net

11.– Urteko txostenen, amaierako txosten zientifikoaren eta egindako argitalpenen gaineko ebaluazio zientifikoa egin ahal izango da. Dagokien ezagutzaren alorrean ospea eta ebaluazio-esperientzia aitortua dituzten ikertzaileek egin ahal izango dituzte ebaluazio horiek. Ebaluazio negatibotik honakoa ondorioztatzen bada: ebazpen- eta ebaluazio-prozesuan onartu era eskabidean proposatutako egitasmoarekin eta helburuekin bat ez datorren proiektu-garapena, 18.2.d) artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

16. artikulua.– Diru-laguntza gauzatzeko baldintzak.

1.– Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren jarraibideekin eta agindu honetan ezarritakoarekin bat etorriaz egin beharko dituzte gastuak ikertzaile-taldeko kideek; eta arau horietan espezifikatu gabekoari dagokionez, erakunde onuradunean diren arau orokorrekin bat egingo dituzte. Proiektuaren diru-laguntzari egotzitako gastu guztiak behar bezala justifikatu beharko dira, baimendutako pertsonentzako jardueren arabera, eta, bestalde, gastuaren faktura eta frogagiri egokien bidez egiaztatu beharko dira.

2.– Proiektuan proposatutako helburuak betetzeko erabili gabeko zenbateko osoei edo zatikakoei eta proiektuan proposatutako helburuak lortzeari dagokienez, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako diru-laguntzen berme eta itzulketei dagokienez, abenduren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.) xedatutakoari jarraituko zaio, eta bai Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzeko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakori ere.

3.– Jatorrizko fakturak unibertsitate onuradunean bertan artxibatu behar dira, eta erabilgarri egongo dira Zientzia Politikarako Zuzendaritzak egin lezakeen edozein egiaztapenetarako.

4.– Euren funtzioetan dihardutelarik Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak unibertsitate onuradunari informazioa eskatzen badiote, honek eman egin beharko die, baldin eta deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruzkoa bada delako informazioa.

5.– Proiektuaren azken urtea amaitzen den epealdian, ikerketa-proiektua burutzea eta, ondorioz, diru-laguntza agortzea galarazi duen arrazoirik gertatuz gero, ikertzaile nagusiak, unibertsitate onuradunaren legezko ordezkariaren oniritziarekin, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari zera eskatu ahal izango dio: proiektua gauzatu eta kreditua agortu ahal izateko luzapena, gehienez ere sei hilabetekoa; hartarako, aipatu eskabidea egiteko arrazoiak behar bezala egiaztatu beharko ditu.

17. artikulua.– Laguntza emateko baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, eta betiere diru-laguntzaren helburua bete bada, edo beste erakunde publiko edo pribaturen batetik, aldi berean, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik lortu bada, diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Ondorio horietarako, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzak bidezko likidazio-ebazpena emango du, emandako diru-laguntzen zenbatekoak berregokitzeko.

18. artikulua.– Diru-laguntzarako eskubidea galtzeko kausa edo itzulketa egin behar izateko kausa.

1.– Arau-hauste administratiboa gertatzen bada, laguntza eta diru-laguntza publikoen alorreko arau-hauste eta zehapenen erregimena aplikatuko da, alegia, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan jasotakoa, horren bitartez onartu da-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategina.

Diru-laguntza jasotzeko bide eman zuten baldintzetako bat ez dela betetzen egiaztatuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkio jasotako diru-zenbatekoa eta horri dagozkion legezko interesak; betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako zehaztapenekin bat etorriaz.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan azaldutako kausez gain, ondoko hauek izango dira diru-laguntzarako eskubidea galtzeko eta itzulketa egin behar izateko kausak:

a) Proiekturako eskabidea egin duen ikertzaile nagusiak ikerketa-proiektuari uko egitea, ikertzaile hori erakunde onuradunaz beste batera joatea edo Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora aldatzea, baldin eta horrek arriskuan jartzen badu bai proiektuaren zuzendaritza, bai aurreikusitako helburuak lortzea.

b) Unibertsitate-taldearen eta enpresaren arteko lankidetza-harremanak desegitea edo haustea.

c) Ikerketa-proiektu bera egiteko, beste iturri batzuetatik jasotako finantzaketak metatzen badira, edo finantzaketa eskatzeko, ikerketa-proiektuaren aldakiak, aski justifikatu gabeak, beste erakunde, antolakunde edo zentro publiko edo pribaturen batzuei aurkezten bazaizkie, aldez aurretik Zientzia Politikarako Zuzendaritzari jakinarazi gabe eta horren onarpena jaso gabe.

d) Ikerketa-proiektuaren garapena bat ez etortzea proposatutako helburuekin eta ezarritako epeekin, deialdia kudeatzen duen organoaren baimenik izan gabe.

e) Ikerketa-proiekturako ezarritako dedikazioa ez betetzea taldeko kideek.

f) Deialdi honen oinarriak ez betetzea, zati baten edo guztiz.

g) Datuen ezkutatze larria, horiek aldatzea edo eskabidean edozein manipulazio egitea.

19. artikulua.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, zeintzuk erabili eta argitaratzea parte-hartzaileek baimentzen baitute, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren izena Ikerketa Proiektuak izango da, eta haren helburua izango da diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ematea ere. Zientzia Politikarako Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Sarbide-, zuzenketa-, ezabatze- eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko, Zientzia Politikarako Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetara aurkezten diren pertsonek baimena ematen diote Zientzia Politikarako Zuzendaritzari, aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren egiaztatzeko, beste erakunde publiko batzuetan.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargurako gastu-espedienteen aurretiazko izapideketa arautzeari buruzko Aginduaren, zehazki, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan aipatzen diren ondorioetarako, agindu honetako laguntzak ebaztea honako honen pentzutan geratzen da: Euskal Autonomia Erkidegoaren 2015. urterako aurrekontu orokorretan aldez aurretik nahiko kreditu egoki izatea.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Deialdi honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke bi hilabeteko epean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Sala, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoarekin bat etorriaz; lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeaz aldatu zen.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko azaroaren 18a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
ESKABIDEAREKIN BATERA AURKEZTU BEHAR DEN DOKUMENTAZIOA

1.– Eskabideak honako informazioa jasotzen du:

a) Erakundearen eta ikertzaile nagusiaren identifikazioak.

b) Parte hartzen duten ikertzaileetariko bakoitzaren identifikazioa, non honako hauei buruzko informazio jasotzen den: titulazio akademikoa, kontratu mota (aldi baterakoa edo mugagabea) eta urteko zenbat orduko dedikazioa kontratatu den.

c) Aktiboan edo eskabide-fasean diren ikerketa-proiektuen identifikazioa, zeintzuetan, eskatutako proiektua garatzen ari delarik, ikertzaile-taldeak parte hartuko duen.

d) Beste erakunde batzuk lagundutako finantzaketa duten proiektuei buruzko informazioa, baldin eta proiektu horiek –eduki zientifikoan eta gauzatze-denboran– gainjartzerik badute eskatutako proiektuarekin.

e) Ikertzaile-taldeak egin beharreko lan-planaz informazioa, honako hauen gaineko zehaztasunak jasoaz: ikertzaile bakoitzaren dedikazioa ordutan, atazak eta helburuak.

f) Giza baliabideen, material inbentariagarriaren, material ahikorraren, bidaien eta beste gastu batzuen arloetako premiei buruzko informazioa, eta bai deialdiari eskatzen zaion kostu ekonomikoari buruzkoa eta enpresak –eskudirutan, giza baliabideetan eta materialetan– egiten dituen ekarpenei buruzkoa ere.

2.– Eskabideari honako hauek erantsiko zaizkio:

a) Ikerketa-proiektuaren memoria bat, honakoak jasoz:

– Laburpena.

– Gaiaren aurrekariak eta egungo egoera.

– Bibliografia aipagarriena.

– Proiektuaren interes orokorra.

– Azken emaitza eta emaitzak ustiatzeko plana.

– Hipotesiak eta helburu orokorrak eta operatiboak.

– Helburuei lotutako gertaerak. Kronograma. Ikertzaileek atazetan izango duten dedikazioa.

– Gertaera bakoitzean erabilitako metodologia.

– Proiektua gauzatzeko erabilgarri dauden instalazioak, tresnak eta teknikak.

– Erantzukizunen banaketa.

– Ikertzaile-taldeak gaiaren inguruan duen esperientzia.

– Burututako azken 5 proiektuen emaitzak eta lortutako errendimendua.

– Kofinantzaketaren deskribapena.

– Eskatutako diru-laguntzaren justifikazio zehatza.

– Bi zentro edo gehiagoren arteko lankidetza.

– Enpresak proiektuan duen parte-hartzea.

b) Ikertzaile parte-hartzaileetako bakoitzak sinatutako dokumentua, zeinetan 2015-2016 aldian, proiektua aktiboetan, izango den dedikazioa jasotzen den, eta bai kofinantzatutako proiektua eta eskatutako proiektuan izango den dedikazioa ere.

c) Erakunde eskatzailearekin ikertzaileetako bakoitzak duen lan-kontratuaren kopia, zeinetan kontratuaren hasierako eta bukaerako datak, iraupena eta urteko dedikazioa jasotzen diren. Pertsona bat obra baterako kontratatu bada, obraren iraupenari eta kontratuaren luzapen gertagarriari buruzko agiriak aurkeztu beharko ditu, eta horrez gain, obra horrek dakarren dedikazioa adierazi beharko du.

d) Ikertzaile-taldeko kideetariko bakoitzaren Curriculum Vitae.

e) Parte-hartzaile bakoitzaren nortasun-agiriaren (pasaportea) kopia, eta parte hartzen duen zentro bakoitzaren IFKren kopia.

f) Kofinantzatutako proiektuari dagokion eskabidearen kopia.

f) Kofinantzatutako proiektuaren ebazpenari dagokion kopia.

h) Eskatutako inbentariagarriaren proforma fakturak.

i) Ikerbasque-k kontratatua izanez gero, zentro eskatzaileari atxikita izateari buruzko dokumentua, 4.5 artikuluaren arabera.

j) Izendapenaren agiria eta/edo doktoretza aurreko beka emateari buruzko agiria, proiektuan parte hartzeko baimenaren ziurtagiria eta beka aplikatuko den zentroaren ziurtagiria, 4.4 artikuluaren arabera.

k) Erakunde onuradunaren, erakunde laguntzailearen eta enpresa parte-hartzailearen deklarazioa; azken horrek adierazi egin beharko du proiektuari zenbateko ekarpena egin dion.

l) Enpresaren ezaugarriak eta orain arte egin diren I+G ekintzak.

m) Zinpeko aitorpena, non honako hauek egiaztatzen diren: diru-laguntza edo laguntzak publikoak eskuratzeko aukera galtzea dakarren zigor penal edo administratiboren baten ez izatea, edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean ez izatea, barne direlarik sexu bazterkeriagatik jazotakoak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.

n) Jasotako edo eskatutako laguntzei buruzko adierazpena. Jarduera batzuetarako finantziazioa eskatzen bada, jarduera horien justifikazio xehatua, eta jarduera horiek zer erlazio duten beste deialdian finantzatutako jarduerekin.

o) II. eranskinean zehaztutako printzipioak betetzeari buruzko deklarazioa.

p) Proposamena, esleipen-irizpideen arabera, ebaluatzeko egokitzat jotzen diren agiriak.

II. ERANSKINA
DEIALDIARAKO AURKEZTEN DIREN PROIEKTUEK BETE BEHARREKO PRINTZIPIOAK

Deialdian aurkezten diren proiektuek printzipio hauek errespetatu beharko dituzte:

a) Honako adierazpen eta hitzarmen hauetan ezarritako oinarrizko printzipioak: Helsinkiko Adierazpena (Munduko Medikuntza Elkartea), Giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmena, Giza genomari eta giza eskubideei buruzko Unescoren Adierazpen Unibertsala, eta ikerkuntza biomedikoari, datu pertsonalen babesari eta bioetikari dagokienez Espainiako legedian ezarritako baldintzak.

b) Gizakiekin ikerketak egin edo giza jatorriko laginak erabiltzea dakarten proiektuek uztailaren 3ko 14/2007 Legean –Ikerkuntza Biomedikoari buruzkoan– araututakoa bete behar dute.

Era berean, lege horri lotuta egongo dira giza enbrioia jatorri duten zelulak eta ehunak edota horietatik eratorritako zelula-lerroak erabiltzea espezifikoki eskatzen duten ikerkuntza-proiektuak.

c) Saiakuntza klinikoak xede dituzten proiektuek otsailaren 6ko 223/2004 Errege Dekretuan ezarritakoa bete behar dute.

d) Animaliekin esperimentuak egitea dakarten proiektuek indarrean den lege-araubidean ezarritakoa bete beharko dute, eta bereziki urriaren 10eko 1201/2005 Errege Dekretuan –esperimentuak egiteko eta bestelako helburu zientifikoetarako erabiltzen diren animalien babesari buruzkoan– ezarritakoa.

e) Genetika aldatuta daukaten organismoak erabiltzea dakarten proiektuetan bete beharko dira, batetik, Genetika aldatuta daukaten organismoak bakarturik erabiltzeari, borondatez askatzeari eta merkaturatzeari buruzko apirilaren 25eko 9/2003 Legea, eta, bestetik, lege hori garatzen duen araudi orokorra onesten duen urtarrilaren 31ko 178/2004 Errege Dekretua.

f) Agente biologikoak erabiltzea dakarten proiektuak, berriz, azaroaren 8ko 31/1995 Legean –Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoan– eta hori garatzen duten errege-dekretuetan ezarritakoari egokitu beharko dira, agente biologikoekin kontaktuan izatearen ondoriozko arriskuei dagokienez.

g) Material genetikoa eskuratzea edo elkartrukatzea dakarten proiektuek bete beharko dute, batetik, Aniztasun Biologikoari buruzko Hitzarmena, bestetik, Elikadura eta Nekazaritzarako Baliabide Fitogenetikoei buruzko Nazioarteko Hitzarmena, eta, hirugarrenik, Mintegietako Haziei eta Baliabide Filogenetikoei buruzko uztailaren 26ko 30/2006 Legea.

III. ERANSKINA
UNIBERTSITATE-ENPRESA IKERKETA PROIEKTUAK
2014-2015
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala