Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

225. zk., 2014ko azaroaren 25a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5036

AGINDUA, 2014ko azaroaren 19koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoei eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuei dei egiten diena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren «Auzolandegiak» programaren 2015. urteko ediziorako proiektuak aurkezteko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.39 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen osoa du gazte-politikaren alorrean. Azaroaren 25eko 27/1983 Legeak, «Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute-Erakundeen arteko harremanei buruzkoak», bestalde, gazteen alorreko ekintza zuzenak garatzeko eskumena, besteak beste, esleitu zien Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunei bere 7. artikuluan.

Lege-esparru horretatik abiatuta, eta jardun-arlo horretan inplikaturiko erakundeen eskumenak errespetatuta, Eusko Jaurlaritzak auzolandegiak antolatzeko programa bat kudeatu ohi du kulturaren arloan eskumena duen sailaren bitartez.

Ondorioz, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Onartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren «Auzolandegiak» programaren 2015. urteko ediziorako proiektuak aurkez ditzaten Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoei eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuei egiten zaien deialdia. Deialdia arautzen duten oinarriak agindu honen eranskinean daude jasota.

2. artikulua.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

3. artikulua.– Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko azaroaren 19a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN «AUZOLANDEGIAK» PROGRAMAREN 2015. URTEKO EDIZIORAKO PROIEKTUAK AURKEZ DITZATEN EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ERAKUNDE PUBLIKOEI ETA IRABAZI-ASMORIK GABEKO ERAKUNDE PRIBATUEI EGITEN ZAIEN DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa.– Xedea.

Oinarri hauen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren «Auzolandegiak» programaren 2015. urteko ediziorako proiektuak aurkez ditzaten Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoei eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuei egiten zaien deialdiaren arauak ezartzea.

Bigarrena.– Definizioa.

1.– Hona auzolandegitzat zer hartzen den: hainbat jatorritako gazteek beren borondatez eta eskuzabaltasunez konpromisoa hartzen dute gizarte proiekzioko egitasmo bat eta jarduera osagarriak garatzeko, denbora-tarte jakin batean, eta egitasmo horren bitartez, besteak beste, elkarbizitza, tolerantzia, elkartasuna, parte-hartzea eta kulturartekotasuna sustatzen dira.

2.– «Auzolandegiak» programarekin elkarlanean jarduteko interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoek eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek beren gizarte proiekzioko lan-egitasmoa aurkeztu ahal izango dute.

3.– Ezingo dute agindu honetan parte hartu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten erakunde publikoek eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen indarrez jarritako isunen ondorioz debekua dutenek ere.

Hirugarrena.– Proiektuen tipologia.

1.– Erakunde publikoek eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek edozein tipologia edo modalitatetako proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte, boluntarioek auzolandegietan egin beharreko lan-arloari dagokionez (ingurumena, arkeologia, berreraikitzea, gizarte-lana, antzerkia, artea, ondarea berreskuratzea...).

2.– Erakunde interesatuek kontuan hartu beharko dute auzolandegien xedea dela hainbat jatorri eta kulturatako gazteen arteko elkarbizitza eta kultura-trukea bultzatzea, auzolandegia hartuko duen komunitatearen onerako izango den boluntario-lanaren bidez, hau da, ondasun edo zerbitzu publiko izango den gizarte proiekzioko lan baten bidez.

Laugarrena.– Proiektuen baldintzak.

Hauek dira proiektuetan kontuan hartuko diren baldintzak:

a) Auzolandegiak, ahal dela, uztail-abuztuetan egingo dira. Alabaina, aurreko eta ondoko hiletara ere luzatzea aztertuko du Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak, erakunde interesatuek aurkezten dituzten proiektuen eskaintza ikusita. Aldi horren barruan, nahi duten denbora-tarte zehatza aukeratu ahal izango dute erakunde interesatuek auzolandegiak egiteko.

b) Ahal dela, auzolandegiak bi txandatan egingo dira, eta txanda bakoitzak hamabost egun hartuko ditu.

c) Proiektuak planteatzen direnean bermatu beharko da boluntarioek eskaintzen diren txanda guztietan izango dutela lana.

d) Auzolandegietako txanda bakoitza 20 bat gazterentzat antolatuko da.

e) Proiektuak erakundearen onarpena duela egiaztatzeko, erakunde publiko edo pribatuaren organo eskudunak agiri bat aurkeztu beharko du, non proiektua burutzeko eta agindu hau betetzeko konpromisoa agertuko duen.

f) Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzari eranskin honetako 9. oinarrian adierazitako dokumentazioa bidali izana.

Bosgarrena.– Hautaketa Batzordea.

1.– Aurkeztutako eskariak aztertu, balioetsi eta hautatzeko, hautaketa-batzordea osatuko da. Hauek izango dira hautaketa-batzordeko kideak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legeak, otsailaren 18koak, xedatzen duenari jarraiki:

– Lehendakaria: Néstor Arana Arabaolaza, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako Gazteria arduraduna.

– Bokala: Lourdes Ramírez De Ocáriz, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako teknikaria. Ordezkoa: Josu Gerediaga Egurrola, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako teknikaria.

– Bokala: Silvia Torre Goikoetxea, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako teknikaria; idazkari moduan jardungo du. Ordezkoa: Javier Gutiérrez Páramo, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako teknikaria.

2.– Eskarien azterketa eta ebazpen-proposamena: hurrengo oinarrian aipatzen diren balorazio-irizpideak kontuan hartuta, Hautaketa Batzordeak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Gazteria eta Kiroletako zuzendariari. Gainera, beharrezko iritzitako argibide eta dokumentazio oro eskatu ahal izango die proiektuak aurkeztutako erakundeei, betiere, aldez aurretik jakinarazita eta 10. oinarrian finkatutako epea emanda. Bestalde, Hautaketa Batzordea proiektua aurkeztutako erakundeekin ados jarri ahalko da aurkeztu dituzten datak aldatzeko, «Auzolandegiak» programaren eskaintza egokitze aldera.

Seigarrena.– Proiektuak balioesteko irizpideak.

Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da, eta, beraz, proiektuak hautatzeko, aurkeztutako guztien arteko alderaketa egingo da, beherago zehaztutako balioespen-irizpideak aintzat hartuta. Gutxienez, sei proiektu hautatuko dira, eta horretarako, beharrezkoa izango da proiektuak gutxienez 40 puntu lortzea. Hona hemen Hautaketa Batzordeak kontuan hartuko dituen balioespen-irizpideak:

a) Proiektuen interes soziala. Proiektuaren eragin soziala baloratuko da, hain zuzen ere, zertan lagunduko dion hartzen duen komunitateari eta zenbatean eragingo dion bere garapenari. Era berean, baloratu egingo da onuradunen kopurua eta baita zer nolako emaitzak espero diren kokatuta egongo den eremuan: gehienez ere, 40 puntu.

b) Proposatutako lanaren iraunkortasuna eta baita sostengarri izatea parte-hartzaileei dagokienez, zein hartuko duen lekuko komunitateari dagokionez: gehienez ere, 40 puntu.

c) Ostatuaren instalazioen baldintzak. Egokiro instalatutako sukaldea eta jakietarako biltegia izatea baloratuko da: gehienez ere, 15 puntu.

d) Gai aldetik, eskaintza orekatua eta askotarikoa izatea: gehienez ere, 5 puntu.

Zazpigarrena.– Erakundeen konpromisoak.

Hautatutako proiektuak aurkeztu dituzten erakundeek honako prestazio hauek emateko konpromisoa hartuko dute eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioak ez die, trukean, inolako diru-ordainketarik egingo:

a) Auzolandegiko lan eta jarduerak egiteko beharrezkoak diren materialak, bai eta bertako lurra eta instalazioak parte-hartzaileen beharrizanetara egokitzeko beharrezkoak direnak ere.

b) Auzolandegiko lanen zuzendaritza teknikoetarako eta auzolandegiko lanak abian jartzeko beharrezkoak diren langileak, antolatzaileen gidaritzapean. Langile horiek auzolandegia hasi aurretik zuzendaritza- eta animazio-taldearekin biltzeko modua izan behar dute, udalerri edo komunitatean dauden baliabideak jakinarazteko eta horietarako sarbidea eman eta aldez aurretik programa eta jarduera osagarriak antolatzeko.

c) Parte-hartzaileei ostatu emateko lokal edo instalazioak, behar bezalako higienea, osasungarritasuna eta segurtasuna bermatuko dituztenak, auzolandegiko lanak egiteko egokiak. Gutxienez, honakoak:

– Bi gune lo egiteko, oheak elkarren gainekoak edo ez.

– Gune bat, auzolandegiko zuzendaritza- eta animazio-taldearentzat.

– Gune bat, jolas-jarduerak egiteko materiala gordetzeko.

– Dutxak eta komunak, gazteen ostatu-lekuan edo handik gertu.

– Jarduera-areto bat.

– Egongela-jangela bat.

Instalazioen deskribapenean zehaztu behar da ea ahalmen urritasunik duten pertsonentzat egokituta dauden ala ez, eta, eraikuntza-oztoporik egonez gero, horien zerrenda jaso.

Ahal dela, erakundeak auzolandegiko taldearentzat bakarrik erreserbatuko du ostatu-lekua, auzolandegiak dirauen bitartean. Osterantzean, horren berri eman behar zaio lehenbailehen Gazteria eta Kirol Zuzendaritzari.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean egin beharreko jarduera soziokultural edo aisialdikoen jardunaldi bat, gutxienez, ziurtatzen duten elementu material eta pertsonalak.

e) Gazte boluntarioak garraiatzeko modua, lantokia ostatua duten lekutik urruti baldin badago.

f) Beharrezkoak diren segurtasun-neurri guztiak, parte-hartzaileek lanean osasun fisikoan eta bizian inolako arriskurik izan ez dezaten.

g) Ostatu-lekuan garbiketa egiteko materiala.

h) Auzolandegia egingo den tokiko eta inguruko kultura-alderdiak erakustea, programak bilatzen duen kulturarteko ikaskuntzaren helburua egoki bete dadin.

i) Behin auzolandegia bukatu eta gero, egindako lanaren gaineko dokumentazio grafikoa ere bilduko duen txosten bat aurkeztea.

j) Auzolandegiko parte-hartzaileei hasierako harrera eta bukaerako agurra egitea.

k) Aurrekoak gorabehera, erakundeak komenigarritzat iritzitako beste elementu edo prestakuntza batzuk ere eskaini ahalko ditu, aldez aurretik Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako arduradun antolatzaileen baimena eskuratu eta gero.

Zortzigarrena.– Proiektuak aurkezteko epea.

1.– Deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta biharamunetik aurrera.

2.– Eskabideak bertatik bertara aurkez daiteke Gazteria eta Kirol Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Herritarrentzako Arretarako Guneko bulegoetan (Zuzenean), edota 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

Bederatzigarrena.– Aurkeztu beharreko agiriak.

Erakunde interesdunek honako agiriak bidali behar dituzte:

a) Auzolandegiaren proiektu teknikoa, honakoak xehe-xehe jasoko dituena: egin beharreko lanak, lekua eta egunak, eta proiektuaren helburu zehatza ulertzen lagundu dezakeen beste edozein alderdi. Gainera, ostatu-lekuko instalazioen deskribapen zehatza jaso beharko da, eta, hala badagokio, baita sukaldearena eta haren ekipamenduarena ere, eta janari-biltegiarena ere bai. Bai proiektu teknikoaren deskribapena bai instalazioena material grafikoaz lagunduta aurkeztu beharko da.

b) Proiektuak duen interes sozialaren, kulturalaren eta historikoaren justifikazioa.

c) Proiektuak erakundearen onarpena duela egiaztatzeko, erakunde publiko edo pribatuaren organo eskudunak agiri bat aurkeztu beharko du, non proiektua burutzeko eta agindu hau betetzeko konpromisoa agertuko duen.

d) Auzolandegian egin beharreko jardueren eta proposamenen zerrenda, inguruneak kultura aldetik dituen baliabideak erakusteko.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzen duena erakunde eskatzaileak ez duela zigor administratibo edo penalik, sexu-bereizkeria dela-eta.

Hamargarrena.– Akatsak zuzentzea.

Eskaera izapidetzea onartzeko eskatzen diren agirietakoren bat faltako balitz, agiriotan formazko akatsen bat balego edo baloraziorako aurkeztutako dokumentazioan akatsik aurkituko balitz, hamar laneguneko epea emango zaio interesatuari, akatsa zuzen dezan edo beharrezkoak diren agiriak aurkez ditzan. Jakinarazpen horretan adieraziko zaio hori egin ezean, ebazpena emango dela eta, ondoren, eskaera baliogabetutzat edo eskabidea izapidetzea onartzeko eskubidea amaitutzat joko dela.

Hamaikagarrena.– Ebazpena.

1.– Hautaketa Batzordearen proposamena ikusita, «Auzolandegiak» programarako proiektuen onarpenari buruzko Ebazpena emango du Gazteria eta Kiroletako zuzendariak, hilabeteko epean, proiektuak aurkezteko epea amaitzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

2.– Ebazpena interesa duten erakunde guztiei jakinaraziko zaie, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

3.– Deialdiaren ebazpena eman ondoren, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak hitzarmen bana sinatuko du 2015ko auzolandegien eskaintzarako onarturiko proiektuak aurkeztu dituzten erakunde publiko eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuekin.

Hamabigarrena.– Jarduera bertan behera uztea.

Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak proiektuaren bideragarritasuna arriskuan jar dezaten arrazoi tekniko daudela deritzonean, bertan behera utzi ahal izango du Euskadiko Autonomia Erkidegoan egin beharreko auzolandegi bat, Gazteria eta Kiroletako zuzendariak ebazpena eman ondoren. Gertaera horrek ez du ekarriko inolako kalte-ordainik proiektua aurkeztu duen erakunde kolaboratzailearentzat.

Hamahirugarrena.– Ekintzak jakinaraztea.

Onartutako proiektuak aurkeztu dituzten erakunde publiko eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek «Auzolandegia» programarekin eta, bereziki, haiekin elkarlanean garatuko den auzolandegiarekin loturiko edozein zabalkunde- edo komunikazio-ekintza egin behar dutenean –zabaltzeko edo komunikatzeko bidea edozein dela ere–, aldez aurretik horren jakitun ipini behar dute Gazteria Zuzendaritza, ekintzaren deialdia edo, hala badagokio, ekintza bera, burutu baino lehen.

Hamalaugarrena.– Datu pertsonalen erabilera.

Onartutako proiektuak aurkeztu dituzten erakunde publiko edo irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek datu pertsonalak babesteko araudian xedatutakoa bete dadila begiratuko dute.

Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari jarraituz eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoaren arabera, deialdi honen izapidetzean jasotako datu pertsonalak fitxategi batean sartuko dira, deialdi hau eta berarekin loturiko beste edozein prozedura edo espediente administratibo kudeatzeko helburuz, bai eta bertan parte hartzen dutenei deialdiaren garapenaren berri emateko ere. Gazteria eta Kirol Zuzendaritza izango da arduraduna. Hala nahi izanez gero, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez baliatu ahalko da, horretarako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzari idatzi bat bidaliz (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).


Azterketa dokumentala