Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

226. zk., 2014ko azaroaren 26a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
5053

12/2014 FORU ARAUA, azaroaren 6koa, zeinaren bidez sortzen baita «Kabia» izeneko foru organismo autonomoa, gizarte zerbitzuak kudeatu, eman eta gauzatzeko.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «12/2014 Foru Araua, azaroaren 6koa, zeinaren bidez sortzen baita "Kabia" izeneko foru organismo autonomoa, gizarte zerbitzuak kudeatu, eman eta gauzatzeko»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2014ko azaroaren 6a.

Diputatu nagusia,

MARTIN GARITANO LARRAÑAGA.

HITZAURREA

Eusko Legebiltzarrak onartutako Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/2008 Legeak, abenduaren 5ekoak, ezartzen du Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako eskumenen banaketa; zehazki, bere 30.1 artikuluaren arabera, «Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren esparruan, lege honek eta lege honen garapenerako xedapenek foru-aldundien esku uzten dituzten eskumenak haien lurralde-eremuan erabiltzeko ardura foru-aldundien gizarte-zerbitzuena izango da».

Bestalde, 41. artikuluak xedatzen du foru organoek eskumena izango dutela, bakoitzak bere lurraldean eta besteak beste, 22. artikuluko 2. paragrafoan arauturik dauden bigarren mailako arretako gizarte zerbitzuak eskaintzeko, zuzeneko ekintza eskumena dela-eta Eusko Jaurlaritzaren esku daudenak izan ezik.

Aipatu lege esparruari erantzunez eta Gizarte Zerbitzuen Legearen 22. artikuluko 2. paragrafoan arauturik dauden eta Foru Aldundiaren eskumenekoak diren bigarren mailako arretako gizarte zerbitzuak kudeatzeko bitartekoetako bat izateko helburuarekin, foru arau honen bidez Kabia izeneko foru organismo autonomoa sortzen da, ondoko beste foru arau honetako 4. artikuluan xedatutakoari jarraituz: 2007ko martxoaren 27ko 4/2007 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu Araubidearena.

Foru arau honen 1. artikuluak ezarritakoari jarraituz, foru organismo autonomoak nortasun juridiko propioa eta desberdindua dauka, baita kudeaketarako autonomia ere, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuari atxikitzen zaio, funtzioen deszentralizazio araubidearekin; Gipuzkoako Foru Aldundiaren bitarteko propiotzat hartzen da; eta 2. artikuluak xedatzen duenaren arabera, funtsezko helburutzat izango ditu Eusko Legebiltzarraren gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko, 12/ 2008 Legearen eskumen eremuan, Gipuzkoako Foru Aldundiak aginduko dizkion zerbitzu eta funtzioak.

3. artikuluan oinarrituta, foru organismo autonomoari dagokio Gizarte Zerbitzuen Eusko Jaurlaritzaren, abenduak 5eko, 12/2008 Legeko 22. artikuluko 2. atalean araututako bigarren mailako gizarte zerbitzuen zuzkidura. Era berean, foru organismo autonomoak, beste administrazio publiko bateko eskumeneko izan daitekeen, lehen mailako gizarte zerbitzuen arreta, lagapen araubidez eman ahal izango du.

Horrela, foru organismo autonomoa sortzeak aukera ematen dio Foru Aldundiari eredu aldaketa baterantz joateko, Gipuzkoan gizarte zerbitzuak zuzenean kudeatzeri begira.

Zentzu horretan, foru organismo autonomoak, gerora, beregain hartu ditzake gaur egun irabazi asmorik gabeko entitate pribatuek –Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalen batek horien gobernu eta kontrol organoetan parte hartzen duenean– ematen dituzten beste zerbitzu batzuk ere.

Foru araua honek hamazazpi artikulu ditu, hiru xedapen gehigarri eta amaierako hiru xedapen.

1. artikulua.– Sorrera, izaera eta atxikipena.

1.– Foru arau honen bidez, Kabia izeneko foru organismo autonomoa sortzen da, ondoko beste foru arau honetako 4. artikuluan xedatutakoaren arabera eratua: 2007ko martxoaren 27ko 4/2007 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu Araubidearena.

2.– Foru organismo autonomoak nortasun juridiko propioa eta jarduteko ahalmen osoa, ondare eta diruzaintza propioak eta kudeaketarako autonomia izango ditu, ematen zaizkion funtzioak eta eskumenak betetzeko.

3.– Foru organismo autonomoa Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuari atxikitzen zaio, funtzioen deszentralizazio araubidearekin; eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren bitarteko propiotzat hartzen da.

4.– Foru organismo autonomoa arautuko dute foru arau honek, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aurrekontu eta Finantza Araubideari buruzko 2007ko martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari lotutako organismo autonomoei dagozkien gainerako xedapenek.

2. artikulua.– Helburuak.

1.– Foru organismo autonomoaren funtsezko helburua honakoa da: Eusko Legebiltzarrak onartutako Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/2008 Legeak, abenduaren 5ekoak, ezarritako eskumen esparruan, Gipuzkoako Foru Aldundiak agindutako zerbitzu eta funtzioak kudeatzea, ematea eta gauzatzea.

2.– Foru organismo autonomoak bere helburuak betetzeko garatuko dituen programa eta jarduera espezifikoak Gipuzkoako Foru Aldundiak definituko ditu.

3.– Bere estatutuek eta artikulu honetan aurreikusitakoari jarraikiz Gipuzkoako Foru Aldundiak hartzen dituen erabakiek ezarritako esparruan, agintzen zaizkion zerbitzu, programa eta jarduerak nola garatu antolatuko du foru organismo autonomoak, horretarako egoki iritzitako antolaketa eta funtzionamendu arauak ezarriz.

3. artikulua.– Eginkizunak.

1.– Foru organismo autonomoak bere estatutuetan ezarritako eginkizunak izango ditu. Bereziki, bere eginkizuna izango da bigarren mailako arretako gizarte zerbitzuak ematea, Eusko Legebiltzarrak onartutako Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/2008 Legeak, abenduaren 5ekoak, 22. artikuluko 2. atalean araututakoaren arabera.

2.– Era berean, foru organismo autonomoak, beste administrazio publiko bateko eskumeneko izan daitekeen, lehen mailako gizarte zerbitzuen arreta, lagapen araubidez eman ahal izango du.

3.– Eginkizun horiek betetzeko, foru organismo autonomoak berariazko programak gauzatuko ditu, prestazio jarduerak edo zerbitzu publikoak kudeatzekoak garatuko ditu, bere zentroak kudeatu eta ustiatuko ditu, foru organismo autonomoari atxikitako ondasunak kudeatuko ditu, azterketa, txosten eta estatistikak egingo ditu, eta, baita ere, bere ekimenez edo besteren batek eskatuta, bigarren mailako arretako gizarte zerbitzuekin lotutako bestelako jarduerak gauzatuko ditu.

4. artikulua.– Egitura.

Foru organismo autonomoak gobernu eta zuzendaritza organo hauek edukiko ditu:

a) Gobernu Batzordea.

b) Lehendakaria.

c) Lehendakariordea.

d) Kudeatzailea.

5. artikulua.– Gobernu Batzordea.

1.– Gobernu Batzordea foru organismo autonomoaren organo gorena da, eta kide hauek izango ditu:

– Foru organismo autonomoko lehendakaria, zeina gizarte zerbitzuen inguruko eskumena duen departamentuko foru diputatua izango baita.

– Foru organismo autonomoko lehendakariordea, gizarte zerbitzuen inguruko eskumena duen departamentuko zuzendari nagusi bat izango baita.

– Gipuzkoako Foru Aldundiko 5 ordezkari, zeinak izango baitira kudeaketa arlo hauetakoak: gizarte zerbitzuak, funtzio publikoa, ondarea, eta finantzak eta aurrekontuak.

– Gizarte zerbitzuen alorrean entzute handia duten pertsonen artean Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkide taldeek izendatutako ordezkari bana.

– Foru organismo autonomoko langileen ordezkari sindikal bat.

– Foru organismo autonomoko kudeatzailea, zeina agertuko baita Batzordearen bileretara hitzarekin baina botorik gabe.

2.– Foru organismo autonomoko lehendakariak izendatuko du zein jardungo den idazkari funtzioetan. Pertsona hori arlo juridikokoa izango da.

3.– Batzordeko kideren bat falta bada edo gaixorik badago eta, oro har, arrazoi justifikaturen bat dagoenean, Gobernu Batzordeko kide bakoitzak beste kideren batean eskuordetu dezake bere botoa.

4.– Batzar Orokorra osatzerakoan sexu bakoitzaren ordezkaritza gutxienez % 40koa izango da.

Gobernu Batzordea osatzeko kideak izendatzeko prozedura foru agindu bidez ezarriko da osaketa orekatua izatea bermatzeko, Batzar Nagusietako organo eskudunekin koordinatuz behar den kontuetan.

5.– Erakunde autonomoaren hizkuntza irizpideek bat egingo dute Gipuzkoako Foru Aldundian euskararen erabilera arautzen duen foru dekretuaren printzipioekin. Hori horrela, Kabia erakunde autonomoaren gobernu eta zuzendaritza organoei euskarazko funtzionamendua ahalbidetzeko, bermatuko da Gobernu Junta osatuko duten kideek nahikotasunez ezagutzea euskara.

6. artikulua.– Gobernu Batzordearen eskuduntzak.

Eskuduntza hauek izango ditu Gobernu Batzordeak:

1.– Batzordea bera eratzea.

2.– Foru organismo autonomoaren lerro estrategikoak onartu, aldatu eta berrikustea.

3.– Foru organismo autonomoaren urteko aurrekontuaren aurreproiektu proposamena eta urteko kontuak onestea.

4.– Foru organismo autonomoaren jardueren memoria onestea.

5.– Foru organismo autonomoaren diru sarrera izango diren tasa eta prezio publikoen onespena proposatzea.

6.– Gastuak baimentzea eta xedatzea, gainerako organoek gai horretan dituzten eskuduntzen kalterako izan gabe.

7.– Kontratazio espedienteak onartzea, gainerako organoek gai horretan dituzten eskuduntzen kalterako izan gabe; eskuduntza honek inplizituki ekartzen ditu gastuak onesteko eskuduntza eta legediak kontratu gaietan kontratazio organoari ematen dizkion gainerako eskuduntza guztiak.

8.– Langileen plantilla, lanpostuen zerrenda eta langileen ordainsarien zenbatekoa onestea, Diputatuen Kontseiluak onetsitako lanpostuen egituraren arabera.

9.– Langileak hautatzeko eta lanpostuak betetzeko lehiaketetarako proben oinarriak onestea.

10.– Langileen izendapenak eta kargugabetzeak egitea.

11.– Foru organismo autonomoko langileen lan baldintzak onartzea.

12.– Mota guztietako akzioak erabiltzea: administratiboak, judizialak eta judizioz kanpokoak.

13.– Foru organismo autonomoaren estatutuen aldaketa proposatzea.

14.– Foru organismo autonomoa desegitea proposatzea.

15.– Foru organismo autonomoa estatutuen arabera gobernatzearekin lotutako gainerako eskuduntzak.

7. artikulua.– Lehendakaria.

Organismo autonomoko lehendakariari ahalmen hauek dagozkio:

1.– Foru organismo autonomoa ordezkatzea era guztietako negozio juridikoetan, publikoak nahiz pribatuak izan, ahalmenak edukita mandatuak eta botereak emateko organismoa ordezkatzen, defendatzen eta laguntzen duten prokuradoreei eta abokatuei.

2.– Erabakitzea, urgentzia kasuan, edozein akzio mota erabiltzea eta errekurtsoak aurkeztea, Herri Administrazioko organoen aurrean eta justizia epaitegien aurrean; eta gero, horren berri ematea Gobernu Batzordeari.

3.– Gobernu Batzorderako deia egin eta bertan mahaiburu aritzea; bileretako gai zerrenda ezarri, eta bilerak ireki eta etetea; deliberazioak zuzentzea; berdinketak bere kalitateko botoarekin ebaztea; eta bilera horietako aktak ikus-onestea.

4.– Organismoaren helburuak, estatutuetan eta haien garapen arauetan xedatutakoak, betetzen direla zaintzea.

5.– Gastuak baimentzea eta xedatzea, gizarte zerbitzuen alorrean eskumenak dituen Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuko titularrarentzat adierazitako zenbatekoagatik.

6.– Betebehar ekonomikoak aitortzea eta bere aurrekontuko gastuak ordaintzea agintzea.

7.– Kontratazio espedienteak onartzea, gizarte zerbitzuen alorrean eskumenak dituen Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuko titularrarentzat adierazitako zenbatekoagatik; eskuduntza honek inplizituki ekartzen ditu gastuak onesteko eskuduntza eta legediak kontratu gaietan kontratazio organoari ematen dizkion gainerako eskuduntza guztiak.

8.– Auzibide zibilera edo lan auzibidera jo aurreko erreklamazioak ebaztea.

9.– Estatutuen arabera foru organismo autonomoaren lehendakaritzari dagozkion gainerako ahalmenak eta baita ere berariaz beste organoei eman ez zaizkien horiek.

8. artikulua.– Lehendakariordearen eskuduntzak.

Gobernu Batzordeko lehendakariordeari hauek dagozkio:

1.– Lehendakaria ordeztea, hau ez dagoenean, foru arau honetan eta foru organismo autonomoaren estatutuetan lehendakariarentzat ezarritako funtzio guztietan.

2.– Lehendakariak eskuordetzen dizkion funtzioak.

9. artikulua.– Kudeatzailea.

1.– Kudeatzailea Gobernu Batzordeak izendatu eta kargugabetuko du. Kargu hori administrazio publikoko karrerako funtzionario bati emango zaio.

2.– Kudeatzaileak funtzio hauek izango ditu:

1) Foru organismo autonomoa kudeatzea, Gipuzkoako Batzar Nagusiek onetsitako aurrekontuen arabera.

2) Planak eta programak garatzea, Gobernu Batzordeak jarritako helburuak benetan lor daitezen.

3) Foru organismo autonomoaren aurrekontuen aurreproiektua prestatzea.

4) Era guztietako zerbitzu teknikoak eta laguntzakoak bultzatzea, zerbitzu ezberdinen eraginkortasun osoa lortzeko, eta zerbitzuok plangintza orokorraren beharretara egokitzea.

5) Foru organismo autonomoan jarduketa edo hobekuntza berriak proposatzea.

6) Arreta berezia jartzea erabiltzaileekiko harreman egokian, eta zerbitzu egokia eta kalitatekoa jaso dezaten zaintzea.

7) Foru organismo autonomoa ordezkatzea beste erakunde batzuen aurrean, bere kargu uzten dizkioten gaietan.

8) Kontratazio espedienteak onartzea, Gipuzkoako Foru Aldundian gizarte zerbitzuen arloko eskumena duen departamentuko zuzendari nagusientzat ezarritako zenbatekoagatik. Ahalmen honek inplizituki daramatza gastua onestearena eta kontratu gaietan legeak kontratazio organoari ematen dizkion gainerako ahalmen guztiak.

9) Organo eskudunek baimendu dituzten ordainketak egitea.

10) Ondare erantzukizuneko erreklamazio espedienteak abiaraztea eta bideratzea.

11) Estatutuetan jasotako gainerako funtzioak eta Gobernu Batzordeak edo lehendakariak beregan eskuordetzen dituzten ahalmen eta eskuduntza guztiak.

10. artikulua.– Araubide juridikoa.

1.– Gobernu Batzordearen administrazio egintzek eta xedapen orokorrek eta lehendakariaren administrazio egintzek administrazio bidea amaitzen dute, eta haien aurka errekurtsoa jar daiteke, ondorengo lege hauek ezarritakoaren arabera: 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak; eta 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legeak, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duenak.

2.– Kudeatzailearen egintzen kontra gorako errekurtsoa jarri daiteke, foru organismo autonomoko lehendakariaren aurrean.

3.– Gizarte zerbitzuen arloko eskumena duen departamentuko titularrari dagokio erabat deusezak diren egintzak ofizioz berrikustea, eta Gobernu Batzordearen egintzen kaltegarritasun deklarazioa egitea.

11. artikulua.– Foru organismo autonomoaren ondarea.

Foru organismo autonomoaren ondarea osatuko dute Foru Aldundiak atxikiko dizkion ondasunek eta eskubideek, eta bere araubidea izango da 1996ko uztailaren 9ko 8/1996 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Ondareari buruzkoak, ezarritakoa.

Hala ere, foru organismo autonomoaren ezaugarriak eta helburuak kontuan hartuta, bere ondarearen barruan integratu ditzake beste edozein pertsonak edo entitatek esleitutako ondasun eta eskubide guztiak, eta horiei dagokienez bere estatutuetan aurreikusitako eskuduntzak eta ahalmenak izango ditu.

12. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Foru organismo autonomoaren baliabide ekonomikoak honela osatuko dira:

1.– Gipuzkoako Foru Aldundiaren Aurrekontu Orokorretan berariaz esleitutako kontsignazioak.

2.– Bere ondarea osatzen duten ondasun eta balioak.

3.– Bere ondarearen produktuak eta errentak.

4.– Foru organismo autonomoak emandako zerbitzuengatik erabiltzaileek ordaintzen dituzten tasa eta prezio publikoak.

5.– Pertsona fisikoek nahiz juridikoek emandako diru laguntzak, ekarpenak, dohaintzak edo laguntzak, pertsona haiek publikoak nahiz pribatuak izan.

6.– Foru organismo autonomoak lor lezakeen beste edozein baliabide.

13. artikulua.– Tasa eta prezio publikoen kudeaketa.

Foru organismo autonomoari dagokio borondatezko ordainketa aldian kudeatzea ematen dituen zerbitzuen eta jardueren ondorioz sortzen diren tasa eta prezio publikoak.

14. artikulua.– Ekonomia, finantza eta aurrekontu araubidea.

Foru organismo autonomoaren ekonomia, finantza, aurrekontu, kontabilitate eta kontrol araubidea izango da 2007ko martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu Araubidearenak, ezarritakoa.

15. artikulua.– Kontratazio araubidea.

Foru organismo autonomoak egingo dituen kontratuek bete egin behar dute sektore publikoko kontratuen legedian eta administrazioaren bitarteko propio deklaratutako entitateei aplikatzekoak diren kontratazio arauetan jasotakoa.

16. artikulua.– Langileen araubidea.

1.– Foru organismo autonomoan enplegatutako langileen harreman juridikoa lan edo funtzionario izaerakoa izango da.

2.– Lan kontratuei lan aginduak aplikatuko zaizkie, eta funtzionario izaerako kontratuei, berriz, estatutuetako aginduak.

3.– Erakunde autonomoak bere langileak aukeratuko ditu, funtzionarioak edo laboralak, deialdi publiko bidez eta oposizio, lehiaketa edo lehiaketa oposizio libreen bidez. Bertan, publizitate, berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioak bermatuko dira. Hori guztia unean uneko legediaren arabera mandatuaren xede den zerbitzuari atxikitako langileen transferentzia jaso behar duten prozesuen kaltetan izan gabe.

17. artikulua.– Desegitea, likidatzea eta eskubideen nahiz betebeharren subrogazioa.

Foru organismo autonomoa iraupen mugagabeko organismo autonomo gisa konfiguratzen da, eta haren balizko desegitea hori ezartzen duen foru arauaren mende dago, bertan ezarriko baita nola egingo den organismoan iraunkor geratzen diren eskubideen eta betebeharren ondorengotza.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Diputatuen Kontseiluari baimena ematen zaio onar ditzan foru arau hau garatu eta gauzatzeko behar diren xedapen guztiak.

Bigarrena.– Foru organismo autonomoak beregain hartzen dituen tokiko entitateetako zerbitzuetara atxikitako langileak, funtzionarioak nahiz lan-kontratukoak, organismo autonomoaren mende egotera pasako dira, organikoki nahiz funtzionalki, foru organismo autonomoak zerbitzu horiek beregain hartzen dituen egunean bertan.

Hirugarrena.– Organismo autonomoa eratu eta hurrengo bi hilabetetan, Foru Aldundiak Batzar Nagusiei langileen plantillari buruzko informazio xehatua bidaliko die idatziz, bananduta bigarren xedapen gehigarriaren arabera subrogatutako langileak eta ez direnak subrogatuak, eta zehaztuta azken kasu horretan izendapen bakoitzean erabili duten hautapen sistema

AMAIERAKO XEDAPENAK

Lehenengoa.– Gipuzkoako Foru Aldundiak 2. artikuluko 1. atalaren arabera egingo dituen kudeaketa mandatuak lehenik eta behin izango dira udal titularitateko bigarren mailako arretako zerbitzuen kudeaketari lotutakoak, adineko pertsonentzako eta mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako egoitzei eta eguneko zentroei dagokienez.

Gipuzkoako Foru Aldundiak lehendabiziko paragrafoan aipatzen dituen hamaika egoitzetako kudeaketa mandatuak gehienez bi urteko epean gauzatu beharko ditu, arau hau indarrean jartzen denetik aurrera. Gainontzeko bost egoitzekin, prozesua osatzeko gehienez beste bi urte izango ditu.

Bigarrena.– Amaierako lehen xedapenean aipatzen ez diren lehen mailako arretarako eta bigarren mailako arretarako gizarte zerbitzuen kudeaketaren mandatuak Gipuzkoako Batzar Nagusiek berretsi beharko dituzte.

Hirugarrena.– Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu, eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.


Azterketa dokumentala