Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

227. zk., 2014ko azaroaren 27a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
5062

9/2014 FORU ARAUA, urriaren 27koa, Gipuzkoako ekonomiari bultzada berria eman eta krisitik errazago ateratzeko laguntzei buruzkoa.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «9/2014 FORU ARAUA, urriaren 27koa, Gipuzkoako ekonomiari bultzada berria eman eta krisitik errazago ateratzeko laguntzei buruzkoa»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2014ko urriaren 27a.

Diputatu Nagusia,

MARTIN GARITANO LARRAÑAGA.

HITZAURREA
KRISIAREN ERAGINAK GIPUZKOAN

Gipuzkoa, Euskadi, euro-eremu eta Europako Batasuneko makroekonomiak 2013ko laugarren hiruhilekoan izan duen eboluzioari buruzko datuek berresten dute hazkunde ekonomiko negatiboa egon dela sei hiruhilekotan segidan eta portaera laua egon dela, % 0 inguruko hazkundearekin, azken hiru hiruhilekotan. Horrek erakusten du inoiz ezagutu den depresio ekonomikoko ziklorik luzeena ari garela pasatzen; hala, inbertsioa, kontsumoa eta kanpo-merkataritza murriztu egin dira, langabezia handitu egin da eta enpresa-jarduera hondatu egin da, krediturik ematen ez delako eta enpresek itxi eta birmoldatu egin behar izan dutelako.

Egoera horren ondorioz, zerga bidezko sarrerak jaitsi egin dira eta, Gipuzkoari dagokionez, sarrerak krisia hasi aurreko urteetako zifren azpitik ibili dira 2009-2013 urteetan, denboraldi horretan ia batere aldatu gabe mantendu direlarik. Jaitsiera horren erruz, era berean, ahalmen txikiagoa egon da aurrekontu bidezko inbertsioetarako eta ahalmena txikiagotu egin da, Lurralde Historikoari handitu egin zaizkiolako bere eskumenak erabiltzeko dituen behar finantzarioak.

Nazioarte-mailako krisi baten aurrean gaude, sei urte betetzera doan krisia da (ezagutu izan den luzeena). Sektore finantzarioa birmoldatzen ari da; sektore publikoa itota dago, aurrekontuetako defizita murriztu nahian; eta hazkunde ekonomikoari buruz orain arte ditugun azken datuen eboluzioa laua da. Horrek guztiak pentsarazten digu gutxienez beste bi urteko etapa bat beharko dela, ziklo ekonomiko berri bat bideratzeko, hazkunde iraunkorra ahalbidetuko duten baldintzak izango dituen zikloa hain zuzen.

Hazkunde nabari eta iraunkorraz soilik izango gara gai ziklo negatibo honetatik irteteko eta fase berri bat hasteko, hain zuzen ere enplegua, eskaria, inbertsioa eta zerga bidezko sarrerak handitzea eta gure garapen endogenoaren motor diren enpresa-jarduera eta sektore esportatzailea berriro indartzea ahalbidetuko digun fasea.

Europako Batzordeak joan den martxoan 2014 eta 2015 urteei begira eginiko iragarpen ekonomikoak kontuan hartuta, susperraldia 2014an hasiko da etengabeko hobekuntzarekin eta EBeko BPGren % 1,5 inguruko hazkundearekin eta, 2015ean, % 2,0ko hazkundearekin. Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, hazkunde apalxeagoa aurreikusten du Euskadirako: barne produktu gordinaren % 0,9ko hazkundea. Horrek erakusten du susperraldira iristeko gure programa zertxobait atzeratuta doala Europako Batasuneko estatuek iragartzen duten batez besteko eboluzioaren aldean.

Krisia sakondu egin da aurreko bi urte hauetan eta oso aukera-leiho gutxi ikusten dira epe laburrean. Bi zirkunstantzia horiek modu dramatikoan ari dira eragiten enpleguan, aberastasunaren sorreran eta zerga-bilketan, eta, ondorioz, hiritar gehienen bizi-baldintzek okerrera egiten dute nabarmen.

Nozitzen ari garen krisiak ezaugarri eta eragin jakin batzuk ditu, ondoren xehatuko ditugun hauek:

● Krisia ez da koiunturazko krisi bat; aitzitik, elementu estrukturalak ditu. Horregatik, birmoldatu egin beharra dauzkagu bai gure enpresa-sarea bai gestio publikoa, atzeraldi honetatik irteten garenean egoera berri eta desberdinei aurre egiteko.

● Azkenaldi honetan aplikatutako austeritate-politiken helburua izan da eta da finantzak saneatzea eta defizit publikoa kontrolatzea erraztea (oraindik lortu ez diren helburuak). Izan ere, zerga bidezko sarrerak ikaragarri jaitsi dira eta erakundeei ugaritu egin zaizkie beharrak, hain zuzen ere konprometiturik daukaten politika soziala garatzeko aurre egin behar dieten beharrak.

● Gipuzkoari, bere inguru hurbileko lurraldeek baino egoera ekonomiko hobea eduki arren, egoera dezente okertu zaio azken boladan. Hala, 2008. urteko abendutik 2013. urteko abendura bitartean, Gizarte Segurantzako afiliatuen kopurua jaitsi egin zen, 28.200 pertsona gutxiago hain zuzen, eta langabetuen kopurua, berriz, igo egin zen, 16.500 pertsona gehiago. Dena den, 2013. urtea izan zen erregistratuta dauden langabetuen kopurua jaitsi zen lehenengo urtea, 1.000 pertsona pasatxo; aldiz, Gizarte Segurantzara kotizatzen dutenen kopurua jaitsi egin zen, 2.200 pertsona.

● Krisiak behartsuenen kolektiboengan izan duen eragin larria dela medio, ongizate-estatua hondatuta geratu da, gero eta handiagoak dira desberdintasun sozialak eta hori ez dator bat gure gizartearen idiosinkrasiarekin.

● Jarduera enpresariala asko jaitsi da eta, horrekin batera, itxi diren enpresak asko izan dira; enpresetako kostuak ere jaitsi egin behar izan dira, horretarako lan-kontratuak eten eta lanaldiak murriztu egin behar izan direlarik, salmentak edo diru-sarrerak ere jaitsi direlako. Hala, 2013. urtean, enplegua erregulatzeko 872 espediente onartu ziren Gipuzkoan, eta espediente haiek ia 9.000 pertsonei eragin zieten. 2012. urtean, antzeko espediente-kopurua onartu zen; baina, espediente haiek ia 3.000 pertsona gutxiagori eragin zieten. Horrek adierazten digu zorua jo dugula gai honetan.

● Eskaria izugarri erori da Gipuzkoako jarduera ekonomikoarentzat garrantzitsuak diren merkatuetan: eskaria asko erori da merkatu espainiarrean eta Europako hegoaldeko merkatuan, Europako merkatua geratu egin da, gure esportazio askoren helmuga den merkatua hain zuzen. Gipuzkoako esportazioak, 2013. urtean, % 4,6 jaitsi ziren, 2012. urtearekin alderatuz. Urte hartan % 3 igo ziren. Esportazioen balioa % 11,9 jaitsi zen 2012. urtean eta 2013. urtean, aldiz, % 1 igo zen.

● Industria-ekoizpenak etengabeko eboluzio negatiboa izaten jarraitzen zuen 2011ko bigarren seihilekoan; baina, azkenaldian, % 1eko beherapena izaten ari da hilero eta batez beste.

● Asko murriztu dira Gipuzkoaren inguruan diharduten administrazio publiko guztiek enpresen lehiakortasuna indartzera eta enplegua eta ekonomia suspertzen dituzten azpiegitura publikoetara bideratutako fondoak, baliabide publikoak gutxitu direlako eta administrazio horiek murrizketa-politiken alde egin dutelako. Horregatik guztiagatik, areagotu egin dira ziklo negatibo honek enpleguari eta kontsumoari eragindako ondorio negatiboak.

● 2012, 2013 eta 2014. urteetako aurrekontuetan oposizioak onetsi zituen aldaketei esker, ugaritu egin ziren urteko aurrekontuetan hasiera batean aurreikusitako baliabide eskasak. Hala eta guztiz ere, asko murriztu dira sustapen ekonomikora bideratutako ekarpenak eta programak, Foru Gobernuak aurreko bi ekitaldietan aplikatu duen aurrekontu-politika dela eta.

● Aurreko paragrafoan adierazten den bezala, baliabideak ugaritu egin ziren; baina, jarduera sektorial honetara bideratutako aurrekontuak % 35 murriztu dira, urtero eta batez beste, 2012-2014 denboraldian, 2009-2011 denboraldiko aurrekontuen batez bestekoarekin alderatuz.

● Foru Gobernuaren proaktibitate eza hori dela eta, ezin izan zaie behar bezalako aurrerabiderik eman gure enpresa-sarearen lehiakortasunerako betidanik oinarrizkoak izan diren programei; are gutxiago bizi dugun etapa honetan, non gero eta zailtasun handiagoak dauden enpresa-jardueraren mailari eusteko.

● Lurraldean dagoen zientzia, teknologia eta berrikuntzari buruzko sarea indartzera bideratutako aurrekontuak ere murriztu egin dira, nahiz eta arlo hori oso garrantzitsua izan ziklo ekonomiko berri bati ekin aurreko une hauetan.

● Inbertsio-prozesu berri bati ekiteko benetako ahalmena baldintzatzen duen beste elementu giltzarrietako bat da etengabe jarraitzea banku-jardueraren eta, oro har, sistema finantzarioaren doikuntza finantzarioarekin. Izan ere, sei urte krediturik eman gabe jardun dira eta egoerak normalizatu gabe jarraituko du 2014. urtean, eta guk pentsatzen dugu hori beste arazo bat gehiago dela hurrengo bi urteetan ekonomia berrindartzeko.

Jakitun gara Foru Aldundia mugatua dagoela bere jardunean, egoera honen ondorioak zuzentzeko; baina, gure iritziz, une honetan ezinbestekoa eta premiazkoa da prestatzea Gipuzkoako ekonomia berrindartu eta krisitik lehenbailehen ateratzeko plana. Horrenbestez, Foru Arau honetan estrategia bat eta hainbat jarduketa-ardatz antolatu dira, ekonomia sustatzeko, eta baita aurrekontu-politika egoki bat ere, dugun ahalmen finantzarioari esker garatu ditzakegun ezohiko jarduketak bideratzeko. Tresna horiei esker, alde batetik, krisiak epe laburrean (larraialdia eta urgentzia) izango dituen ondorio negatiboak arintzeko plan eta ekintza hainbat garatuko dira eta, bestetik, epe ertain eta luzeko ekintzak txertatuko dira, gure ekoizpen-ehuna etorkizunean garatzea ahalbidetuko dutenak.

KRISITIK LEHENBAILEHEN ATERATZEKO ESTRATEGIA

Kontuan izanik egoera ekonomikoa okertu egin dela eta kanpo-susperraldia moteldu egin dela, Foru Arau honen bidez erreferentzia-esparru bat ezarri nahi da, gaur egungo egoera honetan lehentasunak finkatu eta Lurraldeko ekonomia sustatzeko ekintzak kokatu ahal izateko, urteko aurrekontuei buruzko debateari aurre hartuz, bi helburu nagusi hauekin: ekintza adostua ahalbidetzea, Foru Administrazioaren jardunaren ardatzak kontuan hartuz, eta irizpide- eta erreferentzia-multzo bat ezartzea. Horrekin nahi da hainbat ekintza eta neurri antolatzea, posible izan dadin.

● Krisiak pertsona eta entitateengan dituen eraginak arintzeko, ekonomia berrindartzen hasten den une berean jarduera azkartuz eta bultzatuz; eta

● Gipuzkoako industria-ehuna indartzeko, etorkizuneko erronkei aurre egiteko nazioarteko ingurune lehiakorrean.

Horrelako lehentasunak eskatzen du, alde batetik, ekonomia garatzea ahalbidetzen duten palankak prestatzea eta, bestetik, krisi honek gure gizartean eragiten segitzen duen desorekak zuzentzea.

Helburu horiek lortuko badira, Foru Aldundiaren jarduera-esparrua planteatu beharra dago, hor antolatu ahal izateko neurririk egokienak, planteatutako postulatuak modu efizientean betetzeko eta oinarri egonkorrak ezartzeko ideia errealitate bihurtzeko, horrela lortuko baita baliabideak efizienteki esleitzea eta, bueltan, emaitza egokiak edukitzea jarduera, enplegu eta hiritarren ongizateari dagokienez.

Une honetan hasi dugun etapan, hau da, hazkundea zero edo oso-oso txikia izaten ari den honetan, jarduera suspertzen eta burua altxatzen hasi da enpresak inbertitzen hasi direlako, aipamen berezia merezi dutelarik industria-enpresek eta, nagusiki, enpresa esportatzaileek, hain zuzen ere ekipamendu-ondasunak, kontsumo-ondasun iraunkorrak, automozio-industria laguntzailea eta lehengaiak fabrikatzen eta saltzen aritzen direnek, kontsumo ziklikoko sektoreetakoek alegia; bigarren fasean, susperraldi handiagoa izango da industria laguntzaileetan eta industriarekin lotutako zerbitzuetan; eta hirugarren fasean, berriz, kontsumo-sektoreak suspertuko dira.

Prozesu hau berezia da eta ahaleginak handiagoak egin behar dira industria- eta esportazio-sektoreetan eta ekoizpen-azpiegituretan. Hala, langile-soberakinak kendu egingo dira eta hazkunde-eragileen erreleboa ahalbidetuko da; sektore publikoa ere suspertu egingo da, diru-sarrera handiagoak izango direlako eta ezohiko gastua murriztu egingo delako. Garraioa, komertzioa, aisialdia eta denbora librea eta era askotako kontsumo-ondasun sektoreak pixkanaka sartuko dira hazkundearen bidera eta horrek oreka handiagoa eta hobea emango dizkio garapen ekonomikoari.

Printzipio horiek kontuan hartuta, egoki iritzi diogu lehentasunezko bi helburu hauek erdiesteari: desorekak zuzentzea eta industria-sektorearengan jarduketa bereizia garatzea, aldi berean zientzia, teknologia eta berrikuntzarako azpiegitura sendotzen delarik. Modu horretan, ekimen eta negozio berriak hobeto moldatuko dira hazkundea hasten denean.

GIPUZKOAKO ENPRESAK PRESTATZEA, ETORKIZUNEKO ERRONKEI AURRE EGITEKO GAI IZAN DAITEZEN NAZIOARTEKO INGURUNE EKONOMIKO LEHIAKORREAN

Gipuzkoak erronka hauek ditu: manufaktura aurreratuko ekoizpen-egitura bat antolatzea; enpresak internazionalizatzeko eta hainbat lekutan kokatzeko politika etengabe garatzea; gure produktu eta zerbitzuei balio erantsia gehitzea; zientzia, teknologia eta berrikuntza sarea garatzea; ekintzailetzarako kultura eta praxia ahalbidetzea; eta enpresen arteko lankidetza bultzatzea. Horrek guztiak eskatzen du jarduketa irmoa eta etenik gabekoa, inbertsore berriak etor daitezen eta lehendik dagoen enpresa-sarea garatu dadin, azpiegitura fisikoak, ezagutza-azpiegiturak eta enpresen arteko lankidetzarako azpiegiturak sustatuz.

Beharrezkoa da (alderdi guztietatik begiratuta) iraunkortasun-maila handiko enpresa-proiektuen inplementazioa ahalbidetzea. Izan ere, halako proiektuek enplegua eta jarduera ekonomikoa garatuko dituzte, nazioarteko presentziari eutsi eta/edo indartu egingo dute eta trakzio-lanak egingo dituzte bertako beste enpresa txiki eta ertainengan.

Manufaktura-industria modernizatzearen eta egokitzearen aldeko apustu garbia egin behar da, hura gure ekonomiaren ardatz izan dadin eta, hala, mundu-mailan lehiatzeko gai izan dadin, beste sektoreen garapena alde batera utzi gabe, gizarte-eta iraunkortasun-sektoreetako enplegu-aukera berriei lekua eginez eta, bertako ekoizpena baliatuz, lehen sektorea eta nekazaritza-elikagaien industria indartuz.

KRISIA GIPUZKOAKO PERTSONENGAN ETA ENPRESENGAN IZATEN ARI DEN ONDORIOAK ARINTZEKO NEURRIAK INDARTZEA

Pertsonei dagokienez, ezinbestean azpimarratu beharra daukagu enplegua sortu beharra dagoela, oro har, baina bereziki gazteentzat eta kolektibo behartsuentzat; era berean, gizarte-bazterketaren erregimen pean dauden pertsonei laguntzeko premiazko neurriak hartu behar dira, lehendik dauden arretarako mekanismoei eusteaz gain; eta enpresetan egiten diren praktikak, enpresetan ematen den prestakuntza, auto-enplegua erraztea eta ekintzailetza bultzatzea ere erreferentziazko elementuak dira, gero eta handiagoak diren langabezia-tasak jaitsi daitezen.

Enpresei dagokienez, berriz, lanik urgenteena da enpresei bidea erraztea finantzazio-iturriak eskuratzeko; enpresa txiki eta ertainei kanpoko merkatu berrietara sartzea ahalbidetzea; zerga-politika erabiltzea, portaerak sustatzeko, erakundeak indartzeko eta Gipuzkoako enpresa-ehun osoarentzat oso-oso garrantzitsuak diren egitasmo estrategikoak garatzen laguntzeko.

AURREKONTU- ETA FINANTZA-POLITIKA, KRISIAREN IRAUNKORTASUNA DELA ETA

Krisiak jarraitzen duenez, komeni da neurriak hartzen segitzea zerbitzu publikoak modu efizienteagoan emateko eta, hala, gai izan gaitezen konpentsatzeko gure gizartea pasatzen ari den koiunturazko egoera berezi honen ondorioz gastuak izan duen igoera, aurrekontuetako borondatezkoak eta beharrezkoak ez diren gastuak murriztuz.

Egoera kontuan hartuta, komeni da, aldi berean, ahalegin guztiak egitea inbertsio publikoa mantentzeko eta indartzeko, premia urgentea duten proiektuetan, jarduera ekonomikoari oro har laguntze aldera.

Foru Administrazioko ekonomia eta finantzak zorrotz gestionatzen jarraitzea bereziki beharrezkoa da une honetan; zorpetzeko gaur egun dugun ahalmena erabili behar da, ekonomiari bultzada handiagoa emateko. Horretarako, sektore pribatuan bezala, interesgarria gerta daiteke gaur egungo zorra berriro finantzatzea, zerbitzu horren kostu finantzarioa murrizteko eta aurrekontuko defizitaren mugak egokitzeko Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan eta/edo erakundeen artean hartutako akordioetara.

Aurrekontuei buruzko urteko foru-arauaren bidez, helburu horiek guztiak betetzeko urtero behar diren aurrekontu-programak eta kredituak onartzen dira; Foru Arau honen bidez, ordea, irizpide-multzo bat ezarri nahi da, erreferentzia moduan erabiliko dena ekintza urgenteak eta beharrezkoak eta ekintza estrukturalak konbinatuko dituzten aurrekontuak prestatzerakoan. Era horretan, gai izango gara krisitik azkarrago ateratzeko.

ARAUAREN ARTIKULUAK

Hitzaurre honetan adierazi den moduan, Foru Arau honen xedea da jarduera-eremu bat ezartzea sustapen ekonomikoaren inguruan, sustapen ekonomikoa sektore industrialari dagokion politika sektorialtzat hartuz, eta helburua da sustapen horri bereziki eustea harik eta hazkunde ekonomiko positiboak bi aurrekontu-ekitalditan jarraian gutxienez lortzen diren arte.

I. Tituluan, xedea, helburuak eta jarduera-printzipioak finkatzen dira eta jarduera honen barruko edukiak eta lehentasunak mugatzeko oinarrizko elementuak jasotzen dira. Arauaren 1.3 artikuluak daude.

Alde horretatik, lehenengo artikuluan, bi muga ezartzen dira. Alde batetik, sektoriala: enpresentzako industria-sektorearen eta azpiegituren printzipioak eta ekintzak biltzen dira, programa eta ekintzez gain, krisiak pertsonengan dituen ondorioak arintzeko; eta bestetik, denborari dagokiona: harik eta hazkunde iraunkorraren etapa izaten den arte. Logikoa denez, etapa horretan, programa desberdinak antolatu ahal izango dira.

Bigarren artikuluan, presazko eta lehentasunezko jarduera-arloetako helburuak finkatzen dira, eta baita planarenak berarenak ere, plana hazkunde iraunkorreko etapa bat berreskuratzeko palanka delako.

Hirugarren artikuluan, ekonomia sustatzeko jardunaren gaineko printzipioak ezartzen dira. Labur-labur esanda, hauek dira: lehentasun estrategikoa; finantza-lehentasuna; legezkotasuna; subsidiariotasuna eskumenak dituzten administrazioekiko, neurrien eragina handitzeko; osagarritasuna; ekintza koordinatua; lankidetza; eta elkarlan publiko-pribatua.

II. Tituluan, planaren ardatz bakoitzari dagozkion estrategia, lehentasunak, jarduera-ardatzak eta programak ezartzen dira. Arauaren 4.12 artikuluak daude.

Laugarren artikulua, ekonomia-sustapenaren arloko jarduera-lehentasunak ezartzen dira eta estrategia bakoitzarentzat lau ardatz finkatzen dira:

A) Jarduera lehentasunezkoa eta etengabea.

● Azpiegitura sektorialak garatzea.

● Ekintzailetza babestea.

● Berrikuntza babestea.

● Internazionalizazioa babestea.

B) Jarduera lehentasunezkoa eta presazkoa.

● Zailtasunetan dauden enpresei laguntzea.

● Auto-enplegua eta ekintzaileei laguntzea.

● Enplegua mantentzea.

● Enplegua gazteentzat eta kolektibo behartsuenentzat.

Bosgarrenetik zortzigarrenera arteko artikuluetan, lehentasunezko eta etengabeko jardueretarako prestatutako lau ardatzen edukiak azaltzen dira, eta baita horien programenak eta jarduera ildoenak ere.

Bide beretik, bederatzigarren artikulutik hamabigarrenera arte lehentasunezko eta presazko jardueren edukiak xehatzen dira.

III. Tituluan, aurrekontu- eta finantza-politika jorratzen da; horrez gain, jasotzen dira hitzaurre honetan aipatu diren jarduera-premisak eta, susperraldiaren hasierako etapa honetan, planentzako ezohiko diru-kopuruak erabakitzeko irizpideak.

Arauan aurreikusten denez, urteko planetan sustapen ekonomikoko programetarako izendatzen den diru-kopurua gutxienez izan behar du 2009-2014 denboraldiko aurrekontuetan batez beste izendatu zen adina, Arauaren 4. artikuluan adierazitako bi estrategietako bakoitzean.

IV. Tituluan, Lurraldeko sustapen ekonomikorako urteko planen onarpena azaltzen da eta, 17 eta 18. artikuluetan, jarduera etengabeen arrazionaltasuna eta erabilgarritasuna ebaluatzeko prozesua arautzen da, eta baita ekonomia-jarduera bultzatzeko urteko politikaren inguruko debatea eta onespena ere.

Azkenik, xedapen gehigarri bakarra dago eta, bertan, oraindik ordaindu gabe dagoen zor publikoa aztertu eta eguneratu beharra dagoela adierazten da; beste modu batera finantzatu eta egituratu behar da, gastuen gaineko politikaren eragina handiagoa izan dadin.

I. TITULUA
XEDEA, HELBURUAK ETA JARDUERA-PRINTZIPIOAK, SUSTAPEN EKONOMIKOAREN ARLOAN

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.

Arau honen helburua da azaltzea Gipuzkoa Lurralde Historikoaren sustapen ekonomikoari buruzko helburuak, printzipioak eta jarduera-ardatzak, aurrekontu-politiketarako oinarri moduan erabiliko direnak, industria-sektoreari laguntzeko. Izan ere, sektore hori erabakigarria da ekonomia hazkunde egonkorraren bidera lehenbailehen itzul dadin. Horrela, dinamizatu egingo dira kontsumoa, inbertsioa, enplegua eta finantzaketa publikoa.

Krisiaren aurkako programa honetan, halaber, krisiari aurre egiteko neurriak hartzerakoan kontuan izan beharreko helburuak eta jardunbideak azaltzen dira, bereziki krisiaren ondorioak gehien nozitzen ari diren pertsonei egoera arintzeko eta arreta berezia eskatzen duten talde eta kolektiboei laguntzeko.

Aplikazio-eremuari dagokionez, Foru Arau honetan agertzen diren irizpide eta lehentasunen bidez ez da nahi Foru Aldundia baztertzea edo baldintzatzea, hark jarrai ez dezan lehen sektore, turismo eta hirugarren sektorearen gainean dituen eskumenekin eta, aurrekontuen arabera, ekonomia, gizarte eta ingurumenaren arloetan dituen gainerako eskumenekin.

Iraupenari dagokionez, asmoa da arau hau aplikatzea Foru Araua onartzen denetik enplegua sortzen duen hazkunde positiboa eta iraunkorra lortzen den arte; gutxienez, bi urtez segidan aplikatzea pentsatzen da, araua ezohikoa eta denbora baterako delako. Nolanahi ere, Lurraldeko ekonomia-ehunari laguntzeko politika aldatu egingo da horretarako garaia iristen denean.

2. artikulua.– Helburuak.

Foru Arau honen ezinbesteko helburua da jarduera-eremu bat ezartzea sustapen ekonomikoaren inguruan, urteko aurrekontuetan jarraipena izango duen sektore- eta aurrekontu-plan bat definitzeko balioko duena. Plan horretan, gure enpresa-ehuna dinamizatuko duten hainbat programa eta ekintza antolatuko dira, palanka-lanak egingo dituztenak krisitik lehenbailehen ateratzeko. Plana, gainera, osagarri izango da Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun Sailak sustapen ekonomikoaren inguruan egiten duenarekiko.

Era berean, gaur egungo krisiak gehien erasaten dieten pertsonei hobeto laguntzea helburu da, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Politika Sailak arlo horretan egiten duenarekiko osagarri izanik.

3. artikulua.– Jarduera-printzipioak sustapen ekonomikoaren arloan.

Ondorengo printzipio hauetan oinarrituko dira ekoizpen-jarduera indartzeko eta krisiak gehien erasaten dieten pertsonei laguntzeko asmoz onartzen diren sustapen ekonomikorako programek:

Lehentasun estrategikoa. Bi helburu egongo dira: dagoeneko sei urte daramatzan krisiaren etengabeko ondorio negatiboek eragindako desoreka sozialak zuzentzea batetik, eta krisitik lehenbailehen ateratzea ahalbidetuko diguten azpiegiturak indartzea bestetik.

Finantza-lehentasuna. Foru Administrazioari aplika dakiokeen iraunkortasun finantzarioari buruzko araudiaren barruan, hainbat urtetarako planak antolatuko dira, planaren oinarrizko ekintzen jarraipena eta eraginkortasuna ziurtatzeko.

Legezkotasuna. Horrek eskatzen du, arlo ekonomiko-administratiboan indarrean dagoen legeriaren printzipioak aplikatzeaz gain, errespetatzea Europaren lehiakortasunari buruzko araudia eta aurrekontu-egonkortasunari eta iraunkortasun finantzarioari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoko xedapenen bidez hartutako konpromisoak.

Ekintza koordinatua. Horrek eskatzen du aitortzea sustapen ekonomikoaren arloan eskumenak dituzten administrazio-organoei beren jardueren titulartasuna eta Foru Aldundiak subsidiarioki egiten duena programak Lurraldearen berezitasunetara gehiago eta hobeto moldatzea helburu duten programa eta proiektu osagarrietan.

Lankidetza. Gaiak duen garrantzia, lehentasuna edo beharra dela-eta administrazioen arteko elkarlana eskatzen denean gauzatuko da, adostasunetara iristeko dagozkion mekanismoak baliatuz.

Elkarlan publiko-pribatua. Planeko jarduera edo ekintzaren bat aurrera eramateko, berez administrazioari ez dagokion gestio bereziren bat behar denean egingo da, erabiltzen diren baliabideak modu efizienteagoan erabiliko direla ziurtatze aldera. Halakoetan, publizitate eta lehia printzipioak errespetatuko dira.

II. TITULUA
JARDUERA ARDATZAK ETA PROGRAMAK

4. artikulua.– Lehentasunezko jarduerak, Gipuzkoako ekonomikoa sustatzeko; jarduera-ardatzak.

A) Sektore publikoak ondorengo ardatz hauek izango ditu kontutan lehentasunezko eta etengabeko jarduerak aurrera eramateko orduan:

1.– Azpiegiturak hobetzea, enpresa berriak sortu eta garatu daitezen.

2.– Ekintzailetza sustatzea, enpresa-ekimen berriei ezartzen eta bideragarri izaten lagunduz.

3.– Berrikuntzaren kultura enpresa txiki eta ertainetara hedatzea.

4.– Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainei internazionalizatzen laguntzea.

B) Ondorengo ardatz hauek izango dira kontutan, irauten ari den krisiak sortu dituen desoreka eta egoera bereziki larriak konpontzeko asmoz gauzatuko diren lehentasunezko eta premiazko jarduerak aurrera eramateko orduan:

1.– Galtzeko arriskuan dauden entitate bideragarriei laguntzea, beste administrazioekin elkarlanean.

2.– Ekintzaileen auto-enplegua.

3.– Enpleguari eustea sustatzea.

4.– Enplegua gazteentzat eta enplegua krisiak gehien erasan dien kolektiboentzat.

5. artikulua.– Azpiegiturak hobetzea, enpresa berriak sortzea eta lehendik daudenak garatzea ahalbidetzeko.

Etengabeko jarduerak aurreikusten dira, enpresak sortzeko eta garatzeko lehendik dauden sareei eusteko eta aurrerabidea emateko, enpresei zerbitzu berriak emateko, eskaintza dibertsifikatzeko eta enpresa-proiektuak garatzeko, gerora hazteko aukera ikusten zaien sektoreetan.

Bigarren, jarduera-programa koordinatu bat dago, talentua hobetzeko, ezagutza garatzeko eta enpresek eskatzen dituzten abildade eta trebezien inguruko prestakuntza berezia sustatzeko.

Eta hirugarren, ahaleginak egingo dira industria-lurzoruaren eskaintza (gure lurraldean urria den ondasuna) egokitzen, haietan enpresa berriak ipini daitezen eta lehendik daudenak hedatu daitezen.

Jarduera-ildoei dagokienez eta urteko aurrekontuen bidez garatzen ari diren ekintzekin jarraitze aldera, lehenetsiko da:

● Lurraldean dagoen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza sareari eustea eta aurrerabidea ematea. Horretarako, Lurralde honetan ahalegin berezia egingo da, ekoizpen-espezializazio handia dagoelako, enpresa txiki eta ertainei esker.

● Arreta berezia ipintzea I+G arloko jarduerei, zentro teknologikoek garatutako proiektuei, unibertsitate-enpresa proiektuei, eskualde-garapenerako agentziei eta enpresetan garatzen diren ikerketa-jarduerei.

● Europa iparraldeko eskualdeekin profesional gazteak elkartrukatzeko jarduera-ildoekin jarraitzea, talentua babestea, ezagutza gestionatzea eta Gipuzkoako ekonomiaren oinarrizko sektoreek eskatzen duten tekniketara moldatutako prestakuntza berezia.

● Udal administrazioak sentsibilizatzea, industria-lurzoruaren eskaintza egokitu dezaten eta, hala, enpresa berriak ipini daitezen eta lehendik daudenak hedatu daitezen.

6. artikulua.– Ekintzailetza sustatzea.

Jardunbideei dagokienez eta urteko aurrekontuen bidez garatzen ari diren ekintzekin jarraitze aldera, lehenetsiko da:

● Giza garapen iraunkorrera bideratutako jarduerak sustatzearekin zerikusia duten estrategiak martxan ipintzea, ekonomia berdea sustatzeko egitasmoa kontuan hartuz betiere.

● Garatzea ekintzailetzaren kultura, BIC BERRILAN eta SAIOLANekin elkarlanean, eta ikaskuntza- eta ikerkuntza-zentroak, spin off izeneko programetako enpresa-ekimenak sor daitezen, halako proiektuak babestuko dituzten bazkideak bilatzea, patenteak sortzea eta sormen-ikerkuntza sustatzea.

● Ekintzaile berriei auto-enpleguko programen bidez laguntzea; enpresak martxan jartzeko auditoriak; pizgarriak lehen daudenez gainera, zerga- eta lan-arloetan; finantzaketarako eta/edo partaidetzarako bideak gestionatzea enpresa-arriskuan, sorburu-kapitalen fondoak erabiliz, arrisku-kapitala baliatuz...

● Ekintzailetzaren kulturari eta enpresaburuaren figurari bultzada jarraitua ematea, gizarte-eremuan eta batez ere hezkuntza-eremuan.

● Lankidetza publikoa, ekintzaileari zuzendutako finantza-bultzada emateko, arrisku-kapitala eta mikrokredituak.

7. artikulua.– Berrikuntzaren kultura hedatzea.

Jardunbideei dagokienez eta urteko aurrekontuen bidez garatzen ari diren ekintzekin jarraitze aldera, lehenetsiko da:

● Lurralde-garapenerako eta zientzia- eta teknologia-azpiegiturarako agenteekin elkarlanean, berrikuntza diren proiektuen garapena bultzatzeko eta errazteko ekintzak sustatzea, gaur egunera arte egin diren ekintzei jarraipena emanez.

● Manufaktura aurreratuari laguntzeko programa integral bat prestatzea, berrikuntzarako ezagutza espezifikoa eta azpiegiturak garatuz.

● Pertsonetan oinarritutako erakundeak garatzea, langileei eta ekonomia sozialeko enpresei parte hartzeko aukera emanez, enpresa lehiakorrak, iraunkorrak eta giza garapenarekin konprometituta daudenak sustatzeko.

● Laguntzen programa espezifiko bat prestatzea, Gipuzkoako enpresen proiektu estrategikoentzat, haiek hobeto posizionatuta egon daitezen nazioarteko eszenatokian lehiatzeko, estrategia espezifikoak aurkezten eta horiek martxan jartzeko finantzazio egokia bilatzen lagunduz.

● Apustu berezi bat egitea biozientzien eta nanozientzien inguruko estrategiak inplementatzearen alde, horiek jarduera ekonomikoari mesede egiten dieten elementuak direlako.

● Espazioak sortzea Gipuzkoako merkataritza garatu dadin eta, horrela, Gipuzkoako hiriak eta herriak suspertu eta indartu daitezen; komertzio txikien arteko lankidetza-prozesuei laguntzea gestioaren, erosketen, marketinaren, logistikaren... arloetan, Eusko Jaurlaritzak arlo honetan egin duenaren osagarri gisa.

● Oinarrizko sektoreetako proiektuak garatzea, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren bidez eta beste administrazioekin koordinatuz.

8. artikulua.– Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainei internazionalizatzen laguntzea.

Programako jardunbideen bidez, lehenesten da:

● Enpresei laguntzea dituzten internazionalizaio proiektuetan, merkatu berrietara sartzea edo produktuak kanpo-merkatuetan sustatzea ahalbidetuz.

● Enpresen arteko lankidetza eta aliantzak sustatzea, eskaintza merkatu berrietan hobetzeko.

● Internazionalizazio-plan integral publiko-pribatu eta instituzional bat gauzatzea bultzatuko da, gure enpresak merkatuetan, batik bat indartzen ari direnetan, modu lehiakorrean kokatzeko helburuarekin. Lankidetzaren eta elkarlanaren arloan asebete ez diren beharrei erantzuna emanez.

● Esportazioko oinarrizko zerbitzuak.

● Multilokalizazio-zerbitzu aurreratuak.

● Tansnazionalizazio-zerbitzu estrategikoak.

Bereziki, indartzen ari diren merkatuetan jarduteko plan publiko-pribatu bat prestatuko da.

● Ordezkaritza-bulegoak.

● Merkataritza-ordezkaritzak.

● Ekoizpen-instalazioak.

● Itun estrategikoak.

9. artikulua.– Eusko Jaurlaritzarekin batera lan egitea, enpresak salbatzeko eta/edo berrindustrializatzeko proiektuetan.

Elkarlana gauzatuko da jarduteko formula-mota guztien bidez, tiratzen duten enpresak itxiko balira haien eragin-eremuetako enpresa pribatu bideragarriek beren enpleguan eta jardueran jasango lituzketen ondorio negatiboak murrizteko, horiek finantza-arazoak izango lituzketelako edo berrindustrializazio-prozesuan egongo liratekeelako, eta hori guztia Euskadiko gainerako lurralde-administrazioekin adosten diren erakunde arteko lankidetzarako arauak kontuan izanik.

10. artikulua.– Ekintza espezifikoak, ekintzaileei enplegua eta enpresa-jarduera martxan jartzea errazteko.

Ekintza hauen bidez:

● Nork bere lana sortzeko laguntza-lerroak irekitzea, ekintzaileei laguntzeko Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen estrategia kontuan hartuz.

● Enplegu-sorgune berriak sustatzea arlo hauetan: gizarte-zerbitzuak, ingurumena, iraunkortasuna, kultura eta mugikortasuna.

● Ekintza-ildoa, negozioa garatzeko eta inplantazio-tutoretzarako adituen laguntza emateko, BI URTEZ.

● Lurraldetik kanpo finkatuta dauden hemengo pertsona adimentsuak erakartzeko ildoa, enpresa-ekintzailetzako proiektuak ezartzearren.

11. artikulua.– Enplegua sustatzeko eta mantentzeko ekintzak.

Programako jardunbideen bidez, lehenesten da:

● Beste administrazioekin batera lan egitea, galtzeko arriskuan egoteagatik edo enplegua dezente galdu izanagatik edo berrindustrializazio-prozesuan egotegatik lehentasunezko arreta eskatzen duten entitateei buruzko politikaren arloan, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako lurralde arteko jarduera-planen bidez.

● Enpleguari eustea eta/edo beharrean dauden pertsonei arreta ipintzea sustatzea, harik eta krisia hasi aurretik zeuden enplegu-tasak lortzen diren arte.

● Gipuzkoako udalekin plan adostuak sustatzea, langabezia aldi baterako zuzentzeko, sektore, pertsona-talde eta jardueretan, Eusko Jaurlaritzak sustatu eta xede bera duten hainbat programarekin bateragarriak badira betiere.

12. artikulua.– Enplegua gazteentzat eta enplegua krisiagatik kaltetuak izan diren kolektiboentzat.

Programako jardunbideen bidez, lehenesten da:

● Laguntzea profesional gazteak enpresetara sar daitezen, enpresetan internazionalizazioarekin, berrikuntzarekin eta enpresa-ekimen berrien garapenarekin zerikusia duten praktikak eginez.

● Arreta berezia ipintzea gizartean baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonek dituzten behar espezifikoei, gaur egun gauzatzen ari diren ekintzen osagarri gisa.

● Hitzarmenak sustatzea, krisiagatik kaltetuak izan diren kolektiboetako kideak lan-munduan txertatzeko.

13. artikulua.– Ingurumen-kudeaketa industrialaren inplantazio eta garapenerako planei laguntza profesionala emateko programa.

– Industriaren mundua iraunkortasun-parametroetan inplikatzeko helburuarekin.

14. artikulua.– Adimen ekonomikoa eta lehiakorra enpresa-jardueran sartzeko ekintza bereziak.

Agente ekonomikoen ordezkariekin izandako lankidetza publiko-pribatutik abiatuta, diru-laguntzako programa bat adimen lehiakorraren eta enpresa-jakintzaren eta jakintza ekonomikoaren zentro bat sortzeko.

Tresna lehiakorra, aukeren erakuslea.

Gutxienekoak:

● Jagoletza lehiakortasun, teknologia, merkataritza, gizarte, politika eta ekonomiaren alorrean.

● Enpresa txiki eta ertainek eta mikroenpresek ezaguera eskuratzeko metodologia eta aholkularitza.

● Talentua erakartzea eta berritzea.

● Diplomazia korporatiboa: beste kultura batzuk ezagutzea eta sozioekonomikoki tratatzea enpresa-harremanaren eta enpresa- konpromisoaren ikuspegitik.

● Lankidetza eta batasun lehiakorrak.

● Administrazioak ezagutzea, batez ere indartzen ari diren herrialdeetan.

III. TITULUA
FINANTZA- ETA AURREKONTU-POLITIKA

15. artikulua.– Efizientzia zerbitzu publikoak ematerakoan.

Krisiaren iraupena luzatzen ari denez eta aurrekontuetako baliabideak murriztu egin direnez, komeni da zerbitzu publikoak modu efizienteagoan emateko neurriak hartzen jarraitzea; krisiak eragindako salbuespenezko gastuak konpentsatu egin behar dira, aurrekontuetako borondatezko gastuak eta behar ez diren gastuak murriztuz.

Susperraldiaren hasierako etapa honetan, komeni da aurrekontua inbertsio publikoa mantentzeko eta indartzekoa moduan gestionatzea.

Aurrekontu bidezko finantzaketak eskatzen du defizitaren eta zorpetze publikoaren inguruan erreferentzia diren esparruetara moldatzea, hain zuzen ere aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoa betetze aldera adostutako esparruetara.

16. artikulua.– Finantza-politika.

Krisiaren iraupena luzatzen ari denez eta diru-sarrera publikoak gutxi handitu direnez, komeni da gaur egungo zorra birfinantzatzea, zorraren kostu finantzarioa murrizteko, eta obligazioen muga-egunak berregituratzea, aurrekontuetako inbertsioarengan zuzenean eragiteko.

17. artikulua.– Elkarlan publiko-pribatua.

Plan sektoriala garatzeko ekintzak ekimen pribatuaren partaidetzarekin gestionatuko dira, baldin eta horretarako berez administrazioari ez dagokion gestio espezifikoren bat behar bada edo, eragin, espezializazio edo gaitasun finantzarioa dela-eta, horrela erabiltzen diren baliabideak modu efizienteagoan erabiliko direla ziurtatzen bada. Halakoetan, bermatuko egin beharko da ekintzak legez garatuko direla batetik, eta publizitate eta lehia printzipioak bestetik.

18. artikulua.– Baliabideak esleitzea ekonomia sustatzeko urteko planentzat.

Harik eta Gipuzkoako ekonomia hazten hasten ez den arte modu iraunkorrean eta, gutxienez, zortzi hiruhilekoetan zehar, 4. artikuluan aipatzen diren sustapen ekonomikorako programentzat izendatuko diren baliabide guztiek Foru Administrazioko departamentuek gestionatzen dituzten aurrekontuen % 8raino iritsiko dira gutxienez.

Aurreko paragrafoan aipatutako zenbatekoen kopuruan ez dira sartzen Foru Arau honen 9. artikuluan aurreikusten diren programak betetze aldera bidera litezkeen baliabideak.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu Araubidearen martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauko 78. artikuluan jasotzen den aurrekontu-luzapena gertatuz gero, artikulu honetako lehenengo paragrafoan ezarritako ehunekoa mantendu egingo da aurrekontu-luzapen horren erregimena antola dezaten arauetan.

IV. TITULUA
EKONOMIA SUSTATZEKO URTEKO PLANAK ONESTEA

19. artikulua.– Ekonomia sustatzeko jarduera-plana.

Urrian, azaroan eta abenduko lehenengo hamabostaldian zehar, urtero, Foru Aldundiak Gipuzkoako Batzar Nagusiei aurkeztuko dizkie:

a) Aurreko ekitaldiko sustapen ekonomikoko programen helburuak eta jarduerak zenbateraino bete diren eta lortutako emaitzak azaltzen dituzten emaitzak eta adierazleak.

b) Zenbateraino bete diren aurtengo ekitaldiko lehen seihileko programen aurrekontua eta jardueren adierazleak.

c) Eta hurrengo ekitaldiko sustapen ekonomikoko urteko planaren helburuak, programak eta jardunbideak, hurrengo ekitaldirako nahiz hainbat urtetan irauteko prestatu diren ekintzentzat eginiko aurrekontu-kalkuluekin.

20. artikulua.– Ekonomia sustatzeko urteko plana onestea.

Urteko aurrekontuei buruzko foru-arauaren proiektua Batzar Nagusietan aurkeztu aurretik, haien osoko bilera berezi bat egingo da politika ekonomikoari buruz, hurrengo ekitaldirako jardunbideak ezartzeko eta batzarkide-talde bakoitzak bere urteko aurrekontu-proiektua aurkez dezan.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Foru Aldundiak bi hilabeteko epea izango du, Foru Arau hau indarrean sartzen denetik hasita, Gipuzkoako Batzar Nagusietan amortizatu gabe dagoen zorra birfinantzatzeko eta berregituratzeko plana aurkezteko, zorraren zerbitzu-kostua murriztuko duen plana alegia.

AZKEN XEDAPENA.

Foru Arau hau indarrean sartuko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean.


Azterketa dokumentala