Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

227. zk., 2014ko azaroaren 27a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
5063

10/2014 oinarrien FORU ARAUA, urriaren 27koa, Gipuzkoako Foru Aldundia eskuordetzekoa aparteko plan bat egiteko, urte anitzekoa, 2015-2016, krisi ekonomikoari aurre egiteko, langabeziaren aurkako borrokarako eta Gipuzkoako ekonomia-ehunaren lehiakortasuna handitzeko.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «10/2014 oinarrien Foru Araua, urriaren 27koa, Gipuzkoako Foru Aldundia eskuordetzekoa aparteko plan bat egiteko, urte anitzekoa, 2015-2016, krisi ekonomikoari aurre egiteko, langabeziaren aurkako borrokarako eta Gipuzkoako ekonomia-ehunaren lehiakortasuna handitzeko»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2014ko urriaren 27a.

Diputatu nagusia,

MARTIN GARITANO LARRAŃAGA.

HITZAURREA

Nazioarteko krisi finantzario eta ekonomiko hau hamarkada askotan izan den larriena da, eta oraindik ere gure ingurune hurbileneko enpresa-ehunari eta enpleguari eragiten jarraitzen du.

Enplegua dugu gizartean sartzeko modua, eta enplegurik ez izateak ondorio batzuk ditu, ekonomikoak ez ezik, sozialak, pertsonalak eta familiarrak; izan ere, autoestimua galtzea dakar eta gizarte-bazterketako arriskuko egoeratara eraman dezake.

Gipuzkoa, gure inguruko beste lurraldeak bezala, oraindik ere egoera ekonomiko zailean dago, enpresa-ehuna nabarmen hondatzen ari baita; eta horrek ondorio batzuk dakartza, hala nola enplegua galtzea eta Gipuzkoako familiek etorkizunaren aurrean ziurtasunik ez edukitzea, eta talde jakin batzuetan pobrezia eta gizarte-bazterkeriako arriskua handitzea.

EAEko Autonomia Estatutuko 9.2.c. artikuluak hau dio: «Euskal herri-aginteek, beren eskumenen esparruan enplegua gehitzea eta ekonomiaren oreka sustatzeko neurri lagungarriak hartuko dituzte».

Bestalde, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak, bigarren xedapen gehigarriko 2 apartatuan, hau dio: «Euskal Herriko Autonomia Estatutuak eta hura garatzeko eta aplikatzeko emandako autonomia-legediak aitortutako eskumenak gauzatuko dituzte Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko lurralde historikoek, baita lege honek orokorrean probintzietako diputazioei aitortzen dizkienak ere».

Araubide erkidetik eratorritako eskumen horien artean dago «ekonomia-garapena sustatzeko lankidetza...» (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea, 36.1 artikulua).

Foru-erakundeak berrezarri zirenetik, Gipuzkoako foru-organoek Gipuzkoako ekonomia, enplegua eta enpresa-lehiakortasuna sustatzeko hainbat xedapen onartu dituzte.

Gipuzkoak, esan den bezala, krisi ekonomikoa eta hark enplegua sortzerakoan dituen eraginak jasaten jarraitzen du. Azkeneko Biztanleria Aktiboaren Inkestak (BAI) dioenez, gure lurraldeko langabezia-tasa ehuneko 13,97koa da, eta 45.700 langabe daude.

Beharrezkoa da krisi ekonomikoaren ondorioei aurre egitea, gizarte-babeserako sarea trinkoagoa eginez. Baina horrekin ez da nahikoa. Beharrezkoa da neurri aktiboen multzo bat ezartzea, presako izaeraz, helburu hauekin:

– Krisi ekonomikoari aurre egitea.

– Langabeziaren aurka borrokatzea.

– Gipuzkoako ekonomia-ehunaren lehiakortasuna handitzea.

III

Foru Arau honek Gipuzkoako Foru Aldundiari agintzen dio egiteko, Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko Departamentuaren bitartez, aparteko plan bat, testu artikulatu gisa, krisi ekonomikoari aurre egiteko, langabeziaren aurkako borrokarako eta Gipuzkoako ekonomia-ehunaren lehiakortasuna handitzeko (2015-2016), eta horren berri emateko Gipuzkoako Batzar Nagusiei. Planak neurri-multzo bat jasoko du aipatutako helburuak betetzeko, eta honako zazpi oinarri hauetan antolatuta egongo da:

Lehenengo oinarria: Gipuzkoako enpresa-sarearen lehiakortasuna handitzeko neurriak: proiektu berritzaileak, produktibitatea hobetzeko proiektuak, enpresa-hazkunderako proiektuak eta nazioartekotzeko proiektuak, enplegua mantentzen eta sortzen ere lagunduko dutenak.

Bigarren oinarria: ekintzailetza eta lan autonomoa laguntzeko neurriak.

Hirugarren oinarria: enplegu-hobi berrien eta oso berrien kontzeptuetan sartzen diren proiektuak sustatzeko neurriak.

Laugarren oinarria: Gipuzkoako udalen enplegu-ekimenak laguntzeko neurriak.

Bosgarren oinarria: Gipuzkoako merkatari txikiei eta zerbitzuen sektoreari laguntzea.

Seigarren oinarria: beheraldian dauden Gipuzkoako eremuei laguntzeko neurri bereziak.

Zazpigarren oinarria: Sarbideak programa, enplegua lortzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonei zuzendua.

Zortzigarren oinarria: bertako nekazaritzako elikagaien sektorea bultzatzea.

Lehenengo oinarriari dagokionez, foru-arau honek ezartzen du aparteko planak honako hauek jaso beharko dituela krisiaren aurkako neurrien artean: Gipuzkoako enpresen –batez ere enpresa txiki eta ertainen eta mikroenpresen– produktibitatea hobetzeko eta hazkunderako proiektuen bidez lehiakortasuna indartzeko aparteko izaerako laguntza ekonomikoak.

Enpresek merkatuetan lehiatzen dute, eta horren arabera biziraungo dute. Baina lehiakortasunaren eragina ez da enpresen eremura mugatzen. Lehiakorrak izateko gaitasunetik ondorioztatzen da, baita ere, gizarte osoarentzako enplegua eta aberastasuna sortzeko eta mantentzeko gaitasuna, gizartearen baliabideak ahalik eta gehien baliatuz. Baliabide horien artean baliotsuena Gipuzkoako gizartea osatzen duten emakumeen eta gizonen talentua da.

Bigarren oinarriaren edukia ekintzailetzaren aldeko neurriak ezartzera zuzenduta dago. Eusko Legebiltzarraren ekainaren 28ko 16/2012 Legeak, Euskadiko Ekintzaileei eta Enpresa Txikiari Laguntzekoak, hau dio zioen azalpenean: «Ekintzaileak funtsezkoak dira ekonomiaren hazkunderako eta berrikuntzarako. Batez ere haien bidez transmititzen dira ezagutza eta berrikuntza, haien bidez erabiltzen, batik bat, balio erantsi handiagoa sortzen duten produkzio-jardueretan, eta, ondorioz, berak dira ekonomiaren eraginkortasunerako bitarteko nagusiak. Enpresarien eta enpresa txiki eta ertainen ekintzailetza-jardueraren bidez, I+Gn, berrikuntzan eta prestakuntzan egiten den inbertsioa merkatura daitezkeen berrikuntzetan gauzatzen da; hala, epe luzeko hazkundearen erritmoari begira erabakigarria da jarduera hori. Horregatik guztiagatik, ekonomia ororen lehiakortasuna eta oparotasuna eraikitzeko oinarrietako bat ekintzailetza-jarduera bermatzea da».

Era berean, beharrezkoa da lan autonomoarentzako laguntzak inplementatzea.

Foru Aldundiak egin beharreko aparteko planaren hirugarren oinarriaren helburua enplegua sortzea bultzatzea da, hain zuzen ere, enplegu-hobi berri edo oso berri izenekin ezagutzen diren esparruetan, hots, oraingo munduan gertatzen diren eraldatze sozial eta teknologikoen haritik sortzen diren merkatu-hobiak, zeinek estali behar diren eskari batzuk eragiten baitituzte.

Laugarren oinarriak programa bat ezartzen du, aparteko planak jaso beharko duena, Gipuzkoako udalek Enpleguaren alde garatzen dituzten tokiko ekimenak babesteko, hain zuzen ere, langabezian dauden pertsonak gutxienez sei hilabeterako kontratatuz, udalen eskumeneko lanak edo zerbitzuak edo horien osagarriak egiteko.

Bosgarren oinarriari dagokionez, adierazi beharra dago merkatari txikien sektorea, enplegua, jarduera ekonomikoa eta aberastasuna sortzeko faktorea ez ezik, lurralde-egituraketarako eta herri-kohesiorako faktorea ere badela, gure lurraldeko herrigune askotan gertatzen ari den basamortutzea geldiarazteko balio duena.

Krisi ekonomikoa sektore garrantzitsu honetan ere ari da izaten eragina. Horregatik, beharrezkoa da aparteko planak Gipuzkoako merkatari txikiei eta zerbitzuen sektoreko gainerakoei –hala nola ostalaritzari– laguntzeko programa bat jasotzea, krisiaren aurkako neurri gisa.

Seigarren oinarriari dagokionez, helburu hau du: Gipuzkoako eremuen artean lurralde- eta eskualde-oreka handiagoa lortzea, ekonomia-garapen iraunkorraren barruan.

Zazpigarren oinarriaren helburua da Foru Gobernuaren ekintzarako Sarbideak programa berreskuratzea, enplegua lortzeko zailtasun bereziak dituzten Gipuzkoako pertsonei zuzenduta.

Azkenik, zortzigarren oinarriak diru-laguntzako lerro batzuk jasotzen ditu bertako nekazaritzako elikagaien sektorea sustatu eta bultzatzeko.

Foru arau honek lau artikulu eta amaierako xedapen bat ditu.

Lehenengo artikulua.– Gipuzkoako Batzar Nagusiek, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauko 13. artikuluko 1. eta 2. apartatuetan oinarrituta, Foru Aldundia eskuordetzen dute Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko Departamentuaren bitartez aparteko plan bat egiteko, urte anitzekoa (2015-2016), krisi ekonomikoari aurre egiteko, langabeziaren aurkako borrokarako eta Gipuzkoako ekonomia-ehunaren lehiakortasuna handitzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak oinarrien foru-arauaren proposamen hau onartzen denetik bi hilabeteko epea izango du, aipatutako plana egiteko, testu artikulatu gisa eta foru-dekretu arauemailearen formarekin.

Foru Aldundiak, eskuordetze hori erabili bezain laster, Batzar Nagusiei bidaliko die dagokion jakinarazpena, testu artikuluarekin batera, eta Batzar Nagusien Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Bigarren artikulua.– Foru arau honek aparteko plana antolatzeko oinarriak jasotzen ditu, aurreko artikuluan adierazitako helburuak betetzeko, eta hauek dira:

Lehenengo oinarria: Gipuzkoako enpresa-ehunaren lehiakortasuna hobetzeko neurriak.

Bigarren oinarria: ekintzailetza eta lan autonomoa laguntzeko neurriak.

Hirugarren oinarria: enplegu-hobi berriak sustatzeko neurriak.

Laugarren oinarria: Gipuzkoako udalen enplegu-ekimenak laguntzeko neurriak.

Bosgarren oinarria: Gipuzkoako merkatari txikiei eta zerbitzuen sektoreko gainerakoei laguntzeko neurriak.

Seigarren oinarria: beheraldian dauden Gipuzkoako eremuei laguntzeko neurri bereziak.

Zazpigarren oinarria: Sarbideak programa, enplegua lortzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonei zuzendua.

Zortzigarren oinarria: bertako nekazaritzako elikagaien sektorea bultzatzea.

Hirugarren artikulua.- Oinarri horietako bakoitza garatzerakoan, Gipuzkoako Foru Aldundiak honako printzipio eta irizpide hauei jarraitu beharko die:

LEHENENGO OINARRIA

Gipuzkoako enpresa-sarearen lehiakortasuna hobetzea lortzeko neurriak.

Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainei eta mikroenpresei honako hauek martxan jartzen eta garatzen laguntzeko diru-laguntzen lerro bat jasoko du planak:

● Proiektu berritzaileak, batez ere oinarri teknologikoa dutenak.

● Produktibitatea hobetzeko proiektuak.

● Enpresa-hazkunderako proiektuak.

● Nazioartekotzeko proiektuak.

● Honako plan hauei laguntza profesionalizatua emateko programak: ingurumen-kudeaketa industriala ezarri eta garatzeko planak.

● Enpresak bategiteko proiektuak edo enpresa-lankidetzarako proiektuak xedetzat nazioarteko lehiakortasuna hobetzea dutenak.

● Lankidetza publiko-pribatuaren bidez, honelako zentro bat martxan jartzeko proiektua: adimen lehiakorraren eta enpresa-jakintzaren eta jakintza ekonomikoaren zentro bat, batik bat enpresa txiki eta ertainentzako eta mikroenpresentzako:

○ Jagoletza lehiakortasun, teknologia, merkataritza, gizarte, politika eta ekonomiaren alorrean.

○ Enpresa txiki eta ertainek eta mikroenpresek ezaguera eskuratzeko metodologia eta aholkularitza.

○ Talentua erakartzea eta berritzea.

○ Diplomazia korporatiboa: beste kultura batzuk ezagutzea eta sozioekonomikoki tratatzea enpresa-harremanaren eta enpresa-konpromisoaren ikuspegitik.

○ Lankidetza eta batasun lehiakorrak.

○ Administrazioak ezagutzea, batez ere indartzen ari diren herrialdeetan.

Laguntzak emateko orduan, Gipuzkoako Foru Aldundiak kontuan izango du proiektu horiek garatzeak eta gauzatzeak zer neurritan laguntzen duen enplegua sortzen eta mantentzen.

BIGARREN OINARRIA

Ekintzailetza eta lan autonomoa laguntzeko neurriak.

Ekintzailetasuna laguntzeko diru-laguntzen lerro bat jasoko du planak, ekainaren 28ko 16/2012 Legeak, Euskadiko Ekintzaileei eta Enpresa Txikiari Laguntzekoak, jasotzen duen definizioaren arabera.

Diruz lagunduko diren ekintzen helburua enpresa-ekimen berriak abiatzea eta sendotzea da, batez ere oinarri teknologikoa dutenak, eta, batik bat, xede hau dutenak:

● Enpresen jardueraren garapena hobetzea.

● Bideragarritasun-azterlanak egitea.

● Ekintzaileei enpresen antolaketa hobetzeko aholkuak ematea.

● Ekintzaileei produktuak merkaturatzeko aholkuak ematea.

● Egoerari buruzko diagnosiak eta plan estrategikoak egiteko aholkuak ematea ekintzaileei.

● Inbertsiorako laguntzak ezartzea.

● Negozioa garatzeko eta inplantazio-tutoretzarako adituen laguntza-zerbitzua bultzatzea, proiektua hasi eta lehenengo urtetan.

● Lurraldetik kanpo finkatuta dauden hemengo pertsona adimentsuak erakartzea, enpresa-ekintzailetzako proiektuak ezartzearren.

Ildo beretik, lan autonomoarentzako laguntzen lerro bat ere sartuko da.

HIRUGARREN OINARRIA

Enplegu-hobi berriak eta oso berriak bultzatzea.

Planak enplegu-hobi berrien eta oso berrien esparruetan enplegua eta jarduera ekonomikoa bultzatzeko laguntzen programa bat jasoko du. Enplegu-hobi berritzat joko dira eremu hauetan egiten diren jarduerak:

● Etxez etxeko zerbitzuak.

● Zerbitzu pertsonalak eta taldeentzako zerbitzuak.

● Haurren, hirugarren adinekoen edo ezintasuna duten pertsonen arretarako zerbitzuak.

● Ingurumena hobetzearekin zerikusia duten zerbitzuak.

● Natura guneak babestu eta hobetzeko zerbitzuak.

● Kultura-zerbitzuak.

● Hiriko bizitza hobetzeko zerbitzuak

Laguntzak batez ere ekonomia sozialaren alorrean dauden enpresa-proiektuentzako izango dira.

LAUGARREN OINARRIA

Gipuzkoako udalen enplegu-ekimenak laguntzea.

Planak Gipuzkoako herrietako udalek aurrera eramaten dituzten ekimenei laguntzeko ildo bat ezarriko du, langabetuak gutxienez sei hilabetez aldi baterako kontratatuz, udal-eskumeneko lan edo zerbitzu propioak edo osagarriak burutu ditzaten.

Lerro horren kargura finantzatu ahal izango da udal-eskumenekoak diren zerbitzu publiko jakin batzuk betetzeko langabetuak eta Gipuzkoako Lanbiden langabetu gisa izena emanda dauden pertsonak kontratatzeko udalek dituzten lan kostuen % 75. Zerbitzu horiek, batez ere, ondorengo jarduerekin zerikusia izango dute:

a) Kultura eta turismoa dinamizatzeko programak.

b) Parkeak, lorategiak eta ingurumeneko babes berezia aitortua duten guneak zaintzeko lanak.

c) Kirol-jarduerak.

d) Animazioko eta gazte-informazioko proiektuak.

e) Herrilan eta instalazioen mantentze-zerbitzua.

f) Informatika eta telekomunikazio-zerbitzuak.

g) Liburutegi-, dokumentazio-, artxibo- eta museo-zerbitzuak

h) Gizarte-babeseko jardueren kudeaketarekin lotutako zerbitzuak.

i) Administrazio-zerbitzuak.

BOSGARREN OINARRIA

Gipuzkoako merkatari txikiei eta zerbitzuen sektoreko gainerakoei laguntzeko neurriak.

Planak Gipuzkoako merkatari txikiei eta zerbitzuen sektoreko gainerakoei laguntzeko programa bat jasoko du, eta diruz laguntzeko lerro hauek jasoko ditu:

● Gipuzkoako merkatari txikiek dendak modernizatzeko laguntzak.

● Berrikuntza teknologikoa laguntzea.

● Gipuzkoako udalentzako laguntzak, tokiko merkataritza-azpiegiturak modernizatzeko eta tokiko merkataritza txikia sustatzeko.

● Sektore barruko elkartzeak eta lankidetzak sustatzea.

● Merkatari txikientzako prestakuntza-plan bat sustatzea.

● Ostalaritzaren sektorea laguntzea, berrikuntza-proiektuetarako.

● Laguntzalerro berezi bat merkataritza zein ostalaritza txikiaren sektoreetako ordezkarientzako, negoziogarapenerako eta inplantaziotutoretzarako adituen laguntzazerbitzu bat ezartzeko negozioa hasi eta lehenengo urtetarako.

SEIGARREN OINARRIA

Beheraldian dauden eremuei laguntzeko neurri bereziak.

Aparteko planak beheraldian dauden Gipuzkoako eremuei laguntzeko neurri-multzo bat jasoko du.

Neurri-multzo horren helburua izango da Gipuzkoako eremuen arteko lurralde-oreka handiagoa lortzen saiatzea, ekonomia-garapen iraunkorraren barruan.

Krisi ekonomikoak bereziki zigortutako eremuetan duen eragina txikitzera bideratuta egongo dira neurriak, jarduera ekonomiko berriak diseinatuta, bereziki sektore hauetan:

● Industria.

● Zerbitzuak.

ZAZPIGARREN OINARRIA

Sarbideak programa.

Aparteko planak Sarbideak programa Foru Aldundiaren ekintzarako berreskuratzea jasoko du, eta enplegua lortzeko zailtasun bereziak dituzten gipuzkoarrei bideratuta egongo da, hiru jarduera-lerrorekin:

● Prestakuntza.

● Berrikuntza.

● Autoenplegua.

ZORTZIGARREN OINARRIA

Bertako nekazaritzako elikagaien sektorea bultzatzea.

Planak diru-laguntzen lerro bat jasoko du bertako nekazaritzako elikagaien sektorearentzako, zehazki, honetarako:

● Enpresak elkartzeko proiektuak eta enpresen lankidetza merkataritza-banaketan.

● Bertako haziak berreskuratzea.

● Nekazaritza ekologikoan adituak diren teknikariak kontratatzea.

Laugarren artikulua.– Gipuzkoako Foru Aldundiak, foru-arau honetan aipatzen den aparteko plana finantzatzeko, 2015eko ekitaldiko aurrekontuan sartuko ditu ordainketa-kredituak eta 2016ko ekitaldirako urte anitzeko konpromiso-kredituak, ekitaldi bakoitzean gutxienez urtero berrogeita hamar milioi euroko zenbatekoarekin. Planak gutxienez ehun milioi euroko zuzkidura izango du guztira.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu Araubideari buruzko 4/2007 Foru Arauak 78. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-luzapena emanez gero, aurreko kopuruak mantenduko dira aurrekontu-luzapena arautzen duten arauetan.

AMAIERAKO XEDAPENA

Foru arau hau indarrean sartuko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunean.


Azterketa dokumentala