Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

227. zk., 2014ko azaroaren 27a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5070

EBAZPENA, 2014ko azaroaren 10ekoa, Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoan teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko 2014-2015 ikasturteari dagozkion proba libreetarako deialdia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoan teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko probak arautzen dituen 2008ko ekainaren 19ko Aginduaren 4. artikuluak xedatzen duenez, proba horietarako deialdia Lanbide Heziketako zuzendariaren ebazpen bidez egingo da, eta ebazpen horretan, izena emateko aldia eta proben datak zehaztuko dira. Era berean, 2. artikuluak ezartzen du proba horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko ikastetxeetan egingo direla, baimenduta dituzten heziketa-zikloetan, eta betiere, araubide arruntean matrikulatutako ikasleak badituzte lehen nahiz bigarren ikasturtean.

Halaber, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako 2010eko otsailaren 19ko Aginduaren hirugarren xedapen iragankorrak esaten duenez (agindu horrek lanbide-heziketako heziketa-zikloen ezarpena eta ebaluazioa arautzen du), hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren (LOGSE) ondoriozko heziketa-zikloak hasi baina amaitu ez dituzten pertsonek titulua eskuratu ahal izan dezaten, teknikariari eta goi-mailako teknikariari dagozkion tituluak lortzeko probak deitzen jarraituko da. Alabaina, aurreko lege hori ordezkatzen duen Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren heziketa-zikloa ezartzen den ikasturtean eta hurrengo ikasturtean soilik jarraituko dira deitzen proba horiek. Era berean, aldi horretan heziketa-ziklo horiek eskaintzen jarraitu ahal izango da eskaintza partzialaren modalitatean.

Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretua (gerora uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuak indargabetua) eta Euskal Autonomia Erkidegoan Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretua aplikatzen direnetik, Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikotik eratorritako lanbide-heziketako heziketa-zikloak ezarri izan dira. Arau horietan, eta arau horiek garatzen dituztenetan, mugatu egiten da aurrez aurreko erregimenean egiteko deialdien kopurua ikasleentzat. Ondorioz, ikasle batzuek, heziketa-zikloak aurrez aurreko erregimenean egin dituzten arren, ezin dituzte ikasketak jarraitu, ezarritako gehienezko deialdi-kopurua gainditua dutelako.

Aipatutako 1147/2011 Errege Dekretuko 36. artikuluan adierazten denez, hezkuntza-administrazioek, aldian-aldian, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko 69.4 artikuluan ezarritako probak antolatu behar dituzte, teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko, eta, era berean, bertan ezartzen denez, gutxienez urtean behin egingo dira deialdiak. Halaber, adierazten du hezkuntza-administrazioek, bakoitzak bere eskumenen esparruan, zehaztu egin behar dutela beren deialdietan heziketa-zikloetako zein lanbide-ziklotarako egiten diren probak, zein den matrikula egiteko epea eta zeintzuk diren probak egiteko egunak.

Kontuan izan behar da pertsona guztiek bizitza osoan zehar trebatzeko aukerak izan behar dituztela, eta, era berean, hezkuntza-sistemak bideak jarri behar dituela administrazio publikoak gai izan daitezen honako helburu hau lortzeko: herritar guztiek derrigorrezko bigarren hezkuntzaren ondoko trebakuntza edo parekoa lortzea. Horrela, bada, bidezkoa da Euskal Autonomia Erkidegoan teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko probak egiteko deialdia egitea, goian deskribatutako egoerak kontuan hartuta, lanbide-heziketako ikasketak egin dituzten ikasleek aukera izan dezaten titulu bat lortzeko edo titulu hori lortzeko ikasketak egiten jarraitzeko.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Euskal Autonomia Erkidegoan teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko (Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2008ko ekainaren 19ko Aginduaren bidez arautuak) 2014-2015 ikasturteari dagozkion probetarako deialdia egitea.

2. artikulua.– Deialdiaren esparrua.

1.– Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babespean (LOGSE) ezarritako lanbide-heziketako tituluak lortzeko probak.

a) Aipatutako 1/1990 Lege Organikotik eratorritako lanbide-heziketako heziketa-zikloetan (eskainitako edozein modalitatetan) aldez aurretik matrikulatuta egon diren ikasleentzat dira proba hauek, edo, bestela, aldez aurretik titulua lortzeko probetara aurkeztu direnentzat. Heziketa-ziklo horiek, gaur egun, aurrez aurre ematen egon ahal izango dira, edo iraungita egon, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren (LOE) babespean ezarritako lanbide-heziketako titulu berrien ezarpena indarrean sartu delako.

b) Aurreko idatz-zatian adierazitako modalitateetako edozeinetan aldez aurretik matrikulatuta egon diren zikloetako batean matrikulatu ahal izango dira ikasle horiek.

c) I. eta II. eranskinetan azaltzen da zein heziketa-ziklotarako egiten den deialdia.

I. eranskinean azaltzen da zein LOGSE heziketa-ziklotarako oraindik ere egiten den aurrez aurreko eskaintza, eta zeintzuetarako egiten den proba hauen deialdia.

II. eranskinean azaltzen da iraungitako edo iraungitzeko bidean dauden LOGSE heziketa-zikloetatik zeintzuetarako egiten den proba hauen deialdia, 2010eko otsailaren 19ko Aginduaren hirugarren xedapen iragankorrean adierazitakoarekin bat etorriz.

2.– Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babespean (LOE) ezarritako lanbide-heziketako tituluak lortzeko probak.

a) Aipatutako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikotik (LOE) eratorritako lanbide-heziketako heziketa-zikloetan aldez aurretik matrikulatuta egon eta aurrez aurreko erregimeneko deialdi-kopurua agortu duten ikasleentzat dira proba hauek.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan aurrez aurreko eskaintzan gaur egun ezarrita dauden heziketa-ziklo guztietarako egiten da deialdia.

3. artikulua.– Eskakizunak.

1.– Matrikulatu ahal izateko, ebazpen honetan aipatzen diren ikasleek bete egin beharko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko probak arautzen dituen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2008ko ekainaren 19ko Aginduaren 3. artikuluan (uztailaren 14ko EHAA) ezarritako eskakizunak.

2.– Ikasle berak ezin izango du ikasturte berean matrikulatu teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko probetan autonomia-erkidego batean baino gehiagotan. Baldintza hori ez betetzeak matrikula deuseztatzea ekarriko du berekin. Egoera hori egiaztatzeko, III. eranskinean jasotzen den aitorpena bete beharko du.

3.– Uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 36.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, 2014-2015 ikasturtean, ezin izango da aldi berean lanbide-modulu baten matrikula egin ebazpen honen bidez deitutako probetan eta lanbide-heziketako titulua lortzeko beste hezkuntza-administrazio batzuek deitzen dituztenetan, eta, era berean, ezin izango da modulu horretan matrikula egin aurrez aurreko edo urrutiko modalitateetako edozeinetan. Prozeduraren edozein fasetan, hori gertatu dela egiaztatuz gero, deialdi honetatik baztertuko da hori egin duena, eta baliorik gabe geratuko da egindako matrikula, hartara eragotzi gabe jokabide horrek ekar dezakeen beste edozein erantzukizun.

4. artikulua.– Matrikula egitea.

1.– Ebazpen honen bidez deitutako probetarako matrikula heziketa-zikloko modulu baterako edo gehiagorako egin ahal izango da, salbu eta proiektuko lanbide-modulurako, hala badagokio, eta Lantokiko Prestakuntza lanbide-modulurako; izan ere, aurrez aurreko modalitatean egin beharko dira horiek, heziketa-zikloko gainontzeko moduluak gainditu eta gero, eta haietarako ezarritako baldintzetan.

2.– Hezkuntza-administrazioaren menpeko lanbide-heziketako ikastetxeetako batean egingo da, heziketa-ziklo osoa ematen dutenetako batean.

3.– Iraungitzeko bidean diren heziketa-zikloen kasuan, 1/1990 Legetik (LOGSE) eratorritakoetan (II. eranskinean azaltzen dira), honako hauek ematen dituzten hezkuntza-administrazioaren menpeko ikastetxeetan egin ahal izango da matrikula:

● 1/1990 Lege Organikotik (LOGSE) eratorritako heziketa-ziklo iraungia ordezten duen 2/2006 Lege Organikotik (LOE) eratorritako heziketa-zikloko bi kurtsoak.

● Edo bestela, matrikula egiten den zikloko bigarren kurtsoa eta 2/2006 Lege Organikotik (LOE) eratorritako lehenengo kurtsoa.

4.– Heziketa-zikloren batean ezin bada matrikula egin aurreko paragrafoan adierazitako baldintzetan edo behar bezala oinarritutako beste gorabehera batzuk baleude, Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzak hezkuntza-administrazioaren menpeko ikastetxe batzuk berariaz gaitu ahal izango ditu horretarako.

5. artikulua.– Matrikulazio-aldia.

1.– Matrikula 2015eko martxoaren 9tik eta 20ra bitartean egin beharko da, bi egun horiek barne.

2.– Probak 2015eko ekainaren 1etik 19ra bitartean –bi egun horiek barne– egin ahal izango dira, ikastetxe bakoitzak ezartzen duen egutegira egokituz.

6. artikulua.– Tasak ordaintzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen Testu Bategina onartzeko irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuak aipatzen dituen modalitateen bitartez ordaindu ahal izango da azterketa egiteko eskubidea. Kreditu-erakunde kolaboratzaileek lagunduko dute horretan. 2015eko martxoaren 25a izango da azterketa-eskubideak ordaintzeko azken eguna.

2.– Matrikulak balioa izan dezan, azterketa egiteko eskubideei dagokien tasa ordaindu beharko da. 2015eko apirilaren 7an, ikastetxeko iragarki-taulan jarriko da ikusgai tasa ordaindu duten pertsonen zerrenda. Zerrenda horretan egon litezkeen akatsak zuzentzeko, epe bat irekiko da kaltetuek erreklamazioak jar ditzaten, eta epe hori apirilaren 13an amaituko da. maiatzaren 8an jarriko da ikusgai matrikulatu eta azterketa egiteko eskubidea ordaindu duten eta probetara aurkez daitezkeen pertsonen behin betiko zerrenda.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Probak egiteko ezarri den egutegia kontuan izanda ezin direnez aldi berean egin proba horiek eta Lantokiko Prestakuntza modulua, 2/2006 Lege Organikotik (LOE) eratorritako heziketa-zikloak ezarri ondoren aurreikusitako biak amaitu ondorengo ikasturtera arte modulu hori bakarrik egiteko matrikula egin ahal izango dute (2010eko otsailaren 19ko Aginduaren hirugarren xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraikiz) honako hauek: heziketa-zikloan sartzeko ezarri diren betekizun guztiak bete eta teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko proben deialdietan parte hartu dutenek eta 1/1990 Lege Organikotik (LOGSE) eratorritako heziketa-zikloetan (2/2006 Lege Organikotik eratorritako heziketa-zikloen ezarpenak eragiten dietenetan) parte hartu dutenek eta heziketa-zikloko curriculuma osatzen duten lanbide-modulu guztiak, Lantokiko Prestakuntza modulua izan ezik, gainditu dituztenek.

Ikaslearen espedienteko azken idatzoharra jasota dagoen hezkuntza-administrazioaren menpeko ikastetxean egingo da matrikulazioa; eta matrikula egiteko epea, berriz, heziketa-zikloak egiteko eskabideak aurkezteko eta onartzeko epeak eta ikasleak onartzeko jarraibideak ezartzen dituen urteko aginduan adierazten da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honetan prozedura-gaietarako arautzen ez denerako, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa aplikatuko da, ordezko modura (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko azaroaren 10a.

Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendaria,

RAMÓN MARÍA MARTÍNEZ DE MURGUÍA URRETA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala