Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

228. zk., 2014ko azaroaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
5101

219/2014 DEKRETUA, azaroaren 25ekoa, Asafes Eri Mentala duten Pertsonen eta Senideen Arabako Elkartea gizarte-interesekotzat aitortzeko dena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatzen denez, gizarte-interesekotzat aitortu ahal izango dira gizarte-zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak –arauz ezartzen diren baldintzak betetzen dituztenak–, hain zuzen ere aitortzeko haien ibilbidea eta Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektoreak EAEko gizarte-zerbitzuen garapenaren alde ematen duen laguntza.

Urriaren 7ko 424/2013 Dekretuak, gizarte zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-intereseko aitortzeari buruzkoak, gizarte-intereseko aitorpena lortzeko baldintzak eta prozedura arautzen ditu.

Haren babesean, Asafes Eri Mentala duten Pertsonen eta Senideen Arabako Elkarteak aipatutako aitorpena eskatu du, uste baitu merezi duela gizarte-interesekoa dela aitortzea, gizarte-ekintzaren arloan egiten dituen jarduerengatik.

Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak aditzera eman duenez, Asafes Eri Mentala duten Pertsonen eta Senideen Arabako Elkartea irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, 1976an eratua, eta helburu nagusitzat du buruko gaitzen bat duten pertsonei eta haien senideei laguntza eta orientabideak ematea. Horretaz gainera, buruko gaitza duten pertsonen eta haien senideen eskubideen alde egiten du erakundeen aurrean, eginahalak egiten ditu gizartea sentsibilizatzen halako gaitzak dituztenak gizartean integratzearen alde eta ekimenak sustatzen ditu pertsona horiek gizarteratze aldera. Ibilbide historikoa du Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak ematen; izan ere, egiaztatu du bere jarduera etenik gabe burutu duela 2009tik, Arabako Lurralde Historikoan, nagusiki.

Urriaren 7ko 424/2013 Dekretuan xedatutakoaren arabera, Jaurlaritzaren Kontseiluak onartutako dekretu bidez egingo da gizarte-intereseko aitorpena, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailburuak proposatuta, zeinak dagokion espedientea izapidetuko baitu.

Horrenbestez, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko azaroaren 25ean egindako bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Aitortzea Asafes Eri Mentala duten Pertsonen eta Senideen Arabako Elkartea gizarte-interesekoa dela, burutzen dituen gizarte-ekintzen bidez Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen laguntzeagatik.

2. artikulua.– Aitortzea Asafes Eri Mentala duten Pertsonen eta Senideen Arabako Elkarteari aitorpen honen berezko eskubideak, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatutakoak.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko azaroaren 25ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.


Azterketa dokumentala