Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

228. zk., 2014ko azaroaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
5106

EBAZPENA, 2014ko azaroaren 21ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinen bidez onartzen baita «Bilboko Hiri Trenbidearen 2. lineako Santurtzi-Kabiezes zatia eraikitzeko proiektua. Addenda I» proiektuak erasandako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta dei egiten baitzaie titularrei, okupatu aurreko aktak egiteko.

2008ko uztailaren 8ko Ebazpenaren bidez, Garraio Azpiegituren zuzendariak onartu zuen Bilboko Hiri Trenbidearen 2. lineako Santurtzi-Kabiezes zatia eraikitzeko proiektua.

Proiektuaren xedea da BHTaren 2. lineako Santurtzi-Kabiezes zatia eraikitzeko proiektua eguneratzea, hau da, honako hauek zehaztu eta baloratzea: zati horretako azpiegitura-obrak, Kabiezesko geltokiaren arkitektura, lurrazalean azpiestazio elektriko bat eraikitzea, eta obrak egiteak eta ustiatzeak arlo eta zerbitzu desberdinetan behin-behinean edo betiko eragingo dituzten afekzioak.

Proiektuaren eraginpeko lurrak eskuratu eta ondasunak eta eskubideak kudeatu ahal izateko, proiektuan jasota geratu dira ondasun horiek guztiak identifikatzeko zerrenda zehatz bat eta desjabetzeen eranskineko partzela-planoak.

Garraio Azpiegituraren zuzendariaren 2008ko urriaren 10eko Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zen Bilboko Hiri Trenbidearen 2. lineako Santurtzi-Kabiezes zatia eraikitzeko proiektuak erasandako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta, Garraio Azpiegituraren zuzendariaren 2008ko abenduaren 1eko Ebazpenaren bidez, onartu zen proiektuak erasandako ondasun eta eskubideen zerrenda eta titularrei dei egin zitzaien horiek okupatu aurretiko aktak egiteko; akta horiek 2009ko urtarrilaren 15ean egin ziren.

Etxebizitza Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko ekainaren 22ko Aginduaren bidez, honako obra-kontratu honen 1. aldaketa onartu zen: «Bilboko Hiri Trenbidearen 2. lineako Santurtzi-Kabiezes zatiaren obra zibila».

Okupazioari dagokionez, desjabetze-prozedurako faseak bete ondoren, proiektua gauzatzeko ardura duen zerbitzuak txostena eman zuen, non adierazten baitzuen «Bilboko Hiri Trenbidearen 2. lineako Santurtzi-Kabiezes zatiko obra zibila eraikitzeko proiektua. 1. aldaketa» proiektuko lanen artean zegoela trakzioko azpiestazio elektrikoa barne hartzeko eraikin bat altxatzea, 2. linearen trazatuaren ondoan, Kabiezeseko hondakindegi inguruan.

Trakzioko azpiestazio elektrikoa mantentzeko prebentzio- eta zuzenketa-lanen ondorioz, eta BHTaren 2. lineako trenbide-trazadurara –azken tartean– iristeko sarbide bat egingo denez gero, behin betiko okupatu beharra dago BHTaren 2. lineako instalazioetara sartzeko bidearen lur-sailak, orain arte aldi baterako bakarrik okupatu behar zirenak.

2014ko urriaren 6ko Ebazpenaren bidez, erabaki zen hastea proiektu hau burutzeko behar diren ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen prozedura, eta jendaurrean jarri zen Desjabetzeen Eranskineko zerrenda, interesdunei jakinarazi zitzaien eta honako hedabideetan argitaratu zen: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (205. zk.); Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (206. zk.), eta «El Correo», «Deia» eta «Berria» egunkarietan eta Santurtziko eta Portugaleteko Udaletako iragarki-oholetan.

Organo honek eskumena dauka Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren trenbide-azpiegiturako lanak gauzatzeko nahitaezko desjabetze-prozeduraren izapideak egiteko eta ebazpena emateko, halaxe ezarrita baitago Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 14.1.c) artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 13.1.g) artikuluan. Azken dekretu hori, bestalde, martxoaren 1eko 8/2013 Dekretuaren aldatu zen lehenik, eta, bigarren aldiz, abenduaren 2ko 34/2013 Dekretuaren bidez.

Trenbide Sektorearen azaroaren 17ko 39/2003 Legearen 6.2 artikuluak ezartzen du, trenbideak jarri edo lineak zabaltzeko proiektuak ofizialki onartzeak berekin ekarriko duela proiektuaren eraginpeko eta identifikaturiko ondasunak okupatzea onura publikokotzat eta lehenbailehen egin beharrekotzat jotzea; eta horrek ahalmena ematen dio administrazioari Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan aurreikusitako jardunbidera jotzeko eta, hortaz, proiektuaren eraginpeko lurrak okupatu edo ondasunak eskuratzeko; horretarako, lehenbizi, desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak zehaztu, titularrak identifikatu eta baloraziorako behar diren datu eta azalpenak jasoko dira aktan, eta perituak ezarritako diru-kopurua ordaindu edo okupatu aurretiko gordailu gisa utzi beharko da; eta, hala badagokio, premiazkotasunak ekarritako kalteen ordaina ere eman beharko zaie.

Beraz, aurrekariak, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 20., 21. eta 52. artikuluetan eta haren Erregelamenduaren 56. artikuluan xedatutakoa, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainontzekoak ikusirik,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Onartzea «Bilboko Hiri Trenbidearen 2. lineako Santurtzi-Kabiezes tartea eraikitzeko proiektua. Addenda I» proiektuak erasandako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta horiek okupatu beharra deklaratzea Trenbide Sektorearen azaroaren 17ko 39/2003 Legearen 6.2 artikuluan xedatutako ondorioekin.

Bigarrena.– Dei egitea zerrenda horretan agertzen diren ondasun eta eskubideen titularrei, bertan adierazitako egunean eta orduan Santurtziko eta Portugaleteko Udaletara ager daitezen ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko, eta, hala badagokio, ondasun eta eskubide horiek formalki okupatzeko. Beharrezkoa izanez gero, eta interesdunak hala eskatzen badu, lur eremura bertara joateko aukera ere izango da.

Egintza horretara interesdunek berek edo haien izenean jarduteko behar bezalako baimena jaso duten ordezkoek joan beharko dute, eta ondasunen titular direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte (eskritura publikoak, Jabegoaren Erregistroko ziurtagiria edo informazio-oharrak, etab.), baita euren eskubideak egiaztatzeko bestelako edozein agiri ere. Nahi izanez gero, perituak eta notario bat ere eraman ahal izango dituzte, beren kontura.

Era berean, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamenduaren 56.2 artikuluan xedaturikoari jarraituz, interesdunek zerrendako okerrak zuzentzeko alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte aktak egiteko egunera arte. Alegazioak idatziz aurkeztu beharko dira Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzan (Lakua 1, Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Garraio Azpiegituraren zuzendariari edo Garraioetako sailburuordeari hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu ondorengo egunetik aurrera.

Eta hala jakinarazten da, guztiek horren berri izan dezaten.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko azaroaren 21a.

Garraio Azpiegituraren zuzendaria,

MARÍA ALMUDENA RUIZ DE ANGULO DEL CAMPO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala