Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

240. zk., 2014ko abenduaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
5365

228/2014 DEKRETUA, abenduaren 9koa, zeinaren bidez baimena ematen zaion Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari «Lanpar 2013, Erregimen Erraztuko Arrisku Kapitalaren Funtsa» izeneko arrisku-kapitalaren funtsean partaidetza hartzeko.

«Gestión de Capital-Riesgo del País Vasco SGECR, S.A.» sozietatea kudeatzen ari den funtsen helburua da aldi baterako partaidetzak eta partaidetza minoritarioak hartzea enpresa ez-finantzarioetan, edota partaidetza-maileguak ematea. Enpresek oso harrera ona egin diote finantzaketa-aukera horri.

Gaur egungo krisiak agerian uzten eta zalantzan jartzen du estatuen finantzaketa-egitura, eta gero eta ahalegin publiko handiagoa eskatzen du jarduera ekonomikoa dinamizatzeko eta gero eta handiagoak diren gizarte-beharrei erantzuteko.

Inguruabar horietan, «Gestión de Capital Riesgo del País Vasco SGECR, S.L.» sozietateak, bere helburu soziala gauzatuz, pentsatu du negozio-aukera dagoela ekonomia sozialaren inguruan, enpresa-eredu bezala ulertuta. Horretan, langileen parte-hartze handiagoa lortzen da, eta kapitala, lana eta ezagutza uztartzen dira, konpromiso handiagoarekin. Halaber, pentsatu du negozio-aukera hori dagoela familia-enpresen ondorengotze-prozesuetan eta konpainiak berregituratzeko prozesuetan, horietan langile-kopuruaren zati handi bat konprometituko bada. Horretan oinarrituta, arrisku-kapitalaren beste funts bat eratzea sustatu zuen, «Lanpar 2013, Erregimen Erraztuko arrisku-kapitalaren funtsa» izenarekin.

Funts horren xede nagusia da aldi baterako partaidetzak hartzea finantzarioak ez diren eta higiezinen arlokoak ez diren enpresen kapitalean; partaidetza hartzeko unean, enpresa horiek ez dute kotizatuko balore-burtsen lehenengo merkatuan, ez eta Europar Batasuneko edota «ELGA» Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko kide diren gainerako herrialdeetako merkatu arautu baliokideetan ere. Funts horren inbertsioen xedea da langileek kapital sozialean partaidetza hartzeko prozesuei laguntzea. Inbertsio horiek manufaktura-arloko industria-jarduerak eta horiekin lotuta dauden zerbitzuak garatzen dituzten enpresetako inbertsioetara zuzenduta daude, eta lehentasuna emango zaie berritzailetzat jotzen direnei.

Arrisku-kapitaleko erakundeei buruzko azaroaren 24ko 25/2005 Legean araututa daude arrisku-kapitaleko funtsak. Lege horren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, arrisku-kapitaleko entitateak, izaera juridikoari dagokionez, arrisku-kapitaleko sozietateak edo arrisku-kapitaleko funtsak izan daitezke, eta erregimen komunekoak edo erregimen erraztukoak izan daitezke.

Azaroaren 24ko 25/2005 Legearen 32. artikuluan ezarritakoaren arabera, arrisku-kapitaleko funtsak dira nortasun juridikorik gabeko ondare bereiziak, inbertitzaile askorenak, eta horien kudeaketa eta ordezkaritza sozietate kudeatzaile bati dagokio, zeinak jabari-ahalmenak baititu, funtsaren jabe izan gabe. Helburu nagusia da aldi baterako partaidetzak hartzea finantzarioak eta higiezinen arlokoak ez diren enpresetan, baita zenbait enpresak jaulkitako baloreetan inbertitzea ere.

Azaroaren 24ko 25/2005 Legearen 10.c) artikuluan ezarritakoaren arabera, arrisku-kapitalaren funtsak kudeatzeko, sozietate kudeatzaile bat izendatu behar da, aipatu legeari edo Inbertsio Kolektiboko Erakundeei buruzko azaroaren 4ko 35/2003 Legeari jarraikiz. Eta horretarako, Autonomia Erkidego honek, bere sektore publikoaren barruan, Gestión de Capital Riesgo del País Vasco, SGECR, S.A. sozietatea dauka.

Azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginaren 109.1 artikuluak enpresa-ondarea definitzen du. Lege-testu horren 110.1 artikuluak ezartzen duenaren arabera, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da, baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean. Dekretuaren edukiaren baldintza gisa adierazten dira, batetik, helburua, eta, bestetik Autonomia Erkidegoak sozietatean izango duen partaidetza zuzen edo zeharkakoaren ehunekoa.

Horrenbestez, Ogasun eta Finantzetako sailburuak eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko abenduaren 9an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematea «Lanpar 2013, Erregimen Erraztuko Arrisku Kapitalaren Funtsa» deritzon arrisku-kapitalaren funtsean partaidetza handitzeko, 1.000.000 euroko hornidurarekin. Funtsaren sustatzailea Gestión de Capital Riesgo del País Vasco, SGECR, S.A. sozietatea da.

2. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak funts hori handitzeko harpidetuko duen zenbatekoa 1.000.000 eurokoa da, hots, funtsaren ondarearen % 85,71, eta dirutan ordainduko da, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren aurrekontuaren kargura, sailburuak emandako agindua betez. Gainerako % 14,29a ASLE-Euskadiko Lan Sozietateen Taldeari dagokio.

3. artikulua.– Funtsaren kudeaketa eta ordezkaritza «Gestión de Capital Riesgo del País Vasco, SGECR, S.A.» sozietateari esleitzea, zeinari jabari-ahalmenak baitagozkio (jabea izan gabe), indarreko legerian ezarritakoaren arabera.

4. artikulua.– Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari eskumena ematea, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean «Lanpar 2013, Erregimen Erraztuko Arrisku Kapitalaren Funtsa» funtsaren kontratuaren handitzea sinatzeko, sozietate sustatzaileak aurreikusitako moduan, eta, bestetik, funtsa handitzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak funts horretan partaidetza hartzeko beharrezkoak diren jarduerak burutzeko eta beharrezkoak diren dokumentuak sinatzeko.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko abenduaren 9an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.


Azterketa dokumentala