Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

241. zk., 2014ko abenduaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
5390

230/2014 DEKRETUA, abenduaren 9koa, Alokabide, S.A. sozietate publikoaren estatutu sozialak aldatzeko baimena ematen duena.

Alokabide, S.A. 2000ko martxoaren 28an eratu zen eskritura publiko baten bidez. Martxoaren 29ko 65/2011 Dekretuari jarraikiz, Alokabide SAk merkataritzako sozietate publiko eta anonimoaren izaera hartu zuen, eta haren bazkide bakarra Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa da.

Horren ostean, uztailaren 26ko 181/2011 Dekretuan, Alokabide, S.A. eta Etxebizitza Alokairuetarako Sozietate Publikoa, S.A. sozietate publikoak bat egitea onartzen zen; eta, ondorioz, Etxebizitza Alokairuetarako Sozietate Publikoa, S.A. sozietatea azkendu eta Alokabide, S.A.ren estatutuak aldatzen ziren.

Lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak bizileku babestuetarako beste tipologia bat sortu zuen, hau da, zuzkidura-bizitegiak. Zuzkidura-bizitegiak ez dira etxebizitzatzat hartzen eta, funtsean, arau hauen arabera arautzen dira: ekainaren 30eko 2/2006 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarria; babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarria; babes publikoko etxebizitza sustatzeko laguntzei eta alokairua sustatzeko neurriei buruzko 2008ko azaroaren 7ko Aginduaren 4., 18. eta ondorengo artikuluak; etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzko 2012ko urriaren 15eko Agindua.

Arau horietan xedatutakoaren arabera, zuzkidura-bizitokien sustapenaren helburua izan daiteke zuzkidura-bizitokiak kudeatzea edota obra egitea, eta xedatutako laguntzen onuradunak izan daitezke pertsona juridiko publikoak edo pribatuak, bizitoki horiek aldi baterako ustiatzen dituzten sustatzaile edota kudeatzaileak diren aldetik.

Alokabide sozietateak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorren baliabideen bitartekari propioa den aldetik, egotzita dauka EAEko Administrazioaren alokairuko etxebizitzen kudeaketa, baita Etxebizitza Hutsen Programakoena ere; hori dela eta, bidezkotzat jotzen da sozietate horrek berak Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak sustatutako zuzkidura-bizitokiak ere kudeatzea. Beraz, sozietate horren xedea egokitu beharra dago egotzi nahi zaion jarduera berrirako.

Sozietatearen Administrazio Kontseiluak, 2014ko ekainaren 23an, erabaki zuen Batzar Orokorrari proposatzea sozietatearen helburua aldatzeko, aldez aurretik Jaurlaritzaren Kontseiluak baimena emanda; oinarritzat hartuta beharrezkoa dela xedea zabaltzea zuzkidura-bizitokiak kudeatzeko eta ustiatzeko.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 111.2 artikuluak hau xedatzen du: «Zuzenean nahiz zeharka Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren edo instituzionalaren titulartasunpekoak diren akzioen ordezkariek, sozietate-estatutuak onartzeko edo aldatzeko onarpena emateko, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko dute, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta sozietatea loturik duen sailburuak biek batera proposaturik».

Horrenbestez, Ogasun eta Finantzetako sailburuak eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko abenduaren 9an egindako bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Baimentzea Alokabide, S.A.U. sozietatearen estatutuetako 2.1 artikulua aldatzea. Beraz, honela idatzita geratzen da:

1.– Sozietatearen xedea hauxe da.

a) Etxebizitzak sustatzea eta berritzea, eta, hasiera batean, alokairuan jartzea; hala ere, hori ez da eragozpena izango etxebizitzak euren errentariei, edo horiei ez bada hirugarren batzuei, eskualdatzeko.

b) Sustatutako etxebizitzei dagokienez, era guztietako obrak, azterlanak, proiektuak eta mantenimendu-lanak esleitu eta kontratatzea.

c) Era guztietako obrak, azterlanak, proiektuak eta lanak kontratatu eta esleitzea, etxebizitzak, lantegiak edo negozio-lokalak –a) idatzi-zatian zehaztutako eran ustiatuko direnak– eraikitzera edo, hala behar izanez gero, berritzera bideratutako lur-sailak urbanizatzeko.

d) Edozein eratako ondasun higiezinak erostea eta saltzea, eta aurreko puntuetan aipatzen diren helburuak lortzeko eta jarduerak gauzatzeko beharrezko edo komenigarriak diren eraikuntzak horietan egitea.

e) Laguntza teknikoa hirugarrenei eskaintzea, eta teknika-, ekonomia-, industria-, merkataritza- eta komisio-zerbitzuak edo sozietatearen izaera eta jarduerekin bat datorren beste edozein zerbitzu ematea, trukean ordainketak jasoz.

f) Alokairu-erregimeneko etxebizitzak kudeatzea.

g) Etxebizitza Hutsaren Programa kudeatzea, zehazki, programa hori arautzen duen 466/2013 Dekretuko baldintza eta zehaztapenekin bat, baita arlo honetaz diren arauak garatu edo ordezteko ezein araudirekin ere.

h) Edozein tituluren bidez atxikitzen zaizkion etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak kudeatzea, bai errentamenduan, bai erabiltzeko aldi baretako lagapenean, hurrenez hurren.

i) Onuradun legez edo zuzenbidez onartutako beste era batez babesa ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari, indarreko araudiak xedatutakoarekin bat, eta hain justu ere honako jarduera hauek burutzeko: babes ofizialeko etxebizitzak transmititzeari doakionez, eskurapenak lehentasunez egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari aitortutako eskubideaz –lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzekoaz– baliatzeko bitartekaritza-, kudeaketa- eta exekuzio-jarduerak, alegia; betiere, apirilaren 15eko 7/1988 Legean eta hori garatzeko araudian jasotako baldintza eta zehaztapenekin bat, eta bai maiatzaren 6ko 103/1007 Dekretuarekin eta arlo honetako arauak garatu edo ordezteko eman dadin ezein araudirekin ere.

j) Etxebizitzak transmititzeko bitartekaritza eta haien geroztiko akurapena edo salmenta egiteko jarduerei dagokienez, babesa ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari; betiere, babes ofizialeko etxebizitzei buruzko araudiarekin bat, etxebizitzon titularrek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren esku jarri behar badituzte.

k) Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legearen 24.6 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, Alokabide, S.A.k berezko tresna eta zerbitzu tekniko izaera du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarentzat, sozietatearen kapitalean partaide diren gainerako erakundeentzat, eta haien mendeko erakunde autonomo eta gainerako erakunde publikoentzat.

Sozietatearen kapital osoa titulartasun publikokoa izango da, eta zein erakundetan den tresna propio eta zerbitzu teknikoa, haiexekin burutuko du nagusiki bere jarduera.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren sailek eta sozietatea bitarteko propiotzat eta zerbitzu teknikotzat duten gainerako erakundeek beren helburu sozialari lotutako jardunak, zerbitzuak eta beste edozein jardun egiteko agindua eman diezaiokete sozietateari, betiere horrek administrazio-ahalmenak gauzatzea ez badakar.

Sailak edo erakundeak –dagokion kudeaketa-gomendioaren bitartez– agindutako lanak egin beharko ditu sozietateak, betiere agindua eman duenak bere kasa ezarritako jarraibideen arabera.

Kudeaketa-gomendio horiek instrumentalak dira, kontratuz kanpokoak, eta, hortaz, ondorio guztietarako, barnekoak eta mendekoak dira. Sozietateak nahitaez bete beharko ditu, eta sozietatea atxikita dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren sailaren arau organikoek adierazitako organoak nahikotasun ekonomiko-finantzarioaren irizpideari jarraiki ezarritako tarifak aintzat hartuta ordainduko dira, sozietatea bitarteko propiotzat eta zerbitzu teknikotzat duten gainerako erakundeen parte-hartzearekin.

Bitarteko instrumental propioa eta zerbitzu teknikoa den aldetik sozietateari aginduko zaizkion nahitaezko jardunak proiektu, memoria edo bestelako dokumentu teknikoetan zehaztuko dira, kasuak kasu, eta dagokien aurrekontuan balioetsiko dira, ezarritako tarifei jarraiki.

Bitarteko instrumental propioa eta zerbitzu teknikoa denez, Alokabide, S.A. sozietate publikoak ezin izango du parte hartu bitarteko propiotzat duten erakundeek deitutako lizitazio publikoetan; nolanahi ere, lizitatzaile bat ere agertzen ez bada, lizitazioaren xede den prestazioa gauzatzeko agindua eman diezaiokete.

Sozietatearen jardunak zerrendatzeak ez dakar berekin guztiak berehalakoan egitea, ezta denak aldi berean egitea ere, beraietan jarduteko aukera baizik. Kontuan hartuko dira sozietatearen administrazioak askatasunez balioetsitako inguruabarrak, eta, kasuan kasu, jarduerei hasiera eman, eten eta berrekin, bere iritziz, interes sozialak hala eskatzen duenean.

AZKEN XEDAPENA.– Dekretu honek onartzen den egunetik izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko abenduaren 9an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.


Azterketa dokumentala