Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

243. zk., 2014ko abenduaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
OSASUN SAILA
5435

232/2014 DEKRETUA, abenduaren 16koa, Biodonostia Osasun Ikerketako Institutua elkartea onura publikokoa dela aitortzeko dena.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen bultzatzen badituzte.

Lege horren babesean, Biodonostia Osasun Ikerketako Institutua elkarteak aitorpen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez onura publikoko erakundea dela aitortzea merezi duelako, osasun-ikerketaren arloan egiten duen lanagatik.

Biodonostia Osasun Ikerketako Institutua elkartea 2010eko otsailaren 17an eratu zen, eta Justizia eta Herri Administrazio Saileko Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritzaren 2010eko ekainaren 14ko Ebazpenaren bidez inskribatu zen.

Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dago (erregistro-zenbakia: AS/G/15251/2010).

Elkarteak batik bat Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen du bere jarduera.

Biodonostia Osasun Ikerketako Institutua elkarteak, eratu zenez geroztik, beharrezko diren jarduerak egiten ditu bere xede nagusiak betetzeko: ikerketa biomedikoa, ikerketa epidemiologikoa, osasun publikoaren ikerketa, eta, zerbitzu sanitarioetan, osasun-sistemaren programak eta politikak zientifikoki funtsatzea eta ikerketa traslazionala lehentasunez indartzea.

Aipatu 7/2007 Legearen 45.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Jaurlaritzaren Kontseiluak dekretu bidez aitortuko du elkartea onura publikokoa dela. Dekretu-proposamena kasuan kasuko sailek (gaiaren arabera) eta, betiere, justiziaren arloan eskuduna den sailak egingo dute, eta azken sail horrek izapidetuko ditu bai prozedura, bai bertan sor daitezkeen auzi guztiak. Agindu hori betetzearren, espediente bat izapidetu da, zeinari erantsi baitzaizkio sailek eta hala eskatu zaien erakundeek egindako txostenak, eta, bertan, adierazten dute Biodonostia Osasun Ikerketako Institutua elkartea onura publikokoa dela aitortzearen aldeko iritzia.

Ondorioz, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak eta Osasuneko sailburuak proposaturik, entitate eta erakunde interesdunek aurkeztutako txostenak ikusita, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko abenduaren 16an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Biodonostia Osasun Ikerketako Institutua elkartea, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/G/15251/2010 zenbakiarekin inskribatuta dagoena, onura publikokoa dela aitortzea, bere jardueraren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita.

Horrekin batera, aitormen horri dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 43. artikuluan jasota daudenak.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko abenduaren 16an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.


Azterketa dokumentala