Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

243. zk., 2014ko abenduaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5440

EBAZPENA, 2014ko abenduaren 9koa, Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariarena, Lanbide Heziketako heziketa-zikloetan sartzeko 2014-2015 ikasturteko probarako deialdia egiten duena.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2008ko apirilaren 13ko Aginduak arautzen du nola sartu Lanbide Heziketako heziketa-zikloetan. Agindu horren 2.1 artikuluak, berriz, ezartzen du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak urtean behin, gutxienez, deialdia egingo duela heziketa-zikloetarako sarrera-probak egiteko.

Horren ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdia.

Lanbide Heziketako goi-mailako eta erdi-mailako heziketa-zikloetan sartzeko 2014-2015 ikasturteko probarako deialdia egiten da. Izan ere, Lanbide Heziketako heziketa-zikloetarako sarbidea arautzen duen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2008ko apirilaren 13ko Aginduaren 2.1 artikuluan aipatzen da proba hori.

2. artikulua.– Izen-emateak eta informazioa.

1.– Proba egiteko, izangaiek 2015eko urtarrilaren 12tik 21era bitartean –egun biak barne– eman beharko dute izena Euskal Autonomia Erkidegoan heziketa-zikloak ematen dituen ikastetxeren batean, horretarako Hezkuntza Sailak diseinatu duen aplikazio informatikoaren bitartez. Matrikula egiten dutenean, sarrera-proba egiteko azterketa-eskubideak ordaindu beharko dituzte izangaiek. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu betegina onartzeko irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuak aipatzen dituen modalitateen bitartez ordaindu ahal izango da. Kreditu-erakunde kolaboratzaileek lagunduko dute horretan. 2015eko urtarrilaren 23a izango da azterketa-eskubideak ordaintzeko azken eguna.

2.– Probarako izena ematen denean, salbuespenak eskatuko dira, halakorik eskatu behar bada, eta horien gaineko agiriak aurkeztu beharko dira. Era berean, izangaiek adierazi beharko dute zein lurralde aukeratzen duten ziurtagiriak jasotzeko eta espedientea artxibatzeko. Izena emateko aldia amaituta, ezin izango da ezer aldatu proban eragiten duten datuetan.

3.– Izena emateko aldia amaitu eta bi eguneko epearen barruan, izena eman duten ikasleen sarrera-probari buruzko agiriak helaraziko dizkio ikastetxeak Lanbide Heziketako lurralde-unitateari.

4.– Proba egiteko izena eman den ikastetxeak eta Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzek informazioa emango diete interesdunei: heziketa-zikloetan sartzeko baldintzak, salbuespen-eskaerak, eskaerak egiteko egunak, proben edukia eta abar.

5.– Pertsona berak ezin izango du ikasturte berean sarrera-probak egiteko izena eman autonomia-erkidego batean baino gehiagotan. Baldintza hori ez betetzeak izen-ematea deuseztatzea ekarriko du berekin. Egoera hori egiaztatzeko, I. eranskinean jasotzen den aitorpena bete beharko da.

3. artikulua.– Salbuespenak ebaztea, eta onartu eta baztertutakoen zerrenda.

2015eko martxoaren 13an, salbuespenen behin-behineko ebazpena eta proba egiteko onartu eta baztertutakoen zerrenda argitaratuko dira ikastetxe hauetako iragarki-tauletan:

Araba: I.E.F.P.S. Mendizabala G.L.H.B.I. Lasarteko errepidea, z/g. Vitoria-Gasteiz. Vitoria-Gasteiz.

Bizkaia: IES Emilio Campuzano BHI, Santos Juanes kalea, 7, Bilbao.

Gipuzkoa: I.E.F.P.S. Easo G.L.H.B.I. Felipe IV etorbidea, 1. Donostia.

Eta web orri hauetan: www.hezkuntza.net edo www.euskadi.net/fp-lh

Martxoaren 16an eta 17an, salbuespenei buruzko ebazpenarekin eta onartu eta baztertutakoen zerrendarekin lotutako erreklamazioak egin ahal izango dira artikulu honetan aipatutako ikastetxeetako idazkaritzetan. Era berean, salbuespenen behin-behineko zerrendan adierazitako agiriak osatu ahal izango dira.

Apirilaren 20ko 12:00etan argitaratuko dira proba egiteko onartu eta baztertutakoen behin betiko zerrendak, baita salbuespenenak ere.

4. artikulua.– Heziketa-zikloetan sartzeko izena eman duten ikasleek salbuesteko aurkeztu beharreko agiriak, baldin eta izena emateko orduan erdi-mailako zikloren batean edo hasierako lanbide-kualifikazioko programaren batean matrikulatuta badaude.

2015eko ekainaren 2tik 4ko 12:00etara bitartean, dagokion aldian heziketa-zikloetan sartzeko proban izena emanda duten ikasleak matrikulatuta badaude erdi-mailako zikloren batean edo hasierako lanbide-kualifikazioko programaren batean, eskatutako salbuespenei buruzko agiriak aurkeztu ahal izango dituzte proban izena emateko epean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak 2008ko apirilaren 13an emandako Aginduaren bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat etorriz (agindu horren bidez, Lanbide Heziketako heziketa-zikloetan sartzeko modua arautzen da, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2010eko azaroaren 15eko Aginduak aldatzen du).

Dokumentazio hori 3. artikuluan aipatutako ikastetxeetako idazkaritzetan aurkeztu beharko dute heziketa-zikloa edo HLPP Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikastetxeren batean ikasten duten ikasleek. Horretarako, II. eranskinean adierazten den eredua erabili beharko da.

Heziketa-zikloa edo HLPP Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeren batean ikasten duten ikasleen kasuan, zein ikastetxetan dauden matrikulatuta, ikastetxe horrek helaraziko dizkio datu horiek epaimahaiari, horretarako daukaten aplikazioaren bitartez. Horretarako, ikastetxeak jakinarazpen bat jasoko du ikastetxeko helbide elektroniko ofizialaren bitartez, eta bertan jakinaraziko zaio atal horrek eragindako ikasleak dituela.

Ekainaren 12ko 12:00etan argitaratuko da artikulu honek aipatzen dituen ikasleen zerrenda, hain zuzen ere salbuetsita geratzen diren ikasleena.

5. artikulua.– Probak egitea.

1.– Egin beharreko proben egutegia:

(Ikus .PDF)

2.– Probak non egingo diren:

Proba egingo da onartuen behin betiko zerrendan pertsona bakoitzari adierazten zaion lekuan.

Probak egingo diren ikastetxeetako zuzendaritza arduratuko da azterketak egiteko espazioak antolatzeaz eta proba horiek zaintzen nortzuk izango diren zehazteaz.

Azterketak bukatu ondoren, epaimahaira bidaliko dira, zuzendu ditzaten.

Era berean, 3. artikuluan aipatutako ikastetxeetako idazkaritzek gordeko dituzte proben kalifikazioen aktak.Probei buruzko gainontzeko agiriak, lurralde bakoitzari dagozkion ariketak barne direla, epaimahaiaren egoitzan gordeko dira zortzi hilabetez.

Hezkuntzako Ikuskaritza Teknikoak egingo ditu prozesuaren gaineko ikuskaritza- eta aholkularitza-lanak.

6. artikulua.– Probaren emaitzak eta erreklamazioak.

Proben emaitzak 2015eko ekainaren 26ko 12:00etan argitaratuko dira ebazpen honen 3. artikuluan adierazitako tokietan. Une horretatik aurrera eta ekainaren 29ko 13:00ak arte, erreklamazioak egiteko epea irekiko da; erreklamazioak, berriz, ebazpen honetako 3. artikuluan aipatutako ikastetxeetako idazkaritzan egingo dira.

Erreklamazioen ebazpena ere aipatutako tokietan jarriko da 2015eko uztailaren 6ko 11:00etan.

7. artikulua.– Proben ziurtagiriak.

Proba osoa gainditzen duten ikasleek egiaztagiriak eskuratu ahal izango dituzte 2015eko uztailaren 3tik aurrera. Horretarako, eskabidean hautatutako lurraldeko ikastetxeko idazkaritzara, emaitzak argitaratu dituenera, jo beharko dute. Proben zatiren bat bakarrik gainditu dutenek, berriz, uztailaren 6tik aurrera eskuratu ahal izango dituzte gainditutako zatiaren edo zatien egiaztagiriak.

8. artikulua.– Plazak gordetzea.

Sarrera-probatik datozen ikasleei heziketa-zikloko plaza guztien % 25 gordeko zaie. Plaza horiek guztiak ez badira betetzen probatik datozen ikasleekin, soberan direnak gehitu egingo zaizkie zuzenean sartzen direnei eskainitakoei.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honetan prozedura-gaietarako arautzen ez denerako, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa aplikatuko da, ordezko modura (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko abendaren 9a.

Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendaria,

RAMÓN MARTÍNEZ DE MURGUÍA URRETA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala