Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2014ko abenduaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5497

AGINDUA, 2014ko abenduaren 26koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, entitate pribatuek EAEn dituzten lantokietan, 2015ean, euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko diru-laguntzak (LANHITZ) ematea arautzen duena.

Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun arloak finkatu zituen. Dekretu horren 10. artikuluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari, besteak beste, honako hauen inguruko egitekoak izendatu zizkion: hizkuntza politika eta euskararen sustapena.

Bestalde, 193/2013 Dekretuak, apirilaren 9koak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituenak, honako zeregin hau ezarri zion Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari bere 21.1.h artikuluan (EHAA, apirilaren 24koa, 78. zk.): Azaroaren 24ko 10/1982 Legea, Euskararen erabilera arautzekoa, eta gainerako xedapen osagarriak egoki garatzen eta aplikatzen direla zaintzea, hargatik eragotzi gabe administrazioko beste organo batzuek horretarako berariaz izendatuta dituzten funtzioak.

Halaber, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bere egiten ditu Euskararen Aholku Batzordearen «Euskara 21, Itun Berritu Baterantz» izenburudun liburuan jasotako XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren lehentasunezko ildoak.

Euskararen Aholku Batzordeak, 2012ko uztailaren 18an onartutako Euskara Sustatzeko Ekintza Planean arlo sozio-ekonomikoaren alorrean, etorkizunerako erronka era honetan zehazten du:

Enpresen eguneroko lanean euskara erabiltzea bezain garrantzitsua da (edo garrantzitsuagoa) bezeroarekiko harremanetan euskara erabiltzeko aukera bermatu eta sustatzea, kontsumitzaileek euskaraz jarduteko duten eskubidea aintzat hartuz. Herri-administrazioek ematen dituzten diru-laguntzetan enpresen jardueren alderdi horrek lehentasuna izan behar du.

Jarriak dauzkan zereginak betetze aldera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak urtero-urtero deitu eta ebatzi izan ditu arloz arloko laguntza-deialdiak. Era berean, bidera ditzakeen gainerako ekintzei kalterik egin gabe, 2015eko deialdia egitea erabaki du.

Hori guztia kontuan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea entitate pribatuek EAEn dituzten lantokietan 2015ean euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko eta profesionalen elkargoetako kideek beren jarduera profesionalean euskara gero eta gehiago erabil dezaten diru-laguntzak emateko modua arautzea eta deialdia egitea da (LANHITZ).

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

Lanhitz deialdirako aurreikusitako diru-baliabideak 1.594.800 euro dira (kopuru hau lehen xedapen gehigarriaren arabera gehitu egin daiteke) eta irizpide hauen arabera baliatuko dira bi multzotan: LH1 multzoan 100.000 euro eta LH2 multzoan 1.494.800 euro.

1.– Lehenik, LH1 multzoa banatuko da: Euskaraz lan egiten duten profesionalen elkargoetako kideentzako euskarazko hizkuntza-trebakuntza, berariazko prestakuntza barne, beren lan profesionalari zuzenean lotutakoa eta dagokion elkargoak antolatua eta bideratua; betiere, 18.7 artikuluak jasotako mugak kontuan hartuz. Diru-laguntza deialdi honi dagokionez, ez dira aintzat hartuko sektore publikoan lan egiten duten elkargokideak. Eskaera dagokion elkargoak aurkeztuko beharko du (100.000 euro).

2.– Jarraian, LH2 multzoa banatuko da (1.494.800 euro), ondorengo prozedura honi jarraituta:

2.1.– Lehenik, Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiriarengatiko diru-kopurua kalkulatuko da. Hau da, 2014an Bikain Ziurtagiria eskuratu eta deialdi honetako baldintzak betetzen dituzten entitateek jasoko duten diru-kopuru gehigarria (18.4 artikulua), baldin eta diru-laguntza jasotzeko lortu beharreko gutxieneko puntuak lortzen badituzte. LH2 multzoari zuzendutakotik kenduko da, diru-kopuru zehatza kalkulatutakoan.

2.2.– Gainerako diru-kopurua, lehen euskara-planaren diseinua eta 2015eko kudeaketa-plana garatzeko eskabidea egin duten entitate guztien artean banatuko da, Agindu honetako 17. eta 18. artikuluetan jasotako puntuen eta mugen arabera.

3. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunak.

1.– Europar Batasuneko naziotasuna edo helbide soziala edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa sinatu duen edozein estatutakoa duten pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak, baldin eta gaitasun juridiko osoa eta jarduteko gaitasun osoa badute eta indarreko legeriaren arabera eratuta badaude eta, edozein dela ere haien eraketa juridikoa, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten lantokien titularrak edo kudeatzaileak badira. LH1 multzoan, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten Elkargo Profesionalak soilik.

2.– Deialdi honetatik bazter geratuko direnak:

a. Herri administrazio batek edo gehiagok jarritako kapitala denetara entitatearen kapital sozial osoaren erdia baino gehiago duten entitateak.

b. Euskalduntzen edo euskara-planen aholkularitza-lanetan nagusiki jarduten dutenak.

4. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunen betekizunak.

1.– EAEko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak eman eta, kasua balitz, ordaindu ahal izateko. Halaber, itzulketa-prozedura horietatik eratorritako diru-laguntzak itzultzeko betebeharra bete ez dutenei ezin zaie diru-laguntzarik eman, ezta ordaindu ere.

2.– Laguntza-deialdi honetara ezin izango dira aurkeztu zigor eta administrazioaren arloan diru-laguntza publikoak jasotzeko debekurik dutenak, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituzten legezko debekuetan sartuta daudenak ere. Era berean, ezin izango da aurkeztu sexu arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren zigortuta dagoenik, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, xedatutakoaren arabera.

3.– Eskatzaileek Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenaren Erregistroan alta emanda izan beharko dute. Betekizun hau ezinbestekoa da baiezko ebazpena izanez gero ordainketak egiteko.

4.– Halaber, eskatzaileari diru-laguntza esleitzeko eta ordaintzeko, onuradunak egunean egon beharko du zerga-zorren ordainketan eta Gizarte Segurantzarekikoan.

5. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatuko dituen organoa.

Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetako diru-laguntzak.

6. artikulua.– Denbora-barrutia eta eskabideak aurkezteko epea.

1.– Laguntza-deialdi honek 2015ean burutuko diren egitasmoak baino ez ditu kontuan hartuko. Hori dela eta, deialdi honetara jotzen duten egitasmoak gauzatzearen ondorioz eskaini, eman edo gizarteratu beharreko jarduerak, zerbitzuak eta produktuak 2015eko abenduaren 31 baino lehen eskaini, eman edota gizarteratuko dira.

2.– Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi duen orok izango du eskabide-orria aurkezteko aukera, 2015eko urtarrilaren 7tik otsailaren 9ra arte.

7. artikulua.– Diru-laguntzen izapidetzea.

1.– Pertsona edo entitate interesdunek bide elektronikoak erabili ahal dituzte prozedurako izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta bestelako ereduak modu elektronikoan zein aurrez aurrekoan izapidetzeko zehaztapenak euskadi.net-eko https://euskadi.net/diru_laguntza/-/2015/lanhitz/eu/ helbidean daude eskuragarri.

3.– Eskaera izapidetzeko edota dokumentazioa aurkezteko aukeratutako bideak (aurrez aurrekoa edo elektronikoa), ez dakar prozedurako hurrengo izapideetan ere nahitaez bide hori bera erabili behar izatea. Edozein momentutan alda daiteke bidea.

Eskaeraren ondorengo izapideak, bide elektronikoa erabiliz gero, honako gunearen bitartez egin beharko dira: http://www.euskadi.net/nirekudeaketak.

8. artikulua.– Eskabideak eta inprimakiak aurkeztea.

1.– Eskabide-orri normalizatua, behar bezala beteta, eta agiriak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean. Eskabide-orriaren eredua egoitza elektronikoan izango da eskuragarri.

Postaz aurkeztu nahi izanez gero, honako helbide honetara bidali beharko dira eskabide-orria eta agiriak: Eusko Jaurlaritza, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Bide horri ekitekotan, eskabide-orria kartazal irekian aurkeztu beharko da posta-bulegoan, postariak data eta zigilua jarri diezazkion eskabide-orriari, ziurtapena egin baino lehen.

Era berean, eskabideak bitarteko elektronikoen bitartez aurkeztu ahal izango dira aipatutako euskadi.net egoitza elektronikoan sartuta.

2.– Entitate eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkez ditzakete laguntza-eskaerak eta haiei lotutako dokumentazioa. Halaber, laguntza-eskaeraren ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarri den bezala.

9. artikulua.– Pertsona edo entitate eskatzaileen zenbait betekizunen egiaztapena.

1.– Diru-laguntzaren entitate/pertsona eskatzailea zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzaren ordainketan egunean dagoela behar bestetan egiaztatuko du automatikoki organo kudeatzaileak eskatzaileari baimenik eskatu gabe, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezarritakoari jarraituz.

2.– Eskatzaileak aukera du berariazko baimena emateko gainontzeko datu eta dokumentazioa laguntza kudeatzen duen organoak lortu edo egiaztatu dezan, herri-administrazioei dagozkien egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-eskumenak aparte utzi gabe, eskabidea izapidetzeko erabilitako bidea edozein delarik ere. Hauek dira automatikoki kontsulta daitezkeen datuak, betiere eskatzaileek aldez aurretik beren baimena ematen badute: nortasun-datuak eta Ekonomi Jardueren gaineko Zergaren epigrafeen datuak.

3.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina betetze-aldera, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, eskabide normalizatuan ondorengo betekizunak egiaztatuko dira:

– Administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribaturen batetik, agindu honetan araututako diru-laguntzaren helburu bera duen laguntzarik jaso edota jasoko duen edo ez.

– Entitatea itzultze- edo zehapen-prozedura batean sartuta dagoen edo ez. Halaber, itzulketa-prozedura batetik eratorritako diru-laguntzarik itzultzeko betebeharrik duen ala ez.

– Pertsona edo entitate eskatzaileak ez duela diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere, beren beregi Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrenaren arabera sexu-diskriminazioa egin izanagatiko lege-debekuen eraginpean.

– Entitatea legez eratuta dagoela eta dagokion Erregistroan izena emanda.

4.– Erregistratuta egon ezean, edo Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenaren Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero, hirugarrenaren datuen alta inprimakia aurkeztu beharko du. Inprimaki hori euskadi.net-en dago (http://www.ogasun.ejgv.euskadi.net/r51-341/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html).

10. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean eginiko akatsen zuzenketa.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, eskabidean atzera egiten duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

11. artikulua.– Deialdira bil daitezkeen jarduerak.

1.– LH1 multzoan: Euskaraz lan egiten duten profesionalen elkargoetako kideentzako euskarazko hizkuntza-trebakuntza, berariazko prestakuntza barne, betiere beren lan profesionalari zuzenean lotutakoa eta dagokion elkargoak antolatua eta bideratua. Ez dira diruz lagunduko sektore publikoan lan egiten duten kideen prestakuntza eta trebakuntza.

2.– LH2 multzoan: EAEn lantokiak dituzten entitate pribatuen lehen euskara-planaren diseinua eta kudeaketa-plana.

Interesa duen pertsonak edo entitateak lehen euskara-planaren diseinurako laguntza eska dezake lehendik laguntzarik jaso ez badu, ez diseinurako, ez kudeaketa-planerako.

Lehen euskara-planaren diseinua aurkeztuz gero, urteko kudeaketa-plana ere aurkeztu beharko du pertsona edo entitate eskatzaileak. Kudeaketa-plana garatzeko ekintzek 2015eko urtarrilaren 1etik urte bereko abenduaren 31ra bitartean egindakoak izan behar dute.

12. artikulua.– Dirulaguntza-gai diren jarduerek bete beharreko gutxienekoak.

1.– Eskatzaileek, Erreferentzia Marko Estandarrari jarraiki (EME aurrerantzean), aplikagarri zaizkien 3. mailako osagai guztien hizkuntza-egoera zehaztu beharko dute eta urteko planerako helburuak (epe labur eta ertainera) ere zehaztu beharko dituzte, Planhitz aplikazio informatikoa modu egokian betez. (LH2)

EMEri buruzko zehaztapenak honako helbide honetan aurki daitezke: http://www.euskara.euskadi.net/r59-14154/eu/contenidos/informacion/planes_euskera/eu_00121/sarrera.html. Planhitz aplikazioari buruzkoen berri izateko, aldiz, honako Agindu honen 15.4 artikulura jo behar da. (LH2)

2.– Pertsona/entitate eskatzaileek, aipatutako aplikazioaren bidez, EME ereduaren arabera aurkeztuko dute kudeaketa-plana (urteko planaren barruko ekintzak atala behar bezala betez). Plan guztiek EMEren ardatzetatik bi jorratu behar dituzte, gutxienez. Halaber, euskara-koordinatzailea edota euskara-batzordea izan behar dute. (LH2)

3.– Eusko Jaurlaritzak deialdi honen bidez diruz lagundutako edozein egitasmoren betetze-mailaren jarraipena egin ahal izango du, eta horretarako egokien irizten dituen neurriak hartuko ditu. Diru-laguntzaren onuradunak behar beste erraztasun emango dizkio Eusko Jaurlaritzari, honek jarraipen hori egin ahal izan dezan.

4.– Ebatzitako diru-laguntza jasotzeko, nahitaezkoa izango da diruz lagundutako egitasmoa 2015ean osorik burutzea.

5.– Entitate eskatzailearen aginte exekutibo gorena duen organoak onartu behar du urteko kudeaketa-plana «Entitate eta proiektuaren inguruko beste datu batzuk» izeneko formularioa betez. Legezko ordezkariak sinatu beharko du aurkeztutako plana entitatearen aginte exekutibo gorena duen organoak aztertu eta onartu egin duela adieraziz. (LH2)

13. artikulua.– Diru-laguntzak jasotzeko baldintzak.

1.– Proiektuaren auto-finantzazioa gutxienez % 40koa izatea.

2.– Entitateak bere jarduerak 12. artikuluan zehaztutakoaren arabera aurkeztu behar ditu.

3.– Entitateak adierazle-sistema egoki bat aurkeztu beharko du: Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak finkatutako adierazle-sorta («Adierazle-sorta» izeneko formularioa) nahiz entitateak berak finkatutakoa. Egindako azken neurketaren emaitzak aurkeztu beharko dira. (LH2)

4.– Euskaraz lan egiten duten profesionalen elkargoetako kideentzako dagokion elkargoak antolatzen dituen euskarazko hizkuntza-trebakuntza programek diru-laguntza jaso ahal izateko, elkargo eskatzaileak zehaztu beharko du, diru-laguntza eskatzearekin batera, urtean zehar aurreikusten duen bere elkargokideen euskarazko jarduera profesionalaren hazkunde kuantitatiboa («Ikastaroei buruzko informazioa» izeneko formularioa). (LH1)

5.– Diru-laguntzaren jasotzaile direnek diruz lagundutako programa, proiektu edo jardueren ondorioz agerpen publikoetan erabiltzeko diren iragarki-txarteletan, argazkietan eta gainerako material idatzietan, entzunezkoetan eta elektronikoetan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eskainitako babesa adierazi beharko dute, horretarako logotipo normalizatua erabiliz. Arestian zerrendatutako material horiek guztiek gutxienez euskaraz egon beharko dute.

6.– Elkargo profesional bateko kide beraren euskarazko hizkuntza-trebakuntza bi (2) urtez baino ez da diruz lagunduko. (LH1)

14. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa: pertsona edo entitate eskatzailearen ingurukoa.

1.– Eskatzailea pertsona fisikoa izanez gero, ondorengo hauek egiaztatu beharko ditu (LH2):

– Eskatzailearen nortasuna.

.– Autonomoen Erregistroan edo dagokion elkargo profesionalean alta emanda dagoela.

.– Jarduera Ekonomikoen zerga-ordainketan alta emanda dagoela.

Eskatzaileak aukera du berariazko baimena emateko gainontzeko datu eta dokumentazioa laguntza kudeatzen duen organoak lortu edo egiaztatu dezan, herri-administrazioei dagozkien egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-eskumenak aparte utzi gabe, eskabidea izapidetzeko erabilitako bidea edozein delarik ere.

2.– Eskatzailea pertsona juridiko pribatua izanez gero:

Entitate bakoitza legez eratuta dagoela egiaztatzen duen agiria, legezko ordezkaria zein den eta ordezkaritza hori egiteko lege ahalmenak dituen pertsona eskatzailearen jarduna zein arauren menpean dagoen.

3.– Artikulu honetako 1 eta 2 ataletan aipatutako dokumentazioa EAEko Administrazio Orokorrean aurkeztu izan bada eta eskaera egitean indarrean badago, eskabide-orrian dokumentazioaren ordezko adierazpena markatu ahal da eta noiz eta non aurkeztu zen dokumentazioa adierazi.

4.– Administrazio honetako erregistroetan dauden fundazioak, elkarteak edo kooperatibak badira, ofizioz konprobatuko du Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak eta nahikoa izango da Eskabide-orrian hau adieraztea.

5.– Eskabide-orria sinatzen duenak bere izenean egiten ez duenean edo eskatzailea pertsona juridikoa denean, sinatzen duen pertsonak indarrean dauden lege-ahalmenak aurkeztu beharko ditu.

6.– Laguntza-deialdian parte hartu nahi duen orok agindu honi lotutako «Eskabide-orria» eta «Entitate eta proiektuaren inguruko beste datu batzuk» izeneko formularioak bete beharko ditu. Azken honetan, LH2 multzoan, zein jardueratarako aurkeztu nahi duten zehaztuko dute eskatzaileek (bi jarduerak markatzea posible da, betiere aurreko urteetan xede hauetako baterako ere Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren diru-laguntzarik jaso ez badu eskatzaileak).

15. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa: jardueraren ingurukoa.

1 – 2015ean hizkuntza-prestakuntza jasoko duten profesionalen zerrenda («Ikastaroei buruzko informazioa» izeneko formularioa). Bertan, besteak beste, izen-abizenak jasoko dira. (LH1)

2 – Profesionalen elkargoak 2015erako aurreikusten duen euskararen erabileraren elkargokideen hobekuntza kuantitatiboa («Ikastaroei buruzko informazioa» izeneko formularioa). (LH1)

3 – Jardueraren diru-sarreren eta gastuen aurrekontu zehatza eta xehatua («Entitate eta proiektuaren inguruko beste datu batzuk» izeneko formularioa).

4 – Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak prestatutako aplikazio informatikoa era egokian beteta. Erabiltzaile berriek Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzarekin harremanetan jarri behar dute Planhitz aplikazioan (http://www.euskara.euskadi.net/planhitz) alta emateko. Erabiltzaile-aldaketa guztiak Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari jakinaraziko zaizkio, Lanhitz web gunean (http://www.euskara.euskadi.net/lanhitz) dagoen alta emateko fitxaren bidez. (LH2)

5 – Beharrezkotzat joz gero, EMEren 4. ardatza lantzeko egingo dituzten ekintzen inguruko informazio osagarria ere aurkez dezakete eskatzaileek eta aintzat hartuko da planaren balioespenean. (LH2)

16. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Jasotako eskabideak aztertzeko eta baloratzeko, hurrengo kideek osatutako balorazio-batzordea eratuko da:

a) Jorge Giménez Bech jauna, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria, batzordearen buru izango dena, edo haren ordezkoa, Gotzon Lobera Revilla jauna, Herri Administrazioetan Euskara Normalizatzeko zuzendaria.

b) Ana Esther Furundarena Olabarriaga andrea, Hizkuntza Politikako aholkularia, edo haren ordezkoa, Jokin Azkue Arrastoa jauna, Euskara Sustatzeko zuzendaria.

c) Koro Urkizu Miner andrea, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako Euskara-planak Sustatzeko arduraduna, edo haren ordezkoa, Ane Crespo Calvo andrea, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako EBPNren jarraipenerako arduraduna.

d) Edurne Pérez de San Román Ruiz de Munain andrea, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa, Itziar Gallastegi Arregi andrea, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako teknikaria. Teknikari horrek idazkari-lanak egingo ditu eta hitza izango du, baina ez botorik.

2.– Balorazio-batzorde honek, agindu honen 17. eta 18. artikuluetan ezarritako diru-laguntzak emateko eta zenbatekoa finkatzeko irizpideak kontuan izanik, aurkeztutako planak aztertu eta baloratu ondoren, Hizkuntza Politikarako sailburuordeari ebazpen-proposamena aurkeztuko dio. Behin Hizkuntza Politikarako sailburuordeak ebazpen-proposamenak sinatuta, pertsona eta entitate onuradunei jakinaraziko zaie eta, EHAAn argitaratuko dira, herritar orok jakin dezan.

3.– Balorazio Batzordeko kideek parte ez hartzea erabaki dezakete edo errefusatuak izan daitezke, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 28. eta 29. artikuluetan ezarritako moduan.

17. artikulua.– Diru-laguntza ebazteko prozedura eta balorazio-irizpideak.

1.– Lehiaketa bidez erabakiko da deialdi hau; hots, aurkeztutako eskabideen arteko konparaketa egingo da eta finkatutako balorazio-irizpideak kontuan hartuta, egitasmo bakoitzari dagokion puntuazioa emango zaio.

2.– Egitasmo bakoitzak jasotako puntuazioaren eta araztutako aurrekontuaren arabera, eta kontuan izanik 18.7 artikuluak ezartzen dituen gastuak eta mugak, zehaztuko da proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa. Emango diren diru-laguntzen gehieneko zenbatekoa aurrekontu araztuaren gaineko % 60koa izango da. Halaber, ezingo zaie eskatu baino gehiago esleitu.

Nolanahi ere, hasierako kalkuluen emaitzen kopurua deialdiaren diru-zuzkidura baino handiagoa bada, entitateek jaso beharreko diru-laguntza kopurua hainbanatu egingo da, proportzioan, deialdiaren aurrekontu baliabideetara egokitzeko.

3.– Egitasmoen balorazioari dagokionez: Esleipen-prozedurari ekin aurretik, balorazio-fasera pasatutako egitasmoak baloratuko dira, Agindu honen 17.4 eta 17.5. artikuluetan finkatutako irizpideen arabera. Egitasmoek aurrera egitekotan, jaso litezkeen puntuetatik 40 edo gehiago lortu beharko dituzte. Ondorioz, esandako gutxieneko puntuazio horretatik beherakoa lortzen duten egitasmoek ez dute diru-laguntzaren banaketan sartzerik izango, eta, ondorioz, ez dute diru-laguntzarik hartuko. Puntu horiek onartutako gastu-aurrekontu araztuaren estalpen-indizea zehaztuko dute. Estalpen-indize hori balorazio-batzordeak zehaztuko du, betiere puntu-tarteak finkatu eta gero.

4.– LH1 multzoa:

a) Auto-finantzazioa: % 40tik gorako auto-finantzazio maila baloratuko da, gehienez hamar (10) puntu.

b) Elkargoko kideen euskarazko jardun profesionalaren hobekuntza, gehienez berrogeita bost (45) puntu.

c) Programetan parte hartzen duten elkargokideen kopurua, gehienez berrogeita bost (45) puntu.

5.– LH2 multzoa:

5.1.– Lehen euskara-planaren diseinua baloratzeko irizpideak:

a) Euskara-planaren balioespena, EMEri jarraiki egindako diagnostikoaren, aukeratutako helburuen eta planteatutako aurrerapen-mailaren arabera: 10 (hamar) puntu, gehienez.

b) Egindako diagnostikotik aukeratutako helburuetara zein planteatutako aurrerapen-mailara iristeko kudeaketa-planaren egokitasuna eta bideragarritasuna: 15 (hamabost) puntu, gehienez.

c) Bezeroen zein kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak eraginkortasunez bermatzeari begira, euskara-planak EMEren 1. eta 2. ardatzetako elementu hauek lantzea: hizkuntza-paisaia, irudi korporatiboa eta harrera, bezeroak, produktua eta zerbitzua. 35 (hogeita hamabost) puntu, gehienez.

d) Entitatearen jardueran euskara ere lan-hizkuntza gero eta gehiago izatea eraginkortasunez sustatzeari begira, euskara-planak EMEren 3. ardatzeko elementu hauek lantzea: pertsonen kudeaketa, laneko prestakuntza, baliabide informatikoak, komunikazio horizontala eta bertikala eta kudeaketa-sistemak. 20 (hogei) puntu, gehienez.

e) Auto-finantzazioa: % 40tik gorako auto-finantzazio maila baloratuko da, gehienez 5 (bost) puntuz.

f) Entitatearen hizkuntza-kudeaketa: Entitateak hizkuntza bere jardueran integratzeko lantzen dituen barne mekanismo edo irizpideak baloratuko dira, EMEren 4. ardatzean oinarrituta. 10 (hamar) puntu, gehienez.

g) Euskara-planak zuzenean eragindako langile-kopurua, gehienez 5 (bost) puntu.

5.2.– 2015eko kudeaketa-plana baloratzeko oinarrizko irizpideak:

a) Kudeaketa-planaren balioespena, EMEri jarraiki egindako diagnostikoaren, aukeratutako helburuen eta planteatutako aurrerapen-mailaren arabera: 5 (bost) puntu, gehienez.

b) Egindako diagnostikotik aukeratutako helburuetara zein planteatutako aurrerapen-mailara iristeko kudeaketa-planaren egokitasuna eta bideragarritasuna: 5 (bost) puntu, gehienez.

c) Bezeroen zein kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak eraginkortasunez bermatzeari begira, kudeaketa-planak EMEren 1. eta 2. ardatzetako elementu hauek lantzea: hizkuntza-paisaia, irudi korporatiboa eta harrera, bezeroak, produktua eta zerbitzua. 35 (hogeita hamabost) puntu, gehienez.

d) Entitatearen jardueran euskara ere lan-hizkuntza gero eta gehiago izatea eraginkortasunez sustatzeari begira, kudeaketa-planak EMEren 3. ardatzeko elementu hauek lantzea: pertsonen kudeaketa, laneko prestakuntza, baliabide informatikoak, komunikazio horizontala eta bertikala eta kudeaketa-sistemak. 20 (hogei) puntu, gehienez.

e) Auto-finantzazioa: % 40tik gorako auto-finantzazio maila baloratuko da, gehienez 5 (bost) puntuz.

f) Entitatearen hizkuntza-kudeaketa: Entitateak hizkuntza bere jardueran integratzeko lantzen dituen barne mekanismo edo irizpideak baloratuko dira, EMEren 4. ardatzean oinarrituta. 10 (hamar) puntu, gehienez.

g) Euskara-planak zuzenean eragindako langile-kopurua, gehienez 5 (bost) puntu.

h) Bikain ziurtagiria aurreko deialdietan eskuratuta izatea: 15 (hamabost) puntu.

6.– Beharrezkotzat jotzen denetan, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak pertsona edo entitate eskatzaileari behar beste informazio eta dokumentazio eskatu ahal izango dio, aurkeztutako jarduerak era egokian baloratzeko.

18. artikulua.– Diru-laguntzen mugak.

1.– Esleitu beharreko diru-laguntza ez da eskatutako diru-kopurua baino handiagoa izango. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak pertsona edo entitate eskatzailearen proposamena bertan behera utziko du 40 (berrogei) puntu baino gutxiago jasotzen dituzten jardueren kasuan, edota balorazio-batzordeak esleipen-proposamena prestatu ondoren, pertsona edo entitate jakin bati esleitu behar zaion diru-kopurua guztira bi mila (2.000) euro baino gutxiagokoa balitz.

2.– Edozein modutan ere, 17.2 artikuluan jasotzen den aurrekontu araztuaren gaineko % 60ko diru-laguntza esleitu ahal izango da, gehienez ere.

3.– Halaber, pertsona edo entitate bakoitzak gehienez 35.000 euro jasoko ditu deialdiaren multzo bietara aurkeztuta ere.

4.– Horretaz gain, Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria sortzen duen Aginduak ezarritako ebaluazio-prozesua 2014an burutu eta horren ondorioz Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria eskuratu duten pertsona edo entitate eskatzaileei diru-kopuru gehigarria emango zaie ziurtatutako mailaren arabera, baldin eta deialdi honetako baldintzak betetzen badituzte eta diru-laguntza eskuratzeko lortu beharreko gutxieneko puntuak lortzen badituzte (LH2):

Ziurtagiriaren maila Diru-kopuru gehigarria.

Oinarrizko maila 1.000 euro.

Maila ertaina 3.000 euro.

Goi-maila 5.000 euro.

5.– Laguntza-deialdi honetan sarbiderik izan arren, kanpoan utziko dira Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2015ean beste bideren batetik diruz lagundutako jarduerak.

6.– Agindu honetako bi modalitateetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publikok nahiz pribatuk helburu bertsurako eman ditzakeenekin, baldin eta agindu honetako mugak errespetatzen badira eta eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan gain-finantzaketarik gertatzen ez bada. Laguntza-mugak gainditu edota gain-finantzaketarik gertatuz gero, diru-laguntzaren kopurua murriztu egingo da, diruz lagundutako jardueraren kostu osoari gehienez dagokion diru-laguntzara arte.

7.– Ondokoak dira kontuan hartuko diren gastuak eta mugak:

LH1 multzoari dagokionez, euskaraz lan egiten duten elkargokideentzako euskarazko hizkuntza trebakuntza, berariazko prestakuntza barne, betiere beren lan profesionalari lotutakoa. Sektore publikoan lan egiten duten elkargokideak ez dira aintzat hartuko.

LH2 multzoari dagokionez:

a) Lehen euskara-planaren diseinua.

b) Itzulpenetarako, gehienez ere, gastu osoaren % 50 hartuko da kontuan, betiere, 12.000 euroko gastua baino gehiago ez bada. Kontuan hartuko den tarifa Eusko Jaurlaritzako Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak gaztelaniatik euskarara itzultzeko testu errazetan edo estandarretan aplikatzen duena izango da, 0,0823 euro hitzeko.

c) Batzarretako aldi bereko itzulpen-zerbitzua. Gehienez ere 2.000 euro arteko gastua hartuko da kontuan.

d) Langile elebidunen lanari lotutako hizkuntza-trebakuntza orokorra, baldin eta HABEk diruz lagundu ez badu. Kalkuluak egiteko erabiliko den erreferentzia: 5,21 euro ikasle/orduko.

e) Langileentzako prestakuntza-ikastaroa euskaraz.

f) Softwarea. Kontzeptu honetan, gehienez ere, 15.000 euroko gastua hartuko da kontuan. Terminologia zein hizkuntza egokitzapen soila denean, honi dagokion diru-zuzkidura itzulpenen atalean sartu beharko da, derrigorrean. Edozein eratara, entitateek softwaregintzan egin dituzten lanen merkatuko kostu estimatua zein izan litekeen jakiteko, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak era horretako lanetan eskarmentua duten aholkularitzekin jarduteko aukera izango du, baldin eta beharrezkotzat joko balu.

g) Plangintzaren jarraipena, ebaluazioa, inplementazioa eta egokitzapena. Honetan hiru azpi-kontzeptu hauek hartuko dira aintzat:

1.– Euskara Batzordearen jarduera; hots, euskara batzordekideen lan-bileren orduak.

2.– Euskara-koordinatzailearen dedikazioa; bere lan-jardunaren barruan zeregin horri eskainitako denbora (ehunekotan) eta horren kostua.

3.– Pertsona edo entitate eskatzaileak kanpo aholkularitza-zerbitzua kontratatua baldin badu, planaren jarraipenari eta ebaluazioari dagokien gastua.

h) Bestelako gastuetarako, gehienez ere, gastu osoaren % 20 hartuko da kontuan, beti ere, 10.000 euroko gastua baino gehiago ez bada. Bestelako gastuetan ez dira aintzat hartuko ohiko euskalduntze- edo/eta alfabetatze-gastuak.

i) Ez da aintzat hartuko Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria eskuratzeari edota eskuratzeko aurrelanari lotutako gasturik.

19. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdiaren ebazpena eman aurretik, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak egiaztatu egingo du eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta dituztela. Nolanahi ere, egiaztapenaren ondorioz ikusten bada eskatzaileren batek zerga-betebeharren bat ez duela betetzen, eskaera egingo zaio egoera zuzentzeko eta horretarako 10 eguneko epea emango zaio. Hala egin ezean, eskabidea ezetsi egingo dela ohartaraziko zaio eskatzaileari.

2.– Balorazio-batzordearen proposamena ikusita, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak esleitzeko ebazpena emango du. Ebazpen hori, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasi eta sei hilabeteko epean interesdunei jakinaraziko die.

3.– Aurrekoari kalterik egin gabe, ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da herritar orok jakin dezan.

4.– Sei hilabeteko epea amaitu eta interesdunak inolako jakinarazpenik jaso ez badu, eskabidea gaitzetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

5.– Laguntza-eskatzaileren bat hartutako ebazpenarekin ados ez badago eta gora jo nahi badu, ebazpena berariaz jakinarazi eta hurrengo egunean hasi eta hilabeteko epean Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari gorako errekurtsoa aurkezteko aukera izango du.

20. artikulua.– Diru-laguntzaren onarpena.

Diru-laguntza esleitu zaiola adieraziz bidalitako jakinarazpena jaso eta hamar (10) egun balioduneko epean diru-laguntzaren eskatzaileak berariaz eta idatziz uko egin ezean, diru-laguntza onartutzat emango da.

21. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

Esleitutako diru-laguntzen ordainketak bi zatitan egingo dira:

a) Lehenengo ordainketan diru-laguntza osoaren ehuneko hirurogeita bost (% 65) ordainduko da, diru-laguntza onartutzat ematen den egunean hasi eta bi (2) hilabeteko epean.

b) Bigarren ordainketan, hala badagokio, gainerako ehuneko hogeita hamabost (% 35) ordainduko da, diru-laguntza justifikatzeko agiri guztiak jaso eta ontzat eman ondoren, hilabeteko epean. Bigarren ordainketa 2016ko aurrekontuen kontura egingo da.

22. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

1.– Diru-laguntzaren zenbatekoa edozein delarik ere, diru-laguntzaren onuradun orok diruz lagundutako egitasmoaren gauzatzea justifikatu behar du ezinbestean Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzaren aurrean.

2.– Diru-laguntza zuritzeko, gastuak 2015eko urtarrilaren 1a eta 2015eko abenduaren 31 bitartekoak izango dira, eta gastu horiei dagozkien ordainketa-agiriak 2015eko urtarrilaren 1a eta justifikazioa egiteko epea amaitu baino lehenagokoak.

3.– Diru-laguntzaren justifikazioa egiteko azken eguna 2016ko martxoaren 1a izango da.

4.– Zuritzeko erak:

Justifikaziorako dokumentazioa, aurrez aurre aurkeztu ahal izango da Zuzenean Zerbitzuko Bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

Postaz aurkeztu nahi izanez gero, honako helbide honetara bidali beharko da: Eusko Jaurlaritza, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Gainera, bitarteko elektronikoen bitartez ere aurkez daiteke, http://www.euskadi.net/nirekudeaketak web gunean sartuta.

23. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Jasotako diru-laguntza zuritzeko, pertsona edo entitate onuradunak gastuen fakturak eta bestelako justifikazio-agiriak aurkeztuko ditu. Gastu horiek, «Emandako diru-laguntza justifikatzeko inprimakia» izeneko formularioan finkaturiko kontzeptu nagusien arabera sailkatuta, bat etorri beharko dute balantzean azaldutakoarekin. Edozein modutan ere, pertsona/entitate onuradunak gutxienez aurrekontu araztua justifikatzeko/estaltzeko beste justifikazio-agiri aurkeztuko ditu.

2.– Diru-laguntza zuritzearekin batera elkargo onuradunak modu zehatzean aurkeztu beharko du urtean zehar bere elkargokideen euskarazko jarduera profesionalaren hazkunde kuantitatiboa, «Ikastaroei buruzko informazioa» izeneko formularioaren ebaluazio-atala beteta. Formularioa euskarri elektronikoan aurkeztu beharko da. (LH1)

3.– Justifikazioa justifikazio-kontu erraztuaren arabera ere egin ahal izango da, eskabidea egiterakoan «Entitate eta proiektuaren inguruko beste datu batzuk» izeneko formularioan aukera hori hautatuz gero. Justifikazio-kontu erraztuak, erantzukizunpeko adierazpenaren izaera izango duenak, honako hauek jaso beharko ditu («Justifikazio-kontu erraztua» deituriko formularioa) (LH2):

3.a) Agindu honetako 13.5 eta 25. artikuluek ezarritako betebeharrak betetzeari buruzko aitorpena.

3.b) Diruz lagundutako egitasmoari dagokion gastuen zerrenda sailkatua, «Emandako diru-laguntza justifikatzeko inprimakian» finkaturiko kontzeptu nagusien arabera sailkatuta.

4.– Diruz lagundutako jardueren behin betiko balantze ekonomikoa sinatua, 2015eko diru-sarrerak eta -irteerak «Emandako diru-laguntza justifikatzeko inprimakia» izeneko formularioaren arabera zehaztuz eta erakunde publiko nahiz pribatuetatik jasotako beste diru-laguntzak eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak esleitutakoa ere adierazita. Pertsona edo entitate onuradunak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emandakoaz gain beste diru-laguntzarik jaso ez badu, horren adierazpena egingo du «Emandako diru-laguntza justifikatzeko inprimakia» formularioan bertan.

5.– 2015eko kudeaketa-plana garatzeko diru-laguntza jaso duten pertsonek edo entitateek honako hauek erantsi behar dituzte (LH2):

a) Lanhitz deialdirako sortutako aplikazio informatikoaren ebaluazio-atala beteta.

b) Itzuli edo egokitutako testuen ale bana eta jatorrizkoen ale bana euskarri informatikoan eta horren zerrenda («Exceleko formularioa»). Agiri-ereduak, glosategi eta terminologia-lanez gain, diruz lagundutako prestakuntza eta trebakuntza-material kurrikularra ere Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren esku jarri behar da euskarri informatikoan.

c) Pertsona edo entitate onuradunak euskaratutako edota euskaraz sortutako aplikazio informatikoa Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak IKT inbentarioan (http://www.euskara.euskadi.net/ikt) jasoa izatea nahi badu, egitasmoko IKT-fitxa bat aurkeztu beharko du, euskaraz eta gaztelaniaz eta euskarri informatikoan.

d) Hizkuntza-trebakuntza orokorraren eta euskaraz egin diren laneko berariazko prestakuntza-ikastaroen zerrenda, iraupena eta bakoitzean parte hartutako ikasleen kopurua («Exceleko formularioa»).

e) Hala dagokionean, Euskara-batzordearen bileren akten kopia aurkeztu behar da euskarri informatikoan (besteak beste, honako hauek zehaztuz: data, partaideak, iraupena, jorratutako gaiak).

f) «Bestelako gastuak» kontzeptupean burututako ekintzen zerrenda («Exceleko formularioa»).

6.– Diru-laguntza jaso duten pertsonek edo entitateek % 100ean justifikatu behar dute 17.2 artikuluan jasotako aurrekontu araztua.

7.– Agindu honetako 18.4 artikuluan adierazi bezala, Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria izateagatik diru-kopuru gehigarria jaso duten pertsonek edo entitateek ez dute gehigarri hori justifikatu beharrik. (LH2)

8.– Justifikazio-kontu erraztuaren arabera egiten bada ere, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak berak egoki iritzitako laginketa-teknikak aplikatuko ditu frogagiriok egiaztatzerakoan, diru-laguntza egoki aplikatzeari buruzko zentzuko ebidentziak lortu ahal izateko. Eta, horrela eginez gero, organo emaileak eskatu ahalko dio onuradunari bidaltzeko bai laginketan aukeratutako gastu-inbertsioen egiaztagiriak, bai eta haiek ordaindu izanaren egiaztagiriak ere. (LH2)

9.– Justifikazio garaian, anomalia edo irregulartasunen bat ikusiz gero, Agindu honetako 24. eta 26. artikuluetan finkatutakoari ekingo zaio zuzenean.

24. artikulua.– Ebazpenaren aldaketa eta kitapen-ebazpena.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada, diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen dela, diru-laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Hori dela eta, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak bidezko likidazio-ebazpena emango du, eta, ebazpen horretan, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berregokitu egingo da.

2.– Agindu honen pentzutan emandako diru-laguntzaren onuradunak eman eta eskuratutako zenbatekoa eta legez aplikagarriak izan daitezkeen interesak itzuli beharko ditu, honako kasu hauetakoren bat emanez gero: diru-laguntza horretarako eskatu eta eman zeneko zertarakoetarako ez erabiltzea, diru-laguntzaren jatorri izan zen ekintzarako ez erabiltzea, horietarako eskatu zeneko helburu jakinetan erabili dela ez justifikatzea edo, oro har, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikuluan (1/1997 Legegintza Dekretuak, azaroaren 11koak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak onartua) edo Agindu honetan ezartzen diren eginbeharrak ez betetzea. Aurreko hori 698/1991 Dekretuak, abenduaren 17koak, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duenak eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituenak esandakoaren arabera egingo da.

25. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen pertsona edo entitate onuradunek Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean finkaturiko betebeharrez gain, honako betebehar hauek ere izango dituzte:

a) Diru-laguntza eskabide orrian zehaztutako helburu zehatzerako erabili beharko dute.

b) Eskabide-orrian aurreikusitako egitasmoa bere osotasunean gauzatu beharko dute.

c) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetze aldera eskatutako informazio guztia eman beharko dute.

d) Hizkuntzaren kalitatea bermatzea guztiz garrantzizkotzat jotzen denez gero, Euskaltzaindiak emandako arau eta gomendioak aintzakotzat hartu eta beteko dituzte. Hori betetzeko eta euskararen zuzentasuna eta egokitasuna bermatzeko, hizkuntza-ezagutza ziurtatuta duen pertsona bat izendatuko dute.

e) Indarrean dauden lege eskakizunak bete beharko dituzte jabego intelektualari, egile-eskubideei, lege-gordailuari, banaketari eta abarri dagokienez.

f) Laguntza-gai diren egitasmoek giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetasun-balioak errespetatu beharko dituzte. Ondorioz, egitasmo horiek ezin izango dute herritarrei iraingarri gerta dakiekeen ikur edo elementurik jaso, ezta beren duintasunari kalte egiten dieten edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duten ikur edo elementurik ere.

g) Adierazpen- eta informazio-askatasunari begirunea erakustea. Horretarako, nork bere deontologiako arauak beteko ditu eta, aldi berean, politika-aniztasuna eta politika-, gizarte-, eta kultura-taldeei zor zaien aukera-berdintasuna bermatuko duen informazio egiazkoa eta objektiboa sustatuko du.

h) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, hizkera sexistarik ez erabiltzea, eta gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez egitea.

i) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak emandako babesaren berri adieraztea, betiere 13.4 artikuluan esandakoaren arabera.

26. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Betebeharrak bete gabetzat joko dira honako kasu hauetan:

a) Jasotako diru-laguntza, osorik zein zatika, agindu honetan zehaztutakoez beste jardueretarako erabiltzea.

b) Honako Agindu honen 25. artikuluan zehaztutako betebeharrak ez betetzea.

c) Hala badagokio, kitapen-ebazpenak zehaztutako kopurua ez itzultzea horretarako emandako epean.

d) Beste xedapen batean, orokorrean, nahitaezkotzat jotzen diren gainerako egitekoak ez betetzea.

2.– Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako dirua eta horren legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenean, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duenean eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituenean, adierazitakoa betez eta horretarako ezartzen den prozedurari jarraituz.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Deialdi honetako 2. artikuluan jaso den guztirako zenbatekoa aldatu egin ahal izango da, eskatutako diru-laguntzen guztirako zenbatekoa kontuan harturik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailean beste programa batzuk bideratu ondoren aurrekontuak agortu gabe geratu badira. Adierazitako aldaketa diru-laguntzak ebatzi baino lehen egin behar da. Aipatutakoaren berri eman beharko da Hizkuntza Politikarako sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ebazpen-proposamena lantzean, Balorazio-batzordeak ikusten badu LH1 multzoan diru-soberakina dagoela, LH2 multzoan erabiliko du, eta horrela jasoko du Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egingo dion proposamenean.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak jakinarazten dizu deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, eskabidean eta formularioetan jasotakoak, «Ayudas y subvenciones Coordinación» izeneko fitxategian sartuko direla. Fitxategi hori 2006ko uztailaren 27ko Aginduak arautua dago eta gaur egun Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza da fitxategi honen titularra. Fitxategiak diru-laguntza deialdi hau kudeatzea du helburu eta deialdi honekin zer ikusia duten beste edozein prozedura edo espediente administratibo kudeatzea ere bai. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak ezarri dira. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.

Datu pertsonalen babesari buruz dauden arauei jarraiki, eskatzaileak badu sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideez baliatzeko aukera, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak berariaz aitortzen duen bezala. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzara jo dezake (Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Deialdi honetan parte hartu duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuek baimena ematen diote Administrazioari emandako datuak alderatzeko eta aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko (dela Administrazio honetan, dela beste Administrazio Publiko batean), deialdi honen xede berdinetarako bakarrik eta, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari baimena ematen diote, beste erakunde publiko batzuetan, aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Administrazio-bideari amaiera ematen dion agindu honen aurka, interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan bi hilabeteko epean, honako agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan bildutako ondorioetarako, Agindu honetako diru-laguntzen ebazpena eman ahal izateko Euskal Autonomia Erkidegoko 2015eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahiko izan behar da.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honetako euskarazko eta gaztelaniazko testuen artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, hura hartuko da aintzat.

AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean izango du eragina agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko abenduaren 26a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala