Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2014ko abenduaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5500

AGINDUA, 2014ko abenduaren 26koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2015. urtean euskarazko hedabideak sendotu, eraginkortu, garatu eta normalizatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiteko dena (Hedabideak deialdia).

Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu zituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen. Dekretu horren 10. artikuluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari, besteak beste, honako hauen inguruko egitekoak izendatu zizkion: hizkuntza politika eta euskararen sustapena.

Bestalde, 193/2013 Dekretuak, apirilaren 9koak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak, honako zeregin hau ezarri zion Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari bere 21.1.h) artikuluan (EHAA, apirilaren 24koa, 78. zk.): azaroaren 24ko 10/1982 Legea, Euskararen erabilera arautzekoa, eta gainerako xedapen osagarriak egoki garatzen eta aplikatzen direla zaintzea, hargatik eragotzi gabe administrazioko beste organo batzuek horretarako berariaz izendatuta dituzten funtzioak.

Halaber, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bere egiten ditu Euskararen Aholku Batzordearen «Euskara 21. Itun Berritu Baterantz» izenburudun liburuan jasotako XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren lehentasunezko ildoak. Ondoren, Batzordeak euskararen erabilera areagotzea xede duen Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) onartu zuen. Plan hori, halaber, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak 2012ko uztailaren 24an onartu zuen eta Eusko Legebiltzarrak 2013ko irailaren 11n berretsi zuen. Ekintza plan horrek «Itun Berritu Baterantz» dokumentuan bildutako lehentasunezko ildoak neurri zehatzez mamitu eta praktikara eramateko moduan egokitu ditu. Horien jarraipena Euskararen Agenda Estrategikoa dugu, 2014ko ekainaren 24ko Gobernu Kontseiluak onartua. Bertan, 2013-2016 epealdian Eusko Jaurlaritzak euskara biziberritzearen alde egingo dituen ekintza eta jarduera nagusiak jasotzen dira.

Jarriak dauzkan zereginak betetze aldera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak urtero-urtero deitu eta ebatzi izan ditu arloz arloko laguntza-deialdiak. Oraingo Agindu honen bitartez, euskarazko hedabideak sendotu, garatu eta normalizatzeko, 2015eko diru-laguntza deialdia egitea erabaki du. Ondorioz, hauxe

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da euskarazko hedabideak sendotu, garatu, normalizatu eta eraginkortu, bezeroei begira irismen-maila indartuz. Horretarako diru-laguntzak emateko modua arautu eta deia egiten da (Hedabideak deialdia).

2. artikulua.– Epe-barrutia.

Deialdi honek laguntzagai diren hedabideen 2015eko jarduna hartuko du kontuan, hau da, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartekoa.

3.– artikulua.– Izapidetze elektronikoa eta presentziala.

1.– Interesdunek bide elektronikoak erabiltzeko aukera izango dute prozeduraren izapide guztiak eskatzeko, kontsultatzeko eta egiteko.

2.– Eskabideak, ardurapeko adierazpenak, zuriketak eta ereduen gaineko zehaztapenak nola izapidetu, izapidetze presentzialaren zein telematikoaren bidez, euskadi.net-eko gune elektroniko honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/-/2015/hedabideak/eu/

3.– Diru-laguntzaren eskabidea eta dokumentazioa aurkezterakoan bide bat erabiltzeak, izapidetze presentzialak edo telematikoak, ez du prozeduraren hurrengo pausoetan bide bera erabiltzera behartzen, eta edozein unetan alda daiteke batetik bestera.

4.– Eskaera elektronikoaren ondorengo izapideak honako gune elektronikoaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.net/nirekudeaketak

4. artikulua.– Onuradunak.

1.– Hauek dira laguntza-modalitate honen hartzaileak: Europar Batasuneko, Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa sinatu duen edozein estatutako naziotasuna edo helbide soziala duten pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak, baldin eta jarduera ekonomikoren bat garatzen badute, gaitasun juridiko osoa eta jarduteko gaitasun osoa badute eta legalki eratuta badaude indarrean dagoen araudiaren arabera, eta Agindu honen 5. artikuluan aipaturiko egitasmoak burutzen badituzte.

Hala ere, kanpoan geldituko dira honako hauek:

a) Bere kapital gehiena publikoa duten entitate pribatuen eskabideak eta fundazio-ondarea edota gobernu- edo zuzendaritza-organoetan partaidetza nagusiki publikoa duten entitateen eskabideak.

b) Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskararen Erakunde Publikoa / Office Public de la Langue Basquek hizkuntza normalkuntzarako sinatutako hitzarmen markoaren baitan 2015eko diru-laguntzen deialdian onuradun direnak.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak eman eta, kasua balitz, ordaindu ahal izateko. Halaber, itzulketa-prozedura horietatik eratorritako diru-laguntzak itzultzeko betebeharra bete ez dutenei ezin izango zaie diru-laguntzarik eman, ezta ordaindu ere.

3.– Laguntza-deialdi honetara ezin izango dira aurkeztu zigor eta administrazioaren arloan diru-laguntza publikoak jasotzeko debekurik dutenak, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituzten legezko debekuetan sartuta daudenak ere. Era berean, ezin izango dira aurkeztu sexu arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren zigortuak direnak, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, xedatutakoaren arabera.

4.– Pertsona fisiko edo juridiko pribatu batek baino gehiagok elkarlanean gauzatzekoa den egitasmoaren kasuan, eskabidea pertsona fisiko edo juridiko pribatu horietako batek egingo du guztien izenean. Nolanahi ere, eskabidea egiterakoan argi eta garbi zehaztu beharko dira pertsona fisiko edo juridiko pribatu horietako bakoitzaren nortasuna, ardura eta egitekoa egitasmoaren baitan, baita horietako bakoitzak aurrekontu atalean egiten duen ekarpena ere.

5.– Diru-laguntza hau ebazteko eta dagozkion ordainketak egin ahal izateko, diru-laguntzarik esleituz gero, eskatzaileak Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroan alta emanda eduki beharko du.

5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen hedabideak.

1.– Honako hauek dira, multzoka emanda, diruz lagun daitezkeen hedabideak:

1.1.– A multzoa: helburu nagusia eguneroko informazioa ematea duten euskara hutsezko idatzizko hedabideak. Egunerokotasunari edota tokikotasunari lotutako idatzizko hedabideak: eguneroko prentsa inprimatua eta udalerri, eskualde edo lurralde jakinetan zabaltzen diren informazio orokorreko aldizkariak.

a) Euskararen esparru geografiko osoan zabaltzen diren egunkariak.

b) Udalerri eta eskualde jakinetan zabaltzen diren egunkariak.

c) Udalerri, eskualde eta lurralde jakinetan zabaltzen diren informazio orokorreko aldizkariak.

1.2.– B multzoa: albisteak edo gai hautatuak egunerokotasunetik haragoko sakontasunez lantzen dituzten euskara hutsezko idatzizko hedabideak: euskararen esparru geografiko osoan zabaltzen diren informazio orokorreko aldizkariak zein aldizkari espezializatuak (pentsamendua, zientzia, musika, natura, haur eta gazteei zuzendutakoak...).

1.3.– C multzoa: zerbitzua eman ahal izateko beharrezkoak diren lizentzien jabe izanik, zati batean edo osorik euskaraz ari diren uhin bidezko irratiak.

1.4.– D multzoa: zerbitzua eman ahal izateko beharrezkoak diren lizentzien jabe izanik, zati batean edo osorik euskaraz emititzen duten telebistak.

1.5.– E multzoa: Internet bidezko hedabideak.

● Euskara hutsezko egunkari eta aldizkariak.

● Zati batean edo osorik euskaraz ari diren irratiak.

● Zati batean edo osorik euskaraz ari diren telebistak.

2.– Nolanahi ere, 8. artikuluan jarritako baldintzak betetzen ez dituzten hedabideak edo ezaugarri hauetakoren bat duten hedabideak ez dira diruz lagunduko:

a) Euskadiko Administrazio Orokorra osatzen duten entitateen hedabideak.

b) Alderdi politikoen, hauteskundeetarako koalizioen eta sindikatuen hedabideak.

c) Elkarteek, fundazioek zein antzeko erakundeek beren bazkideentzat soil-soilik eginiko hedabideak.

d) Glotodidaktika- eta psikopedagogia-aldizkariak; orobat bere edukiak hezkuntza arlora zuzenduak dituzten aldizkariak.

e) Eskola-aldizkari, -irrati eta -telebistak.

f) Kultur berripaperak, ikuskizun-gidak, denbora pasakoak eta antzekoak.

g) Mota guztietako argitalpen konfidentzialak, harpidetza bitartez nahiz kioskoan saldutakoak edo formatu elektronikoan zabaldutakoak.

h) Informazio orokorrekoak edota gai anitzeko informaziokoak ez diren tokiko aldizkariak.

i) Diruz lagungarriak izan arren, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2015ean xede berberarekin diruz lagundutako hedabideak.

6. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Begiz jotako xedeari aurre egiteko, 4.875.000 euro erabiliko dira. Diru hori Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan jarritako aurrekontu-ataletik hartuko da.

2.– Kopuru hori, honela banatuko da:

a) A multzoa (helburu nagusia eguneroko informazioa ematea duten euskara hutsezko idatzizko hedabideak. Egunerokotasunari edota tokikotasunari lotutako idatzizko hedabideak: eguneroko prentsa inprimatua eta udalerri, eskualde edo lurralde jakinetan zabaltzen diren informazio orokorreko aldizkariak): 2.524.000 euro.

b) B multzoa (albistek edo gai hautatuak egunerokotasunetik haragoko sakontasunez lantzen dituzten euskara hutsezko idatzizko hedabideak: euskararen esparru geografiko osoan zabaltzen diren informazio orokorreko aldizkariak zein aldizkari espezializatuak): 1.137.500 euro.

c) C multzoa (zerbitzua eman ahal izateko beharrezkoak diren lizentzien jabe izanik, zati batean edo osorik euskaraz ari diren uhin bidezko irratiak): 227.500 euro.

d) D multzoa (zerbitzua eman ahal izateko beharrezkoak diren lizentzien jabe izanik, zati batean edo osorik euskaraz emititzen duten telebistak): 500.500 euro.

e) E multzoa (Internet bidezko hedabideak): 485.500 euro.

7. artikulua.– Eskatzaileek egiaztatu beharreko zenbait betebehar.

1.– Diru-laguntzaren eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak kitatuta izan behar ditu eskabidea egiterakoan. Hori egiaztatzea diru-laguntzaren organo-kudeatzaileari dagokio. Azken honek behar adina aldiz egiaztatu ahal izango du, eskatzailearen aldez aurreko baimenik gabe, horrela araututa baitago honako xedapen honetan: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina. Eskatzailearen helbide fiskala Nafarroan edo Espainiako Estatutik kanpo egonez gero, kontuan izanik elkarreragingarritasun zerbitzuek ez dutela horrelako zerbitzurik ematen, interesdunak zerga-betebeharrak kitatuta dauzkala adierazten duen ziurtagiri eguneratua aurkeztu beharko du. Azken bi kasu horietan, ziurtagiriak, gehienez ere, 3 hilabete lehenago egindakoak izango dira.

2.– Eskabideek honako aukera hau jasoko dute: diru-laguntzaren eskatzaileak, edozein delarik izapidea egiteko aukeratutako bidea, baimena ematen dio organo kudeatzaileari gainerako datuak edo dokumentuak lortzeko edo egiaztatzeko. Hau guztia, Herri Administrazioari dagozkion egiaztatzeko eta ikuskatzeko eskumenak kaltetu gabe.

3.– Eskatzaileak adierazi beharko du beste administrazio publiko edo erakunde publiko batzuetatik Agindu honetan araututako diru-laguntzaren helburu bera duen laguntzarik eskatu duela eta, kasua balitz, eman egin diotela.

4.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.6 eta 51.1 bis artikuluei jarraituz, eskabidearekin batera egindako ardurapeko adierazpen baten bidez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:

– Zigor eta administrazioaren arloan diru-laguntza publikoak jasotzeko debekurik ez duela, eta ez dagoela sartuta laguntzak jasotzeko ezgaitzen duten legezko debekuetan. Era beran, ez duela inolako zigorrik sexu arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, xedatutakoaren arabera.

– Eskatzailea ez dagoela, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta, horiek itzultzeko edo zigortzeko izapidetzen ari den prozeduraren batean. Halaber, itzulketa-prozedura horietatik eratorritako diru-laguntzak itzultzeko betebeharra bete ez dutenei ezin izango zaie diru-laguntzarik eman, ezta ordaindu ere.

– Eskatzailea den entitate pribatuaren kapitala ez dela gehiena publikoa eta, horrez gainera, fundazio-ondarea edota gobernu- edo zuzendaritza-partaidetza ez dela nagusiki publikoa.

– Eskatzailea ez dela onuradun izan, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskararen Erakunde Publikoa/Office Public de la Langue Basquek hizkuntza normalkuntzarako sinatutako hitzarmen markoaren baitan, 2015eko diru-laguntzen deialdian.

– Eskatzaileak ez duela jaso Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak xede berberarekin 2015. urtean emandako diru-laguntzarik.

– Egiazkoak direla eskabide-orriko datuak eta haiei erantsitako agiriak eta indarrean den araudian diru-laguntza jasotzeko ezarritako betekizun guztiak betetzen dituela.

– Burutu nahi den egitasmoa egin ahal izateko jabetza intelektualari loturiko elementuen ustiapen-eskubideen jabea dela.

8. artikulua.– Diru-laguntza honetan parte hartu ahal izateko diruz lagun daitezkeen egitasmoen baldintzak.

1.– Laguntza-mota honetara aurkezten den egitasmoak 2015eko urtarrilaren 1ean kalean izan behar du ezinbestean, ohiko maiztasunarekin edo jardunarekin.

2.– Era berean, honako baldintza berezi hauek bete behar ditu:

2.1.– A multzoari (helburu nagusia eguneroko informazioa ematea duten euskara hutsezko idatzizko hedabideak. Egunerokotasunari edota tokikotasunari lotutako idatzizko hedabideak: eguneroko prentsa inprimatua eta udalerri, eskualde edo lurralde jakinetan zabaltzen diren informazio orokorreko aldizkariak) dagozkion baldintza bereziak:

2.1.1.– Euskara hutsezko prentsa inprimatuari dagozkion baldintza bereziak:

a) Legezko gordailuaren edota ISSN delako zenbakiaren jabe izatea. Besterik ezean, zenbakion eskabidea tramitatuta edukitzea.

b) Banaketa-sistema gardena eta agerikoa izatea.

c) Salneurriaren berri ematea, eta harpidetza-sistemaren bat erabiltzen denean argi adieraztea ale bakoitzean. Dohainik zabaltzen diren hedabideen kasuan ez da aurreko hori bete beharrik izango.

d) Gutxieneko maiztasuna izatea: astean 4 zenbaki.

e) Formatua eta orrialde-kopurua:

● Euskararen esparru geografiko osoan zabaltzen den euskara hutsezko eguneroko prentsa: tabloide formatuko 28 orrialde edo gehiago. Kasu bakoitzean zehaztutako formatua erabili beharrean beste bat erabiliz gero, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak berariaz prestatutako baliokidetasun-taula erabiliko du.

● Udalerri edo eskualde jakinetan zabaltzen den euskara hutsezko eguneroko prentsa: tabloide formatuko 16 orrialde edo gehiago astean. Kasu bakoitzean zehaztutako formatua erabili beharrean beste bat erabiliz gero, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak berariaz prestatutako baliokidetasun-taula erabiliko du.

f) Jarraian eta etengabe izen berberarekin argitaratzea.

g) Aleek zenbakikuntza jakin bati jarraitzea eta data jarrita edukitzea.

h) Originala izatea. Hots, laguntza-mota honetan laguntzagai den hedabide edo aldizkako argitalpen baten aldaerarik ez da onartuko.

2.1.2.– Udalerri, eskualde edo lurralde jakinetan zabaltzen diren euskara hutsezko informazio orokorreko aldizkariei dagozkien baldintza bereziak:

a) Legezko gordailuaren edota ISSN delako zenbakiaren jabe izatea. Besterik ezean, zenbakion eskabidea tramitatuta edukitzea.

b) Banaketa-sistema gardena eta agerikoa izatea.

c) Salneurriaren berri ematea, eta harpidetza-sistemaren bat erabiltzen denean argi adieraztea ale bakoitzean. Dohainik zabaltzen diren hedabideen kasuan ez da aurreko hori bete beharrik izango.

d) Gutxieneko maiztasuna izatea: urtean 11 zenbaki.

e) Formatua eta orrialde-kopurua: DIN-A4 formatuko 16 orrialde edo gehiago. Zehaztutako formatua erabili beharrean beste bat erabiliz gero, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak berariaz prestatutako baliokidetasun-taula erabiliko du.

f) Jarraian eta etengabe izen berberarekin argitaratzea.

g) Aleek zenbakikuntza jakin bati jarraitzea eta data jarrita edukitzea.

h) Originala izatea. Hots, laguntza-mota honetan laguntzagai den hedabide edo aldizkako argitalpen baten aldaerarik ez da onartuko.

2.2.– B multzoari (albisteak edo gai hautatuak egunerokotasunetik haragoko sakontasunez lantzen dituzten euskara hutsezko idatzizko hedabideak: euskararen esparru geografiko osoan zabaltzen diren informazio orokorreko aldizkariak zein aldizkari espezializatuak) dagozkion baldintza bereziak:

a) Legezko gordailuaren edota ISSN delako zenbakiaren jabe izatea. Besterik ezean, zenbakion eskabidea tramitatuta edukitzea.

b) Banaketa-sistema gardena eta agerikoa izatea.

c) Salneurriaren berri ematea, eta harpidetza-sistemaren bat erabiltzen denean argi adieraztea ale bakoitzean. Dohainik zabaltzen diren hedabideen kasuan ez da aurreko hori bete beharrik izango.

d) Gutxieneko maiztasuna izatea: urtean 44 zenbaki informazio orokorreko aldizkarien kasuan, eta 4 zenbaki aldizkari espezializatuenean.

e) Formatua eta orrialde-kopurua: DIN-A4 formatuko 20 orrialde edo gehiago informazio orokorreko aldizkarien kasuan, eta 32 orrialde edo gehiago aldizkari espezializatuenean. Zehaztutako formatua erabili beharrean beste bat erabiliz gero, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak berariaz prestatutako baliokidetasun-taula erabiliko du.

f) Jarraian eta etengabe izen berberarekin argitaratzea.

g) Aleek zenbakikuntza jakin bati jarraitzea eta data jarrita edukitzea.

h) Originala izatea. Hots, laguntza-mota honetan laguntzagai den hedabide edo aldizkako argitalpen baten aldaerarik ez da onartuko.

2.3.– C multzoari dagozkion baldintza bereziak (zerbitzua eman ahal izateko beharrezkoak diren lizentzien jabe izanik, zati batean edo osorik euskaraz ari diren uhin bidezko irratiak):

a) Urte osoan zehar emititu behar dituzte euskarazko irrati-programak.

b) Emisio-orduak: astean, gutxienez, 25 ordu euskaraz. Aurrerago aipaturiko emisio-orduen zenbaketa egiterako orduan ez da norberak aurretiaz emititutako programen birjartzeari dagokion ordu-kopurua kontuan hartuko, ezta musika hutsezko programei dagokiena ere. Era berean, ez dira inoren programa edo informazio-tartearen aldi bereko zein diferitutako emanaldiei dagozkien orduak kontuan hartuko.

2.4.– D multzoari dagozkion baldintza bereziak (zerbitzua eman ahal izateko beharrezkoak diren lizentzien jabe izanik, zati batean edo osorik euskaraz emititzen duten telebistak):

a) Urte osoan zehar emititu behar dituzte euskarazko telebista-programak.

b) Emisio-orduak: astean, gutxienez, 10 ordu euskaraz. Aurrerago aipaturiko emisio-orduen zenbaketa egiterako orduan ez da norberak aurretiaz emititutako programen birjartzeari dagokion ordu-kopurua kontuan hartuko, ezta musika hutsezko programei dagokiena ere. Era berean, ez dira inoren programa edo informazio-tartearen aldi bereko zein diferitutako emanaldiei dagozkien orduak kontuan hartuko.

2.5.– E multzoari dagozkion baldintza bereziak (Internet bidezko hedabideak):

2.5.1.– Euskara hutsezko egunkari eta aldizkariei dagokienez:

a) Gutxieneko kalitate-estandarrak bete behar dira.

b) Maiztasuna: gutxienez ere, astebeteko maiztasuna izan behar dute.

c) Google Analytics neurgailua eduki behar dute bisita eta bisitariak neurtzeko. Hori izango da onartuko den neurgailu bakarra. Entitate eskatzaileak Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari emango dio neurgailurako sarbidea.

d) Originala izatea. Hots, multzo honetan laguntzagai den beste hedabide baten aldaerarik ez da onartuko.

2.5.2.– Zati batean edo osorik euskaraz ari diren irratiei dagokienez:

a) Emisioa zuzenekoa izango da.

b) Emisio-orduak: astero-astero, gutxienez ere, 25 orduz euskaraz emititzea. Aipaturiko orduon zenbaketa egiteko orduan ez da aurretiaz emititutako programen birjartzeari dagokion ordu-kopurua kontuan hartuko, ezta musika hutsezko programei dagokiena ere. Era berean, ez dira inoren programa edo informazio-tartearen aldi bereko zein diferitutako emanaldiei dagozkien orduak kontuan hartuko.

c) Google Analytics neurgailua eduki behar dute bisita eta bisitariak neurtzeko. Hori izango da onartuko den neurgailu bakarra. Entitate eskatzaileak Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari emango dio neurgailurako sarbidea.

2.5.3.– Zati batean edo osorik euskaraz ari diren telebistei dagokienez:

a) Emisioa zuzenekoa izango da.

b) Emisio orduak: astero-astero, gutxienez ere, 10 orduz euskaraz emititzea. Aipaturiko orduon zenbaketa egiteko orduan ez da aurretiaz emititutako programen birjartzeari dagokion ordu-kopurua kontuan hartuko, ezta musika hutsezko programei dagokiena ere. Era berean, ez dira inoren programa edo informazio-tartearen aldi bereko zein diferitutako emanaldiei dagozkien orduak kontuan hartuko.

c) Google Analytics neurgailua eduki behar dute bisita eta bisitariak neurtzeko. Hori izango da onartuko den neurgailu bakarra. Entitate eskatzaileak Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari emango dio neurgailurako sarbidea.

3.– Hedabide orok gastu- eta sarrera-aurrekontu orekatua izan behar du, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari egindako diru-eskabidea aintzat hartuta. Ondorioz, aurrekontu orekaturik ez duen hedabidea kanpo utziko da.

4.– Hedabide orok gutxieneko finantzaketa-maila propioa izan behar du, ezinbestean. Ondorioz, finantzaketa-maila horretara iristen ez den hedabidea kanpo utziko da. Finantzaketa-maila hori honako hauetakoren bat izango da:

a) Agindu honen babeseko laguntza-deialdira eskaerak aurkezteko azken egunean urtebeteko bizitza baino laburragoa duten hedabideen kasuan, gutxienez ere, gastu-aurrekontuaren % 35 izango da.

b) Lehenagotik ari diren hedabideen kasuan, gutxienez ere, gastu-aurrekontuaren % 40 izango da.

9. artikulua.– Diru-laguntzen organo kudeatzailea.

Deialdi honen kudeaketa Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko zuzendariari dagokio.

10. artikulua.– Diru-laguntzaren nondik norakoa, zertarakoa eta zenbatekoa.

1.– Ondorengoak joko dira Agindu honetan jasotako araudiaren babesean diruz laguntzeko moduko gastuak: eskatzaileak aurkeztutako jardueraren gaineko aurrekontu banakatu eta xehatuan agertzen diren gastuak, baldin eta ezbairik gabe jarduera garatzearekin lotura zuzena badute. Beraz, laguntza-deialdiak honako gastu hauek baino ez ditu gogoan hartuko:

1.1.– A eta B multzoei dagokienez:

a) Horiei dagozkien prestakuntza-, gauzatze- eta zabaltze-lanei zuzen-zuzenean egotzitako gastuak.

b) Nolanahi ere, erdal aldizkarien erabateko edo zatikako itzulpena edota moldaketa diren hedabideen kasuan, edukiak itzuli eta hedabidea argitaratu eta zabaldu ahal izateko egin beharreko gastuak baino ez dira kontuan hartuko.

1.2.– C multzoari dagokionez (zerbitzua eman ahal izateko beharrezkoak diren lizentzien jabe izanik, zati batean edo osorik euskaraz ari diren uhin bidezko irratiak):

a) Euskara hutsez ari diren irratien kasuan, programazioari dagozkion prestatze-, gauzatze- eta zabaltze-lanei zuzen-zuzenean egotzitako gastuak.

b) Euskaraz eta gaztelaniaz ari diren irratien kasuan, euskarazko programazioari dagozkion prestatze-, gauzatze- eta zabaltze-lanei zuzen-zuzenean egotzitako gastuak. Nolanahi ere, euskara ez den beste hizkuntza bati dagokion programazioak ekarritako gastuak kanpo utziko dira.

1.3.– D multzoari dagokionez (zerbitzua eman ahal izateko beharrezkoak diren lizentzien jabe izanik, zati batean edo osorik euskaraz emititzen duten telebistak):

a) Euskara hutsez ari diren telebisten kasuan, euskarazko programazioari dagozkion prestatze-, gauzatze- eta zabaltze-lanei zuzen-zuzenean egotzitako gastuak.

b) Euskaraz eta gaztelaniaz ari diren telebisten kasuan, euskarazko programazioari dagozkion prestatze-, gauzatze- eta zabaltze-lanei zuzen-zuzenean egotzitako gastuak. Nolanahi ere, euskara ez den beste hizkuntza bati dagokion programazioak ekarritako gastuak kanpo utziko dira.

1.4.– E multzoari dagokionez:

a) Internet bidezko euskara hutsezko egunkari eta aldizkarien kasuan, horiei dagozkien prestatze-, gauzatze- eta zabaltze-lanei zuzen-zuzenean egotzitako gastuak.

b) Internet bidez euskara hutsez ari diren irrati eta telebisten kasuan, euskarazko programazioari dagozkion prestatze-, gauzatze- eta zabaltze-lanei zuzen-zuzenean egotzitako gastuak.

c) Internet bidez zati batean euskaraz ari diren irrati eta telebisten kasuan, euskarazko programazioari dagozkion prestatze-, gauzatze- eta zabaltze-lanei zuzen-zuzenean egotzitako gastuak.

1.5.– Diru-laguntza honen bitartez aurreko ataletan zehaztutako gastuak soilik lagunduko dira. Nolanahi ere, kanpoan utziko dira honako hauek:

a) Patrimonializa daitekeen ibilgetu materialean egindako inbertsioak.

b) Sareko hedabideen kasuan, aldaketa edota hobekuntza teknologikoak, hau da, aplikazio berriak egitea edo lehendik daudenak egokitzea.

c) Balio Erantsiaren gaineko Zergari (BEZ) dagokion gastua ez da kontuan hartuko. Hala ere, BEZa berreskuratu ezin duten erakunde onuradunen kasuan, gastutzat hartuko da, eta erakundeok dagokien foru aldundiko ogasun-sailaren ziurtagiri bidez egiaztatu beharko dute hori.

d) Artikulu honen arabera ez laguntzeko moduko gastutzat jotzen diren horiek (neurriz kanpokoak direlako edo zuzenean zerikusia ez dutelako) agertzen badira, eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan, Balorazio-batzordeak ezabatu edo araztu egingo ditu, diru-laguntza kalkulatzeko beharrezkoa den oinarrizko gastu-aurrekontua zehaztu ahal izateko.

2.– Agindu honen 8.4 atalean aipaturiko finantzaketa propioa honako diru-sarrera hauez osatuta egongo da:

a) Eskatzailearen diru-ekarpenak.

b) Zerbitzuen salmentatik eskuratutakoak.

c) Produktuen salmentatik eskuratutakoak.

d) Publizitatetik eskuratutakoak.

e) Entitate pribatuetatik jasotakoak.

Diru-sarrera horien berri zehatza emango da eskabidearekin batera bete beharreko formularioan.

3.– Defizitarioak diren hedabideei bakarrik eman ahal izango zaie diru-laguntza. Hots, aurreikusitako gastuak, eskatzaileak ezinbestean jarri beharreko finantzaketa propioarekin zein bestelako diru-laguntza publikoekin berdindu ezin dituzten hedabideei. Ondorioz, egoera horretan aurkitzen ez den hedabidea kanpo utziko da.

4.– Hedabide bakoitzari esleitutako diru-laguntza, gehienez ere, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari eskatutakoa bestekoa izango da, eta, gutxienez, 2.000 eurokoa. Gutxieneko kopuru horretatik beherakorik ez da esleituko. Ondorioz, egoera horretan aurkitzen den hedabidea ez da diruz lagunduko.

5.– Baldin eta hedabideren batek diru-laguntza jaso bazuen euskarazko hedabideak sendotu, eraginkortu, garatu eta normalizatzeko diru-laguntzak emateko 2014ko deialdian, eta orduko jarduerari eusten badio, aurtengo deialdian jasoko duen kopurua gutxienez iaz esleitu zitzaionaren % 80 izango da, betiere gainerako baldintzak betetzen baldin baditu.

6.– Diru-laguntza bateragarria da edozein erakunde publikok zein pribatuk xede berberaz eman ditzaketenekin, betiere, gainfinantzaketarik ez bada. Salbuespen dira Agindu honen 4.1.b) eta 5.2.i) ataletan aipatzen direnak. Agindu honen epe-barrutia amaitu eta 23. artikuluan finkatutako justifikazioari ekin eta gero gainfinantzaketarik gertatu dela ikusten bada, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, betiere 21. artikuluan zehaztutako bideari jarraituz. Murrizketa hori gainfinantzaketa adinakoa izango da.

11. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Eskabideak 2015eko urtarrilaren 7tik otsailaren 9ra arte, biak barne, egin ahal izango dira.

2.– Izapidetze presentziala aukeratuz gero, eskabideak honako leku hauetan aurkez daitezke:

● Eusko Jaurlaritza, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Donostia kalea, 1; 01010 Vitoria-Gasteiz.

● Eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean (EHAA, 2008ko maiatzaren 30ekoa, 102 zk.).

Eskabidea postaz egin nahi izanez gero, honako helbide honetara bidali beharko dira eskabide-orria eta agiriak: Eusko Jaurlaritza, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Euskara Sustatzeko Zuzendaritza, Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Bide horri ekitekotan, eskabide-orria kartazal irekian aurkeztu beharko da posta-bulegoan, posta-langileak, ziurtapena egin baino lehen, data eta zigilua jar ditzan eskabide-orrian bertan.

3.– Era berean, eskabideak bide elektronikoak erabiliz aurkezteko aukera izango da, euskadi.net-eko gune elektroniko honetan: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/-/2015/hedabideak/eu/

4.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntzan, euskaraz edo gaztelaniaz, aurkez ditzakete eskabideak eta haiei lotutako dokumentazioa. Halaber, diru-laguntza eskaeraren ondoriozko jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Arauzkotzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2. a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

12. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi duten pertsona fisikoek edo juridikoek, eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dituzte:

1.– Eskatzaileari dagokion dokumentazioa.

1.1.– Pertsona juridiko pribatuak:

Kasu guztietan entitatea legalki eratuta dagoela ziurtatu behar da. Era berean, legezko ordezkariaren nortasuna eta azken honek ordezkapena egiteko legezko ahalmena duela adierazteaz gain, eskatzailearen jarduera arautzen duten arau hauek ere egiaztatuko dira:

● Entitatearen legezko eraketa: sorrerako eskritura edo agiria, estatutuak edo sorrerako egintzaren berri ematen duen agiria.

● Ordezkariaren nortasuna (NANaren edo pasaportearen fotokopia).

● Ordezkariaren legezko ahalmena (ordezkaria nor den adierazten duen ziurtagiria).

● Eskatzailearen IFK.

Eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Erregistroetan dagoen fundazioa, elkartea edo kooperatiba bada, ez ditu aurkeztu beharko entitatearen legezko eraketa egiaztatzeko eskatutako dokumentuak. Kasu horretan, nahikoa izango du hori adieraztea, eta Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak ofizioz konprobatuko du entitatea delako erregistro horretan dagoela.

1.2.– Pertsona fisikoak:

● Nortasunaren egiaztapena (NANaren edo pasaportearen fotokopia).

● Autonomoen Erregimenean edo dagokion lan-mutualitatean alta emanda dagoela egiaztatzea.

Eskatzaileak 1.1. edo 1.2 ataletan aipatutako agiriak aldez aurretik Administrazio honetan aurkeztu baditu eta indarrean badaude, ez ditu berriz aurkeztu beharko. Kasu horretan, Administrazioak ofizioz konprobatuko du. Horretarako nahikoa izango da eskabidean adieraztea zein Sailetan edo Zuzendaritzatan aurkeztu ziren.

Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi duen orok nahi adina eskabide-orri aurkezteko aukera izango du. Eskatzaileak eskabide-orri bat baino gehiago aurkezten duenean, erantsi beharreko dokumentazioa bakarra izan daiteke eskabide-orri guztientzat, egitasmoei dagokien dokumentazioa izan ezik.

2.– Diruz lagun daitekeen egitasmoari dagokion dokumentazioa.

● A multzoa: helburu nagusia eguneroko informazioa ematea duten euskara hutsezko idatzizko hedabideak. Egunerokotasunari edota tokikotasunari lotutako idatzizko hedabideak: eguneroko prentsa inprimatua eta udalerri, eskualde edo lurralde jakinetan zabaltzen diren informazio orokorreko aldizkariak.

– Formularioak: egitasmoaren deskribapen teknikoa eta adierazitako gastu-aurrekontua.

– Ordainketa bidezko argitalpenen kasuan, hedabideak 2014an izandako zabalkundearen ziurtagiria, Zabalkundearen Justifikaziorako Bulego edo OJD erakundeak egindakoa. Agiri horrek ordainketa bidezko zabalkunde arrunta ziurtatu beharko du. Ziurtagiririk ezean, inprimaketa-gastuei dagozkien egiaztagiri originalak edo horien fotokopia konpultsatuak (fakturak eta ordainagiriak). Egiaztagiri horietan ale-kopurua zehaztu beharko da. Informazio osagarri gisa, CIES enpresaren edo beste erakunderen baten neurgailua erabiliz gero, horren berri emango da, azken neurketaren datuak zehaztuz.

– Doaneko argitalpenen kasuan, hedabideak 2014an izandako zabalkundearen ziurtagiria, Zabalkundearen Justifikaziorako Bulego edo OJD erakundeak egindakoa. Agiri horrek banatzekoak diren aleei dagokien zabalkundea ziurtatu beharko du. Ziurtagiririk ezean, inprimaketa-gastuei dagozkien egiaztagiri originalak edo horien fotokopia konpultsatuak (fakturak eta ordainagiriak). Egiaztagiri horietan ale-kopurua zehaztu beharko da. Informazio osagarri gisa, CIES enpresaren edo beste erakunderen baten neurgailua erabiliz gero, horren berri emango da, azken neurketaren datuak zehaztuz.

● Argitaratutako azken zenbakiaren ale bat.

● Egokitzat jotzen den beste edozein informazio osagarri.

● B multzoa: albisteak edo gai hautatuak egunerokotasunetik haragoko sakontasunez lantzen dituzten euskara hutsezko idatzizko hedabideak: euskararen esparru geografiko osoan zabaltzen diren informazio orokorreko aldizkariak zein aldizkari espezializatuak (pentsamendua, zientzia, musika, natura, haur eta gazteei zuzendutakoak...).

– Formularioak: egitasmoaren deskribapen teknikoa eta adierazitako gastu-aurrekontua.

– Ordainketa bidezko argitalpenen kasuan, hedabideak 2014an izandako zabalkundearen ziurtagiria, Zabalkundearen Justifikaziorako Bulego edo OJD erakundeak egindakoa. Agiri horrek ordainketa bidezko zabalkunde arrunta ziurtatu beharko du. Ziurtagiririk ezean, inprimaketa-gastuei dagozkien egiaztagiri originalak edo horien fotokopia konpultsatuak (fakturak eta ordainagiriak). Egiaztagiri horietan ale-kopurua zehaztu beharko da. Informazio osagarri gisa, CIES enpresaren edo beste erakunderen baten neurgailua erabiliz gero, horren berri emango da, azken neurketaren datuak zehaztuz.

– Doaneko argitalpenen kasuan, hedabideak 2014an izandako zabalkundearen ziurtagiria, Zabalkundearen Justifikaziorako Bulego edo OJD erakundeak egindakoa. Agiri horrek banatzekoak diren aleei dagokien zabalkundea ziurtatu beharko du. Ziurtagiririk ezean, inprimaketa-gastuei dagozkien egiaztagiri originalak edo horien fotokopia konpultsatuak (fakturak eta ordainagiriak). Egiaztagiri horietan ale-kopurua zehaztu beharko da. Informazio osagarri gisa, CIES enpresaren edo beste erakunderen baten neurgailua erabiliz gero, horren berri emango da, azken neurketaren datuak zehaztuz.

● Argitaratutako azken zenbakiaren ale bat.

● Egokitzat jotzen den beste edozein informazio osagarri.

● C multzoa: zerbitzua eman ahal izateko beharrezkoak diren lizentzien jabe izanik, zati batean edo osorik euskaraz ari diren uhin bidezko irratiak.

– Formularioak: egitasmoaren deskribapen teknikoa eta adierazitako gastu-aurrekontua.

● Irrati-zerbitzua emateko lizentzia.

– Informazio osagarri gisa, CIES enpresaren edo beste erakunderen baten neurgailua erabiliz gero, horren berri emango da, azken neurketaren datuak zehaztuz.

– Egokitzat jotzen den beste edozein informazio osagarri.

● D multzoa: zerbitzua eman ahal izateko beharrezkoak diren lizentzien jabe izanik, zati batean edo osorik euskaraz ari diren telebistak.

– Formularioak: egitasmoaren deskribapen teknikoa eta adierazitako gastu-aurrekontua.

● Telebista-zerbitzua emateko lizentzia.

– Informazio osagarri gisa, CIES enpresaren edo beste erakunderen baten neurgailua erabiliz gero, horren berri emango da, azken neurketaren datuak zehaztuz.

● Egokitzat jotzen den beste edozein informazio osagarri.

● E multzoa: Internet bidezko hedabideak.

– Formularioak: egitasmoaren deskribapen teknikoa eta adierazitako gastu-aurrekontua.

– Egokitzat jotzen den beste edozein informazio osagarri.

13. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean eginiko akatsen zuzenketa.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, 10 egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsak zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

14. artikulua.– Esleipen-prozedura.

1.– Agindu honen babesean emango diren diru-laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira, betiere ezarritako mugak errespetatuz eta finkatutako irizpideak erabiliz. Eskabideei buruzko ebazpen-proposamena landu eta diruzko zenbatekoak finkatu ahal izateko, zeregin horretarako berariaz eratutako balorazio-batzordeak honako urrats hauek emango ditu, hurrenez hurren:

1.1.– Adierazitako aurrekontuari eta eskatutako diru-laguntzari dagokienez:

a) Eskabide-orrian adierazitako gastu-aurrekontua eta eskatutako diru-laguntzaren zenbatekoa hartuko ditu abiapuntutzat.

b) 10. artikuluan finkatutakoaren haritik, honako hau ikusiko da: laguntza-deialdira aurkeztutako hedabidearen gauzatzeari, ez besteri, zuzenean egozgarri zaizkion gastuak baino ez daudela jasota adierazitako gastu-aurrekontuan. Zeregin horretarako, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak finkatutako kostu estandarrak erabiliko dira. Horiek eskatzaileen eskueran egongo dira Euskara Sustatzeko Zuzendaritzan.

c) Aurreko atalean aipaturiko kontraste-lanaren ondorioz eskatzaileak adierazitako gastu-aurrekontuari aldaketaren bat egin behar izanez gero, beste horrenbesteko aldaketa egingo zaie adierazitako sarrera-aurrekontuari eta eskatutako diru-laguntzari, betiere gastu-aurrekontua aldatu den proportzio berean. Horrelakoetan, diru-laguntza kalkulatzeko orduan, onartutako gastu-aurrekontua, onartutako laguntza-eskabidea eta eskabide-orrian zehaztutako finantzaketa-maila propioa hartuko dira erreferentzia-oinarritzat.

d) Kontraste-lan horren ondorioz onartutako gastu-aurrekontua eskatzaileak adierazitakoa baino handiagoa bada, adierazitako gastu-aurrekontua hartuko da, eskatutako diru-laguntzarekin eta eskabide-orrian zehaztutako finantzaketa-maila propioarekin batera, diru-laguntza kalkulatzeko erreferentzia-oinarritzat.

1.2.– Puntuei dagokienez:

a) Hedabide bakoitzari dagozkion puntuak 15. artikuluan zehaztutako balorazio-irizpideen eta horietako bakoitzaren zehaztapenaren arabera finkatuko dira.

b) Puntu horiek onartutako gastu-aurrekontuaren estalpen-indizea zehaztuko dute. Estalpen-indize hori balorazio-batzordeak zehaztuko du, betiere puntu-tarteak finkatu eta gero. Balorazio batzordeak multzo bakoitzerako puntuazio tarteak eta horiei dagozkien estalpen-indizeak proposatuko ditu.

2.– Hedabide bakoitzari esleitu beharreko laguntza-kopurua zehazteko orduan, 10.4 artikuluan finkatutako mugak gordeko dira.

3.– Aurreko puntuetan esandako moduan kalkulatutako diru-laguntzen baturak diru-baliabideen muga gainditzen badu, kasuan kasu esleitu beharreko diru-kopurua banaketa-sistema proportzionalaren arabera finkatuko da.

4.– Ebazpen-proposamena lantzerakoan, balorazio-batzordeak, multzo bakoitzean dauden diru-baliabideak kontuan izanik, multzo jakin batean diru soberakina izan eta besteren batean diru-falta balego, diru-soberakinen birbanaketa egitea proposatuko du. Birbanaketa hori egiterakoan D multzoak izango du lehentasuna eta, multzo horren premiak bete ondoren, gainontzeko multzoenak beteko dira. Bigarren birbanaketa egiterakoan, multzoen beharrak izango dira gogoan. Horretarako, multzo bakoitzean eskatutakoaren eta esleitutakoaren arteko aldeak hartuko dira aintzakotzat, horiek estaltzeko beharrezkoak diren formulak erabiliz. Horrela jasoko da balorazio-batzordeak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egingo dion proposamenean, azken honek dagokion erabakia har dezan.

15. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Laguntza-eskabideei buruzko ebazpen-proposamena landu eta diruzko zenbatekoak finkatzeko orduan, zeregin horretarako berariaz eratutako balorazio-batzordeak honako irizpide eta balio hauek izango ditu kontuan:

1.1.– A multzoa (helburu nagusia eguneroko informazioa ematea duten euskara hutsezko idatzizko hedabideak. Egunerokotasunari edota tokikotasunari lotutako idatzizko hedabideak eguneroko prentsa inprimatua eta udalerri, eskualde edo lurralde jakinetan zabaltzen diren informazio orokorreko aldizkariak):

a) Finantzaketa-maila propioa: gehienez ere 15 puntu.

b) Irismen-maila: gehienez ere 70 puntu. Puntu horietatik aurreneko 60 puntuak banatzeko, kontuan hartuko da hedabideak bere eragin-eremuan duen irismen-maila. Gainontzeko 10 puntuak, berriz, hedadura mailaren arabera banatuko dira.

c) Teknologia berrien erabilera hedabidearen zabalkunderako (smartphonetara eta tabletetara egokitzea, webgunea responsive izatea eta APP bat garatua izatea): gehienez ere 5 puntu.

d) Berrikuntza edota hobekuntzetarako neurriak hartzea (batetik, hedabidearen irudia hobetzeko ahaleginak, langileen formazioa, hobekuntzarako egitasmoak,... eta bestetik, ikerkuntza proiektuetan murgilduta egotea): gehienez ere 5 puntu.

e) Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria izatea: gehienez ere 5 puntu.

1.2.– B multzoa (albisteak edo gai hautatuak egunerokotasunetik haragoko sakontasunez lantzen dituzten euskara hutsezko idatzizko hedabideak: euskararen esparru geografiko osoan zabaltzen diren informazio orokorreko aldizkariak zein aldizkari espezializatuak):

a) Finantzaketa-maila propioa: gehienez ere 15 puntu.

b) Irismen-maila eta landutako gaiak: gehienez ere 70 puntu. Puntu horietatik aurreneko 40 puntuak banatzeko, kontuan hartuko da hedabideak bere eragin-eremuan duen irismen-maila. Gainontzeko 30 puntuak, finkoak izango dira.

c) Teknologia berrien erabilera hedabidearen zabalkunderako (smartphonetara eta tabletetara egokitzea, webgunea responsive izatea eta APP bat garatua izatea): gehienez ere 5 puntu.

d) Berrikuntza edota hobekuntzetarako neurriak hartzea (batetik, hedabidearen irudia hobetzeko ahaleginak, langileen formazioa, hobekuntzarako egitasmoak, ... eta bestetik, ikerkuntza proiektuetan murgilduta egotea): gehienez ere 5 puntu.

e) Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria izatea: gehienez ere 5 puntu.

1.3.– C multzoa (emititu ahal izateko beharrezkoak diren gaikuntza tituluen jabe izanik, zati batean edo osorik euskaraz ari diren uhin bidezko irratiak):

a) Finantzaketa-maila propioa: gehienez ere 15puntu.

b) Emisio-orduak (Aginduaren 8. artikuluan finkatutako gutxieneko 25 ordutik gorako orduak): gehienez ere 10 puntu.

c) Programa-motak eta edukiak: gehienez ere 10 puntu.

d) Audientzia, eragin-eremua kontuan hartuz: gehienez ere 60 puntu.

e) Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria izatea: gehienez ere 5 puntu.

1.4.– D multzoa (emititu ahal izateko beharrezkoak diren gaikuntza tituluen jabe izanik, zati batean edo osorik euskaraz emititzen duten telebistak):

a) Finantzaketa-maila propioa: gehienez ere 15 puntu.

b) Emisio-orduak (Aginduaren 8. artikuluan finkatutako gutxieneko 10 ordutik gorako orduak): gehienez ere 10 puntu.

c) Programa-motak eta edukiak: gehienez ere 10 puntu.

d) Audientzia, eragin-eremua kontuan hartuz: gehienez ere 60 puntu.

e) Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria izatea: gehienez ere 5 puntu.

1.5.– E multzoa (Internet bidezko hedabideak):

a) Finantzaketa-maila propioa: gehienez ere 15 puntu.

b) Bisitari «bakarren» kopurua, erabiltzaile bakoitzeko bisitak eta batez besteko denbora, eragin-eremua kontuan hartuz: gehienez ere 50 puntu.

c) Informazio-kopurua eta informazioaren eguneraketa: gehienez ere 10 puntu.

d) Creative Commonsen erabilera maila: gehienez ere 5 puntu.

e) Berrien trataera (berrien originaltasuna): gehienez ere 10 puntu.

f) Sistema ezberdinen presentzia interakzioa indartzeko (Twitter, ...): gehienez ere 5 puntu.

g) Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria izatea: gehienez ere 5 puntu.

2.– Aurreko puntuan aipaturiko irizpide berezietako bakoitzari dagokion puntuazioaren zehaztapena multzo bakoitzerako berariaz prestatutako ponderazio-taula batean jasoko da. Balorazio-batzordeak horrela proposatuta, multzo bakoitzak bere puntuazio tarteak eta estalpen indizeak izango ditu. Taula hori balorazio-batzordeak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egin beharreko ebazpen-proposamenari erantsiko zaio.

16. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, berariazko balorazio-batzorde bat osatuko da.

2.– Balorazio-batzordea honako pertsona hauek osatuko dute:

a) Jokin Azkue Arrastoa, Euskara Sustatzeko zuzendaria, batzordearen buru izango dena.

b) Ana Esther Furundarena Olabarriaga, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren aholkularia, batzordearen buruordea. Ordezkoa, Jorge Giménez Bech, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria.

c) Jose Manuel Bujanda Arizmendi, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kabinetearen zuzendaria. Ordezkoa, Mireia Elkoroiribe Zenikaonandia, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko aholkularia.

d) Edurne Basoa Gonzalez, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako Sustapen Zerbitzuaren arduraduna. Ordezkoa, Araceli Díaz de Lezana, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako Estandarizazio Zerbitzuaren arduraduna.

e) Jose Miguel Odriozola Mujika, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikaria. Ordezkoa, Pablo Mendizabal Arnaez, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikaria. Idazkari-lanak egingo ditu eta hitza izango du, baina ez botorik.

3.– Balorazio-batzordea eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabiltzeko aukera izango dute, legez ezarritako egoera eta baldintzetan.

4.– Aurkeztutako hedabideak baloratzeko, balorazio-batzordeak iritzia eskatu ahal izango die adituei.

5.– Balorazio-batzordeak, deialdi honetan finkatutako irizpideak eta mugak kontuan izanik, ebazpen-proposamena landuko du eta Hizkuntza Politikarako sailburuordeari aurkeztuko dio, honek, zuzen eta bidezko joz gero, behin betiko ebazpena eman dezan. Aipaturiko proposamenak, honako atal hauek izango ditu gutxienez:

a) Deialdian finkaturiko baldintzak bete ez izanagatik baztertuak izan daitezkeen eskabideen zerrenda eta horietako bakoitza baztertzeko izandako zioa.

b) Diruz lagundutako hedabideen zerrenda; onartutako gastu-aurrekontua, baldin eta adierazitako gastu-aurrekontua aldatu bada; lortutako puntuak osotara eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

17. artikulua.– Ebazpena.

1.– Balorazio-batzordearen proposamena ikusita, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak esleitzeko ebazpena emango du. Ebazpen hori, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik sei hilabeteko epean, interesdunei jakinaraziko die.

2.– Aurrekoari kalterik egin gabe, diruz lagundutako egitasmoen berri Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da herritar orok jakin dezan.

3.– Epea amaitu eta interesdunak inolako jakinarazpenik jaso ez badu, eskabidea gaitzetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.– Laguntza-eskatzaileren bat hartutako ebazpenarekin ados ez bada eta gora jo nahi badu, ebazpena berariaz jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabeteko epean Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari gorako errekurtsoa aurkezteko aukera izango du.

18. artikulua.– Diru-laguntzaren onarpena.

1.– Diru-laguntzaren onuradunak esleitutako diru-laguntza onartu egin behar du. Ondorioz, diru-laguntza esleitu zaiola adieraziz Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak bidalitako jakinarazpena jaso eta 10 egun balioduneko epean, diru-laguntza onartu egin duela adieraziko dio idatziz aipatu Zuzendaritzari.

2.– Diru-laguntzaren onuradunak onarpen-agiria epe horretan aurkezten ez badu, laguntzari uko egiten diola ulertuko da.

19. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean finkaturiko betebeharrez gain, honako betebehar hauek ere izango dituzte:

a) Diru-laguntza eskabide-orrian zehaztutako helburu zehatzerako erabili beharko dute.

b) Eskabide-orrian aurreikusitako egitasmoa bere osotasunean gauzatu beharko dute.

c) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetze aldera eskatutako informazio guztia eman beharko dute.

d) Hizkuntzaren kalitatea bermatzea guztiz garrantzizkotzat jotzen denez gero, Euskaltzaindiak emandako arau eta gomendioak aintzakotzat hartu eta beteko dituzte. Hori betetzeko eta euskararen zuzentasuna eta egokitasuna bermatzeko, hizkuntza-ezagutza ziurtatuta daukan pertsona bat izendatuko dute.

e) Indarrean dauden lege eskakizunak bete beharko dituzte jabego intelektualari, egile-eskubideei, lege-gordailuari, banaketari eta abarri dagokienez.

f) Laguntzagai diren egitasmoek giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetasun-balioak errespetatu beharko dituzte. Ondorioz, egitasmo horiek ezin izango dute jaso herritarrei iraingarri gerta dakiekeen ikur edo elementurik, ezta beren duintasunari kalte egiten dion edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duen ikur edo elementurik ere.

g) Adierazpen- eta informazio-askatasunari begirunea erakustea. Horretarako, nork bere deontologia arauak beteko ditu eta, aldi berean, politika-aniztasuna eta politika-, gizarte- eta kultura-taldeei zor zaien aukera-berdintasuna bermatuko duen informazio egiazkoa eta objektiboa sustatuko du.

h) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, hizkera sexistarik ez erabiltzea eta, gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez egitea.

i) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak emandako babesaren berri adieraztea, betiere 25. artikuluan esandakoaren arabera.

j) Diru-laguntzak emateko eta horien ordainketak bideratzeko, beharrezkoa izango da esleipendunek zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak kitatuta dauzkatela ziurtatzea.

20. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

Agindu honetan oinarrituz emandako diru-laguntzen ordainketak, gehienez ere, 3 zatitan egingo dira:

a) Lehenengo ordainketan diru-laguntza osoaren % 65 ordainduko da, onarpena jasotzen den egunean hasi eta 2 hilabeteko epean.

b) Bigarren ordainketan diru-laguntza osoaren % 25 ordainduko da, diru-laguntzaren xedea bete dela egiaztatu ondoren. Bigarren ordainketa hori 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera bideratuko da, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzara honako hauek igorri ostean:

● A eta B multzoetako hedabideen kasuan, argitaratutako zenbaki guztien ale bana (paperean edo euskarri elektronikoan).

● C eta D multzoetako hedabideen kasuan, berriz, programazioaren lagin zehatz bat.

● E multzoko hedabideen kasuan, urtean zehar argitaratutako albisteen zerrenda, argitaratze-dataren arabera antolatua.

Euskarri elektronikoan jasotako testuak, idatzizkoak zein ahozkoak, hizkuntza-ikerketen euskarri izango diren corpusak elikatzeko erabili ahal izango ditu Eusko Jaurlaritzak. Nolanahi ere, urte amaierako justifikazioaren zain egon beharrean argitaratu edo emititu ahala bidali nahi izanez gero, jokamolde horri ekin ahal izango zaio. Bide hori aukeratuz gero, onuradunak Euskara Sustatzeko Zuzendaritzarekin finkatuko du prozedura.

c) Gainerako kopurua, % 10, diru-laguntza justifikatzeko agiri guztiak jaso eta ontzat eman ondoren, hilabeteko epean. Nolanahi ere, bigarren eta hirugarren ordainketak ordainketa bakarrean egiteko aukera izango da diru-laguntzaren justifikazioa bere osotasunean aurkeztu eta ontzat eman ondoren.

Azken bi ordainketa horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016ko Aurrekontu Orokorren pentzutan egingo dira.

21. artikulua.– Ebazpenaren aldaketa.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada, diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen dela, diru-laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Hori dela eta, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak bidezko likidazio-ebazpena emango du, eta, ebazpen horretan, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berregokituko da.

22. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzultzeko ebazpena.

1.– Betebeharrak bete gabetzat joko dira honako kasu hauetan:

a) Jasotako diru-laguntza, osorik zein zatika, Agindu honetan zehaztutakoez beste jardueretarako erabiltzen bada.

b) Agindu honen 19. artikuluan zehaztutako betebeharrak betetzen ez badira.

c) Hala badagokio, likidazio-ebazpenak zehaztutako kopurua itzultzen ez bada horretarako emandako epean.

d) Beste xedapen batean, oro har, nahitaezkotzat jotzen diren gainerako egitekoak betetzen ez badira.

2.– Agindu honen pentzutan emandako diru-laguntzaren onuradunak eman eta eskuratutako zenbatekoa eta legez aplikagarriak izan daitezkeen interesak itzuli egin beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari honako kasu hauetan: aurreko pasarteetan jasotakoak gertatuz gero edo, oro har, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak betetzen ez badira. Aurreko hori Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan esandakoaren arabera egingo da.

3.– Eskabide-orrian aurreikusitako egitasmoa bere osotasunean gauzatzen ez baldin bada, diru-laguntza itzultzeko prozedurak abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 5.1. artikuluak ezarritakoari jarraituko dio eta interesdunak 15 egun balioduneko epea izango du alegazioak egiteko.

23. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

1.– Esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa edozein delarik ere, diru-laguntzaren onuradun orok diruz lagundutako egitasmoaren gauzatzea justifikatu behar du, ezinbestean, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzaren aurrean. Justifikazioari ekiteko, diru-laguntza esleitzeko orduan erabilitako gastu-aurrekontu onartua erabiliko da.

2.– Justifikazioa aurkezteko azken eguna 2016ko uztailaren 30a izango da.

3.– Izapidetze presentziala aukeratuz gero, diru-laguntzaren justifikazioa Agindu honen 11. artikuluan aipatutako lekuetan aurkez daiteke.

4.– Era berean, justifikazioak bide elektronikoak erabiliz aurkezteko aukera izango da, euskadi.net-eko gune elektroniko honetan: https://www.euskadi.net/nirekudeaketak

24. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Diru-laguntzaren justifikazioa justifikazio-kontu erraztuaren arabera egingo da, antolamendu juridikoak horretarako aukera ematen duenean, hau da, diru-laguntzaren zenbatekoak 60.000 euro gainditzen ez duenean. Justifikazio-kontu erraztuak, erantzukizunpeko aitorpenaren izaera izango duenak, honako hauek jaso beharko ditu:

a) Diruz lagundutako egitasmoari eta lortutako emaitzei buruzko txostena.

b) Diruz lagundutako hedabideari dagokion aurrekontu likidatua.

c) Beste diru-laguntzarik izan ez bada, horixe adierazten duen erantzukizunpeko aitorpena.

d) Diruz lagundutako hedabideari dagozkion gastuen zerrenda sailkatua.

e) Diruz lagundutako hedabideari dagozkion diru-sarreren zerrenda sailkatua.

f) Agindu honetako 19. eta 25. artikuluek ezarritako betebeharrak betetzeari buruzko aitorpena.

Diru-laguntza ematen duen organoak behar adina frogagiri egiaztatuko du, diru-laguntza behar bezala erabili dela zentzuz agerian uzteko beharrezkoak diren guztiak, unitate moneta laginketa teknikak erabiliz. Horretarako berak hautatutako gastuen frogagarri diren faktura edo agirien kopia konpultsatuak eta, behar denean, ordainketaren egiaztagiriak bidaltzea eskatuko zaio onuradunari. Horien ordez, onuraduna den pertsona fisiko edo juridiko pribatuaren Kontabilitateko Egunkaria aurkezteko aukera izango da.

2.– Jasotako diru-laguntzaren zenbatekoak 60.000 euro gainditzen duenean, justifikazioak honako informazio hau jasoko du:

a) Diruz lagundutako egitasmoari eta lortutako emaitzei buruzko txostena.

b) Diruz lagundutako hedabideari dagokion aurrekontu likidatua.

c) Beste diru-laguntzarik izan ez bada, horixe adierazten duen erantzukizunpeko aitorpena.

d) Diruz lagundutako hedabideari dagozkion gastuen zerrenda sailkatua.

e) Diruz lagundutako hedabideari dagozkion diru-sarreren zerrenda sailkatua.

f) Agindu honetako 19. eta 25. artikuluek ezarritako betebeharrak betetzeari buruzko erantzukizunpeko aitorpena.

g) Aurrerago aipaturiko zerrendako gastuen frogagarri diren faktura edo agirien kopia konpultsatuak eta, behar denean, ordainketaren egiaztagiriak. Horien ordez, onuraduna den pertsona fisiko edo juridiko pribatuaren Kontabilitateko Egunkaria aurkezteko aukera izango da.

3.– Agindu honen 20. artikuluan aipatzen den diru-laguntzaren bigarren ordainketa egiteko, hala badagokio, diru-laguntzaren onuradunak, indarrean dauden xedapenei jarraituz, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak kitatuta izan behar ditu. Horien egiaztapena 7.1. artikuluan finkatutakoari jarraituz egingo da.

4.– Artikulu honen 1. eta 2. ataletan jasotakoaz gain, honako hauek ere osatuko dute diru-laguntzaren justifikazioa:

a) Diru-laguntzaren onuraduna enpresa, fundazioa edo onura publikoko elkartea bada, eta deialdi honetan aurkeztutako egitasmoa edota egitasmoak onuradunaren % 50etik gorako jarduera osatzen badute, 2015eko urteko kontuak. Halaber, aipatu onuradunari legez auditoria egitea badagokio, hori ere aurkeztuko du. Edonola ere, onuradunak aurkeztutako egitasmoa edo egitasmoen gastu-aurrekontuak 500.000 euro gainditzen duenean, onuradunaren 2015eko urteari dagokion auditoriak egindako gastu-sarreren kontuaren azterketa mugatuaren txosten berezia.

b) Diru-laguntzaren onuraduna elkartea bada eta diru-laguntza deialdi honetan aurkeztutako egitasmoa edota egitasmoak elkartearen % 50etik gorako jarduera osatzen badute 2015eko elkartearen finantza-egoeraren, emaitzaren eta ondarearen irudi leiala lortzeko aukera ematen duen kontabilitatea. Aipatu elkarteari legez auditoria egitea badagokio, hori ere aurkeztuko du. Edonola ere, onuradunak aurkeztutako egitasmoa edo egitasmoen gastu-aurrekontuak 500.000 euro gainditzen duenean, onuradunaren 2015eko urteari dagokion auditoriak egindako gastu-sarreren kontuaren azterketa mugatuaren txosten berezia.

5.– Diru-laguntzaren erabilera zuzena egin dela ziurtatzeko, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak egokitzat jotzen duen beste informazio osagarria eskatzeko aukera izango du.

6.– Justifikaziorako aurkeztutako dokumentazio guztia aztertzeko eta ontzat emateko jarraipen-batzordea eratuko da. Azterketa horren ondorioz bideratu beharreko ordainketak edota likidazio-ebazpenaren inguruko proposamenak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egingo dizkio. Honako hauek osatuko dute jarraipen-batzordea:

● Euskara Sustatzeko zuzendaria, batzordearen buru izango dena.

● Sustapen Zerbitzuaren arduraduna.

● Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikaria. Azken honek idazkari-lanak egingo ditu eta hitza izango du, baina ez botorik.

7.– Anomalia edo irregulartasunen bat ikusiz gero, Agindu honetako 21. eta 22. artikuluetan finkatutakoari ekingo zaio automatikoki.

25. artikulua.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren aipamena.

1.– Agindu honen 19. artikuluan finkatutako betebeharraren arabera, laguntza-mota honetara jotzen duen hedabide orok Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak emandako babesaren berri adierazi beharko du. Hori dela eta,

1.1.– A, B eta E multzoen kasuan:

a) Diruz lagundutako hedabide orok honako elementu hauez osatutako publizitate-oharra jaso beharko dute ezinbestean: Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua eta «Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua» esaldia.

b) Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua, esleitutako diru-laguntza onartzen den egunetik aurrera txertatuko da eta 12 hilabetez agerian egongo da.

c) Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua agerkariaren kreditu-ezaugarriak (argitaratzailea, zuzendaritza, erredakzioa, tirada, etab.) adierazten diren toki berean jarriko da eta, hori guztiz ezinezkoa bada, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin adostuko du onuradunak garrantzi eta ikusgarritasun bera duen tokirik egokiena.

d) Oro har, publizitate-ohar horrek, gutxienik ere, 45 cm2-ko azalera izango du: (9 x 5 cm- edo antzerakoa).

1.2.– C multzoaren kasuan:

a) Diruz lagundutako irrati orok honako publizitate-oharra jaso beharko du ezinbestean: «Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua» esaldia. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak onuradunen eskura jarriko du publizitate-ohar hori.

b) Publizitate-ohar hori, gutxienez 4 aldiz txertatuko da egunean zehar: 2 aldiz entzule gehien dauden orduetan (06:00-10:00), hirugarrena arratsaldean zehar eta laugarrena, gauean.

c) Publizitate-ohar hori esleitutako diru-laguntza onartzen den egunetik aurrera txertatuko da eta 12 hilabetez agerian egongo da.

1.3.– D multzoaren kasuan:

a) Diruz lagundutako telebista orok honako elementu hauez osatutako publizitate-oharra jaso beharko dute ezinbestean: Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua eta «Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua» esaldia. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak onuradunen eskura jarriko du publizitate-ohar hori.

b) Publizitate-ohar hori, gutxienez 4 aldiz txertatuko da egunean zehar: 2 aldiz ikus-entzule gehien dauden orduetan (21:00-24:00), hirugarrena goizean zehar eta laugarrena, eguerdian.

c) Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua esleitutako diru-laguntza onartzen den egunetik aurrera txertatuko da eta12 hilabetez agerian egongo da.

2.– Aurreko puntuan aipaturiko zehaztasun horiek artez eta moldez betetze aldera, onuradunak beharrezko argibideak eman eta eskatuko dizkio Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Deialdi honetako 6. artikuluan jaso den guztirako zenbatekoa aldatu egin ahal izango da, eskatutako diru-laguntzen guztirako zenbatekoa kontuan harturik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailean beste programa batzuk bideratu ondoren aurrekontuak agortu gabe geratu badira. Adierazitako aldaketa diru-laguntzak ebatzi baino lehen egin behar da. Aipatutakoaren berri eman beharko da Hizkuntza Politikarako sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

Guztirako zenbatekoa aldatuz gero, Agindu honen 6.2. artikuluan aipatutako C, D eta E multzoei dagozkien diru-kopuruei erantsiko litzaieke, horrela: C multzoari % 5, D multzoari % 25 eta E multzoari % 70.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeak xedatutakoari jarraituz, deialdi honen izapidetzean jasotako datu pertsonalak, Kultura Sailaren «Euskara sustatzeko laguntzak eta diru-laguntzak» izeneko fitxategian sartuko dira. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Euskara Sustatzeko Zuzendaritza da fitxategi horren titularra, eta 2006ko uztailaren 27ko Aginduan araututa dago. Fitxategiak laguntza emateko espedienteak kudeatzea du helburu. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak ezarri dira. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.

Datu pertsonalen babesari buruz dauden arauei jarraiki, eskatzaileak badu sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideez baliatzeko aukera, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak berariaz aitortzen duen bezala. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzara jo dezake (Donostia kalea, 1, 01010, Gasteiz).

Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek beren onespena ematen dute Administrazio Publikoak erkatu ahal izateko adierazitako datuak eta berariazko egiaztapenak egiteko diru-laguntzak behar bezala esleitzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango du Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan bi hilabeteko epean, honako Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan bildutako ondorioetarako, Agindu honetako laguntzen ebazpena emateko Euskal Autonomia Erkidegoko 2015eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahikoa izan behar da.

AZKEN XEDAPENETIK HIRUGARRENA

Agindu honetako euskarazko eta gaztelaniazko testuen artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, hura hartuko da aintzat.

AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean izango du eragina Agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko abenduaren 26a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala