Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

248. zk., 2014ko abenduaren 30a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
5517

AGINDUA, 2014ko abenduaren 17koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena; honen bitartez onartzen dira erakunde publikoek esku-hartze sozialaren esparruan teknikariak eta/edo administrariak kontratatzeko eta jarduerak garatzeko diru-laguntzak emateko oinarriak, eta laguntza horietarako deialdia egiten da 2015. urterako.

Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, kendu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren eskumeneko arlotzat jotzen ditu gizarte-zerbitzuak.

Abenduaren 5eko 12/2008 Legeak, Gizarte Zerbitzuei buruzkoak, gizarte-zerbitzuetan egiten den jarduerari esaten dio esku-hartze sozial. Lege horrek berak adierazten duenez, esku-hartze soziala autonomia pertsonala sustatzera eta babestera eta pertsona, familia eta talde guztien gizarteratzera bideratuta dago, sustapen-, prebentzio-, babes- eta laguntza-eginkizunak garatuta, batez ere pertsonalak eta harremanezkoak diren prestazio eta zerbitzuen bidez.

Esku-hartze soziala sektore-esparru handietako bat da ongizatearen aldeko ekintzaren barruan, hezkuntza-alorreko esku-hartzeari, osasun-alorreko esku-hartzeari, enpleguari buruzko esku-hartzeari, etxebizitzarekin lotutako esku-hartzeari eta beste alor batzuetako esku-hartzeari dagozkien ekintzekin batera. Izaera mistoa, koordinatua edo integratua duten esku-hartzeak (hala nola gizarte- eta hezkuntza-alorrekoak, gizarte- eta osasun-alorrekoak, gizarte- eta lan-alorrekoak edo gizarte- eta etxebizitza-alorrekoak) esku-hartze sozialaren modutzat har daitezke.

Gizarte-zerbitzuak esku-hartze soziala egiteko esparru pribilegiatua dira. Hala ere, esku-hartze soziala gizarte-zerbitzuetatik harago ere joan daiteke, batez ere zeharkako esparru edo gai jakin batzuetara proiektatzen bada; esate baterako, etorkinen gizarteratzera eta, oro har, kulturen arteko elkarbizitzara.

Hain zuzen ere, aipatu berri dugun zeharkako politika horri dagokionez, oso handia izan da Eusko Jaurlaritzak beste erakunde publiko batzuei zuzendutako diru-laguntzen inguruko jarduna, langileak kontratatzeko laguntzen kasuan batik bat, udal-esparruan jarduerak garatzeko eta etorkinen gizarteratzearen eta integrazioaren zeharkako ikuspegiak bereziki kontuan hartuko dituen esku-hartze soziala gauzatzeko. Diru-laguntzen ekintza hori egoera jakin batzuetan justifikatu da bereziki; zehatz-mehatz esanda, Eusko Jaurlaritzak bere eskumenak gauzatzean sustatutako plan eta ekimenen eragina plan eta ekimen horiek egikaritzeko lanean inplikatutako erakunde publikoek xurgatzea eta beren gain hartzea zaila denean.

Bestalde, agindu honen bitartez, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak jarraipena eman nahi dio azken urteotan etorkinen gizarteratze-politiken esparruan garatutako diru-laguntzen politikari.

Horrez gain, 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera Lanbidek Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren kudeaketa bere gain hartzeak aldaketa handia ekarri die toki-erakundeek gauzatu beharreko eginkizunei, eta horrek aukera ematen die erakunde horiei gizarteratze-politikak are gehiago sustatzeko, bai eta gizartean baztertuta geratzeko arriskuan daudenen enplegu-aukerak areagotzeko jarduerak gehiago garatzeko ere. Lanbidek Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta kudeatu dezan, beharrezkoa da oinarrizko gizarte-zerbitzuekin koordinatuta eta modu osagarrian lan egitea, gizartean baztertuta edo baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonekin modu integralean lan egin ahal izateko. Horrela, testuinguru berri horrek aukera emango du Gizarte Zerbitzuei buruzko Legeak proposatutako ikuspegi komunitarioan eta printzipioetan aurrera egiteko.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legea onartzeak funtsezko aurrerabidea ekarri die Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen unibertsalizazio-prozesuari eta esku-hartze sozialaren eremuaren ordenazio-prozesuari. Horrez gain, kudeaketa- eta koordinazio-tresnen multzo bat ezartzen lagundu du, eskumeneko hiru administrazio-mailen arteko antolaketa bermatzeko gai dena. Esparru horretan, arkitektura oso bat egituratu daiteke, gaur egungo eta etorkizuneko erronkei modu koherentean eta eraginkorrean erantzutera bideratutako prestazioen eta zerbitzuen sare artikulatu baten ezarpenari, ordenazioari, garapenari eta finkapenari eutsiko diona.

Era berean, besteak beste gizarteratzeari, immigrazioari eta kulturen arteko bizikidetzari lotutako zeharkako politikei dagozkien legediak eta planek bi joera nagusi erakusten dituzte: batetik, egitura publikoko erakunde bakoitzaren erantzukizunak gero eta argitasun handiagoz identifikatzekoa; eta bestetik, elkarlanean berdintasunez aritzekoa, gero eta hein handiagoan. Baina horrek ez du esan nahi egoera jakin batzuetan, eta baldintza jakin batzuekin, erakundeen arteko lankidetza horrek ezin duenik ekarri erakundeen artean funtsak transferitzea.

Bestalde, abenduaren 27ko 27/2013 Legeak, toki-administrazioaren arrazionalizazio eta iraunkortasunari buruzkoak, zehatz-mehatz definitzen du zer eskumen dituen toki-administrazioak, eta argi bereizten ditu estatuak eta autonomia-erkidegoek dituzten eskumenetatik. Alde horretatik, toki-erakundeek ez dituzte beren gain hartuko legez esleitzen ez zaizkien eskumenak, baldin eta haietarako finantzazio egokirik ez badute. Gainera, eskumenak banatzeko modu horrekin, orain arte toki-erakundeen esku zeuden gizarte-zerbitzuen arloko eskumen batzuk kendu egiten zaizkie erakunde horiei; izan ere, legea indarrean sartzen denetik, eskumen horiek erakunde autonomikoek egikaritu ditzaten nahi da.

Alde horretatik, aipatutako Legearen 25. eta 26. artikuluetan jasota dagoenez, 20.000 biztanle baino gehiagoko udalerriek eskumen propio bezala beteko dituzte, betiere Estatuko eta autonomia-erkidegoetako legedian ezarritako moduan, gizarte-premiako egoeren ebaluazioa eta informazioa, bai eta gizarte-bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonen berehalako arreta ere.

Diru-laguntzen agindu hau bat dator azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak –Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak– eta hura garatzeko arauek emandako araudi-esparruarekin.

Hauek dira agindu honetan aurreikusitako bi laguntza-lerroak:

a) Gizarteratzearen arloko teknikariak eta/edo administrariak kontratatzeko laguntzak.

b) Immigrazio-teknikariak kontratatzen jarraitzeko eta immigrazioaren eta kulturen arteko elkarbizitzaren arloko jarduerak egiteko laguntzak.

Lehen lerroari dagokionez, Gizarte Zerbitzuetako Zuzendaritza da haren kudeaketa-organoa. Urtean behin egiten da deialdia, eta teknikariak eta/edo administrariak kontratatzen laguntzea du xede. Horrela, tokiko esparrutik, gero eta esku-hartze sozial eraginkorragoa sustatuko da gizarteratzearen, ongizatearen eta parte-hartze sozialaren alorreko prozesuetan. Prozesu horiek, gehienetan, gizarteratze aktiborako prestakuntza-baliabideetara sarbidea erraztera bideratuta egoten dira. Esku-hartze sozial hori, toki-erakundeek kontratatutako langileek ez ezik, erakunde pribatuek ere egin dezakete. Beraz, lehen lerro honetan, erakunde horietako kontratazioak finantzatzeko laguntzak ere eman daitezke.

Bigarren lerroari dagokionez, Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritza da haren kudeaketa-organoa. Bere xedea da immigrazio-teknikarien jarraipena finantzatzea, bai eta EAEko erakunde-egituran immigrazioaren errealitateari arreta handiagoa eta hobea ematen lagunduko duten jarduerak eta, oro har, kulturen arteko bizikidetzaren aldeko esku-hartze sozialeko jarduerak ere.

Horren guztiaren ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN ERKIDEAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da Eusko Jaurlaritzak Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren bitartez erakunde publikoei ematen dizkien diru-laguntzak arautzea eta 2015. urterako deialdia egitea. Politika komunitarioak garatzeko teknikariak eta/edo administrariak kontratatzeko, immigrazio-teknikariak kontratatzen jarraitzeko, eta immigrazioaren eta kulturen arteko bizikidetzaren arlo espezifikoan jarduerak egiteko erabili ahal izango dituzte diru-laguntza horiek.

2.– Diru-laguntzen onuradunak hauek izango dira, 12. eta 17. artikuluetan ezarritako baldintzetan: Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriak, mankomunitateak, kuadrillak, partzuergoak, agentziak eta udalaz gaindiko bestelako tokiko erakundeak edota udalerrien elkarteak, betiere udalen eta foru-aldundien premiei erantzutea badute helburu.

3.– Kontratatutako langileen jarduna betearazteko edo jarduerak garatzeko epea 2015eko ekitaldia da.

2. artikulua.– Erreferentziazko irizpideak.

1.– Aurreikusitako laguntzen xede diren langileek eta jarduerek indarreko legediarekin bat etorri beharko dute, bai eta agindu honetan jasotako sektore-esparruekin (gizarte-zerbitzuak) eta zeharkako esparruekin (immigrazioa eta kultura arteko bizikidetza) lotutako esku hartzeko planetan kokatuta egon ere, erreferentzia nagusia Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legea dela kontuan hartuta.

2.– Horrela, erreferentziazko irizpide hauetan oinarritutako eskabideei eman ahal izango zaizkie diru-laguntzak:

a) Prebentzioa: arretarako premia agertzea, luzatzea edo areagotzea saihesten duen esku-hartzearekiko lehentasuna izatea, printzipioz.

b) Ikuspegi komunitarioa: lehentasuna izatea, betiere hurbiltasunari begira, familia- eta komunitate-sareetan oinarritzen den eta haiek babesten dituen esku-hartzearekiko.

c) Pertsonalizazioa: arreta ahalik eta gehien egokitzeko modu malgua bilatzea, arreta hori jasotzen duen gizabanako bakoitzaren premia, eskaera eta itxaropenetara moldatu dadin.

d) Sinergia: doikuntza handiena, jarraitutasun handiena, arintasun handiena eta efektu biderkatzailea bilatzea pertsonak jasotzen dituen prestazio eta zerbitzuen artean eta horiek ematen dituzten sistema eta sareen artean.

e) Pertsonen eta taldeen autonomia, parte-hartzea eta ahalduntzea sustatzea: lan egitea, pertsonek gaitasun onenak gara ditzaten eta erabaki dezaten, ahalik eta gehien, haiengan eragina duen guztiari buruz.

f) Normalizazioa: kulturalki arauzkoak edo sozialki balioetsiak diren inguruneak, jarduerak, baliabideak eta aukerak eskaintzea jendeari, eta, aldi berean, giza aniztasuna onartzea, errespetatzea eta indartzea.

g) Gizarteratzea: babes, ingurune, jarduera, zerbitzu eta baliabide eskuragarriagoak eta ez hain murriztaileak eskaintzea; hau da, komunitatearekiko harreman handiena dakartenak. Hain zuzen, komunitatean ere esku hartu beharko da, informatzeko, sentsibilizatzeko, eta diskriminazioaren aurka borroka egiteko.

h) Kudeaketaren etengabeko hobekuntza, plangintza estrategikoko, komunikazio integratzaileko, jakintzaren eraikuntzako, enpleguaren kalitatearen hobekuntzako eta inpaktuaren ebaluazioko tresnak sartuz, eraginkortasunik ezak eta bikoiztasunak saiheste aldera.

i) Generoaren ikuspegia ebaluazioaren alderdi formaletan eta edukian sartzea, eta hizkuntzaren erabilera sexistarik ez egitea. Egiten diren programek gizonen eta emakumeen behar espezifikoak izan beharko dituzte kontuan, eta generoaren ikuspegia jaso beharko dute planifikazioan, diseinuan, burutzapenean eta ebaluazioan.

3. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Diru-laguntzen onuradun diren erakundeen betebeharra izango da Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak emandako laguntza ekonomikoarekin batera beren gain hartutako kontratazioari eta ordainsariari dagozkien langileen gaitasun eta prestakuntza teknikoa eta profesionala zehaztea eta egiaztatzea.

2.– Orobat, aipatutako erakundeen erantzukizuna da agindu honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoek finantzatzen lagundutako jarduerak indarreko araudiarekin bat datozela eta erreferentziazko arau eta planetan kokatuta daudela zaintzea, jarduera horiek Administrazio publikoek zuzenean kontratatutako langileek gauzatzen dituztenean nahiz horretarako kontratatutako erakunde pribatuek gauzatzen dituztenean.

3.– Edonola ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak alde batera utzi gabe, laguntzen onuradunak izango diren erakundeek agindu honen 7. artikuluan aurreikusitako dokumentazio justifikatzailea bidali beharko dute Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailera, eta horretaz gain, diruz lagundutako jardueren xedea edo izaera nabarmen aldatuko dituen edozein jazoera jakinarazi beharko dute, horien jarraipenean eta geroagoko ebaluazioan Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailarekin lankidetzan aritzeaz gain.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Agindu honen bitartez araututako kontratazio eta jardueren 2015eko finantzaketa –3.696.390 euro, guztira– diru-laguntzen bi lerroetarako aurreikusitako aurrekontu-partidak batzearen emaitza da, Agindu honen 13. eta 18. artikuluetan aurreikusitako baldintzetan.

5. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

2.– Eskaerak eskabide normalizatu bidez egingo dira. Eskabide hori I. eranskin gisa erantsi zaio agindu honi, eta www.euskadi.net webgunean dago eskuragarri (tramiteak/diru-laguntzak). Eskabide horren atal guztiak behar bezala bete beharko dira, eta erakunde eskatzailea legez ordezkatzen duen pertsonak sinatu beharko du; horretaz gain, aipatutako eranskinaren kopia bat aurkeztu beharko da euskarri informatikoan (ahal bada, CDan).

3.– Eskatzaile bakoitzak eskaera bakarra aurkeztu beharko du agindu honetan jasotako diru-laguntzen azpilerro bakoitzeko; hau da, guztira hiru eskaera aurkeztu ahal izango ditu, gehienez. Gainera, diru-laguntzaren xede diren jarduerak multzokatu beharko ditu. Jarduera bera diru-laguntzen xede diren lerroetako bakar batean sartu ahal izango da soilik.

4.– Eskabide-orria dagokion diru-laguntzen lerroaren zuzendaritza kudeatzaileari zuzenduko zaio, lerro horretan aurreikusten den dokumentazioarekin batera, eta Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko dagokion zuzendaritzara (Donostia kalea, 1- 01010 Gasteiz) igorri beharko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako moduan.

5.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko da.

6.– Diru-laguntzarako eskabide-orriarekin batera (I. eranskina), beste hauek ere aurkeztu beharko dira: batetik, diru-laguntzen azpilerro bakoitzerako eskatzen den dokumentazioa (I.A eta I.B eranskinak); eta, bestetik, laguntzari eman nahi zaion helburuaren (langileen kontratazioa edo jarduerak gauzatzea) identifikazio- eta garapen-memoria. Horretarako, eskabide normalizatua bidali beharko da, behar bezala beteta. Eskabide normalizatu hori agindu honi II. eranskin gisa erantsita dago, eta www.euskadi.net webgunean ere eskuragarri dago (tramiteak/diru-laguntzak). Paperean aurkezteaz gain, eranskin horren kopia bat aurkeztu beharko da euskarri informatikoan (ahal bada, CDan).

7.– Aurkeztutako eskabideak eta haren dokumentazioak eskatutako eskakizunak betetzen ez badituzte, erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio eta hamar egun balioduneko epea emango zaio dokumentazioa berriz aurkezteko; hori egin ezean, eskaeran atzera egiten duela ulertuko da, Ebazpena eman eta gero. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42. artikuluetan ezarritakoaren arabera eman beharko da ebazpen hori.

6. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa eta ordainketa.

1.– Jardueren finantzaketari dagokionez, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eskaera bakoitzean aurkeztutako jardueren guztizko aurrekontuaren % 75era bitarte finantzatu ahal izango du.

2.– Jarduerak garatzeko zein langileak kontratatzeko emandako laguntzak zatika ordainduko dira: % 70 diru-laguntza onartu ondoren ordainduko da, eta gainerako % 30a, berriz, diruz lagundutako jarduera justifikatzeko agiriak aurkeztutakoan, 2016ko martxoaren 1ean beranduenez.

7. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

1.– Erakunde onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, diruz lagundutako jarduera amaitu eta bi hilabeteko epean:

a) Diruz lagundutako kontratazioaren eta/edo jardueraren deskribapen- eta ebaluazio-memoria, eredu normalizatuaren arabera eta hura behar bezala beteta. Eredu hori agindu honi erantsi zaio III. eranskin gisa, eta www.euskadi.net webgunean ere eskuragarri dago (tramiteak/diru-laguntzak).

Memoria horretan, behar bezala izenpetutako eta zigilatutako justifikazio-kontu bat sartu beharko da; hau da, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak emandako zenbatekoaren gastua egiaztatzen duten dokumentu guztiak biltzen dituen erantzukizun-aitorpena. Aitorpen horretan, dokumentuaren nondik norakoa, identifikazioa, kontzeptua, igorlea, data, zenbatekoa eta, hala badagokio, jarduerari egozten zaion ehunekoa eta zenbatekoa adierazi beharko dira.

b) Erakunde onuradunaren organo eskudunaren ziurtagiria, 2015ean diruz lagundutako jarduerarako edota kontrataziorako bestelako finantzaketa-iturririk izan ote duen egiaztatzen duena.

c) Jardueraren inguruko dokumentazio publikoa, hala nola prentsako ebakinak edo diruz lagundutako jardueraren garapenean sortutako materialetako bakoitzaren aleak, sortutako hizkuntza desberdinetan eta euskarri fisiko zein magnetikoan.

2.– Emandako laguntzaren kontura egindako gastuen justifikazioa egiteko, ondoko dokumentuak onartuko dira:

1) Teknikariak edo administrariak kontratatzearen ondoriozko gastuak justifikatzeko:

a) Erakunde onuradunaren gastua kontrolatzeko organo eskudunak emandako ziurtagiria, kontratatutako pertsonen identifikazio-datuez eta datu akademikoez gain, kontratatutako denbora eta kontrataziotik eratorritako diru-kostu osoa jasotzen dituena.

b) Ordainsarien ordainagiriak, eredu ofizialera eta Gizarte Segurantzaren kotizazio-buletin ofizialetara egokituak.

c) Zerbitzua kontratatuta duten erakundeen kasuan, kontratatutako erakundearekin formalizatutako kontratuaren kopia bat eta dagozkion ordainagiriak aurkeztu beharko dituzte. Kontratuan agertzen ez bada, honako informazio hau banakatu beharko da:

– Kontratatutako pertsonen titulazioa edota horren fotokopia konpultsatua.

– Kontratatutako pertsonen lan-kostua (Gizarte Segurantzako gastuak barne).

2) Jarduerak gauzatzearen ondoriozko gastuen justifikaziorako:

a) Erakunde onuradunaren organo eskudunaren ziurtagiria, diruz lagundutako jardueraren ondoriozko guztizko kostu ekonomikoa jasoko duena.

b) Erakunde onuradunaren izenean egindako fakturak, gastuei dagozkienak. Baliagarria izateko, faktura orok 2015ekoa beharko du izan.

c) Ziurtagirien edo banku-zorpetzeagatiko kargu-dokumentuen bidez justifikatutako ordainagiriak, betiere finantza-erakundeek eginak badira eta faktura bati dagozkion datuak biltzen badituzte, zenbakia eta seriea izan ezik.

3.– Diru-laguntza behar bezala aplikatu ote den egiaztatzeko, finantzatutako jardueraren gastuaren egiaztagiriak, diruz lagundutako erakundeen zorizko lagin bat oinarri hartuta, laguntza eman eta hurrengo urtean egiaztatu ahal izango dira, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edota Kontuen Euskal Epaitegiak, legez ezarritako epearen barruan, egokitzat jotako gainerako ikuskapenak, jarraipenak eta kontrolak egin ditzaketela alde batera utzi gabe.

8. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena eta errekurtsoak.

1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak kudeatu eta ebazteko organo eskuduna, diru-laguntzen lehen lerroari dagokionez, Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritza izango da, eta, diru-laguntzen bigarren lerroari dagokionez, Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritza.

2.– Diru-laguntzen lerro bakoitzerako, kudeatu eta ebazteko eskumena duen zuzendariak Balioespen Batzorde bat hautatuko du, eta Batzorde horrek diru-laguntzen ebazpen-proposamena emango du.

3.– Kide anitzeko Organo hori gutxienez bi pertsonak eta gehienenez lau pertsonak osatuko dute, betiere Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Zuzendaritzetako goi-karguak edo funtzionario edo langileak badira eta gizarte-gaietako arloan eta immigrazioaren eta kulturartekotasunaren arloan eskumena badute, zuzendaritza horietako bakoitzak proposatuta. Beharrezko neurriak hartuko dira Balioespen Batzordean bi sexuen presentzia orekatua egon dadin lortzeko. Kasu bakoitzean, diru-laguntzen lerroa kudeatzen duen Zuzendaritzako funtzionario edo langile batek jardungo du Kide anitzeko Organoaren idazkari gisa. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Organo horien osaera.

4.– Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak emateko eta, hala badagokio, ukatzeko, Agindu honetan aurreikusitako laguntzen azpilerro bakoitzaren ardura duen zuzendariak Ebazpena emango du, eta erakunde eskatzaileei banan-banan jakinaraziko zaie ebazpen hori. Emakida-ebazpenak eta horien aldaketak (halakorik egonez gero), Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, eta bertan erakunde onuraduna, diruz lagundutako kontzeptuak eta horiei dagozkien zenbatekoak jasoko dira. Era berean, ukatutako eskaerak jasoko dira, ukapenaren arrazoia adierazita.

5.– Ebazpen horrek administrazioarekiko bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Gizarte Politiketako sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazpen-egunaren hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

6.– Ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehienezko epea lau hilabetekoa izango da, deialdi-agindua argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, eta epe hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, diru-laguntzarako eskabidea ukatutzat hartu ahal izango da, esanbidezko ebazpena eman beharra bazter utzi gabe, eta hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ezarritakoa betez.

9. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira Eusko Jaurlaritzaren beste Sail eta Erakunde Autonomoren batek edota bestelako Administrazio edota erakunde publiko edo pribaturen batek eman ditzakeen beste diru-laguntza batzuekin, betiere xede eta helburu bera badute. Nolanahi ere, diru-laguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu diru-laguntzaren xede den kontratazio edo jardueraren guztizko kostua.

2.– Beste laguntza batzuekiko aldi berekoa bada, eta betiere laguntza horien arteko baturak diru-laguntzaren xede den kontratazio edo jardueraren guztizko kostua gainditzen badu, soberakin hori bateraezina dela aitortuko da, eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da.

10. artikulua.– Emakida-ebazpenaren aldaketa.

Diru-laguntza emateko hartu zen erabakia aldatu egin ahal izango da, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira; horrekin batera beste administrazio nahiz erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen badira; edota, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira. Kasu horretan, dena dela, diru-laguntzen onuradun izateko arau honetan jarritako oinarrizko baldintzak babestu egin beharko dira. Horretarako, laguntzen azpilerro bakoitzari dagokion Zuzendaritzak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa egokituko da, horiek emateko irizpideak eta mugak aplikatuta, eta erakunde onuradunak itzuli egin beharko ditu soberakinak.

II. KAPITULUA
DIRU-LAGUNTZEN LEHEN LERROA: GIZARTERATZE-POLITIKAK GARATZEKO TEKNIKARIAK ETA/EDO ADMINISTRARIAK KONTRATATZEKO LAGUNTZAK

11. artikulua.– Xede espezifikoa.

1.– Laguntza-lerro honen xedea erakunde publikoek gizarteratzearen alde egiten duten esku-hartze soziala sustatzea da.

2.– Horretarako, 2015. urtean teknikarien eta/edo administrarien kontratazioa finantzatuko da, lanaldi erdian gutxienez, gizarteratze-politikak garatzeko.

12. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Laguntza hauen onuradunak izan daitezke udalerriak eta haien erakunde autonomoak, mankomunitateak, kuadrillak eta nortasun juridiko propioa duten partzuergoak (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 87. artikuluan jasota datozenak).

2.– Xedapen honen babespeko langileen zuzeneko kontratazioa hainbat toki-erakundek batera egin ahal izango dute, nahiz eta haien zerbitzuak erkidetuta ez egon. Horrelako kasuetan, eta toki-erakundeen elkarte batek Lurralde Historiko bakoitzaren barruan eskatzen badu, dagokion foru-aldundiaren bitartez eskatu ahal izango dira laguntza horiek.

3.– Orobat, aipatutako erakundeen erantzukizuna da Agindu honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoek finantzatzen lagundutako jarduerak indarreko araudiarekin bat datozela eta erreferentziazko arau eta planetan kokatuta daudela zaintzea, jarduera horiek Administrazio publikoek zuzenean kontratatutako langileek gauzatzen dituztenean nahiz horretarako kontratatutako erakunde pribatuek gauzatzen dituztenean.

13. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– 2015. urteko ekitaldirako, 2.756.390 euroko diru-laguntza onartu da lerro horretarako.

14. artikulua.– Banaketa-prozedurak eta -irizpideak.

1.– Teknikarien eta/edo administrarien kontratazioa, bazterketa-arriskuan dauden kolektiboen gizarteratze aktiborako prestakuntza-baliabideetara sarbidea erraztera bideratutako gizarteratze-jarduerak garatu ditzaten.

a) Gizarteratze-jarduerak garatzera bideratutako teknikariak eta/edo administrariak kontratatzeko aurrekontu-kreditua IV. eranskinean adierazitako moduan banatuko da, honako gizarte-adierazle hauen arabera:

1) Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten unitateen kopurua.

2) Langabezian dauden pertsonen kopurua.

3) Immigranteen kopurua.

Edozein kasutan, eranskin horretan zenbatetsitako zenbatekoa Agindu honetan xedatzen den moduan eta epearen barruan eskatu beharko da.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakunderen baten saldorik badago eta saldo hori lerro hauetan xedatuta ez badago, lehen adierazitako IV. eranskinean aldez aurretik zenbatetsitako zenbateko osoa edo zenbatekoaren zati bat eskatu ez delako, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak saldo horiek berriz esleitu ahal izango ditu, aldez aurretik esleitutako zenbatekoa baino gastu-aurreikuspen handiagoa duten beste toki-erakundeen alde. Horretarako, zenbatetsitako zenbatekoa gainditzen duen gastu-aurreikuspena duten udalerrien artean eskatu gabeko saldoa banatzeko, lehen adierazitako esleipen-irizpide berberak aplikatuko zaizkie udalerri horiei, betiere kasu bakoitzean eskatutako zenbatekoraino.

15. artikulua.– Kudeaketa-organoa.

Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzari dagokio diru-laguntzen lerro honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko eta ebazteko lanak egitea.

III. KAPITULUA
DIRU-LAGUNTZEN BIGARREN LERROA: IMMIGRAZIO-TEKNIKARIEN KONTRATAZIOAREN JARRAIPENERAKO ETA IMMIGRAZIOAREN ETA KULTUREN ARTEKO BIZIKIDETZAREN ALORREKO JARDUERETARAKO LAGUNTZAK

16. artikulua.– Xede espezifikoa.

1.– Laguntza-lerro honen xedea da toki-erakundeek beren ekimenez egindako esku-hartze soziala sustatzea, immigrazioaren eta kultura arteko bizikidetzaren alorrean horrelako toki-erakundeak laguntzeko.

2.– Horretarako, immigrazio-teknikarien kontratazioaren mantentzea finantzatuko da 2014an indarrean zeuden kontratazioen kasuan, baldin eta kontratazio horiek Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko diru-laguntzak jaso badituzte. Horretaz gain, immigrazioaren eta kulturen arteko bizikidetzaren alorreko jarduerak prestatzeko edo gauzatzeko lanak ere finantzatuko dira.

3.– Immigrazio-teknikariei nahiz diruz lagundutako proiektu edo programei dagokienez, jarduera-ildoek bateragarriak izan behar dute Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzaren Immigrazio, Hiritartasun eta Kulturarteko Elkarbizitzarako Euskal Estrategiarekin. Besteak beste, jarduera-ildo hauek jaso beharko ditu: immigrazioko eta hiritartasunerako euskal politika egituratzea eta artikulatzea erakundeen barruan eta erakundeen artean; laneratzea, prestakuntza eta eskolako arrakasta, integraziorako bide diren heinean; zerbitzuetara eta programa publikoetara sarbidea izatea; parte-hartzea, kultura-aniztasuna eta elkarbizitza; eta, azkenik, bazterkeriaren, arrazismoaren eta xenofobiaren aurka egitea.

4.– Toki-erakundeak esleitutako eginkizunak alde batera utzi gabe, immigrazio-teknikarien lana zeharkakoa izango da, eta udaleko arlo guztiak inplikatzen eta konprometitzen ahaleginduko da, migrazio-fenomenoaren berariazko politikak izaera orokorreko politiken barnean har ditzaten lortzeko eta, era horretan, udal-mailako baliabideetara eta zerbitzuetara berdintasunean oinarritutako sarbide normalizatua izateko.

Era berean, kontratatutako immigrazio-teknikariek funtzio hauek burutu beharko dituzte:

4.1.– Immigrazioaren eta kulturen arteko elkarbizitzaren arloan, euskal politika diseinatzen, burutzen eta ebaluatzen laguntzea.

4.2.– Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzak edo toki-erakundeek sustatutako sareko laneko eta kontrasteko espazioetan parte hartzea.

4.3.– Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzarekin eta haren mendeko zerbitzuekin koordinatzea Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak immigrazioaren eta kulturen arteko elkarbizitzaren arloan sustatutako eta zuzendutako politika eta estrategia guztietan.

5.– Printzipio orokor gisa, Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzak, zuzenean edo zeharka, bere mendeko zerbitzuen bidez garatutako, sustatutako eta eskainitako jarduerekin bat ez datozen jarduerak gauzatzeko laguntzak emango dira.

17. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Immigrazio-teknikarien kontratazioarekin aurrera jarraitzeko laguntzen onuradunak izateko aukera izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko udalek, mankomunitateek, partzuergoek, eskualdeek, eskualde-garapenerako agentziek, udalaz gaindiko toki-erakundeek edota udalerrien elkarteek, betiere 2014an immigrazio-teknikariak kontratatuta bazituzten.

2.– Immigrazioaren eta kulturen arteko bizikidetzaren alorreko jarduerak prestatzeko edo gauzatzeko laguntzen onuradunak izateko aukera izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko udalek, mankomunitateek, partzuergoek, eskualdeek, eskualde-garapenerako agentziek, udalaz gaindiko toki-erakundeek edota udalerrien elkarteek. Hainbat toki-erakundek batera egin ditzakete eskaerak, nahiz eta haien zerbitzuak erkidetuta ez egon. Horrelako kasuetan, eta toki-erakundeen elkarte batek Lurralde Historiko bakoitzaren barruan eskatzen badu, dagokion foru-aldundiaren bitartez eskatu ahal izango dira laguntza horiek.

3.– Orobat, adierazitako erakundeen erantzukizuna da Agindu honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoek finantzatzen lagundutako jarduerak indarreko araudiarekin bat datozela eta erreferentziazko arau eta estrategietan kokatuta daudela zaintzea, jarduera horiek Administrazio publikoek zuzenean kontratatutako langileek gauzatzen dituztenean nahiz horretarako kontratatutako erakunde pribatuek gauzatzen dituztenean.

18. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– 2015eko ekitaldirako 940.000 euroko diru-laguntza onartu da lerro honetarako, eta honela dago banatuta:

a) 2015ean immigrazio-teknikarien kontratazioarekin aurrera jarraitzea: 369.985 euro.

b) Immigrazioaren eta kulturen arteko bizikidetzaren alorreko jarduerak prestatzea edo gauzatzea: 570.015 euro.

2.– Aurreko paragrafoan aurreikusitako azpilerro bakoitzarentzat kontsignatutako aurrekontu-kredituaren guztizko zenbatekoa handitu ahal izango da, eskatutako laguntzen guztizko zenbatekoa kontuan izanda eta beste azpilerroa exekutatzearen ondorioz agortzen ez diren aurrekontu-baliabideen arabera. Horren berri eman beharko da, dagokion zuzendariaren ebazpen bidez.

Kide anitzeko Organoaren ebazpen-proposamen bidez, beste laguntza-azpilerroetatik edozeinetan soberan diren baliabideak erabiltzea proposa daiteke, horretarako arrazoiak emanez.

3.– Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak 2015eko ekitaldiari dagokion langileengatiko kostua finantzatu ahal izango du, eta zenbateko horrek ezin izango du inolaz ere gainditu urteko 23.870 euroko zenbatekoa lanaldi osorako kontratatutako immigrazio-teknikari bakoitzeko.

19. artikulua.– Banaketa-prozedurak eta -irizpideak.

1.– Immigrazio-teknikarien kontratazioa.

Diruz lagundutako teknikarien lanpostu guztiak 2014an daudenen jarraipena izango dira.

Udalerrian immigrazio-teknikariak izaten jarraitzeko premia behar bezala justifikatu beharko dute erakunde eskatzaileek.

2.– Jarduerak.

a) Jardueretarako laguntzak emateko prozedura lehiaketarena izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 51.4 artikuluan ezarritakoa betez. Balioespen Batzordeak finkatuko du, jarduera bakoitzerako, ondorengo balioespen-irizpideen arabera lortutako puntuazioa. Emakida gauzatu aurretik, aurkeztu eta onartutako eskabideak alderatuko dira, haien artean lehentasun bat ezartzeko. 50 puntu edo gehiago lortu dituzten jarduerak bakarrik lagundu ahal izango dira diruz. Agindu honen 18.1 artikuluan aurreikusitako aurrekontu-kreditua ez bada nahikoa gutxieneko puntuazioa lortu duten proiektu guztiak finantzatzeko, aurrekontu-kreditua agortu arte balorazio altuena lortu duten eskaerei bakarrik emango zaie diru-laguntza.

b) Emandako diru-laguntzak ezin izango du inolaz ere gainditu eskatutako zenbatekoa edo jardueraren guztizko aurrekontuaren % 75.

c) Diru-laguntzen lerro honetan aurkeztutako jarduerak balioesteko, honako alderdi hauek ebaluatuko dira:

c.1.– Jardueraren bitartez erantzuna eman nahi zaion egoeraren eta horren helburuen garrantzia, zuzeneko edo zeharkako hartzaile edo onuradunen kopurua barne: gehienez 25 puntu.

c.2.– Proposamenaren diseinuaren kalitate teknikoa, horren diseinuaren egokitasuna, bideragarritasuna eta ebaluagarritasuna barne: gehienez 20 puntu.

c.3.– Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren jarduera-ildoekin bat etortzea. Proiektuaren alderdi berritzaileak: gehienez 15 puntu.

c.4.– Agindu honen 2. artikuluan jasotako irizpideak eta genero-ikuspegia aplikatzean lortutako meritu bereziak: gehienez 15 puntu.

c.5.– Koordinazioa jardueraren eremuko beste eragile batzuekin (sozialak, erakundeetakoak, tokikoak, probintziakoak edo autonomikoak): gehienez 15 puntu.

c.6.– Proiektuaren eragina eta lotura Immigrazioaren aldeko Itun Sozialean jasotako balioekin. http://www.gizartelan.ejgv.euskadi.net/r45-familias/es: gehienez 10 puntu.

20. artikulua.– Kudeaketa-organoa.

Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzari dagozkio laguntza-lerro honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko eta ebazteko lanak egitea.

21. artikulua.– Jardueren zabalkundea.

Kapitulu honetan xedatutakoaren arabera finantzatutako jardueren kasuan, jarduerei buruz egiten den zabalkundeak, hala inprimatutako materialaren nola beste edozein euskarriren bitartez, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzak diruz lagundutako jarduerak direla adierazi beharko du, eta nolanahi ere jabetza intelektuala arautzen duen legedian xedatutakoa errespetatuko da. Jarduerei buruzko publizitatea egiteko sortzen diren material guztietan Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzaren logotipoa agertu beharko da, eta Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan ezarritakoa bete beharko da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan bildutako ondorioetarako, Agindu honetako laguntzen ebazpena emateko Euskal Autonomia Erkidegoko 2015eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahikoa izan behar da.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Ordezko araubidea.

Agindu honetan aurreikusi ez diren prozedura-alderdi guztietan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko abenduaren 17a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala