Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

15. zk., 2015eko urtarrilaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
331

3/2015 DEKRETUA, urtarrilaren 20koa, 2015eko ekitaldirako zorpetze-eragiketak egitea erabaki eta baimentzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 24. artikuluan ezartzen duenez, Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrek ezarriko dute ekitaldi bakoitzean egin daitezkeen Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen zorpetze-eragiketen gehienezko zenbatekoa.

Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2015eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2014 Legearen 10.1 artikuluan ezartzen da ezen Autonomia Erkidegoko Administrazioak formalizatutako zorpetzea, edozein agiri motatan gauzatzen dela ere, gehitu ahal izango dela, muga honekin: ekitaldiaren amaieran, saldoa ez da ekitaldiaren hasieran baino 579.673.996 euro handiagoa izango.

Beraz, 2014. urtea ixtean zeuden zorpetze-eragiketak eta 2015eko ekitaldian egin beharreko amortizazioak kontuan hartuta, ekitaldi honetan formalizatu beharreko zorpetzearen gehienezko zenbatekoa, aurreko lege-murrizketa betez, 1.290.673.997 eurokoa da.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoaren Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 28. artikuluan aurreikusten denez, zorpetzea egin ahal izango da zor publikoaren jaulkipenen bidez edo kreditu- edo mailegu-eragiketen bidez.

Horri dagokionean, lege horren 30. artikuluan xedatzen denez, zor publikoaren jaulkipena egitea Gobernu Kontseiluak erabakiko du, dekretu bidez, zorpetze-kontuetan eskumena duen sailak proposatuta. Dekretuak zehaztuko ditu zenbatekoaren eta zorpetzea egiteko denboraren gehienezko mugak, eta eragiketaren bestelako ezaugarriak ere zehaztu ahal izango ditu. Dekretuak bere aurreikuspenen barnean aipatu gabeko jaulkipenaren ezaugarriak, aldiz, zorpetze-kontuetan eskumena duen sailburuak zehaztuko ditu, agindu bidez, zeina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko baita.

Bestalde, lege beraren 34. artikuluan zehazten denez, Gobernu Kontseiluak finantza-erakundeekin kreditu- edo mailegu-eragiketak egiteko baimena eman ahal izango du, errespetatu beharreko ezaugarri orokorrak zein diren zehaztuz.

Nazioarteko finantza-merkatuen gaur egungo egoera munduko ekonomia- eta finantza-krisiaren bilakaerak eragindakoa izanik, ahalik eta malgutasunik handienaz hartu behar dira zorpetze-arloko erabakiak.

Hori dela eta, aurreko ekitaldietan (martxoaren 30eko 99/2010 Dekretua, otsailaren 8ko 13/2011 Dekretua, martxoaren 27ko 42/2012 Dekretua, urtarrilaren 15eko 79/2013 Dekretua, martxoaren 12ko 178/2013 Dekretua, ekainaren 11ko 361/2013 Dekretua eta otsailaren 4ko 10/2014 Dekretua) baimena eman zen Euskadiren zor publikoaren jaulkipenak egiteko edo, bestela, mailegu-eragiketak ituntzeko, eta zorpetze-kontuetan eskumena duen sailburua gaitu zen zorpetze-eragiketak egiteko tresna eta modalitate zehatzak zehazteko, baita finantza-baldintzak eta eragiketen gainerako ezaugarriak zehazteko, dagokion dekretuaren aurreikuspenen barnean, betiere.

Horregatik, dekretu honen bidez baimendutako eragiketei buruzko erabakiak ahalik eta malgutasunik handienaz hartu nahirik, merkatuen egoerak horretarako aukera ematen duenean zehazteko uzten da bai zer tresna eta zer modalitate zehatz erabiliko den zor-jaulkipenak eta mailegu-eragiketak bideratzeko, bai finantza-baldintzak ezarriko diren.

Horren ondorioz, Ogasun eta Finantzetako sailburuak sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2015eko urtarrilaren 20an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Zorpetze-eragiketak.

Erabaki da, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2015eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzeko abenduaren 23ko 5/2014 Legearen 10.1 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak zor publikoaren jaulkipen bat edo batzuk egitea, eta baimena ematea mailegu-eragiketak ituntzeko, horiek prestatzeko modua edozein dela ere, bi kasuetan, izan barnean zein kanpoan, mila berrehun eta laurogeita hamar milioi seiehun eta hirurogeita hamahiru mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpi (1.290.673.997) euroko gehienezko zenbatekoarekin.

2. artikulua.– Zorpetze-eragiketen ezaugarriak.

Dekretu honen babesean onartzen eta baimentzen diren zorpetze-eragiketek ezaugarri orokor hauek izango dituzte:

1.– Gehieneko zenbatekoa guztira: 1.290.673.997 euro.

2.– Moneta: euroa edo beste edozein dibisa.

3.– Interes-tasa: finkoa edo aldakorra.

4.– Epea: 30 urte, gehienez.

5.– Jaulkipen-modalitateak: eragiketak honela egin ahal izango dira:

– Zor Publikoaren jaulkipenen bidez, etekin esplizitu edo inplizituko baloreak zirkulazioan jarriz, eurotan edo beste edozein dibisatan, formatua eta egitura zeinahi direlarik ere.

– Beste edozein mailegu- edo kreditu-eragiketa mota erabiliz.

3. artikulua.– Helburua.

Zorpetze-eragiketen ondoriozko baliabideak, dekretu honen bidez erabaki eta baimenduak, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2015eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak finantzatzeko izango dira.

4. artikulua.– Onurak.

Gaur egungo arauekin bat etorriz, baimentzen diren jaulkipenek Estatuaren zor publikoaren onura eta baldintza berberak izango dituzte.

5. artikulua.– Konputagarritasuna.

Dekretu honen arabera jaulkitako baloreak gaitzat joko dira ondoren aipatzen diren erakundeen koefizienteetan egin beharreko inbertsioen ondorioetarako. Hauek dira erakundeak: elkarren bermerako sozietateak, aseguru pribatuko erakundeak, borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeak eta Estatuaren zor publikoaren konputagarritasuna berez aitortuta duten erakundeak.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Gaitzeak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legean xedatutakoaren arabera, Ogasun eta Finantzetako sailburuari dagokio, agindu baten bidez, dekretu honetan erabaki eta baimendu diren zorpetze-eragiketak egiteko tresnak eta modalitateak zehaztea, bai eta dekretu honetan jaulkipenari buruz aipatu ez diren finantza-baldintzak eta ezaugarriak zehaztea ere, dekretu horren aurreikuspenen barruan, betiere. Zor publikoaren jaulkipena baloreen bidez egiten bada, agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.

2.– Baimena ematen zaie Ogasuneko eta Finantza Politikako sailburuordeari eta Finantza Politikako eta Erakundeen Baliabideetako zuzendariari, batek zein besteak, dekretu honetan erabakitako eta baimendutako zorpetze-eragiketak egin ahal izateko behar diren kontratuak eta gainerako agiri erantsi eta osagarriak sinatzeko.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean sartzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean Dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko urtarrilaren 20an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.


Azterketa dokumentala