Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

16. zk., 2015eko urtarrilaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
337

ERABAKIA, 2014ko abenduaren 30ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena. Horren bidez, Bizkaiko Osasun Barrutian, bi zerbitzu-erakunde sanitario integratu sortzen dira: «Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta», orain arte zeuden Ezkerraldea-Enkarterri Eskualdea eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea zerbitzu-erakundeak integratuko dituena, eta «Uribe», orain arteko Uribeko Eskualdea zerbitzu-erakundea eta Urdulizko Alfredo Espinosa ospitalea integratuko dituena.

Osasuneko sailburuak «X. Legegintzaldirako Osasun Politiken Lerro Nagusiak» aurkeztu zituen Eusko Legebiltzarrean, eta horiekin bat etorriaz, Osakidetzak zehaztu egin ditu 2013-2016 epealdirako Ildo Estrategikoak eta Ekintza Planak. Ildo estrategiko horiek zenbait helburu eta ekintza definitzen dituzte, gauzatzeko hedatu egin behar direnak, eta aldaketak ekarriko dituztenak, horien erdigunea integrazioa izango delarik.

Prozesu asistentzialak integratuaz, pazienteen osasuna hobetzeko diren osasun zainketak antolatzeko printzipio bat bada arreta integratua.

Azken baten, sistema sanitarioaren maila desberdinei dagokienez sinergiak aprobetxatzea eta koherentzia lortzea dira helburuak; hala, osasun zainketek ezaugarri hauek izan ditzaten: fragmentazio txikiagoa, koordinazio handiagoa, eragingarritasun handiagoa eta kalitate hobea.

Gure kasuan, arreta integratua errazteko elementu gisa, erakunde sanitario integratuen eredua hedatzearen aldeko apustua egiten dugu, eta bai, mugape geografiko jakin baten barruan, lehen mailako arretako zentroak eta horien erreferentziako ospitalea elkartzearen aldekoa ere.

X. Legegintzaldirako Osasun Politiken Lerro Nagusien barruan, 1. Ildo Estrategikoak, batetik, sistema sanitarioaren ardatz nagusi gisa pertsonak jartzen ditu; bestetik, «pazienteentzako zerbitzua hobetzeko, sistema sanitarioaren kalitatea hobetzea» du helburutzat; eta hartarako, ikuspuntu integraleko prozesu asistentziala garatzea aipatzen da, zeinetan –erdigune gisa– pazientea aurkitzen baita; bestalde, prozesu horretan ziurtatu egiten dira bai arretaren jarraipena, bai arreta pertsonalizatua. Halaber, 2. Ildo Estrategikoan jasotzen denez, arreta-maila ezberdinen arteko integrazio asistentziala funtsezko elementua da Euskadiko biztanleriaren zahartzeari eta, ondorioz, gaixotasun kronikoen eta mendekotasunaren gehikuntzari erantzuteko.

Hortaz, arreta integratua funtsezko printzipioa da zainketa sanitarioen antolaketan; eta, ildo horretan, beharrezkoa da eremu asistentzial ezberdinek konfiguratzen dituzten erakundeak eta zerbitzuak integratzen jarraitzea; hartarako, erakunde integratuak osatzen dituzten egitura komunak sortzea ahalbidetuko da, betiere pazienteari arreta osoa eta egokiagoa ematea bermatzeko.

Osakidetza Ente Publikoaren Estatutuak ezartzeari buruzko azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuko 4.2 artikuluak ezartzen duenez, Ente Publikoari atxikitako baliabideak berrantolatu ahal izango dira, lehendik diren zerbitzu-erakundeak aldatu, batu edo bereiziaz; Ente Publikoaren Administrazio Kontseiluaren erabakiz hartu ahal izango dira neurri horiek, betiere Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legearen 22.2 atalean ezarritakoari jarraikiz.

Orain artekoa adierazitakoa aplikatzearren, hauxe da erabaki honen helburua: ildo estrategikoetan zehaztutako ekintzak gauzatzea, zerbitzu-erakunde bakarrean integratuaz arreta modalitate biak (lehen mailakoa eta espezializatua); hartarako, aipatutako erakunde sanitario integratuak eratuko dira.

Erakunde Sanitario Integratua honako ildo honetatik abiatzen da: atentzioaren erdigunetzat hartzea paziente-erabiltzaileak; zertarako-eta aipatutakoek –euren eremu geografikoaren barruan– osasun sistema erabili ahal dezaten; hartarako, sistemako arreta-maila ezberdinen arteko koordinazioa, kolaborazioa eta integrazioa gauzatuaz; guztiarekin ere, arreta pertsonalizatuagoa errazteko eta osasungintzako emaitza hobeak izateko. Horren guztiaren helburua da pertsonak erdigunean jarriko dituen eta biztanleei zuzendutako ekintzak jasoko dituen osasun-sistema definitzea, erakunde sanitario integratu bakoitzak esleituta daukan biztanleriaren osasunaren gaineko erantzukizunezko ikuspegia kontuan izanda.

Eredu hori Gipuzkoako Osasun Barrutian hasi zen, Bidasoako Erakunde Sanitario Integratuaren hasierako esperientziarekin; ondoren, beste erakunde sanitario integratu hauekin jarraitu zen: Debagoiena, Debabarrena eta Goierri-Urola Garaia. Bidasoako Erakunde Sanitario Integratua sortzeko erabakian adierazi zenez, erakunde-eredu hori, aldi batez funtzionatzen egon ostean, Osakidetzako Administrazio Kontseiluak aztertu eta ebaluatuko du, ente publikoa osatzen duten erakunde guztietara hedatu baino lehen.

Esperientzia horren ostean, eta prozesuen eraginkortasunean eta efizientzian lortutako emaitzak aztertu eta ebaluatu ondoren, eredu hori Bizkaiko Osasun Barrutira hedatu zen 2014an. Horrenbestez, hiru erakunde sanitario integratu sortu ziren: Bilbao-Basurtu, Barrualde-Galdakao eta Barakaldo-Sestao.

2014. urtean zehar, eta –integrazioaren ostean– erakundeon ikuspegi globala emango digun prozesuen azterketarekin jarraitzeko, eta emaitzak ebaluatu ahal izateko, eta, halaber, lortu nahi den planteamendu poblazionalarekiko emaitza horien egokitzapena; bada, programa-kontratu bat sartu da, zehazki, Osasun Sailak Osakidetzako zerbitzu-erakundeetariko bakoitzarekin sinatutakoa, integrazioari lotutako alderdiei dagokienez, zeren ikusi baita ezen –aipatu programa-kontraturako erreferentziako markoan– funtsezko elementua dela atentzio integratua.

Ildo horretan, besteak beste, ondokoak ponderatu eta ebaluatzeko adierazleak identifikatu dira: arreta integratuaren araberako emaitzak, erakundeak egin ahal izan dituen ekintzak eta ikuspegia baloratuaz bai prozesuaren ikuspegitik eta egiturarenetik; betiere, arreta integratuaren testuinguruan ikuspegi poblazionala faboratzen badute, eta, halaber, mailen arteko integrazio asistentzial handiagoa. D Amour galdera-sortaren bitartez profesionalen arteko integrazio- eta kolaborazio-maila neurtzea aurreikusten da.

Gorago azaldutakoak kontuan izanik, Bizkaiko Osasun Barrutian «Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta» izeneko Erakunde Sanitario Integratua sortzen da, zeinetan integratzen baitira orain arte Ezkerraldea-Enkarterri Eskualdea eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea zerbitzu-erakundeei atxikita egon diren baliabideak; hortaz, erakunde horiek kendu egiten dira eta beren baliabideak, eskubideak eta obligazioak erakunde sanitario integratu berrira pasatzen dira.

Bestalde, jarduteko dinamika horri jarraituz, erabaki honen bitartez, «Uribe» Erakunde Sanitario Integratua eratzen da. Ondorioz, gaur egungo Uribeko Eskualdea zerbitzu-erakundea kendu egiten da, eta horren baliabideak, eskubideak eta obligazioak erakunde berrira pasako dira. Eratzeko modu hori aldez aurrekoa urratsa da, ospitale-arreta espezializatuko mailarekin guztiz integratu baino lehen. Izan ere, Urdulizko Alfredo Espinosa ospitaleak izango duen konfigurazioaren ostean, erakunde berrian integratzen den lehen mailako arretako eskualdeak esleituta daukan erreferentziazko biztanleria-esparru bera hartuko du; horrenbestez, erabat osatuko du «Uribe» Erakunde Sanitario Integratua, bere erreferentziazko ospitalearekin.

Hori guztia dela-eta, Osakidetzako Administrazio Kontseiluak honako hau

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Ezkerraldea-Enkarterri Eskualdea, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea eta Uribe Eskualdea zerbitzu-erakundeak kentzea.

Bigarrena.– Bizkaiko Osasun Barrutiaren lurralde-eremuan bi erakunde sanitario integratu hauek sortzea: «Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta» eta «Uribe».

Hirugarrena.– Beherago azaldutako zehaztapenekin bat etorriaz, erabaki honen bitartez sortzen diren erakunde sanitario integratuak konfiguratzea:

1.– Ezkerraldea-Enkarterri Eskualdea eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea lehengo zerbitzu-erakundeetako giza baliabideak, baliabide materialak eta antolakuntza-baliabideak osorik erabiltzea «Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta» erakunde sanitario integratua eratzeko.

2.– Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea «Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta» Erakunde Sanitario Integratura pasatzen da, zentro asistentzial gisa, eutsi egiten diolarik bai Unibertsitate Ospitalea izateari eta bai izen berdinari ere, betiere Administrazio Kontseiluaren 2011ko uztailaren 22ko Erabakiko (2009ko irailaren 30eko EHAA) aurreikuspenak aplikatu ahal daitezen.

3.– Uribeko Eskualdeko lehen mailako arretarako lehengo zerbitzu-erakundeko giza baliabideak, baliabide materialak eta antolakuntza-baliabideak osorik erabiltzea «Uribe» Erakunde Sanitario Integratua eratzeko.

Laugarrena.– «Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta» eta «Uribe» erakunde sanitario integratuetarako ondoko antolakuntza-egitura ezartzea:

● Zuzendaritza- eta kudeaketa-organoak:

a) Zuzendari gerentea.

b) Gerentziako zuzendaritza-taldea.

c) Zuzendaritza-kontseilua.

● Partaidetza-organoak:

a) Kontseilu Teknikoa.

Bosgarrena.– Erakunde sanitario integratu bakoitzaren burua zuzendari gerentea izango da. Zuzendaritzako kargutzat hartzen da, honako hauetan ezarritakoari lotuta: Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legeko 27. artikuluko erregimena eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean xedatutakoa.

Osakidetzaren Estatutuetako 15.1 artikuluak ematen dizkion aginpideak dagozkio zuzendari gerenteari; azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaz onartu ziren estatutu horiek.

Seigarrena.– Bere zereginak egiteko, zuzendari gerenteak zuzendaritza-taldearen laguntza izan ahalko du. Zuzendaritza-taldeko kideak honako hauetan ezarritakoari lotuta egongo dira: Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legeko 27. artikuluko erregimena eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean xedatutakoa.

Zuzendari gerenteak eskuordetzan ematen dizkien funtzioak eta atazak beren gain hartu ahal izango dituzte zuzendaritzako kargudunek; eta, betiere, euren mendeko unitate eta zerbitzuen jardueren gaineko gainbegiraketa eta segimendua burutuko dituzte.

Zazpigarrena.– Erakunde bakoitza sartuta dagoen sailkapen-taldearen arabera, eta Osakidetzaren Estatutuetako 15.2 artikuluan jasotako aurreikuspenekin bat etorriaz, zuzendaritza-taldea elkarlanean arituko da gerentziarekin erakunde sanitario integratuen kudeaketan, eta zuzendaritza-talde hori honako hauek osatuko dute:

«Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta» Erakunde Sanitario Integratua:

● Integrazio Asistentzialeko Zuzendaritza.

● Zuzendaritza Medikoa.

● Erizaintzako Zuzendaritza.

● Ekonomia eta Finantza Zuzendaritza.

● Pertsonaleko Zuzendaritza.

«Uribe» Erakunde Sanitario Integratua.

● Zuzendaritza Medikoa.

● Erizaintzako Zuzendaritza.

● Kudeaketa Ekonomikoko Zuzendaritza.

● Pertsonaleko Zuzendaritza.

1.– Hala erabaki den erakundeetan, Integrazio Asistentzialeko Zuzendaritza arduratuko da oro har ondokoen arteko integrazio-mekanismoak garatzeaz: profesionalak, zerbitzu asistentzialak eta eremu sanitarioan eskumenak dituzten beste zerbitzu komunitario batzuk. Eta, hartarako, Zuzendaritza Medikoarekin eta Erizaintzako Zuzendaritzarekin bereziki koordinatuz eta gainontzeko zuzendaritzekin orokorrean koordinatuz, beharrezkoa bada, honako hauetaz arduratuko da:

● Sistemaren eraginkortasun handiena lortzeko, mailen artean beharrezko diren programak garatzea. Asistentzia-maila bien artean prozesu integratuak garatzea, kudeaketa klinikoa erabiliz kudeaketa-lanabes gisa.

● Gaixotasunei aurre egiteko eta osasuna sustatzeko jarduketan garapena bermatzea, eta lehen mailako arretan ebazpen-gaitasuna sustatzea. Osasun publikoko egiturekin koordinatuaz, osasunerako egiten diren prebentzio-, sustapen- eta heziketa-jarduketak bultzatzea.

● Erakunde sanitario integratuko profesional sanitarioak koordinatzea, asistentzia integratua eskaintzen dela ziurtatzeko; betiere, ikuspuntu jarraitu eta globaletik asistentziari ekiteko, asistentzia-prozesu berriak eta arreta-zirkuitu berriak definituaz.

● Orientazioa ematea ondoko hauek ezartzeko: erabaki klinikoak hartzeko praktikarako gidak eta bideak, eta praktika klinikoan aldagarritasuna txikitzeko jarduketa- eta deribazio-protokoloak, betiere prozedura diagnostikoetan eta terapeutikoetan bikoiztasunak baztertuaz.

● Asistentzia-zerbitzuen eta zerbitzu komunitarioen eta soziosanitarioen artean, bitartekari- eta integrazio-agentea gisa jardutea. Hartarako, ondoren zehaztutakoekin ondo koordinatzeko beharrezko mekanismoak ezarriaz: osasun publikoko baliabideak, zerbitzu sozialak, eta eremu sanitarioan eta soziosanitarioan eskumenak dituzten erakundeak.

● Eremu egokian, partaidetza soziala eta herritarrena zuzendu, bultzatu eta koordinatzea, hain justu ere komunikaziorako kanalak hobetuaz; erabakiak hartzeko, herritarren prestakuntza-ekintzak proposatuaz, eta erantzunkidetasuna eta osasunaren autogestio eraginkorra bultzatuaz.

● Gerentziak eskuordetzan emandako gainerako funtzioak.

2.– Zuzendaritza Medikoa, zeinari honako ohiko funtzio hauek dagozkion:

● Erakunde Sanitario Integratuaren Kontseilu Teknikoaren buru izatea.

● Jardueren segimendua, emandako zerbitzuen kalitate-mailaren ebaluazioa eta horiek hobetzeko neurri egokiak proposatzea.

● Medikuntza- eta asistentzia-jarduerak zuzendu, koordinatu eta ebaluatzea.

● Pertsonal fakultatiboaren irakaskuntza- eta ikerketa-jarduerak sustatu eta ikuskatzea.

● Erakunde sanitarioaren zerbitzuei atxikitako baliabide klinikoen kudeaketa egitea eta jarraibideak ezartzea.

● Gerentea ordeztea, baldin eta kanpoan edo gaixorik bada, edota lanpostua hutsik badago.

● Gerentziak eskuordetutako gainerako eginkizunak.

3.– Erizaintzako Zuzendaritza, zeinari honako ohiko funtzio hauek dagozkion:

● Erakunde Sanitario Integratuaren erizaintzako jarduerak zuzendu, koordinatu eta ebaluatzea.

● Erizaintzako jardueren jarraipena, emandako zerbitzuen kalitate-mailaren ebaluazioa eta hobekuntza-neurri egokiak proposatzea.

● Erizaintzako pertsonalaren irakaskuntza- eta ikerketa-jarduerak sustatzea eta ikuskatzea.

● Gerentziak eskuordetzan emandako gainerako funtzioak.

4.– Ekonomia eta Finantza Zuzendaritzak eta Pertsonaleko Zuzendaritzak honako funtzio hauek baliatuko dituzte: Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legetik, Osakidetzaren Estatutuak onartzeko azaroaren 11ko 255/1997 Dekretutik eta aplikatzeko diren eta bat datozen gainontzeko arauetatik ondorioztatzen direnak, eta, halaber, Gerentziak eskuordetzan ematen dizkienak.

Zortzigarrena.– Erakunde sanitario integratuko Zuzendaritza Kontseilua kide anitzeko organoa da, zeinak elkarlana egiten baitu kudeaketan Gerentziarekin, ondoko arloetan proposamenak eginez eta aholkularitza-funtzioak beteaz:

● Plan Estrategikoa egitea gerenteak onar dezan, bai eta haren jarraipena egitea ere.

● Urteko Kudeaketa Plana egitea gerenteak onar dezan, bai eta plan horren jarraipena egitea ere.

● Programa-kontratua negoziatzeko estrategiak diseinatzea.

● Urteko memoria egitea, gerenteak onar dezan.

● Kontseilu Teknikotik datozen proposamenak aztertu eta bultzatzea.

● Kudeaketa klinikorako unitateak antolatzea.

Ente Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak erabakiko du Zuzendaritza Kontseiluaren osaketa, erakunde sanitario integratuaren ezaugarri espezifikoak kontuan hartuz betiere. Eta horren kideen artean izango dira honako hauek: Zuzendaritza Taldea, erabakitzen diren unitateetako buruak, eta, gutxienez, Kontseilu Teknikoaren ordezkari den bokal bat.

Bederatzigarrena.– Erakunde sanitario integratuko profesionalen parte hartze- eta aholkularitza-organoa da Kontseilu Teknikoa. Eta honako hauek osatuko dute: lehendakari bat, eta dagokien erakundean zerbitzuan diharduten profesionalen artean hautatutako 12 bokal.

Kontseilu Teknikoan honako hauek hartzen dute parte: Zuzendaritza Medikoak, Integrazio Asistentzialeko Zuzendaritzak, zerbitzu-erakundean zuzendaritza-egitura hori zehaztu denean, eta Erizaintzako Zuzendaritzak; Presidentzia Zuzendaritza Medikoari egokituko zaio eta Idazkaritza Integrazio Asistentzialeko Zuzendaritzari, beharrezkoa bada. Integrazio Asistentzialeko Zuzendaritzarik ez bada, Zuzendaritza Medikoak bereganatuko ditu bi funtzio horiek. Gainerako bokalak lehen mailako arretako profesionalen eta arreta espezializatuko profesionalen artean banatuko dira, erdibana. Kontseilu Teknikoa osatuko duten kideen artean honako proportzioa gordeko da: gutxi gorabehera % 60 fakultatiboak izango dira, eta % 40 erizaintzako langileak.

Erakundeko Gerentziak zehaztuko du zein eremu edo unitatetan izendatuko diren bokalak eta zer prozedura erabiliko den horretarako.

Erakundearen Plan Estrategikoan aurreikuspenen barruan burutuko dituelarik, Kontseilu Teknikoaren funtzioak honako hauek dira:

● Unitateen antolakuntza eta funtzionamendua hobetzeari eta asistentzia-kalitateari buruzko politikak, proposamenak eta gomendioak egitea.

● Asistentzia-, diagnosi- eta terapeutika-estrategia berrien balorazioa.

● Ikerketa, irakaskuntza eta prestakuntzaren alorretako jardun-ildoak proposatzea.

● Kudeaketa klinikoko unitateak ezartzeko proposamena.

● Kontseilu Teknikoaren ordezkaritzan Zuzendaritza Kontseiluko parte izango diren kideak izendatzea.

Hamargarrena.– Erabaki honek indarra hartzen duenetik aurrera, kendu diren zerbitzu-erakundeekin Osasun Sailak zituen harreman ekonomikoak, finantzarioak eta programatikoak ondoko hauenak konfiguratzera pasako dira: sortu diren erakunde sanitario integratu berrienak, hain justu ere.

Erabaki honen bitartez eratzen diren erakunde sanitario integratuek subrogatu egiten dituzte kendutako edo aldatutako eta erakunde horietan integratzen diren zerbitzu-erakundeetako unitateak, zehazki, ondoko arloetako eskubide eta obligazioei dagokienez: ekonomikoa, lanekoa, kontratuena, ondarearena eta beste edozeinetakoa.

Hamaikagarrena.– Osakidetza ente publikoko zuzendari nagusiari ahalmenak ematen zaizkio, ebazpen bidez, honako hau egiteko: kentzen diren zerbitzu-erakundetan, 2015eko urtarrilaren 1ean ziren zerbitzu eta unitate guztietako langileen plantillak erakunde sanitario integratu berrietara pasatzeko; eta, halaber, ahalmenak ematen zaizkio beharrezko aurrekontu-egokitzapenak egiteko.

Hamabigarrena.– 1.– «Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta» erakunde sanitario integratu berria erakunde sanitarioen sailkapeneko 1. taldean sartuko da, betiere Administrazio Kontseiluaren 2013ko uztailaren 18ko Erabakiaz zuzendaritzako karguentzat onartutako ordainketa-ereduarekin bat etorriaz.

2.– «Uribe» erakunde sanitario integratu berria erakunde sanitarioen sailkapeneko 3. taldean sartuko da, betiere Administrazio Kontseiluaren 2013ko uztailaren 18ko Erabakiaz zuzendaritzako karguentzat onartutako ordainketa-ereduarekin bat etorriaz.

Hamahirugarrena.– Aldi baterako arauak.

«Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta» eta «Uribe» erakunde sanitario integratuak eratutakoan, eta harik eta erakunde horietako zuzendaritza-postuak arauz bete arte, postu horiek behin-behinean beteko dira, erakundearen funtzionamendu egokia eta asistentziaren jarraipena bermatzeko.

Hamalaugarrena.– Erakunde sanitario integratuen egitura eta funtzionamendua oro har erregulatzeko arauzko xedapen geroztikoetan ezarritakoaren aurka egiten ez duten neurrian, erabaki honetan jasotako aurreikuspenei eutsi egingo zaie, zehazki, euren zehaztapen guztiei.

Hamabosgarrena.– Erabaki honek 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera izango du indarra.

Aurrekontuei, behin-behineko egoera finantzarioei eta informazio ekonomiko-finantzarioari dagokienez, kentzen den zerbitzu-erakunde bakoitza erakunde sanitario integratu berriei egokitzea, 2015eko urtarrilaren 1etik harako ondorioekin egingo da.

Hamaseigarrena.– Erabaki honen eranskinean ezarritakoarekin bat, Osakidetza Ente Publikoaren zerbitzu-erakundeen zerrenda eguneratu egiten da, eta erabaki honen datatik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko abenduaren 30a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko lehendakaria,

JON DARPÓN SIERRA.

ERANSKINA
OSAKIDETZA ENTE PUBLIKOKO ZERBITZU ERAKUNDEEN ZERRENDA

Autonomia Erkidegoaren Lurralde Eremua:

1.– Osakidetza Ente Publikoko Zuzendaritza Nagusia.

2.– Emergentziak (Emergentzietako Lurralde Unitateak).

3.– Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa.

4.– Osatek, S.A.

Arabako Osasun Barrutiaren Lurralde Eremua:

1.– Arabako Unibertsitate Ospitalea.

2.– Lezako Ospitalea.

3.– Arabako Osasun Mentaleko Sarea.

4.– Arabako Eskualdea.

Bizkaiko Osasun Barrutiaren Lurralde Eremua:

1.– Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta Erakunde Sanitario Integratua.

2.– Bilbao-Basurtu Erakunde Sanitario Integratua.

3.– Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratua.

4.– Barakaldo-Sestaoko Erakunde Sanitario Integratua.

5.– Uribe Erakunde Sanitario Integratua.

6.– Santa Marina Ospitalea.

7.– Gorlizko Ospitalea.

8.– Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarea.

Gipuzkoako Osasun Barrutiaren Lurralde Eremua:

1.– Donostialdea Erakunde Sanitario Integratua.

2.– Bidasoako Erakunde Sanitario Integratua.

3.– Goierri-Urola Garaiko Erakunde Sanitario Integratua.

4.– Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratua.

5.– Debabarreneko Erakunde Sanitario Integratua.

6.– Tolosaldea Erakunde Sanitario Integratua.

7.– Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sarea.


Azterketa dokumentala