Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

17. zk., 2015eko urtarrilaren 27a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
384

243/2014 DEKRETUA, abenduaren 23koa, «Aspanovas Bizkaia», Bizkaiko Minbizidun Haurren Gurasoen Elkartea gizarte-interesekotzat aitortzeko dena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatzen denez, gizarte-interesekotzat aitortu ahal izango dira gizarte-zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak –arauz xedatzen diren baldintzak betetzen dituztenak–, hain zuzen ere, EAEko Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektoreko gizarte-zerbitzuen garapenaren alde, euren ibilbidea eta laguntza aitortzeko xedeaz.

Urriaren 7ko 424/2013 Dekretuak, gizarte zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-intereseko aitortzeari buruzkoak, gizarte-intereseko aitorpena lortzeko baldintzak eta prozedura arautzen ditu.

Haren babesean, «Aspanovas Bizkaia», Bizkaiko Minbizidun Haurren Gurasoen Elkarteak aipatu aitorpena eskatu du, uste baitu merezi duela gizarte-interesekoa dela aitortzea, gizarte-ekintzaren arloan egiten dituen jarduerengatik.

Zerbitzu Zuzendaritzak egindako txostenaren arabera, «Aspanovas Bizkaia», Elkartearen ezaugarriak honako hauek dira: 1989. urtean eratu zen, irabazi-asmorik gabeko erakundea da, minbizia diagnostikatu zaien haurren bizi-kalitatea hobetzea du helburutzat, eta haien bizitzako alderdi guztiak normalizatzera bideratzen ditu bere ahaleginak. Atentzio sanitarioa, soziala eta hezkuntzakoa haur guztiei baldintza berdinetan hel dakien lan egitea. Elkarte honen bitartez honako hau lortzea: minbizia diagnostikatu zaion haurraren familiak dituen arazoei dagokienez, sentsibilizazioari eta ulermenari laguntzeko topaketa- eta jarduera-foroak sortu eta bultzatzeko gai izatea. Ibilbide historikoa du Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak ematen; izan ere, egiaztatu du bere jarduera etenik gabe burutu duela 2009tik, Bizkaiko Lurralde Historikoan, nagusiki.

Urriaren 7ko aipatu 424/2013 Dekretuan xedatutakoaren arabera, Jaurlaritzaren Kontseiluaren dekretu bidez egingo da gizarte-intereseko aitorpena, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailburuak proposatuta, zeinak dagokion espedientea izapidetuko baitu.

Horrenbestez, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko abenduaren 23an egindako bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– «Aspanovas Bizkaia», Bizkaiko Minbizidun Haurren Gurasoen Elkartea gizarte-interesekoa dela aitortzea, burutzen dituen gizarte-ekintzen bidez Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen laguntzeagatik.

2. artikulua.– «Aspanovas Bizkaia» Bizkaiko Minbizidun Haurren Gurasoen Elkarteari aitorpen honen berezko eskubideak aitortzea, zehazki, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan aurreikusitakoak.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko abenduaren 23an.

Lehendakaria,

IŃIGO URKULLU RENTERIA.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.


Azterketa dokumentala