Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

17. zk., 2015eko urtarrilaren 27a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
386

AGINDUA, 2015eko urtarrilaren 21ekoa, Osasuneko sailburuarena, agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko 2014ko eta 2015eko laguntzak emateko deialdia egiten duena.

Agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzen dituen azaroaren 19ko 447/2013 Dekretua (2013ko azaroaren 28ko EHAA, 227. zk.) argitaratu eta hurrengo egunean jarri zen indarrean. Dekretu horretan arautzen dira gaixotasun- eta behar-egoera objektiboan dauden pertsonentzako laguntzak, betiere Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoei dagokienez, baldin eta finantzaketa publikoaren xede badira.

Dekretuak dioenez, orobat, Osasuneko sailburuaren esku egongo da laguntzen deialdia egitea. Zehatz esanda, 2.2 artikuluaren arabera, Osasuneko sailburuaren esku egongo da laguntzen deialdia egitea eta behar den agindua ematea, honako hauek jasota: laguntzak zehazteko aldiak, izapideei (zuzenekoei zein elektronikoei) buruzko zehaztapenak, eskaerak aurkezteko epea, tokia eta modua, laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak, bai eta horiek emateko baldintzak egiaztatzeko eskatutako agiriak eta eskaera-eredua ere; hori guztia dekretu honetan jasotako arauak garatzeko eta aplikatzeko.

2013ko abenduaren 23an, Osasuneko sailburuak Agindua eman zuen. Horren bidez, agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko 2013ko eta 2014ko diru-laguntzak emateko deialdia egin zuen (2013ko abenduaren 31ko EHAA, 248. zk.). Agindu horrek 2013ko uztailaren 1etik 2014ko azaroaren 30era arte egindako gastuei buruzko diru-laguntzak arautzen zituen. Gauzak horrela, orain bidezkoa da 2014ko eta 2015eko aldiari dagokion deialdia egitea.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren eremua eta helburua.

Hauxe da agindu honen xedea: Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak, finantzaketa publikoa jaso dezaketenak, gaixotasun- eta behar-egoera objektiboan dauden pertsonek bete ditzaten errazteko laguntzen deialdia egitea. Laguntza horiek 2014eko ekitaldian, 2014ko abenduaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko aldiari, eta, 2015eko ekitaldian, urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitarteko aldiari dagozkie.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik datoz, eta haien kopurua hamaika milioi laurehun eta berrogeita hamar mila ehun eta hogei (11.440.120) eurokoak dira.

2.– Deialdi honetan, guztira emango diren laguntzen zenbatekoak ez du diru-izendapen hori gaindituko, edo, baldin eta indarrean dauden legeen arabera, aurrekontuetan aldaketak onartzen badira, ez du zenbateko eguneratu horrek sortzen den emaitza gaindituko.

3.– Era berean, deialdi honetan kontsignatuta edo eguneratuta dagoen kreditua amaitzen bada, egoerari publizitatea ematearren, Osasuneko sailburuordeak behar den ebazpena eman du, non adieraziko duen kreditua amaitu dela. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da, azaroaren 19ko 447/2013 Dekretuaren 11. artikuluan xedatutakoaren arabera.

3. artikulua.– Laguntzen pertsona onuradunak.

1.– Gaixotasun- eta behar-egoera objektiboan dauden pertsonek eskatu ahal izango dituzte laguntzak, baldin eta betetzen badituzte laguntza horien onuraduna izateko azaroaren 19ko 447/2013 Dekretuaren 3.1 artikuluan xedatutako baldintzak (dekretu horren bidez, agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzen dira), eta laguntza horien xede den gastua deialdi honetan zehaztutako aldian egin badute. Zehatz esanda, hauxe da gastu hori:

a) Gizarte Segurantzan pentsiodun gisa aseguratuta daudenak, urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituztenak eta Euskadiko Osasun Sistema bermatzaile gisa duten banako osasun txartelaren titularrak.

b) Aurreko atalean aipatutako aseguratuen onuradunak, Euskadiko Osasun Sistema bermatzaile gisa duen banako osasun txartelaren titularrak badira.

c) Legezko langabezia-egoeran dauden eta langabezia-prestaziorik eta diru-sarrerak bermatzeko errentarik jasotzen ez duten pertsonak, Euskadiko Osasun Sistema bermatzaile gisa duen banako osasun txartelaren titularrak badira.

d) Aurreko atalean aipatutako aseguratuen onuradunak, Euskadiko Osasun Sistema bermatzaile gisa duen banako osasun txartelaren titularrak badira.

e) Estatuko Osasun Sistemako aseguratu edo onuradun ez izan arren, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan Estatuko Osasun Sistemaren osasun-prestazioak emateko araubideari buruzko ekainaren 26ko 114/2012 Dekretuaren aplikazio-arloan sartzen badira.

2.– Zehapen administratibo edo penala izateagatik diru-laguntzak eta laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu duten pertsonek ezin izango dute lehiaketan parte hartu, jasotako zigorrak ezarritako aldian. Era berean, ez dute parte hartzerik izango horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuren bat dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea aplikatzeak ekarritakoak barne.

3.– Baldin eta pertsona horiek jaso badituzte ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntza batzuk Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren entitate autonomiadunen eskutik, eta laguntza horien inguruko itzulera- edo zigor-prozesuren bat izapidetzen ari bada, prozesu horrek amaituta egon behar du, elkarte horiei diru-laguntza hau esleitzeko edo esleituta dutenei dagokiena ordaintzeko.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu mediko bat betetzeko 2014ko abenduaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko aldian eta 2015eko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era ordaindu behar izan dituzten zenbatekoak itzuliko zaizkie pertsona onuradunei, finantzaketa publikoa jaso dezaketen tratamendu farmakologikoei, eta efektu eta osagarriei dagokienez.

2.– Halaber, itzuliko zaizkie 2015eko ekitaldiko aldi berean ordaindu beharko dituzten zenbatekoak, Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu mediko bat betetzearen ondoriozkoak, finantzaketa publikoa jaso dezaketen produktu dietetikoei dagokienez.

5. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Interesdunek prozedura honen izapide guztiak baliabide elektronikoen bidez eskatu, kontsultatu eta egin ahal izango dituzte; horretarako, administrazioan onartutako sinadura elektronikoko sistemen bitartez identifikatuko dira.

2.– Izapidetze elektronikoa honako hauen bidez dago araututa: zerbitzu publikoetara bitarteko elektronikoen bidez sartzeari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legea; Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua; Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –PLATEA– ezartzen duen dokumentua onartzen duena.

3.– Eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena bide elektronikoen bidez egin ahal izango dira, Eusko Jaurlaritzaren http://www.euskadi.net/misgestiones web-orriaren bidez, hain zuzen ere.

6. artikulua.– Izapidetze erraztua.

1.– Oro har, organo kudeatzaileak, aurkeztu diren eskabideen eta datuak egiaztatzeko berariazko baimena eman duten eskatzaileen arloan ebazteko, behar besteko informazioa badu, bai onuradunari buruz, bai laguntzaren xedea den gastuari buruz, izapidetze erraztuaren bidez kudeatu ahal izango dira deialdi honetan araututako laguntzak.

2.– Beraz, honako pertsona hauek balia dezakete izapidetze erraztua:

a) Gizarte Segurantzan pentsiodun gisa aseguratuta daudenak, urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte eta Euskadiko Osasun Sistema bermatzaile gisa duen banako osasun txartelaren titularrak eta haren onuradunak badira, salbu eta diruz lagundu nahi den gastua Euskadiko Osasun Sistematik kanpo egiten bada, gastu hori ordaintzeko beste eskabide bat egin beharko baita, ohiko prozeduraren bidez (hurrengo artikuluan araututa).

b) Legezko langabezia-egoeran dauden eta langabezia-prestaziorik eta diru-sarrerak bermatzeko errentarik jasotzen ez duten pertsonak, Euskadiko Osasun Sistema bermatzaile gisa duen banako osasun-txartelaren titularrak badira, salbu eta diruz lagundu nahi den gastua Euskadiko Osasun Sistematik kanpo egiten bada, gastu hori ordaintzeko beste eskabide bat egin beharko baita, ohiko prozeduraren bidez (hurrengo artikuluan araututa).

c) Estatuko Osasun Sistemako aseguratuak edo onuradunak izan ez arren, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan Estatuko Osasun Sistemaren osasun-prestazioak emateko araubideari buruzko ekainaren 26ko 114/2012 Dekretuaren aplikazio-arloan sartzen badira.

3.– Egoera horretan dauden pertsonek I. eranskineko eskabide-eredua bete beharko dute. Eskabide horretan, Administrazioari baimena emango zaio eskatzaileak adierazten duen kontuan ordainketa egiteko. Horretarako, lehenago egiaztatu beharko da, batetik, onuraduna nor den, eta bestetik, laguntzaren xedearen gastua egin dela. Eskabidea Osasun Saileko lurralde-ordezkaritzetan eskuratu ahal izango da, bai eta Osakidetzako zentroetan, Zuzenean izeneko Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan ere: http://www.euskadi.net/misgestiones

7. artikulua.– Ohiko Izapidetzea.

1.– Izapidetze errazturik egiterik ez badago, ohiko izapidetzearen bidez kudeatuko dira deialdi honetan araututako laguntzak, aurreko artikuluan xedatutakoarekin bat. Honako egoera hauetan ezin da izapidetze errazturik egin:

a) Eskatzaileak Administrazioari baimenik ematen ez badio gastuari buruzko datuak egiaztatzeko.

b) Diru-laguntzaren xedea den gastua Euskadiko Osasun Sistematik kanpo egiten bada.

c) Izapidetu beharreko eskabideak agindu honetako hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren pertsonei buruzkoak badira.

2.– Kasu horretan, interesdunek, banako osasun-txartelaren bidez edo Euskal Osasun Sistemaren osasun-prestazioak jasotzeko bidea ematen duen dokumentu identifikatzailearen bidez nor diren egiaztatu ondoren, eskabidea aurkeztuko dute, agindu honetako II. eranskineko eredua behar bezala beteta. Eredu horri honako dokumentu hauek erantsiko zaizkio:

a) Onuraduna nor den egiaztatzen duen dokumentazioa.

b) Tratamendu aktiboaren orria edo errezetaren paperezko kopia, laguntzaren xede diren tratamendu medikoen preskripzioak dakartzana.

c) Erositako produktuak ordaindu izanaren egiaztagiriak, non adierazita dauden eskatzaileak dagokion aldian erositako produktuak eta egindako ekarpenak, elektronikoki izapidetu ez diren edo Estatuko Osasun Sistemako langileek agindutako diruz lagundu daitezkeen gastuei dagokienez.

Paperezko euskarrian edo euskarri elektronikoan (PDF formatuan) aurkeztu ahal izango da dokumentazioa.

3.– Eskabide-eredua Osasun Saileko lurralde-ordezkaritzetan eskuratu ahal izango da, bai eta Osakidetzako zentroetan, Zuzenean izeneko Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan ere: http://www.euskadi.net/misgestiones

8. artikulua.– Eskabideen hutsen zuzenketa.

Diru-laguntzetarako eskabide-inprimakiak ez badira guztiz betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio hutsegitea konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Hori egin ezean, eskabidea ukatutzat joko dela adieraziko zaio. Administrazioak eskabide horiei buruzko berariazko ebazpen bat eman eta jakinarazi beharko du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoarekin bat.

9. artikulua.– Izapidetzeko hizkuntza.

Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea eta hari atxikitako dokumentazioa. Eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, halaber, eskabidetik eratorritako ekintzetan eta prozedura osoan, azaroaren 24ko 10/1982 Legearen, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizkoa dena, 6.1 artikuluan xedatzen den moduan.

10. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

1.– Interesdunek nahiko izango dute izapidetze errazturako eskabide bakarra aurkezten badute, deialdi hau indarrean hasi eta 2015eko abenduaren 10a bitartean, edozein unetan. Eskaera horrek eragina izango du aldi osoan eta ez da beharrezko izango aldi bakoitzeko eskaerarik aurkeztea.

2.– Ohiko Izapidetzeari dagokionez, interesdunek gehienez bina eskabide aurkeztu ahal izango dituzte, horietako lehena deialdi hau ondorioak izaten hasten denetik eta 2015eko ekainaren 10a bitartean; eta bigarrena, 2015eko abenduaren 10a bitartean, lehenengoan justifikatu ez diren gastuei dagokienez.

3.– Eskabideak Osasun Saileko lurralde-ordezkaritzetan aurkeztu ahal izango dira, bai eta Osakidetzako osasun-zentroetan, Zuzenean izeneko Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan. Halaber, eskabideak bitarteko elektronikoen bidez izapidetzeko aukera dago, aipatutako euskadi.net webguneko egoitza elektroniko horretan.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariaren ebazpenaren bidez xedatuko da dekretu honetan ezarritako laguntzak pertsona onuradunei aitortzea edota, hala badagokio, ukatzea. Horren berri Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan emango da (www.euskadi.net/egoitza elektronikoa/iragarki-taula), bai eta Osasun Saileko lurralde-ordezkaritzetan eta osasun-zentroetan ere.

2.– Edozein eratako izapideei jarraikiz laguntzak izango duen gastua zehaztu eta gero, laguntzak esleitzeko ebazpenak Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak emango ditu, 2015eko uztailaren lehenengo hamabostaldian eta 2015eko abenduaren bigarren hamabostaldian; eta 2014ko abenduaren 1etik 2015eko 10era arteko eta 2015eko ekainaren 11tik azaroaren 30era arteko aldietan egindako gastuengatik esleitutako laguntzetarako. Ohiko izapideen arabera aurkeztutako eskabideei dagozkien ebazpenek eskabideetan jasotako eskabideekiko koherentziari eutsi beharko diote.

3.– Aurreko paragrafoan esandakoa aintzat hartuz, izapide-modalitateetan eskabidea 2015eko ekainaren 10a baino geroago aurkeztuko balitz, laguntza-aldi guztian onuradunek izandako benetako gastuei dagokienez, eskabideak esleitzeko ebazpen bakarra emango litzateke 2015eko abenduaren bigarren hamabostaldian.

12. artikulua.– Ordaintzeko modua.

Onuradunei laguntzok ordainduko zaizkie, laguntzak onartzen dituen ebazpena argitaratu eta bi hileko epean.

13. artikulua.– Errekurtsoak.

Laguntzak baiesteko edo ezesteko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasuneko sailburuordeari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta hurrengoetan xedatutako moduan eta epean.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzkoa da Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Agindua, zeinaren 5.3 artikuluan xedatzen baita deitutako laguntzen prozedura eta esleipena ebazteko beharrezkoa izango dela kreditu egokia edo nahikoa egotea EAEko 2015eko aurrekontu orokorretan.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Arau honetan ezartzen den 18.000 eurotik beherako urteko errentetako diru-sarreren muga, honako kopuru hauen arabera neurtuko da: 2014ko abenduan egindako gastuei begira, 2012ko ekitaldian likidatutako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) aitorpenaren likidazio-oinarri orokorraren laukian idatzitako diru-kopuruaren arabera; eta 2015eko ekitaldian egindako gastuei begira, 2013ko ekitaldian likidatutako PFEZren aitorpenaren likidazio-oinarri orokorraren laukian idatzitako diru-kopuruaren arabera.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako pertsonek II. eranskineko eredua bete beharko dute eskabidea izapidetzeko, ohiko izapidetzeari jarraikiz. Horretarako, MUFACEk, MUGEJUk edo ISFASek kudeatutako Gizarte Segurantzako araubide berezien titularrak izan beharko dute, eta 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten pentsiodunak (klase pasiboak) ere bai, horien bermatzailea Estatuko Osasun Sistema bada; haien onuradunak ere bete beharko dute eredu hori, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta badaude, eta aipatuta badaude zenbait biztanle-talde agindutako mediku-tratamenduetara atxikitzeko bideratutako laguntzak arautzeko azaroaren 19ko 447/2013 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriaren 1. eta 2. idatzi-zatietan.

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau ere aurkeztu behar da:

a) Pentsiodun egoera (Klase pasiboetakoa edo Erregimen Orokorrekoa) egiaztatzen duten agiri ofizialen kopiak, eta MUFACEk, MUGEJUk edo ISFASek kudeatutako Gizarte Segurantzako araubide berezietako afiliazioa edo horien onuradun pentsiodunarena.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta dagoela ziurtatzen duen agiria.

c) 2012. eta 2013. urteetako PFEZren aitorpenen kopia edo diru-sarrera gutxi izateagatik errenta-aitorpena egin beharrik ez duela egiaztatzen duen ziurtagiria.

d) Hartzen ari den tratamenduaren orria edo errezetaren paperezko kopia, laguntzaren xede diren tratamendu medikoen preskripzioak dakartzana.

e) Erositako produktuak ordaindu izanaren frogagiriak, non adierazita dauden eskatzaileak, dagokion aldian, erositako produktuak eta egindako ekarpenak, elektronikoki izapidetu ez diren edo Estatuko Osasun Sistemako langileek agindutako diruz lagundu daitezkeen gastuei dagokienez.

3.– Kasu horietan, eskabideak 10. artikuluan aipatutako epean eta tokietan aurkeztuko dira.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honetan xedatuta ez dagoenari honako hau aplikatuko zaio: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina; agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzen dituen azaroaren 19ko 447/2013 Dekretua, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

2015eko otsailaren 2tik aurrera izango ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko urtarrilaren 21a.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala