Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

18. zk., 2015eko urtarrilaren 28a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
407

13/2014 FORU ARAUA, azaroaren 17koa, Toki Administrazioaren arrazionalizazio eta iraunkortasun neurriak Gipuzkoako Lurralde Historikoan aplikatzeko foru berezitasunari buruzkoa.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «13/2014 FORU ARAUA, azaroaren 17koa, Toki Administrazioaren arrazionalizazio eta iraunkortasun neurriak Gipuzkoako Lurralde Historikoan aplikatzeko foru berezitasunari buruzkoa»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2014ko azaroaren 17a.

Diputatu Nagusia,

MARTIN GARITANO LARRAÑAGA.

HITZAURREA

I.– Toki Administrazioaren arrazionalizazio eta iraunkortasunari buruzko 2013ko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak oinarrizko aldaketa bat ekarri du toki entitateei aplikatzekoa den markoan, lau xede hauek lortzeko asmoz, bere hitzaurrean azaltzen duenez: udal eskumenak argitzea, hartara bikoiztasunak saihesteko; Toki Administrazioaren antolakuntza egitura arrazionalizatzea, eraginkortasunaren, egonkortasunaren eta iraunkortasun finantzarioaren printzipioei jarraikiz; finantzen eta aurrekontuen kontrol zorrotzagoa bermatzea; eta ekimen ekonomiko pribatua sustatzea, administrazioen neurriz kanpoko esku-hartzeak saihestuz.

Egiatan, erreforma horrek nabarmen ahultzen du toki autonomia, hau da: toki entitateek duten egiazko eskubide eta ahalmena gai publiko ugari antolatu eta kudeatzeko, betiere Legearen barruan, beren ardurapean eta herritarren mesedetan (Toki Autonomiaren Europar Gutunaren 3. artikulua). Izan ere, 27/2013 Legeak autonomia gutxiago dakarkie toki entitateei, eta handiagoak dira kanpoko kontrola, esku-hartzea edo tutoretza.

Eskumenek eta finantzazioak definitzen dute toki autonomia, hau da: toki botere publikoak eta eskumen horiek gauzatzeko eskura dituen baliabideak. Bada, lege horrek bi horien harremana irauli egiten du; eta, ondorioz, toki entitateen jarduteko ahalmena eskura dituzten baliabideen mendean geratzen da: «autonomoa zara finantzarioki nahiko baliabide dituzun neurrian». Are gehiago: toki entitateen jarduteko ahalmena murrizten da, nahiz eta horretarako behar beste baliabide izan. Horrenbestez, errotik murrizten da toki entitateak herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuen kopurua, izanik hura herritarrengandik gertuen dagoena eta, ondorioz, izanik herritarren jomuga, dela arazoak konpontzeko, dela beharrak asetzeko. Lege horretan, lehentasuna dute aurrekontu egonkortasunak eta finantza iraunkortasunak, eta biltzen dituen neurri guztiak joera horren isla dira; aitzitik, alde batera uzten ditu, eta murriztu ere egiten ditu, Toki Autonomiaren Europar Gutunaren printzipioak, nahiz eta gutun hori barne zuzenbidea eta toki araubideko legeak barneratzeko eta interpretatzeko lehentasunezko iturri izan.

Dena dela, 2013ko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak Euskal Autonomia Erkidegoaren berezitasunak jasotzen dituzten hiru xedapen ditu, foru lurraldeen eskubide historikoekin eta Autonomia Estatutuarekin lotzen direnak. Xedapen horiek jarduera eremu bat osatzen dute, eta haren gainean erabaki behar dute hemengo erakunde eskumendunek.

2013ko abenduaren 27ko 27/2013 Legearen 1.34 artikuluak, horrela, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 1985eko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen bigarren xedapen gehigarria aldatzen du, «euskal foru araubideari» buruzkoa; eta araubide horretatik datozen 7/1985 Legea aplikatzeko salbuespenen zerrenda eta intentsitatea handitzen ditu, hartara 27/2013 Legeak dakartzan berrikuntzetara moldatuz. Berariaz onartzen da ezen foru berezitasunak lurralde historikoetako toki entitateen berezitasun historikoei eragiten diela eta lurralde historikoek horiek babestu eta bermatu egin behar dituztela; eta, Ekonomia Itunaren sistemaren barruan eta euskal udalerrientzat itun horrek eratzen duen araubide ekonomiko-finantzarioaren barruan, tutoretza finantzarioaren funtzioak eta ahalmenak ematen dizkie foru erakundeei; orobat ematen dizkie zerbitzu publikoen kostu efektiboa kalkulatzeko irizpideak garatzeko eskumena; plan ekonomiko-finantzarioak formulatzeko eta onartzeko arauak zehazteko eskumena; kontuak aurkezten ez dituzten toki entitate txikiak desegiteko akordioa hartzeko eskumena; eta toki korporazioetako kideen, behin-behineko langileen eta toki korporazioen nahiz horien sektore publikoaren zerbitzura dauden gainerako langileen eta gaikuntza nazionala duten funtzionarioen ordainsarien eta asistentzien gehieneko kopuruen mugak ezartzeko eskumena.

2013ko abenduaren 27ko 27/2013 Legearen 2.4 artikuluak, berriz, berridatzi egiten du Toki Ogasunak arautzen dituen Legearen testu bateginaren zortzigarren xedapen gehigarria, «euskal foru araubideari» buruzkoa hori ere. Berrikuntza gisa, berariaz jasotzen du euskal erakundeek, dagozkien eskumen esparruetan, eskumenak esleitu ahal izango dizkietela euskal udalerriei, «berezko eskumen» gisa esleitu ere; xedatzen du foru organoek jasoko dituztela 193 bis eta 218. artikuluetan aurreikusten diren txostenak (biltzen ezinezko edo zailak diren eskubideei buruzkoa lehena; eta desadostasunak ebazteari buruzkoa bigarrena); orobat, zortzigarren xedapen gehigarri horri jarraikiz, foru organoen eskumena izango da toki entitateekin hitzarmenak sinatzea kontu-hartze organoen eta ekonomia-kudeaketaren eta aurrekontu-kudeaketaren organoen autonomia eta eraginkortasuna indartzeko.

Azkenik, 2013ko abenduaren 27ko 27/2013 Legearen lehen xedapen gehigarriak, «Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatu beharreko araubideari» buruzkoak, klausula orokor bat dauka, lege hori ez aplikatzea xedatzen duena baldin eta lehian sartzen bada Euskal Herriaren Autonomia Estatutuarekin eta foru lurraldeen eskubide historikoak eguneratzen dituzten gainerako arauekin; eta, orobat, foru aldundiei ematen die 20.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan eman edo ezarri beharreko gutxieneko zerbitzuen prestazio modua erabakitzeko eskumena.

II.– Beraz, foru arau honek xede du zehaztea noraino iristen den foru berezitasuna estatuko legeak ezarritako arrazionalizazio eta iraunkortasun neurriak aplikatzeko orduan; eta araudi propioa garatzea Gipuzkoako udalerriek lortutako toki autonomia altua babesteko eta bermatzeko, izanik gurea udal tradizio handiko eremua. Dena dela, ez dira hemen amaitzen euskal toki araubidearen inguruan euskal erakundeei aitortutako berezitasunak; baina horien garapena Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunei dagokie, zain gauzkan Udal Legearen bidez.

Foru arau honen abiapuntu da guztiz aitortzea eta aplikatzea Toki Autonomiaren Europar Gutunaren 3. artikuluan jasotzen den toki autonomiaren kontzeptua eta haren oinarri diren printzipioak; bereziki, gehieneko gertutasunaren edo subsidiariotasunaren printzipioa –hau da, eskumen publikoak herritarrengandik gertuen dauden agintariei dagozkiela oro har (4.3 artikulua)–, eskumen esleituen finantzazio proportzionalaren printzipioa (9.2 artikulua) eta autoantolakuntzako printzipioa edo ahala.

Gipuzkoako toki araubideak badu foru berezitasunik; izan ere, bertako udalerriek autonomia maila altua dute, eta autonomia hori Ekonomia Itunetik datorren udal finantzazioaren sistema propioan oinarritzen da.

Foru arau honek foru berezitasun horretara ekartzen ditu estatuko legeak toki entitateei ezartzen dizkien arrazionaltasun eta iraunkortasun neurriak; eta helburu irmoa du neurri horien eragina neutralizatzea edo malgutzea, foru eskumenek eskaintzen dituzten aukeren arabera.

Horrela, foru arauaren 1. artikuluak honela ekartzen ditu toki araubideko foru sistemaren berezitasunak:

● Ekonomia Itunetik datozen foru eskumenek ahalbidetzen dute Gipuzkoako udalerriei erabateko autonomia bermatzea, hartara eraginkorki esku har dezaten auzotarren interes eta nahiei eragiten dieten auzietan, finantzazio nahikoaren bidez. Beraz, finantzazioa toki autonomia aitortzearen ondorioa da, ez toki autonomiaren aurre baldintza bat.

● Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak (10.1 eta 37.3 artikuluetan) eta Autonomia Erkidego osorako erakundeen eta bere Lurralde Historikoetako foru erakundeen arteko harremanak arautzeko 1983ko azaroaren 25eko 27/1983 Legeak –7.a.3) artikuluan– foru eskumen osoa aitortzen dute lurralde eremuko udal eta udalez gaindiko mugapenen inguruan. Eskumen hori bi foru arau hauen bidez gauzatu da gure lurraldean: Gipuzkoako udal barrutiak erregulatzeko 2003ko martxoaren 17ko 2/2003 Foru Araua, zeinak xedapen espezifikoak jasotzen baititu toki entitate txikiei buruz eta udalerriak sortzeari, batzeari eta bereizteari buruz, besteak beste; eta 2007ko apirilaren 10eko 6/2007 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalez gaindiko erakundeak –zehazki, mankomunitateak, kontsortzioak eta partzuergoak– arautzen dituena.

Araudi propio horrek babestu eta bermatu egiten ditu Gipuzkoako toki entitateen berezitasun historikoak, eta oreka bat bilatzen du honako hauen artean: batetik, izaera propio edo historikoen sentimendu eta nahiak; eta, bestetik, finantza iraunkortasuna, baliabide nahikotasuna eta herritarrei ematen zaien zerbitzuen kalitatea bermatzeko beharra. Horrela, udalerri txiki askok osatzen duen lurraldea izanik gurea (2013ko datuen arabera, 88 udalerrietatik 45ek 2.000 biztanle baino gutxiago dituzte; eta, horien artean, 32k 1.000 baino gutxiago), aipatu oreka modu honetan lortzen da: errealitate horri erreparatzen dion gutxieneko biztanle kopuru bat eskatzen da udalerri berriak sortzeko; orobat, udalerria bera baino lurralde eremu txikiagoa duten entitateak izaera juridikoa duten toki entitate gisa arautzen dira, hartara auzotarren nahia eta parte-hartzea bideratzeko, nahiz eta nahikoak izan ez udalerri bat sortzeko; eta, azkenik, udalerriak elkartzea indartzen eta sustatzen da mankomunitateen bidez, zerbitzu jakin batzuk bakarka eman ezin dituzten udalerri txikien beharrei erantzuteko formularik egokiena izaki. Horrela, kalitatezko zerbitzuak modu arrazionalago eta merkeagoan ematea bermatzen da; eta gainera lurralde oreka ere ziurtatzen da gizartearen eta ekonomiaren garapenaren ikuspuntutik.

Beraz, 1985eko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen bigarren xedapen gehigarriari eta 2013ko abenduaren 27ko 27/2013 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari jarraikiz, 2/2003 Foru Arauan ezarritako arauketak estatuko aurreikuspen berrien aplikazioa desplazatzen du udalerria baino lurralde eremu txikiagoko entitateei dagokienez eta udalerriak sortzeari, ezabatzeari eta batzeari dagokienez.

Gipuzkoako mankomunitateei dagokienez, berriz, udalerriek dituzten eskumen mota guztiak eduki eta gauza ditzakete. Mankomunitateak udalerriek duten autoantolatzeko ahalmenaren isla dira; eta ahalmen hori, berriz, toki autonomiaren printzipioaren adierazpen bat da. Mankomunitatearen xedeak zehatza izan behar du, eta ez ditu hartu behar kide diren udalerrien eskumen guztiak; baina xedearen beste edozein muga edo murrizketa toki autonomiaren kontra doa, baita Toki Autonomiaren Europar Gutunak onartzen duen elkartzeko eskubidearen aurka ere (10. artikulua).

III.– Ekonomia Itunak ematen dizkigun eskumen guztiak gauzatze aldera, foru arau honen 2., 3., eta 4. artikuluek foru berezitasuna garatzen dute toki entitateen aurrekontuei, eremu ekonomiko-finantzarioari eta tutoretza finantzarioari dagokienez.

2. artikuluak aldatu egiten du 2013ko otsailaren 8ko 1/2013 Foru Araua, Gipuzkoako toki entitateen aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren alorretan finantza tutoretzaren eskumena garatzen duena. 2013ko abenduaren 27ko 27/2013 Legean aurreikusitako neurriak jasotzeko egiten da aldaketa hori. Izan ere, lege horrek helburu nagusi du, hitzaurrean dioen bezala, Toki Administrazioaren oinarrizko araudia aurrekontu egonkortasunari eta finantza iraunkortasunari buruzko 2012ko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren printzipio eta aginduetara moldatzea.

Horrela, plan ekonomiko-finantzarioak arautzen dira edukiari, tramitazioari eta onarpenari dagokienez; eta aurreikusten da, kasu jakin batzuetan, plan horiek ordeztea entitatearen udalbatzarrari edo organo baliokideari zuzendutako komunikazio baten bidez. Horren inguruan, batetik, arautzen da ezen entitate jakin bat ez dagoela plan hori onartzera behartuta baldin eta egoera osasuntsuan badago eta bete ez duen gauza bakarra gastuaren araua bada; eta, bestetik, malgutasun neurriak sartzen dira planaren edukian, hartara udal autonomia babesteko.

Ondoren, entitateen betekizun bat arautzen da, hain zuzen, zerbitzu publikoen kostu efektiboa jakinaraztea, hori kalkulatzeko Foru Aldundiak emango dituen irizpideei jarraikiz. Irizpide horietan kalitate adierazleak eta zuzenketa faktoreak sartuko dira eta foru aginduz garatzeko uzten dira. Gainera, 20.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietan gutxieneko zerbitzu jakin batzuk koordinatzearen inguruan, foru erregimen propioak araudi komunean sartzen dituen berezitasunak jasotzen dira, hala nola: ekimena udalbatzarrak edo organo baliokideak edukitzea; eskualde edo lurralde mailan dauden kudeaketa partekatuko formulek lehentasuna izatea; eta udalerriak adostasun beharrezko eta ezinbestekoa ematea.

Toki entitateen plan ekonomiko-finantzarioekin eta aurrekontu egonkortasunari eta finantza iraunkortasunari buruzko gainerako araudiarekin duen harreman estua dela-eta, 2013ko otsailaren 8ko 1/2013 Foru Arauan jaso da 1985eko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarri berrian aurreikusten diren toki sektore publikoa birdimentsionatzeko neurrien aplikazioaren inguruko foru berezitasunaren arauketa. Nabarmentzekoa da, horren inguruan, mankomunitateek ere 1985eko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 3.1 artikuluan jasotzen diren entitateei ematen zaien tratamendu berdina jasoko dutela; atenporalak izango direla superabita, oreka finantzarioa edo emaitza positiboen helburuen jarraipena, eta bete ezean hartu beharreko neurriak; eta foru arauan bertan ezartzen diren irizpideei jarraikiz egiaztatu edo balioetsi beharko direla helburuak. Halaber, entitateak desegiteko eta likidatzeko neurriak salbuespenez atzeratzeko aukera jasotzen da: neurri horiek bilatzen dutenaren kontrako ondorioa gertatzeko arriskua, benetan gerta daitekeena, dagoen kasuetan.

IV.– Foru arau honen 3. artikuluak aldatu egiten du 2003ko abenduaren 19ko 21/2003 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko toki entitateen aurrekontuei buruzkoa. Aldaketa horren arrazoiak bat baino gehiago dira. Batetik, Gipuzkoan, Toki Administrazioaren foru berezitasunari erreparatuta aplikatu behar da 27/2013 Legea. Zentzu horretan, beharrezkoa da aurrekontu programen figurak programa funtzionalen figura ordeztea; izan ere, gastuen aurrekontua eta kontabilitatea behar bezala egiteko, udalerrien eskumen sistema berriarekiko egokiagoa da figura hori, hartara udal zerbitzuen kostua kalkulatzeko eta gastuen kudeaketa arrazional eta iraunkorrak eskatzen duen informazioa emateko. Bestalde, udalek edo mankomunitateek aurrekontuen likidazioa epean bidali ezean, kontu publikoen gardentasunaren mesedetan disuasio neurri hau ezartzen da, zeina jada aplikatzen baita beste lurralde eremu batzuetan: foru funtsaren edo diru laguntzaren portzentaje baten atxikipena, hurrenez hurren. Gainera, sektore publikoan zor komertziala kontrolatzeari buruzko 2013ko abenduaren 20ko 9/2013 Lege Organikoa indarrean sartzearen ondorioz, hartzekodunei ordaintzeko epea kalkulatzeko erregulazioa eta diruzaintza plana jasotzen dira. Kontu-hartze organoei dagokienez, berriz, egindako kontrolen txosten bat urtero bidali beharra ezartzen da, eta etorkizunean garatzeko uzten da Foru Aldundiaren esku-hartzea gatazkak ebazteko, tutoretza administrazio den neurrian.

Gainerakoan, 21/2003 eta 1/2013 Foru Arauek udalbatzarraren edo toki entitatearen organo baliokidearen eskuetan uzten dituzte aurrekontuak eta plan ekonomiko-finantzarioak onartzeko ardura eta eskumena, beti eta salbuespenik gabe, betikoari eutsiz; hau da, eskumen hori beste organo baten eskuetan uzteko aukera aurreikusi gabe.

V.– Foru arau honen 4. artikuluak 1989ko uztailaren 5eko 11/1989 Foru Araua aldatzen du, Gipuzkoako Toki Ogasunena. Izan ere, udalen eta mankomunitateen mendeko sozietate publikoak eta beste erakunde batzuk sartzen ditu tutoretza finantzarioaren aplikazio eremuan. Kontuen Europako Sistemaren arabera herri administrazioen taldean sailkatutako entitateei gainetik dituzten udalei eta mankomunitateei ematen zaien tratamendu berdina emango zaie; sozietate ez finantzarioen kasuan, berriz, kreditu operazioak gauzatzeko, aski izango da udalbatzarrak edo organo baliokideak onartzea eta Foru Aldundiari jakinaraztea.

VI.– Foru arau honen 5. artikuluak zehazten du Gipuzkoako Lurralde Historikoko aurrekontu orokorren foru arauak ezarriko dituela, ekitaldi bakoitzean, toki korporazioetako kideen ordainsarien eta asistentzien gehieneko muga totalak. Halaber, aukera ematen du urteroko arau horren bidez zehazteko Toki Administrazioaren eta bere sektore publikoaren zerbitzupeko langileen ordainsarien gehieneko eta gutxieneko mugak.

6. artikuluak, berriz, labur-labur arautzen ditu bikoiztasun ezari eta finantza iraunkortasunari buruzko nahitaezko txosten lotesleak eskatu eta egitearen inguruko gaiak; hain zuzen, txosten horiek 1985eko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 7.4 artikuluak aipatzen ditu, udalerriek berezkoez eta eskuordetzeaz esleitutakoez bestelako eskumen berriak gauzatu nahi dituzten kasurako.

VII.– Foru arauaren azken zatian, xedapen gehigarri bakarrak hartzekodunei ordaintzeko mekanismo berezi bat aurreikusten du, salbuespen gisa eta denbora muga batekin, toki entitateen iraunkortasuna errazteko neurri modura. Haren arabera, toki entitateek kreditu operazioak egin ditzakete; eta baldintzak ezartzen dira mekanismo hori erabiltzeko.

Foru araua amaitzen da arauak emateko ahalmenari eta indarrean jartzeari buruzko ohiko xedapenekin.

1. artikulua.– Toki araubideko foru sistemaren berezitasuna.

1.– Foru arau honen xedea da finkatzea noraino iristen den foru sistemaren berezitasuna Gipuzkoako Lurralde Historikoko Toki Administrazioari dagokionez; eta, beraz, zehaztea berezitasun horrek nola mugatzen duen estatuko araudian jasotako Toki Administrazioaren arrazionalizazio eta iraunkortasun neurrien aplikazioa.

2.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru organoek udalerriei autonomia osoa bermatuko diete, horiek herritarren interes eta asmoekin lotutako arazoetan eraginkortasunez esku hartu dezaten, muga bakarra efikaziari, efizientziari eta administrazio onari buruzko printzipioen errespetua izanik, eta betiere aurrekontu egonkortasunari eta finantza iraunkortasunari buruzko foru araudiari estu lotuta. Horretarako, eta Toki Autonomiaren Europar Gutunaren 9.2 artikuluan jasotakoaren arabera, toki entitateen finantzaketa udalerriei esleitutako eskumenekiko proportzionala izatea bermatuko dute.

3.– Toki Autonomiaren Europar Gutunaren 4.3 artikuluan jasotako subsidiariotasun printzipioari jarraituz, Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalerriek indarrean dagoen foru araudi sektorialean esleitutako eskumenak erabiltzen jarraituko dute.

Era berean, printzipio horrekin berarekin bat, foru arau sektorialek udalerriei eskumen berriak eman ahal izango dizkiete, berezkoak balira bezala, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko 1985eko apirilaren 2ko 7/1985 Legeak 25. artikuluaren 3., 4. eta 5. apartatuetan jasotako irizpideei jarraituz.

4.– Gipuzkoako udalerriek mankomunitatearen formula erabili ahal izango dute beren eskumenak gauzatzeko, horiek berezkoak izan, eskuordetzan hartuak izan edo berezkoez eta eskuordetzan hartutakoez bestelakoak izan. Horrenbestez, udalerrien eskumenekin bat datozen zerbitzu eta jarduera guztiak ematen jarraitu ahal izango dute Gipuzkoako mankomunitateek, udalerriek elkartze formula horren bidez eskaintzea borondatez erabakitzen duten heinean.

5.– 1985eko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen bigarren xedapen gehigarrian eta Toki Administrazioaren arrazionalizazio eta iraunkortasunari buruzko 2013ko abenduaren 27ko 27/2013 Legearen lehen xedapen gehigarrian jasotakoaren arabera, Gipuzkoako Lurralde Historikoan udalerrien sorrerak eta desagerpenak nahiz udal mugarteen aldaketek jarraitzen diote Gipuzkoako udal barrutiak erregulatzen dituen 2003ko martxoaren 17ko 2/2003 Foru Arauari edo foru arau hura aldatzeko edo ordezteko Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartzen duten araudiari.

Era berean, udalerria baino lurralde eremu txikiagoko entitateen araubide juridikoa foru arau horretan dago jasota, eta nortasun juridiko propioa duen toki entitate izaera aitortzen die entitate horiei.

2. artikulua.– Aldatzea 2013ko otsailaren 8ko 1/2013 Foru Araua, Gipuzkoako toki entitateen aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren alorretan finantza tutoretzaren eskumena garatzen duena.

Modu honetan aldatzen da 2013ko otsailaren 8ko 1/2013 Foru Araua:

Bat.– Honela idatzita gelditzen da 5. artikuluaren 1. apartatua:

«1. Ez bada betetzen aurrekontu egonkortasuneko helburua, zor publikoko helburua edo gastu araua, plan ekonomiko-finantzario bat egin beharko da, jarduneko ekitaldian edota hurrengoan helburu horiek edo gastu araua bete ahal izateko».

Bi.– 4. eta 5. apartatuak gehitzen zaizkio 5. artikuluari; hona hemen beren edukia:

«4. Era berean, gastu araua betetzen ez duten entitateek, planaren ordez, komunikazio bat aurkeztu diezaiokete Udalbatzarrari edo organo baliokideari, Kontu-hartzailetzako organoak sinatuta, entitatearen finantza iraunkortasuna aztertu, ebaluatu eta egiaztatuko duena, aldi berean baldintza hauek guztiak betetzen badituzte:

a) Aurreko urteko ekitaldiaren likidazioan edo, horren ezean, bere aurreikuspenean, gastu orokorretarako diruzaintza gerakina eta aurrezki garbia positiboak izatea.

b) Urteko zor publikoko helburua betetzea.

c) Urteko defizit helburua betetzea edo, hala badagokio, ez betetzearen arrazoia diruzaintza gerakinaren erabilpena izatea.

5. Foru arau honen 3. artikuluan jasotako Diputatuen Kontseiluaren erabakian zehaztu ahal izango dira aurrekontu egonkortasunari, finantza iraunkortasunari edo gastu arauari buruzko helburuetan gerta daitezkeen gehieneko desbideratzearen mugak, hain zuzen plan ekonomiko-finantzario bat egiteko betebeharretik salbuesten dutenak».

Hiru. 5 bis artikulu berri bat gehitzen da; hona hemen bere edukia:

«5 bis artikulua. Plan ekonomiko-finantzarioa.

1. Plan ekonomiko-finantzarioak entitateko Udalbatzarrari edo organo baliokideari aurkeztuko zaizkio gehienez hilabeteko epean, ez-betetzea egiaztatzen denetik aurrera. Plan horiek Udalbatzarrak edo organo baliokideak onartu beharko ditu gehienez bi hilabeteko epean, horiek aurkezten direnetik aurrera, eta hiru hilabete igaro baino lehen abiatu beharko dira ez-betetzea egiaztatzen denetik aurrera.

2. Onartutako plan ekonomiko-finantzarioak Gipuzkoako Foru Aldundiari bidaliko zaizkio, horrek jarraipena egin diezaien. Zuzenbidezko 75.000 biztanle edo gehiago dituzten udalerrien plan ekonomiko-finantzarioak Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu beharko ditu behin betiko, gehienez 2 hilabeteko epean, aurkezten direnetik kontatzen hasita. Epea igaro eta ebazpenik jakinarazten ez bada, ulertuko da plan ekonomiko-finantzarioa behin betiko onartuta dagoela.

3. Foru arau honetako 1.2.a) artikuluan jasotako entitateen banakako planak bateratuta lortuko da plan ekonomiko-finantzarioa, eta entitatearen aurrekontuen moduan emango dira argitara.

4. Plan ekonomiko-finantzarioak gutxienez informazio hau izango du:

a) Jasotako helburua edo, hala badagokio, gastu araua ez betetzearen arrazoiak.

b) Sarrera eta gastuen joerari buruzko aurreikuspenak, zerga eta gastu politikak aldatzen ez direla pentsatuta.

c) Planean jasotako neurrien deskripzioa, kuantifikazioa eta aplikazio egutegia, haiek kontabilizatzeko erabiliko diren aurrekontu partidak edo aurrekontuz kanpoko erregistroak adierazita.

d) Planaren abiapuntu diren ekonomia eta aurrekontu aldagaiei buruzko aurreikuspenak; bai eta aurreikuspen horiek egiteko oinarri moduan erabilitako kasuak ere.

e) Sentsibilitate azterketa bat, ordezko eszenatoki ekonomikoak kontuan hartuta.

5. Artikulu honen 1. eta 2. apartatuetan jasotakoa eragotzi gabe, Gipuzkoako Foru Aldundiak behar den informazio osagarria eskatu ahal izango du, 30 eguneko epean plana jasotzen denetik aurrera; eta, hala badagokio, neurri osagarriak hartzeko aukera baloratu ahal izango du, besteak beste honako hauek:

a) Toki entitateak garatzen dituen eskumenen iraunkortasuna bermatzen duten neurriak, betiere berezko eskumenak eta eskuordetzeaz erabilitakoak ez direnak.

b) Toki entitateak ematen dituen derrigorrezko zerbitzuen kudeaketa integratua edo koordinatua, bere kostuak murrizteko.

c) Toki entitateak ematen dituen derrigorrezko zerbitzuak finantzatzeko sarreren gehikuntza.

d) Antolaketaren arrazionalizazioa».

Lau.– 5 ter artikulu berri bat gehitzen da; hona hemen bere edukia:

«5 ter artikulua. Zerbitzuen kostu efektiboa.

1. Toki entitate guztiek, urte bakoitzeko azaroaren 1a baino lehen, eskaintzen dituzten zerbitzuen kostu efektiboa kalkulatuko dute aurrekontu orokorraren likidazioan jasotako datuak oinarritzat hartuta; eta, hala badagokio, beraiei lotutako entitateek edo menpeko entitateek onartutako urteko kontuak kontuan hartuta, betiere aurreko lehen ekitaldiari dagozkionak.

2. Zerbitzuen kostu efektiboa kalkulatzean, kontuan hartuko dira zerbitzuen zuzeneko eta zeharkako benetako kostuak, aurreko apartatuan jasotako gastuen exekuzio datuei jarraituz. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuak kostuen kalkulurako irizpideak finkatuko ditu, bere titularraren foru aginduaren bidez; besteak beste, kalitate adierazleak eta udalerriaren edo zerbitzuaren ezaugarrien arabera aplikatzekoak diren zuzenketa faktoreak egongo dira.

3. Toki entitate guztiek zerbitzu bakoitzari dagozkion kostu efektiboak jakinaraziko dizkiote Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta horrek jarraipena egin eta argitaratuko ditu.

4. 20.000 biztanletik beherako udalerrietan, baldin eta kostu efektiboen jarraipenaren ondorioz atzematen badu kudeaketa efizienteago bat egiteko neurriak hartu behar direla, Gipuzkoako Foru Aldundiak honako zerbitzu hauen prestazioa koordinatu ahal izango du:

a) Hondakinen bilketa eta tratamendua.

b) Edateko uraren etxeko hornidura eta hondakin uren ebakuazioa eta tratamendua.

c) Kale garbiketa.

d) Biztanle guneetako sarbideak.

e) Hiri bideen zoladura.

f) Herriko argiteria.

Zerbitzuak modu koordinatu batean emateko, ezinbestekoak izango dira eragindako udalaren berariazko adostasuna eta eskaera.

Koordinazio hori lehendik lurraldean dauden kudeaketa partekatuko bideak erabiliz gauzatuko da nagusiki; zehazki, mankomunitate eta kontsortzioen bidez".

Bost.– 9. artikulu berri bat gehitzen da, honako eduki hau duena:

«9. artikulua. Birdimentsiona»ze neurriak Gipuzkoako toki sektore publikoari aplikatzeko berezitasuna.

Toki Araubidearen Oinarriei buruzko 1985eko apirilaren 2ko 7/1985 Legeak bederatzigarren xedapen gehigarrian jasotako birdimentsionatze neurriak berezitasun hauen arabera aplikatuko dira Gipuzkoan:

1. Mankomunitateek lege horretako 3.1 artikuluko entitateen tratamendu bera izango dute.

2. Bederatzigarren xedapen gehigarri horren 1. eta 2. apartatuetan aipatutako aurrekontu egonkortasuneko eta zor publikoko helburuak bete ote diren ebaluatzeko, foru arau honetan jasotako irizpideei jarraituko zaie. Horrenbestez, 5. artikuluan jasotako plan ekonomiko-finantzarioa prestatzeko betebeharraren salbuespenak lehenago aipatutako 1. eta 2. apartatuetan ezarritako debekuei ere aplikatuko zaizkie. Era berean, ondare ekarpenak egiteko debekua ez da aplikatuko horiek entitate nagusiaren plan ekonomiko-finantzarioan espresuki jasota badaude.

3. Ondare ekarpentzat hartzen dira toki entitateen gastuen egoeraren 8. kapituluan jasotakoak.

4. Bederatzigarren xedapen gehigarriaren 2. eta 4. apartatuetan aipatutako superabitari, oreka finantzarioari edo ustiapen emaitza positiboei buruzko helburuak betetzeko nahiz betetzen ez direnerako jasotako neurriak hartzeko betebeharrek izaera iraunkorra izango dute. Horretarako, helburuak bete izana urtero egiaztatu beharko da ekitaldia ixtean.

5. Salbuespen moduan, Udalbatzarraren edo organo baliokidearen erabaki bidez, entitateak desegin eta likidatzeko aurreikusitako neurriak geroratu ahal izango dira, baldin eta horiek hartzeak kalte handiagoa badakar ez hartzeak baino, toki ogasunaren multzoaren finantza iraunkortasuna arriskuan jartzeagatik. Era berean, aipatutako neurri horiek geroratu ahal izango dira ustiaketa-emaitza negatiboaren jatorriak ez badu entitatearen bideragarritasuna arriskuan jartzen etorkizunean.

Zirkunstantzia horiek Kontu-hartzailetzako organoaren txosten baten bidez frogatu beharko dira, eta Foru Aldundiaren adostasuna beharko dute».

Sei.– 10. artikulu berri bat gehitzen da, honako eduki hau duena:

«10. artikulua. Sozietateen eta enpresa-entitate publikoen sorrera.

Enpresa-entitate publikoen bidez edo titulartasun publikoko kapital sozialeko merkataritzako toki sozietateen bidez zuzenean kudeatu ahal izango dira zerbitzu publikoak, bakarrik baldin eta memoria justifikatzaile baten bidez frogatzen bada iraunkorragoa eta efizienteagoa dela kudeaketa modu hori, betiere errentagarritasun ekonomikoari eta inbertsioa berreskuratzeari buruzko irizpideak kontuan hartuta. Horretarako, memoriarekin batera Kontu-hartzailetzako organoaren txostena aurkeztuko da, proposamenen finantza iraunkortasuna baloratuko duena.

Gipuzkoako Foru Aldundiari artikulu honetan aipatutako entitateen sorreraren berri eman beharko zaio».

3. artikulua.– Aldatzea 2003ko abenduaren 19ko 21/2003 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko toki entitateen aurrekontuei buruzkoa.

Modu honetan aldatzen da 2003ko abenduaren 19ko 21/2003 Foru Araua:

Bat.– Kendu egiten dira 1. artikuluaren 3. eta 4. paragrafoak.

Bi.– Honela idatzita gelditzen da 49. artikuluaren 5. apartatua:

«5. Toki entitateek beren aurrekontuen likidazioaren kopia bidaliko diote Foru Aldundiari, apirila bukatu baino lehen. Aldundia kopia hori administrazio eskudunei bidaltzeaz arduratuko da.

Aurreko paragrafoan aurreikusitako obligazioa betetzen ez duten toki entitateei, Foru Aldundiak errekerimendua bidaliko die. Errekerimendu hori eginda ere bidaltzeko obligazioa betetzen ez bada, Foru Aldundiak, toki entitatearen entzunaldia bermatzen duen espedientea izapidetu ondoren, udalei eta mankomunitateei atxiki ahal izango die, hurrenez hurren, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa dela-eta emandako diru kopuruen % 25 edo jasotzen dituzten diru laguntzen % 25. Horretarako, kontuan hartuko da kuotak ordaintzeko dataren aurreko hilabetearen azken egunean zein den informazioa bidaltzeko obligazioen betetze-maila. Atxikipen horrek ezingo du inola ere eragotzi langileei ordainketak egitea, ezta derrigorrezko zerbitzu publikoei dagozkienak ere.

Haiei atxikitako diru kopuruak aurrekontuz kanpoko kontuari egotziko zaizkio.

Toki entitateak bere informazio betebeharrak erregularizatzeak berekin ekarriko du atxikitako kopuruak ondorengo hilabetean ordaintzea.

Baldin eta eragindako udalek edo mankomunitateek arrazoi bidez frogatzen badute apartatu honetan aipatutako obligazioa betetzeko ezintasun materiala, Foru Aldundiak funtsen atxikipena etengo du berak zehazten duen denboran, aurkeztutako alegazioen arabera, Udalbatzarrak edo organo baliokideak eskatu ondoren».

Hiru.– 58 bis artikulu berri bat gehitzen da; hona hemen bere edukia:

«58 bis artikulua. Hornitzaileei ordaintzeko epea.

1. Toki entitateek hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epea kalkulatu beharko dute, eta diruzaintza plan bat egingo dute; bertan, gutxienez, hornitzaileei ordaintzeko aurreikuspenari buruzko informazioa bilduko da, berankortasunari buruzko araudiak ezartzen duen gehieneko epea betetzen dela bermatzeko. Toki entitateek beren gastu konpromisoak onartzeko erritmoa diruzaintza planaren gauzatzeari egokitzen zaiola bermatuko dute.

Era berean, toki entitateek hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epeari buruzko informazioa emango diote Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta horrek jarraipena egingo dio eta argitara emango du.

2. Toki entitate baten ordaintzeko batez besteko epeak, argitaratutako datuen arabera, berankortasunari buruzko araudian aurreikusitako gehieneko epea gainditzen duenean, aipatutako argitalpenaren ondoren egiten den lehen diruzaintza planaren eguneratzean, plan horren parte gisa, honako hau txertatuko du:

a) Hornitzaileei ordaintzeko hilero bideratuko dituen baliabideen zenbatekoa, ordaintzeko batez besteko epea berankortasunari buruzko araudiak ezartzen duen gehieneko epera murrizteko.

b) Gastuak murrizteko eta diru sarrerak handitzeko neurri kuantifikatuak edo kobrantzak eta ordainketak kudeatzeko beste neurri batzuk hartzeko konpromisoa, horiei esker beharrezko diruzaintza sortzeko aukera izan dezan, hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epea berankortasunari buruzko araudiak ezartzen duen gehieneko epera murrizteko».

Lau.– 3. apartatua gehitzen zaio 66. artikuluari; hona hemen bere edukia:

«3. Toki entitateetako Kontu-hartzailetzako organoek ekitaldi bakoitzean garatutako kontrolen emaitzak jasoko dituen laburpen txosten bat igorriko diote, urtero, Foru Aldundiari».

Bost.– 70. artikuluaren 4. apartatua aldatzen da; hona hemen bere edukia:

«4. Eragozpenak ukitzen duen organoa berarekin ados ez dagoenean, toki entitateko lehendakariak ebatzi beharko du desadostasuna; eta ebazpen hori betearazi beharrekoa izango da. Ahalmen hau ezin da eskuordetu.

Aurrekoa eragotzi gabe, desadostasuna dagoenean, toki entitateko lehendakariak txostena egiteko eskatu ahal izango dio Gipuzkoako Foru Aldundiko kontrol organoari, erregelamenduz jasotzen den prozedurari jarraituz».

Sei.– Ondorengo 6. eta 7. apartatuak gehitzen zaizkio 70. artikuluari:

«6. Kontu-hartzailetzako organoak txostena helaraziko dio Udalbatzarrari edo organo baliokideari, adierazitako eragozpenen kontra toki entitateko lehendakariak hartutako ebazpen guztien inguruan; halaber, diru sarreren arloan atzemandako arazo nagusien laburpena bidaliko dio. Txosten horrek funtzio ikuskatzaileari dagozkion alderdiei eta betekizunei bakarrik erantzungo die, ikuskatutako jarduketen aukera edo komenigarritasunari dagozkion gaiak gaineratu gabe.

Apartatu honetan jasotakoak puntu independente bat osatuko du dagokion osoko bilkurako gai zerrendan.

Toki entitateko lehendakariak jarduketaren txosten justifikatzailea aurkeztu ahal izango du Udalbatzarrean edo organo baliokidean.

7. Kontu-hartzailetzako organoak, toki entitateko lehendakariaren bitartez, txosten bat helaraziko dio urtero Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, adierazitako eragozpenen kontra toki entitateko lehendakariak eta Udalbatzarrak edo organo baliokideak hartutako ebazpen eta akordio guztien inguruan; halaber, diru sarreren arloan antzemandako arazo nagusien laburpena bidaliko dio. Dokumentazio horrez gain, toki entitatearen justifikazio txostenak aurkeztu beharko dira, hala badagokio».

Zazpi.– Egokitzapen hauek egiten dira foru arauaren testuan:

Eginkizun egitarauei buruzko aipamen guztiak programa taldeei buruzkoak izango dira.

Eginkizun maila edo egiturei buruzko aipamen guztiak programa bidezko maila edo egiturei buruzkoak izango dira.

Aurrekontu partidei buruzko aipamen guztiak aurrekontu aplikazioei buruzkoak izango dira.

Merkataritzako organismo autonomoei buruzko aipamen guztiak enpresa-entitate publikoei buruzkoak izango dira.

Administrazio organismo autonomoei buruzko aipamen guztiak organismo autonomoei buruzkoak izango dira.

4. artikulua.– Aldatzea 1989ko uztailaren 5eko 11/1989 Foru Araua, Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituena.

Modu honetan aldatzen da 1989ko uztailaren 5eko 11/1989 Foru Araua:

Bat.– Aldatu egiten da 51. artikulua; eta honela idatzita gelditzen da:

«51. artikulua.

1. Foru arau honetan jasotakoari jarraituz eta erakunde eskudunek ezartzen dituzten xedapenen eremuan, udalek, mankomunitateek, beren organismo autonomoek eta gainerako menpeko entitateek honako hauek hitzartu ahal izango dituzte, baldin eta nagusiki merkataritzako diru sarreren bidez finantzatu gabeak diren zerbitzuak eman edo ondasunak sortzen badituzte:

a) Epe luzeko kreditu eragiketak, inbertsioak finantzatzeko edo aurreko kreditu eragiketak ordeztu edo bihurtzeko egiten direnak, edozein motatako kreditu publikoa edo pribatua erabilita.

b) Edozein finantza entitaterekin gehienez urtebeterako egiten diren diruzaintzako eragiketak, beren diruzaintzako beharrizan iragankorrei erantzuteko hitzartzen direnak.

2. Era berean, korporazioaren aurretiazko erabaki baten bidez, toki entitateek abalak edo bestelako bermeak eman ahal izango dituzte, betiere honako hauek hitzartzen dituzten kreditu eragiketak bermatzeko badira:

a) Toki entitateetako organismo autonomoek edo haien menpeko beste entitate batzuek.

b) Pertsona eta entitateek, betiere udalerrien kontura obrak egitera eta zerbitzuak ematera zuzenduta daudenean».

Bi.– Aldatu egiten da 52. artikulua, eta honela idatzita gelditzen da:

«52. artikulua.

Epe luzeko kreditu eragiketak hitzartzeko eta abalak edo bestelako bermeak emateko, oro har, beharrezkoa izango da organo eskudunen baimena beren eskumenen eremuaren barruan. Horretarako, kontuan hartu beharko dira betetzen diren defizitari eta zor publikoari lotutako helburuak nahiz gastu araua, eta aurrekontu egonkortasunari eta finantza iraunkortasunari buruzko arauditik eratorritako printzipio eta obligazioak. Era berean, erreparatuko zaie eskaera egiten duen toki entitatearen egoera ekonomiko-finantzarioari, eta hitzartzekoa den kredituaren amortizazio epeari eta mota guztietako baldintzei».

Hiru.– Aldatu egiten da 53. artikuluaren 1. apartatua, eta honela idatzita gelditzen da:

«1. Foru arau honen 51. artikuluan aipatutako entitateek ez dute baimenik beharko aurreko artikuluan jasotako kreditu eragiketak hitzartzeko, kasu hauetan:

a) Proiektaturiko eragiketaren zenbatekoa handiagoa ez denean toki entitateak eragiketa arruntengatik azken aurrekontu ekitaldian likidatutako baliabideen % 5 baino.

b) Kredituaren xedea behar bezala onartutako lankidetza ekonomikoko plan eta programetan jasotako obra eta zerbitzuak finantzatzea denean.

Edonola ere, baimena lortzea beharrezkoa izan ez dadin, ezinbestekoa izango da toki entitateak hitzartuta eta indarrean dituen eragiketen eta proiektatutako eragiketaren baturatik ateratzen den urteko karga finantzarioa txikiagoa izatea bere eragiketa arruntengatik likidatutako baliabideen % 25 baino.

Horretarako, artikulu honetan aurreikusitako ratioak modu bateratu batean kalkulatuko dira.

Apartatu honetan araututako eragiketen berri eman beharko zaie organo eskudunei, erregelamenduz ezartzen den moduan».

Lau.– 53 bis artikulu berri bat gehitzen da; hona hemen bere edukia:

«53 bis artikulua.

51. artikuluan jasotakoez besteko menpeko entitateek hitzartzen dituzten kreditu eragiketen kasuan, beharrezkoa izango da toki entitateko Udalbatzarrak edo organo baliokideak aurretik onartzea, eta Kontu-hartzailetzako organoak horiei buruzko txostena eman beharko du eta Foru Aldundiari jakinaraziko zaizkio».

Bost.– 53 ter artikulu berri bat gehitzen da; hona hemen bere edukia:

«53 ter artikulua.

Ogasun eta Finantza Departamentuak kreditu eragiketei buruzko datu base bat izango du, toki entitateek eta beren menpeko erakundeek hitzartutako kreditu eragiketei eta horien finantza kargei buruzko informazioa emango duena. Bankuek, aurrezki kutxek eta gainerako finantza entitateek nahiz herri administrazioek datu basea osatzeko beharrezkoak diren datuak bidaliko dituzte, erregelamenduz ezartzen den moduan».

5. artikulua.– Toki korporazioetako kideen eta Toki Administrazioaren eta bere sektore publikoaren zerbitzupeko langileen ordainsariak.

1.– Gipuzkoako Lurralde Historikoaren aurrekontu orokorrei buruzko ekitaldi bakoitzeko foru arauan zehaztuko dira toki korporazioetako kideen ordainsarien eta asistentzien gehieneko mugak.

2.– Halaber, aipatu foru arauak zehaztu ahal izango ditu toki entitateen eta horien menpeko entitateen zerbitzupeko langileek ordainsari kontzeptu guztiengatik jaso ahal izango dituzten guztizko gehieneko eta gutxieneko mugak.

6. artikulua.– Berezko eskumenak eta eskuordetzean emandakoak ez diren eskumen berriak erabiltzeko txostenak eskatzea eta egitea.

1.– Diputatuen Kontseiluak ezarriko du, foru dekretu bidez, udalerriek berezko eskumenak eta eskuordetzean emandakoak ez diren eskumen berriak erabiltzeko 1985eko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 7.4 artikuluan jasota dauden derrigorrezko txosten lotesleak eskatu eta egiteko prozedura.

2.– Horretarako, ez dira eskumen berrien erabilpentzat hartuko lehendik ezarritako zerbitzuak ematen jarraitzea, lehendik aurreikusitako zerbitzu, programa edo jarduerak zabaltzea –ez eta langileen kontratazioa dakarrenean ere– eta hondamendietan edo larrialdietan eman beharreko zerbitzuak ematea.

3.– Finantza iraunkortasunari buruzko txostena Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuko zerbitzu eskudunak egingo du, hamabost eguneko epean.

Bikoiztasunik ezari buruzko txostena gaia dela-eta eskumena duen departamentuak egingo du, epe berdinean, hala dagokionean.

Bi kasu horietan, epea igaro eta txostenik egiten ez bada, udalerriak bete-betean baliatu ahal izango du eskumen berria.

XEDAPEN GEHIGARRIA. Hornitzaileei ordaintzeko mekanismo berezia.

1.– Sei hilabeteko epean foru arau hau indarrean jartzen denetik aurrera, eta salbuespen moduan, udalek epe luzeko kreditu eragiketak hitzartu ahal izango dituzte beraiek edo beren menpeko entitateek eta beraiek partaidetutako entitateek hartutako obligazioen ordainketa finantzatzeko, betiere kontzeptu hauekin lotuta:

a) Zor iraungiak, likidoak eta exijigarriak, baldin eta horien faktura 2014ko ekainaren 30aren aurretik egina bada eta obrei, zerbitzu publikoen kudeaketari, hornidurei edo zerbitzuei lotutako kontratuetatik eratorritako jarduketei buruzkoak badira.

b) Mankomunitate eta kontsortzioekin 2014ko ekainaren 30aren aurretik hartutako zorrak, baldin eta ordaintzeko obligazioa ez betetzeak berekin badakar kontratistari ezin ordaindu ahal izatea aurreko apartatuko beharkizunak betetzen dituzten fakturak, osorik edo partzialki.

c) Ebazpen judizial irmoetatik eratorriak diren eta toki entitateari edo bere menpekoa edo berak partaidetua den edozein entitateri eragiten dioten zorrak, entitate hori Kontuen Europako Sisteman emandako definizioari eta zedarriztapenari jarraituz herri administrazioen sektorean sailkatuta egon edo ez.

2.– Xedapen honi jarraituz zorpetze eragiketak hitzartzeko, Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuaren baimena beharko da aldez aurretik, eta bakar-bakarrik aurreko 1. apartatuko zorrak ordaintzera bideratuko dira.

3.– Xedapen honetara biltzen den toki entitateak plan ekonomiko-finantzario bat onartuko du. Plan horretan oraingo eta etorkizuneko zorrak ordaintzeko gaitasuna aztertuko du, eta horretarako beharrezkoa den finantza iraunkortasunerako neurriak ezartzeko konpromisoa hartuko du.

4.– Finantzatu beharreko zorren aurrekontu estaldurak kreditu aldaketako espediente bat tramitatzea eskatzen badu (kreditu gehigarriaren modalitatean), ez dira aplikatuko indarrean dagoen aurrekontu araudian jasotako informazio, erreklamazio, publizitate eta errekurtso arauak.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA. Arauak emateko ahalmena.

Foru arau honetan jasotako berariazko ahalmentzeak eragotzi gabe, Diputatuen Kontseiluari ahalmena ematen zaio foru arau hau garatu eta gauzatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA. Indarrean jartzea.

Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.

Dena den, 2013ko otsailaren 8ko 1/2013 Foru Arauak 5 ter artikuluan jasotako kostu efektiboaren kalkulu eta komunikazio betebeharra 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera jarriko da indarrean.

Era berean, 2014ko ekitaldia ixten denetik aurrera egiaztatuko da Toki Araubidearen Oinarriei buruzko 1985eko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarriaren 2. eta 4. apartatuetan jasotako superabitari, oreka finantzarioari edo ustiapen emaitza positiboei buruzko helburua bete izana.


Azterketa dokumentala