Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

18. zk., 2015eko urtarrilaren 28a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
408

15/2014 FORU ARAUA, abenduaren 10ekoa, Gipuzkoan ekonomia soziala bultzatzeari buruzkoa.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «15/2014 Foru Araua, abenduaren 10ekoa, Gipuzkoan ekonomia soziala bultzatzeari buruzkoa»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2014ko abenduaren 10a.

Diputatu nagusia,

MARTIN GARITANO LARRAÑAGA.

HITZAURREA

Europako Batzorde Ekonomiko eta Sozialaren 2008ko txosten batek, «Ekonomia soziala Europar Batasunean» izenekoak, honela definitzen du ekonomia soziala:

«Era formalean antolatuta dauden eta ezaugarri hauek dituzten enpresa pribatuen multzoa da: erabakitzeko autonomia eta atxikitzeko askatasuna dute; enpresako bazkideek dituzten premiei merkatuaren bidez erantzuteko sortu dira, ondasun nahiz zerbitzuak ekoitziz, aseguratuz edo finantzatuz; bazkideen artean irabaziak edo soberakinak banatzea eta erabakiak hartzea ez daude zuzenean bazkide bakoitzak ekarri duen kapitalari edo kotizazioei lotuak; eta bazkide bakoitzak boto bat dauka. Honako ezaugarriak dituzten erakunde pribatu formalki antolatutakoek ere osatzen dute ekonomia soziala: erabaki-autonomia eta atxikitzeko askatasuna dute, familien aldeko ez-merkatuko zerbitzuak ekoizten dituzte, eta erakunde horiek sortu, kontrolatu edo finantzatzen dituzten eragileek ezinezkoa dute haien soberakinez jabetzea, egon baleude».

2008an Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokia sortu zen (OVES/GEEB), Eusko Jaurlaritzaren eta UPV/EHUren lankidetzari esker. GEEBren helburu nagusia da Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia sozialeko jardueraren identifikazioa eta kuantifikazioa garatzea, ekonomia soziala hau dela ulertuta: inbertsiogile kapitalistei ordaintzeko izan beharrean, behar sozialak asetzeko eratzen diren entitate pribatuez osatutako sektorea.

GEEBk hiru eremu funtzional ditu martxan: sozio-ekonomikoa, juridiko-politikoa eta zientifiko-akademikoa. Hiru alor horietan eginiko lanari esker, ekonomia sozialak gaur egun Euskadin duen egoeraren erradiografia dugu, bai eta hiru lurralde historikoetako errealitatea aztertzeko urtero egiten dituen txostenen bidez ere.

Espainiako Estatuari dagokionez, Ekonomia Sozialari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legeak ezarri du ekonomia soziala osatzen duten erakundeentzako esparru juridikoa, bakoitzaren araudi aplikagarria errespetatuta. Legeak dioenez, Legearen helburua da ekonomia sozialari ikusgaitasuna eta aitortza handitzea, ekonomia soziala zehazteko jardueren bidez segurtasun juridiko handiagoa emanez eta osatzen duten erakundeek jarraitu beharreko printzipioak ezarriz.

5/2011 Legeak, 8.1 artikuluan, dio interes orokorreko lana dela ekonomia sozialeko erakundeak eta erakunde horiek ordezkatzen dituzten erakundeak bultzatzea, bizkortzea eta garatzea.

Eta, 8.2 artikuluan, dio botere publikoek, euren eskumenen esparruan, zer helburu orokor izan behar dituzten ekonomia soziala bultzatzeko politiketan.

Esparru juridiko komuna kontuan hartuta, beharrezkotzat dugu Gipuzkoako Lurralde Historikoan ekonomia soziala bultzatzea xedetzat duen xedapen bat izatea, arau-maila gorena duena.

Gipuzkoan ekonomia soziala errotu da eta garrantzia handia hartu du, eta ekonomia sozialaren adierazpenetako bat, kooperatiben mugimendua, mundu-mailan erreferente bat da. Bestalde, gure ehun ekonomikoan lan-sozietateak ondo errotuta daude, bai eta ekonomia sozialaren beste adierazpen batzuk ere, hala nola enplegurako zentro bereziak, gizarteratzeko enpresak eta mutualismoa.

Foru-arau honen helburua da Lurralde Historikoko ekonomia soziala bultzatzeko politika publikoei dagokienez Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarduera-esparrua ezartzea.

Foru-arauak bost artikulu eta hiru azken xedapen ditu.

1. artikulua.– Foru-arauaren xedea.

Foru-arau honen helburua da Gipuzkoako Lurralde Historikoko ekonomia soziala osatzen duten erakundeen aldeko sustapen-neurriak ezartzea, aintzat hartuta berezkoak dituzten interes ekonomiko eta sozialeko xedeak.

2. artikulua.– Ekonomia soziala bultzatzeko politikak.

1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak ekonomia soziala bultzatzeko politikak ezarriko ditu bere eskumenen barruan.

2.– Politika horiek gauzatzeko neurriek egiteko hauek izango dituzte:

a) Ekonomia sozialaren barruko jarduera ekonomiko zein enpresarial bat edo ez-merkatuko jarduera bat, irabazi asmorik gabea, hastea eta garatzea eragozten duten trabak kentzea.

b) Ekonomia sozialaren ekimenei erraztasunak eta babesa ematea.

c) Zerga-araubidea ekonomia sozialeko erakundeek duten funtzio sozialaren araberakoa izatea.

d) Ekonomia sozialaren balioak, printzipioak, ezagutza teknikoak eta esperientziak bultzatzea gizartean oro har eta giza talde jakin batzuetan, zehazki, gazteen artean, enpresa-ekimenen talde sustatzaileetan, tokiko garapen-agentzietan eta sindikatuetan.

e) Ekonomia sozialeko erakundeei teknologiaren eta antolaketaren berrikuntza-prozesuetan sartzen laguntzea.

f) Ekonomia sozialeko enpresak nazioartekotzeko prozesuak bultzatzea.

g) Ekonomia soziala gizarte-politiketan eta enplegu-politiketan txertatzea.

h) Ekonomia soziala landa-garapenaren esparruan sustatzea.

i) Ekonomia sozialaren baloreak eta printzipioak arlo akademikoan eta ikasketetan zabaltzea.

3. artikulua.– Ekonomia sozialaren erronkak eta konpromisoak.

1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak bere egiten ditu 2012ko Euskadiko ekonomia sozialaren manifestuko konpromiso eta erronkak.

2.– Garatzen diren politikak konpromiso hauek betetzera bideratu behar dira:

○ Enpresa eta erakundeetan pertsonak lehenestea.

○ Enplegu jasangarria, kalitatezkoa eta egonkorra sustatzea.

○ Pertsonen parte-hartze demokratikoa enpresen eta erakundeen kudeaketan.

○ Gizarte-integrazio eta -kohesioari bultzada ematea.

○ Gure komunitatearen garapenarekiko konpromisoa, gure jardueren lokalizazioa sustatzearen bidez.

○ Aberastasunaren banaketa bidezkoa eta iraunkorra.

○ Konpromisoa gizartearekin, ingurunearekin eta ingurumenarekin.

○ Gure barne-jardueraren eta kanpo-harremanen balio nagusiak diren elkartasuna eta lankidetza sustatzea.

○ Konpromisoa gizarte-erantzukizunaren arloko politika eta jardunekin.

○ Lanpostuak sortu eta mantentzeko konpromisoa, krisi ekonomikoari aurre egiteko beste neurri batzuen aurrean.

3.– Garatzen diren politikak etorkizuneko erronka eta konpromiso hauek betetzera bideratu behar dira:

○ Ekonomia sozialeko enpresen bereizgarri diren balio eta printzipioetan sakontzea.

○ Ekonomia sozialaren esparruan ekintzailetza berriak bultzatzea, eta batez ere enplegu iraunkorren kopurua handitzea.

○ Beste eragileekin zein gizarte osoarekin ditugun harremanak handitzea eta geure burua ezagutzera ematea.

○ Instituzioetan ordezkaritza eta ezagutza zabalagoa lortzea. Batez ere sektorea aintzat hartua izatea eta ekonomia, enplegua eta gizarte-ekintzarekin zerikusia duten esparru instituzionaletan parte hartzeko aukera aldarrikatzen ditugu.

○ Enpresen kudeaketa demokratikoan pertsonen parte-hartzea bultzatzen duten foro eta mugimenduei laguntza ematea eta bertan parte hartzea, eta gure esperientzia oinarri hartuta, ekonomia sozialeko erakundeak eratzeko laguntza eskaintzea.

○ Gure zerbitzuetan ezarritako berrikuntza eta sormenaren bidez, euskal ekonomiaren garapenean laguntzea.

○ Berdintasun-, integrazio- eta elkartasun-irizpideak oinarri dituzten ekonomia eta gizarte bat eratzeko lankidetzan aritzea gizarte-eragile eta erakundeekin.

○ Euskadiko ekonomia sozialaren sektore guztiak biltzen dituzten foro iraunkorren sorrera eta elkar-lankidetza sustatzea.

○ Ordezkatzen gaituzten gure erakundeen bidez, ekonomia soziala sustatzeko Europako eta nazioarteko sareetan partea hartzea.

4. artikulua.– Ekonomia sozialari finantza-laguntza ematea.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko aurrekontu orokorretan programa jakin bat ezarriko du Foru Aldundiak, ekitaldi bakoitzean, ekonomia soziala sustatzeko aurreko artikuluetan ezarritako jarduerek finantzaketa egokia izan dezaten.

5. artikulua.– Gipuzkoako Ekonomia Sozialaren ezagutza.

Aldundiak bermatuko du ekonomia soziala sustatu eta bultzatzeko foru-politiken definizioan eta aplikazioan Gipuzkoako ekonomia sozialeko sektore guztiek parte hartuko dutela.

Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokiarekin (GEEB/OVES) lankidetza-hitzarmen bat sinatzea sustatuko du, Gipuzkoako ekonomia sozialarekin zerikusia duena bultzatu, garatu, aztertu eta haren informazioa emateko formula bat ezartzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Foru Aldundia gaitzea.

Foru Aldundiari ahalmena ematen zaio foru-arau hau garatzeko eta ezartzeko beharrezko xedapenak emateko.

Bigarrena.– Urteko txostena.

Gipuzkoako aurrekontu orokorretan ekonomia sozialari buruz dauden partiden gauzatzeari buruzko txosten bat bidaliko die Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Batzar Nagusiei, ekitaldi bakoitzeko lehen hiruhilekoan.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko aurrekontu orokorren proiektuarekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiak memoria bat bidaliko die Gipuzkoako Batzar Nagusiei, non azalduko diren aurrekontu-proiektuak jasotako ekonomia sozialaren programak garatzeko jarduerak.

Hirugarrena.– Indarrean jartzea.

Foru-arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.


Azterketa dokumentala