Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

18. zk., 2015eko urtarrilaren 28a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
414

AGINDUA, 2015eko urtarrilaren 19koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren aldaketa, Barrika udalerriko Barrikabasorekin lotutakoa, hasieran onesten duena, eta aldaketa hori jendaurrean jartzea eta administrazio publikoei entzunaldia eskaintzea erabakitzen duena.

1.– Martxoaren 13ko 43/2007 Dekretuaren bidez, behin betiko onetsi zen EAEko Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektoriala.

2.– 421/2001 Foru Aginduaren bitartez, Bizkaiko Foru Aldundiak behin betiko onetsi zuen Barrikako arau subsidiarioen aldaketa, Muriola eta San Telmo eremuetan kokatutako lursail batzuk lurzoru urbanizagarri eta espazio libreen sistema orokorren parte gisa birsailkatzeko. Horrez gain, Foru Agindu horrek berretsi egin zituen 570/1999 eta 365/2000 Foru Aginduak; Foru Agindu horien bidez, Muriola eta San Telmo sektoreetako plan partzialak onetsi ziren.

3.– 1086/2009 Foru Aginduak, azaroaren 3koak, Auzitegi Gorenaren 2009ko uztailaren 3ko Ebazpena betearaztea xedatzen du, eta 421/2001 Foru Agindua baliogabetzen du. 421/2001 Foru Agindu horren bidez, behin betiko onetsi zen Barrikako arau subsidiarioen aldaketa, Muriola eta San Telmo eremuetan kokatutako lursail batzuk lurzoru urbanizagarri eta espazio libreen sistema orokorren parte gisa birsailkatzeko. Horrez gain, deuseztzat jotzen ditu hurrenez hurren Muriola eta San Telmo sektoreetako plan partzialak onetsi zituzten 570/1999 eta 365/2000 Foru Aginduak.

4.– 2013ko azaroaren 12an eginiko saioan, Eusko Legebiltzarreko Ingurumenaren eta Lurralde Politikaren Batzordeak onetsi egin zuen 168/2013 Legez besteko Proposamena, Itsasertzeko Lurralde Plan Sektorialari buruzkoa, testu honen arabera:

«Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio ekin diezaiola Barrikabaso osoari, Muriola eta San Telmo aldeak barne, dagozkion determinazioak eta kartografia gaurkotzeari eta zuzentzeari, eta sar dezala alde hori itsasertza babestu eta antolatzeko lurralde-plan sektorialaren lurralde-eremuan, babes bereziko eremuaren kalifikazioarekin».

5.– Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaritzak aldaketa hau idatzi du. Aldaketa honen xedea da indarrean dagoen lurralde-plan sektoriala aldatzea, Barrikabaso esparruari dagokionez. Aldaketak 62 hektarea inguruko azalerari eragiten dio lurzoru urbanizaezinean. Hor, kategoria hauek definitzen dira: babes berezi zorrotza labarretan eta babes berezi bateragarria gainerako esparruan.

6.– Zehazki, indarrean dauden arau subsidiarioetan nekazaritza eta abelazkuntzako kategoriarekin kalifikatuta dagoen Muriola aldean, kategoria horren ordez, nekazaritza eta abeltzaintza eta landazabala kategoria jartzea planteatzen da, indarrean dagoen lurralde-plan sektorialean definitutakoa.

7.– Aldaketen prozedurari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 10.10 artikuluan, 14. artikuluan eta lehen xedapen gehigarrian ezartzen denez, lurralde-plan sektorialetan egin nahi diren aldaketak Eusko Jaurlaritzak ezarritako prozedurari jarraituz egingo dira, baldin eta plan horien berrikusketa orokor edo funtsezkorik eskatzen ez badute. Arau hori garatzeko, Lurraldearen Antolamendurako Artezpideen, Lurraldearen Zatiko Planen eta Lurraldearen Arloko Planen funtsezkoak ez diren aldaketak onartzeko prozedura arautzen duen irailaren 9ko 206/2003 Dekretua egin zen.

8.– Zentzu horretan, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2014ko ekainaren 19ko Aginduaren bidez xedatu zen aldaketa hori ez dela funtsezkoa. Beraz, aldaketa hori onesteko prozedura aurreko paragrafoan aipatutako dekretuaren 5. artikuluan dago jasota.

9.– Planaren aldaketaren ingurumen-izapidetzeari dagokionez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren 2014ko abuztuaren 22ko idazkiaren arabera, ez da bidezkoa ingurumen-ebaluazioari buruzko araudian aurrez ikusitako prozedura bat ere aplikatzea, aldaketa hau ez dagoelako jasota Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren IA eranskinean ezarritako kasuen artean.

10.– Beste alde batetik, aipatutako 206/2003 Dekretuaren 5.4 artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak, urriaren 13ko 4/2014 saioan, aldeko txostena eman dio lurralde-plan sektoriala aldatzeko espedienteari.

11.– Bere aldetik, Kostaldea eta Itsasoa Iraunarazteko Zuzendaritza Nagusiak, 2014ko abenduaren 23an, espediente horri buruzko aldeko txostena egin du.

12.– Lurralde-plan sektorialaren aldaketa honek agiri hauexek ditu:

I) Informazio-memoria.

II) Justifikazio-memoria.

III) Antolamendu-arauak.

IV) 2.15 antolamendu-planoa, aldatuta.

13.– Hori dela eta, aipatutako aurrekariak ikusita, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legean –16. artikuluan, lehen xedapen gehigarrian eta 13. artikuluan– eta irailaren 9ko 206/2003 Dekretuaren 5.1 artikuluan jasotako eskumena baliatuz, honako hau

XEDATZEN DUT:

1.– Hasieran onestea Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren aldaketa, Barrika udalerriko Barrikabasorekin lotutakoa.

2.– Plana aldatzeko agiria jendaurrean jartzea, hilabeteko epean agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, interesdun norbanakoek eta elkarteek egoki iritzitako alegazioak aurkeztu ahal izateko.

Epe horretan, aipatutako aldaketaren agiria ikusgai egongo da jendearentzat, http://www.euskadi.net/r33-bopvmap/eu?conf=BOPV/D_2015_PTSL_AI/PTSL_AI_mapak.json&lang=eu komunikazio-kanalean eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzan:

Eusko Jaurlaritza

Ingurumen eta Lurralde Politika Saila

Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaritza

Donostia kalea 1 – 2. solairua.

01010 Vitoria-Gasteiz.

3.– Jendeari informazioa emateko aldiarekin batera, interesdun lurralde-administrazio publiko guztiei entzunaldia eskainiko zaie, aurreko atalean adierazitako hilabeteko epean planaren aldaketaren inguruko alegazioak, oharrak eta iradokizunak egin ahal izan ditzaten.

Erabaki honen aurka ezin da errekurtsorik jarri, lurralde-plan sektorialaren aldaketa behin betiko onesteko prozeduraren baitako izapidea delako.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko urtarrilaren 19a.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.


Azterketa dokumentala