Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

19. zk., 2015eko urtarrilaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
433

AGINDUA, 2015eko urtarrilaren 20koa, ordezkatzen duena 2015eko urtarrilaren 12ko Agindua, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa lortzeko egiten den deialdian parte hartzeari buruzkoa, Europako Gizarte Funtsaren Euskal Autonomia Erkidegoko 2014-2020ko Programa Operatiboaren esparruan; argitaratu da 2015eko urtarrilaren 19ko 11. zenbakidun Aldizkarian.

Europako Gizarte Funtsak, Europako Gizarte Funtsari buruzkoa den eta 1081/3006 Erregelamendua (EB) indargabetzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1304/2013 Erregelamenduaren (EB) 2. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, enplegu-maila eta enpleguaren kalitate-maila handiak sustatuko ditu, lan-merkatuan txertatzeko aukera hobetuko du, langileen mugikortasun geografikoa eta profesionala sustatuko du, langile horiek industria-aldaketara eta garapen iraunkorra bermatzeko produkzio-sistemetan beharrezkoak diren aldaketetara egokitzeko prozesua erraztuko du, pertsona guztientzako hezkuntza- eta prestakuntza-maila handia bultzatuko du, gazteen hezkuntzatik enplegurako trantsizioa babestuko du, pobreziari aurre egingo dio, gizarteratzea babestuko du eta genero-berdintasuna, diskriminaziorik eza eta aukera-berdintasuna sustatuko ditu. Horren bidez, Europar Batasunak ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioaren hobekuntzaren arloan dituen lehentasunei erantzuten lagunduko du.

Halaber, Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsari buruzko xedapen komunak ezartzen dituen eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsari buruzko xedapen orokorrak ezartzen dituen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) 9. artikuluak funtsen helburu tematikoak ezartzen ditu, Europar Batasunak hazkunde adimentsu, iraunkor eta integratzailea lortzeko garatutako estrategian eta funtsen eginkizun espezifikoetan laguntzeko, betiere Itunean oinarritutako helburuei jarraikiz.

Europako Gizarte Funtsari (edo EGIFari) buruzko 2013ko abenduaren 17ko 1304/2013 Erregelamenduaren (EB) 3. artikuluko 1. idatzi-zatiak, bestalde, Europako Gizarte Funtsak 1303/2013 Erregelamenduaren 9. artikuluko lehen paragrafoaren 8., 9., 10. eta 11. puntuetan finkatutako helburu tematikoei jarraikiz babestuko dituen inbertsio-lehentasunak ezartzen ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoan, apirilaren 9ko 19/2013 Dekretuari jarraikiz eta maiatzaren 20ko 79/2014 Dekretuak aldatutako idazkuntzaren arabera, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari dagokio Europako Gizarte Funtsaren plangintza, kudeaketa, kontrol eta jarraipenerako beharrezkoak diren jarduerak egitea.

Sail horrek, halaber, eskumena du deialdi hau egiteko eta horrek dakartzan eragiketak hautatzeko, Programa Operatiboaren Kudeaketa Agintaritzak funtzioak eskuordetzeko akordioak ematen dion ahalmenari jarraikiz.

Subsidiariotasunaren, proportzionaltasunaren, finantza-kudeaketa egokiaren eta gehigarritasunaren printzipioak bermatzeko eta parte-hartze publiko-pribatua eta asoziazio- eta gobernantza-printzipioa hainbat mailatan sustatzeko, beste organismo eta erakunde batzuei Europako baterako finantzaketan parte har dezaten ahalbidetzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Horretarako, Europako Gizarte Funtsaren esku-hartze eremuetan eta, zehazki, agindu honetan zehaztutako helburu tematikoetan eta inbertsio-lehentasunetan kokatuko diren jardun-ildoetarako deialdi bat egingo da.

Europako Gizarte Funtsaren bidezko finantzaketaz gain, parte hartzeko eskaera aurkezten duten erakundeek beren jardun-proposamenen guztizko kostuari baliabide propioen bitartez edota organismo publiko eta/edo pribatuen beste baterako finantzaketa batzuen bitartez erantzuteko finantzaketa nahikoa badutela bermatu beharko dute.

Europako Gizarte Funtsaren Euskadiko 2014-2020 Programa Operatiboa langabezia-tasak murriztera (langabeen eta, bereziki, luzaroko langabeen eta langabeziak gehien kaltetu dituen taldeetako pertsonen –hots, 25-34 urteko gazteen, 55 urtetik gorakoen, desgaituen, etorkinen eta abarren– enplegagarritasuna hobetzearen bidez) eta genero-hesiak murriztera zuzenduta dago. Halaber, honako helburu hauek ditu: enpresa-espiritua, ekintzailetza eta enpresen sorkuntza bultzatzea (gizarte-ekintzailetza eta gizarte-ekonomiaren sustapena barnean hartuta), langileen eta enpresen egokitze-gaitasuna hobetzea, hezkuntza- eta prestakuntza-sistemak lan-merkatuaren premietara egokitzea, eta, horretarako, eskolatik lanerako trantsizioa erraztea eta hezkuntzako eta lanbide-heziketako sistemak indartzea. Gainera, gizarteratze aktiboa sustatu nahi da Programa Operatiboaren bidez, betiere aukera-berdintasuna, parte-hartze aktiboa eta enplegagarritasunaren hobekuntza sustatze aldera.

Eusko Jaurlaritzak Europako Gizarte Funtsaren Programa Operatiboan batera finantzatzeko barnean hartzen duen jarduerarekiko osagarritasunaren eta gehigarritasunaren printzipioak bermatzeko, Programa Operatiboan parte hartzeko aurkeztutako proposamenak zer arlotan txertatu behar diren ezartzen du agindu honek. Arlo horiek, nolanahi ere, Europako Erkidegoko araudian zehaztuta dauden eta EAEren barruan lehentasunezkotzat hartzen diren helburu tematiko eta lehentasunen barruan daude.

Hori guztia dela-eta, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala onartzen duen apirilaren 9ko 19/2013 Dekretua indarrean dagoela.

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Erakundeek Euskal Autonomia Erkidegoan Europako Gizarte Funtsaren 2014-2020ko Programa Operatiboan norgehiagoka-erregimenean parte hartzeko aukera sustatzea du xede deialdi honek, eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa lortzeko erakundeen parte-hartze baldintzak eta proposamenen balioespen-irizpideak ezartzen ditu.

2.– Deialdi honetan parte hartzen duten erakundeek aurkeztu beharreko jardun-ildoen esku-hartze eremuak hertsiki lotuta egongo dira Europako Erkidegoko araudiak ezarritako helburu tematiko, inbertsio-lehentasun eta helburu espezifikoen artean deialdi honen xede den Programa Operatiboan txertatzeko hautatu direnekin (I. eranskinean jasota daude, lotutako jardunen zerrenda orientagarri batekin batera).

3.– Erakundeek ardatz, inbertsio-lehentasun eta/edo helburu espezifiko bat baino gehiagorako jardun-proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte. Hala ere, proposamen bereko ekintzak ezin izango dira ardatz eta/edo inbertsio-lehentasun bat baino gehiagotan txertatu.

4.– Aurkeztutako jardun-ildoak egikaritzeko denbora-eremua deialdi hau argitaratzen denean hasiko da, eta 2023-12-31ra arte iraungo du gehienez, 1303/2013 Erregelamenduaren 136. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. artikulua.– Finantza-zuzkidura.

1.– Europako Gizarte Funtsak deialdi honen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko 2014-2020ko Programa Operatiborako eman beharreko laguntzaren gehieneko zenbatekoa hogeita zazpi milioi (27.000.000) euro izango da.

Europako Gizarte Funtsaren Euskal Autonomia Erkidegoko Programa Operatiboan, Europako Gizarte Funtsaren finantzaketa jardunen guztizko kostuaren % 50 izango da, gizarte-berrikuntzari dagokion ardatzaren kasuan izan ezik (kasu horretan, % 60 izango da finantzaketa). Beraz, jardunen guztizko kostuaren gainerako % 50 hori (edo % 40, gizarte-berrikuntzako ardatzaren kasuan) izango dutela bermatu beharko dute erakunde eskatzaileek.

2.– Agindu honetan hiru ardatzei (helburu tematikoei) dagokien Europako Gizarte Funtsaren laguntzaren finantza-zuzkidura honako hau da:

a) 1. ardatzaren (8. helburu tematikoaren) zuzkidura ekonomikoa: hamahiru milioi (13.000.000) euro.

b) 2. ardatzaren (9. helburu tematikoaren) zuzkidura ekonomikoa: hamabi milioi (12.000.000) euro.

c) Gizarte-berrikuntzari buruzko 6. ardatzaren zuzkidura ekonomikoa: bi milioi (2.000.000) euro.

3.– Parte hartzeko aurkeztutako proposamenen kostuen aurrekontuei dagokienez, Europako Gizarte Funtsaren laguntzaren honako muga hauek ezartzen dira proposamen bakoitzerako:

a) 1. ardatzaren esparruan aurkezten diren proposamenek Europako Gizarte Funtsetik jaso beharreko laguntzaren gutxieneko muga milioi bat euro izango da, eta gehienekoa, berriz, hiru milioi euro.

b) 2. ardatzaren esparruan aurkezten diren proposamenek Europako Gizarte Funtsetik jaso beharreko laguntzaren gutxieneko muga milioi bat euro izango da, eta gehienekoa, berriz, lau milioi euro.

c) Gizarte-berrikuntzari buruzko 6. ardatzaren esparruan aurkezten diren proposamenek Europako Gizarte Funtsetik jaso beharreko laguntzaren gutxieneko muga bostehun mila euro izango da, eta gehienekoa, berriz, milioi bat euro.

4.– Agindu honi jarraikiz, Europako Gizarte Funtsaren finantzaketan parte hartzeko ez dira onartuko bi eskaera baino gehiago erakunde bakoitzeko. Era berean, Europako Gizarte Funtsaren laguntzatik ez dira hiru milioi euro baino gehiago emango erakunde eskatzaile bakoitzeko 1. ardatzaren esparruan, ezta lau milioi euro baino gehiago erakunde eskatzaile bakoitzeko 2. ardatzaren esparruan.

3. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko ekintzak.

Aurkeztutako proposamenei jarraikiz egiten diren ekintzak, oro har, enplegua sustatzeko eta laneko mugikortasuna bultzatzeko (Programa Operatiboaren 1. ardatza eta 8. helburu tematikoa), gizarteratzea sustatzeko eta pobreziari aurre egiteko (Programa Operatiboaren 2. ardatza eta 9. helburu tematikoa) eta gizarte-berrikuntza sustatzeko (Programa Operatiboaren 6. ardatza) helburu tematikoetan txertatu beharko dira, eta, bereziki, agindu honen I. eranskinean zerrendatutako inbertsio-lehentasun eta helburu espezifikoei lotuta egongo dira.

Ekintzak, nolanahi ere, Programa Operatiboaren Kudeaketa Agintaritzak programazioaldi horretarako hautatutako eragiketetara eta Jarraipen Batzordeak onartutako hautaketa-irizpideetara egokituko dira (1303/2013 Erregelamenduaren 2., 110. eta 125. artikuluak).

4. artikulua.– Printzipio horizontalak.

1303/2013 Erregelamenduaren (EB) zazpigarren eta zortzigarren artikuluetan jasota dauden Europako Egitura eta Inbertsio Funtsen laguntzen printzipio horizontalak bermatzeko, aurkeztutako jardun-ildoek esanbidez eta jardunak programatu, egikaritu eta ebaluatzeko fase guztietan aplikatu beharko dituzte printzipio horiek. Zehazki, honako hauek dira:

a) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren sustapena.

b) Diskriminaziorik ezaren eta gizarte-bazterkeriaren aurkako jardunaren sustapena.

c) Garapen iraunkorra.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Europako Gizarte Funtsaren 2014-2020ko Programa Operatiboaren esparruan, honako hauek izan daitezke baterako finantzaketaren onuradun, horretarako eskaera egin ondoren:

a) Foru Aldundiak eta foru-sektore publikoa.

b) EAEko udalak eta tokiko sektore publikoko erakundeak.

c) EAEko sektore publikoko erakundeak.

d) EAEko tokiko edo eskualdeko garapen-agentziak eta horiei lotutako erakundeak.

e) Egoitza edo ordezkaritza EAEn duten, legez eratuta dauden, Europako Gizarte Funtsaren EAEko 2014-2020ko Programa Operatiboan parte hartzeko hautatutako helburu tematikoekin eta inbertsio-lehentasunekin bat datorren jarduera eta helburu soziala duten, eta laguntzak lortzeko indarreko legeriak eskatutako gainerako baldintzak betetzen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuak.

f) Egoitza edo ordezkaritza EAEn duten, ahal bada helburu sozial bati lotutako merkataritza-jarduera duten, eta azken hamar urteetan beren etekinen gutxienez % 70 erakundearen helburu soziala lortzeko inbertitu duten erakundeak.

Kudeaketa Zuzendaritzak alderdi hori egiaztatzeko bidezkotzat hartzen duen dokumentazioa eskatu ahal izango du: auditoretza-egiaztagiriak, emaitzen kontuak, etekinak helburu sozialetarako aplikatu izanaren ziurtagiriak eta abar.

2.– Hainbat erakundek lankidetzan aurkeztutako proposamenetan, lehen onuradunaren irizpidea aplikatuko da. Horren arabera, erakundeek beren arteko bat izendatuko dute arduradun, eta Eusko Jaurlaritzarekiko ordezkaritza- eta elkarrizketa-funtzioak betetzeaz arduratuko da erakunde hori.

3.– Erakunde eskatzailea pertsona juridikoa denean, erakunde eskatzaile horri haren izenean eta kontura diru-laguntzaren emakidaren oinarri diren jarduera guztiak edo batzuk egiteko konpromisoa hartzen duten kide gisa lotutako pertsona juridikoak ere onuraduntzat hartuko dira.

6. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Eusko Jaurlaritzaren eta, hala badagokio, Europako Gizarte Funtsaren Administrazio Unitatearen (UAFSE, aurrerantzean) eta Europako Batzordearen aurrean solaskide gisa jardutea.

2.– Europako Gizarte Funtsaren 2014-2020ko Programa Operatiboaren esparruan batera finantzatutako jardunei buruzko jatorrizko dokumentazio guztia Europako Batzordeak Programa Operatiboa itxi arte mantendu eta zaintzea, agindu honen 20. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

3.–Jardunen garapena eta iraunkortasuna ahalbidetuko duen aurrekontu-zuzkidura nahikoa izatea.

4.– Baterako finantzaketa komunitarioaren xede diren eragiketa edo jardunekin zerikusia duten transakzioetarako kontabilitate-sistema bereizia izatea, edo, gutxienez, transakzio horiek argi eta garbi identifikatzea ahalbidetuko duen kontabilitate-kodetze egokia izatea.

5.– Parte-hartzaileen datu-erregistro egokia izatea (mikrodatuak).

6.– Aplikazio informatikoen bitartez tratatzen duten informazioaren biltegiratzea, osotasuna eta segurtasuna bermatzea.

7.– Hainbat erakundek parte hartzen duten jardun-ildoen kasuan, lankidetza-proposamenaren barruan erakunde bakoitzari dagozkion funtzioak eta jarduerak zehaztu beharko dituzte erakunde eskatzaileek. Funtzioak banatuta dauden kasuan, halaber, erakunde bakoitzak helburuen lorpenean eta adierazleen betetzean duen finantza-pisua zehaztu beharko da, baita bere gain hartutako finantza-erantzukizunak ere, finantza-zuzenketa baten ondorioz laguntza komunitarioa itzultzeko eskatzen den kasuan.

8.– Genero-ikuspegia inplementatzeko ahalmena ziurtatzea. Genero-arloan espezializatutako langilerik izan ezean, arloko adituen aholkularitza kontratatu beharko da aurkeztutako jardun-ildoak garatzeko. Alderdi hori esanbidez jaso beharko da aurrekontuan.

9.– Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa esanbidez jasoaraztea eta informazioa eta publizitatea bermatzea, aplikatu beharreko Europako Erkidegoko araudiari jarraikiz (1303/2013 Erregelamenduaren XII. eranskina).

10.– Zerga-arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea. Hori automatikoki egiaztatuko da, haien baimenaren beharrik izan gabe, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

11.– Eskualde-eremuko hainbat erakundek (Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak), Estatukoek (UAFSEk) eta Europako Erkidegokoek (Europako Batzordeak eta Europako Kontuen Auzitegiak) Europako Gizarte Funtsaren esparruan esleituta dituzten egiaztapen- eta kontrol-jardunei lotzea.

12.– Erakundeek erantzukizun-aitorpen bat sinatu beharko dute honako baldintza hauen betetzeari dagokionez, eta parte hartzeko eskaerari erantsiko zaio:

Erakunde onuradunak deialdi honen babesean emandako jardunak egiteko Europako Egitura eta Inbertsio Funts batek batera finantzatutako beste ezein programa operatiboren laguntzarik ez jasotzea, Europako Erkidegoko beste ezein finantza-tresnaren bidezko laguntzarik ez lortzea, eta deialdi honen indarraldian halakorik eskatuz edo lortuz gero, jakinarazteko konpromisoa hartzea.

Erakunde eskatzaileak laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik ez izatea, ezta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.

7. artikulua.– Jardun-ildoen definizioa eta ezaugarriak.

1.– Agindu honen ondorioetarako, giza baliabide, baliabide material eta denbora-baliabide jakin batzuk daudela kontuan hartuta ekintzen, produktuen eta aurreikusitako emaitzen artean dauden lotura kausalak frogatuko dituen esku hartzeko logika egoki batean oinarrituta helburu espezifiko batzuk lortzeko esku-hartze integratu bat osatzen duten elkarri lotutako eta koordinatutako jarduerek har dezakete parte Europako Gizarte Funtsaren Euskal Autonomia Erkidegoko 2014-2020 Programa Operatiboan.

2.– Parte hartzeko proposamenek emaitzetan oinarritutako ikuspegi bat izan beharko dute. Eskakizun hori proposamenaren egikaritzearen eta emaitzen adierazleei dagokienez kalkulatutako balioen arabera balioetsiko da, Europako Gizarte Funtsari buruzko 1304/2013 Erregelamenduaren I. eta II. eranskinetan ezarritakoari jarraikiz.

8. artikulua.– Eskaeren aurkezpena.

1.– Eskaerak aurkezteko epea 2015eko otsailaren 28ra artekoa izango da.

2.– Europako Gizarte Funtsaren Euskal Autonomia Erkidegoko Programa Operatiboaren barruan jardun-ildoak garatu nahi dituzten erakundeek Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Erregistroan (Donostia kalea, 1, 01010 Gasteiz) edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako lekuetan aurkeztu ahal izango dute eskaera.

3.– Eskaera egiteko, agindu honen II. eranskinean dagoen formularioa bete eta aurkeztu beharko da.

4.– Eskaera egiteko formularioak honako hauek biltzen ditu: erakunde eskatzaileari buruzko informazioa, parte hartzen duten beste erakunde batzuen identifikazioa, parte hartzeko proposamenaren izena eta helburuak, eta proposamenaren helburu tematikoa, inbertsio-lehentasuna eta helburu espezifikoak.

9. artikulua.– Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaera egiteko formularioari honako dokumentazio honen bi ale gaineratuko zaizkio (aleetako bat paper-formatukoa izango da, eta bestea, berriz, memoria-arkatz edo CD moduko euskarri informatikoa):

A) Memoria, II. eranskineko ereduari jarraikiz; honako elementu hauek deskribatzen ditu:

1.– Jardun-ildoen deskribapena: Titulua. Parte hartzeko proposamenaren osagai nagusiak, helburu-taldeak, esku-hartzearen logika, inplementazio-estrategiak eta, hala badagokio, inplikatutako bazkideen ekarpena.

2.– Jardunen onuradunak diren kolektiboen egoeraren azterketa.

3.– Lan-programa: helburuak, ekintzak eta horien sekuentziazioa eta integrazioa, giza baliabideak eta baliabide materialak, kronograma.

4.– Egikaritzearen eta emaitzen adierazleak, helburu espezifikoei dagokienez. 2016., 2018., 2020. eta 2023. urteetarako helburuak izan beharko dituzte.

5.– Guztizko aurrekontua, ekintzen eta urteen arabera xehatua. Aurrekontuan, hala badagokio, 6.8 artikuluan aipatutako genero-arloko aholkularitza kontratatzeko premia sartu beharko da.

6.– Jardunen jarraipena eta ebaluazioa eta datuen trukea ahalbidetuko duen informazio-sistema.

7.– Erabilitako kudeaketa-sistemen deskribapena. Honako hauek izan daitezke: 1) diru-laguntzen deialdia; 2) zuzeneko kudeaketa; 3) hitzarmena; 4) zerbitzuen kontratazioa.

Kudeaketa-metodoak diru-laguntzen deialdi bidezkoak edo hirugarrenekiko hitzarmen bidezkoak diren kasuan, honako alderdi hauek jaso beharko ditu memoriak:

Deialdiaren esparruko eragiketak hautatzeko irizpideak.

Diruz laguntzeko moduko gastuak.

Emandako laguntzak Europako Gizarte Funtsaren Euskal Autonomia Erkidegoko 2014-2020ko Programa Operatiboan txertatzeko aukera eta laguntza horien trazabilitatea ziurtatzea ahalbidetzen duten alderdi guztiak.

8.– 6.7 artikuluari jarraikiz, hainbat erakundek lankidetzan egindako proposamenen kasuan, erakunde bakoitzaren jarduera, erakunde bakoitzak helburuen lorpenean eta adierazleen betetzean duen finantza-pisua eta, finantza-zuzenketa baten ondorioz laguntza itzultzeko eskatzen den kasuan, bere gain hartutako finantza-erantzukizunak azalduko dituen dokumentu bat erantsiko da.

B) Erakundearen memoria, II. eranskineko ereduari jarraikiz; honako elementu hauek deskribatzen ditu:

1.– Erakundeak azken hiru urteetan egindako lanak, honako hauek azpimarratuta: desberdintasun-eskema tradizionalak –nazionalitatea, sexua, arraza edo jatorri etnikoa, erlijioa edo sinesmenak, desgaitasuna, adina edo sexu-orientazioa direla-eta eragindako diskriminazioa– apurtzeko lanak edo proiektuak, eta garapen iraunkorraren ikuspegia txertatuko duten jardunak edo prozesuen kudeaketa.

2.– Erakundeak kudeatu dituen eta Estatuko edo Europako instantzietatik diru-laguntzak jaso dituzten proiektuen zerrenda.

3.– Baldin badaude, erakunde eskatzailearen enpresa-ziurtagiriak

a) Enpresa-bereizgarriak berdintasun-arloan, edo emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuneko erakunde laguntzaile gisa.

b) Kudeaketaren kalitate eta bikaintasunaren arloan.

4.– Jardunak egikaritu eta kudeatzeko premiei erantzuteko aurreikusitako giza baliabideak.

C) III. eta IV. eranskinak, behar bezala beteak, eta erakunde eskatzailearen lege-ordezkaritzaren egiaztapena (irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuen edo ahal bada helburu sozial bati lotutako merkataritza-jarduera duten erakundeen eskaeren kasuan, 5. artikuluaren e) eta f) idatzi-zatiei jarraikiz). Erakunde publikoen eskaerak, berriz, organo eskudunak egin beharko ditu.

10. artikulua.– Eskaeraren akatsak zuzentzea.

Eskabideak osorik eta behar bezala betetzen ez badira edo aginduzko dokumentazioa falta bada, erakunde interesdunari errekerimendua egingo zaio hamar eguneko epean akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Era berean, hala egin ezean bere eskaerari uko egiten diola ulertuko da, eta Administrazioa behartuta geratuko da eskaera horri buruzko berariazko ebazpena ematera eta ebazpen hori jakinaraztera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

11. artikulua. Laguntzak kudeatzeko organoa.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Plangintzako eta Enplegu Berrikuntzako Zuzendaritzari dagokio.

12. artikulua.– Eskaeren Balioespen Batzordea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko 2014-2020ko Programa Operatiboaren barruan Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa lortzeko eskaeren balioespena horretarako eratuko den Balioespen Batzordeak egingo du.

2.– Honako hauek izango dira Balioespen Batzordeko kideak:

Eusko Jaurlaritzako Plangintzako eta Enplegu Berrikuntzako zuzendaria edo hark eskuordetzen duen pertsona; berdinketen kasuan, kalitateko botoa izango du.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari bat.

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta/edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak horretarako izendatutako profil teknikoko lau pertsona; horietako bat idazkari-lanetan arituko da, eta hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea izango du.

Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko berdintasun-teknikaria edo, halakorik ezean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko berdintasun-teknikaria.

3.– Balioespen Batzordea osatuko duten pertsonak izendatzeko garaian, ahaleginak egingo dira gizonen eta emakumeen kopurua orekatua izan dadin, eta gizon-emakume horiek trebakuntza, gaitasun eta prestaketa egokia izan dezaten, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 23. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

4.– Ebaluatu beharreko irizpideak edo azpiirizpideak aholkatzen duenean, jakintzaren eremu jakin batzuetako adituen aholkularitza eskatu ahal izango du Balioespen Batzordeak, eskaerak ebaluatzeko zereginak egiteko.

5.– Eskaerak balioesteko prozesuan, aurkeztutako proposamena behar bezala ulertzeko beharrezkoa den dokumentazio osagarria aurkezteko eskatu ahal izango die Balioespen Batzordeak erakunde eskatzaileei.

6.– Agindu honen 13. artikuluan xehatutako balioespen-irizpideetan oinarrituta, aurkeztutako eskaeren ebazpen-proposamena egingo du Balioespen Batzordeak, eta organo eskudunari helaraziko dio.

7.– Agindu honetan aurreikusi ez den orori dagokionez, Balioespen Batzordeak kide anitzeko organoen funtzionamenduari jarraituko dio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. Tituluaren II. Kapituluan ezarritakoaren arabera.

13. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura eta eskaerak hautatu eta balioesteko irizpideak.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak emateko prozedurak publizitate, lehia eta objektibotasunaren printzipioei jarraituko die.

2.– Eskaerak aurkezteko epea amaitu ondoren, aurkeztutako laguntza-eskaerak balioetsiko dira.

3.– Eskaeren balioespena, nolanahi ere, aurkeztutako proposamenen kalitatean (memorietatik abiatuta kalkulatuko da) eta erakunde eskatzaileen gaitasun tekniko eta administratiboetan oinarrituta egingo da. Era berean, proposamenen edukia agindu honen 9. artikuluan aurreikusitakora egokituta egongo da.

4.– Eskaeren balioespena 0-100 puntuko eskala batean oinarrituta egingo da. Hona hemen balioespen-irizpideak eta puntuazio-baremoa:

4.1.– Proposamenen kalitatea: 82 puntu.

a) Jardun-ildoen diseinua: argitasuna, bidezkotasuna eta garrantzia: 20 puntu.

b) Espero diren emaitzak: 20 puntu.

c) Planteamendu metodologikoa: 20 puntu.

d) Printzipio horizontalen betetzea, jardun-fase guztietan genero-ikuspegia txertatzekoa bereziki: 12 puntu.

e) Berrikuntza: 10 puntu.

4.2.– Erakunde eskatzaileen gaitasun tekniko eta administratiboa: 18 puntu.

a) Gaitasun teknikoa: 10 puntu.

b) Gaitasun administratiboa: 8 puntu.

Erakunde eskatzaileen proposamenak eta gaitasunak balioesteko azpi-irizpideak agindu honen V. eranskinean kontsulta daitezke.

5.– Balioespen-irizpideen arabera gutxienez 60 puntu lortzen dituzten proposamenek lortu ahal izango dute finantzaketa. Puntuazio horretara iristen ez diren proposamenak ezetsi egingo dira beren finantzaketari dagokionez.

6.– Erakundeen baldintzen betetzea eta proposamenen kalitatea balioesteko prozesua amaitu ondoren, diru-laguntzak lortzeko eskaerak lortutako puntuaziorik handienetik txikienera ordenatuko dira, eta aurkeztu diren helburu tematikoaren barruan sailkatuko dira. Ondoren, laguntzak erakunde onuradunen artean banatuko dira, agindu honen 2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

7.– 60 puntu baino gehiago lortu dituzten proposamenetarako ardatz-mailan eman beharreko Europako Gizarte Funtsaren laguntzaren zenbatekoak 2. artikuluaren 2. puntuan ezarritako muga gainditzen badu, muga horretara iritsi arte puntuaziorik handiena duten proposamenak hautatuko dira.

8.– Balioespen-prozesuan lortutako puntuazioaren ordenari jarraikiz deialdian parte hartzeko azken proposamen hautagarrirako dagokion ardatzean dagoen diru kopurua 1. eta 2. ardatzetan milioi bat euro baino handiagoa denean eta 6. ardatzean bostehun mila euro (hori da parte hartzeko gutxieneko kopurua, 2. artikuluaren 3. puntuaren arabera) baino handiagoa denean, baina eskatutako zenbateko osora iristen ez denean, jardun-proposamena berriz dimentsionatzeko eta dagoen zenbatekora egokitzeko aukera planteatuko zaio erakunde eskatzaileari.

9.– Proposamenetarako ardatz bakoitzeko eman beharreko diru-laguntzen zenbateko guztiak gehituta 2. artikuluan ezarritako zuzkidura ekonomikoa agortzen ez bada edota ardatz bakoitzeko soberakina 1. eta 2. ardatzetan milioi bat euro baino handiagoa eta 6. ardatzean bostehun mila euro baino handiagoa bada, honela jokatuko da, betiere 60 puntuko muga gainditu duten eta baterako finantzaketarik jaso ez duten proposamenak badaude:

a) Soberako zenbatekoa gizarte-berrikuntzari buruzko ardatzean geratu bada, 9. helburu tematikoaren zuzkidura ekonomikoari gaineratuko zaio, eta artean eman gabeko zenbateko bat geratzen bada, 8. helburu tematikora transferituko da.

b) Soberako zenbatekoa 8. edo 9. helburu tematikoan geratu bada, zenbateko hori, lehenik eta behin, gizarte-berrikuntzari buruzko 6. ardatzaren zuzkidura ekonomikora transferituko da, eta ardatz horrek dena hartzerik ez badu, beste helburu tematiko batera.

c) Aurreko bi kasuak aplikatzean ardatz berrirako finantza-eskualdaketa lortutako puntuazioaren lehentasun-ordenaren araberako azken proposamenaren aurrekontua zuzkitzeko nahikoa ez bada, Erkidegoko finantzaketaren soberakina Eusko Jaurlaritzak Europako Gizarte Funtsaren Euskal Autonomia Erkidegoko 2014-2020ko Programa Operatiboaren esparruan batera finantzatu beharreko programa eta jardun-ildo propioak aurkezteko duen baterako finantzaketari gehituko zaio.

14. artikulua.– Laguntzen emakidari buruzko ebazpena.

1.– Agindu honen 13. artikuluan aipatutako Balioespen Batzordeak egiten duen eskabideak onartzeko edo ukatzeko ebazpen-proposamena aztertu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Laneko sailburuordeak Europako Gizarte Funtsaren Euskal Autonomia Erkidegoko Programa Operatiboan parte hartzeko laguntzak ematea erabakiko du Ebazpen arrazoitu bidez.

2.– Ebazpena eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio, aurkeztu duen proiektuari dagokionez, eskatzaile orok espediente osoa eskuratzeko izango duen aukera eta artikulu honen 7. idatzi-zatian adierazitako ebazpenaren publizitatea aparte utzi gabe.

3.– Erakunde interesdunek emakidari buruzko Ebazpenaren jakinarazpena jaso eta 10 egun balioduneko epean erabakitako laguntzari esanbidez uko egiten diotela adierazten ez badute, Europako Gizarte Funtsaren Euskal Autonomia Erkidegoko Programa Operatiboan parte hartzea onartzen dutela ulertuko da.

4.– Finantzaketa-eskaera ezesten bada, arrazoiak zehatz-mehatz adieraziko dira ebazpenean, ezarritako baldintzen eta balioespen-irizpideen arabera.

5.– Emakidari buruzko ebazpenak honako alderdi hauek jasoko ditu funtsean:

a) Erakunde onuradunaren izena eta onartutako jardun-ildoen identifikazio-izena.

b) Europako Gizarte Funtsaren Euskal Autonomia Erkidegoko 2014-2020ko Programa Operatiboan parte hartzeko ildoen xedea eta indarraldia.

c) Onartutako jardun-ildoen deskribapen laburra.

d) Europako Gizarte Funtsaren laguntzaren zenbatekoa.

e) Justifikatzeko eta ordaintzeko sistema.

f) Ikuskapena, jarraipena eta kontrola egiteko sistema.

6.– Ebazpen horiek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta horien aurka gorako errekurtsoa jar dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazpenaren hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107. artikuluari eta hurrengoei jarraikiz.

7.– Ebazpena erakunde eskatzaileei jakinarazteko beharra aparte utzi gabe, ematen diren laguntzak argitaratu egingo dira, denek horren berri izan dezaten, legeek eskatutako baldintzetan.

15. artikulua.– Ebazteko epea eta administrazioaren isiltasunaren ondorioa.

Agindu honen babesean aurkeztutako jardun-ildoen onarpen-eskaerak ebatzi eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabete izango da.

Epe horretan esanbidezko ebazpenik ematen ez bada, aurkeztutako eskaera ezetsitzat hartu ahal izango da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako; nolanahi ere, Administrazioak esanbidez ebazteko betebeharra izango du.

16. artikulua.– Jardunen eta gastuen justifikazioa.

1.– Laguntzaren erakunde titular onuradunak aurreko urteari dagokion egikaritze-txosten bat aurkeztu beharko du urtean behin, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Plangintzako eta Enplegu Berrikuntzako Zuzendaritzak eskatutako baldintzetan.

Urteko egikaritze-txosten horrek jarduna justifikatuko du agindu honen ondorioetarako eta UAFSEren aurrean, eta, azkenik, Europako Batzordearen aurrean. Txosten horretan, jardunen azken hartzaileei buruzko datuak bilduko dira, jarraipen eta ebaluazioaren arloko baldintzak bete ahal izan daitezen, betiere Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Legean ezarritakoari jarraikiz.

2.– Laguntzaren erakunde titular onuradunak jardunen egikaritzearen ondoriozko gastuak justifikatuko dituzten dokumentuak aurkeztu beharko ditu Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailean, Sail horrek emandako aginduei eta Aginduaren 6. artikuluan komunikazioari eta publizitateari dagokienez hitzartutako betebeharrei jarraikiz. Agindu horiek, kostu sinplifikatuen aukerei dagokienez, 1303/2013 Erregelamenduaren 67. eta 68. artikuluetan eta 1304/2013 Erregelamenduaren 14. artikuluan jasotakoa hartuko dute kontuan. Ildo horretan, arestiko artikuluetan adierazitako kostu sinplifikatuen sistemetakoren baten aplikazioari dagokionez (laguntza publikoaren zenbatekoa 50.000 euro edo gutxiago denean) 1304/2013 Erregelamenduaren 14.4 artikuluan ezartzen den nahitaezkotasuna adieraziko zaie kudeaketa-metodo gisa diru-laguntzetarako deialdia edo hitzarmenak dituzten erakundeei.

Jardunen egikaritze-gastuen dokumentu bidezko justifikazioak gastuen ordainketen baldintzak betetzen direla egiaztatzeko nahikoa izango den auditoretza-pista bat bermatu beharko du.

3. Erakundeak, txostenarekin eta gastuen urteko justifikazioarekin batera, Urteko Jarduera Plana igorri beharko du. Plan horretan, hurrengo urtearen plangintza bilduko da, honako hauek zehaztuta: helburuak, adierazleak, ekintzak, ekintza bakoitzerako aurrekontua eta hasiera batean emandako jardun-ildoei dagokienez aurreikusitako desbideratzeak. Plangintza hori Plangintzako eta Enplegu Berrikuntzako Zuzendaritzak onartu beharko du esanbidez, eta haren ikuskapen-lanaren ondorioz, aldaketak egin ahal izango dira urteko esleipenean, agindu honen 19. artikuluan ezarritakoaren arabera.

17. artikulua.– Gastuak diruz laguntzeko aukera.

1.– Diruz laguntzeko aldia agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2023ko abenduaren 31n amaituko da.

2.– Gastuak diruz laguntzeko aukera 1303/2013 Erregelamenduaren 65. artikuluan, 1304/2013 Erregelamenduaren (EB) 13. artikuluan eta egitura-funtsek batera finantzatutako eragiketa-gastuen finantzaketari buruzko Erkidegoko, Estatuko, eskualdeko eta, hala badagokio, tokiko araudi aplikagarri orotan araututa dago.

Oro har, jardunei zuzenean lotuta dauden eta erakunde onuradunak ordaindu dituen gastuak onartuko dira, honako hauek izan ezik: zeharkako zergak (berreskuratu edo konpentsa daitezkeenean), errentaren gaineko zerga pertsonalak, interes zordunak, altzari, ekipamendu, ibilgailu, azpiegitura, ondasun higiezin eta lur berrien edo bigarren eskukoen erosketak, interes, errekargu eta zehapen administratibo eta penalak, eta prozedura judizialen gastuak.

Hainbat erakundek parte hartzen duten jardun-ildoen kasuan, erakunde horien artean zerbitzuak azpikontratatzen badira, kontratazioa merkatu libreko baldintzetan egin behar da.

18. artikulua.– Ordaintzeko sistema.

1.– Europako Batzordearen jardunbideari jarraikiz, laguntzaren onuradunak diren erakundeek egindako eta 1303/2013 Erregelamenduan (EB) finkatuta dauden kostuak justifikatzeko prozeduren arabera egiaztatutako gastuetan oinarrituta egingo dira ordainketak.

2.– Nolanahi ere, Europako Batzordeak 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) 81. artikuluan araututako aurrefinantzaketa bat egiten badu, aurrefinantzaketa horri dagokion zatia ordainduko zaio erakunde onuradunari, Eusko Jaurlaritzak jasotzen duen unean.

3.– UAFSEk Europako Batzordetik jaso ondoren transferitzen dituen ordainketak Eusko Jaurlaritzak jaso ondoren ordainduko da Europako Gizarte Funtsaren finantzaketa. Hala ere, baterako finantzaketaren ordainketa Programa Operatiboan parte hartzeko aukeraren esparruan hasi zen eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura amaitzearen baldintzapean egingo da.

19. artikulua.– Laguntzen onuradunak diren erakundeek berriz programatzeko proposamenak eta Ebazpenaren aldaketak.

Gizarte-testuinguruan, testuinguru ekonomikoan eta/edo lan-testuinguruan aldaketa garrantzitsuak gertatzen badira eta aldaketa horiek Europako Gizarte Funtsaren laguntzaren hartzaile izan daitezkeen pertsonengan eta premietan eragin esanguratsua badute, edota erakunderen batek esleitu zaion urteko zenbatekoa egikaritzen ez badu edo partzialki egikaritzen badu, Programa Operatiboaren onuradun diren erakundeek berriz programatzeko eskaera (behar bezala arrazoitua, nolanahi ere) egin ahal izango dute, eta honela jokatuko da:

1.– Plangintzako eta Enplegu Berrikuntzako Zuzendaritzak erakundeak proposatutako aldaketak edo egindako desbideratzeak azalduko dituen txostena aztertuko du, eta, hala badagokio, erakunde onuradunak igorritako Urteko Jarduera Plana ere bai. Informazio horretan oinarrituta, urteko beste esleipen bat egingo da aldia amaitu arte, 1303/2013 Erregelamenduaren 136. artikuluan araututako n+3 araua kontuan hartuta.

2.– Aurreko puntuan deskribatutako esleipen berriaren ondorioz funts batzuk aske geratzen badira, lehenik eta behin erakunde berari esleituko zaizkio, betiere Programa Operatiboaren esparruan onartutako beste jardun-ildoren bat badu.

3.– Erakunde horrek funts gehiago hartu ezin baditu eta askatutako zenbatekoa 1. eta 2. ardatzetan milioi bat euro baino handiagoa eta 6. ardatzean bostehun mila euro (hori da parte hartzeko gutxieneko kopurua, agindu honen 2. artikuluaren 3. puntuaren arabera) baino handiagoa bada, Programa Operatiboan parte hartzeko proposamenak aurkezteko beste deialdi bat egingo da.

4.– Liberatutako zenbatekoa agindu honetan parte hartzeko ezarritako gutxieneko zenbatekoa baino txikiagoa bada edota zirkunstantzia hori programazioaldiaren amaieran gertatzen bada eta zenbateko horiekin jardunak ebazteko eta egikaritzeko astirik ez badago, Programa Operatiboan parte hartzen duten erakundeei funtsen liberazioa jakinaraziko zaie, hala badagokio aukera daitekeen gastu handiagoa esleitzeko eskaera justifikatua aurkez dezaten, beren jardun-ildoak osatzeko eta hobetzeko helburuarekin. Funtsak Enplegu eta Laneko sailburuordearen Ebazpen bidez banatuko dira, esleipen berrirako honako irizpide hau kontuan hartuta: askatutako funtsak banatzeko, zer inbertsio-lehentasunetatik askatu ziren hartuko da kontuan, eta lehentasun horretan bertan banatuko dira; artean banatzeko funts gehiago geratzen badira, lehentasunezko ardatz berean banatuko dira.

5.– Nolanahi ere, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak Eusko Jaurlaritzak garatutako eta deialdi honen xede den Programa Operatiboaren helburu tematiko, inbertsio-lehentasun eta helburu espezifikoen barruan kokatutako jardunetarako esleitu ahal izango ditu askatutako bitarteko horiek.

6.– Era berean, erakunde onuradun batek eman zaion zenbatekoaren finantzabidea (n+3) betetzen ez duela eta horren ondorioz Batzordeak 1303/2013 Erregelamenduaren 136. artikuluan adierazitako aurrekontu-konpromisoa askatzeko arriskua dagoela ikusten bada, egikaritu gabeko zenbatekoa gastu-ahalmena duen beste erakunde bati esleitzeko (kasu horretan, artikulu honen 2. eta 3. puntuetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da) edota Eusko Jaurlaritzaren berezko jardunak egiteko erabili ahal izango du Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, erakundeari jakinarazi eta horrekin kontrastatu ondoren.

7.– Zirkunstantzia jakin batzuetan, beharrezkoa izan daiteke Europako Batzordeak edo Programa Operatiboaren Jarraipen Batzordeak programazio berria onartzea.

20. artikulua.– Dokumentuen eskuragarritasuna.

1.– Laguntzaren onuradun diren erakundeek batera finantzatutako gastuak justifikatzen dituzten dokumentu guztiak eta jatorrizkoekin bat datozen kopia ziurtatuak gordeko dituzte oro har onartutako datu-euskarrietan eta hiru urtera arteko epe batean, eragiketaren gastuak sartuta dauden kontuak aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31tik aurrera zenbatzen hasita.

Dokumentuak bi modutara gorde ahal izango dira: jatorrizko edo jatorrizkoen kopia konpultsatu gisa, edota oro har onartutako datu-euskarrietan (jatorrizko dokumentuen bertsio elektronikoak edo bertsio elektronikoan baino ez dauden dokumentuak, bereziki).

AZKEN XEDAPENetatik lehenengoa

Agindu honetan administrazio-prozedurari dagokionez aurreikusi ez den orotan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta haren aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.

Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegiko Administrazioarekiko Auzitarako Salan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, Administrazioarekiko Auzitarako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasita izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko urtarrilaren 12a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala