Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

19. zk., 2015eko urtarrilaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
434

EBAZPENA, 2015eko urtarrilaren 28koa, Gizarte Zerbitzuen zuzendarirena, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2014ko urriaren 29ko Aginduan aurreikusitako diru-laguntzetarako zuzkidura argitara emateko dena. Urriaren 29ko agindu horren bitartez honako prozedura hau ezarri zen: Genero Indarkeriaren aurkako Babes Integraleko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitakoaren arabera genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko prozedura.

Genero Indarkeriaren aurkako Babes Integraleko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitakoaren arabera genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko prozedura ezarri zen, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2014ko urriaren 29ko Aginduaren bitartez ezarri ere (EHAAren 221. zk., 2014ko azaroaren 19koa).

Lehenengo xedapen gehigarriak, finantziazioari eta aurrekontu-egozteari buruzkoak, hauxe adierazten du: «Publikotasun-printzipioa betetzeko, aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren hasieran, Gizarte Zerbitzuen zuzendariak emandako ebazpen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan hartarako esleitutako zuzkiduraren berri emango da».

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen ditu apirilaren 9ko 191/2013 Dekretuak, zeina maiatzaren 20ko 79/2014 Dekretuaz aldatu baitzen. Bada, dekretu haren 14.l) artikuluan zehazten denez, Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzari dagokio honako funtzio hauek baliatzea: «Genero-indarkeriaren biktima izan diren Emakumeak Telefonoz Artatzeko Zerbitzua; emakumeen aurkako genero indarkeriaren biktimak laguntzen dituzten profesionalentzako laguntza eta aholkularitzaren kudeaketa integratua, eta ordainketa bakarreko laguntza ekonomikoak».

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulua bakarra.– Publikotasun-printzipioa betetzearren, honako hau zehazten da: 2015eko ekitaldian, 2014ko urriaren 29ko Aginduan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko 700.000 euro erabiliko dira.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen. Beraz, horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Gizarte Politiketako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; hala agintzen da Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko urtarrilaren 28a.

Gizarte Zerbitzuen zuzendaria,

LIDE AMILIBIA BERGARETXE.


Azterketa dokumentala