Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

20. zk., 2015eko urtarrilaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Pribatuen iragarkiak

FUNDACIÓN EUSKADI KIROLA FUNDAZIOA
456

IRAGARKIA, Goi Mailako Kirolari bekak emateko oinarriei buruzkoa, Fundación Euskadi Kirola Fundazioak 2015. urterako eman dituenak.

Eusko Jaurlaritzak, uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuaren bidez, Goi Mailako Kirola arautu du Euskadin eta 12. artikuluan aurreikusita dago bekak, sariak eta laguntza ekonomikoak ematea kirolaren segmentu hori sustatze aldera, Fundación Euskadi Kirola Fundazioaren bitartez.

Fundación Euskadi Kirola Fundazioa Euskal sektore publikoko fundazioa da. Erakunde honen helburua goi mailako euskal kirola bultzatu eta sustatzea da; horrela, goi mailako kirolean nazioarteko lehiaketetan erruz parte hartu ahal izango da eta, bereziki, goi mailako kirol ekitaldietan. Halaber, lehiaketa horietan euskal kirolariek goi mailako emaitzak izatea da erakundearen beste helburua.

Erakundeak xede duen goi mailako kirolean aritze aldera, Fundación Euskadi Kirola Fundazioaren Patronatuak Euskadi Kirola Bekak ematea onartu du 2015. urterako. Honako oinarri hauen arabera arautuko dira bekak:

OINARRIAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Oinarri hauen xedea Fundación Euskadi Kirola Fundazioak goi mailako kirolerako ematen dituen Euskadi Kirola Bekak arautzea da. 2015eko urtarrilaren 1etik 2015eko abenduaren 31ra.

2. artikulua.– Definizioak.

1.– «Euskadi Kirola Bekak» izenaren barruan goi mailako kirolerako hainbat laguntza ekonomiko, tekniko eta biomediko daude, eta oinarri hauen 4. artikuluan zehazten dira.

2.– Oinarri hauen ondoreetarako, «goi mailako euskal kirola» Euskal Autonomia Erkidegoaren intereserako den kirola praktikatzea da. Erkidegoko kirola garatzeko funtsezko faktorea da; izan ere, oinarri-kirola sustatzeko pizgarria da eta goi mailako kirol lehiaketetan ordezkatzeko aukera ederra ematen du.

3.– Oinarri hauetan «kirolari» buruz egiten diren erreferentzia guztiak goi mailako kirolari buruzkoak dira, Euskadin Goi Mailako Kirola arautzen duen uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuan ezarritakoekin bat.

3. artikulua.– Beka hauen jasotzaile diren kirol-diziplinak.

1.– Beka hauek bereziki Nazioarteko Batzorde Olinpiarrak eta Nazioarteko Batzorde Paraolinpiarrak onartutako kirol-diziplina guztiak sustatu eta lagundu nahi ditu. Batez ere, Batzorde horiek onartutako Nazioarteko Federazioek antolatu dituzten lehiaketetan parte hartzea sustatu eta lagunduko du.

2.– Beka hauen helburua goi mailako kirol ez profesionala sustatu eta laguntzea da. Liga eta zirkuitu profesionalak kirol profesionala dira, hortaz, beka hauetatik kanpo daude.

4. artikulua.– Euskadi Kirola Bekak 2015en edukia.

«Euskadi Kirola Bekak 2015» bekak hainbat laguntza mota izango ditu, Fundación Euskadi Kirola Fundazioak 2015ean emandakoak:

1.– Diru-laguntzak, honako eduki hauekin:

a) Oinarrizko beka: goi mailako kirolariei diruz laguntzeko bekak, entrenamenduan eta lehiaketan buru belarri jarduten dutela bermatzeko. Oinarri hauetan ezarritakoei jarraituz, goi mailako kirolari direla egiaztatu behar dute.

b) Helburukako sariak: adostutako eta betetako kirol helburuen araberako sari ekonomikoak. Sari hauek oinarrizko laguntza edo bekaren onuradun diren kirolariek baino ez dituzte jasoko, baita euren teknikariek ere, 12.2.b artikuluan zehazten denarekin bat. Kasuan kasuko kirol helburuak oinarri hauen 16. artikuluan aipatzen den agirian ezarriko dira.

c) Laguntza osagarriak: aldez aurretik planifikatuko diren diru-laguntzak, kirol-errendimendua hobetzeko eta ez ohiko gastuak ordaintzeko. Aurrekontua itxia izango da (lehiaketetan parte hartzea, kontzentrazio bereziak egitea, e.a.). Laguntza hauek oinarrizko laguntza edo bekaren kirolari onuradunek baino ez dituzte jasoko. Horretarako, eskatzaileek fundazioak ezarritako laguntza osagarria eskatzeko protokoloa beteko dute. Protokoloa honako web orrian argitaratuko da: www.basqueteam.com

2.– Fundación Euskadi Kirola Fundazioak onuradunei hainbat zerbitzu osagarri egitea, kirol prestakuntza optimizatze aldera, hala nola:

a) Laguntza tekniko espezializatua goi kirol-errendimenduan.

b) Laguntza biomediko espezializatua goi kirol-errendimenduan.

c) Kirolarien prestakuntza akademiko eta profesionalerako Programan ezartzea eta kirol garapen pertsonala, «coaching»aren bidez.

d) Laguntza teknikoa berrikuntzan eta kirol-diziplinari aplikatutako garapen zientifikoa.

3.– Aurreko 2. atalean zehazten diren laguntza tekniko eta biomedikoetarako zerbitzuak beken onuradunei eskainiko zaizkie, eta uko egiteko eskubidea izango dute. Zerbitzu horiei uko egiteak ez du esan nahi kontrol tekniko eta biomedikorik egin behar ez denik. Oinarri hauen 16. artikuluko c) eta h) paragrafoetan adierazitako kontrolak nahitaez egin behar dira.

5. artikulua.– Bekak kudeatu eta esleitzeko organo eskudunak.

Fundación Euskadi Kirola Fundazioaren Patronatuari dagokio oinarri hauetako beken esleipena ebaztea. Aurrekoa gorabehera, Patronatuak Batzorde Betearazle baten esku utziko du eskumen hau. Batzorde honek ebatziko ditu beka-eskaera guztiak, oinarri hauen 14.3 artikuluan ezarritakoaren kalterik gabe.

Batzorde Betearazlea honako hauek osatzen dute: patronatuko idazkaria, fundazioko koordinatzailea, beken arloaz arduratzen den kirol teknikaria eta biomedikuntza zerbitzuko mediku bat. Batzorde honek beharrezko diren txosten tekniko, mediko, juridiko eta ekonomikoak eskatu eta bilduko ditu ebazpenak emateko.

6. artikulua.– Pertsona eta erakunde onuradunak.

1.– Bekak hartzeko onuradunak goi mailako kirolariak, hauen teknikariak eta kirol erakundeak dira. Horiek guztiek oinarri hauen I. eranskinean adierazitako kirol-irizpide teknikoak bete behar dituzte baita jarraian adierazten diren betekizun eta baldintzak ere.

2.– Goi Mailako kirolariak. «Euskadi Kirolak» bekak jaso ahal izateko honako betekizun hauek beteko dituzte kirolariek:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Administrazio mailan, euskal nortasuna izatea, Autonomia Estatutuan adierazitakoarekin bat.

c) Dagokion kirol diziplinan, EAEko euskal edo lurralde federazioak emandako edo izapidetutako lizentzia indarrean izatea.

d) Oinarri hauen 3. artikuluan aurreikusitako kirol diziplinaren batean aritzea, eta goi kirol maila lortu izana indarrean izatea, Euskadin Goi Mailako Kirola arautzen duen uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuaren II. kapituluko 2. atalean ezarritakoekin bat.

e) 2015ean goi mailako kirol hori entrenatzen eta praktikatzen jarraitzea.

f) Diziplina edo kirol hauste larria edo oso larria egitearen ondorioz, edozein lurraldeko kirol federaziok zigortuta ez egotea edo desgaikuntza-zigorrik ez izatea. Horretarako, zigortutzat hartuko da ebazpen betearazlea izatea, nahiz eta irmoa ez izan.

g) Diziplina edo kirol hauste larria edo oso larria egitearen ondorioz, edozein lurraldeko kirol federaziok zigortuta ez egotea edo zuhurtasunezko desgaikuntza-zigorrik ez izatea.

h) Zigor Kodearen 286 bis 4. eta 361 bis artikuluetan aurreikusitako legez kanpoko gorabeherak direla eta, inputatuta, auzpipetuta edo zigortuta ez egotea.

i) Zerga betebeharrak egunean izatea.

3.– Kirol-teknikariak. «Euskadi Kirolak» bekak jaso ahal izateko honako betekizun hauek beteko dituzte teknikariek:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatura edo kirol-titulazioa izatea, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuarekin bat. Dekretu horrek kirol-irakaskuntza berezien antolamendu orokorra arautzen du. Edo, bestela, Errege Dekretu horren aurrekoak baina homologarriak eta/edo baliokideak diren titulazioak. Edo, hala badagokio, unibertsitateko master titulua kirol errendimenduan.

c) Oinarri hauen 4. artikuluko 1.a) paragrafoan aurreikusitakoaren arabera, oinarrizko laguntza edo beka baten onuradun den kirolari baten kirol-prestakuntza teknikoaz arduratzen den pertsona izatea eta kirolariak berak onartua izatea. Kirolari bakoitzak gehienez pertsona bakarra onartuko du prestatzaile gisa. Prestakuntza teknikoaz arduratzen den pertsona aldatuz gero, kirolariak berak jakinaraziko dio fundazioari idatziz. Jakinarazpena egiten denetik hasita izango ditu ondoreak.

d) Goi mailako teknikaria lortu izana indarrean izatea, Euskadin Goi Mailako Kirola arautzen duen uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuaren II. kapituluko 2. atalean ezarritakoekin bat.

e) 2015ean kirolariaren arduradun teknikoa izaten jarraitzea.

f) Diziplina edo kirol hauste larria edo oso larria egitearen ondorioz, edozein lurraldeko kirol federaziok zigortuta ez egotea edo desgaikuntza-zigorrik ez izatea. Horretarako, zigortutzat hartuko da ebazpen betearazlea izatea, nahiz eta irmoa ez izan.

g) Diziplina edo kirol hauste larria edo oso larria egitearen ondorioz, edozein lurraldeko kirol federaziok zigortuta ez egotea edo zuhurtasunezko desgaikuntza-zigorrik ez izatea.

h) Zigor Kodearen 286 bis 4. eta 361 bis artikuluetan aurreikusitako legez kanpoko gorabeherak direla eta, inputatuta, auzipetuta edo zigortuta ez egotea.

i) Zerga betebeharrak egunean izatea.

4.– Kirol erakundeak. Halaber, «Euskadi Kirola» bekak jaso ahal izateko honako betekizun hauek beteko dituzte kirol-erakundeek:

a) Fundación Euskadi Kirola Fundazioak lehentasunezko interestzat jotzen dituen kirol-diziplinetako bateko kirol erakundea izatea, oinarri hauen I. eranskinean (4. irizpidea) ezarritakoarekin bat.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol-Erakundeen Erregistroan izena emanda egotea.

c) Kirol-diziplina berean eta kategoria absolutuan gutxienez kirolari bi izatea, oinarrizko beka baten onuradun direnak, betiere oinarri hauen 4. artikuluaren 1.a) paragrafoan aurreikusitakoaren arabera.

d) Bai kirolariak bai teknikari arduradunak kirol erakundeko partaide izatea.

e) Goi mailako kirola prestatu ahal izateko giza baliabide, baliabide tekniko eta kirol instalazio egokiak izatea.

f) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

5.– Kirolari beka duten pertsonak ezingo dira teknikari izan edo alderantziz.

7. artikulua.– Beka hauek Goi Mailako Kirolari buruzko Dekretuarekin duten harremana.

1.– Beka hauek eskatzen dituzten kirolariek zein teknikariek, eskabidea egin aurretik goi kirol mailako kirolari edo teknikari izateko deklarazioa indarrean izan behar dute, betiere Goi Mailako Kirola arautzen duen uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuaren II. kapituluaren 2. atalean ezarritakoekin bat.

2.– Aurreko paragrafoan eskatzen den betekizuna ezinbestekoa da beka hauek eman ahal izateko, baina ez da nahikoa izango.

3.– Beka hauek eskatzen dituzten pertsonek ez dute goi mailako kirolari edo teknikari izateko izapidetzerik egiaztatu beharrik, Goi Mailako Kirola arautzen duen uztailaren 20ko 203/2010 Dekretua ezarritakoekin bat. Fundación Euskadi Kirola Fundazioak berak egiaztatuko du artikulu honetan eskatutakoa betetzen dela.

8. artikulua.– Laguntzak salbuespenez ematea.

Salbuespenez, beka hauek beste zenbait pertsona edo erakunderi eman ahal izango zaizkie: 203/2010 Dekretuaren arabera goi mailako kirolari izateko deklarazioa indarrean badute eta, hala ere, behar bezala justifikatutako kirol arrazoi, arrazoi teknikoak edo biomedikoak direla eta, I. eranskinean eskatutako kirol-merituak egiaztatu ezin badituzte. Pertsona horiei eskatuko zaie, edonola ere, 6.2 artikuluan eskatzen diren baldintzak betetzeko kirolarien kasuan, eta 6.3 artikuluan eskatzen diren baldintzak betetzeko, teknikarien kasuan.

9. artikulua.– Konpromisoa kirol osasunarekin eta dopinaren aurkako borrokarekin.

Euskadi Kirola Beken pertsona onuradun guztiek aldez aurretik konpromisoa egiaztatu beharko dute kirol osasunarekin eta dopinaren aurkako borrokarekin, Euskadiko ekainaren 21eko dopinaren aurkako 12/2012 Legeari eta bat datozen gainerako legeei jarraituz. Horretarako, kirolariek nahiz teknikariek beren beregi emango dute datu pertsonalak lagatzeko baimena, baita datu biomedikoak ere, Dopinaren Aurkako Euskal Agentzia erabil ditzan, erakunde horrek dituen eskumenen barruan.

10. artikulua.– Eskabideak tramitatzea.

1.– Interesaturik dauden pertsona eta erakundeek Fundación Euskadi Kirola Fundaziora bidaliko dituzte eskabideak. Horretarako, dagokion idazki eredua bete (oinarri hauen II., III. eta IV. eranskinak) eta hurrengo paragrafoetan adierazten den agiriekin batera helbide honetara bidaliko dute: Makaleta etorbidea z/g 48992 Getxo (Fadurako Teknika Hobekuntzarako Zentroa), edo honako e-mail honetara: fundacion-ek@euskalnet.net Era berean, aurreko urteetan Euskadi Kirola Bekaren onuradun izan direnek Fundazioaren intranet bidez egin behar izango dute eskabideen izapidetzea.URL helbidea honako hau da: https://sis.netaphora.es/beta/login.jsp

2.– Eskabidearekin batera kirolariek agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) NANaren edo pasaportearen kopia.

b) Euskal Autonomi Erkidegoan erroldaren ziurtagiria, erroldatzea eskabidea egin den baino urtebete lehenago dagoela egiaztatzen duena.

c) Dagokion Euskal Federazioak emandako edo bideratutako kirol Lizentziaren kopia soila.

d) Zerga betebeharrak egunean daudela adierazten duen ziurtagiria.

e) Kirol-kurrikulua. Bertan nazioartean lortu diren kirol emaitzarik nabarmenenak deskribatuko dira, bereziki 2014. urtean, eta hala badagokio, 2015. urtean lortutakoak.

f) 2015erako kirol-planifikazioa, kirolariak eta teknikari arduradunak sinatua. Agiri horretan honako hauek agertuko dira: helburu nagusiak eta bigarren mailako helburuak, lehiaketak non eta noiz egingo diren. Gainera, helburuekin bat datozen entrenamendu saioen deskribapen zehatza egingo da, bita aurreikusita dauden kontrolak ere.

g) Egongo balitz, ingurune biomedikoa identifikatzeko zinpeko aitorpena, kirolariak sinatua, ingurune horretan sartuta dauden pertsonen kualifikazioak eta akreditazioak (Medikuntza Lizentziatura eta elkargokide zenbakia) barne daudela.

h) Kirola egiteko gai dela egiaztatzen duen mediku-ziurtagiri ofiziala (Medikuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak emanda), beka eskatzen denetik lau urtetik gorako ziurtagiria ez bada.

i) Era gehigarrian, kirol egokituko kirolariek desgaitasun maila egiaztatzen duen mediku-ziurtagiria aurkeztuko dute.

3.– Eskabidearekin batera teknikariek agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) NANaren edo pasaportearen kopia.

b) Zerga betebeharrak egunean daudela adierazten duen ziurtagiria.

c) Ikasketa-tituluen kopia soila, oinarri hauen 6. artikuluko 3.b) paragrafoan adierazi bezala.

d) Oinarrizko bekaren kirol onuradunak sinatutako zinpeko aitorpena, 4. artikuluko 1.a) paragrafoan aurreikusitakoarekin bat. Bertan adierazten da kirol teknikari gisa beka eskatzen duena kirolariaren prestatzaile nagusia dela. Kirolari bakoitzak, gehienez ere, pertsona bakarra egiaztatuko du arduradun tekniko gisa. Prestakuntza teknikoaz arduratzen den pertsona aldatuz gero, oinarri hauen 6. artikuluko 3.c) paragrafoan ezarritakoari jarraituko zaio.

4.– Eskabidearekin batera kirol erakundeek agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) IFKren kopia.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan izena emanda dagoela adierazten duen ziurtagiria.

c) Erakundea eratzeko agiriaren eta estatutuen kopia, kirol-erakundearen legezko ordezkariaren NANaren kopia, eta ordezkatzeko ahalmenaren egiaztatzea, bai ahalordetze-eskrituraren bidez, bai dagokion organoak egindako ziurtagiriaren bidez.

d) Zerga betebeharrak egunean daudela adierazten duen ziurtagiria.

e) Bekaren onuraduna den kirol erakundeko kirolari guztiak kirolerako gai direla egiaztatzen duten mediku-ziurtagiriak.

f) Kirol erakundeko kirolari guztien dagokion euskal federazioak emandako edo bideratutako kirol lizentziaren kopia soila.

g) Kirol-plantillako kirolari guztien zerrenda osoa.

5.– Era gehigarrian, Fundación Euskadi Kirola Fundazioak behar beste agiri eta argibide eskatu ahal izango ditu bekak emateko.

6.– Beka eskabidearekin batera erantsiko diren agirien ereduak fundazioaren web orrian daude interesatuen eskuragarri: www.basqueteam.com

11. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta akatsak zuzentzea.

1.– Oinarri hauek Fundación Euskadi Kirolak Fundazioaren web orrian argitaratzen direnean zabalduko da eskabideak aurkezteko epea, eta oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen direnetik hasita hilabeteko (1) epean itxiko da epea.

2.– Fundación Euskadi Kirola Fundazioak, behin eskabideak eta beharrezko agiriak jasota, banakako espedientea egingo du eskabide bakoitzeko. Espediente hori Batzorde Betearazleari bidaliko zaio, oinarri hauetan onartutako irizpideen arabera azter dezan.

3.– Aurkeztu diren eskabidea eta bestelako agiriak aztertuta, akatsik egonez gero edo agiririk falta izanez gero, eskatzaileari jakinarazi eta hamar egun balioduneko epea emango zaio zuzendu ahal izateko. Epea bukatuta, eta zuzenketarik ez badago, uko egintzat hartuko da.

12. artikulua.– Bekak emateko prozedura: kirol-auditoretza eta derrigorrezko mediku-azterketa.

1.– Batzorde Betearazleak espedientea jaso eta oinarri hauetan ezarritako irizpideen arabera aztertu eta balioetsiko du eta, hala badagokio, kirol-auditoretza eta derrigorrezko mediku-azterketa proposatuko ditu. Lan hauek teknikari eta mediku adituek egingo dituzte, betiere beka eman aurretik.

2.– Beka eskatzaileek kirol-auditoretza eta mediku-azterketa egin beharko dute, kirola praktikatzeko gai direla bermatze aldera, Fundación Euskadi Kirola Fundazioak proposatutakoei jarraituz. Eskatzaileak auditoretza eta azterketa egiteari ezetz esaten badio, ukatu egingo zaio eskabidea, besterik gabe.

3.– Batzorde Beterazleak, egindako auditoretza, azterketa eta fundazioak duen finantza eta aurrekontua aintzat hartuta, beka emateko edo ukatzeko ebazpen zioduna egingo du eta idatziz jakinaraziko zaio pertsona edo erakunde eskatzaileari.

13. artikulua.– Bekak balioesteko eta kuantifikatzeko irizpideak.

1.– Batzorde Betearazleak bekak emateko ebazpena egingo du pertsona edo erakunde eskatzaileen merituen eta ezaugarri pertsonalen arabera. Halaber, oinarri hauetan eskatutakoak betetzen direla bermatuko du.

2.– Meritu eta ezaugarri horiek balioesteko Batzorde Betearazleak oinarri hauen I. eranskinean adierazten diren balioesteko irizpideak aplikatuko ditu nahitaez. Bereziki, irizpideak honela aplikatuko dira:

a) Goi Mailako kirolariak. Goi mailako kirolarien merituak balioestea I. eranskinean ezartzen diren balioesteko eta kuantifikatzeko irizpideetan oinarrituz zehaztuko da. Hala badagokio, balioespen horrek oinarri hauen 4. artikuluko 1.a) paragrafoan adierazitako oinarrizko beka ematea ekarriko du.

b) Kirol-teknikariak. Oinarri hauen 4. artikuluko 1.a) paragrafoan adierazitako oinarrizko beka jasotzeko proposatzen den kirolari bakoitzeko, teknikariari beka arrunta emango zaio. Oinarrizko bekaren % 25 gehi kirolariak jasoko duen sariaren % 25 izango da zenbatekoa. Beka arruntaren ondorioetarako, ez da onartuko 3 kirolaritik gora teknikari bakoitzeko. Halaber, kirol teknikariek beka berezia jaso ahal izango dute kirol diziplina bakoitzean, I. eranskinean adierazitakoekin bat (F taldea).

c) Kirol-erakundeak. Fundación Euskadi Kirola Fundazioak lehentasunezkoak jotzen dituen kirol-diziplinen kirol-erakundeei baino ez zaizkie emango diru-laguntzak, I. eranskinean (4. Irizpidea) ezarritakoarekin bat, eta kirol-plantillan gutxienez goi mailako kirolari bi dituztenak kategoria absolutuan. Kirolari horiek oinarri hauen 4. artikuluko 1.a) paragrafoan adierazitako oinarrizko bekaren onuradun dira. Lehentasunezkoa jotzen den kirol-diziplina bakoitzeko beka bakarra emango zaio erakundeari.

3.– Beka, sari eta laguntza osagarrien zenbatekoa zehazteko, aurkeztu eta onartu diren eskabideak eta fundazioak duen finantza egoera hartuko dira kontuan.

14. artikulua.– Ebazpena.

1.– Batzorde Betearazleak gehienez ere bi (2) hilabeteko epean ebatzi edo ukatuko du bekak ematea, eskabideak aurkezten diren egunetik zenbatzen hasita.

2.– Ebazpena, edonola ere zioduna dena, bana-banaka jakinaraziko zaie beka eskatzen dutenei.

3.– Batzorde Betearazlearen ebazpenaren aurka errekurtsoa jar daiteke Fundación Euskadi Kirola Fundazioaren Patronatuko Lehendakariaren aurrean, jakinarazten denetik hasita 15 eguneko epean.

4.– Euskadi Kirola 2015 beka emateko onuradunak Konpromiso Agiria Fundazioarekin sinatu beharko du, oinarri hauen 15. artikuluan adierazitakoarekin bat. Sinatzen den datatik hasita gauzatuko da beka ematea.

15. artikulua.– Onuradunak onartzea.

Beken onuradun diren pertsona eta kirol-erakundeek, oinarri hauetan arautuak, Fundación Euskadi Kirola Fundazioaren egoitzara agertu beharko dute, beka ematea jakinarazten denetik gehienez ere hilabeteko (1) epean, dagokion beka beren beregi onartzeko eta Fundación Euskadi Kirola Fundazioarekin Konpromiso Agiria sinatzeko.

16. artikulua.– Konpromiso Agiria Fundación Euskadi Kirola Fundazioarekin.

Fundación Euskadi Kirola Fundazioarekin sinatuko den Konpromiso Agiria derrigorrezkoa da beken onuradun diren pertsona eta erakundeentzat. Honetara daude behartuta:

a) 2014an zehar goi mailako kirol-jardueran eta entrenatzen jarraitzea.

b) Fundazioari, aldizka, kirol-jarduerari lotutako funtsezko informazioa ematea (kirol-emaitzak, gorabehera fisikoak, deialdiak, desplazamenduak...). Bereziki, kirolari guztiek adierazi behar dute noiz, non eta zein lehiaketatan egin dituzten mediku kontrolak, bai antidopinak, bai osasunekoak. Horretarako, fundazioak prozedura berezia prestatuko du oinarri hauen onuradunek derrigorrean bete beteko dutena.

c) Agirian ageri den kirol-planifikazioan ezarritako kontrolak betetzea, kirol-planifikazioa jarraitze aldera.

d) Fundación Euskadi Kirola Fundazioak zehaztuko dituen ikur eta markak eramatea, betiere lehiaketen arautegiak uzten badu.

e) Fundación Euskadi Kirola Fundazioak antolatzen dituen sustatzeko jardunaldi eta ekitaldietan parte hartzea.

f) Kirol-jarduerari lotutako diru-sarrera guztiak egiaztatzea eta horien berri Fundazioari ematea.

g) Kirol-lehiaketetan eta lehiaketetatik kanpo joko garbia erakustea, mugimendu olinpiarraren printzipioekin bat.

h) Datu pertsonalak, baita bereziki babestuta dauden biomedikoak ere, lagatzeko baimena ematea, Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak dituen administrazio-eskumenetan erabil ditzan.

i) Fundazioari laguntzea enpresa babesleekin dituen publizitate-konpromisoak betetzen.

j) Fundación Euskadi Kirola Fundazioarekin adostu den Konpromiso Agirian ezarritako beste edozein betebehar.

17. artikulua.– Euskadi Kirola Bekak ordaintzea.

1.– Hilero ordainduko dira 4. artikuluko 1.a) paragrafoan aurreikusita dauden oinarrizko bekak, Fundación Euskadi Kirola Fundazioarekin Konpromiso Agiria sinatzen denetik hasita.

2.– Era bakarrean egingo da 4. artikuluko 1.b) paragrafoan aurreikusita dagoen helburukako sari-ordainketa, Fundación Euskadi Kirola Fundazioarekin sinatutako Konpromiso Agirian adierazten den kirolari bakoitzarentzako helburua bete dela egiaztatu eta gero.

3.– Batzorde Betearazleak baimenduko du 4. artikuluko 1.c) paragrafoan aurreikusita dauden laguntza osagarriak ordaintzea, kasuan kasuko eskabideak eta inguruabarrak kontuan hartuta. Aldez aurretik oinarrizko bekaren onuradunak eskatuko du, fundazioaren administrazio sailak adierazitako eskabide-protokoloari jarraituz (laguntza osagarriak eskatzeko ereduak eskuragarri jarriko dira fundazioaren web orrian: www.basqueteam.com).

18. artikulua.– Beken bateragarritasuna.

Bateragarri dira batetik oinarri hauetan araututa dauden bekak, sariak eta laguntzak eta, bestetik, beste edozein erakunde publiko edo pribatuk, helburu berarekin, onuradun berari eman ahal dion edonolako laguntza.

Aurrekoaren kalterik gabe, Beka eta Laguntza hauek emateak ez dakar inola ere diruz lagundutako kirol jardueraren gainfinantzakerik. Horretarako, Fundación Euskadi Kirola Fundazioak goi mailako kirolari diru-laguntzak ematen dizkioten beste erakunde publiko zein pribatu batzuekin jokatuko du lankidetzan, iruzurrik edo neurriz gaineko jardunbiderik egon ez dadin.

19. artikulua.– Beken prestazioak ez betetzea eta etetea.

1.– Oinarri hauetan eskatutako betebeharrak ez betetzeak, edo oinarrietan eskatutako baldintzak gerora sortzeak administrazio-espedientea egitea ekarriko du, betiere bekak eman ondoren gertatuz gero. Beka jaso duen pertsona edo erakundeari entzun ondoren, bekaren prestazioak eten eta ukatu daitezke, Batzorde Betearazleak erabakiko du norainokoa den.

2.– Halaber, beken onuradun diren pertsonek edo erakundeek hartutako betebeharrak ez betetzeak kontratua ez betetzea ekarriko du, eta horrela dago jasota 16. artikuluan aurreikusitako Konpromiso Agirian. Interesdunari entzun ondoren, berehala eten daiteke dirulaguntza, Batzorde Betearazleak erabakitakoei jarraituz.

3.– Era gehigarrian, eta ez betetetzea ekarri duten inguruabarrak kontuan izanda, Batzorde Betearazleak eska dezake Fundación Euskadi Kirola Fundazioari jasotako zenbateko osoa edo zati bat itzultzeko.

4.– Salbuespenez, Batzorde Betearazleak erabakiko du, kautelazko neurri gisa, behin-behinean eteteko kirolariei emandako laguntzak eta bekak, onuradunei entzun gabe, dopin gorabeheretan edo kirol jarduerari lotutako beste konturen batean nahastuta badaude. Edonola ere, egoera horietara heltzeko bekaren onuradunak inputatuta, auzipetuta, salatuta edo, besterik gabe, erakunde eskudun batek egindako prozedura baten zati izan beharko du kirol jarduerari lotutako dopin edo bestelako iruzurrak direla eta.

Getxo, 2015eko urtarrilaren 21a.

Euskadi Kirola Fundazioa,

JAVIER ALDAZABAL ETXEBARRIA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala