 Bizi-mota eta -barietate guztiak hartzen ditu bere baitan biodibertsitateak. Hiru maila ditu: ekosistemen, espezieen eta geneen dibertsitatea.
Aniztasunak berekin dakar aberastasuna. Dibertsitate biologikoa zaintzeak onura eta balio ugari dakarzkigu. Hona hemen aipagarienak:
- Balio ekologikoa. Aniztasun biologikoari eta paisaiari eusten badiegu, honakoa ziurtatzen dugu: ingurumen aldakorrari egokitzeko milioika urteren poderioz izan diren moldatze eta espezializatzeek iraun egingo dutela gerora ere.
- Erabilpen-balioa: Etekin ugari ateratzen diogu gizakiok biodibertsitateari: zenbait animalia- eta landare-espezie elikatzeko kontsumitzen ditugu; hainbat landare eta mikroorganismotatik ateratako substantziak sendagaiak egiteko erabiltzen ditugu; basoko produktuak industriarako.
- Balio estetikoa eta dibertimenduzkoa. Ongizatea dakarkie gizakiei naturarekiko zuzeneko harremanak. Nekazaritza- eta turismo-eremu askoren garapen ekonomikoa bultzatzeko erabili ahal eta behar da paisaia- eta natur baliabideen zaintza.
- Ondare-balioa. Kultur balioa ere badakar biodibertsitateak: ingurune bakoitzeko espezie, arraza eta barietateen historia, nekazaritza eta abeltzaintza tradizionalari loturiko ohiturak, lekuan lekuko gastronomia... Paisaiak, berriz, balio sinboliko, kultural, erlijioso eta historiko garrantzitsuak ditu, baita nortasunaren ingurukoak ere.
- Balio zientifikoa. Munduaren ezagutza zabaltzeko eta aurrera bultzatzeko balioa (benetakoa edo potentziala) dakarkigute espezie guztiek.
Aniztasun biologikoari kalte egiten diote, besteak beste, honako jarduera eta gertakari hauek:
- ibaien kanalizazioak eta horien ertzak suntsitzeak;
- uraren eta airearen poluzioak;
- nekazaritza intentsiboak eta plagizidak erabiltzeak;
- espezie basatiak saltzeak eta erosteak;
- ingurune jakin batera espezie arrotzak eramateak;
- suteek;
- habitatak zatitu eta suntsitzeak (azpiegitura linealen eraikuntzak eta hirien zein industriaren hedapenak eraginez, batik bat);
- landa-paisaia uniforme eta sinplifikatua bihurtu izanak (basobera eta zuhaixkak desagertzen ari dira);
- padura eta hezeguneak drainatzeak;
- barreiadura-urbanizatzea hedatu izanak.
|