Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Ingurumena
  4.  
  5. Lurzorua

WAI-A

Lurzoruaren higadura


ZERGATIAK

Lurzoruaren higadura fenomeno konplexua da, eta bertan bi prozesuk hartzen dute parte: agregakinen hausturak eta eratorritako partikula finen garraioa beste leku batzuetara. Desertizazioa bultzatzen duen lurzoruaren geruza galtzeaz gain, arrastatutako partikulak poluzioa transmititzeko bide izan daitezke (plagizidak, metalak, mantenugaiak, mineralak, etab.). Fenomeno naturala den arren, giza jarduerek bizkortu egin dute. Higadura lurzorua uraren edo haizearen eraginpean jartzen duen edo isurketa-uren emaria eta abiadura handitzen dituen edozein giza jarduerak sorraraz dezake.

Uraren poderioz higadura sortzeko arriskua ezin handiagoa da euri asko egiten duen aldietan, lurzorua urez gainezka dagoenean eta azalean landaredi gutxi duenean, eta ura lurzoruaren gainean mugi dadin errazten du. Sortzen den isurketaren eraginak lurzoruaren zati garrantzitsuak deuseztatzen ditu, eta uraren bide nagusi gisa funtzionatzen duten higadura-ubideak sortzen ditu; horrek arazoa larriagotu baino ez du egiten.

Klima idor eta erdi-idorrek berezko duten haizeak eragindako higadura ia beti lurzoruaren landare-estalkia murriztearen ondorioa izaten da, bai gehiegizko artzaintzagatik, bai landaredia etxeko nahiz nekazaritzako erabileratarako deuseztatu delako.

ERAGINAK

Lurzoruaren higadurak eragiten dituen inpaktuak era askotakoak dira eta horien ondorio ekonomikoak kalkulatzen zailak dira. Urak eragindako higadurak lurzoruen geruza emankorraren hainbat milimetro desagerrarazten ditu urtero (Morgan, 1986). Era berean, lurzoruaren urari eusteko ahalmena ere murriztu egiten da.

Zaila da higaduraren ondorioz galdutako mantenugaiak eta materia organikoa berreskuratzeko beharko liratekeen ongarrien kalkulua egitea, baina argi dago diru-inbertsio handiak beharko liratekeela. Lurzoruaren higadurak ekosistemei ere eragiten die, batez ere landare-estalkia desagertu den guneetan, eta erabat edo zati batean deuseztatu egiten ditu.

LARRITASUNA

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak Euskadiko Lurzoruen Higaduraren Mapa egin du. Lana 2005. urtean egin zen eta honako helburu hau dauka: Autonomia Erkidego osorako lurzoruen higadura hidrikoa -laminarra zein errekastoetakoa- neurtzeko kartografia egitea.

NEURRIAK

Higadura kontrolatzeko programen funtsezko alderdietako bat gehiegizko higadura sor daitekeen leku eta garaien aurreikuspena da. Leku eta une jakin batean higaduraren ondorioz lurzorua galtzea faktore askoren menpe dago, eta faktore-multzo horri "lurzoru-galeraren ekuazio unibertsal" deitu zaio. Ekuazio hori gaur egun mundu osoan erabiltzen da higagarritasun-mapak egiteko.

Euskal Autonomia Erkidegoan egungo landaredi-estalkia oso tresna eraginkorra da higaduraren aurka. Desagertuz gero, arazoa larriagotu egingo litzateke. Babes-politikak ezartzeko garaian, garrantzitsua da garapenak, nekazaritzako berrikuntzak edo beste jarduerek ez diotela kalterik eragingo landaredi-estalki horri, eta ez dutela desagerraraziko

 

 

Azken eguneratzea: 2006/02/08