|
Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran, 2009 urteko Aurrekontu Orokorrak egiteko ildo nagusiak onartu ditu.
Akordatutako ildo nagusiei eutsiz 2009 urteko Aurrekontu Orokorrek ondorengo bi alderdi jarraitu beharko dituzte: Jaurlaritzaren politika ekonomiko eta sozialaren helburu nagusiak, gobernu programan zehaztuta datozenak, eta gaur egungo euskal ekonomiaren egoera.
Aipatutako lehenengo alderdia, Jaurlaritzaren politika sozio-ekonomikoaren helburuenak, Gobernua osatzen duten hiru alderdiek sinatutako Koalizio Akordioari eusten dio eta Euskadiko Hazkunderako eta Aurrerapen Sozialerako Egoera ekonomikoaren eta aldaketen Egitarauan ere oinarritzen da.
Egoeraren Egitarauaren dokumentuan Lisboako Estrategia berrituaren testuinguruan Europa Batasunak luzatutako helburuak eta aholkuak Euskadi mailara ekarriak zehazten dira, Euskadiko lehiakortasunaren, egonkortasunaren eta gizartearen kohesioaren aldeko sistema laguntzearren. Horretarako, hiru estrategia iragartzen ditu, bata ekonomikoa, ingurumenari zuzenduta bestea, eta izaera soziala duen hirugarren bat.
Honela, 2009 urteko Aurrekontu Orokorrak honako hiru estrategien inguruan landuko dira, kontutan hartuta Jaurlaritzaren politika ekonomikoan aurrekontuen politikari ematen zaion garrantzia, egoera ekonomiko eta sozialean jarduteko tresna gisa hartzen baita.
Aipatutako hiru estrategien helburuek, aldi berean, aurrekontu egonkortasunaren eta aurrekontuen orekaren helburuekin bat egin behar dute.
Gainera, 2009 urteko Aurrekontuetan oso kontutan hartuko da euskal ekonomiak, egungo egoera ekonomikoaren ondorioz, bizi duen ziurgabetasuna -gainontzeko ekonomi garatuetan bezalaxe-, hortaz, aurrekontu politikak dagokion rol antiziklikoa jokatuko du jardueraren dezelerazioari aurre egitearren eta hazkunde mailari laguntzearren.
2009ko Aurrekontuen Egoera ekonomikoa
Azken hilabeteetako munduko ekonomiaren testuinguruari begiratzen badiogu, jardueraren dezelerazio nabarmena dagoela ikus daiteke eta ziklo motel honen maila eta iraupena noiz amaituko den zehatz-mehatz jakin ahal ez izateak ekonomia hazkunde aurreikuspenen murrizketa orokorrak ekarri ditu, batez ere uda ondorengo hilabeteetarako.
Hala ere, lehenengo hiruhilabetean Estatu Batuetako eta Alemaniako ekonomien emaitzak ezagutu ondoren, -aurreikusitakoak baino hobeagoak direnak-, badirudi analisten iritziak aldatzen hasi direla. Haien aurreikuspenak egonkortzen joan dira eta aurreikuspenen murrizketa dinamika ere lasaitzen hasi da.
Estatu Batuetan eta Europan igartzen diren optimismorako izpiak ez datoz bat Espainiako ekonomiarentzat analistek iragartzen duten aurreikuspen gero eta okerragoarekin.
Gauzak horrela, dezelerazio testuinguruak Euskadiko ekonomiarengan ere eragina izan du, eta urtearen lehenengo hilabeteei dagozkien bertako eta kanpoko datuak ezagutu eta aztertu ondoren, Jaurlaritzak urte hasieran egindako aurreikuspen ekonomikoak birkalkulatu ditu.
Honela, 2007 urtean lortutako %3,9ko hazkundearen aurrean, 2008 urterako, urte arteko Barne Produktu Gordina %2,7koa izatea aurreikusten da, eta datorren 2009 urtean %2,3koa.
Nahiz eta aurreko urtekoak baino zertxobait xumeagoa den, aurreikusitako zifrak hazkunde eta jarrera ekonomiko garrantzitsua adierazten ditu, kontutan hartzen badugu Nazioarteko Moneta Funtsak ekonomia aurreratuentzat %1,3ko hazkundea iragarri duela, €uro gunerako Europa Batzordeak %1,7 aurreikusi duela, eta Espainiako Ekonomia eta Ogasun Ministerioak %2,3koa Espainian.
Beste modu batera esanda, ziklo aldaketa hau %2ko eta %2,5eko hazkunde mailarekin gainditzea oso ontzat eman behar dugu, eta Euskadin munduko ekonomiaren ondorioak gutxiago nabarituko ditugula esan nahi du. Gainera, dinamikoenen artean eta Europako inguruko aurreratuenen artean kokatuko denez, euskal ekonomiak berriro ere hazkunde positiboa izango du.
2009ko Aurrekontuen Ildo ekonomiko nagusiak
Orain artekoa kontutan hartuz, 2009 urteko Euskadiko Aurrekontu Orokorrek ondorengo irizpideetan oinarrituko dira:
2009ko aurrekontuak egiterakoan aurrekontu egonkortasunaren helburuari eutsiko zaio, nahi zeta aldi berean, egoera ekonomikoaren zikloa eta Itun Ekonomikoaren Bitariko batzordean onartu daitezkeen akordioak ere kontutan izango diren.
Jaurlaritzaren ustez, kontu publiko garbiak aurkeztea da ekonomia orokorraren egonkortasunari egin ahal zaion ekarpen egokiena, agente ekonomikoen jarduerarengan inongo distortsiorik eragin gabe. Horregatik, datorren urteko aurrekontuek aurrekontu orekatuaren bidetik jarraituko dute, edo izatekotan, jarduera produktiboetara zuzenduko litzatekeen gastuaren defizita aurreikusiko litzateke.
Aldi berean, eta ekonomiaren dezelerazioaren eraginak gutxitu edota arintzearren, 2009ko Aurrekontuak hazkunde maila baxuagoaren egoera ekonomikoarekin egokituko dira.
Zentzu honetan, Eusko Jaurlaritza eta Hiru Lurralde Historikoetako Foru Aldundiek dagoeneko akordioa hartu dute, edo laster erabakia hartzera doaz, bai zerga neurriak martxan jartzera, -duela gutxi Pertsona Fisikoen errentaren gainekoz ergaren tarifa jaitsiz-, bai aurrekontuen bitartez ezartzeko bestelako neurriak - aurki martxan jarriko den aparteko inbertsioak egiteko Erakundearteko Plana-. Honela, 2009ko aurrekontuetan aipatutako neurrien ondorio ekonomikoak eta finantzarioak ikusiko dira.
Ikuspuntu honetatik jarraiki, urtean zehar aurrekontuaren exekuzioaren jarraipena oso gertutik egingo da eta ekonomiaren zikloaren arabera, beharrezkoa izango balitz, erabaki aurrekontu-ekonomikoak hartuko dira.
Atal honi dagokionez, hazkunde erritmo motelagoa eta aipatutako zerga neurrien ondorioak kontutan hartuta, eta guzti horrek itunpeko zergen diru sarrera jaitsiko dela aurreikusita, Foru Aldundiek Euskadiko Erakunde Komunei egin beharreko ekarpenak ere jaitsi egingo dira, eta Jaurlaritzaren arabera, 2009ko Aurrekontuetarako aurreko urteekiko finantzarioak ez diren diru sarrerak mugatuak izango dira.
Hau horrela izanda, diru sarrera mugatuagoarekin, eta aurrekontuak dagokion politika antiziklikoa gauzatzeko tresna gisa eraginkor izatearren, 2009ko Aurrekontuetan zorpetze maila aurreko urteetan baino handiagoa izan beharko du, beti ere aipatutako aurrekontu egonkortasunaren helburuarekin bat datorren bitartean.
Arrazoi berberarengatik, eta beharrezkoa izanez gero, aurrekontuaren diru sarreretan diru-geldikinen baliabideak aurreikus daitezke beti ere ezohiko inbertsio jakinak finantzatzera zuzentzen badira.
Azkenik, 2009ko Aurrekontuen gastuaren politikak urte batzuetarako hartutako konpromisoei begiratuko die, urte horri dagokin gastua egiteko edo konprometitutako zuzkidurak finantzatzeko.
Halaber, indarrean dauden plan eta egitarau garrantzitsuenei lehentasuna emango zaie, bereziki Euskadiko Hazkunderako eta Aurrerapen Sozialerako Egoera ekonomikoaren eta aldaketen Egitarauak zehazten dituen helburuak lortzera laguntzen dutenak, hau da, hezkuntza, formazioa, berrikuntza, enpresa sustapena, energiaren aurrezkia eta eraginkortasuna, garraioaren jasangarritasuna, enpleguaren garapen kualitatiboa, euskal osasun sistemaren optimizazioa, gizarteratzearen hobekuntza, familien babesa edota etxebizitza alorreko politika publikoak.
Aipatutako guztiari egoera berrietan gastuaren banaketaren inguruan egin daitezkeen hausnarketak eta har daitezkeen erabakiak gehitu behar zaizkio.
Inbertsioei eta kapital eraketei dagokienean, 2009ko Aurrekontuetan Erakundearteko Inbertsio Planetan aurreikusten diren proiektuak sartuko dira.
Gainera, aurreko urteetan izan diren aurrekontu igoerak garrantzitsuak izan direla kontutan hartuta, oraingoan ere igoera bermatu egingo da eta Administrazio Publikoaren inbertsio zuzenaren maila mantendu egingo da jarduera ekonomikoaren dinamizazioari laguntzearren.
|