|
EUSTATek landutako datuen arabera, Euskal AEko industri merkataritza nazioarteko bihurtzen ari da nabarmen, eta superabita dago saldoan. Euskal industriaren nazioarteko salmentak produkzio-balioaren %28,5 dira eta inportazioetan %26,4; beraz irekidura-tasa ia %55ekoa da. Garraio-materiala eta Makineria adarrei esker, batik bat, da positiboa industri-balantzaren merkataritza saldoa.
Aitzitik, Euskal AEk estatuko gainerakoarekin duen saldoa defizitarioa da; izan ere, estatuko merkaturako diren salmentak industri-produkzioaren balioaren %25,5 dira; inportazioak, ordea, %26,7.
Euskal AEko industria balio erantsia sortzeko gaitasun gehiago duten sektoreetan espezializatua dago, Europar Batasuneko eta Espainiako batez bestekoaren gainetik. Kontzentrazio-mailak altuak arren, produkzio-jarduera honen ziklo aldakorretara egokitzeko baliabideak baditu, eta ekonomiaren motorra izaten segitzen du. Teknologi-maila "altua edo ertain-altua" duten sektoreak industri balio erantsiaren %29 dira
Lan-kostuek Estatuak bere osotasunean dituenen gainetik izaten segitzen dute, eta produktibitateak joera positiboa izan du, Euro-eremukoaren eta Espainiakoaren gainetik, baina garatutako beste lurralde batzuenaren azpitik. Euskal industriaren aleko lan-kostua murriztu egin da, eta horrek lehiakortasunaren igoera ekarri du.
Industri-enplegua egonkor egon da, balio absolutuetan azken urteetan, 250.000 gutxi gorabehera; ekonomia bere osotasunean ikusiz gero, enplegu hori jaitsi egin da balio erlatiboetan. Emakumezko okupatuak industriako langile guztien %18,2 dira; azken urteetan zertxobait hazi da, baina gainerako ekonomian parte-hartze hori bi aldiz handiagoa da.
Produkzio-berrikuntzari begiratuz gero, ikusten da euskal industria makineria erosi zalea dela, eta I+G barnekoa bigarren dago. Industri-establezimenduen ia erdiak berrikuntza teknologikoren bat sartu du, prozesuetan bereziki. Teknologia ertain-altuko sektoreek dute bilakaerarik positiboena; haiek dute I+Gra dedikatutako finantza-baliabideen erdia baino gehiago.
|