Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

75. zk., 2013ko apirilaren 19a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
1898

EBAZPENA, 2013ko apirilaren 10ekoa, Berrikuntza eta Teknologiako sailburuordearena, zeinaren bidez 2013. ekitaldirako Nazioartekotzeko Bekak emateko deialdia ezagutzera ematen baita.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza, eta Turismoko sailburuaren 2011ko apirilaren 13ko Aginduak Nazioartekotzeko Beken programa arautu zuen (2011ko apirilaren 26ko EHAA).

Aipatutako aginduaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, egoki da 2013ko ekitaldirako bekadunak hautatzeko deialdia egitea, eta, horretarako, eman beharreko arauak ematea.

Horrenbestez, agindu horren 6. artikuluan ezarritako eskumena erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren agindu batez arautu zen Nazioartekotzeko Beken programa; eta oraingo ebazpen honen bitartez, aipatu aginduan aurreikusitako beken 2013ko ekitaldiko deialdia egiten da.

Bigarrena.– Deitutako bekak.

2013ko ekitaldian, gehienez ere ehun (100) nazioartekotzeko beka emango dira.

100 onuradunek A modalitatea burutuko dute, eta ezarritako baldintzak beteta modalitatea amaitzen duten hautagaien artean, gehienez ere 80 lagun hautatuko dira B eta C modalitateekin jarraitzeko, honela banatuta: gehienez, 65 beka B modalitatean eta 15 beka C modalitatean. B eta C modalitateetarako guztira 15 ordezko aukeratuko dira gehienez ere. Ordezko horiek bekaldiaren lehen bi hilabeteetan bekadunen batek bekari uko eginez gero edo bestelako gorabeheraren bat gertatuz gero, hutsik geratutako bekak hartu ahal izango dituzte, baldin eta Nazioartekotze Zuzendaritzak onespena ematen badu, betiere 2011ko apirilaren 13ko Aginduaren 19.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Baliabide ekonomikoak.

Deitutako ehun bekak finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 6/2011 Legean (2011ko abenduaren 30eko EHAA, 247. zk.) horretarako ezarritako aurrekontu-kredituari jarraituz, diru-zenbateko hauek bideratuko dira:

1.– A modalitateak 120.000 euroko gehienezko balorazio ekonomikoa dauka 2013. ekitaldirako.

2.– B eta C modalitateetarako, biak batera hartuta, milioi bat, bederatziehun eta hirurogeita bost mila (1.965.000) euro bideratu dira, honela banatuta:

– 2013ko ekitaldia: 940.000 euro.

– 2014ko ekitaldia: 450.000 euro.

– 2015eko ekitaldia: 575.000 euro.

Aipatu zenbatekoak handiagoak izan ahalko dira, Ekonomia Garapen eta Lehiakortasuneko Sailak beste programa batzuk burutu ondoren aurrekontuetan ahitu gabe geratzen den diru-kopuruaren arabera, betiere, deialdiari buruzko ebazpena eman aurretik, eta kontuan hartuta eman beharreko beken zenbatekoa guztira. Hori gertatzen bada, Berrikuntza eta Teknologiako sailburuordearen ebazpen bidez emango da horren berri.

Laugarrena.– Eskabideak aurkezteko betekizunak, lekua eta epea.

1.– Nazioartekotzeko Beken Programa arautzeko Aginduan aurreikusitako bekak eskuratzeko, aipatu aginduaren 3. artikuluan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte eskabidea egiten dutenek.

2.– Programa honetako parte-hartzaileek Nazioartekotzeko Beken programa arautzen duen Aginduaren 7. artikuluan ezarritakoaren arabera bete eta aurkeztu beharko dituzte eskabidea eta agiri osagarriak. Aukeratutako izapidetzea telematikoa bada, eskabide-eredua eskuratzeko, eta eskabide hori Administrazioan aurkezteko www.euskadi.net/industria webgunean sartu beharko da. Bestela, www.euskadi.net/industria webgunean eskabide-eredua eta inprimakiak bete eta grabatu ahal izango dira, gero inprimatu eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Lurralde Ordezkaritzetan aurkezteko, zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako edozein bidetatik.

3.– 3. artikuluan eskatutako betekizunak bete direla egiaztatzeko 7.5 artikuluan eskatzen diren agiriek deialdia amaitzen den eguna baino aurreragoko data izan beharko dute.

4.– Deialdi honen eranskinean jasota dago agindu arautzailearen 7. artikuluan aipatzen den eskabide-eredua.

5.– Deialdiko beketarako eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da; amaitu, berriz, 2013ko maiatzaren 20an.

Bosgarrena.– Hautaketa-probak eta aurkeztutako merezimenduak balioesteko irizpideak.

Nazioartekotzeko Beken programa arautzen duen Industria, Berrikuntza, Merkataritza, eta Turismoko sailburuaren 2011ko apirilaren 13ko Aginduaren 9an ezarritakoa bete beharko da (2011ko apirilaren 26ko EHAA).

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Deialdi-ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Bigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko apirilaren 10a.

Berrikuntza eta Teknologiako sailburuordea,

ESTÍBALIZ HERNÁEZ LAVIÑA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala