Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

101. zk., 2012ko maiatzaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI-KONTUEN EUSKAL EPAITEGIA
2299

ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2010eko apirilaren 20ko bilkuran hartua Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren kontuari buruzko fiskalizazioa, 2008, behin betiko txostena onesten duena.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak, 2010eko apirilaren 20an egindako bilkuran, honako hau

ERABAKI DU:

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren kontuari buruzko fiskalizazioa, 2008, behin betiko txostena onestea, Erabaki honen eranskin modura ageri dena.

HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko apirilaren 20a.

HKEEren lehendakaria,

JOSE IGNACIO MARTÍNEZ CHURIAQUE.

HKEEren idazkari nagusia,

TERESA CRESPO DEL CAMPO.

ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ADMINISTRAZIO OROKORRAREN KONTUA, 2008

I.– Sarrera.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Kontuaren 2008ko ekitaldiari dagokion fiskalizazio txosten hau mamitu du, epaitegia arautzen duen 1/1988 Legeak agindutakoari eta Lanerako Urteko Programak 2008rako ezarritakoari jarraiki.

Fiskalizazioak honako alderdi hauek besarkatzen ditu:

– Legezkoak: ezargarria den arautegia honako alor hauetan betetzen dela egiaztatzea: aurrekontua, zorpetzea, finantza-eragiketak, langileria, obren kontratazioa, zerbitzuak eta hornidurak, diru-laguntzak eta laguntza publikoak eta zuzenbide publikoko diru-sarrerak.

– Kontularitzakoak: Kontu Orokorra ezargarriak diren kontularitzako printzipioen arabera mamitu den aztertuko dugu.

– EAEren aurrekontu likidazioaren eta egoera ekonomikoaren finantza analisia.

– Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta zuhurtasunari buruzko azterlanik besarkatzen. Nolanahi ere, azaleratu diren hutsak «barne kontrolerako sistemari buruzko irizpenak» idazpuruan zehaztu ditugu, horiek hobetzeko gomendioekin batera.

Honez gainera, bi atal berariazko barne hartu dira, Eusko Legebiltzarraren Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontuen Batzordeari erantzun emateko:

– Eusko Jaurlaritzak 2004-2008 aldian emandako zuzeneko laguntzekin loturik legezkotasunaren gaineko fiskalizazioa.

– Ekonomia-finantzaren legezkotasunaren gaineko fiskalizazioa. Eusko Jaurlaritzak iraungi direnean artatu ez diren emandako mailegu eta bermeen itzulera kontzeptuan ingresatu behar zituzkeen eta ingresatu ez dituen kopuruen legezkotasunezko eta ekonomia-finantzazko fiskalizazioa, 2007 eta 2008ko ekitaldiei dagozkienak.

II.– Iritzia.

II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko Urteko Kontuetan eta aurrekontuetan ez dira sartu sektore horretako fundazio eta partzuergoei dagozkienak. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuko (1997ko azaroaren 11koa) 7.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, beste erakunde batzuez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioek osatzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa (Euskadiko Ondareari buruzko 5/2006 Legeko –2006ko azaroaren 17koa– Seigarren azken xedapenak artikulu horri eman dion idazketa).

2. – Nahiz kontularitzan aurrekontuak eta sarrera eta obligazioen erregistroa lurraldeka bereiziak dauden, ez Legebiltzarrean onesteko aurkeztutako aurrekontuek, ez honek 2008rako onartu zituenek, ez dute sarrera eta gastuen lurraldekako sailkapenik barne hartzen. Euskadiko Aurrekontu Erregimenari buruzko Testu Bategina onesten duen 1/1994 LDren 57. artikuluak agintzen du aurrekontuek programen araberako egituran lurraldeka bereizitako sailkapena barne hartu behar dutela, kontzeptu ezberdinen izaerak eta hori egiteko inguruabarrek horretarako bide ematen duten neurrian.

3.– 2004an, Lutxana-Barakaldon 42 etxebizitza sozial egiteko eraikuntza 3,8 milioi euroren zenbatekoan esleitu zen. Obren gauzatze aldian, baina, zenbatekoa % 57 garestitu da esleipen prezioarekin alderatuta eta, horrek, aldaketa handia eragin du kontratuaren xedean. Izan ere, lizitazio printzipioak urratu ziren lizitatu zenean, eta Administrazio Publikoko Kontratuei buruzko Legearen testu bategineko (APKLTB) 149.e artikuluak ezarritako ebazpenaren pean erori da. Aldaketa eragin zuten kausa batzuk proiektuko akatsetatik eratorriak dira, eta akats horien berri obren zuinketa egin zen unean eman behar zen. Gainera, aldaketa horretako obra batzuk onartu aurretik egin dira eta, horrenbestez, ez da bete Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko Legearen testu bategineko 146.3 artikulua. Akats horien ondorioz, gauzatze epea luzatu egingo da; hasieran 24 hilabeteko epea aurreikusi zen baina, azkenean, 58 hilabete beharko dira.

4.– 2005ean, Lutxana-Barakaldon 39 etxebizitza sozial egiteko eraikuntza 3,4 milioi euroren zenbatekoan esleitu zen. 2008ko ekitaldian, zenbateko horrek % 50eko igoera izan du esleipen prezioarekin alderatuta, aldaketa bat dela eta. Aldaketa hori ez dator bat sortu diren beharrekin edo ezusteko kontuekin, hala izan behar dela xedatzen duen arren APKLTBko 101.1 artikuluak. Aldaketa horrek zenbateko handia du eta, beraz, oso aldaketa handia eragin du kontratuaren xedean. Gainera, ez ditu bete lizitazio printzipioak. Halaber, nahitaezko kreditu erreserbarik gabe izapidetu zen, eta gauzatze epea luzatuko du; hasieran aurreikusi bezala 24 hilabete iraun beharrean, beste 10 hilabete beharko dira. Gainera, atzerapen horrek ez du justifikaziorik.

5.– 2005ean, Bergarako 12. eremuan (3. blokeko II. aldia) 22 etxebizitza egiteko eraikuntza 1,9 milioi eurotan esleitu zen. 2008an laugarren aldaketa egin da, eta aldaketak 0,1 milioi euroren kostua ekarri du. Horrek, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren (EKEE) aurreko txostenean adierazitako aldaketekin batera, % 76ko desbideratzea eragin du. Iaz bezala, Gobernu Kontseiluak baliozkotu egin behar izan du, ez baitzen izapidetu zegokion espedientea. Fidantza ere ez zen doitu, eta ez zen egin nahitaezko txosten juridikoa ere. Horrek guztiak aldaketa handia eragin du kontratuaren xedean eta, horrenbestez, urratu egin dira APKLTBean jasotako lizitazio printzipioak.

6.– Mutrikuko portura itsasotik sartzeko sarbidea hobetzeko proiektua 20,3 milioi eurotan esleitu zen. Bi aldaketa egin zaizkio eta aldaketa horiek, biek batera, % 44 igo dute kontratuaren esleipen prezioa. Igoera handi horrek aldaketa handia eragin du kontratuaren xedean, eta urratu egin dira APKLTBean jasotako lizitazio printzipioak. Azken aldaketa horren eraginez kontratua deuseztatu zen, kontratistak hala eskatuta, kontratuaren ebazpena emateko arrazoia sortu zelako [APKLTBko 149.e) artikulua].

7.– «Garapenerako euskal lankidetzari buruzko erakusketa ibiltari eta elkarreragilea antolatzeko» kontratua 0,4 milioi euroren zenbatekoan esleitu zitzaion enpresa bati. Enpresa horrekin, baina, aurrez erakusketaren diseinua egiteko kontratua egin zen eta, beraz, prestakuntza lanetan parte hartu zuenez, ezin zen lizitaziora aurkeztu. Horrenbestez, ez dira bete berdintasun eta bereizkeriarik ez egiteko printzipioak. Gainera, txosten juridikoaren arabera, alde batetik, ez da justifikatu kontratazio horren beharra eta, bestetik, ez du konpromiso krediturik, nahiz eta bere jarduerak 2009ko ekitaldia ere hartu. Txosten teknikoan ez da jaso lizitatzaileei emandako puntuen arrazoirik. Bestalde, espedientean ez dago lizitatzaileek emandako dokumentuen zerrenda adierazteko Mahaiko idazkariak egin beharreko ziurtagiririk (Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Araudi Orokorraren 81. artikulua), ez eta Publizitatearen Sailarteko Batzordearen nahitaezko txostenik ere (Batzorde hori sortzen duen 151/1989 Dekretuaren 2.1 artikulua).

8.– Laguntza-zerbitzua, 2008ko otsailaren amaieran zegokion lehiaketa ebatzi zen arte, bi hilabetez hainbat enpresak eman zuen, baina ez zitzaion inolako prozedurari jarraitu. Guztira, 10,4 milioi euroko kostua eragin zuen.

9.– Sei eragiketa egin direla ikusi da (guztira, 0,6 milioi euroren zenbatekoa izan dute). Kontratu txikien prozedura erabiliz egin dira, eta honako sail hauetakoak izan dira: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailekoak, bi (2); Lurralde Antolamendu eta Ingurugiro Sailekoa, bat (1); Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Sailekoa, bat (1); Herri Lan eta Garraio Sailekoa, bat (1); Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailekoa, bat (1). Hortaz, kontratuaren xedea zatikatu da, eta hori debekatzen du APKLTBko 68. artikuluak. Kontratazio horiek guztiak lehiaketa publiko bidez egin behar ziren, eta publizitate eta lehia printzipioak betez.

10.– Hainbat sailei egindako aholkularitza lanak direla-eta 6 pertsonek egindako fakturak aurkitu dira. Hiru pertsonak Kultura Sailari egin dizkiote fakturak, 36 mila euroren zenbatekoa dutenak; eta, beste hiruk, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari, 153 mila euroren zenbatekoa dutenak. Fakturatutako lanak sailen kudeaketako berezko lanak izan dira, baina Euskal Funtzio Publikoaren Legeko aurreikuspenekin bat eman behar ziren.

11.– Gobernu Kontseiluak, EAEren Kontabilite eta Ekonomia Kontrolerako 14/1994 Legearen 24.4 artikuluan aurreikusitako aparteko baliokidetza prozeduraren bitartez, 2008ko ekitaldiko gastuen aldeko fiskalizazio juridiko-ekonomikoa hartu du bere gain, 16,6 milioi euroko zenbatekoarekin –4. paragrafoan deskribatutakoa barne hartuta–, aurrez Ekonomia Kontrolerako Bulegoak (EKB) kontrako txostena jaulkia zuela. Gastu hauek honako hauei dagozkie: 0,1 milioi euroko diru-laguntzen 1 espedienteri; 8,3 milioi euroko 11 obra kontraturi; 1,1 milioi euroko 17 hornidura kontraturi; 6,9 milioi euroko laguntza teknikoa eta aholkularitzako 41 kontraturi eta 0,2 milioi euroko 5 kontratu pribaturi; hona hemen ez-betetze nagusienak: publizitate eta lehia printzipioak ez betetzea, epea iraungi ondoren zerbitzua ematen jarraitzea eta kontratua zatikatzea.

12.– Diru laguntza zuzenak ematean legearen hainbat urratze aurkitu dira; VI.2.1 atalean eman dira xehetasunak.

Gure iritzira, EAEren Administrazio Orokorrak, aurreko idatz-zatietan aipatutako legehausteak alde batera, zuzentasunez bete du 2008ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.

II.2.– Administrazio orokorraren kontuari buruzko iritzia.

Gure iritzira, 2008ko Aurrekontuaren Likidazioan 1etik 4ra bitarteko Oharretan adierazitakoa eta Egoeraren Balantzeari atxikitako Oharra aintzat hartuta, EAEren Administrazio Orokorraren kontuek alderdi esanguratsu guztietan 2008ko ekitaldiaren jarduera ekonomikoa erakusten dute.

III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.

Atal honetan jaso dira bai ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioen betetzea nabarmen eragiten ez duten hutsak, bai prozedurazko alderdiak ere, kudeaketa hobetzeko azaleratu ditugunak.

III.1.– Aurrekontuak eta kontabilitatea.

3.1.1.– Euskal Aunomoia Erkidegoko sektore publikoko aurrekontu araubidea eguneratzea eta sistematizatzea gomendatzen da, araubide horretako xedapenak araubidearen eraketa berrira egokitze aldera. Eraketa berria Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusia Antolatzeko Arauei buruzko Legean jasotako erakunde sailkapenetik etorri da (1/1997 Legegintzako Dekretua, 1997ko azaroaren 11koa), Lege horretan Euskal Autonomia Erkidegoko Ondareari buruzko 5/2006 Legearen (2006ko azaroaren 17koa) bitartez gauzatutako aldaketaren arabera.

3.1.2.– Kapitala zabaltzeko bi eragiketa aurkitu dira: bata, EITBrena, 7,4 milioi euro; eta, bestea, Euskal Trenbide Sarearena (ETS), 1,7 milioi euro. Kapital zabalkuntza hori ez zaio era egokian egotzi ez kapituluari ez eta artikuluari ere, kapital diru-laguntza gisa erregistratu direlako, finantza aktiboen aldakuntzari buruzko 8. kapituluan erregistratu ordez. Eragiketa horiek, duten zenbatekoa kontuan hartuta eraginik ez duten arren likidazioa behar bezala ulertzean, komeniko litzateke behar bezala erregistratzea datozen ekitaldietan.

Gainera, Egoera Balantzean, ez da jaso ibilgetuaren partida sorta bat osatzen duten ondasun guztien banakako xehetasuna; besteak beste, honako hauena: instalazio teknikoak, ekipamendu informatikoa, makinak, tresnak eta altzariak, aplikazio informatikoak eta abar. Elementuak eskuratze urtearen arabera multzokatu eta hala erregistratu ziren. Era horretan erregistratutako zenbatekoa, guztira, 336,6 milioi euro da.

III.2.– Langileen gastuak.

Langileen erregistroa

3.2.1.– 75/1983 Dekretuak EAEren Administrazio Orokorraren, Erakunde Autonomoen eta bere baitako diren Entitate Publikoen zerbitzura diharduen langileriaren erregistroa sortu zuen. 2003ko urtean EAEren Administrazio Orokorraren zerbitzura diharduen langileriaren erregistro informatikoa egin zen; ez ditu, ordea, irakasleak eta Ertzaintza besarkatzen, aipatutako dekretuak agintzen zuen legez, aparteko erregistroa baitute. Gaur egun, erregistro berria egiten ari dira, datu bakarraren printzipioari jarraiki, nahiz ez den 2010era arte amaitzea aurreikusi.

Lanpostuen Zerrendak (LZ)

3.2.2.– Indarreko Lanpostu Zerrendek ez dituzte guztira 2.159 plaza barne hartzen, ondoko xehekapenaren arabera:

(Ikus .PDF)

EAEn Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduen langileriari dagokion LZ berriak Botere Judizialaren Kontseilu Orokorraren oniritzia jaso du, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 522.2 artikuluak agintzen duen legez. Argitalpena 2010ean hastea aurreikusi da.

Hezkuntza Saileko lan kontratuko langile ez irakasleen lanpostuen zerrendan sartu ez diren lanpostuak zentro jakin batzuetara esleituta ez dauden langile etendunentzat dira, edo jakitera eman diren eta lanpostuen zerrendako aldaketen bidez pixkanaka erregularizatzen diren zentroetako langileentzat.

Bestalde, lan kontratuko langileentzako 42 lanpostu ez dira sartu dagokien lanpostuen zerrendan, EAEko Administrazio Orokorrean Jabetza eta nekazari ganberak sartu izanaren ondorioz. Langile horien berezitasunak kontuan izanik, zaila da lanpostu horien ezaugarriak zehaztea, lanpostuen zerrendan sar daitezen.

Lanpostuen zerrendan ez dira sartu langile funtzionarioentzako 33 lanpostu, eta, nagusiki, honako hauek eratu direlako sortu dira: Estatistika Organoa, Haur eta Nerabeen Behatokia, Haur eta Nerabeentzako Defentsa Bulegoa eta Gasteizko lehen auzialdiko epaitegi berriak eta Barakaldoko genero epaitegia.

Tokiko sanitario-farmazialariak ez dira sartu lanpostuen zerrendan, haien ordainsarien berariazkotasunaren eta desagertzear dauden postuak direla iriztearen ondorioz. Hala ere, Euskal Funtzio Publikoaren Legeak ez du salbuespenik egin gai horretan eta, horrenbestez, lanpostu horiek guztiak lanpostuen zerrendan sartu beharko lirateke.

3.2.3.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko irakasleen Lanpostu Zerrendak 10.182 maisu plaza eta Irakasletzaren Laguntza-Zerbitzuko Langileen 976 plaza besarkatzen ditu; horiei guztiei dagokienez, ez da adierazten lan kontratupeko langileentzat edo funtzionarioentzat gordeak dauden, Euskal Funtzio Publikoaren 6/1989 Legearen 14. artikulua urratuz (EFPL).

Bigarren Irakaskuntzako Irakasleen LZetan, berariazko osagarri oinarrizkoak soilik ezartzen dira, hau da, zuzendaritza kargurik batere betetzen ez duten irakasleek jasotzen dituztenak. Hau horrela da zuzendaritza karguak ez zaizkielako lanpostu jakin batzuei lotzen, baizik eta pertsonei; honenbestez, nominaren berariazko osagarriak ezarritakoak baino altuagoak dira zuzendaritza karguak betetzen dituzten irakasleen kasuan.

Ordainketak

3.2.4.– Irakasle funtzionario ez unibertsitarioaren lan baldintzak arautzen dituen Erabakia onesten duen 182/2007 Dekretuan –2008ko urtean indarrean zegoena– seiurtekoen kontzeptuko ordainketa bat ezarri zen. 2008an lehenengo seiurtekoaren kontzeptuan egindako ordainketak 17,1 milioi eurokoak izan dira eta gainera, langileria horrek 156,8 euroko igoera lineala izan du bigarren eta ondoko seiurtekoen ordainetan.

Seiurtekoa dedikazio bereziko osagarri modura sortu zen; horren helburua irakasleriaren prestakuntza eta ikastetxearekiko dedikazioa sustatzea zen, denboraren faktorea (sei urteko zerbitzualdia) eskubide hori sortzeko beharrezko baldintzetako bat izanik, karrerako langileria funtzionarioari ezargarria. Ordea, 396/1995 Dekretutik aurrera seiurtekoa zorpetu, banatu eta kolektibo onuradunaren betekizunak aldatu ziren eta horren ondorioz, bigarren eta ondoko seiurtekoak urtero globalki kalkulatzen dira, eskuratutako zenbatekoa irakasle kopuruaren artean igoera lineal baten bitartez banatuz, izaera finkagarria duena.

Seiurtekoen egungo arautegia berraztertzeko gomendatzen dugu, etorkizuneko lan baldintzak arautuko dituzten erabakietan jaso ahal izateko, berariazko osagarrian izaera pertsonaleko ordainsari kontzeptuak ez jasotzearren. Asmoa Administrazio Orokorraren gainerako funtzionarioekin berdintzea baldin bada, ordainketa homologatzeko prozesuari ekiteko komenigarritasuna aztertu behar litzateke.

3.2.5.– Halaber, ez zaio antzinatasun osagarriaren ordainsari izaerari egokitzen, zeina produktibitate-osagarri modura hartzen baita Administrazio Orokorreko karrerako eta bitarteko funtzionarioen kasuan.

3.2.6.– Honez gainera, Ertzaintzako langileriaren lan baldintzak arautzen dituen Akordioa onesten duen 438/2005 Dekretuak, 2008an indarrean zegoenak, 54.2 artikuluan antzinatasunagatiko ordainsaria kalkulatzeko EFPLren 81.3 artikuluak adierazitakoaz besteko moldea ezartzen du; eta 57. artikuluak dagokiona baino kategoria altuagoko lanpostuak zerbitzu eginkizunean betetzeak eragiten duen aparteko lan jarduera ordaintzera zuzendua dagoen produktibitate osagarria barne hartzen du, Ertzaintzako funtzionarioen zerbitzu eginkizunetarako aurreikusitako ordainsarien legezko araubideari egokitzen ez zaiona (Euskal Herriko Polizia-Legearen 4/1992 Legearen 72.4 artikulua).

3.2.7.– EAEren justizia administrazioaren zerbitzura diharduen langile funtzionarioaren lan baldintzak arautzen dituen eta bulego judizialaren erreforma onesten duen 38/2007 Dekretua, 2008an indarrean zegoena, saileko zerbitzu juridikoaren aldez aurreko txostenik bideratu gabe onetsi da, abenduaren 22ko 8/2003 Legearen 7.3 artikulua urratuz, abenduaren 22koa, Izaera Orokorreko Xedapenak Mamitzeko Prozedurari buruzkoa; eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzaren txostenik gabe, EFPLren 6. artikuluak agintzen duena.

Aipatutako erabaki arautzailearen 68tik 81erako artikuluetan sei ordainsari osagarri ezartzen dira, Botere Judizialaren 6/1985 LO aldatzen duen abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoak aipatzen dituenaz besteko direnak: Lanpostuaren osagarri orokorra, berariazkoa, produktibitatea eta aparteko zerbitzuengatiko esker-sariak, zeinetara egokitu behar liratekeen.

III.3.– Diru-laguntzak.

Diru-laguntza izendunak

3.3.1.– Ekitaldiko aurrekontuetan bost diru laguntza sartu ziren. Bosten artean 0,7 milioi euroren zenbatekoa zuten, eta zabaldu egin zen zenbateko hori; 0,5 milioi euro gehiago sartu ziren. 2008rako EAEko aurrekontuei buruzko 15/2007 Legeko 13.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz egin zen hori. Hala ere, diru laguntzak zabaldu ziren hasieran emateko aginduetan aurreikusi ziren jardueren osagarri ziren jarduerak finantzatzeko. Aurrekontu arauko III. eranskineko 17. atalean eskatzen denari jarraikiz, aurrekontu onuradunarekin finantzaketa mugak hitzartu behar dira, eta zabaltze horrek finantzaketa mugak gainditu ditu.

Lehiaketa publiko bidez emango diren dirulaguntzak

Berriz aztertu ditugu energia aurrezteari, energia eraginkortasunari eta energia berriztagarrien erabilerari buruzko ekintzak eta proiektuak sustatzeko laguntzak, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2005eko abenduaren 14ko Agindua oinarri eman zirenak, 3,7 milioi euroren zenbatekoan eta 2008ko ekitaldian zordunduz. Halaber, aztertu ditugu, 229/2003 Dekretuaren («Elkarteak» programa) esparruan, nekazaritza, arrantza eta elikadura sektoreetako enpresaburuen eta lanbide elkarte eta federazioentzako laguntzak, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuaren 2008ko maiatzaren 19ko Agindua oinarri emanak, 1,5 milioi euroren zenbatekoan eta 2008ko ekitaldian zordunduz.

3.3.2.– 2005eko abenduaren 14ko Aginduak, energia aurrezteari, energia eraginkortasunari eta energia berriztagarrien erabilerari buruzko ekintzak eta proiektuak sustatzeko laguntzak ematekoak, bere 12.4 artikuluan xedatzen du ematearen ebazpena interesdun bakoitzari banan-banan jakinarazi beharko zaiola, nahiz eta, egoki denean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara daitekeen esleipendunen zerrenda. Hala ere, sailak ez du agindu hori betetzen, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak ondoz ondoko txostenetan gogorarazi dion arren betebehar hori. Gainera, gomendagarri litzateke araudian jaso dadila ukatutako diru laguntzak argitaratzeko derrigortasuna, bai eta argitaratzeko gehieneko epea ere.

Laguntzen ildo horretan berean, ebaluazio organoaren aktan ez da eman nahikoa argudio onuradun bakoitzari emandako laguntza justifikatu, argitu edo defendatzeko. Soilik puntuen ematea jaso da. Hortaz, ez da bete motibazioaren betekizuna, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko 54.2 artikuluan jasota dagoena.

Laguntzak emateko 0,5 milioi euro egin dituzten 9 espediente aztertzean eta laguntzak ukatzeko beste bi aztertzean hona hemen azaleratu diren lege hausteak:

– Diru laguntzak ukatzeko bi espedienteetan, ez da jaso ukatzearen zergatia, ez CADEMen txostenean, ez eta ebaluazio organoaren aktan ere.

– Hiru espedientetan ez da jaso eskatzailearen notario ahalordearen kopia.

3.3.3.– Nekazaritza, arrantza eta elikadura sektoreetako enpresaburuen eta lanbide elkarte eta federazioentzako laguntzei dagokienez, diru laguntzen deialdiari buruzko 2008ko maiatzaren 19ko Aginduan erabaki da, 229/2003 Dekretuarekin bat, kontuan har daitezkeen 15 irizpideetatik zenbait goratzea. Hori onargarria da, baina sailak ez ditu behar bezala eta nahikoa justifikatu hautatutako aukerak.

Ildo honen eraginpean dauden hiru programetatik (nekazaritza sektorea, arrantza sektorea eta elikadura sektorea) biren oroitza txostenetan ez dira jaso laguntza ildo hauek. Orobat, ez da jaso ekintzak eta adierazleak zehaztean duten eragina, ez eta helburuak betetzean duten eragina ere.

Laguntzak emateko 0,9 milioi euro egin dituzten 13 espediente aztertzean eta laguntzak ukatzeko beste bi aztertzean hona hemen azaleratu diren lege hausteak:

– Espedienteekin batera izaten den deskribapen txostenean honako hauek xehatu behar dira, besteak beste: egin diren edo egitea aurreikusita dauden jardueren edukia, datak eta giza baliabideak eta baliabide materialak; eta eskatutako diru laguntzaren arabera lotuta izan behar dira. Bost espedientetan, deskribapen txostenean ez da jaso dekretu arauemaileak eskatzen duen guztia.

– Aztertutako bi espedientetan, aurkeztutako justifikazioak ez datoz bat elkarte onuradunekin, haien kideekin baizik. Espediente horietako batean, lotutako elkarte batek aurkeztutako faktura bakarra justifikatu du, baina ez du justifikatzen gastuen benetako gauzatzea.

– Espediente batean ez da inolako fakturarik edo egiaztagiririk aurkeztu; soilik kontu ikuskatzeko txostena eman da.

– Bost espedientetan, diruz lagundutako gastuen egiaztagiriekin batera ez da eman gastu horien kontu ikuskatze mugatuaren txostena, nahiz eta Dekretu arauemaileko 9. artikuluan txostena aurkeztu behar dela xedatu den.

Nekazaritza, arrantza eta elikadura sektoreetako enpresaburuen eta lanbide elkarte eta federazioentzako laguntzak arautzen dituen 229/2003 Dekretua etorkizunean berriz aztertzen denerako, gomendatzen da zehatz dadila diruz lagundutako gastuen egiaztagiriekin batera eman behar den kontu ikuskatze mugatuaren irismena.

III.4.– Kontratazioa

Txosten hau idatzi dugun datan Gobernuak ez du APKLTBren 118. artikuluak eskatutako Kontratuen Erregistrorik, EAEren Sozietate Publikoen Kontratuen Legearen 308. artikuluak eta Kontratazioaren Araubideari buruzko ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuaren 25. artikuluak aurreikusten dutena.

Aurreko ekitaldietan esleitu diren baina ekitaldi honetan gauzatu diren 25 espediente aztertu ditugu, bai eta 2008an esleitutako beste 25 espediente ere.

III.4.1.– Aurreko ekitaldietan esleitutako espedienteak.

– 4. espedienteak 0,8 milioi euroko gauzatzea izan du 2008an; espediente hori 7 hilabete beranduago jaso da, APKLTBko 110.2 artikuluan ezarritako epea baino. Beste espediente baten, 17. espedientearen gauzatzeak milioi bat euroko gastua ekarri du ekitaldian; espediente hori ez da jaso oraindik, obrak duela 12 hilabete bukatu baziren ere.

– 6. espedientean, azken ziurtapena, obra onarpenaren akta egin eta handik aurrera 2 hilabeteko epean onartu beharrean, 14,5 hilabetera onartu da. Horrenbestez, ez da bete APKLTBko 147. artikuluan xedatutakoa.

– Hiru espedientetan (4., 12. eta 15. espedienteak) aldaketak egin dira ekitaldian, 1,9, 0,2 eta 0,9 milioi eurokoak, hurrenez hurren. Aldaketa horiek guztiak, baina, ez dira egin sortu diren beharrak edo ezusteko kontuak direla eta. Horrenbestez, ez da bete APKLTBko 101.1 artikulua.

– 7. espedientea gauzatzeak 6,6 milioi euroren kostua izan du ekitaldian; espediente horretan lan programa 6 hilabeteko atzerapenez onartu zen, nahiz eta Kontratuetako Araudi Orokorreko 144. artikuluan horretarako 1,5 hilabeteko epea ezarri.

III.4.2– 2008-an esleitutako espedienteak.

– Zazpi kontratu (26., 27., 28., 34., 42., 48. eta 50. espedienteak) 132,4 milioi eurotan esleitu dira; kontratu horietan, pleguetan ezarritako irizpideek ez dituzte jaso haztapen arauak edo azpi-irizpideak. Horiek gero erabili dira, esleipen prozesua balioztatu denean. Horrenbestez, ez da guztiz bete APKLTBko 86.2 artikuluan xedatutakoa. Alde horretatik, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak, 2008ko urtarrilaren 24ko epaiaren 38. atalean, honako hau xedatu du: «lizitatzaile izan daitezkeenek ezagutu behar dituzte, beren eskaintzak prestatzeko unean, erakunde esleitzaileak eskaintza ekonomikoki abantailatsuena hautatzeko kontuan izango dituen alderdi guztiak, eta horien garrantzi erlatiboa». Beraz, «erakunde esleitzaile batek ezin du esleipen irizpideei loturiko haztapen araurik edo azpi-irizpiderik aplikatu, aldez aurretik lizitatzaileei jakinarazi ez badizkie».

– Hiru kontratu (29., 34. eta 39. espedienteak) 15,2 milioi eurotan esleitu dira; kontratu horiek esleitzeko irizpideen artean zenbait enpresaburuaren kaudimen teknikoa egiaztatzekoak dira. Horrenbestez, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren doktrinarekin bat, ez litzateke egokia irizpideok kontratua esleitzeko aldian erabiltzea. Irizpide horiek erabiltzeak, gainera, urratu egiten du APKLTBko 86. artikuluan xedatutakoa; izan ere, artikulu horren arabera, balioztatze irizpideak eskaintzari buruzkoak izan behar dira, eta ez eskaintzaileari buruzkoak.

– Bi kontratu (28. eta 34. espedienteak) 38 milioi eurotan esleitu dira; kontratu horietako txosten teknikoan ez dago nahikoa motibazio zenbait balioztatze irizpide ezartzea justifikatzen duenik, ez baita azaldu kasuan kasuko puntuazioak defendatzen dituen arrazoirik.

Ezinbestekoa da baloratu beharreko alderdi zehatzak eta horien balio-neurketa pleguetan egoki zehaztuak egotea, lehiatzaileek lizitazio unean eta ahalik eta segurtasunik handienaz zein izango den balorazio zehatza eta puntuazio hori behin betiko esleitu izanaren arrazoiak jakin ahal izan dezaten. Irizpide hauek, gainera, obra, zerbitzu edo hornigaiari dagozkio eta ez lehiatzaileei, izan ere, hauei buruzkoak aldez aurreko onespen fase batean hartu behar baitira aintzat.

– Hiru kontratu (26., 27. eta 29. espedienteak) 15,1 milioi eurotan esleitu dira; kontratu horietan, esleipen eskaintzak prezio beherakada beldurgarria izan dezakeela adierazi da, aurkeztutako hiru eskaintzen batez besteko aritmetikoa baino % 20 txikiagoa delako. Hortaz, lizitatzaileari informazioa, zerbitzuari buruzko aholkularitza teknikoa eta % 20ko behin betiko bermea eskatu behar zitzaion, eta ez da hala egin (APKLTBko 86.3 eta 36.4 artikuluak eta pleguetako dagokion atala).

– Hiru kontratu (34., 35. eta 43. espedienteak) 4,6 milioi eurotan esleitu dira, eta premiaz izapidetu dira; ez da izan, hala ere, premia hori justifikatzen duen motibazio egokirik, APKLTBko 71. artikuluan xedatutakoarekin bat.

– Hiru kontratu (30., 32. eta 37. espedienteak) 2,7 milioi eurotan esleitu dira, eta kontratu horien esleipenean 2 eta 5 hil arteko atzerapenak izan dira. Gainera, kontratuetako batean zuinketaren egiaztatze akta APKLTBko 142. artikuluan ezarritako gehieneko epea baino hilabete beranduago sinatu zen.

– Saileko Kontratazio Mahaiak San Juan-Muskiz aldeko urbanizazioaren errematerako (2. aldia) espedientea –31. espedientea– esleitu zuen 1,4 milioi eurotan. Kontratazio Mahaira ez ziren deitu ez Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ordezkariak ez eta Ondarearen Zuzendaritzaren ordezkariak ere (bietako ordezkariak Kontratazio Mahaiko kide dira), ordezkariei dei egin behar zaiela xedatzen duen arren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Kontratazio Mahaia sortzeari buruzko 2002ko urtarrilaren 22ko Aginduak.

– Txirotasunari eta desberdintasun sozialari buruzko galdeketa gauzatzeko espedientea –37. espedientea– 0,2 milioi eurotan esleitu zen; espediente horretan gutxieneko prezioa ezarri zen, jo zelako hori baino prezio baxuagoak ez zuela bermatuko kalitatezko datuak eskuratuko zirenik. Ez du lege oinarririk gutxieneko prezioa kontratuaren xedearen kalitatearekin lotzeak.

– Laguntza zerbitzuaren kontratua zuzentzen duten pleguak –42. espedientea– 80,4 milioi eurotan esleitu ziren. Plegu horien barruan 12 sorta zeuden, lau lurralde historiko bakoitzeko; eta, lote bakoitzaren barruan, xedatu zen esleipena gehienez ere lau esleipendunen artean egingo zela, aipatutako ehunekoak kontuan hartuta (% 40, % 30, % 15 eta % 15), lortutako puntuazioaren arabera. Sorta bakoitzaren barruko esleipen anizkoitza ez dago legez justifikatuta, lehiaketan Administrazioak nahitaez esleitu behar diolako kontratua proposamen abantailatsuena egin duenari (APKLTBko 88.2 artikulua), eta ez du aukerarik kontratuaren prestazioa hainbat esleipendunen artean zatitzeko. Gainera, zerbitzua egitean sorta bakoitzerako gutxieneko prezioa ezartzea ere ez da legez onargarri, eta prezio ezartze horrek lizitatzaile bat kanpoan utzi zuen, pleguetan ezarritako gutxieneko prezioa baino baxuagoa eskaini zuelako; baina ez zitzaion aldez aurretik hari informaziorik eskatu, eta ez zitzaion aholkularitza teknikorik eskatu kasuan kasuko zerbitzuari. Horrenbestez, urratu egin dira APLKTBko 83.3 artikuluak proportzioz gaineko beherakadei edo beherakada beldurgarriei buruz ezarritako xedapenak. Hautaketa irizpideen artean, lizitazioa egin zen lurraldean ordezkaritza izateko beharra ere sartu zen.

III.5.– kontratu txikiak.

Guztira 5,3 milioi euroko zenbatekoa egin duten 82 eragiketari dagozkion gastuak azaleratu dira, lehiaketa bidezko lizitazio bidez kontratatzeko gutxienekora iristen ez badira ere, kontzeptu homogeneotan meta litezkeenak eta aleko prezioen araberako hornidura kontratu modura lizitatu zitezkeenak, edota eskaintzen eskaerak eginez, dagokion eran. Eragiketa hauen zenbatekotik % 53 Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari dagokio.

Gobernuak beharrezko diren prozedurak ezarri behar ditu egoera hauek gertatu baino lehenago antzeman eta saihestuak izan daitezen; baita, iraungitzear dauden hornidura eta laguntza teknikoak esleitzeko izapideak ere behar hainbat aurreratu ere.

III.6.– Lurraldeka bereizitako gastuak eta sarrerak.

Gobernuak gainbegiratu egin beharko lituzke, batetik, lurraldeka bereizgarri diren gastu kontzeptuak, adiera duten gastuak soilik aintzat hartuz, diru-laguntzak eta inbertsioak esaterako, eta bestetik, gastuak lurraldeka egozteko irizpidea aldatu, bakoitzaren erakundeak duen gizarte egoitzaren kokalekuaren araberakoa dena, eta zerbitzua ematen den tokiaren arabera egotzi.

IV.– Finantzaren analisia.

2008ko ekitaldian gertatutako jazoera ekonomiko garrantzitsuena tributu itunduak direla-eta bildutako diru kopuruaren beherakada izan da, aurreko ekitaldiarekin alderatuta. 2007 eta 2008ko ekitaldietako ekarpenak likidatzeko Herri Dirubideen Euskal Kontseiluari aldundiek aurkeztutako informazioarekin bat, ondoko taulan diru bilketak ekitaldi horietan izan duen bilakaera ikus daiteke:

(Ikus .PDF)

Diru kopuru gutxiago bildu dela ikusi da zeharkako zergen bidez, batez ere BEZaren eta transmisioen bitartez, bai eta Sozietateen gaineko Zergaren bidez ere. 2008rako bilketaren aurreikuspena Barne Produktu Gordinaren esperotako hazkundearen (% 3,6) arabera egin zen. Bestalde, ekitaldi horretan % 1,9ko gehikuntza erreala izan zen (iturria: EUSTAT).

Administrazio batek etorkizuneko inbertsio programei aurre egiteko duen gaitasuna sarrera eta gastu arrunten egiturak eta finantza zama handiagoa bere gain hartzeko aukerek mugatzen dute.

Ondoko taulan Aurrezki gordinak, emaitza arruntak eta aurrekontu saldoak azken lau ekitaldietan izan duten bilakaera erakusten du:

(Ikus .PDF)

Azken ekitaldian, sarrera arruntek behera egin dute, 597,6 milioi euro. Horren kausa izan da, nagusiki, foru aldundiek ekarpen txikiagoa egin dutela (704,9 milioi euroko murrizketa), tributu itunduen bilketan diru gutxiago bildu delako. Murrizketa hori arindu du ondare sarrerak gehitu izanak (93,0 milioi euroko gehitzea), nagusiki, alde batetik, Energiaren Euskal Erakundeak Eolicas de Euskadi SA konpainian zuen partaidetza saltzearen bidez lortutako 56,4 milioi euroren etekinari eta, bestetik, diru zaintzaren ordainsaria 35,9 milioi euro gehitu izanari esker.

Gastu arrunten igoera aurreko ekitaldikoekiko % 8,6koa izan da, termino absolutuetan 616,5 milioi euroko igoera ekarri duena, batik bat honek eragindakoa:

– Langileria gastuak % 7,5 areagotu dira (oro har, 126,8 milioi euroko igoera), alde batetik, soldatak % 4,2 igo direlako, oro har –justiziako langileen soldata % 6,6 igo da–; eta, bestetik, langile kopurua % 2 gehitu delako.

– Funtzionamendu gastuak 320,1 milioi euro gehiago izan dira. Osasun gastuak 255,4 milioi gehiago izan dira, eta hori da aipatutako igoeraren zati handiena (% 80). Hona hemen bestelako gastu aipagarriak: mehatxupean dauden pertsonen segurtasunera 15,5 milioi euro gehiago bideratu da; eta Ihobe SA enpresarekin egindako programa kontratu berriak 14,6 milioi euroren zenbatekoa izan du.

– Diru laguntza arrunten gehitzea –169,6 milioi euro– sektore publikoaren (% 54,2) eta sektore pribatuaren artean (% 45,8) banatu dira. Sektore publikoan, honako transferentzia hauek izan dute igoera handiena: SPRIri egindakoak (29,8 milioi euroko igoera), Haurreskola Partzuergoari egindakoak (12,0 milioi eurokoa) eta EITBri egindakoak (11,7 milioi euro).

Diru bilketaren, ekarpenen eta gastu arrunten bilakaera Milioi euro

(Ikus .PDF)

Diru sarrera gutxiago izateak eta gastu arruntak areagotzeak, biek batera, aurrezki gordina 1.214,1 milioi euro murriztea eragin dute, 2007ko ekitaldiko emaitzarekin alderatuta.

Inbertsio garbiak 87,9 milioi gehiago izan dira; hona hemen kapitulu aipagarrienak:

– Kapital transferentziak: 245,6 milioiko gehikuntza izan dute.

– Egindako inbertsioen bolumena 2007ko ekitaldikoaren antzekoa izan da. Honako hauek nabarmen daitezke: haur eta lehen hezkuntzako ikastetxeetan egindako obrak, 38,2 milioi euro; Gasteizko tranbian egindako inbertsioak, 29,9 milioi euro; eta etxebizitzak egiteko lurretan egindako inbertsioak, 28,9 milioi euro.

– Finantza aktiboetan, gastuak 80,2 milioi murriztu dira; aipagarriena Euskal Trenbide Sarearen (ETS) funts sozialari egindako ekarpenaren murrizketa da: 2007an 59 milioi euroren ekarpena egin zen, eta ez da inolako ekarpenik egin 2008an, nahiz eta azken ekitaldian xede horretarako 97,7 milioi euroren aurrekontua egin zen. Sarrerak, bestalde, gehitu egin dira (37,5 milioi euroren gehikuntza) Energiaren Euskal Erakundeak Eolicas de Euskadi SA konpainian zuen partaidetza saldu izanari esker (20,5 milioiko diru sarrera ekarri du horrek).

Diru gutxiago biltzearen ondoriozko sarreren murrizketak eta gastuen gehikuntzak 637,3 milioi euroko aurrekontu defizita ekarri dute. Hori, zor publikoaren amortizazioaren eragina kontuan izan gabe, aurreko ekitaldikoa baino 1.290,6 milioi gutxiago da.

Hona hemen adierazle nagusien bilakaera:

Emaitzen, inbertsioen eta jaulkitako zor garbiaren bilakaera Milioi euro

(Ikus .PDF)

Hona hemen diruzaintzako geldikinak eta indarreko zorrak azken lau ekitaldietan izan duten bilakaera:

(Ikus .PDF)

Diruzaintzako geldikinak, behera egin duen arren, oraindik sarrera arrunten ia % 20 da. Horren eta zorpetze txikiaren ondorioz, EAEko Administrazio Orokorraren finantza egoerak aukera emango du azken ekitaldietakoaren antzeko inbertsio politika mantentzeko. Hala ere, diru bilketan diru gutxiago jaso denez, gomendagarri da gastua sarreretara egokitzea, gastuari eusteko eta gastu arruntean aurrezteko politikaren bitartez.

Aurrekontuaren Egonkortasuna

Bai abenduaren 12ko 18/2001 Legeak, Aurrekontuaren Egonkortasunari buruzko Orokorrak, bere 5. Azken Xedapenean, bai aurrekoaren osagarri den abenduaren 13ko 5/2001 Lege Organikoak 1. Azken Xedapenean, biek ere aurreikusten dute eraginkortasunari buruzko lege horietan xedatutakoa Euskal Herriko Autonomia Erkidegoari aplikatzerakoan, Ekonomia Itunearen Legean erabakitakoa kaltetu gabe egingo dela.

EAErekiko Kontzertu Ekonomikoa onesten duen 12/2002 Legeak –2002ko maiatzaren 23koak– bere 48. artikuluan xedatu zuen Estatuarekin koordinazioa eta lankidetza egingo dela aurrekontu egonkortasunari buruzko alderdietan (hirugarren atala). Lege bereko 62. artikuluak, bestetik, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren egitekoen artean aurrekontu egonkortasunaren gaietan kolaborazio eta koordinaziorako konpromisoa hitzartzeko egitekoa zehazten du.

Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren lehenengo bilera 12/2002 Legea onetsi ondoren, maiatzaren 23koa, 2005eko urriaren 6an egin zen. Bilera horren bosgarren erabakiak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren eta Estatuko Administrazioaren aldebiko izaeradun aldez aurreko akordioak izenpetzeko aukera ireki zuen, Ministroen Kontseiluan Autonomia Erkideen multzorako aurrekontuari egonkortasuna emateko helburua onartu aurretik.

Akordio hau ezarriz, EAEren eta Estatuko Administrazioek EAEren egonkortasun helburuak adostu dituzte 2008-2010 aldirako (2006ko maiatzaren 25ean sinatutakoa), Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak 2007ko uztailaren 30ean egindako bilkuran baitetsitakoa. 2008rako helburua BPGaren defizita % 0,25ekoa izatea aurreikusi zen. 18/2001 Legearen 3. artikuluari jarraiki, defizita edo superabita finantzaketa gaitasuneko terminoetan neurtuko da, Nazio eta Lurraldeetako Kontuen Europako Sisteman jasotako definizioari jarraiki (SEC-95).

Estatuko Administrazioaren Artekaritza Orokorrak kalkulatutako behin-behineko superabita aurrez aipatutako irizpideen arabera, EAEko BPGren % 1,15 izan da.

V. 2008-ko ekitaldiaren kontuak

2008-ko aurrekontuaren likidazioa

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

2008ko AURREKONTUAREN LIKIDAZIOARI OHARRAK

1. oharra.– EAEren Administrazioaren diruz lagungarri diren gastuak diru-laguntzak ematen diren unean erregistratzen dira, Euskadiko Aurrekontu Araubidearen Legeak ezarritako irizpideari jarraiki. Irizpide honen ondorioz, 2008ko abenduaren 31n oraindik eskagarriak ez diren ordainketa obligazioak existitzen dira, 437,8 milioi euroko zenbatekoa egiten dutenak.

2. oharra.– 1994-2008 aldian jasotako elkarteko funtsek 1.718,7 milioi euroko aitortutako sarrerak sortu dituzte eta horietatik 1.701,1 milioi euro Europar Batasunak ikuskatu ditzake diru sarrera hauek eta ezinezkoa da zehaztea finantzatutako proiektuen berrikuspenak Geldikinaren gainean izan lezakeen eragina. Nolanahi dela ere, iragan esperientzia oinarri hartuta, ez dirudi eragin hori adierazgarria izan litekeenik.

3. oharra.– Zorpetze publikoari dagozkion sortutako eta iraungi gabeko interesak, 0,7 milioi eurokoak, urteko kontuetan erregistratzen dira eta ondarearen emaitza ekonomikoaren atal dira (ikus oroit-idatziaren 12.2 oharra). Aurrekontuaren exekuzioak ez du kopuru hau islatzen, izan ere, interesen gastuak kutxa irizpideari jarraiki erregistratzen baititu.

4. oharra.– Bizkaiko Garraio Partzuergoaren finantza planak, Bilboko Hiri Trenbidearen inbertsioei buruzkoak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak 2009tik 2027ra bitarteko urteetan 672,0 milioi euroko ekarpena egitea aurreikusten du, urte horietako EAEren Aurrekontu Orokorretan kontsignatuko direnak, Partzuergoari ekitaldi bakoitzean egin beharreko transferentziari dagokion kopuruan.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Balantzea eta emaitzen kontua

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

OHARRA: ARRISKU ETA GASTUETARAKO ZUZKIDURAK

Abalek edo abian dauden auziek eragindako balizko zein egiazko erantzukizunak, pasibo horiek azaleratzen diren ekitaldiaren emaitzen aurka hornitzen dira, zenbatekoaren balioespen arrazoizkoaren arabera. 2008ko abenduaren 31n zenbatekoa 112,4 eurokoa zen.

Berebat, «Gobernu Legea»ri buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeak, 38. artikuluan agintzen du biziarteko pentsioa eskuratzeko eskubidea izango dutela, beti ere hirurogeita bost urteak beteak badituzte, 1936ko urritik 1979ko abenduaren 15era arte Eusko Jaurlaritza osatu zuten Lehendakariak eta Sailburuek, iraungia den Euskal Kontseilu Orokorraren Lehendakari eta Kontseilariek eta ondotik izan diren Autonomia Erkidegoko Gobernuetako Lehendakari, Sailburu eta Sailburuordeek; azken hauek, gainera, gutxienez bi urteko zerbitzu aldia osatua izan beharko dute.

Bestetik, maiatzaren 13ko 1/1986 Legegintzazko Dekretuak, Euskal Administrazio Autonomoari zerbitzu eman zien langileen eskubide profesional eta pasiboei buruzko Testu Bategina onesten duenak ezartzen du, 1936ko urriaren 7tik 1978ko urtarrilaren 6ra bitarteko aldian Eusko Jaurlaritzaren agindu eta destino bidez Euskal Administrazioan edo bestelako administrazio zein antolakuntzetan urtebetekoa baino txikiagoa ez den denboran zerbitzuak izaera ohiko eta jarraituarekin eman zituzten funtzionario eta administrazio edo lan kontratupekoek, erretiroagatik pentsioa jasotzeko eskubidea izango dutela.

Azkenik, Ertzaintzako langileriari ezargarria zaion araudiak pentsioen osagarri diren aldizkako prestazio ekonomikoak jasotzeko eskubidea aitortzen du, zerbitzualdian heriotza gertatzen deneko hainbat kasutan edota zerbitzualditik eratorritako ezgaitasunagatiko nahitaezko erretiro kasuetarako.

2008ko abenduaren 31n ez da kontzeptu hauen izenean inongo zuzkidurarik erregistratu.

Bi kontzeptu horien ordainetan 2008ko ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak bere langileekiko legezko obligazioengatik egindako ordainketak 2,6 eurokoak izan dira.

VI.– Legezkotasuna betetzeari buruzko fiskalizazioa eta fiskalizazio ekonomiko finantzarioa, eusko jaurlaritzak 2004-2008 aldian emandako diru laguntza zuzenak direla eta

Euskal Herriko Ogasun Orokorraren Printzipio Arautzaileen Legearen Testu Bategina (EHOOPALTB) onesten duen 1/1997 LDren 49.7 artikuluak agintzen du zuzeneko emakida bitartez banatzen diren diru-laguntzek aparteko izaera izango dutela, arrazoitutako justifikazio eta agiri bidezko oroitidazki bidez egiaztatu beharko delarik horiek justifikatuko dituzten interes publiko, sozial, ekonomiko edo gizazko arrazoiak; baita, izaera orokorreko xedapen bitartez deitzea ezinezkoa dela egiaztatuko duten haiek ere. Laguntza hauen emakida Gobernuaren eskumena da interesa duen Saileko Sailburuak hala proposatuta.

Hona hemen 2004-2008 aldian zehar, zuzeneko diru-laguntzak eta horien kopuruak onetsi zituzten Gobernu Kontseiluaren erabaki kopurua:

(Ikus .PDF)

Urtero, Gobernu Kontseiluak 220 eta 248 hitzarmen artean egin ditu; salbuespena 2006ko ekitaldian izan zen, askoz gutxiago egin baitziren.

Bestalde, zenbatekoaren zutabeetan ekitaldi bakoitzean eman diren diru laguntzak direla-eta hitzartu eta erabili diren aurrekontu kredituen zenbatekoa jaso da. Nabarmentzekoa da aztertutako aldian diru laguntza horien zenbatekoak izandako murrizketa; 2008ko ekitaldian, baliabideen % 50 gutxiago bideratu dira, hasierako ekitaldian baino Murrizketa are nabarmenagoa izan da sektore publikorako diru laguntzetan eta, bereziki, «EAEko sektore publikoko Zuzenbide Publikoko beste erakundeak» kontzeptuan. Hor bildu dira, funtsean, Euskal Herriko Unibertsitateari emandako diru laguntzak.

Sektore pribaturako laguntzek publikorakoek baino murrizketa txikiagoa izan dute. Azken urtean gehitu ere egin dira enpresa pribatuei emandako diru laguntza zuzenak eta, azken bi ekitaldietan, sektore pribatua diru laguntza zuzenen onuradun nagusia izan da, diru laguntzen kopurua eta haien zenbatekoa kontuan hartuta.

Osasun prestazio unibertsalak kontuan izan gabe, ordainketa eta konpromiso kredituak aurrekontuko 4. eta 7. kapituluetan jasotako diru laguntzen eta transferentzien bidez gauzatzearen aldean diru laguntza zuzenek osatzen duten ehunekoa ere nabarmen murriztu da. Hortaz, diru laguntza zuzenak, 2004ko ekitaldian, diruz lagungarri diren baliabideen gauzatzearen % 5,5 ziren, eta, 2008an, % 1,9, nahiz eta diru laguntzak, oro har, gehitu egin diren urtero. Azken bi ekitaldietan % 7,7 eta % 12,2ko gehikuntza izan dute. Sektoreka, sektore publikoak jasan du murrizketarik handiena: gauzatutako zenbatekoaren guztizkoaren % 6,4 izatetik (2004) % 1,3 izatera pasatu da (2008).

Aztertutako aldian zuzenean ematen diren diru laguntzen gauzatzean izan den murrizketa justifikatzen du esanguratsuenak apurka-apurka sartu izanak EAEko aurrekontu orokorretan, diru laguntza izendun gisa.

VI.1.– Aurkitutako alderdi esanguratsuak.

VI.1.1.– Diru laguntza errepikariak.

Gobernu Kontseiluaren hitzarmenetako informazioa abiapuntutzat hartuta, diru laguntza zuzenak taldekatu ditugu, helburuaren arabera. Aztertutako aldian 1.106 hitzarmen egin dira, eta 484,8 milioi euroren zenbatekoa egin dute, guztira. Hitzarmen horien artean diruz lagun daitezkeen 756 helburu ikusi ditugu, guztira; eta, horietatik 598 hitzarmen –272,6 milioi euro– ez dira berritu aztertutako aldian. Hona hemen informazioa, sailen arabera eta diruz lagungarri den helburu bera zenbat ekitalditan egin den kontuan hartuta:

(Ikus .PDF)

Diru-laguntza jarduketa horiek 2004-2008 bitartean emandako zuzeneko diru laguntza guztien zenbatekoaren % 43,8 dira; baina emandako diru laguntzen % 21 dira.

Horien artean esanguratsuenak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean eta Kultura Sailean daude. Hona hemen xehetasunak:

(Ikus .PDF)

Azaldutako egoerak ageriko egin du ez dela betetzen Euskadiko Ogasun Orokorraren Printzipio Arautzaileei buruzko Legearen testu bategineko 49. artikuluko 7. atalean eskatzen den betekizuna: salbuespenezkoa izatearen betekizuna.

Diru laguntza zuzenak eman behar dira ezohiko egoerak ebazteko, interes publikoari ezin zaionean erantzun deialdi orokorraren bitartez. Dena den, jarduerak ohikoak eta errepikariak direnean, egokiago da eta gardentasun handiagoa ematen dio funts publikoen kudeaketari diru laguntza izenduntzat jotzeak ekitaldi bakoitzeko aurrekontu orokorrak izapidetzean. Horretarako, laguntzak emateko baldintza zehatzak arautuko dira, Administrazioaren eta onuradunen artean hitzarmenak sinatuz.

VI.1.2.– Bestelako gorabeherak. 2004-2007 aldia.

Honako taula honetan laburbildu dira auzitegiak gauzatutako fiskalizazioetan aurkitu diren alderdi nagusiak:

(Ikus .PDF)

VI.2.– Zuzeneko diru-laguntzen analisia. 2008ko ekitaldia.

Honako diru-laguntza zuen hauek aztertu ditugu:

(Ikus .PDF)

2008ko ekitaldiko ordainketa kredituek, aztertutako diru laguntzei dagozkienek, 24.298 mila euroren zenbatekoa dute; eta konpromiso kredituek, berriz, 4.569 mila euroren zenbatekoa. Aztertutako diru laguntzen sailkapen ekonomikoari dagokionez, diru laguntza arruntak 14.986 mila euro izan dira; eta, kapital diru laguntzak, 13.881 mila euro.

VI.2.1.– Legea ez betetzea.

– Halaber, 11,7 milioi euroko diru-laguntzak eman zaizkie 44 onuradunei Gobernu Erabaki bitartez, zeinek aurreko bi ekitaldietan ere helburu berbererako diru-laguntza arruntak jaso baitzituzten, EHOOPALren 49.7 artikuluaren apartekotasun betekizuna urratuz.

– Diru laguntza zuzenak eman dira Gobernu Kontseiluaren Erabakiaren bitartez, nahiz eta diruz lagundutako jarduera arautzen zuten xedapen orokorrak izan. Horrenbestez, ez dira bete Euskadiko Ogasun Orokorraren Printzipio Arautzaileei buruzko Legearen testu bategineko 49.7 artikuluko xedapen orokorraren bitartez deialdia egitea ezinezkoa izatearen eta salbuespenezkoa izatearen betekizuna, honako hauetan:

* Sestaoko Udalari emandako diru laguntzan (0,3 milioi euro) eta Portugaleteko Udalari emandakoan (0,3 milioi euro), bi udalerrietan arrapala mekanikoak jartzeko, nahiz eta jarduera horiek Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako sailburuaren 2008ko uztailaren 17ko Aginduak araututako laguntzetan sartu ziren.

* Donostiako Udalari emandako diru laguntzan (2,5 milioi euro) San Telmo Museoa handitu eta birgaitzeko, jarduera hori diruz lagungarri zelako Kultura sailburuaren 2008ko apirilaren 23ko Aginduko 2. artikuluko d) atalean xedatutakoarekin bat.

* Euskal Autonomia Erkidegoko udalei emandako diru laguntzetan (1,4 milioi euro), oinarrizko gizarte zerbitzuetako langileak kontratatzeko, 2008/8 Legea indarrean sartzetik eratorritako ohiz kanpoko lan karga gauzatze aldera. Izan ere, aipatutako zerbitzuak finantzatzeko deialdia egiten da urtero Justizia sailburuaren 2008ko martxoaren 12ko Aginduan, onuradun berentzat eta jarduera berak egiteko.

* Infernuko Auspoa SL elkarteari emandako diru laguntzan (0,7 milioi euro), hiru lan diskografikoren prestakuntza, edizioa eta argitalpena finantzatzeko. Jarduera horietarako Kultura sailburuaren 2008ko ekainaren 4ko Aginduko (musika jarduera profesionaletarako diru laguntzak emateko erregimena arautzen duena) 2.1 artikuluan xedatutako laguntzak jaso daitezke. Gainera, eta diru laguntzaren oroitza txostenarekin bat, ekintzaren interes publikoa ez datza sorkuntza artistikoan bertan; musika tradizionala hedatu, bultzatu eta indartzean datza, bai eta euskara artelanaren bitartez zabaldu, sustatu eta indartzean ere. Ez da zehaztu kanal zehatzik obra etorkinei helarazteko. Horrek, berak bakarrik, justifikatu du Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Sailaren baterako finantzaketa: 0,4 milioi euroren ekarpena. Hala ere, ez aurkeztutako proiektuan, ez eta sinatutako hitzarmenean ere, ez da ezarri jarduera planik, obra eta, hortaz, interes orokorra hedatuko dela bermatzen duenik. Eta hori eskatzen du, hain zuzen, Euskadiko Ogasun Orokorraren Printzipio Arautzaileei buruzko Legearen testu bategineko 49.7 artikuluak.

– Honako diru laguntza zuzen hauek eman dira, Gobernu Kontseiluaren Erabakiz, baina ez da justifikatu xedapen orokorraren bitartez (Euskadiko Ogasun Orokorraren Printzipio Arautzaileei buruzko Legearen testu bategineko 49.7 artikulua) diru laguntzen deialdi publikoa ezin dela egin:

* Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioari 0,2 milioi euroren diru laguntza, euskal curriculuma garatzeko. Diru laguntzaren oroitza txostenak adierazten duenez, Ikastolen Konfederazioak ezohiko zenbait jarduera egin ditu, euskal curriculuma egin eta ezartzeko (2007ko urriaren 16ko 175/2007 Dekretu bidez xedatua), eta Hezkuntza Sailak ordain ekonomikoa eman nahi du horretarako. Aipatutako Dekretuak xedatutakoa derrigorrezko hezkuntza ematen duten ikastetxeetan denez aplikagarri, euskal curriculuma garatu eta ezartzeko laguntzak deialdi publiko bidez eman behar ziren, eta publizitate eta lehia printzipioak bermatuta. Gainera, laguntza emateko ebazpenean ez da ezarri zer gastu mota finantza daitezkeen laguntzaren xede den jarduerarekin lotura izateagatik. Emandako diru laguntza baino gastuen zenbateko handiagoa justifikatzeko agiriak baino ez dira eskatu. Gastuak identifikatzean zehaztasunik ez izate horrek eragozten du egiaztatzea ea funtsak xede egokirako erabili diren ala ez.

* Naturcop Redes SAU konpainiari 0,5 milioi euroren diru laguntza, herri gune jakin batzuen gasifikazioa egiteko. Laguntza horiek Industria Sailaren eta onuradunaren artean sinatutako 2005eko apirilaren 20ko hitzarmenean zehazturakoari jarraikiz 2008ko ekitaldian egin beharreko inbertsioetarako dira. Aipatutako hitzarmena zenbait herri gunetako gasifikazioa egiteko sinatu zen; hain zuzen, dituzten ezaugarriak direla eta, ekonomikoki gas naturalaren sarera konektatzea bideraezin egiten duten herri guneetakoa. Industria Sailaren arabera, Naturcop Redes SAU konpainiarekin sinatutako hitzarmena konpainia Euskal Autonomia Erkidegoan operadore naturala dela kontuan hartuta egin da. Izan ere, hori dela eta, soilik konpainia horrekin dira egingarri diruz lagundutako jarduerak. Hala ere, 34/1998 Legeak xedatzen du gasa banatzeko sareak instalatzeko administrazio baimena, lehia erregimeneko eskaeren ebazpenaren bitartez. Ondorioz, laguntzak deialdi publikoaren bidez ezarri behar ziren.

* Basolanak Elkarteari 1,5 milioi euroren diru laguntza, energia berriztagarria ekoizteko basoko biomasa erabil dadin sustatze eta balioztatze aldera jarduerak egiteko. Oroitza txostenean ez da justifikatu laguntza zabaltzeko ezintasuna, lehia erregimenean, sektore berean diharduten beste onuradun posible batzuei.

– Partaide Ikastolen Elkarteari 0,8 milioi euroren diru laguntza, eta, Eusko Ikastola Batza (EIB) ikastolen elkarteari, 0,1 milioi euroren laguntza. Bi elkarte horiek ez ziren sartu Euskal Eskola Publikoan (10/1988 Legeak arautua), eta hezkuntzako itunen sistemara pasatu ziren; baina finantzaketa handiagoa izan zuten 2007ko ekitaldira arte. Ituntze partzialaren (ituntze partzialaren barruan daude bi elkarteetako lanbide heziketako ikastetxeak) eta erabateko ituntzearen (2007ko heziketa-zikloen ituntzea eta 2008ko urtarrila eta abuztua bitarteko aldiarena) arteko aldeari dagozkio emandako laguntzak. Ez oroitza txostenak, ez eta laguntza emateko erabakiak ere ez du justifikatzen alde hori ordaintzeko interes publikoko arrazoirik, justifikatzea eskatzen duen arren Euskadiko Ogasun Orokorraren Printzipio Arautzaileei buruzko Legearen testu bategineko 49.7 artikuluak. Ez da adierazi, halaber, hezkuntzako itunen erregimen orokorrean xede bererako ezarritako laguntzen gehigarri den diru laguntza justifikatzen duen lege oinarririk.

– Lankidetza Proiektuen 2008ko deialdiaren ebazpenean (Garapenean Laguntzeko Fondoari buruzko 34/2007 Dekretuan arautua, Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako sailburuaren 2008ko abenduaren 16ko Aginduaren bitartez onartua), 30,9 milioi euroren diru laguntzak esleitu ziren, deialdirako esleitutako azken kreditua 31,9 milioi euro izan bazen ere. 2008ko urriaren 20ko Kudeaketa Batzordearen aktaren arabera, proiektuak hautatzeko balorazioak ezarri zitzaizkien eskaerei, eta gutxieneko puntuaziora iritsi ez ziren proiektuak baztertu ziren. Dekretu arautzaileak ez zuen kontu horren gaineko xedapenik eman, eta agindu zuen laguntzak hautatuko zirela kreditua guztiz esleitu arte lortutako puntuazioaren arabera. Lortutako soberakinarekin lankidetza hitzarmenak finantzatu ziren. Laguntza horiek, aipatutako Kudeaketa Batzordeak balioztatzen dituen arren, zuzenean ematen dira, Gobernu Kontseiluaren erabakiz.

VI.2.2.– Bestelako hutsak eta gomendioak.

– Azaroaren 11ko 1/1997 LDk Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian lehiara meneraturik emandako diru-laguntzen zerrenda argitara emateko obligazioa ezartzen du; ordea, azaroaren 17ko 38/2003 Diru-laguntzen Lege Orokorraren arabera, Gobernu Kontseiluaren Erabakiz zuzenean emandako haiek ere argitaratu behar lirateke.

– Ez da bete ondorengo laguntza hauek eman direla Europar Batasunari jakinarazteko betekizuna:

* Naturcorp Redes SAU sozietateari, 4,3 milioi euro, Euskadin 2005/2010 aldian gas azpiegitura zabaltzeko; zenbateko horretatik, 0,5 milioi euro dagozkio 2008ko ekitaldiari.

* Basolanak Elkarteari, 1,5 milioi euro 2008ko ekitaldian.

Europar Erkidegoa Eratzeko Ituneko 88. artikuluko 3. idatz zatian araututa dago jakinarazteko betekizuna, emango diren laguntzak merkatu batuarekin bateragarri direla bermatzeko helburuarekin, Ituneko 87. artikuluan jasotako baldintzetan.

– Ondoren azaltzen diren diru laguntzak arautzeko hitzarmenetan, diru laguntzetako hitzarmenean ezarritako baldintzak betetze aldera onuradunek egin beharreko egintzak zerbitzu ematekoak dira. Horrenbestez, kontratuen araudian ezarritakoa betez egin behar izango ziratekeen.

* Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari buruzko Ikasketa Institutuarekiko (HEGOA) hitzarmena, 0,9 milioi eurorena, Guatemalan Euskadiko kooperazioaren kalitatea hobetzeko. Prestazioak: koordinazio lanak, kudeaketa logistikoa, laguntza metodologikoa, eta prozesu nahiz ekimenak gauzatzea.

* Teknika eta ekonomia arloko kudeaketarako guneekiko hitzarmena, abeltzaintzako kudeaketa hobetzeko, 0,5 milioi eurorena. Abeltzaintzako ustiategiei aholku emateko lanak egitea dakar. Orobat, gune horientzako ordainketak ezartzen dira, laguntzak kudeatzeko zerbitzu jakin batzuk egin ditzaten.

– Ez da bete Euskadiko Ogasun Orokorraren Printzipio Arautzaileei buruzko Legeko 50.1 artikulua (artikulu horretan ezarrita dago laguntzen edo diru laguntzen onuradun direla horiek ematearen oinarri diren jarduera egiten duten funts publikoen hartzaileak), zuzeneko diru laguntza hauetan:

* Nafarroako Ikastolen Elkartearentzakoa, 1,9 milioi eurorena, hezkuntza azpiegiturak eraiki, egokitu eta eraberritzekoa. Eta Iparraldeko Ikastolen Elkartearentzakoa (SEASKA), 1,1 milioi eurorena, hezkuntza jardueretarako diren eraikinak mantendu eta egokitzeko obretarakoa. Bi kasuetan, diruz lagundutako jarduerak ez dituzte onuradunek egin, baizik eta erakunde horiei elkartutako ikastolek. Gainera, Nafarroako Ikastolen Elkarteari emandako laguntzan, diru laguntzaren oroitidazkiak ez du aztertzen laguntza horrek zer-nolako bateragarritasuna duen ikastola elkartuek Nafarroako Foru Erkidegoko hezkuntza agintariekin izenpetua duten hezkuntza hitzarmenetako araubidearekin.

* Teknika eta ekonomia arloko kudeaketarako guneekin izenpetutako hitzarmenetik (0,5 milioi eurorena) eratorritako jarduketek, azken hartzailetzat, gune horiei elkartutako abeltzaintza eta nekazaritza ustiategiak dituzte. Guneek banatzen dituzte laguntzak, irizpide orokor batzuei eta lurralde banaketa bati jarraituz.

Diru laguntzen ematea, araudian ezarrita dagoenez, onuradunaren alde egin behar da, eta ez bitarteko erakundeen alde, nahiz eta bitarteko erakunde horiek elkarte izaerakoak izan eta laguntzen hartzaile den sektore osoaren bilgune eta ordezkari izan. Hala ere, laguntzak hobeto kudeatzearren beharrezko baldin bada erakunde horien lankidetza, gomendatzen dugu azter dadila erakunde horiek erakunde laguntzaile gisa parte hartzea, 698/1991 Dekretuan ezarritako araubideari jarraituz.

– Aztertutako laguntzetako batzuetan zehaztutako ordainketa sistemak ahalbidetzen du onuradunek jaso dezatela onartutako laguntza osoa, gutxienez laguntzaren adinakoa den gastu zenbateko bat osorik justifikatu gabe. Hartara, HEGOAri eta FEDAEPSi emandako zuzeneko diru laguntzetan, aski da diruz lagundutako zenbatekoaren % 70 diren gastuak justifikatzea, laguntza osoa jasotzeko; Basolanak Elkartearen kasuan, % 80 da kopuru hori.

– Diruz lagundutako proiektuei elkartutako bitarteko eta ekintzen programazioa eta helburuen zehaztea ez dira aski honako hauetan:

* FEDAEPSekiko hitzarmena, aniztasunaren eta genero berdintasunaren arloetan Latin Amerikaren integrazio prozesuan eragin estrategia bat ezartzekoa, 0,4 milioi eurorena: ez ditu helburuak deskribatzen, ez eta helburu horiek lortzeko bitartekoak ere, eta ez du ekintzen aurrekontua azaltzen.

* Berrikuntzaren Euskal Agentziarentzako (Innobasque) zuzeneko diru laguntza, 4 milioi eurorena: hitzarmenaren eranskin batean dakar berrikuntza funtsaren jarduketa ildo estrategikoei buruz eginiko dokumentuko helburu nagusiei lotutako jarduketen zerrenda. Ildo horiek, argi eta garbi, ez dira aski laguntzaren eraginkortasuna zehazteko, eta ez dute neurtzen zenbateko eragina lortzen den ezarritako helburuetan.

* Basolanak Elkarteari emandako diru laguntza, energia berriztagarria ekoiztearren basoko biomasa erabiltzea balioztatu eta sustatzekoa, 1,5 milioi eurorena, hitzarmen bidez: ez da zehazten jarduketa multzo orokor bat baizik, hau da, ez dira finkatu helburuak, egin beharreko jarduketak, gauzatze egutegia, jarduketen aurrekontua, emaitzak balioztatzeko prozedurak, aplikagarritasunaren eta emaitzak sektoreko enpresetan ezartzearen azterketak, eta abar.

– Gobernu Kontseiluaren erabakia, Berroeta Aldamar SL sozietateari 3 milioi euroren zuzeneko diru laguntza ematekoa: diru laguntzaren oinarri da Estatuko Administrazio Orokorrak –Kultura Ministerioaren eta Industria Ministerioaren bidez– konprometitutako laguntzen kobrantzak eragindako defizita estali beharra. Laguntza horiek Cristobal Balenziaga Museoa eraikitzea finantzatzeko eman ziren. Laguntzak emateko erabaki horrek ez du ezartzen Estatutik jasotzeke dauden diru kopuruak jasotzen direnean laguntza itzultzeko betebeharra. Eta ez du ezartzen bestelako mugarik; beraz, altxortegiko aldi bateko defizita estaltzea ez den helbururen batera bideratu ahalko litzateke laguntza, neurriz gaineko finantzaketarik ez izatea beste mugarik gabe.

– 2009an, Infernuko Auspoa SL sozietateari emandako 234 mila euroko diru-laguntzari dagokion 2008ko urtekoa ordaintzeko agindua eman da, aldez aurreko bermea eratua izan gabe (698/91 Dekretuko 3.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz) eta onuraduna Gobernu Kontseiluaren erabakiz betekizun horretatik salbuetsia izan gabe. Aurrerakin horren justifikazioan 166 mila euroren gastuak sartu dira. Gastu horietan, ondorengo huts hauek atzeman dira:

* Gastu justifikatuetan sartuta dago ordaindutako BEZa, eta kontzeptu hori ezin da diruz lagun daitekeen gastutzat hartu.

* Langileria gastuen justifikazioa, 44 mila eurorena, ez da aski. Izan ere, ez dira dokumentu bidez egiaztatzen langileen lan kontratazioa, gizarte segurantzako kotizazioak eta soldaten ordainagiriak.

– Oteiza Lizeo Politeknikoari 0,3 milioi euroren diru laguntza eman zaio, ikastetxeko ekipamendurako, obretarako eta jardueretarako, nahiz eta laguntzen araubide orokorra Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2008ko maiatzaren 6ko Aginduan (Lanbide Heziketako ikastetxe integralen sarekoak diren erakundeentzakoa) ezarrita egon. Laguntza zuzeneko diru laguntzatzat izapidetzeko beharraren zergatia hau da: ez dela eguneratu Hezkuntzako sailburuaren 2001eko urtarrilaren 29ko Aginduan jasotako Lanbide Heziketako ikastetxe integralen zerrenda, nahiz eta Hezkuntzako, Industriako eta Justiziako sailburuen 2000ko apirilaren 25eko Aginduko 10. artikuluan ezarrita egon sareko ikastetxeak bi urtean behin egunera daitezkeela.

VII.– Eusko Jaurlaritzak iraungi direnean artatu ez diren emandako mailegu eta bermeen itzulera kontzeptuan ingresatu behar zituzkeen eta ingresatu ez dituen kopuruen legezkotasunezko eta ekonomia-finantzazko fiskalizazioa. 2007 eta 2008ko ekitaldiak.

Laguntza programen ondorioz emandako aurrerakin eta maileguengatik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak kobratzeke dituen kopuruak, egoera balantzeko finantza ibilgetuaren epigrafean daude bilduta. Zordunek ordainketa atzeratzea eskatzen dutenean, zorra epe luzeko zordunen kontura sailkatzen da, eta ezarritako ordainketak betetzen ez badira, epe laburreko zordunen kontura sailkatzen da.

Mailegu eta aurrerakinen bizialdian, eman zituzten sailek egiten dituzte kontrola eta segimendua. Muga eguna igarota ordaindu ez bada, hainbat prozedura abiatzen dira, Administrazioari zor zaizkion kopuruak berreskuratzearren:

– Lehenik, 698/1991 Dekretuko (1991ko abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako diru laguntzen bermeak eta itzulketak arautzen dituena) 5. artikuluari jarraituz, itzulketa prozedura hasten da. Prozedura horretan, zordunaren alegazioak jaso ondoren, ebazpena emango du eskumena duen organoak; egoki baldin bada, ebazpen horrek adieraziko du dirua itzultzeko betebeharra.

– Ordaintzeko epea bukatuta, ordainketarik egin ez bada, 212/1998 Dekretuko (1998ko abuztuaren 31koa, Euskadiko Ogasun Orokorraren Diru Bilketako Arautegia onartzen duena) V. tituluan araututako premiamenduzko prozedura abiatuko da. Premiamenduzko prozedura hasteak berekin dakar zorraren % 20 bitarteko errekargua aplikatzea, berandutze interesak hastea, eta ordaindu ezean zordunaren ondarea exekutatzea, prozeduraren kostuei erantzuteko. Bilketa exekutiboa Ogasun eta Finantza Saileko Finantza Zuzendaritzari dagokio, eta bukaera hauetako bat du: zorra kobratzea; kobraezin osoa edo partziala delako, kreditu kobraezintzat jotzea; edo bestelako kausengatik iraungitzea.

– Zorduna hartzekodunen konkurtsoan dela deklaratzen badute, espedientea Ondare Zuzendaritzara bidaltzen da, segimendua eta izapideak egin ditzan. Konkurtsoen Legeko (22/2003 Legea, 2003ko uztailaren 9koa) 55.1 artikuluari jarraituz, konkurtsoa deklaratu zen egunaren aurretik premiamenduzko probidentzia emana zuten exekuziozko administrazio prozedurak egiten jarraitu ahalko da, baina ezingo da administrazio edo zerga premiamendurik egiten jarraitu zordunaren ondarearen aurka, eta exekuzio jarduerak etengo dira.

Hirugarrenen alde egindako abalak eta bermeak exekutatzearen ondorioz Administrazioak aurre egin behar izan dien kopuruak berreskuratzeari dagokionez, deskribaturiko prozeduraz egiten da kobrantzaren kudeaketa, salbu eta birfinkapentzat bideratzen diren kasuetan, abal emaile nagusia (Elkargi, SGR, Oinarri, SGR, Audiovisuales, SGR, eta Luzarok emandako maileguak) da kobrantza kudeatzen duena, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrera igortzen ditu birfinkapenean duen parte hartzearen ehunekoari dagozkion zenbatekoak, kobrantza kudeatzeak eragindako gastuak deskontatuta.

VII.1.– emandako mailegu eta aurrerakinak ez betetzeagatiko zorrak (2007 eta 2008)

Egoera balantzeko finantza ibilgetuaren kontuak biltzen ditu emandako mailegu eta aurrerakinengatiko zorrak, muga egunaren zain daudenak. Zor horien egoera hau dute, 2007ko eta 2008ko ekitaldiak ixtean:

(Ikus .PDF)

Ezordainketetatik ia guztiak Gauzatu eta Bideratu programen babesean emandako aurrerakinei dagozkie, eta krisialdian diren enpresei zuzenduta dagoen Bideratu programakoei batik bat.

VII.1.1.– Bideratu eta Gauzatu programetako 2007ko ezordainketak.

Gobernuak 2007an, Bideratu programaren barruan, zordun hauek onartu ditu kobraezintzat:

(Ikus .PDF)

PEAPSAren kasuan, sozietateak 0,2 milioi euro ordaindu zituen 2004an eta 2005ean. Ordainketak 2006an huts egin zituen lehenengoz. Urte hartako azaroan ebatzi zen ez betetzearen espedientea; zor osoa eskatu zen, gehi legezko interesak. 2007ko urtarrilean, zorraren borondatezko errekerimendua bidali zitzaion.

2007ko maiatzean, borondatezko konkurtsoa deklaratu zen; beraz, diru bilketako jarduerak geldiarazi ziren. 2009an, sozietatea likidazioan sartu da, eta bere onera itzultzeko aukerarik ez dela jo da. Zor hori osorik dago hornituta.

Beste bi kasuetan, ez da kobrantza prozedura abiatu, arrazoi hauek direla eta:

– SETESAk egin zituen ordainketak 2004an, eta 2005ean ordaintzeari utzi zion; 2007an, atzerapena onartu zitzaion. 2008an, egin ditu egin beharreko ordainketak. Zorra ez dago hornituta.

– Industrias Eibar SA sozietateak, 5 ekitaldian, bete ditu zorraren epe mugak. Beraz, laguntza horiek ematea arautzen zuten oinarriei jarraituz, geratzen den saldoa diru laguntzatzat jotzen da, eta zor hori kitatu da.

Gauzatu programaren ez betetzeak, 2007ko ekitaldian, hauek izan dira:

(Ikus .PDF)

100 mila euro baino gehiagoko ez betetzeen egoera aztertu dugu. Bi lehenak Gauzatu Industria 2000 programakoak dira, eta hirugarrena Gauzatu Industria 2002 programakoa.

– Sondeos Van Herckenrode SL: ordainketak egiteari utzi zion 2004an, eta ez betetzearen espedientea ez zitzaion ireki 2006 arte. Enpresak, 2007an, ordainketa zatikatzea eskatu zuen; ukatu egin zitzaion, bermerik eman ez zuelako. Borondatezko konkurtsoa deklaratu zen 2008an; eta, 2009ko uztailean, likidazio fasean sartu zen. Zor hori hornitu gabe dago.

– Heroslam SL: lehenengo aldiz, 2005ean ez zituen bete ordainketak. Ez betetzearen espedientea 2006ko martxoan ebatzi zen: zor osoa itzultzea galdatu zitzaion, legezko interesak gehituta. 2006ko abuztuan, zorra itzultzeko epeak eta baldintzak zehaztu ziren. 2007ko maiatzean, bertan behera utzi ziren geroratzeak, bete ez zirelako, eta enpresari galdatu zitzaion zor osoa itzul zezala. 2007ko urrian, premiamenduzko prozedura abiatu zen. 2008ko otsailean, sozietateak ordaindua du zor osoa, gehi errekargua.

– Tornillería Fermat SLL: Ez zuen bete 2005ean hasia behar zuen ordainketa egutegia. 2006ko urrian –ia 1,5 urteko atzerapenarekin– ebatzi zen ez betetzearen espedientea; sozietateari zor osoa itzultzea eskatu zitzaion, gehi legezko interesak. 2007ko maiatzean, zordunen konkurtso arruntean deklaratu zuten. Enpresak, 2007ko maiatzean, ordainketa geroratuko egutegi bat proposatu zuen; ukatu egin zitzaion, bermerik ez zuelako. Orain sozietatea likidazioan da. Beraz, zail ikusten da zorra berreskuratzea. Zorra hornitu gabe dago.

VII.1.2.– Bideratu eta Gauzatu programetako 2008ko ordainketak.

Bideratu programaren barruan, 2008an ez betetzearen espedientea izapidetu zaien zordunak ondorengo hauek dira:

(Ikus .PDF)

Zenbateko handieneko 6 zordunek zor dituzten kopuruak berreskuratzeko eginiko jarduketak aztertu ditugu.

– Inovac Rima SA: Bideratu 2001 programari dagokio, eta lehendabiziko ez betetzea 2004koa da. 2005eko martxoan, sozietatea zordunen borondatezko konkurtsoan deklaratu zuten. Ordutik 2008ko ekitaldiraino, ez da inolako jarduketarik egin. Egun, Ondare Zuzendaritza da espedientearen arduradun. Zorra erabat hornituta dago.

– Fundifes SA: lehenengo ezordainketa 2004ko ekitaldian izan zen, eta Bideratu 2001 programari dagokio. 2006ko urrian, zordunen borondatezko konkurtsoan deklaratu zuten. Ondare Zuzendaritza da espediente horren segimendua egitearen arduradun. Zorra erabat hornituta dago.

– Lázaro Ituarte SA: Bideratu 2002 programari dagokio. Lehenengo ez betetzea 2005ekoa da. 2007ko maiatz arte (orduan onartu zitzaion ordainketa geroratzea), ez zen ezein ekintzarik egin, eta ez zen abiatu zorra berreskuratzearren legez ezarritako prozedura. Ordutik aurrera, ordainketa egutegia betetzen ari da. Zor hori ez dago hornituta.

– Urretxu Cast Alloys SL: Bideratu 2003 programari dagokio. Ordainketa egutegia 2006an zen hastekoa. Urte hartan, sozietatea zordunen borondatezko konkurtsoan deklaratu zuten, eta 2007ko ekainean hasi zen likidazioa. Lan hau egin dugunean, ez dugu informaziorik ea zein den likidazio prozeduraren egoera. Zor hori hornituta dago.

– Transformados del Nervión SAL: Bideratu 2004 programari dagokio. Emandako aurrerakina 2006an hasi beharko zukeen itzultzen. Urte hartan, zordunen borondatezko konkurtsoan sartu zen. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrarekiko hitzarmen berezia onartu zen 2007an, % 40ko kitarekin. Gainerako zorra 12 urtean da itzultzekoa, lau urteko ezaldiarekin; beraz, aurreneko ordainketa 2012an egingo da. Zor hori hornituta dago.

– Lucio Garay SL: Bideratu 2005 programari dagokio. Enpresak, 2008an, zor dituen zenbatekoen itzulketa zatikatzea eskatu zuen, eta onartu egin zitzaion 2008ko azaroan. Lehenengo ordainketa 2010ean izango da. Zorra ez dago hornituta.

Gauzatu programaren barruan, 2008an ez betetzearen espedientea izapidetu zaien zordunak ondorengo hauek dira:

(Ikus .PDF)

Programa horretatik, hiru zordun handienei aplikatutako prozedurak aztertu ditugu:

– Euskal Garagardoa SL: Itzultzeko aurrerakina eman zitzaion, Gauzatu Industria 2000 programan. Lehenengo ez betetzea 2002an izan zen, eta 2006ko urri arte ez zen ebatzi ez betetzearen espedientea: zor osoa ordaintzea galdatu zitzaion, legezko interesak gehituta. Premiamenduzko bidera pasatu zen 2009an, eta enpresari jakinarazi zitzaion urte hartako maiatzean. Ekainean, sozietateak ordainketa geroratzea eskatu zuen; lan hau egin dugunean, onartzeke zegoen geroratze hori. Zor hori ez dago hornituta.

– Acid Regeneration Service Spain I SA: Gauzatu Industria 2002 programari dagokio. Lehendabiziko ez betetzea 2005ean izan zen, eta 2007ko abendu arte ez zen ebatzi ez betetzearen espedientea. Kasu horretan, formako akats bat egin zenez, berriro abiatu zen prozesua, eta 2008ko urrian ebatzi zen. Zor hori, 2009ko otsailean, premiamenduzko bidera igaro zen. Zordunak, 2009ko martxoan, zorra geroratzea eskatu zuen; ez zitzaion onartu, aski bermerik eman ez zuelako. Zor hori hornitu gabe dago.

– Innovamek SL: Gauzatu Industria 2002 programari dagokio. Lehendabiziko ez betetzea 2006an izan zen, eta 2008ko ekainean ebatzi zen ez betetzearen espedientea. Zor hori premiamenduzko bidera pasatu da 2009ko apirilean; eta, urte bereko maiatzean, geroratzea onartu zitzaion. Zorra hornitu gabe dago.

VII.4.– Mailegu abalatuak ez betetzeagatiko zorrak.

VII.4.1.– Abal exekutatuak.

Dagoeneko bukatuta dauden programetan (PRE eta 3R) hirugarrenen alde emandako abal eta bermeak exekutatzeagatik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari zor zaizkion kopuruak hauek dira:

(Ikus .PDF)

Egoera balantzean, zenbateko horiek «Onartutako eskubideengatiko zordunak» epigrafean jaso dira. Hornituta daude % 100ean, abenduaren 31ko diruzaintzako geldikinaren hornidura kenduta.

Zor horiek, bi ekitaldi horietan, aldakuntza hau izan dute kobrantza eta ezeztatzeengatik:

(Ikus .PDF)

Zor horrek 2007ko abenduaren 31tik 2008ko abenduaren 31 arte izandako aldakuntzaren arrazoi nagusia da bi enpresari zegozkien 11.243 mila euro deuseztatu zirela, kobraezintzat jo zirelako. Zor horiek bide exekutiboan dira 2008ko abenduaren 31n.

VII.2.2.– Abal biziak.

2007ko eta 2008ko ekitaldietan, Gobernuak mugimendu hauek izan ditu, emandako abalengatik, ez betetzeengatik eta berreskuratzeengatik:

(Ikus .PDF)

Kopuru horietatik abiatuta, Gobernuak ratio bat finkatu du. Ratio horrek kobraezinen ehunekoa biltzen du abal kopuru osoaren, ez betetzeen zenbatekoaren eta ekitaldiko berreskuratzeen arabera:

Kobraezinen ratioa = (Ekitaldiko kobraezinak – Ekitaldiko berreskuratzeak) * 100

Ekitaldiko azken egunean indarrean den arrisku osoa

Ekitaldi hauetan, hau izan da kobraezinen ratioa:

(Ikus .PDF)

VII.3.– Kaudimengabezietarako hornidura.

Laguntza programa hauetarako, Gobernuak hornitu egin ditu hala mugaeguneratutako zorrak, nola mugaeguneratugabeak. Hona hemen estaldura, 2008ko abenduaren 31n:

(Ikus .PDF)

VII.4.– Ondorioak.

– PRE eta 3R laguntza programetan emandako abalengatik kobratzeke dagoen zorra berreskuratzeko aukerak oso urriak dira. Izan ere, zor zaharra da, eta enpresa gehien-gehienak likidazioan edo ondasunik gabe dira. Zor horien saldoa % 100ean dago hornituta, eta diruzaintzako geldikinetik kenduta.

– Abal biziengatiko arriskuari dagokionez, 2008ko abenduaren 31ko kaudimengabeziagatiko hornidurak egitean Gobernuak kontuan izandako irizpideak aztertu ditugu. Zuzentzat jo ditugu Luzarori, Oinarriri eta enpresen lineari dagozkionak. Ez, ordea, Elkargiren hornidura, 6.230 mila eurotan zenbatetsi baitugu. Gobernuak kalkulaturiko hornidura 1.822 mila euro da; beraz, 4.408 mila euro gehitu beharko litzaizkioke, diruzaintzako geldikinetik deskontatuta.

– Bideratu eta Gauzatu programen aurrerakinetan, mugaeguneratuta eta ordaindu gabe dauden kopuruei dagokienez, egin dugun azterketatik ondorioztatzen da oso atzerapen handiak izan direla, baita 4,5 urtekoak ere, zorren segimenduan. Horrek kalte egin die kobratzeko aukerei. Gainera, 2008ko abenduaren 31n, bada mugaeguneratuta eta kobratzeke dagoen 1.823 mila euroren zor bat, Gauzatu programakoa, hornitu gabe. Horren hornidura diruzaintzako geldikinetik deskontatu beharko litzateke.

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN 2008ko EKITALDIKO FISKALIZAZIOAREN EMAITZEN AURKA EGINDAKO ALEGAZIOAK

I.– Sarrera.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren fiskalizazioaren 2008ko ekitaldiko emaitzei erantzute aldera, otsailaren 5eko 1/1988 Legearen 13. artikulua betez, txosten honetan aipatutako gaiari buruz kudeaketa-organo bakoitzak egoki iritzi dituen eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak zentralizatu dituen alegazioak eta justifikazioak bildu dira.

II.– Iritzia.

II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.

1.– Sektore publikoko fundazio eta partzuergoen integrazioa.

Ohar horren arabera, badirudi HKEEk ondorioztatu duela euskal sektore publikoaren osaera aldatzeak nahitaez dakarrela aurrekontu orokorren integrazioa aldatzea, hori osatzen duten erakunde guztiak sartu behar direla, bai eta sektore publikoko fundazioak eta izaera bereko partzuergoak ere. Administrazio hau ez dago ados interpretazio horrekin; bere ustez, Eusko Legebiltzarrak Euskadiko Aurrekontu Araubidearen araudia aldatzen ez duen bitartean, horixe izango da hitzez hitz eta erabat jarraitu beharreko araua aurrekontu orokorrak egiteko zein bidezko kontuak egiteko.

Euskadiko Aurrekontu Araubideari buruz gaur egun indarrean dagoen legearen 2.2 artikuluan adierazitakoaren arabera, bertan zerrendatutako erakundeek bakarrik osatzen dituzte EAEko aurrekontu orokorrak. Beraz, 2007. urtean euskal sektore publikoaren osaera ogasun ondoreetarako aldatu izanak ez du zuzeneko eraginik aurrekontu orokorren eta bidezko kontuaren integrazioan.

Izan ere, lege orokorraren aurretik (Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea) arau berezia (Euskadiko Aurrekontu Araubideari buruzko Legea) nagusitzen dela dioen espezialitate-printzipioaren ondorioz, ez dago inolako araudi-inkoherentziarik, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea (EAEHNAL) aldatzeak ez duelako eragin Euskadiko Aurrekontu Araubideari buruzko Legea (EAAL) adierazi gabe indargabetzea.

Bi legeek helburu ezberdinak dituzte eta, ondorioz, ez dira baztertzaileak, baizik eta bateragarriak. Horrela bada, EAEHNALk euskal sektore publikoaren definizio orokorra ezartzen du, eta beste lege batzuek zehazten ez dutenean eta kontzeptua modu orokorrean aipatzen dutenean aplika daiteke. Hala ere, ezin da aplikatu, kasu honetan bezala, sektore publikoa osatzen duten erakundeetatik zeintzuk aipatzen dituen zerrendatzen duen legea dagoenean. Hori dela eta, arau bakoitzak «berariazko balio-eremua» dauka bakoitzak diziplinatzeko asmoa duen ondoreetarako. Ez da bi arauen arteko talkarik egon, baizik eta, gehienez ere, araudi-teknika ezberdina, kontzeptu bera (sektore publikoa) erabiltzen dutelako eduki ezberdinarekin.

Era berean, kontuan izan behar da legeriaren asmoa EAEHNALn ezarritako sektore publikoaren osaera berria ogasunari buruzko beste arau batzuekin bat etortzea izan zenean, beren-beregi adierazi zuela bidezko aldaketaren bitartez (14/1994 Legea, kontrol ekonomikoari eta kontabilitateari buruzkoa, eta 8/1996 Legea, EAEko finantzei buruzkoa). Bertatik ondoriozta daiteke EAALren 2.2 artikulua aldatu ez izana bertako edukia ez aldatzeko jakinaren gainean egindako legegintza-erabakia dela, eta ez dela beste esanahiren bat izan dezakeen ez aipatze hutsa soilik.

Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzak, aurrekontu orokorretan sektore publikoko fundazio eta partzuergoak sartzeko asmoz, aurrekontu-araubideari buruz indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina aldatzeko lege-proiektu bat bidali zion Eusko Legebiltzarrari 2008ko ekainean. Lege-proiektu horrek aurrera egin zuen legebiltzarrean, baina legegintzaldia amaitu zenean, 2009an, ez zen onetsi.

2009an hasi zen legegintzaldirako legegintza-egutegian badago testu horri buruzko aipamen bat, eta ildo bereko aurreikuspen bat ere sartuko da bertan.

2.– Lurraldearen araberako sailkapena.

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideei buruzko Legearen 57. artikuluan adierazitakoa betez, Autonomia Erkidegoko Aurrekontuak lurraldearen araberako sailkapena eginda prestatzen dira, 57. artikuluan aurreikusten diren aurrekontuak prestatzeko arau teknikoetan bildutako irizpideekin bat etorriz.

Behin aurrekontuak Legebiltzarrean onetsita, lurraldearen arabera ere gauzatzen dira.

Ondorioz, 57. artikuluan xedatutakoa bete da, aurrekontu-programen egiturak lurraldearen araberako sailkapena barneratzen baitu.

3.– Lutxana-Munoan (Barakaldo) 42 etxebizitza sozial eraikitzeko obra.

Etxebizitza horiek egiteko proiektuak lau arrazoi nagusiren ondorioz eragin dira:

1) Eraikinaren sekzioa aldatu behar izan da, garajeko sotoek hartzen duten bolumenari dagokionez, modu arrazoizkoagoan egokitzeko lurrazalaren errealitateari. Horrenbestez, beste modu batean antolatu behar izan dira trasteleku eta garajeak eta, ondorioz, beste zortzi garaje-partzela lortu dira.

2) Topografiari dagokionez lur-zatiaren mailen arteko alde handi horren arabera egokitzeko, «horma berdea» eraiki behar izan da PERI-08 sektorearen urbanizazio-arloan erabilera-plataforma bat izateko.

3) Etxebizitza Sailak transformazio elektrikorako zentroa eraiki beharko du lur-zatian, sustapena dagoen lekua urbanizatzeko. Horrek zerbitzua emango die gure eraikinari eta PERI-08 sektoreko 4. lur-zatiko etxebizitza berriei.

4) Aldaketak egitea erabaki da, eraikinak kalitate handiagoa izan dezan, batetik, isolamendu termiko eta akustikoari dagokionez eta, bestetik, mantentze-lanei dagokienez. Aldaketak egin dira fatxadako itxituretan eta barruko banaketa-tabikeetan.

5) Sukaldeetako esekitokiek funtzionaltasun hobea izatea lortu nahi da, sukaldeen aurrean dagoen terraza batean zapaltzeko modukoak izan daitezen.

6) Etxebizitza Sailburuordetzan egiten ari den berrikuntzaren aldeko ekimenaren barruan, berokuntza eta ur berorako beste sistema zentralizatu bat ezartzeko aukera egin da: aire/ur bero-ponpak eta airea girotzeko terminalak etxebizitzetan, energia berriztagarriak izenekoak erabiltzeko politikari jarraituz.

4.– Lutxana-Munoan (Barakaldo) 39 etxebizitza sozial eraikitzeko obra.

Aldaketak eraginak ditu fatxadaren eraikuntza-sisteman, egituran, barruko banaketa-sisteman, eta elektrizitate, berokuntza eta etxeko ur beroaren instalazioetan.

Fatxada aireztatuaren ordez ohiko fatxada ipiniko da, bistako adreiluzko akaberarekin. Izan ere, egokiagoa dela uste da, bai duen berezko kalitatearen ikuspegitik eta bai etorkizunean mantentzeko ikuspegitik ere. Aldaketaren ondorioz, fatxadako habeak sendotu, arotzeriako dimentsioak birdoitu, modulazioz, eta isolamendu-estaldurak inplementatu behar izan dira, azken hori zubi termikoaren ondorea txikiagotzeko.

Egiturari dagokionez, fatxadako habeak sendotzeaz gain, noranzko bakarreko forjaketa-sistema erdi-industrializatua aldatu da, solairu osoa enkofratuta duen in situ forjaketa-sistema ipinita, egikaritze-segurtasunak hala behar duelako. Aldaketa egin behar dela aprobetxatuta, berriro konfiguratu dira 7 eta 8. forjaketak, horien bazterrak handituz eta, ondorioz, bazterreko habeak kendu eta hobeto kudeatu dira terrazako forjaketa-jauziak. Halaber, beheko solairuan okupatutako azalera handitu da, beste instalazio-areto bat izateko, bero-ponpa berriak eta geotermiako energia-sistema iraunkor berritzailea ipintzeko bertan.

Energiari dagokionez ere, aldaketa garrantzitsuak egon dira. Berokuntzako eta etxeko ur beroa ekoizteko sistema berritzailea ipini da, energia geotermikoa aprobetxatzen duten bero-ponpen bitartez egiten den ekoizpen termiko zentralizatuan oinarrituta. Berokuntzarako lurzoru erradiatzailearen sistema erabili da erradiadoreen ordez. Hori guztia Leako antzeko unitate mikroprozesatuen bitartez kontrolatzen da. Era berean, aldaketak egin dira elektrizitate eta iturgintzaren kapituluetan, aipatutako aldaketaren ondorioz.

Halaber, proiektuko neurketak birdoitu dira, egikaritzearen zuzendariek egindako neurketen arabera, eta amaituta zeuden Zimendatzea eta Egitura kapituluak itxi dira.

5.– Bergarako (Gipuzkoa) 12. arloan (3. blokea, II. fasea) 22 etxebizitza sozial eta eranskinak eraikitzea.

Lehenengo aldaketarekin proiektuan hasieran azaldu ziren sotoko hormak kendu eta mikropiloteen pantaila ipini da, obrak hasi ziren egunetan inguruko urbanizazioa eginda egon zelako; halaber, barruko adreiluzko habeak kendu eta horien ordez pladurrezkoak ipini dira, eta fatxadetako itxitura aldatu da. Horiexek izan dira aldaketa nabarmenenak.

Bigarren aldaketaren elementu garrantzitsuenak orubea zeharkatzen duen lurpeko ubidea kanalizatzea (hasieran aurreikusi ez zena) eta proiektua Eraikuntzaren Kode Tekniko berriaren arabera egokitzea izan dira.

Hirugarren aldaketarekin Etxebizitza, Berrikuntza eta Kontrol Zuzendaritzak aginduta Labeinek egindako azterlanaren parametroak aplikatu dira, Eraikuntzaren Kode Teknikoaren akustika-agiriaren zirriborroko eskakizunak aplikatzearren, eragina izan dezan. Era berean, talken kontrako xaflaren lodiera handitu denez, irtenbide esperimentalak aplikatzeko aukera egin da, esaterako tarte bat handitzea eta oholtza flotatzailea ipintzea edo berokuntza-instalazioaren trazadura horma eta sabaietatik egitea.

Sustapenaren laugarren aldaketa-proiektuak 103.880,22 euroko zenbatekoa izan zuen (BEZa barne), eta onespen teknikoa jaso zuen dataren ondorioz (obrak amaitzeko datatik hurbil) 2008ko urriaren 14an egindako Gobernu Kontseiluan tramitatu behar izan zen horren ordainketa.

Laugarren aldaketa horretan hirugarren aldaketa idatzi zenetik obrak amaitu arte sortu ziren prezio kontrajarri berriak azaltzen dira.

Urbanizazio-lanak dira funtsean, zerbitzuen hartuneak ipinita. Izan ere, urbanizazioa eginda zegoen arren, instalazioen aurreikuspena bi ataritarako zegoen eginda eta, ondorioz, hainbat egokitzapen egin behar izan ziren sustapenak dituen hiru atarietarako egiteko.

Argiterian ere egin dira aldaketak, Udalarekin adostuta, bai eta beste hainbat aldaketa txiki ere.

Aldaketen guztizko zenbatekoari dagokionez, kontuan izan behar da beharrizan berrien edo aurreikusi gabeko arrazoien ondoriozko aldaketak biltzeaz gain, egin diren azterlan akustikoetatik eratorritako hobekuntzak aplikatzearen ondoriozko aldaketek (etorkizunean nahitaezkoak izan aurretik egindakoak) eta Etxebizitza, Berrikuntza eta Kontrol Zuzendaritzak hartutako berrikuntza alorreko gidalerroen arabera araudi tekniko berriak aplikatzetik eratorritako zailtasun berriei erantzuten dioten eraikuntza-irtenbide esperimentalek ere garrantzi handia izan dutela.

6.– Mutrikuko porturako itsas sarbidea hobetzeko obrak.

2002ko otsailean, Gipuzkoako Portu Zerbitzuak «Mutrikuko porturako itsas sarbidea hobetzeko proiektua» idatzi zuen eta, bertan ezarritakoa oinarri hartuta, administrazio-tramitazio luzearen ondoren (Ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpena eta Itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoko lurren atxikipena barne), 2005eko ekainaren 20an adjudikatu zen aipatutako obren egikaritzea, bere aurrekontua, BEZa barne, 20.347.510,87 eurokoa zela.

Obra hasita zegoela, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE), Garraio eta Herri Lan Sailaren eta Energiaren Euskal Erakundearen beraren artean 2005. urtean sinatutako lankidetza-protokoloa garatuz, «Mutrikuko portuko olatu-zentralerako azpiegitura-lanen proiektua» idatzi zuen, OWC motako energia sortzeko planta jartzeko, dike berriaren eraikuntzaz baliatuz. Hain zuzen ere, protokolo horren arabera, EEEk, besteak beste, proiektua idatzi behar zuen, eta Sailak aipatutako ustiapena garatzeko beharrezko obra zibila hartu behar zuen. Gizarte zibilak ingurumenaren eta energia garbi eta berriztagarriak sustatzearen alde duen kezka gero eta handiagoaren ondorioz sortu da ekimen hori. Bada, duen bideragarritasun teknikoa aztertu ondoren, estrategikoki ekingo zaiola erabaki da.

Horixe da azaldu den aldaketaren motibazio bakarra, eta ez dio dikearen trazadurari eragiten, berbera baita, ez eta babes-obraren funtzionaltasunari ere, logikoa den bezala. Aldatu dena, oro har, dikearen sekzioa izan da, 100 metroko luzeran (laurdena baino pixka bat gutxiago). Izan ere, tipologia bertikalekoa izango da ezponda-tipologiakoaren ordez, energia sortzen duen mekanismoa kokatzearren.

Proposatutako aldaketek 4.049.791,76 euroko aurrekontu osagarria eragin zuten, hau da, % 19,90 inguruko hazkuntza.

Obra egiten zegoela, 2007-2008ko neguan, aparteko ekaitzak egon ziren, obraren diseinuko zenbait alderdiri buruz berriro hausnartzeko modukoak. Hala da, Bilbao-Bizkaia norabide-buiaren olatu-erregistroen arabera 4 ekaitz egon ziren aldi horretan, eta horietan egondako olatuen altuera 1990ean buia abiarazi zenetik igarotako 16 urteetan erregistratutako gehienezkoak baino nabarmen handiagoak izan zen. Dikea diseinatzeko informazio hori hartu zenez oinarri gisa, hasierako proiektuan azaldutako kalkulu-hipotesiak berrikusi behar izan ziren. Olatuen ezaugarri berri horiek kontuan hartuta, une honetan egiten dabiltzan obren diseinuan hainbat aldaketa egitea komeni da: Dikearen tarte batean dauden 25 tonako blokeak kendu eta horien ordez 45 tonakoak ipini, eta hesiaren oinarriari beste 2,25 metro eman beste tarte batean, besteak beste.

Proposatutako aldaketek 4.875.604,57 euroko aurrekontu osagarria eragin zuten, hau da, % 23,96ko hazkuntza jatorrizko kontratuaren aldean. Hala ere, enpresa kontratista Herri Administrazioen Kontratuei buruzko Legearen testu bateginaren 149 e) artikuluan azaldutako suntsiarazteko arrazoiari heldu zitzaionez, eten egin zen obra.

8.– Eskolta emateko zerbitzua luzatzea.

2008ko urtarrilean eta otsaileko lehenengo egunetan, aurreko kontratuaren luzapena 2007-12-31n amaitu zenetik hurrengo kontratua benetan indarrean egon arte, zerbitzuak ematen jarraitu zen, nola ez. Egoera ezin zen beste modu batean ulertu. Ez da jarduerekin jarraitzeko beharra azpimarratu behar, kontuan badugu nolako ziurgabetasun tragikoa eragingo liezaiokeen mehatxatutako taldeari, aipatutako tarte horretan zerbitzuak kenduko balira.

10.– Hainbat sailetarako egindako aholkularitza-lanak.

Kontratatutako lanak berez sailei dagozkien arren, jarduera zehatzak eta egoeraren araberakoak dira, batzuetan oso espezializatuak; hori dela eta, egokiagotzat jo zen kanpo-baliabideetara jotzea, aldi baterako langileak kontratatzea baino. Kontratu horiek guztiek Funtzio Publikoaren Zuzendaritzaren aurretiko aldeko txostena dute.

Bestalde, HAKLren testu bateginak ez dizkio mugarik jartzen Administrazioak kontrata dezakeen zerbitzu-motari, betiere, horiek ez badakarte aginte publikoaz baliatzea (196.4 artikulua); kasu honetan, ordea, ez da halakorik izan. Ez dira urratu, ezta ere, Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen 19.2.e) artikuluan ezarritako mugak (karrerako funtzionarioei dagozkien zereginak) eta ez dira aldi baterako langileek egin behar dituzten zereginak.

III.– Barne-kontrolerako sistemei eta kudeaketa-prozedurei buruzko gogoetak.

III.2.– Langileria-gastuak.

3.2.6.– Ertzaintzako lan-baldintzak arautzen dituen hitzarmena.

1.– Aldez aurreko gogoeta orokorra.

EAEko Administrazio Orokorraren 2007ko Kontuaren fiskalizazioari buruzko HKEEren txostenak, bere 3.2.7 paragrafoan, 2005., 2006. eta 2007. urteetarako Ertzaintzako langileen lan-baldintzak arautzen dituen hitzarmena onartzen duen 438/2005 Dekretuaren (2005eko abenduaren 27koa) legezkotasuna zalantzan jarri du. Hitzarmen arautzaile hori Herrizaingo Sailaren eta ErNE eta Ertzaintzako Langile Komisioak erakundeen artean sinatu zen, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legeko 103. artikuluan aurreikusitako negoziazio-mahaiaren saioan, 2005eko abenduaren 12an. Aipatutako Legeko 104.2. artikuluan jasotako xedapenen arabera, hitzarmena baliozko eta eraginkor egin zedin Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Gobernu Kontseiluak legez eta berariaz onartu behar zuen. Hortaz, organo horretan aurkeztu zen eta hark onartu egin zuen, 2005eko abenduaren 27an.

Onarpen horrek, Ertzaintzako ordainsari-erregimena arautzen duen arau positibo bihurtu zuen Herrizaingo Sailaren eta Ertzaintzako zentral adierazgarrienen artean sinatutako hainbat urtetarako hitzarmena, hitzarmen horretan berariaz jaso diren alderdiei dagokienez.

2. Datu gehigarriak.

2.1.– Hain zuzen ere, hitzarmenean jaso zen Ertzaintzako Oinarrizko Eskala etorkizunean birsailkatu eta Euskal Administrazio Publikoetako funtzionarioen sailkapeneko C taldean sartzeko hitzarmenaren ondorioz (bere denbora-eremuan hartutako ekitaldi bakoitzeko urtarrilaren 1ean sartuko zen indarrean), urtero gehikuntza linealak izango zirela. Gehikuntza horiek EAEko Administrazio publikoko langileentzat oro har adostuko ziren ordainsarien igoerak gorabehera aplikatuko ziren, eta produktibitate-osagarri gisa ordainduko ziren, bestelako ordainketaren kontzeptuetan berrordenatu arte.

Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen hirugarren aldaketaren maiatzaren 28ko 2/2008 Legeak aztertu egiten du Euskal Herriko polizia-kidegoetako oinarrizko eskalako funtzionarioen aipaturiko sailkapen-taldeaz aldatzearen gaia. Gauzak horrela, 4. atala gehitu zaio Lege horren 105. artikuluari. Honakoa dio, hitzez hitz: «Artikulu honetako lehenengo paragrafoan xedatutakoa xedaturik dagoela, sartzeko oinarrizko ikastaroa eta praktika-aldia gainditu eta gero, Ertzaintzako Oinarrizko Eskalako karrerako funtzionario izendatutakoak euskal herri-administrazioetako funtzionarioen C sailkapen-taldean sailkatuta daudela ulertuko da».

Bestalde, osagarri horren bigarren zati gisa, hitzarmena 2006ko urtarrilaren 1etik aurrera indarrean izango da, eta produktibitate-eredu berri bat ezarriko du, zerbitzua modu eraginkorrean emateari lotua (hala ere, horrek prestazioa izateko eskubidea mantentzen du, ustezko tasatuetan laneko istripu, amatasun eta zerbitzu-egintzengatiko baimenak berekin dakarren nahitaezko sei asteko atsedenaldiaren kasuan).

2.2.– Hain zuzen, Euskal Funtzio Publikoaren Legeko 81.3 artikuluak xedatzen du hobekuntza-unean funtzionarioari dagokion kidegoaren taldeko balioarekin sorraraziko eta ordainduko direla hirurtekoak. Aurrekoa gorabehera, eta araua urratu gabe, esparru konbentzionalean xedatu da, hobekuntza edo baldintza onuragarrien gisa, aurrekoa baino goragoko tituludun taldeari dagokion kidegora sartzen diren langileek titulazio-talde berriari esleitutako zenbatekoko antzinatasuna jasoko dutela. Horrek osatzen du 438/2005 Dekretua (2005eko abenduaren 27koa) onartzen duen hitzarmen arautzaileko 54. artikuluko bigarren paragrafoa. Hain zuzen ere, bigarren paragrafo horri ez zaio kontra egin eta, hortaz, nahitaez bete beharreko baliozko arau bihurtu da. Hura aplikatzeko ardura duten Administrazioko askotariko organoek zainduko dute behar bezala gauza dadin.

2.3.– Goragoko maila edo eskalako lanpostuak zerbitzu-eginkizunetan gauzatzeagatiko produktibitate-osagarrien arautzea Ertzaintzako langileen lan-baldintzak arautzen dituen hitzarmenera sartu zen (2005eko abenduaren 27ko 438/2005 Dekretuaren bidez onartu zen hitzarmena). Horrela, une hartara arte Ertzaintzako funtzionarioek zerbitzua emateko orduan dituzten segurtasun-baldintzak sendotzeari loturiko neurri ekonomikoak ezarri zituzten eta urtebeteko indarraldia zuten ondoz ondoko Dekretuen zati izan zen.

Hasteko, gogora ekarri behar da, Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoaren 45/2002 Irizpenaren (2002ko maiatzaren 28koa) ondoren, dekretu haietako lehena (131/2002 Dekretua) izapidetzeko espedientera sartu zen oroitza-txostenaren edukia.

Jarraian, aipatutako oroitza-txosteneko 1. eta 2. puntuak transkribatu genituen, ulertuta oroitza-txostenaren zehaztapenetatik argi eta garbi ondoriozta daitekeela aurkezten den eragozpenari kontra egiteko eman beharreko argudioak:

«1.– Aurrekariak.

Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoak, 2002ko maiatzaren 28an egindako bileran, Dekretu-aurreproiektuari buruzko irizpena eman zuen. Dekretu-aurreproiektu horrek Ertzaintzako funtzionarioek zerbitzua emateko orduan dituzten segurtasun-baldintzak sendotzeari loturiko neurri ekonomikoak ezarri zituen, eta 45/2002 zenbakiarekin erregistratu zen.

187/1999 Dekretuak, 1999ko apirilaren 13koak, Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoa sortu eta arautzen duenak, bere 26. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, baldin irizpena eman eta gero, aipatu zuen arau-proiektuari funtsezko aldaketak egin beharko balitzaizkio, eta aldaketa horiek arau-proiektuan egindako iradokizun edo proposamenekin bat etorriko ez balira, aldaketa horien gaineko kontsulta egingo litzateke, berriz.

Orain aurkezten den testuan zenbait aldaketa egin dira, baina aldaketa horiek bat datoz, hertsiki, 45/2002 irizpenean egindako iradokizun eta proposamenekin. Hortaz, ez da 187/1999 Dekretuko 26. artikuluak aipatzen duen kasua.

2.– III. kapituluan aurkeztutako arauketaren azalpen berria.

Irizpenaren funtsezko eragozpena aztertu den testuaren III. kapituluan aurkeztutako arautzera mugatzen da. Aipatutako kapituluak kide den eta, irizpenaren arabera, nahi den estaldura duen aipatutako legeak babestuta ez dagoen goragoko mailako lanpostuak zerbitzu-eginkizunetan betetzeagatik aparteko sariak ordaintzeko ezohiko sistema osatu du.

Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, legegileak sari bidez ordaindu nahi izan duen zerbitzu-eginkizun bakarra Euskal Herriko Poliziari buruzko Legeko 72.5 artikuluan ezarritakoa da, baina saria ezin da hedatu lanpostu bat betetzeko esleitutako eginkizunetara. Halaber, irizpenean jasota dago legegileak osorik eta modu zehatzean aitzinirudikatu dituela aparteko zerbitzuengatiko sariak esleitzea ahalbidetzen duten balizko kasuak. Baina kasu horien artean ez dago proiektuaren bitartez indarrean jarri nahi den kasua, izan ere, horrela, ultra vires erori eta legezkotasun-printzipioa urratuko luke eta, gainera, aipatutako Poliziari buruzko Legeko 72.4 eta 74.1.a) artikuluetan xedatutakoa urratuko luke, zeharka edo lotura dela eta.

Aurrekoa gorabehera, Batzordeak berak hau xedatu du bere irizpeneko 58. lerrokadan: «... ez da eragozpena, funtzionario batek zerbitzu-eginkizunetan gauzatutako jarduera ikusita, funtzionarioak merezi ahal dezan, modu berezi eta salbuespenezkoan, ordainsari osagarri bat, bestelako funtzionarioek bezala. Berdin izango da, horri dagokionez, lanpostuaren hornidura maila berekoa edo goragokoa izatea, edo eginkizun baten bitartez edo ohiko sistemetako baten (lehiaketa eta izendapen askea) bitartez izatea. Erabakitzailea izango da eskatutako betekizunak betetzea: besteak beste, zer-nolako baldintza edo inguruabarretan gauzatu behar izan duen, baldintza edo inguruabar horiek lanpostu horretan arruntak edo ohikoak ez direnak izatea, edo ea lana gauzatzean izan duen interesa edo ekimena, errendimendu berezia eta ezohiko jarduera erakutsiko duten helburu jakin batzuk bete dituen».

Beraz, argi eta garbi adierazi da produktibitate-osagarriaren bidea dela aurreikusitako arautzea berrorientatzeko modua, betiere horretarako eskatzen diren premisak eta betekizunak betetzen direnean. Xede horrekin, proiektuko III. kapituluan, 1.2. artikuluan eta azalpenen zatian aldaketa egokiak sartuta, orain, Ertzaintzako funtzionarioen ordainsariei buruzko 298/1997 Dekretuak (1997ko abenduaren 16koa) bere 5. artikuluan xedatutakoarekin bat, proposatu da esleipen-sistema bat ezartzea. Goragoko mailako lanpostuak zerbitzu-eginkizunetan gauzatzeak berekin dakarren aparteko jarduera ordaintzera zuzendutako produktibitate-osagarria esleitzeko sistema izango da, eta aldi baterako izango da. Horrela, lehengo 1.2. artikuluak aipatzen zuen atxikipen-ideia kendu da.

Beste behin ere, ezinbestean ekarri behar dira gogora, funtzio publiko orokorrari dagokionez, poliziako funtzio publikoak dituen berezitasunak. Euskal Herriko polizia-kidegoetako askotariko eskala eta kategorietan sartzeko ohiko sistema barne-igoera da, eta Oinarrizko Eskalako Agente mailara sartzeko txanda irekiko sarbidea gordetzen da (komisariordearen mailara txanda ireki bidez sartzeko aukera Legeko 56.3 artikuluan azaldu da, hondar-arau gisa). Horrek esan nahi du lehenengo agente, ofizialorde, ofizial, komisariorde, komisario, intendente eta superintendente kategorietarako gordetako lanpostuak hornitzeko, aldez aurretik, haietako bakoitzean sartzeko hautaketaprozesuak antolatu behar direla. Euskal Herriko Poliziari buruzko Legea indarrean sartzearekin lortu nahi izan zen bateragarri egitea agente kategorian sartzea eta Ertzaintzako goragoko kategorietara sartzeko barne-igoera. Hezkuntza-sistema orokorrak polizia-ikasketei loturiko titulurik eskaintzen ez duenez, askotariko kategorietara sartzea ahalbidetzen duen lanbide-trebakuntza Euskal Herriko Polizia Akademiak baino ez du ematen.

Horren guztiaren ondorioz, Ertzaintzako askotariko kategoriak Ertzaintzara agente kategorian sartu diren funtzionarioz betetzen dira. Baina, hori horrela izanik, ezin da utzikeria-jokabidea izan polizia-kidegoko goiko kategoriei dagozkien eginkizunak gauzatzearen aurrean. Hortaz, Legean xedatutakoaren arabera, beheko kategorietako funtzionarioak goiko kategorietakoenen eginkizunak gauzatzeko gaitu daitezke. Hain zuzen ere, Legeko 72. artikuluak xedatzen du, baldin kasuan kasuko eskalan eta kategorian nahikoa funtzionario ez badago, eta zerbitzuko beharrek hala eskatzen badute, zerbitzu-eginkizunak eman ahalko zaizkiela bestelako kategorietako eginkizunak edo lanpostuak gauzatzeko, betiere eginkizun edo lanpostuok eskala berekoak edo maila bat goragokoak direnean.

Legean xedatuta dagoen lanpostuaren betekizunetako baten salbuespenezko dispentsa hau aplikatuz, kasuan kasuko barne-igoera prozesuak burutzen diren arte, Ertzaintzako agintaritza-katea osatzeak erakusten dituen beharrak betetzen ari dira, funtzionarioek gauzatutako zerbitzu-eginkizunen bitartez. Funtzionario horiek ez dute oraindik eskatzen zaien prestakuntza-maila hoberena, baina hori gorabehera (edo, hain zuzen, horregatik) ahalegin gehigarria eskatzen zaie goragoko kategoriako lanpostuak bete ditzaten.

Ahalegin hori, modu eraginkorrean gauzatutako lanpostuari berariaz esleitutako ordainsari osagarriak hautemate hutsetik haratago, produktibitate-osagarriaren bitartez sarigarria dela ukatzeak esan nahi du ez direla ezagutzen Ertzaintza erakundeak dituen berariazko arazoak, ez eta irtenbide arauemaileak ere, hala nola, Ertzaintzako funtzionarioen ordainsariei buruzko 298/1997 Dekretua. Hainbat irtenbide arauemaile onartu da, arazo horiek gainditzeko (ikus 1. oharra dokumentuaren amaieran).

3.2.7.– Justizia Administrazioko funtzionarioen ordainsari-erregimena.

6/1985 Lege Organikoari dagokionez, lege horren bosgarren xedapen iragankorrak honakoa dio:

«Bosgarren xedapen iragankorra.– Ordainsari-erregimen iragankorra.

1.– Lege honetako V. liburuko II. tituluan aurreikusitako ordainsari berrien zenbatekoa ezarri arte, idazkari judizialen kidegoko funtzionarioek eta Justizia Administrazioaren zerbitzurako gainerako funtzionarioek honakoetan aurreikusitako ordainsariak jasotzen jarraituko dute: 1130/2003 Errege Dekretua, irailaren 5ekoa, idazkari judizialen kidegoko ordainsari-erregimena arautzen duena; 17/1980 Legea, apirilaren 24koa, Justizia Administrazioaren zerbitzurako funtzionarioen ordainsari-erregimenari buruzkoa; 1909/2000 Errege Dekretua, azaroaren 24koa, Justizia Administrazioaren zerbitzurako funtzionarioen lanpostu-mailako osagarria arautzen duena; PRE/1417/2003 Agindua, ekainaren 3koa, Justizia Administrazioaren zerbitzurako langileen guardia-zerbitzuagatiko ordainsari osagarriak arautzen dituena, eta lege hau indarrean sartu denean ordainsariei buruz indarrean egon diren gainerako arauak.

2.– Aurrekoari kalterik egin gabe, baimena eman zaio Gobernuari lege organiko hau argitaratu ondoren, eta Errege Dekretuaren bitartez, bidezko oinarrizko ordainsarien eta ordainsari osagarrien zenbatekoak eta ondore-datak ezar ditzan aldi baterako 2004. urterako, lege honen laugarren xedapen gehigarriak aipatzen dituen funtzionarioei dagokienez.

3.– Laugarren xedapen iragankorrak aipatzen dituen akoplamendu– eta izendapen-prozesuak egin bitartean, funtzionarioek zerbitzuak gaur egungo lekuetan ematen jarraitzen dutela ulertuko da».

Akoplamendu-prozesu hori ez denez oraindik egin, ez dira aplikatu 6/2003 Lege Organikoan ezarritako kontzeptuak. Inguruabar hori aipatutako III. Akordioan (38/2007 Dekretuan) dago adierazita, Kontuen Euskal Epaitegiaren txostenean ere aipatu zena. Honakoa dio:

«80. artikulua.– Behin betiko lansari-egitura. Lansari-akordio berria argitaratutakoan, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak Sindikatuekin negoziatuko du egungo lansariak lansari-akordio berri horretara egokitzeko modua. Lansari-akordio berri hori Botere Judizialaren Lege Organikoan eta hori garatzen duten Errege Dekretuetan bilduta dago».

III.4.– Kontratazioa.

3.4.2.– Eskolta emateko zerbitzua.

1.– Hainbat arrazoiren ondorioz egin zen adjudikazio anizkuna lote bakoitzaren barruan:

a) Arrazoi operatiboak:

Mehatxu terroristaren ezaugarriak direla eta, sarritan ezin izaten da aurreikusi pertsonei eskoltak esleitzeko beharra, eta ezin izaten da atzeratu. Eskolta emateko zerbitzuaren kudeaketa operatiboaren gaineko erantzukizuna Ertzaintzarena da eta, erantzukizun handia denez, langile gaituen ia berehalako erabilgarritasuna eduki behar da. Horretarako, bada, ezinbestekoa da hainbat enpresa izatea kontratatuta, unean-unean dituzten baliabideen arabera, eta ezarritako proportzio-esleipenari jarraituz, zerbitzua behar bezala emango dela bermatzeko.

b) Gaitasunari buruzko arrazoiak:

Gaur egun eskolta emateko 613 zerbitzu pribatu daude aktibo, guztira 1.107 eskoltak emanda. Zerbitzu horren barne-kudeaketak beste lanpostu batzuk ditu lotuta: deiak jasotzeko 24 orduko zentroetako operadoreak, administrariak, zerbitzuen ikuskatzaileak, etab. Bada, sektoreko edozein enpresaren gaitasuna baino askoz gehiagokoa da hori eta, horrenbestez, ez da komeni adjudikazio bakarra egitea puntu gehien eskuratu duen lizitatzaileari, bere proposamena oso onuragarria izan arren.

Gainera, nolabait esatearren orain arte ETAren helburu izan ez den talde bati mehatxu terroristaren bat egin zaiola ikusiz gero, litekeena da berehala handitu behar izatea egin beharreko zerbitzu kopurua.

Ondorioz, adjudikazio anizkuna egin behar da, hainbat modutan zehatz daitekeena, zalantzarik gabe.

Izan ere, segurtasun-enpresak kontratatzeko lehenengo formula Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzak egin zuen, eta honela definitu zen: «Eskolta emateko zerbitzuaren kontratu-gastuen espedienteak sortzeko baldintza ekonomikoak ezartzeko eta kontratistak hautatzeko prozedura». Modalitate horri esker, ezarritako baldintzak betetzen zituen eta eskaintza ekonomikoa aurkezten zuen enpresa oro izan zitekeen adjudikazioduna, kontratazio hau indarrean egon bitartean.

Hala egin zen oso zaila zelako aurreikustea zenbat eskolta behar izango ziren, beharrezko baliabideak zeintzuk izango ziren eta enpresen gaitasun-mugak zeintzuk izango ziren. Pixkanaka-pixkanaka espedientea moldatu zen, eta zehatzago ezarri ziren beharrezko enpresen gutxieneko eta gehieneko kopuruak, lote bakoitzaren kopuruak banatuz eta kontraprestazio ekonomikoen mugak itxiz (guztiz zabalik zeuden hasieran).

Hala eta guztiz ere, adjudikazio anizkuna aholkatzen duten argudioekin jarraitzeaz gain, hurrengo lehiaketarako baldintza-agiriak egin direnean, enpresa bakoitzari adjudikatu beharreko zerbitzuen gehieneko portzentajeak murrizteko eta lote bakoitzeko kontratista kopuru handiagoa egoteko eskatu dute poliziako arduradunek, adjudikaziodun bakoitzaren barne-kontrolerako sistemak handitzearren eta prestazioaren kalitatea hobetzeko protokolo eta irizpideak garatzearren.

c) Arriskua murriztu edo mugatzeko arrazoiak:

Loteak enpresa bakar bati adjudikatzeko formula guztiek handitu egiten dute hori bezalako zerbitzu zail eta berariazkoa emateko aukerarako ondorio larriak izateko arriskua, adjudikaziodunak jazoeraren bat edukiz gero.

–Gatazka sozialak edo grebak: behin ordu gutxiren buruan lortu behar izan ziren beste enpresa batzuetako eta Ertzaintzako langileak 68 zerbitzu estaltzeko.

Kontuan hartzen bada segurtasunaren sektorean bertan horrelako kasuak egon izan direla (greba Erandion), bai eta beste sektore batzuetan ere (garbiketa), argi geratzen da kontratuaren zehaztapenen artean bi baldintza aldaezin ezari behar direla:

* Enpresa bati edo batzuei zerbitzu baten edo batzuen adjudikazioa baliogabetzeko aukera, bai eta prestazio guztiarena ere, aurretiaz ezarritako baldintzen arabera, eta

* Zerbitzu horiek berehala beste adjudikaziodun bati esleitzeko eta eskolta bermatzeko aukera.

– Beste alde batetik, lote bera hainbat adjudikazioduni adjudikatzeko aukera (aipatutako salbuespen-arauek justifikatutako salbuespen-kasua) behar bezala iragarrita dago baldintza-agirietan, erabat errespetatzen dituela publizitate– eta gardentasun-printzipioak, eta adjudikatutako portzentajeak handiagoak dira eskaintza onuragarriagoa den heinean.

2.– Gutxieneko prezioak zehaztea:

Lehenengo eta behin argitu behar da baldintza-agirietan ezarritako gutxienekoak baino prezio baxuagoak eskaini zituen lizitatzailea baztertu zenean, lizitatzaileak berak eskaintzak irekitzeko ekitaldi publikoan ahoz aitortu zuen akatsaren ondorioz egin zela, prezioak balio erantsiaren gaineko zerga gehitu gabe aurkeztu baitzituen.

Espediente honetan gutxieneko prezioak ezarri zirenean, negoziazio-prozesu luzea egin zen bi bidetatik:

– Alde batetik, Herrizaingo Sailak elkarrizketak izan zituen sektoreko enpresekin, emandako zerbitzu-orduak ordaintzeko hasierako sistema bertan behera uzteko; izan ere, eskolta batzuek neurrigabekeriak egiten zituzten, eta kontrol-ahalegin handia egin behar zen, lan hori egingo zuen enpresa bat kontratatzeko aukera ere aztertu zela. Horrela bada, eskolta bakoitzari eslei liezaiokeen gutxieneko kostua kalkulatuko duen formula lortu nahi zen, zerbitzuak aldagarriak izan arren..

Gutxieneko datuak ezartzeko akordioa hartu zen, zerbitzuaren kostua zerbitzua benetan eman zen egunei lotuz (eta ez hileko kopuru finkoari, Barne Ministerioak helburu berarekin irekita duen kontratuaren kasuan bezala, honek baino kostu handiagoa duela).

– Beste alde batetik, batzarrak egin ziren eskolten sindikatu-erakundeekin, gatazka-une zailean. Azkenean kostua ezartzeko gaur egungo formula hartu zen, bai eta kontuan hartu beharreko gutxieneko prestazioa (oinarrizko prezioa) eta hilean 17 egun baino gehiagotan zerbitzua ematekotan zerbitzua eman den egun bakoitzeko ordainketa osagarria ere.

Bi gai horiei esker azken urte hauetan, alde batetik, Herrizaingo Sailak kontratatutako zerbitzu bakoitzeko batezbesteko kostua txikiagoa izan da Barne Ministerioak kontratatutakoena baino eta, beste alde batetik, jarduera-eremua EAEn duten enpresek akordio egonkorrak lortu ahal izan dituzte sindikatuekin, sindikatuek eurek edo elkarteek sustatuta, Madrilen eta Katalunian sortutako gatazkek ere asaldatu ez duten bake soziala mantendu dutela (ikus 2. oharra dokumentuaren amaieran).

3.– Lizitazioan aurkeztutako lurralde guztietan ordezkaritza izateko beharra.

Betekizun hau dago ezinbestekoa delako Barne Ministerioak baimendutako ordezkaritza bat izatea, nahitaezko armazain eta segurtasun-neurriak dituela.

Gainera, koordinazio operatiboa izan nahi da Ertzaintzarekin, eta zerbitzua antolatzeko arrazoiak ere badaude, gaur egun egitura bat behar dutela lurralde bakoitzean.

VI.2.– Zuzeneko diru-laguntzen azterketa.

VI.2.1.– Legeak ez betetzea.

A) Zuzeneko diru-laguntzak Portugaleteko eta Sestaoko udalei, arrapala mekanikoak instalatzea finantzatzeko

Portugalete eta Sestaoko udalek diru-laguntza eskatu zuten, irisgarritasun-planak egiteko, hobekuntza-obrak burutzeko eta hiri-ingurunean zein eraikinetan irisgarritasuna bermatzeko beharrezkoak diren ekipamenduak erosteko udalentzako, toki erakunde txikientzako eta irabazi-asmorik gabeko eta onura publikoko erakunde pribatuentzako diru-laguntzetarako deialdia egin eta horiek arautzen dituen Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2008ko uztailaren 17ko aginduaren babespean.

Aipatutako aginduaren I. eranskinean aipatzen diren diruz laguntzeko moduko ekipamenduen artean arrapala mekanikoak agertzen diren arren, udalerri horietako irisgarritasun-planetan ez dira obra horiek azaltzen, eta hori ezinbesteko baldintza da diru-laguntzen agindu horretan parte hartu ahal izateko. Horrenbestez, aztertzen gabiltzan kasuei dagokienez, Portugaleteko eta Sestaoko udalek arrapala mekanikoak ezartzeko aurkeztu dituzten aurrekontuak ez dira kontuan hartuko agindu horren babesean diruz laguntzeko eskabideak barematzeko.

Eusko Jaurlaritzak, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren bitartez, eta irisgarritasunaren arloan berezko dituen eskumenak erabilita, beharrezkotzat hartu zuen azaldutako ekimena zuzeneko diru-laguntzen bitartez babestea.

B) Diru-laguntza Donostiako Udalari, San Telmo Museoa berritzeko eta handiagotzeko proiekturako.

Diru-laguntza hau ezin da sartu Kulturako sailburuaren 2008ko apirilaren 23ko Aginduaren 2. artikuluko d) atalean xedatutakoaren barruan, agindu hori Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 106. artikuluan sailkatutako kultura-ondasunak eta ondasun inbentariatuak defendatzeko, aberasteko, babesteko eta sustatzeko aurreikusitako % 1eko aurrekontu-erreserbatik eratorritako diru-laguntzen deialdirako baita, eta bertan ez delako azaltzen monumentuak birgaitu eta mantentzeko, eta are gutxiago handitzeko, esku-hartzerik.

Helburu hauek izango dituzte diruz lagun daitezkeen jarduerek:

a) Monumentu-multzoak:

– Elementu itsusgarriak kendu edo eraistea.

– Lursail gotikoak mantentzea.

– Eraikinen berrerabilpena (honen barruan ez dago birgaitzea; proiektu teknikoa eta barrualdea erabilera berrien arabera egokitzea bakarrik).

b) Landa– eta industria-ondarea:

– Industria– eta landa-eraikinak berrerabili eta horiei balioa ematea. Atal honetan ere, aurrekoan bezala, ez dira diruz lagunduko birgaitu edota mantentzeko lanak. Proiektu teknikoak, beharrezko instalazioak eta erabilera berriari egokitzeko barruko esku-hartzeak baino ez dira aipatzen.

c) Arkeologia-ondarea:

– Arkeologia-ondarea babesteko inguruetan dauden lur-zatia eskuratzea, ondare hori haitzuloak, gotorlekuak eta monumentu megalitikoak baldin badira.

d) Beste edozein diru-laguntza, kultura-ondarea defendatzeko, aberasteko, babesteko eta sustatzeko bada.

Ikus daitekeenez, azken atal horretan ere ez dira azaltzen birgaitzeko, zaintzeko edota handitzeko jardueretarako diru-laguntzak.

Legegilearen asmoa hori izango balitz, eta kultura-ondareari buruzko legeetan eraikitako ondarea birgaitzeak duen berariazko indarra kontuan hartuta, argi eta garbi adieraziko litzateke mantendu, zaharberritu edota birgaitzeko esku-hartzeetarako ere bazela agindua. Baina hitz horiek ez dira azaltzen aipatutako legearen testuan, eta ez dago besterik birgaitzeko eragiketa horiekin kategorikoki lotzen duenik.

Azaldutako guztia dela eta, ondorioztatu da Kultura Sailean ez dagoela birgaitze-jarduerak arautzen duen xedapen orokorrik eta, beraz, Gobernu Kontseiluaren erabakiaren bitartez emandako zuzeneko diru-laguntza batera jo zen San Telmo Museoa berritzeko eta handiagotzeko proiekturako.

C) Diru-laguntza Infernuko Auspoa SLri.

Kontuen Epaitegiak espediente honi buruz egindako galderei dagokienez, argibide hauek eman dira:

1) Aparteko diru-laguntza, musika-ekoizpenerako laguntzen deialditik kanpo.

Tartean dauden sailek bere garaian pentsatu zuten oro har balioztatu behar zela erakundeak aurkeztutako proiektua, plan horren garapenak 3-4 urteko jarduerak behar zituelako eta planaren edukia zatituz gero edukia kentzea izango litzatekeelako. Proiektuaren indarra bere osotasunean zegoen oinarrituta: mundu osoko musikariek interpretatutako euskal abestiak. Aipatutako deialdian musika-ekoizpenaren modalitatean sartuko diren ekoizpen-proiektuak diru-laguntza eman eta hurrengo urtean amaitu eta justifikatu beharko dira.

Halaber, proiektuaren garrantziak alde handiz gainditzen zituen aipatutako deialdiak bete nahi zituen xede eta helburuak, musika-ekoizpenetik haratago euskara babesteko eta, oro har, euskal kultura hedatzeko ekintza zelako. Euskal musika eta kultura Euskal Autonomia Erkidegoan dauden etorkinei hurbiltzeko helburu eta ekintzak ere azaldu ziren. Beste alde batetik, deialdiak zituen baliabide ekonomikoak ez ziren nahikoak garrantzi horretako proiektuari gutxieneko laguntza eraginkorra emateko.

2) Ordainketa aurreratuari dagokionez, 698/1991 Dekretuaren 3.2 artikulua aipatu da, hau da, berme erreala eratzeko beharra ordainketa aurreratuen kasuetan eta diru-laguntza edo laguntzaren zenbatekoa 180.303,63 euro baino gehiagokoa denean.

2009ko martxoaren 23an jaso ziren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan diru-laguntza jaso zuen lehenengo lanaren edizio eta argitalpenetik eratorritako gastuen fakturak, horien zenbatekoa 166.084,82 eurokoa zela (BEZa barne). Zuzendaritza kudeatzaileak egiaztatu zuenean 143.176,57 euroko gastua (aurkeztu ziren gastuen fakturei zegokien BEZa kenduta) egokia zela aipatu zen helbururako, eta ondorioz aurreikusitako zenbatekoaren arabera egin beharreko ordainketa aurreratua 90.823,43 eurokoa zela kalkulatu ondoren (hau da, bermea eratzeko beharrari zegokionez ezarritako 180.303,63 euroko kopurua baino gutxiagokoa), 2009ko apirilaren 7an 234.000 euro ordaindu zitzaizkion Infernuko Auspoa SLri; zenbateko horretatik 90.823,43 euro ordainketa aurreratukoak ziren, hau da, bermea eratzeko aurreikusitako 180.303,63 euroko zenbatekoa baino gutxiagokoa). (2008ko aurrekontuen pentzura likidatutako zenbatekoa).

2009ko urriaren 5ean erakundeak beste faktura batzuk bidali zizkion zuzendaritza horri, horien zenbatekoa 204.566,67 eurokoa zela (BEZa barne). Zuzendaritza kudeatzaileak egiaztatu zuenean 176.350,58 euroko gastua egokia zela aipatu zen helbururako, eta ordainketa aurreratua 148.472,85 eurokoa zela (90.823,43 + 234.000 – 176.350,58, hau da, 90.823,43 + 57.649,42) kalkulatu ondoren (hau da, bermea eratzeko ezarritako 180.303,63 euroko kopurua baino gutxiagokoa), 2009ko urriaren 5ean hasi zen Infernuko Auspoa SLri 234.000 euroko bigarren ordainketa egiteko tramitazioa. (2009ko aurrekontuen pentzura likidatutako zenbatekoa).

Horrenbestez, onuradunari inoiz ez zaio egin bermea eratzeko zenbatekoa baino gehiagoko ordainketa aurreraturik (ikus 3. oharra dokumentuaren amaieran).

3) Proiektua hedatzeko plana.

Kontuen Epaitegiaren txostenean aipatu da, diru-laguntzaren memorian aipatutako helburuak direnak izan arren, ez dela proiektua hedatzeko planik aurreikusi.

Horri dagokionez gogoratu behar da Infernuko Auspoa erakundearekin sinatutako hitzarmenean honako aurreikuspen hauek egin zirela –erakunde onuradunaren betebeharrak-:

a) Eskura dituen bide guztiak erabiliz, ekimena eta bere segimendua ahalik eta gehien hedatzea.

b) Lan bakoitzeko abesti adierazgarrienak argitaratzea www.euskadi.net web gunean, entzun daitekeen formatuan, ekimena ahalik eta jende gehienari hedatzeko dohainik.

c) Lehenengo lana aurkezteko kontzertua ematea, irabazi-asmorik gabe, EAEko hiru hiriburuetakoren batean.

d) Editatutako lan guztien 1.000 kopia ematea, guztira, dohainik Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailari eta Kultura Sailari (750 Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailari eta 250 Kultura Sailari).

Gai horiek direla eta, Infernuko Auspoa erakundea eta artista bera dagoeneko egiten ari diren hedapen partziala alde batera utzita –c) atalean aurreikusitako aurkezpen-kontzertua barne–, parte hartu duten sailek aurreikusi dute hedapen-ekintzak garatuko direla, erakundeak emango dituen materialak erabiliz, eta ekintza horien artean dago diskoak banatzea Euskal Autonomia Erkidegoko eskualde-etxeetan eta etorkinen elkarteetan (ikus 4. oharra dokumentuaren amaieran).

D) Zuzeneko diru-laguntza Naturcorp Redes SAUri, zenbait bizigune gasez hornitzeko.

Lehenengo eta behin Epaitegiak adierazi du 34/1998 Legeak dioela gasa banatzeko sareak instalatzeko administrazio-baimenak lehia-araubidean emango direla eta, beraz, laguntzak deialdi publikoaren bitartez ezarri behar izan zirela ondorioztatu du. Sail hau ez dago ados baieztapen horrekin, bi arrazoi nagusiren ondorioz:

– Gasaren sektorean araututako jardueren ordainsariak ezartzen dituen urtarrilaren 28ko ITC 102/2005 Agindua da horrelako laguntzak eskuratzeko lehia-prozedura hasten duena, 5. artikuluak baitio banaketa-konpainiek berariazko ordainsaria eskatu ahal izango dutela. Aukera hori, autonomia-erkidegoari dagokionez, Naturgas-ek bakarrik erabili zuen eta, bestalde, horixe da EAEko operadore naturala.

– Ideia horri eusteko nabarmendu egin behar da Hidrokarburoen sektoreari buruzko 34/1998 Legeak gasa banatzeko sareak instalatzeko administrazio-baimenen eskabideak lehia-araubidean ebatziko direla dioenean, laguntza eman ondorengo fase bati egiten diola aipamena, hau da, administrazio-baimenaren faseari. Bada, fase horretan ere errespetatu egin da norgehiagoka, bidezko informazio publikoa eman baita, baina berariazko ordainketa jaso duten udalerrietan ez da lehian aurkeztu gaur egun autonomia-erkidegoan jarduten duen kanalizatutako gas naturala banatzeko beste enpresarik (ikus 5. oharra dokumentuaren amaieran).

Bigarrenik, Kontuen Epaitegiak ez du bete erkidegoko agintariei aipatutako laguntza eman izana jakinarazteko beharra. Horri dagokionez zehaztu behar da aipatutako laguntzak konpentsaziotzat hartzen direla interes orokorreko zerbitzuak hornitzeko eta, 2003ko uztailaren 24ko Altmark epaiaren eta Europako Batzordeak horren inguruan hartu zuen 2005eko azaroaren 28ko erabakiaren arabera, ez liratekeela estatuko laguntzatzat hartuko; horrenbestez, ez litzateke nahitaezkoa izango aurretiaz Batzordeari jakinaraztea eta honek onestea (ikus 6. oharra dokumentuaren amaieran).

Fiskalizatu diren laguntzen helburua azpiegituren garapen nahikoa bermatzea da, bai eta herritar guztiek gas naturalaren oinarrizko sarerako eta banaketa-sarerako azpiegiturak izateko duten eskubidea bermatzea ere, inbertsioen errentagarritasun egokia lortu ahal izateko moduko ordainsari-sistemaren bitartez. Izan ere, gas naturalaren ordainsari-araubidea arautzen duten estatuko aginduetatik sortu dira, herri-gune batzuetan zerbitzu hori lortzeko dauden zailtasunez konturatuta berariazko ordainsaria aurreikusten dutela arestian aipatu den egoeran dauden herri-guneak gasez hornitzeko helburua duten banaketa-instalazioetarako. Gauzak horrela, laguntza berezia da, eta hori kalkulatzeko parametroak aurretiaz daude ezarrita estatuko araudietan.

E) Diru-laguntza Basolanak Elkarteari, energia berriztagarria ekoizteko baso-biomasa erabiltzea ebaluatu eta sustatzeko ekintzak egiteko.

1.– Aipatu zen «memoriak ez duela justifikatzen lehia-araubideko laguntza sektorean lan egiten duten beste onuradun posible batzuei zabaltzeko ezintasuna» eta, horri dagokionez aipatu behar dugu Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburuak, 2008ko irailaren 12an, zuzeneko diru-laguntza ematea justifikatzen zuten interes publiko, sozial, ekonomiko edo gizazko arrazoien memoria eta xedapen orokorraren bitartez deialdia egiteko ezintasuna sinatu zuela.

Memoria horretan irakur daiteke, besteak beste, Basolanak Elkartea dela Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen baso-lanen enpresa-elkarte bakarra. Era berean irakur daiteke eman nahi zen zuzeneko laguntzaren helburua beharrizan zehatzak estaltzea zela eta, ondorioz, ezinezkoa zela horiek xedapen orokorren deialdiaren bitartez lortzea (ikus 7. oharra dokumentuaren amaieran).

2.– Beste alde batetik aipatu da «ez dela bete Basolanak Elkarteari emandako laguntza eman izana erkidegoko agintariei jakinarazteko beharra». Horri dagokionez aipatu behar da ez dela bete behar Europako Batzordearen Tratatuaren 88.3 artikuluan ezarritako betebehar hori, hau da, neurria erkidegoko agintariei jakinarazteko betebeharra, ez zelako estatuko laguntza bat, Europako Batzordeak tratatu beraren 87.1 artikuluan estatuko laguntza definitzean islatutakoaren arabera:

«Tratatu honetan besterik xedatu ezik, estatu kideek emandako laguntzak edo estatuko funtsen bidez emandakoak, edozein modutakoak izanda ere, merkatu bateratuarekin bateraezinak izango dira estatu kideen arteko trukaketei eragiten dieten heinean, baldin eta, zenbait enpresa edo ekoizpenen alde eginez, lehia faltsutzen badute edo faltsutzeko modukoak badira».

Estatuko laguntza kontzeptuaren definizio zehatzik ez dagoen arren, Batzordea eta Justizia Auzitegia kontzeptu hori mugatzeko lanean ibili izan dira azken urteetan eta, horrela, honakoa ezarri dute: neurri bat Tratatuaren 87.1 artikuluan aipatzen den merkatu bateratuarekiko bateraezintasun printzipioa aplikatzeko moduko laguntzatzat hartu ahal izateko (eta, ondorioz, Tratatuaren 88.3 artikuluaren arabera erkidegoko agintariei laguntza jakinarazi behar izateko), honako lau baldintza hauek bete behar izango dira:

– Onura izatea enpresa batentzat.

– Estatuak edo funts publikoen lehiaketa bidez emandakoa izatea.

– Enpresa edo ekoizpen zehatz batzuei bakarrik laguntzea (hautatzekoa izatea).

– Lehia faltsutzea, estatu kideen arteko trukaketei eraginez.

Aipatutako baldintza horietakoren bat betetzen ez bada, ezin izango da aplikatu Tratatuaren 87.1 artikuluan ezarritako debekua eta, ondorioz, ez da bete beharko Tratatuaren 88.3 artikuluan xedatutako betebeharra (neurria erkidegoko agintariei jakinarazteko betebeharra).

Gauzak horrela, Basolanak Elkarteari emandako diru-laguntzaren kasuan, neurriak arestian aipatutako lau baldintzetako bi betetzen ez zituela ondorioztatu zen:

– Alde batetik, neurria ez zen hautatzekoa izan.

Laguntza enpresa bakar bati eman zitzaion arren, eta horrek hautatze-elementuren bat egon zela adieraz zezakeen, kontuan izan behar da Euskal Autonomia Erkidegoan enpresa bakar batek (Basolanak Elkartea) gara zitzakeela hitzarmenean aurreikusitako baso-lanak; gainera enpresa hori enpresa-elkartea zen eta, beraz, hitzarmenean aurreikusitako lanak egiten dituzten basogintza-sektoreko enpresa asko biltzen ziren bertan. Horrenbestez, beharrezkoa eta logikoa zen elkarte hori hautatzea hitzarmenean aurreikusitako jarduerak egiteko.

Gainera bereizketa hori justifikatuta zegoen, diru-laguntzaren izaera eta bere helburuak kontuan hartuta, hau da: baso-biomasaren kudeaketa egokia sustatzea Euskal Autonomia Erkidegoan, energia berriztagarriaren ekoizpena sustatzeko eta sute-arriskuak eta arazo fitosanitarioak murrizteko asmoz. Bada, laguntzaren helburua zalantzarik gabe herritar guztientzat onuragarriak ziren helburuak lortzea zenez, interes sozialekotzat zela ondorioztatu zen.

– Beste alde batetik, neurriak ez zuen lehia faltsutu eta ez zen lehia faltsutzeko modukoa, estatu kideen arteko merkataritza-trukaketei eraginez, diru-laguntza ez zelako izan estatu kideen artean merkataritza garrantzitsua dakarren jarduera batentzat (baso-biomasaren ustiapena).

3.– Honakoa ere aipatu zen: «Sinatutako hitzarmenak jarduera-multzo orokorra baino ez du zehazten, eta ez dira ezarri helburuak, garatuko diren jarduerak, egutegia, jardueren aurrekontua, emaitzak balioztatzeko prozedurak, sektoreko enpresei emaitzak aplikatu eta ezartzeko azterlanak, etab.». Horri dagokionez esango dugu bai aztertzen gabiltzan hitzarmenean eta bai tramitazio-espedientean dagoen memorian ere honakoa irakur daitekeela:

Helburuak: [...] «Ustiapen-ereduak balioztatu behar direnez, biomasa atera eta aurretratatzeko faseak barne, ekintzak egin behar dira sistematikoki baso-lanak egiten dituzten enpresekin, biltzeko eta aurretratatzeko kostuak optimizatzearren. Bada, jarduera hori ekonomikoki bideragarria izatea nahi da eta, ondorioz, EAEko baso-sektore osorako aukera izatea, Euskal Autonomia Erkidegoak energia berriztagarrien ekoizpenaren alorrean eta CO2 isuriak murriztean dituen helburuak bete ahal izateko, Aldaketa Klimatikoaren aurkako Ekintza Planean ezarritakoaren arabera».

Garatuko diren jarduerak: Hitzarmenaren eranskinean zerrendatutakoak, hau da:

– Benetako ustiapen-ekintzak biomasa-mendian.

– Biomasa sikatzeko probak.

– Biomasa erretzeko benetako probak.

– Prestakuntza-ekintzak baso-lanetako enpresentzat eta langileentzat.

Egutegia: Hitzarmena 2008ko urrian sinatu zen, eta seigarren akordioak dio 2008ko abenduaren 31ra arte egongo dela indarrean, 2008ko urtarrilaren 1era atzera eramango direla bere ondoreak.

VI.2.2.– Bestelako hutsak eta gomendioak.

A) Orokorra.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 49.7 eta 49.9 artikuluek diote zuzeneko diru-laguntzei ezin izango zaiela aplikatu horiek emateko akordioen publizitatea. Horren ordez, horien berri eman behar zaio, sei hilean behin, Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontuen Batzordeari.

Euskal Autonomia Erkidegoan ez da aplikatu behar Estatuko 38/2003 Legeak ezarritakoa, bertako hogeita bigarren xedapen gehigarrian azaldutakoaren arabera (ikus 8. oharra dokumentuaren amaieran).

B) Diru-laguntzak FEDAEPS eta Hegoari.

Ez dira Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 49.7 artikuluaren babespean emandako zuzeneko diru-laguntzak, baizik eta garapen-programen baterako finantziazio hitzarmenen babespean emandakoak, Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuaren xedapen gehigarrian oinarrituta (ikus 9. oharra dokumentuaren amaieran).

C) Diru-laguntzak Seaskari eta Nafarroako Ikastolen Elkarteari.

Seaskarekin eta Nafarroako Ikastolen Elkartearekin sinatutako hitzarmenen bitartez gauzatu diren zuzeneko diru-laguntzen kasuetan ustez Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.1 artikulua ez betetzeari dagokionez, administrazio honek uste du irakurketa partziala egin dela Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen artikulu horri buruz, Epaitegiak uste baitu onuradunak direla laguntza ematea eragin duen jarduera egiten duen funts publikoen hartzaileak, baina 50.1 artikuluak beste ezaugarri bat ematen dio onuradunari, laguntza ematea legitimatzen duen egoeran dagoena hartzen baitu onuraduntzat.

Aipatutako bi kasuetan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 49.7 artikuluaren arabera jardun dela, hitzarmena eta Gobernu Kontseiluaren erabakiak irakurrita ondorioztatu da onuradunak Nafarroako Ikastolen Elkartea eta SEASKA direla, eta harremana horiekin izaten dela, nahiz eta horietako kideak direnen jarduerak justifikatu behar dituzten. Hori diru-laguntzaren helburua justifikatzeko modua baino ez da, eta ez du aldatzen sustapen-harremana izateko aukeratu den onuraduna. Gainera, diru-laguntzak ez dira lan zehatz batzuetarako eman, aldiz, lan zehatzen bitartez justifikatzen dira, eta elkartea da bere kideek Eusko Jaurlaritzak elkarteari emandako dirua erabiltzeko baldintzak kudeatzeaz arduratzen dena. Jaurlaritzak plan orokorraren berri du, baina ez du ikastola kide zehatzetara bideratzen diru-laguntza. Horrelakoetan baino ez litzateke egongo arau-haustea, baina ez aztertzen gabiltzan kasuan.

Hori ez da legearen kontrakoa, eta ez da diru-laguntzari buruzko araudia urratu, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legean azaldutako araudian babestutako gobernu-asmoa baino ez da. Onuraduna diru-laguntza ematea eragin duen jarduera egiten duena dela ulertzekotan ere, elkarteekin ezarri den eta nahi den harremanaren, bertako kideekin duen jarreraren eta ohiko betebeharren zerrendaren arabera onuradunak izango lirateke, ezin baitira nahastu funts publikoen helburua eta justifikatzeko modu zehatz bat (ikus 10. oharra dokumentuaren amaieran).

D) Zuzeneko diru-laguntza Berrikuntzaren Euskal Agentziari (Innobasque).

Innobasque 2008. urtean proiektu berri eta aitzindaria zenez, dokumentazio osagarria bidali da. Hain zuzen ere, Berrikuntza Funtsak finantzatuta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak 2009. urtean egindako jardueren eta helburuen azken memoriaren kopia bidali da.

Dokumentazio luzea eta zehatza da, eta agiri hori oinarri hartuta balioztatu da jardueren doikuntza egokia den eta Berrikuntza Funtsean ezarritako helburuak bete diren.

E) Diru-laguntza Berroeta Aldamar SL sozietateari.

Diru-laguntza emateko erabakiaren arabera, Berroeta Aldamar SL sozietateari emandako aparteko diru-laguntzaren helburua dagoeneko egindako obraren ondorioz pilatutako zorra finantzatzea (2.053.094,12 euro) eta obrak amaitzea (946.905,88 euro) zen.

Ordainketak egin aurretik, agiri bidez justifikatu behar zen gastuak egin zirela.

Era berean, helburu bererako jaso zitezkeen beste diru-laguntza guztiekin bateragarria zela ezarri zen, baina ezin izango zen gehiegizko finantzaketarik egon; horrelakoetan emandako diru-laguntza murriztuko litzateke (edo gehiegizko zenbatekoa itzuli).

Beraz, diru-laguntzaren helburua ez zen diruzaintzako behin-behineko defizita estaltzea, eta laguntza ezin zen erabili helburuan ezarri ez zen beste helbururen baterako.

VII.– Maileguak eta bermeak itzultzea.

HKEEk 4,4 milioi euroko zuzkidura-defizita ikusi du Eusko Jaurlaritzak 2008-12-31n eratutako horniduretan, Elkargi EBBri birfinkatutako abaletatik eratorri den eta indarrean dagoen arriskuaren ondorioz, erakunde honekin hitzartutako birfinkatze-hitzarmenei jarraiki.

Eusko Jaurlaritzak erabilitako ratioa (% 1,01) erakunde horrekin egindako hitzarmenari lotutako abal-zorroari dagokionez Finantza Zuzendaritzak aldian behin egiten duen akats-azterketatik eratorri da. Azkena egiteko 2006/09/30eko datuak hartu ziren kontuan. Hitzarmen horiek Eusko Jaurlaritzarako duten aurrekontu-kostu garbia jasandako kobraezin gordinetatik eta erakunde horrek izandako berreskurapenen zenbatekotik datorrenez (abal bakoitzari emandako birfinkatzearen ehuneko zehatzaren arabera ematen zaizkiola biak Eusko Jaurlaritzari), Finantza Zuzendaritzak ez du balioztatzen Elkargi EBBk azterketa-data bakoitzean izango duen amaiera zalantzagarrien zenbatekoa (kreditu-erakundeen araudiaren arabera eskuratzen dena), baizik eta egon litezkeen bermeak (badaude) erabili ondoren kalkulatutako azken galera.

Kreditu-erakundeen araudia oso zorrotza da hornidura-zuzkiduretan, ustiapen-aktiboetan oinarritutako bermeek (horixe gertatzen da batez ere Elkargi EBBrekin) ez diotela eragiten zuzkidura-egutegiari eta ez dutela bere zenbatekoa mugatzen, % 100era artekoa izan daitekeela, erakundeak industria-pabilioia adjudikatu arren (ustiapen-aktiboa). Historikoki egiaztatuta dago hornidura horiek gehiegi estimatuta daudela. Horren adibide da, esaterako, 2000. urtean birfinkatze-hitzarmenak indarrean sartu zirenetik, EAEk ordaindutako kobraezinen % 47,8 berreskuratu duela eta horrek argi uzten du hasierako hornidura eta kobraezina gutxiagotzean hartutako bermeen garrantzia.

Finantza Zuzendaritzak erabilitako sistema Elkargi EBBk datarekin eratutako horniduren saldoari buruzko birfinkatze-ehunekoak aplikatzetik eratorritakoa baino subjektiboagoa eta, ondorioz, eztabaidagarriagoa den arren, gure ustez, hala ere, doikuntza handiagoa du errealitatearekiko eta esperientzia historikoarekiko. Gauzak horrela, nabarmentzekoa da Elkargi EBBren datuen arabera etenda dauden aktibo gordinen ratioa azken 25 urteetako amaitutako arriskuari dagokionez % 1,12koa dela 2009-05-31n. Ratio hori azken 25 urteetakoa baino handiagoa den serie historikotik eskuratu da eta, beraz, oparoaldiak eta krisialdiak azaltzen dira bertan, eta ez dago aldia hautatzearen ondorioz murriztuta. Ratio horrek oso informazio garrantzitsua eskaintzen du erakundeak abal-zorroaren ondorioz izandako benetako galerari buruz, hasierako zalantzako kobrantzaren eta kobraezinen ondorioa eta elkartutako bermeen erabilera bateratzearen ondorioz.

Gaur egungo krisiak faktore bereizleak izango ditu aurrekoekin alderatuz, batez ere sakontasunari dagokionez eta, ondorioz, azken azterlana eguneratzea komeni da. Hala ere, beste kalkulu-mekanismo batzuk erabiltzea baino egokiagoa izango litzateke zuzenketa-faktore bat sartzea (adibidez 1,25) daukagun ratioari, beste mekanismo horiek gehiegi estimatzen baitute ziklo ekonomikoan jasandako benetako galera garbia, horiek egitean erabilitako ezaugarrien ondorioz.

HERRI KONTUEN EUSKAL EPAITEGIAREN OHARRAK

1. oharra: Hain zuzen ere, poliziaren funtzio publikoak erakusten dituen berezitasunak aintzat hartzea arauketa baten xede behar luke izan, Euskal Herriko Poliziaren uztailaren 17ko 1992/17 Legean barne hartuta, zeinak «euskal administrazio publikoen meneko diren polizia kidegoetako langileriaren araubide berariazkoa» arautzen duen (1 artikulua).

2. oharra: Segurtasun Pribatuko Erregelamendua onesten duen abenduaren 9ko 2364/1994 Errege Dekretuaren 17.2 artikuluak ez du ordezkaritza irekitzeko obligazioa ezartzen akonpainamendu zerbitzua ematen den kasuetan.

3. oharra: 698/1991 Dekretuaren 3.2 artikuluak bermea osatzeko obligazioa agintzen du «ordainketa aurreratuak egiten direnean eta diru-laguntza edo laguntzaren zenbatekoa 30 milioi pezetatik gorakoa denean» (180.303,63 euros). Honenbestez, bermea osatzeko obligazioa ez zaio justifikatzeke dauden kopuruei meneratzen, diru-laguntzetan edo laguntzetan ezarritako kopuruaz gaindiko zenbatekodun ordainketa aurreratuen izateari baizik.

4. oharra: Laguntzen onuradunari eskagarriak zaizkion obligazioak, erakunde izaerako ekintzak alde batera, neurtu ezineko borondatezko konpromisoa dira, neurtezina, eta ez daiteke artelana hedatzeko plantzat har.

5. oharra: Baserri guneetara gasifikazio zerbitzua eramateak duen izaera defizitarioa aintzat hartuta, proiektuak hautatu eta laguntzak emateko deialdi publiko bidez soilik bermatzen da 34/1998 Legean eskatutako administrazioaren baimeneko prozeduretan egiazko lehia.

6. oharra: Europako Batzordearen 609/2007 Erabakiak aztertutakoen pareko diren laguntzei dagokienez agintzen du araudi hori laguntza dela EBren 87. artikuluan, 1. idatz-zatian erabakitakoaren ondorioetarako. Berebat, Eusko Jaurlaritzaren Europako Gaietarako Zuzendaritzaren 2008ko uztailaren 14ko txostenean, zeinetan Naturcorp Redes-ekin sinatutako hitzarmena EBren Tratatuarekin bateragarri zen aztertzen zena, Altmark epaia aplikatzeko ezarritako irizpideak ez direla betetzen adierazten da; izan ere, «hitzarmena sinatzeko Naturcop Redes SAU, hautatu izana ez zen kontratazio publikoko prozedura bitartez gauzatu».

7. oharra: HKEE basogintza, zerratzea, egurraren birziklatzea edo beste sektore batzuetako –termikoa, elektrikoa eta energetikoa orokorrean– beste elkarte edo enpresen izateari dagokio, basoko biomasa erabiltzera zuzendutako jarduerak ere egin ditzaketenak.

8. oharra: Diru-laguntzen 38/2003 Legearen 18. artikuluak lehenengo atalean agintzen du obligazioa dagoela emandako diru-laguntzak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzekoa. Xedapen Gehigarri 22.ak zera agintzen du: «Foru araubidearen indarrez, lege hau Euskal Autonomia Erkidegoari ezartzea, Autonomia Estatutuan eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen xedapen gehigarri bigarrenean ezarritakoaren arabera gauzatuko da».; gainera, aipatutako Legearen 18. artikuluak Estatuko oinarrizko legeria izaera du eta ez da ikusi EAEren Autonomia Estatutuak horren edukia ez aplikatzea ekarriko duen begiramen osagarrizko eskakizunik batere egiten duenik.

9. oharra: 34/2007 Dekretuaren Xedapen Osagarri 1.an aurreikusitakoaren bitartez emandako laguntzak, zeinak Gobernu Kontseiluak onetsitako dagozkion lankidetza hitzarmenetan erabakitakoaren arabera arautzen direnak, lehiarik eta objektibotasunik gabe ematen dira eta honenbestez, 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.7 artikuluan aurreikusitakoen zuzeneko diru-laguntzak dira.

10. oharra: Diru-laguntza honetan onuradun izaera ez dio egoera jakin batean egoteak ematen. Hezkuntzako azpiegituren eraikuntza, egokitzapen eta eraberritze jarduerak dira diru-laguntza emateko arrazoia zehaztuko dutenak eta jarduera horiek gauzatzen dituzten erakundeak dira (elkartutako ikastolak), onuradun izaera izango dutenak.


Azterketa dokumentala