Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

99. zk., 2013ko maiatzaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
2422

EBAZPENA, 2013ko maiatzaren 22koa, Industriako sailburuordearena, Prointer programa (nazioartekotze-programa) garatzen duen Aginduan ezarritako esparruan 2013ko ekitaldirako laguntzak emateko deialdi publikoa argitara emateko dena.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2010eko otsailaren 24ko Aginduaren bidez Prointer programa (nazioartekotze-programa) garatzen da (2010eko martxoaren 11ko EHAA, 48. zk.). Agindu hori, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko martxoaren 2ko Aginduak aldatu zuen, Prointer programa (nazioartekotze-programa) garatzekoa (2011ko martxoaren 24ko EHAA, 58. zk.). Aipatutako aginduaren 17. artikuluan ezarritakoaren arabera, egoki da hor iragarritako diru-laguntzak emateko, 2013ko ekitaldirako deialdia egitea, eta, horretarako, eman beharreko arau guztiak ematea.

Horrenbestez, aipatutako aginduaren 17. artikuluan ezarritako ahalmena erabilita, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Prointer programa (nazioartekotze-programa) garatzen duen aginduan xedatutako laguntzen 2013ko ekitaldirako deialdia egitea. Programa hori atzerrian sustatzeko eta ezartzeko jarduerentzako laguntzak emateko da; hain zuzen ere, 2013ko ekitaldian enpresen nazioartekotzea sustatzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen atzerriko lehiakortasuna hobetzen laguntzeko jarduerak.

Xede horretarako 5.520.000 euro bideratuko dira guztira, Euskal Autonomia Erkidegoko 2013ko ekitaldiko aurrekontu orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituaren kontura. Aurrekontu-muga horren barruan, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak Prointer programa (nazioartekotze-programa) hau finantzatzen lagundu du.

Deialdi honen kargura emango diren laguntzak ez dira izango artikulu honetan finkatutako zenbatekoak baino handiagoak, edo berau eguneratzearen ondoriozko zenbatekoak baino handiagoak, betiere indarreko legeriaren arabera aurrekontu-aldaketak onartzen badira, eskatutako laguntzen guztizkoa kontuan izanik, eta, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak beste laguntza-programa batzuk burututakoan, aurrekontuko ahitu gabeko diru-kopururik geratzen bada, eta horiek ebatzi baino lehen. Horrelakorik gertatuz gero, Industriako sailburuordeak horren berri emango du ebazpen baten bidez.

2. artikulua.– Betekizunak.

1.– Eskabidea egin nahi dutenek, Prointer programa garatzen duen Aginduan iragarritako laguntzak eskuratu ahal izateko, onuradun-izaera izan beharko dute, aipatutako agindu horretako 3. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

2.– a) Izapidetze elektronikoa eskatzen duten erakunde eta enpresa eskatzaileek behar diren izapideak egingo dituzte, egin ere Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera, eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa (Platea) ezartzen duen agiria onartzeko Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenaren arabera.

Kasu honetan, eskabidea interneten bidez soilik eskuratuko eta beteko da: http://www.euskadi.net/industria

Espedientera sartzeko eta gainerako izapideak egiteko, helbide honetarako joko da: http//www.euskadi.net/misgestiones

Bide horretatik egindako eskabideei hauek erantsiko zaizkie: pertsona edo erakunde eskatzailearen sinadura onartua, beharrezko agiri osagarri guztiak eta Administrazioak eska ditzakeen agiriak, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatu bezala.

Izapidetze elektronikoak, bere funtzionamendu-operatiboa dela eta, emandako laguntza lasterrago ordaintzea ekarri ahal izango du.

b) Ohiko izapidetzean –paperezko euskarria– interesa duten erakunde eta enpresa eskatzaileek eskabidea egin eta grabatuko dute, eskabidea eta inprimakiak web-orri honetan betez: www.euskadi.net/industria. Datuak grabatu ostean, eskabidea inprimatu, eta eskatutako dokumentazio euskarriarekin batera aurkeztuko behar da Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria eta Nabigazioko ganberetakoren batean, zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako moduren batean.

3.– Merkataritza-erakundeak eta atzerrian eratutako zerbitzuetako enpresak 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera eta 2011ko abenduaren 31 baino lehenago eratuak izan beharko dute eraketa-fasean sartzen diren gastuak, egiturari eta sustapenari dagozkienak, eta beharrezkotzat jotzen direnak estali ahal izateko.

4.– Eskabideak aurkezteko epea deialdia egiteko ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2013ko ekainaren 25ean bukatuko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Deialdi-ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko maiatzaren 22a.

Industriako sailburuordea,

JUAN IGNACIO GARCÍA DE MOTILOA UBIS.


Azterketa dokumentala