Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

16. zk., 2014ko urtarrilaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
320

1/2014 EBAZPENA, urtarrilaren 3koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabaki bat argitaratzeko dena. Erabaki horren bidez, V. Plangintzaldiko (2013-2017) Eusko Jaurlaritzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan Nagusia onartzeari buruzkoa.

Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2013ko abenduaren 30ean egindako bilkuran V. plangintzaldirako (2013-2017) Eusko Jaurlaritzan euskararen erabilera normalizatzeko plan nagusia onartzeko erabakia hartu zuen. Bada, erabaki horri zabalkundea eman behar zaio. Horregatik, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– V. plangintzaldirako (2013-2017) Eusko Jaurlaritzan euskararen erabilera normalizatzeko plan nagusia onartzeko erabakiaren testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea. Eranskin gisa ageri da.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko urtarrilaren 3a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 3KO 1/2014 EBAZPENARENA
ERABAKI PROPOSAMENA, V. PLANGINTZALDIRAKO (2013-2017) EUSKO JAURLARITZAN EUSKARAREN ERABILERA NORMALIZATZEKO PLAN NAGUSIA

Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 4. artikuluak xedatzen du, prozesu hori hezurmami dadin, entitate bakoitzak euskararen erabilera normalizatzeko plana onartu eta gauzatu behar duela. Era berean, lanpostu bakoitzari hizkuntza eskakizuna ezarriko zaio eta, hala dagokionean, derrigortasun data ere bai.

Dekretu horren 19. artikuluari jarraituz, euskal herri-administrazioek euskararen erabileraren normalizaziorako planak onartuko dituzte plangintzaldi bakoitzaren lehenengo urtean, eta, horrelakoa onartuta duten kasuetan, hauei egin beharreko egokitzapenak burutu.

Ingurumari horretan onartu zuen Jaurlaritzaren Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioan Euskararen Erabilera Normalizatzeko 1998-2002 aldirako Plana, eta EHAAren 1998ko azaroaren 27ko 227. zenbakian argitaratu zen, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren urriaren 27ko 21/1998 ebazpenaren bitartez. Plan honen indarraldia 2003-2007 aldirako plana onartu arte luzatu zen, Jaurlaritzaren Kontseiluaren 2002ko abenduaren 30eko erabakiaren bidez (EHAA, 2003ko otsailaren 5eko zenbakia).

Gero, 2004ko uztailaren 27an hartutako erabakiaren bidez, Jaurlaritzaren Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko 2003-2007 aldirako plana onartu zuen, EHAAren 2004ko irailaren 8ko 172. zenbakian, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren abuztuaren 2ko 15/2004 ebazpenaren bitartez argitaratua.

Azkenik, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko uztailaren 1ean hartutako erabaki baten bidez, Jaurlaritzaren Kontseiluak IV. Plangintzaldirako (2008-2012) Eusko Jaurlaritzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana onartu zuen, EHAAren 2008ko abuztuaren 7ko zenbakian, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren uztailaren 2ko 9/2008 ebazpenaren bitartez argitaratua.

Lehen aipatutako 86/1997 Dekretuaren 19. artikulua oinarri, normalizazio Plan berria edo egokitzapena egiteko unea iritsi da. Horretarako, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak orain arteko normalizazio prozesuaren azterketa egin du, eta egiaztatu du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta beraren erakunde autonomiadunetako langileen euskarazko hizkuntza gaitasunak hobera nabarmen egin duela. Betiere, azken plangintzaldiko helburuak ez dira neurri esanguratsuan lortu, halandaze, V. plangintzaldi honen helburu nagusia da, berriro ere, euskara ere lan hizkuntza bihurtzekoa, aurreko plangintzaldiaren amaierako ebaluazio txostenean azaldutako hutsaldietarako txosten berean adierazitako lan ildoak eta neurri zuzentzaileak hartuz.

Ondorioz, V. plangintzaldirako (2013-2017) Eusko Jaurlaritzan euskararen erabilera normalizatzeko plan nagusia Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztu behar zaio onar dezan. Hala ere, plan honen garrantzia ez da beraren onarpenarekin amaitzen, onartu ostean, plana era egokian gauzatu eta garatzeko beharrezko arau eta neurriak zehaztu eta hartu beharko dira, ildoak eta prozedurak gauzatu ahal izateko neurri eta baliabideak ezarriz.

Hori dela eta, Jaurlaritzaren Kontseiluak, eztabaidatu ondoren, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez ondoko hau,

ERABAKI DU:

«Lehenengoa.– V. plangintzaldirako (2013-2017) Eusko Jaurlaritzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan Nagusia onartzea. Erabaki honen eranskinean jasotzen da plana.

Bigarrena.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren bidez, erabaki hau garatu, gauzatu eta aurrera eramateko egokiak diren neurriak hartuko ditu. Zentzu honetan, onartutako neurriak koordinatu eta sail eta erakunde autonomiadun bakoitzean horiek aurrera eramateko prozesuaren jarraipena egingo du, plana aplikatu behar duten arduradunekin beharrezko bilerak eginez, eta haiekin batera lan eginez. Era berean, sailburuordetza horrek harreman bide egokiak mantenduko ditu Jaurlaritzaren Lehendakaritzarekin, eta Ogasun eta Finantza Sailarekin, eurei dagozkien eginkizun orokor eta sailen eta erakunde autonomiadunen artekoak modu egokian gauzatu ditzaten.

Hirugarrena.– Erabaki hau eta Plan Orokorraren Testua Eusko Legebiltzarrari bidaltzea, horien berri izan dezan.

Laugarrena.– Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak argitaratuko ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, bai erabaki hau eta bai V. plangintzaldirako (2013-2017) Eusko Jaurlaritzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan nagusia ere».

ERAbakiAREN eranskina
V. PLANGINTZALDIRAKO (2013-2017) EUSKO JAURLARITZAN EUSKARAREN ERABILERA NORMALIZATZEKO PLAN NAGUSIA
AURKIBIDEA

I.– Sarrera.

II.– V. plangintzaldiaren aurrekariak.

II.1.– IV. plangintzaldia (2008-2012): ebaluazio txostena.

II.2.– Bestelako hausnarketak IV. plangintzaldiaren oinarrien inguruan.

II.2.1.– Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP)

II.2.2.– Hizkuntza egoera.

II.3.– «V. plangintzaldia. EAEko herri administrazio eta erakundeetan euskararen erabilera normalizatzeko planetarako irizpide orokorrak» izeneko dokumentua.

III.– Eusko Jaurlaritzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan.

III.1.– Oinarrizko ardatzak.

III.1.1.– Plana zer den.

III.1.2.– Eragin eremua.

III.1.3.– Eragin epea.

III.1.4.– Xede nagusia.

III.1.5.– Helburu orokorrak.

III.1.6.– Hizkuntza normalizaziorako neurriak.

III.1.6.1.– Lehen helburuko neurriak.

III.1.6.2.– Bigarren helburuko neurriak.

III.1.6.3.– Hirugarren helburuko neurriak.

III.1.6.4.– Laugarren helburuko neurriak.

III.1.6.5.– Lehen zehar-lerrorako neurriak.

III.1.6.6.– Bigarren zehar-lerrorako neurriak.

III.1.6.7.– Hirugarren zehar-lerrorako neurriak.

III.2.– Hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak.

III.2.1.– Hizkuntza ofizialen erabilerari buruzko arau orokorrak.

III.2.2.– Hizkuntza ofizialen erabilera eta itzulpenari buruzko irizpideak.

III.2.3.– Hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak beste zenbait jarduera esparrutan.

III.2.4.– Hizkuntza ofizialen erabilera kudeatzeko baliabideak eta tresnak.

III.3.– Administrazio atalak V. plangintzaldian.

III.3.1.– Atal elebidunak.

III.3.2.– Euskarazko atalak.

III.4.– Hizkuntza eskakizunak eta derrigortasun datak V. plangintzaldian.

III.4.1.– Derrigortasun datak: indizea eta ezarpenerako hurrenkera.

III.4.2.– Hizkuntza eskakizunak berraztertzea.

III.5.– Metodologia.

III.5.1.– Metodologiaren ezaugarriak.

III.5.2.– Metodologiaren urratsak.

III.5.3.– Komunikazioa.

III.5.4.– Parte-hartzaileak.

III.5.5.– Lehentasun komunikatiboak.

III.5.6.– Plan nagusiaren jarraipena eta ebaluazioa.

III.6.– Antolakuntza egiturak eta baliabideak.

III.6.1.– Antolakuntza egiturak.

III.6.2.– Baliabideak.

ERANSKINA: SOZIETATE PUBLIKOAK ETA ZUZENBIDE PROBATUKO ERAKUNDE PUBLIKOAK

A) Eragin eremua.

B) Entitate hauen betebeharrak.

C) Xede nagusia.

D) Helburu orokorrak.

E) Hizkuntzaren normalizaziorako neurriak.

E.1.– Lehen helbururako neurriak

E.2.– Bigarren helbururako neurriak

E.3.– Hirugarren helbururako neurriak

E.4.– Laugarren helbururako neurriak

F) Erabilera planerako ibilbidea eta metodologia.

G) Hizkuntza irizpideak eta hizkuntza normalizaziorako gomendioak.

H) Baliabideak eta antolakuntza egitura.

I.– Sarrera.

Autonomia Estatutuak euskararen ofizialtasuna aldarrikatzen du, eta, hori oinarri harturik, euskararen normalizazio eta erabileraren sustapenerako markoa definitzen du azaroaren 24ko 10/1982 Euskararen Legeak; alegia, berak arautzen ditu herritarren eskubideak eta administrazioek haiekiko dituzten betebeharrak. Herri Administrazioari dagokionez, lege horretako 14. artikuluan bi arlo hauek finkatzen dira: alde batetik, Administrazioko langileak euskalduntzeko neurriak; eta, bestetik, Administrazioko lanpostuak betetzerakoan kontuan izan beharreko hizkuntza araubidea; izan ere, haren arabera hainbat lanpostu betetzeko behar besteko ezagutza izatea derrigorrezkoa izango da bi hizkuntza ofizialetan, eta gainerako lanpostu guztiak betetzeko, beste merezimenduen artean, hizkuntza ofizial bien ezagutza aintzat hartu behar da. Urte batzuk geroxeago, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeak garatu zituen Administrazioak hizkuntzaren alorrean dituen betebehar horiek.

Orain arteko plangintzaldietan helburu hauek jarri dira: Administrazioko langileak arian-arian gaitzea hizkuntzaren aldetik; euskararen erabilera areagotzea; euskara zerbitzu hizkuntza bihurtzea herritarrekiko harremanetan; eta euskara lan hizkuntza bihurtzea, horrela Administrazioaren jarduna benetan elebiduna izatera hel zedin, Konstituzio Auzitegiak, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legearen gaineko 169/1983 errekurtsoan, emandako ekainaren 26ko 82/1986 epaiak berak ere egoki eta bidezkotzat jotzen duela.

Une honetan, Administrazio Orokorreko eta beraren erakunde autonomiadunetako langileen hizkuntza gaitasuna erruz hobetu da: % 64.74k egiaztatua du hizkuntza eskakizunen bat, eta horrek bide ematen du, Administrazioan euskara ere lan hizkuntza izan dadin.

Horregatik, eta euskal herritarren hizkuntza eskubideak arian-arian geroago eta neurri handiagoan babesteko, V. plangintzaldi honen helburua aurreko bera da: euskara ere lan hizkuntza normala bilakatzea: Administrazioan bi hizkuntzen berdintasunera jotzea. Administrazio honek zabaldu behar du bi hizkuntza ofizialak erabiltzearen aukera, betiere urratsez urrats eta eragile guztien adostasunaz.

Ikuspegi horretatik, neurriak hartuko dira baldintzak betetzen dituzten unitateetan, zuzendaritza mailan bezala zerbitzu mailan, euskararen erabilera hedatuz joan dadin, betiere apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan ezarritako aukerak erabiliz.

Modu horretara, garbi adierazi nahi da erronka hau ez dela Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarena bakarrik, Eusko Jaurlaritza osoarena baizik. Demokratikoa eta eraginkorra izan behar du burutu behar den prozesu honek: herritarren hizkuntza aukera beti eta ororen gainetik errespetatu beharko du, herritarrei deserosotasunik eragin gabe errespetatu ere; eta, aldi berean, hizkuntza aukera egiazkorantz pausoz pauso, etengabe, eramango gaituen prozesua izan behar du. Egiazki, eta adostasunak ahalbidetzen duen ilusioaz, egin daitekeena egin nahi da, ez gehiago; eta egiazki, eta adostasunak ematen duen indarraz, egin daitekeen guztia egin nahi da, ez gutxiago.

Euskarak ere lan hizkuntza behar du izan benetan. Horretarako, sail bakoitzak eta erakunde autonomiadun bakoitzak ispiluaren aurrean jarri behar du bere burua, eta erabaki zeri heldu, modu errealistan baina baita nork eman ahal duen guztia bere buruari eskatuz ere. Argi dago honelako erronkei poliki-poliki eta akordioaren bidetik egin behar zaiela aurre; argi dago, era berean, sailek eta erakunde autonomiadunek erabakiko dutela zein izango den euren planen helmuga eta abiadura; baina gutxieneko batzuk jarri beharra dago. Gutxienekoa izango da apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak jasotzen duena; hortik gora egitea sail bakoitzaren eta erakunde autonomiadun bakoitzaren borondatearen eta ahalbideen esku egongo da.

Langile guztiek izango dute erabilera planaren eragina: alde batetik, langile gehiagok izango dute zuzeneko eginkizuna erabilera planetan, langile horien komunikazioek izango dute lehentasuna, berariazko hizkuntza-prestakuntza eta -trebakuntza eskainiko zaie langileei hautatutako zereginak euskaraz egiteko; beste alde batetik, komunikazio gaitasun txikiagoa izan baina haiekin zuzeneko harremanak dituzten langileentzat neurri bereziak ezarriko dira; eta, azkenik, zuzenean ez zeharka loturarik ez duten langileei edota komunikazio gaitasunik ez duten langileei eragingo zaie, erabilera plana bere egin dezaten, bai eta euskararen erabilera errazteko euren esku dagoena eman dezaten. Hori guztiori Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak oinarri eta helmuga harturik.

Beste alde batetik, erakunde-ordezkariei beren-beregi ezarriko zaizkie lehenengoz eginkizun eta jarraibideak V. plangintzaldi honetan. Euren eraginak handia behar du izan; euren jarrerak eredu izan behar du haien ardurapean dauden langileentzat. Hori dela eta, Administrazioaren barruko jardunean nahiz kanpokoan nola aritu jakin dezaten, jarraibideak emango zaizkie.

V. plangintzaldi hau ez da Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarena, ezpada Eusko Jaurlaritza osoarena.

Beren-beregi azalduko dira Euskara Atalak, eta beraien zereginak zehaztu eta beraiek burutzeko orientabide batzuk emango dira.

Laburbilduz, plan hau ez da beste plan estrategikoetariko bat. Hori baino gehiago dugu euskara. Euskara da Euskal Herritik kanpoko gainerako administrazioetatik bereizten gaituena; euskara dugu komunikaziorako tresna, eta gure izate kolektibo anizkoitzaren ezaugarririk behinena. Gure esku dago euskara Administrazioko hizkuntza ohikoa izatea. Beste hizkuntza batzuen kasuan ez bezala, euskararenean Euskal Administrazioa da munduko Administrazio bakarra euskara ohikotasunez eta normaltasunez erabil dezakeena. Gainera, euskal gizartea gero eta elebidunagoa da, eta gizartearen zerbitzupean dagoen Administrazioak lehena izan behar du errealitate horretara egokitzen. Bide-erakusle izatea dagokio Administrazioari, eta legeak betearaztea ez ezik –eta horren aurretik– legeak betetzea dagokio. Gizartearekin batera elebidunago bihurtuaz doan Administrazioak bermatuko du zerbitzu aurreratua eta kalitatezkoa. Beraz, kalitatean eta errespetuan oinarrituriko elkarbizitza gero eta orekatuagorako ekarpenak dira, administrazio egiaz elebidunak gero eta elebidunagoa den eta izan nahi duen euskal gizarteari eman diezazkiokeen balioak.

II.– V. plangintzaldiaren aurrekariak.

Lehenengo plangintzaldia urriaren 17ko 224/1989 Dekretuaren bidez onartu zen. Urte batzuk geroago, abuztuaren 3ko 238/1993 Dekretuak aldatu eta osatu zuen dekretu hura. Geroago, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan xedatutakoari jarraiki, hiru izan dira orain arte Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu dituen euskararen erabilera normalizatzeko planak:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko 1998-2002 aldirako plana (EHAA, 1998-11-27ko zenbakia). Jaurlaritzaren Kontseiluak plan honen ezarpenaldia luzatzeko erabakia hartu zuen (EHAA, 2003-02-05eko zenbakia).

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko 2003-2007 aldirako plana (EHAA, 2004-09-08ko zenbakia).

3.– IV. plangintzaldirako (2008-2012) Eusko Jaurlaritzan euskararen erabilera normalizatzeko plana (EHAA, 2008-08-07ko zenbakia).

Horrenbestez, 2013-2017 aldirako plan berria onartzea dagokio Jaurlaritzaren Kontseiluari. Horretarako, plan proposamena Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak egin behar du, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu zituen eta horien egitekoak eta jardun arloak finkatu zituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak sail horri esleitu baitizkio hizkuntza politikako eta euskara sustatzeko jardun arloak (10.1 artikulua). Era berean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezarri dituen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuak plan proposamenak egiteko zeregina ezarria du –22.d) artikulua–.

Plan berria taxutzerakoan aintzat hartu behar dira bereziki 2008-2012 aldiko planak eratorritako ondorioak eta emaitzak:

1.– Egungo datuak hizkuntza eskakizunen betetze mailari buruz (amaierako ebaluazioan jasota dauzkagun zenbait datu orokor). Oinarrizko diagnostiko horretatik abiatuta, badira Eusko Jaurlaritzaren hainbat sail eta erakunde autonomiadun, gaur egun, euskaraz ere lan egiteko baldintzak betetzen dituztenak.

2.– Aurreikusita zeuden hainbat baliabidek ez dute behar bezala funtzionatu eta indar berezia egingo da horietan (adib.: hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideen inplementazioa sailetan eta erakunde autonomiadunetan).

Betiere, plan honi ekin baino lehen, aurrekoak emandako emaitzak aztertu beharra dago, sakon gainera, etorkizunean arrakasta izateko. Bada, IV. plangintzaldiaren argi-ilunak ikusteko, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak: 2013ko ekainean aurkeztutako IV. plangintzaldia (2008-2012): ebaluazio txostena izenekoa hartu du oinarri.

Azkenik, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak berak aurkeztutako EAEko herri administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko planetarako irizpide orokorrak ere kontuan hartu dira plan hau diseinatzerakoan.

Hona hemen, bada, batzuk eta besteak labur-labur.

II.1.– IV. plangintzaldia (2008-2012): ebaluazio txostena.

Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuari jarraiki, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak IV. plangintzaldiaren ebaluazio txostena egin du 2013ko ekainean. Bertan datu kuantitatiboak bildu dira batetik, eta, bestetik, azterketa kualitatiboa egin da. Informazio kuantitatiboa jasotzeko, galdetegi egituratu bat prestatu da. EAEko herri administrazio bakoitzean hizkuntza normalizazioko teknikariak bete du galdetegia, baina kasu guztietan erakunde-ordezkariaren oniritzia ere eskatu da; beraz, entitatearen onespenarekin jasotako datuak dira. Informazio kualitatiborako, berriz, hainbat elkarrizketa egin dira erakunde-ordezkarien, hizkuntza normalizazioko teknikarien, bestelako adituen eta gainerako langileen artean. Ikerketa horren guztiaren ondorioz, txosten horretako 6. atalean etorkizunerako lan ildo batzuk proposatzen dira, V. plangintzaldiaren atarian kontuan izateko modukoak.

Hizkuntza eskakizunen betetze mailaren datu kuantitatiboei erreparatuta (titularrak eta okupatzaileak batera hartuta), euskararen ezagutza nahiko handia da Administrazioan: Eusko Jaurlaritzako langileen % 64.74k hizkuntza eskakizunen bat egiaztatu du, eta % 51.1ek dagokiona. Gainera, IV. plangintzaldian derrigortasun data zuten langileen % 79.48k dagokion hizkuntza eskakizuna egiaztatu du eta % 7.59k bakarrik ez du inolako mailarik egiaztatu; hala eta guztiz ere, datuek gordintasun osoz erakusten dute euskaraz lan egiteko gaitasuna duen langileria horrek gaztelaniaz jarduten duela gehien-gehienetan: gaztelania dela Administrazioko sortze hizkuntza nagusia. Ezagutza alde batera utzita, orokorrean, erakundeen hizkuntza paisaian (errotulazioan, paper-gauzetan) eta kanpo proiekzioan (argitalpenetan, web orrietan, iragarpenetan) bermatuta dago euskararen erabilera, batez ere idatzizkoan; beraz, Administrazioak ondo bermatzen du euskararen presentzia kanpora begirako jardunetan. Eta hori poztekoa da, baina haratago begiratu beharra dago, sakonago, zeren hedapen elebidun hori itzulpenek bermatzen dute hein handi batean.

Datu kualitatiboei erreparatzen bazaie, aipagarriak dira IV. plangintzaldiak izan dituen indargune eta aukerak: euskal hiztunen kopurua gora doa, euskararen presentzia ziurtatuta dago neurri batean, gero eta hobeto onartzen zaio herritarrari hizkuntza aukeratzeko eskubidea... Hala ere, mehatxuak eta ahuleziak asko dira; eta, hain zuzen ere, gabezia horiei aurre egiteko, besteak beste, ondoko lan ildo hauek proposatu ziren V. plangintzaldirako:

1.– Erabilera planen kudeaketaren aldetik:

a) Erabilera plana erakundetzea, eta sail guztietara eta erakunde autonomiadun guztietara zabaltzea.

b) Baliabide eta tresnak baloratu eta hobetzea.

c) Zertifikazio sistema ezartzea.

2.– Euskararen ezagutza erabilerarako oinarria den aldetik:

a) Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua aztertu eta, beharrezkoa denean, egokitzapenak egitea.

b) Estatuaren Administraziotik transferentziak hartzean derrigortasun datak ezartzea leku giltzarrietan.

c) Berariazko ikastaroak ematea, lanpostuaren eginkizunen arabera.

d) Derrigortasun datak ezartzea, masa kritikoa sortzeko; eta derrigortasun indizeak gutxieneko abiapuntu izatea.

3.– Ezagutzatik erabilerara jorratu beharreko bidearen aldetik:

a) Zerbitzu hizkuntzan. Administrazioak proaktiboa izan behar du, herritarren eskaerari itxaron barik, euskaraz dakien herritarrak, hala nahi badu, euskaraz normaltasunez egiteko aukera izan dezan.

b) Lan hizkuntzan. Ahozkoan, langileen kontzientziazio eta jabekuntzarako prozesua abian jartzea, eta euskaraz jarduteko egoerarik onena duten atalak eta unitateak identifikatzea: arnasguneetan proiektu pilotuak abian jartzea.

Idatzizkoan, berriz, baliabideak euskaraz jarri eta langileen eskura jartzea; aplikazioak euskaraz instalatzerakoan, hizkuntza eskakizuna egiaztatuta duten lanpostudunei euskarazko bertsioa lehenestea, eta horiek erabiltzeko prestakuntza eskaintzea, erakundeen arteko koordinazio sistemak ezartzea, eragozpen horiek arian-arian kentzeko, derrigortasun data ezarrita izan eta egiaztatuta duten lanpostudunei eta planak erasandakoei euskaraz eskaintzea ikastaro bereziak, lanpostuaren eretzean. Hori ez ezik, euskara sortze hizkuntza bihurtzeko esperientziak abian jarriz, langileak identifikatu eta zirkuituak sortzea; testuen zuzenketak itzulpena ordeztea; dokumentuen estandarizazioari lehentasuna eman eta itzulpen politika berraztertzea.Kanpo irudian, gune erdaldunenetan hizkuntza paisaia elebiduna, gutxienez, bermatzea, herri administrazio arduradunek berrikuspen lana egitea, eta web orri guztiak euskaraz ere egotea bermatzea, eta, egokiera denean, euskarazko bertsioa lehenestea edo, gutxienez, aukera berdinetan eskaintzea.

4.– Hizkuntza irizpideak erakundetu eta jarraipena egitearen aldetik:

a) Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak erabakitzea, erakunde bakoitzak V. plangintzaldirako ezarritako helburuen arabera.

b) Hizkuntza irizpideen aplikazio mailarako ezartzea: bai jarraipena egiteko parametroak ezartzea; bai neurri zuzentzaileak ezartzea: komunikazio sistema egokia, jarraipena egiteko parametroak ezartzea, zehaztea zein izango den betearazteko prozedura.

c) Euskararen erabilerarako metodologia eta tresnak landu behar dira, bereziki, jarraipena egiteko.

5.– Sentiberatzea eta parte-hartzea komunikazioaren giltzarri diren aldetik:

Euskararen erabilera sustatzeko komunikazio plan orokorra beharrezkoa da: komunikazio plana diseinatu eta burutzea; erabilera planaren helburuak erakunde bakoitzaren ohiko jardunean txertatzea; erabilera planaren batzorde sustatzailea(k) sortzea erakundeko langile guztiei eragiteko, bai eta herritarrei ere.

6.– Erabilera planaren lidergoaren aldetik:

a) Erakunde-ordezkarien kolidergoa eta inplikazio handiagoa beharrezkoak dira.

b) Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren gidaritza indartu beharra.

c) Erakundeen arteko elkarlan eta koordinaziorako harreman sare egonkorrak gorpuztu behar dira.

d) ELEBIDE indartu eta haren eragina agerraraztea.

II.2.– Bestelako hausnarketak IV. plangintzaldiaren oinarrien inguruan.

II.2.1.– Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP).

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko uztailaren 28an Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) onartu eta Eusko Legebiltzarrak 2013ko irailaren 11n berretsi zuen, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPNren) garaiaren ondorengo aldi honetarako; plan horrek izaera estrategikoa du hizkuntza normalizazioan aurrera egiteko, garai berriaren arabera moldatzeko, eta funtsezko tresna da hizkuntza politikaren gaineko ardura duten herri aginteek euren jarduera bideratzeari begira.

Horregatik, herri administrazioen hizkuntza plangintza, oro har, eta Eusko Jaurlaritzaren eta beraren erakunde autonomiadunen hizkuntza plangintza Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren (ESEPen) barruan ulertu behar da. Izan ere, ESEPen helburu eta neurriak Erabilera Planean barneratuta daude.

II.2.2.– Hizkuntza egoera.

Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 18.a) artikuluaren arabera, normalizazio plan orok jarraian aipatuko dena jaso behar du:

«a) erakundearen gaur egungo hizkuntza egoera azalduko da eta, horrez gainera, lanpostu bakoitzari zein hizkuntza eskakizun ezarri behar zaion eta, hala badagokio, derrigortasun data ere zehaztuko da. Era berean, euskara maila eta langileen hizkuntzaren gaitasun prozesuari buruzko informazioa ere jasoko da bertan».

Bada, grafiko honetan ageri da Eusko Jaurlaritzaren eta beraren erakunde autonomiadunen hizkuntza egoera, betetze mailari dagokionez, 2012ko datuak eta 2007koak erkatuta, derrigortasun data ezarrita duten lanpostuak gogoan hartuta:

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

V. plangintzaldirako ezarritako helburuei begira, ondoren jarriko da 2013ko azaroan Eusko Jaurlaritzan eta beraren erakunde autonomiadunetan norberari dagokion hizkuntza eskakizuna eta hori baino baxuagoa den baten bat egiaztatuta duten herri-langileen egoera:

(Ikus .PDF)

V. plangintzaldian ezarri beharreko derrigortasun indizea formula honen arabera kalkulatu da:

(Ikus .PDF)

Iturria: Eustat.

% 37.39 + (% 22.14/2) = % 48.46

II.3.– «V. plangintzaldia. EAEko herri administrazio eta erakundeetan euskararen erabilera normalizatzeko planetarako irizpide orokorrak» izeneko dokumentua.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2013ko uztailaren 24an «V. plangintzaldia. EAEko herri administrazio eta erakundeetan euskararen erabilera normalizatzeko planetarako irizpide orokorrak» izeneko dokumentua eman zuen argitara.

Agiri horretan eman dira V. plangintzaldi honetan Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioek (euren artean, Eusko Jaurlaritzak) erabili beharreko irizpideak.

Bada, Eusko Jaurlaritzaren eta beraren erakunde autonomiadunen euskararen erabilera normalizatzeko plan honek abiaburu hartu ditu agiri horretan agertzen diren irizpideak, batez ere, hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideen ikuspegitik, eta beren-beregi lan hizkuntzaren arloan.

III.– Eusko Jaurlaritzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan Nagusia.

III.1.– Oinarrizko ardatzak.

Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan honetaz ondo jabetzeko, kontuan izan behar da, orokorra izanik ere, langileek egin behar duten ahalegina jorratzeaz gain, erakunde-ordezkarien eginkizuna eta betebeharrak ere lantzen dituela.

Era berean, plan honek bide emango die sailei eta erakunde autonomiadunei zehazteko administrazioko langileak eta erakunde-ordezkariak zertan eta nola hasiko diren euskara erabiltzen eguneroko lanean, betiere sail bakoitzeko Euskara Atalak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren gidaritzapean, zehazturiko irizpideei jarraiki.

III.1.1.– Plana zer den.

Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeak hizkuntza normalizazioa arautzen du V. tituluan. Hori garatuz, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen du gaur egun. Dekretu horrek ezartzen du euskara eta gaztelania direla hizkuntza ofizialak erkidegoko lurraldean diharduten herri administrazioetan, eta, herritarrek haiekin gaztelaniaz eta euskaraz ere jarduteko eskubidea dutenez, herri aginteek neurriak hartu behar dituztela euskara zerbitzu zein lan hizkuntza modura normaltasunez erabiltzeko, herritarren eskubideak bermatze aldera (1. artikulua).

Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak euskararen erabilera normalizatzeko planak ezarri ditu, neurriak hartzeko eta antolatzeko tresna bezala. Euskal herri-administrazioetako hizkuntza normalizazio prozesua hezurmami dadin, entitate bakoitzak euskararen erabilera normalizatzeko plana onartu eta gauzatu beharko du (4. artikulua).

Hizkuntza normalizatzeko egitarauak burutzerakoan jarduerak denboran barrena antolatu ahal izateko bost urteko plangintzaldiak daude (5. artikulua).

Halaber, plangintzaldi bakoitzaren lehenengo urtean onartu edo egokitu behar dituzte euskararen erabilera normalizatzeko planak euskal herri-administrazioek (19.1 artikulua).

Bestalde, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 18. artikuluak dio euskararen erabilera normalizatzeko planean entitatearen hizkuntza politikaren nondik norako eta jarraibide nagusiak agertuko direla. Gainera, artikulu horrek finkatzen du zein den plan baten gutxieneko edukia:

«Entitate bakoitzak 17. artikuluan ezarritako normalizazio helburuak betetzeko erabiliko duen hizkuntza politika eta bere nondik norako eta jarraibide nagusiak agertuko dira euskararen erabilera normalizatzeko planetan. Bertan, gutxienez, honako hauek jasoko dira:

a) erakundearen gaur egungo hizkuntza egoera azalduko da eta, horrez gainera, lanpostu bakoitzari zein hizkuntza eskakizun ezarri zaion eta, hala badagokio, derrigortasun data ere zehaztuko da. Era berean, euskara maila eta langileen hizkuntza gaitasun prozesuari buruzko informazioa ere jasoko da bertan.

b) entitatearen hizkuntza helburuen arabera, zenbat administrazio atal elebidun eta euskarazko sortuko diren proposatuko da eta, era berean, zehatz-mehatz azalduko da zein lanpostuk osatzen duten atal bakoitza eta zein diren ezarri edo, hala badagokio, moldatuko diren derrigorrezko hizkuntza eskakizunak.

c) ondo zehaztuko da zein neurri hartuko den administrazio atal elebidunek eta, batez ere, euskarazko administrazio atalek aurrera egin dezaten. Era berean, zehatz-mehatz azalduko da euskara nola erabili eta tratatuko den ondorengo esparruotan: administratuekin eta gainerako erakundeekin izaten diren ahozko zein idatzizko harremanetan, jendaurreko ekitaldietan, argitalpen arloetan, hizkuntza paisaian eta, oro har, aipatutako hizkuntza helburuak betetzeko erakunde bakoitzak ezartzen dituen gainerako jarduera esparruetan.

d) kontratazio arloan erabiliko diren neurriak; batez ere, hirugarren batzuek herritarrekin harreman zuzena duten zerbitzu publikoak eskaintzen dituztenean, dagokion administrazioak berak bete behar lituzkeen antzeko hizkuntza baldintzak berma daitezen».

Euskararen erabilera normalizatzeko planak abian jartzearekin batera, euskal herri-administrazioek euskararen erabilera normalizatzeko planei buruzko ebaluazio txostena egingo dute plana onartu denetik bigarren urtea betetzen denean, eta txostenak antzemandako hutsune eta zailtasunen ondorioz beharrezkoak diren berraztertzeak egitea izango du helburu (19.3 artikulua).

Aurrekoarekin lotuta, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak txostena igorriko dio Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluari bai plangintzaldi bakoitzaren hirugarren urtea betetzerakoan, bai plangintzaldi bakoitza amaitutakoan (6. artikulua).

Euskal herri-administrazio bakoitzak bere euskararen erabilera normalizatzeko plana osatzerakoan eta plana ebaluatzerakoan iritzia eskatu beharko die erakunde sindikalei (24.a artikulua), eta plana nola ari den garatzen jakinarazi beharko die (25. artikulua).

III.1.2.– Eragin eremua.

Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 2. artikuluaren arabera, plan honen eragin eremukoak dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta beraren erakunde autonomiadunak. Honako hauek, zehatz-mehatz:

1.– Lehendakaritza, eta horri atxikitako Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea, administrazioko erakunde autonomiaduna.

2.– Herri Administrazio eta Justizia Saila, eta horri atxikitako Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (IVAP), administrazioko erakunde autonomiaduna.

3.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila.

4.– Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila, eta horri atxikitako Osalan (Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea), eta Lanbide (Euskal Enplegu Zerbitzua), administrazioko erakunde autonomiadunak.

5.– Ogasun eta Finantza Saila, eta horri atxikitako Euskal Estatistika Erakundea (EEE) eta Lehiaren Euskal Agintaritza, administrazioko erakunde autonomiadunak.

6.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, eta horri atxikitako Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE), administrazioko erakunde autonomiaduna.

7.– Segurtasun Saila, eta horri atxikitako Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia, administrazioko erakunde autonomiaduna.

8.– Osasun Saila, eta horri atxikitako Kontsumobide (Kontsumoko Euskal Institutua), administrazioko erakunde autonomiaduna.

9.– Ingurumen eta Lurralde Politika Saila.

Zerrendatutakoez gain, IV. plangintzaldian Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailei atxikitako sozietate publikoekin, zuzenbide pribatuko erakunde publikoekin, sektore publikoko fundazioekin eta EAEko sektore publikoko partzuergoekin egindako lanari esker, V. plangintzaldi honetan Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak proposamena egiten du, eurek euren erabilera planak onar ditzaten, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren eragin eremuaren barruan. Erabilera plan honen eranskinean atal bat dago beren-beregi sozietate publikoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek, fundazioek eta partzuergoek euren erabilera planak erabaki ditzaten.

III.1.3.– Eragin epea.

Hizkuntza normalizatzeko egitarauak burutzerakoan jarduerak denboran barrena antolatu ahal izateko, bost urteko plangintzaldiak daude (apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 5. artikulua), eta plangintzaldi bakoitzaren lehenengo urtean onartu edo egokitu behar dituzte euskararen erabilera normalizatzeko planak euskal herri-administrazioek (apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 19.1 artikulua).

Urtarrilaren 1ean hasi da 2013-2017ko aldirako plangintzaldia, eta 2017ko abenduaren 31n amaituko da.

III.1.4.– Xede nagusia.

Euskara eta gaztelania izanik hizkuntza ofizialak, plan honen xede nagusia da herritarrak beraiek aukeratutako hizkuntzan artatzea, herritarren hizkuntza eskubideak betetzea, eta, beraz, aipatutako ofizialtasuna gauzatzeko euskara zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza gisa erabiltzea.

Horren guztiaren garapenerako nahitaezkoa den lidergoa eta parte-hartzaileen arteko adostasuna gauzatzea ere plan honen xede izango da.

III.1.5.– Helburu orokorrak.

Hauek dira V. plangintzaldi honen helburu orokorrak, sail guztiek eta erakunde autonomiadun guztiek gidari izango dituztenak, nork bere atalerako planak definitzen dituenean:

1.– Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea Eusko Jaurlaritzarekiko eta erakunde autonomiadunekiko harremanetan, bereziki zuzeneko arretako eta jendaurreko zerbitzuetan.

Helburu honen jarraipena egiteko adierazle nagusiak hauek izango dira:

– Euskararen erabilera arretako eta jendaurreko zerbitzuetan.

– Elebideko kexen kopurua.

2.– Euskara lan hizkuntza izateko aurrerapausoak egitea, euskaraz gero eta gehiago sortuz.

Helburu honen jarraipena egiteko adierazle nagusiak hauek izango dira:

– Euskaraz sortzen den dokumentazioaren indizea.

– Lan bileretako euskararen erabilera.

3.– Herri administrazioen arteko harremanetan euskara gehiago erabiltzea.

Adierazle hau erabiliko da helburuaren jarraipena egiteko:

– Administrazioen arteko harremanetako euskararen erabilera.

4.– Erakunde-ordezkarien lidergoa indartzea euskararen normalizazio prozesua erakunde bakoitzaren ohiko jardunean txertatzeko.

Hauek dira helburu honi dagozkion adierazle nagusiak:

– Erakunde-ordezkariek eta langileek helburu honi buruz egiten duten balorazioa.

– Erakunde-ordezkariek erabilera planeko batzordeetan izan duten asistentzia.

Helburu orokor horiez gain, badira zehar-lerro batzuk, hain zuzen ere, helburu horietan guztietan eragina daukatenak eta horiek guztiak lantzeko lagungarri gertatzen direnak.

1.– V. plangintzaldi honetarako zehaztu diren Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak aplikatzea.

Adierazle honen bidez egingo zaio jarraipena zehar-lerro honi:

– Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideen betetze maila.

2.– Langileen eta erakunde-ordezkarien hizkuntza gaitasuna handitzea, erabilera areagotzeko.

Hauek dira zehar-lerro honi lotutako adierazle nagusiak:

– Hizkuntza eskakizunen betetze maila.

– Erakunde-ordezkarien hizkuntza gaitasuna.

3.– Langileen eta erakunde-ordezkarien euskararekiko atxikimendua areagotzea euskararen erabileran eragiteko.

Adierazle nagusi hauek erabiliko dira zehar-lerro honetan:

– Langileen eta erakunde-ordezkarien balorazioa erabilera planarekiko.

– Langileen eta erakunde-ordezkarien asistentzia eta parte-hartze aktiboa erabilera planeko ekimenetan.

III.1.6– Hizkuntza normalizaziorako neurriak.

Atal honetan jasotzen dira helburu bakoitza lortzeko lagungarri izan daitezkeen neurriak. Sail bakoitzak edo erakunde autonomiadun bakoitzak bere plana egiteko erabili ahal izango ditu neurriok. Plan bakoitzera egokitzerakoan, neurri hauek maila desberdineko elementuak (helburuak, estrategiak edo ekintzak) osatzeko erabil daitezke, plan bakoitzaren ezaugarrien arabera. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak egitekoen aukera zabalagoa eskainiko die, sailei eta erakunde autonomiadunei erabilera planak definitu ahal izateko.

III.1.6.1.– Lehen helburuko neurriak.

Herritarren hizkuntza eskubideak bermatze aldera honako neurri hauek garatuko dira osorik edo partez beharrizanen arabera:

– Jendaurreko arreta ematen duten zerbitzuetan eta gizarte izaerako nahiz izaera orokorreko ataletan administrazio atal elebidunak sortzea, eta, neurri apalagoan bada ere, baita euskarazko atalak ere.

– Derrigortasun data egiaztaturik duten lanpostu guztietan funtzio batzuk euskaraz betetzea, sail bakoitzak erabakitzen duenaren arabera.

– Derrigortasun datak esleitzeari dagokionez, «V. plangintzaldia. EAEko herri administrazio eta erakundeetan euskararen erabilera normalizatzeko planetarako irizpide orokorrak» izeneko dokumentuko irizpideak betetzea.

– Jendaurreko zerbitzua ematen duten zirkuituak aztertu, jendaurreko lanpostuen mapa osatzea plan nagusia onartu eta hurrengo hilabetean, eta horiei eragitea.

– Jendaurreko langileak prestatzea, zerbitzua ematerakoan herritarren hizkuntza eskubideak berma ditzaten.

– Herritarrei harrera egiteko protokoloak prestatu edota daudenak berrikustea.

– Herritarrei adieraztea zerbitzua euskaraz emateko prestatuta dagoela Administrazioa.

– Irudia euskalduntzea hainbat arlo landuz: kartelgintza, hizkuntza paisaia, argitalpenak, interneteko webguneak eta gizarte sareak, eta abar.

– Dokumentu ereduak eta baliabide informatikoak egokitzea, euskarazko bertsioa beti eskuragarri izan dadin; hizkuntza bietan lan egiteko prestatu gabe dauden baliabideak egokitzeko egutegia egingo da.

– Administrazioarekin euskarazko harremanak izan nahi dituzten herritarrei aukera ematea nahi hori adieraz dezaten; handik aurrera Administrazioak euskarazko harremanak lehenetsiko ditu herritar horiekin izango dituen komunikazioetan.

– Euskarazko komunikazioen kalitatea bermatzea ahozkoan eta idatzizkoan.

III.1.6.2.– Bigarren helburuko neurriak.

Euskara lan hizkuntza izateko bidean aurrerapausoak egiteko, betiere euskaraz gero eta gehiago sortuz, neurri hauek garatuko dira osorik edo partez beharrizanen arabera:

– Jendaurreko arreta ematen duten zerbitzuetan eta gizarte izaerako nahiz izaera orokorreko ataletan administrazio atal elebidunak sortzea, eta, neurri apalagoan bada ere, baita euskarazko atalak ere.

– Derrigortasun data egiaztaturik duten lanpostu guztietan funtzio batzuk euskaraz betetzea, sail bakoitzak erabakitzen duenaren arabera.

– Derrigortasun datak esleitzeari dagokionez, «V. plangintzaldia. EAEko herri administrazio eta erakundeetan euskararen erabilera normalizatzeko planetarako irizpide orokorrak» izeneko dokumentuko irizpideak betetzea.

– Euskarazko zirkuituak edo atalak izan litezkeenak identifikatu eta abian jartzea, hizkuntzaren eremu guztietan euskaraz ere funtziona dezaten, barrura zein kanpora begira, eta arnasgune izaera izan dezaten: ahozkoan, idatzizkoan, bileretan eta abar.

– Euskaraz lan egiteko aukera bermatzea langileei, euskaraz lan egiteak ez dezan lan-karga handiagorik edo bestelako kalterik eragin langilearentzat, eta oztoporik izan ez dezaten euskaraz lan egiten duten langileek.

III.1.6.3.– Hirugarren helburuko neurriak.

Herri administrazioen arteko harremanetan euskaraz gehiago egin dadin, neurri hauek garatuko dira osorik edo partez beharrizanen arabera:

– Jendaurreko arreta ematen duten zerbitzuetan eta gizarte izaerako nahiz izaera orokorreko ataletan administrazio atal elebidunak sortzea, eta, neurri apalagoan bada ere, baita euskarazko atalak ere.

– Derrigortasun data egiaztaturik duten lanpostu guztietan funtzio batzuk euskaraz betetzea, sail bakoitzak erabakitzen duenaren arabera.

– Derrigortasun datak esleitzeari dagokionez, «V. plangintzaldia. EAEko herri administrazio eta erakundeetan euskararen erabilera normalizatzeko planetarako irizpide orokorrak» izeneko dokumentuko irizpideak betetzea.

– Euskarazko sareak sortzea hainbat erakundetako atalen artean; hori abian jartzeko, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak planifikatuko du zeintzuk izango diren urratsak, asmoaren berri eman, interesa duten erakundeen berri jaso eta behar diren tresnak sortu kudeaketa errazteko.

– Administrazioen arteko euskarazko sareen zabalkundea egitea.

– Erakundeen arteko akordioak bultzatzea euren arteko harremanetan euskaraz egin dezaten.

– Eusko Jaurlaritzarekin eta erakunde autonomiadunekin harremanak dituzten administrazioenganako euskarazko eskaria handitzea: dokumentazioa, bilerak, ahozko eta bestelako harremanak euskaraz izan daitezen eskatzea.

– Herri Aginteen arteko Koordinaziorako Batzordearen (HAKOBA) bitartez bideratzea besteak beste honako eginkizun hauek: informazioa trukatzea, elkarrekin lantzeko helburuak adostea eta praktika onen zabalkundea egitea.

III.1.6.4.– Laugarren helburuko neurriak.

Erakunde-ordezkarien lidergoa indartu eta euskararen normalizazioa erakunde bakoitzaren ohiko jardunean txertatzeko neurri hauek garatuko dira osorik edo partez beharrizanen arabera, betiere gunearen egoeraren eta erdietsi nahi diren helburuen arabera, eta langile eta erakunde-ordezkari guztien inplikazioa bilatuz:

– Erabilera planei buruzko informazioa eta formazioa ematea erakunde-ordezkariei eta langileei.

– Erabilera plana kudeatzeko aholkularitza ematea sailei, atalei eta erakunde autonomiadunei sail bakoitzetik edo erakunde bakoitzetik edo Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzatik.

– Erabilera planen kudeaketa hobetzea hizkuntza normalizazioko teknikarien eta erabilera planean ardura izango duten erakunde-ordezkarien prestakuntza landuz.

– Erabilera planeko batzordeak abian jarri eta funtzionamendu egokiari eustea, plangintzaldi honetarako ezarri den egitura kontuan hartuta.

– Erakunde-ordezkariak euskararen normalizazio prozesuan eredugarri izan daitezen lantzea: eguneroko jardunean, kanpo ekitaldietan eta abar.

– Erabilera planetan lidergoa lantzeko proiektu pilotuak egitea atal batzuetan.

– Erabilera planen lidergoari buruzko prestakuntza ematea.

– Erakunde-ordezkarien arteko bilkurak antolatzea, informazio eta esperientzia trukea eta elkarlana bultzatzeko.

– Bideak jorratzea, erakunde-ordezkariek langileei erraztasunak emateko euskara normalizatzeko prozesuan.

III.1.6.5.– Lehen zehar-lerrorako neurriak.

Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak aplikatzeak eragina izango du helburu orokorren betetze mailan. Zehar-lerro hau lantzeko neurri hauek garatuko dira osorik edo partez beharrizanen arabera:

– Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideen zabalkundea egitea.

– Sail bakoitzean eta erakunde autonomiadun bakoitzean landu beharreko irizpideak lehenestea.

– Irizpideen betetze mailaren jarraipen sistema antolatzea.

– Hizkuntza irizpideak betetzen ez direnean, egoera zuzentzeko sistema diseinatu eta abian jartzea (ikus Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideen atala).

III.1.6.6.– Bigarren zehar-lerrorako neurriak.

Zehar-lerro honek helburu izango du langileek eta erakunde-ordezkariek hizkuntza gaitasun handiagoa lortzea, betiere euskararen erabilera areagotzera bideratuta. Zehar-lerro hau lantzeko neurri hauek garatuko dira osorik edo partez beharrizanen arabera:

– Herri-langileek lana euskaraz egiteko behar duten trebakuntza eskura izatea, derrigortasun data duten lanpostuetan bezala ez duten horietan ere, derrigortasun data egiaztatuta edo egiaztatu gabe duten ataletan ere, betiere bere lanpostuko eginkizunen bateko edo batzuetako lan hizkuntza euskara denean. Trebakuntzarako eta prestakuntzarako lehentasuna izango dute aipatutakoek.

– Hizkuntza gaitasuna hobetzeko prestakuntza planak egitea sailetan eta erakunde autonomiadunetan guneko erabilera planaren eta plangintzaldi honetarako helburuak kontuan hartuta.

– Prestakuntza formatu desberdinak lantzea, besteak beste, aurrez aurrekoa, norbanakoaren eginkizunekin lotua, on line eta berariazko mintegiak.

– Lantegiak antolatzea, euskaraz ez dakiten langileen ulermen maila hobetzeko.

– Korredakzioa eta idazketa elebiduna lantzea.

– Prestakuntzako eskaintzaren zabalkundea egitea.

– Erakunde-ordezkarientzako ikastaroak antolatzea euren eginkizunak euskaraz egiteko prestatzeko.

– Hizkuntza gaitasuna hobetzeko baliabideak eskura jartzea, hala nola, baliabideak sortu edo dagoeneko sortuta daudenak bildu, zabalkundea egin, euskarazko softwarea lehenetsi eta erabiltzeko prestakuntza eman.

– Lanpostuei ezarritako hizkuntza eskakizunak berraztertzea, beharrezkoa denetan.

III.1.6.7.– Hirugarren zehar-lerrorako neurriak.

Langileak eta erakunde-ordezkariak euskararen erabileran eragile bihurtzeko atxikimendurako hainbat neurri garatuko dira osorik edo partez beharrizanen arabera, atalaren diagnostikoaren eta jarritako helburuen arabera:

– Saioak antolatzea, euskararekiko atxikimendua lantzeko.

– Euskararen normalizazioari eta errealitate soziolinguistikoari buruzko prestakuntza saioak ematea.

– Euskararen erabilera bultzatze aldera, jokabide proaktiboa lantzeko ekintzak antolatzea, hain zuzen ere, besteren eskaeraren zain egon beharrean norberaren ekimenez egitea euskaraz.

– Ahalduntze prozesuak abian jartzea, gaztelaniarako gaur egungo inertzia gainditzeko.

III.2.– Hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak.

Hemen jasotakoak bi hizkuntza ofizialen erabilerako jarraibideak dira. Araubide orokorra da eta prozesuaren helmuga markatzen du. Eusko Jaurlaritzako sail guztientzako eta erakunde autonomiadun guztientzako hizkuntza irizpideak finkatu nahi ditu. Irizpide orokor horiek zehazteko, ordea, sailetako eta erakunde autonomiadunetako erabilera planak garatuko dira; hor deskribatuko dira zehatz-mehatz araubide honetan modu orokorrean ezarritakoak. Erabilera plan horietan gauzatu eta gorpuztuko dira, hortaz, araubide honetako irizpide nagusiak eta planaren ebaluazioa egiten den bakoitzean irizpide hauek zenbateraino betetzen ari diren aztertuko da.

Aurreko hori guztia kontuan izanda, hauek dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta hari atxikitako erakunde autonomiadunetan aplikatuko diren hizkuntza irizpideak:

III.2.1.– Hizkuntza ofizialen erabilerari buruzko arau orokorrak.

III.2.1.1.– Erakunde-ordezkarien jarduna.

Agerraldi publikoetan nola jokatu: gai direnek, oro har, emango diote euskarazko jarduerari gutxienez gaztelaniari ematen dioten pisua, bai denborari dagokionez, bai gaiaren tratamenduari dagokionez. Nolanahi ere, hizkuntza erabilerak egokituko dira agerraldi publiko bakoitzaren helburuak eta hartzaileen hizkuntza ezaugarriak kontuan harturik. Euskaraz jarduteko erraztasunik ez dutenek ere beti egingo diote lekua euskarari agerraldi publikoetan (beren aukeren arabera, ahalik eta egokiena).

Agerraldi publikoetako hizkuntza irizpideen aplikazioari dagokionez, ahalegin berezia egingo da Legebiltzarrean eta hedabideen aurrean egiten diren mintza jardunetan. Horrela bada, aipaturiko bi esparru horietan ohikotasunez Eusko Jaurlaritzaren ordezkarien euskarazko mintza jarduna, gutxienez, gaztelaniarena adinakoa izango da.

Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren arteko batzordea eratuko da berariaz, euren arteko harremanen nondiko norakoak zehazteko.

III.2.1.2.– Eusko Jaurlaritzaren eta beraren erakunde autonomiadunen harreman komunikatiboak.

Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpide hauetan ematen dira Eusko Jaurlaritzak eta beraren erakunde autonomiadunek ahozko harremanetan, idatzizko harremanetan eta komunikazio telematikoetan erabiliko dituzten irizpideak.

III.2.1.2.1.– Ahozko harremanak.

a) Herritarrari jendaurreko zerbitzua ematen zaionean, euskarazko harrera eta jarduna bermatuko da.

Jendaurreko zuzeneko zerbitzua ematen duen langilea euskaraz zuzenduko zaio herritarrari. Ondoren, administratuak hautatzen duen hizkuntzan jarraituko du.

Sailek eta erakunde autonomiadunek aurreikusita izan behar dute protokolo bat herritarrari euskarazko harrera bermatu ezin zaion kasuetarako.

Hartzaile jakinik gabeko ahozko mezuak (entzungailu automatikoz, telefono bidez edota bozgorailuz eta abarrez emandakoak) euskaraz eta gaztelaniaz emango dira, hurrenkera horretan.

b) Herri Administrazioen arteko harremanetan, harrera euskaraz izatea bermatuko da: lehen hitza, alegia. Eta ahalegin berezia egingo dute Eusko Jaurlaritzak eta beraren erakunde autonomiadunek jarraipena ere euskaraz izan dadin, solaskidea euskal hiztuna den kasuetan. Horretarako, oinarri izango da betiere saileko edo erakunde autonomiaduneko erabilera plana, han zehaztuko baitira baliabideak eta neurriak.

c) Jaurlaritzaren eta erakunde autonomiadunaren barruko harremanetan, euskara zerbitzu hizkuntza izateaz gain, lan hizkuntza ere izango da langileen eta erakunde-ordezkarien arteko ahozko harremanetan eta eguneroko zereginetan. Horretarako, sail bakoitzaren eta erakunde autonomiadun bakoitzaren erabilera planean egongo da jasota euskaraz egingo diren jardunak eta zereginak (lan bilerak, etab.).

III.2.1.2.2.– Idatzizko harremanak.

a) Eusko Jaurlaritza edo beraren erakunde autonomiadun bat dokumentu-igorlea denean (herritarrari, beste herri administrazio bati, Eusko Jaurlaritzaren eta beraren erakunde autonomiadunen barruan), komunikazioa ele bietan egingo da, baldin eta hartzaileak berariaz hizkuntza bat aukeratzen ez badu, edo jasotzailea den Herri Administrazioarekin adostu ez bada hizkuntza jakin bat erabiltzea. Bideak jarriko dira, adostasuna oinarri izanda, euskararen erabilera sustatzeko, bai herritarrekin, bai gainerako herri administrazioekin.

Espediente edo prozedura administratiboan pertsona batek baino gehiagok hartzen badu parte eta hizkuntzaren gainean ados jartzen ez badira, espediente edo prozedura bultzatu duen pertsonak hautatzen duen hizkuntza erabiliko da. Hori bai, betiere besteen hizkuntza eskubideak errespetatuz, eta horretarako beharrezkoak diren baliabideak jarriz.

Hori horrela izanda ere, Eusko Jaurlaritzak edo beraren erakunde autonomiadunek euskaraz igorriko dituzte idatziak baldin eta egoera hauetako bat gertatzen bada:

1.– Herritarrak, beste administrazioak edo Eusko Jaurlaritzaren edo erakunde autonomiadunaren barruko kasuan kasuko langileak aldez aurretik jakinarazi badu euskarazko komunikazioa lehenesten duela.

2.– Igorlea euskarazko atala bada, edo atal elebidunen batean lan jardunen bat euskaraz egitea ebazten bada.

3.– Ohiko harremanak euskarazkoak badira; horrelakoetan, euskararen aldeko hautua egin dela ulertuko da.

b) Eusko Jaurlaritzak edo beraren erakunde autonomiadun batek dokumentua jaso eta erantzun behar duenean, honela jokatuko du (herritarrari zerbitzu ematean, beste administrazio batzuekin harremanak ezartzean eta Eusko Jaurlaritzaren edo erakunde autonomiadunaren barruan):

1.– Euskaraz jasotako idazkiari euskaraz erantzungo dio.

2.– Gaztelaniaz jasotako idatziari gaztelaniaz erantzungo dio.

3.– Ele bietan jasotakoari, oro har, ele bietan erantzungo dio.

c) Euskarazko ataletan erabiliko diren irizpideak:

1.– Euskarazko administrazio ataletan dokumentazioa hizkuntza bakarrean sortuko da, euskaraz alegia.

2.– Euskarazko administrazio ataletatik euskaraz idatzi eta bidaliko dira komunikazio administratiboak, oroitidazkiak, azterketak, txostenak eta gainerako dokumentuak administrazio honetako gainerako administrazio ataletara. Gaztelaniara itzultzeko beharra balego, administrazio atal hartzaileak eskura dituen baliabideekin gauzatuko litzateke itzulpenaren ardura.

3.– Euskarazko administrazio atalek euskaraz idatzi eta erantsiko dituzte komunikazio administratiboak, oroitidazkiak, azterketak, txostenak eta gainerako dokumentuak, era telematikoan izapidetutako espedienteetara, baldin eta administrazio honetako gainerako administrazio ataletara bidaltzen badira, Itzultzeko beharra balego, dokumentua jasotzen duen atalaren esku geratuko litzateke itzulpena.

4.– Euskarazko administrazio ataletatik euskaraz idatzi eta bidaliko dira komunikazio administratiboak hala eskatzen duten kanpoko herri administrazioetara.

III.2.1.2.3.– Komunikazio telematikoak.

Tramitazio elektronikoa, informatikoa eta telematikoa herritarrak hautatzen duen hizkuntzan egingo da: euskaraz edo gaztelaniaz.

III.2.1.2.4.– Berariaz harremanak euskaraz izan nahi dituztela adierazten duten herri administrazioekiko edo haien atalekiko harremanei dagokienez.

Sail bakoitzak edo erakunde autonomiadun bakoitzak, edo atal bakoitzak, bere erabilera plan bereziaren arabera, eta beste herri administrazioekin dituen harremanen arabera, finkatuko ditu hizkuntzen erabilerak, adostasuna oinarri.

III.2.1.2.5.– Komunikazio elebidunetan euskara nabarmentzeko neurriak.

Irizpide hauek izango ditugu kontuan testu elebidunak idazteko garaian:

1.– Kokapena: hitzak direnean, euskara aurrean edo gainean; orrialde bereko zutabeak direnean, ezkerrekoa euskararentzat; eta orrialdeka idazten denean, eskuinaldekoa euskararentzat.

Orri bakarraren alde banatan idazten bada (alde batean euskaraz, eta bestean gaztelaniaz) orria gutun-azalean sartzerakoan, gutun-azala irekitakoan euskarazkoak izan behar du irakurtzen den lehena. Triptikoak ere modu egokian tolestu eta aurkeztuko dira.

2.– Tipografia: letraren neurria eta mota ere erabil daitezke euskara nabarmentzeko; horretara, euskara letra handiagoarekin edo lodiarekin idatziko da. Testurako, bi hizkuntzetan letra zuzena (normala) erabiltzea da egokiena. Horrelakoetan, testutik kanpoko osagai komunak (hartzailearen datuak, helbideak, igortzailearen zehaztasunak...) euskaraz emango dira.

III.2.2.– Hizkuntza ofizialen erabilera eta itzulpenari buruzko irizpideak.

Euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legeak esaten duenez, Administrazioaren komunikazioak bi hizkuntza ofizialetan egin behar dira; inon ez da esaten, ordea, itzulpena nahitaezkoa denik horretarako. Nolanahi ere, euskararen egoera soziolinguistikoa dela eta, hauxe izan da azken urteotako joera: testu gehienak gaztelaniaz sortu izan dira, eta gero euskarara itzuli. Gauzak horrela egiten badira, garbi dago erdal testuak markatzen dituela maiz euskal itzulpenak izango dituen egitura, estiloa eta itxura.

III.2.2.1.– Idazketa elebiduna.

Mendekotasun hori bazter uzteko, Eusko Jaurlaritzak eta beraren erakunde autonomiadunek, ahal den neurrian, bermatuko dute administrazioko agiri elebidunak sortuko direla itzulpen zerbitzuetara sistematikoki jo gabe. Azken batean, informazioa komunikatzea da Eusko Jaurlaritzaren eta beraren erakunde autonomiadunen zeregina, bi hizkuntza-komunitate ezberdinei komunikatzea, alegia; eta horretarako ez dago itzulpenen beharrik: nahikoa da zabaldu beharreko mezua bi hizkuntzetan sortu eta ematea, betiere edukia errespetatuz, baina estiloa hizkuntza bakoitzaren ezaugarrietara moldatuta. Idazketa elebidunaren prozesu hori errazteko, sail bakoitzak eta erakunde autonomiadun bakoitzak, IVAPekin elkarlanean, baliabideak jarriko ditu bere erabilera planean ezarritakoaren arabera, besteak beste:

– Langileentzako laguntza pertsonalizatuak.

– Idazki eredu normalizatuak.

– Kontsulta zerbitzuak.

– Informatikako tresnak.

– Etab.

III.2.2.2.– Korredakzioa.

Hizkuntza ofizialak maila berean jartzeko beste bide bat korredakzioa da. Horren bidez, dokumentuak hizkuntza jakin batean idatzi, eta gero itzultzera eraman ordez, dokumentu bera bi hizkuntza ofizialetan idatziko da aldi berean; alegia, testuak, hasiera-hasieratik, bi erredaktore izango ditu, bakoitza ondoen menderatzen duen hizkuntzan espezializatua, baina elebidunak biak. Idatzi beharreko testuaren edukia eta ezaugarriak zein diren jakin ondoren, bi korredaktoreak ados jarriko dira testuaren helburu, egitura, estilo, hiztegi, testu-aipamen, tonu eta gainerakoetan. Hori eginda, korredaktore bakoitzak bere irakurleen kulturaren ezaugarrietara moldatuko du testua.

Horrela bada, Eusko Jaurlaritzak eta beraren erakunde autonomiadunek neurriak hartuko dituzte, korredakzioak arian-arian bere tokia izan dezan sail guztietan eta erakunde autonomiadun guztietan; hori bai, komunikazioaren baldintzek horretarako bide ematen badute.

III.2.2.3.– Itzulpena.

Sail bakoitzak eta erakunde autonomiadun bakoitzak zehaztuko du bere erabilera plan berezian itzulpenari eman beharreko tratamendua.

Edozein modutan ere, sailek eta erakunde autonomiadunek beteko dituzte IVAPeko Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak gai honi dagokionez emandako jarraibideak.

III.2.3.– Hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak beste zenbait jarduera esparrutan.

III.2.3.1.– Langileen prestakuntza orokorra (etengabea).

Prestakuntza bi hizkuntza ofizialetan eskainiko zaie Eusko Jaurlaritzako eta beraren erakunde autonomiadunetako langileei ahal den guztietan, eta izena ematerakoan hizkuntza aukeratu ahal izango da.

Eusko Jaurlaritzak eta beraren erakunde autonomiadunek neurriak hartuko dituzte euskarazkoen eskaintza handitu, eta gero eta ikastaro gehiago eman daitezen euskaraz, bai Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) antolatutako prestakuntza plan orokorrean, baita sailak berak edo erakunde autonomiadunak berak antolatutako saioetan ere.

III.2.3.2.– Sarrera eta irteera erregistroa.

Erregistroari lotutako aplikazio informatiko guztietan jasoko da dokumentazioa zein hizkuntzatan sartu edo irten den.

Eusko Jaurlaritzako eta beraren erakunde autonomiadunetako erregistro administratiboetan dokumentuen inskripzioa dokumentuak idatzita dauden hizkuntzan edo hizkuntzetan egingo da.

Erregistroaren inskripzioa hizkuntza ofizial batean zein bestean egonik ere, behar den guztietan ziurtatuko da inskripzioaren itzulpena, erregistroa kontsultatu nahi duen herritarraren hizkuntza hautapena errespetatzeko.

III.2.3.3.– Diru-laguntzak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusia Antolatzeko Arauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.1 artikuluaren c) hizkian xedatutakoaren arabera, diru-laguntza eta laguntzen esleipenari buruzko arauetan, horiek esleitzeko eta, hala badagokie, horien zenbatekoa finkatzeko irizpideen artean kontuan izan behar da hizkuntzaren erabilera, laguntza edo diru-laguntzaren objektuan hizkuntzaren erabilerak eragina duenean edo Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 25, 26 eta 27. artikuluetan aipatzen diren jarduera eremuetan.

Orobat, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutua onartu zuen abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 39 eta 40.4 artikuluek hizkuntza betekizun zehatzak ezartzen dizkiete euskal herri-administrazioek emandako laguntzen eta diru-laguntzen onuradunei.

Diru-laguntzak eta laguntzak esleitzerakoan, Eusko Jaurlaritzak eta beraren erakunde autonomiadunek bereziki zainduko dituzte arauetan jasotako hizkuntza irizpideak, alegia, onuradunek bete beharrekoak betetzen dituztela, eta, hala ez bada, hartu beharreko neurriak hartuko direla.

Diru-laguntza kudeatzeko eskumena duten organoek neurriak hartuko dituzte puntu honetan xedatutakoa onuradunek betetzen dutela egiaztatzeko eta hizkuntza ofizialen erabileraren zuzentasuna zaintzeko.

III.2.3.4.– Argitalpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren argitalpenak arautzen dituen apirilaren 7ko 67/1998 Dekretuko 15. artikuluaren babesean, Eusko Jaurlaritzaren eta beraren erakunde autonomiadunen argitalpenak bi hizkuntza ofizialetan plazaratuko dira, eta horietan euskarak, gutxienez, % 50 hartuko du.

Testu legal eta arau-bildumak ele bietan argitaratuko dira, eta, horretarako, Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpide hauetako III.2.2 puntuan jorratutako bideak erabiliko dira, alegia: idazketa elebiduna, korredakzioa eta, besterik ezean, itzulpena.

III.2.3.5.– Tresna eta aplikazio informatikoak.

Bi hizkuntza ofizialetan lan egiteko prestaturik egongo dira saileko eta erakunde autonomiaduneko programa informatiko komertzial edo orokorrak eta sailak berak eta erakunde autonomiadunak berak erabiltzeko berariaz sortzen dituen programa edo tresna informatikoak.

Sail bakoitza eta erakunde autonomiadun bakoitza arduratuko da, erabilera plana oinarri hartuta, hemendik aurrera sortzen diren aplikazioetan irizpide hori betetzen. Eta erabilgarri dauden programa informatikoak euskaraz lan egiteko prestaturik ez daudenean, sail bakoitzak eta erakunde autonomiadun bakoitzak egutegi bat egingo dute tresna informatiko horiek berritu, egokitu eta hizkuntza irizpide horiei lotzeko.

Xede horri begira, bertsioa elebiduna bada, euskarazkoa ez da izango gaztelaniazkoaren egokitzapen hutsa.

Programa berriak sortu edo erosi baino lehen prozesuaren hasiera-hasieratik kontuan hartuko dira aukera bakoitzaren hizkuntza ezaugarriak hizkuntza irizpide hauek betetzeari begira.

Nolanahi ere, euskarazko bertsioaren erabilera hobetsiko da derrigortasun data ezarrita izan eta dagokien hizkuntza eskakizuna egiaztatua duten lanpostuetan, eta baita, derrigortasun data izan ez arren, hizkuntza eskakizuna egiaztatu duten horietan ere.

III.2.3.6.– Internet, intranet eta gizarte sareak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak Interneten duen presentzia-eredua arautzeari buruzko ekainaren 8ko 108/2004 Dekretuko 6. artikuluaren babesean, Eusko Jaurlaritzaren eta beraren erakunde autonomiadunen eskumenean diren Internet eta intranet sareetako edukiak euskaraz eta gaztelaniaz kontsultatzeko moduan egongo dira.

Eusko Jaurlaritzaren eta beraren erakunde autonomiadunen web orrietara sartzean, euskarazko aukera lehenetsiko da hizkuntza moduan.

Internet eta intranet sareen bidez izapideak egiteko aukera ematen denean, izapide horiek euskaraz eta gaztelaniaz egiteko moduan egongo dira.

Sailaren edo erakunde autonomiadunaren web orrietan beste sail, erakunde, enpresa edo gainerakoek sortutako edukiak barneratzen direnean, bi hizkuntza ofizialak modu orekatuan erabiliko dira.

Gizarte sareetan mezuak euskaraz eta gaztelaniaz zabalduko dira. Gizarte sareen bidez herritarrei edota beste erakunde bati erantzuterakoan, horiek erabilitako hizkuntzan erantzungo da.

Eusko Jaurlaritzak egiten dituen gainerako komunikazioetan gertatzen den bezala, euskara aurretik joango da Eusko Jaurlaritzaren babespeko gizarte sareetako identitateetatik egiten diren komunikazioetan; haren ondorik gaztelaniazko mezua joango da. Tratamendu hori honelaxe gauzatuko da, esate baterako gaur egun ezagunenak diren bi gizarte sareetan:

– Facebooka: facebookean hizkuntza bietan egingo dira argitalpenak, hau da, euskaraz eta gaztelaniaz: hots, testu bat argitaratuko da hizkuntza bakoitzeko, eta komunikatu behar den edukia lehenengoz euskaraz argitaratuko da, eta haren ostean komunikatu beharreko gaztelaniazko testua azalduko da behar bezala bereizita eta banatuta.

– Twitterra: Irekiaren kasuan, kontu bi sortuko dira, bata euskararentzat eta bestea gaztelaniarentzat; betiere, gaztelaniazko kontuan gaztelania ez da izango erabiliko den hizkuntza bakarra, kontu horretatik euskaraz ere komunikazioak egingo direlako. Euskarazko kontuan, berriz, euskaraz bakarrik komunikatuko da. Facebookean ez bezala, twiterrean, argitalpena hizkuntza bakarrean joan ahal izango da, txioek ez dutelako beti behar besteko luzerarik hizkuntza bietan joateko, berean erabil daitezkeen karaktereen kopurua dela bide.

– Facebookean eta twitterrean tratamendu berbera erabiliko da, erabiltzaileak Administraziora jotzen duenean: beti erantzungo da erabiltzaileak erabilitako hizkuntzan.

III.2.3.7.– Errotulazio finkoa eta noizbehinkakoa.

Errotulazio finkoa eta noizbehinkako oharrak (askotan paperean egindakoak) euskaraz eta gaztelaniaz agertuko dira, bulego, egoitza zein lagatako lokal guztietako kanpoaldean nahiz barrualdean.

III.2.3.8.– Iragarpenak, publizitatea eta kanpainak.

Bi hizkuntza ofizialetan egingo dira sailetako eta erakunde autonomiadunetako iragarpen ofizialak eta gainerako publizitate ekintzak.

Iragarpenok euskaraz argitaratuko dira euskarazko hedabideetan.

Kanpainaren edukiak eta esloganak asmatzerakoan kontuan hartuko dira bi hizkuntza ofizialen ezaugarriak, gaztelaniaz funtzionatzen duen testuak euskaraz porrot egiten duela gerta ez dadin. Hori ekiditeko, komunikazio kanpainetarako lehiaketa publiko eta era guztietako kontratazioetan baldintza gisa eskatuko da kanpainaren mezua bi hizkuntzatan sortua izatea, hots, hizkuntza batean sorturikoaren itzulpena ez da baliozkotzat emango. Horrela, bada, ahalegin berezia egingo da euskarazko komunikazioa zaintzeko: idazki jatorrak, zuzenak, ulergarriak eta egokiak.

III.2.3.9.– Izen ofizialak.

Eusko Jaurlaritzaren eta beraren erakunde autonomiadunen organo, egitarau, proiektu, jarduera edota ekintza guztiek bi hizkuntza ofizialetan izango dute izen ofizialaren deskripzioa, hala badagokio.

III.2.3.10.– Kontratazio administratiboak.

III.2.3.10.1.– Xedea eta aplikazio eremua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomiadunetako, eta zuzenbide pribatupeko ente publikoetako kontratazio organoek nahitaez sartuko dituzte administrazio kontratuetako gutun-azaletan eta berariazko klausula administratiboen agirietan kontratuak burutzean bete behar diren hizkuntza baldintzak, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2006ko otsailaren 28an hartutako akordioaren arabera, beraz, mantentzen da indarrean dagoen legeria, alegia, berariazko klausula administratiboen agiriko gutun-azalean jaso beharrekoak, berariazko klausula administratiboen agirietako klausulak. Horrekin batera, indarrean dago kontratua gauzatzeko hizkuntza baldintzak zenbateraino bete diren ebaluatzea.

III.2.3.10.2.– Kontratazio administratiboen jarraipen eta ebaluazioaren inplementazioa.

Hizkuntza betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko jarraipena egitea kontratazioa eragin duen saileko edo erakunde autonomiaduneko Euskara Atalaren ardura izango da.

Horretarako, laguntza eta aholkularitza izango du Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzatik eskatutako datuei modu sistematikoan jarraipena egin ahal izateko eta erregistratuta geratzeko.

Saileko edo erakunde autonomiaduneko Euskara Atalaren arduradunak kontrataziorako hizkuntza betebeharren ebaluazioaren berri emango dio Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari, urteko balorazio txostenaren barruan.

Plangintzaldiaren hirugarren urtean (2015eko bukaeran) eta amaieran (2017ko amaieran) V. plangintzaldiaren ebaluazioan kontratazioari buruzko datuak ere aurkeztuko dizkio saileko edo erakunde autonomiaduneko Euskara Atalaren arduradunak Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari.

III.2.3.11.– Bilerak.

Sail bakoitzaren eta erakunde autonomiadun bakoitzaren erabilera plan berezian zehaztuko dira jarraibideak, barneko bilera formalak, kanpoko bilera formalak, bileretarako dokumentazioa, bilera horietatik sortuko den dokumentazioa eta bilerei dagozkien gainerako irizpideak. Sail guztiak eta erakunde autonomiadun guztiak saiatuko dira ahalik eta bilera gehien euskaraz egiten.

III.2.3.11.1.– Euskarri digitala.

Euskarri digitalak (proiektatzeko dokumentuak) erabiltzeko aukera dagoenean, eta aurkezpen osoa euskaraz egin ezin denean, bi hizkuntza ofizialak txandakatuko dira: ahoz gaztelaniaz esaten dena euskaraz agertuko da pantailan, eta alderantziz. Baina euskara lehenetsiko da. Dena dela, aurkezpenean azalduko diren edukiak paperean banatuko balira, norberaren aukeran utziko litzateke hautua.

III.2.3.11.2.– Aldibereko interpretazioa.

Aldibereko interpretazio zerbitzua egongo da. Aldibereko interpretazioa beharrezkoa bada, aldez aurretik ondo zehaztuko da zein izango diren erabili beharreko hizkuntzak; eta interpretazio lana behar bezala egiteko behar diren elementu materialez horniturik dagoen areto bat hautatuko da.

III.2.4.– Hizkuntza ofizialen erabilera kudeatzeko baliabideak eta tresnak

Sail bakoitzeko eta erakunde autonomiadun bakoitzeko Euskara Atalaren ardura izango da hizkuntza ofizialen erabilerari buruzko arau hauek bere esparruan ezagutzen eta betetzen direla bermatzea; hori guztia, saileko edo erakunde autonomiaduneko erabilera planean jasotakoa aintzat harturik.

Hori horrela izanda, Saileko edo Erakunde Autonomiaduneko Hizkuntza Ofizialen Batzorde Kudeatzaileak, euskararen erabilerari buruzko txostena egiten den bakoitzean, hizkuntza ofizialen erabilerari buruzko arau hauek sailean edo erakunde autonomiadunean zenbateraino betetzen ari diren jakinaraziko dio Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari.

III.3.– Administrazio atalak V. plangintzaldian.

V. plangintzaldi honetan aplikatu beharreko derrigortasun indizea % 48.46koa da, aurreko plangintzaldikoa (% 43.87koa) baino 4.59 handiagoa. Igoera horrek, gainera, badakar ondorio garrantzitsu hau: izaera orokorreko administrazio ataletan ere administrazio atal elebidunak izendatu behar dira, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 17. artikuluaren arabera, bigarren helburu mailakatutik hirugarrenera igaro baita.

III.3.1.– Atal elebidunak.

Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak jasotzen duenez, administrazio atal elebidunak dira beren zereginak bi hizkuntza ofizialetatik edozeinetan, batean zein bestean, betetzen dituztenak (15.1 artikulua).

Hirugarren helburu mailakatuan egonda, gazteriarekin zuzeneko harremanak dituzten atalez eta gizarte izaerako atalez gainera, izaera orokorreko ataletan ere atal elebidunak jarriko dira. Hori momentuan betetzen ez bada, plangintzaldi bukaerarako jarri behar dira.

1.– Baldintzak.

Elebidun izendatuko dira baldintza hauek betetzen dituzten atalak:

– Atala osatzen duten lanpostuetarik % 60tik gorakoek derrigortasun data izatea.

– Atalburu den langileak eta gainontzeko langileetarik % 60tik gorakoek euren lanpostuaren hizkuntza eskakizuna egiaztatuta izatea betiere atalburuak dagokion hizkuntza eskakizuna edo bat baxuagoa egiaztaturik baldin badu. Laugarren hizkuntza eskakizuna duten lanpostuetan, kontuan izango da langileak hirugarren hizkuntza eskakizuna egiaztatuta izatea.

2.– Atal elebidunak izendatzea.

Sail bakoitzaren eta erakunde autonomiadun bakoitzaren erabilera planean zehaztuko dira horietako bakoitzeko atal elebidunak, aipatutako irizpideei jarraituz. Atal elebidunen izendapena Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak egingo du sail bakoitzeko Euskara Atalaren proposamenari jarraiki. Hori guztiori 2014ko lehen hiruhilekoan egingo da.

III.3.2.– Euskarazko atalak.

Beste alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak jasotzen duenez, euskarazko administrazio atalak dira beren zereginak batez ere euskaraz betetzen dituztenak (15.2 artikulua).

Horri jarraiki, euskarazko atal izendatuko dira baldintza hauek betetzen dituzten atalak:

– Atalburuak eta atala osatzen duten lanpostu guztiek edo ia guztiek diharduten lanpostuetan derrigortasun data izatea.

– Atalburu den langileak eta gainontzeko langile guztiek edo ia guztiek diharduten lanpostuaren hizkuntza eskakizuna egiaztatuta izatea. Laugarren hizkuntza eskakizuna duten lanpostuetan, kontuan izango da langileak hirugarren hizkuntza eskakizuna egiaztatuta izatea.

– Zeregin gehienak euskaraz betetzea, betiere herritarrek zerbitzu hizkuntza hautatzeko duten eskubidea urratu gabe.

Euskarazko atalak izendatzea:

Sail bakoitzaren eta erakunde autonomiadun bakoitzaren erabilera planean zehaztuko dira horietako bakoitzeko euskarazko atalak aipatutako irizpideei jarraituz. Euskarazko atalen izendapena Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak egingo du sail bakoitzeko Euskara Atalaren proposamenari jarraiki. Hori guztiori 2014ko lehen hiruhilekoan egingo da.

III.4.– Hizkuntza eskakizunak eta derrigortasun datak V. plangintzaldian.

Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean (97.2 artikulua) eta apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan (7. artikulua) jasotzen denez, Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioetan dauden lanpostuetako bakoitza betetzeko eta horretan jarduteko beharrezko den gaitasun maila kontuan hartuta erabakiko da lanpostu bakoitzari zein hizkuntza eskakizun dagokion. Hizkuntza eskakizun hori egiaztatzea derrigorrezkoa ez denean –alegia, hizkuntza eskakizuna derrigortasun datarik gabea duten lanpostuetan– merezimendu gisa baloratuko da.

Bestalde, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 11.1 artikuluan ageri denez, zenbait lanposturi derrigortasun data ezarri behar zaie: «Administrazio bakoitzean eta plangintzaldi bakoitzean derrigor bete beharreko indizeak ezarriko du zein den derrigorrezko eskakizunen portzentajea, alegia, lanpostu-kopuru osoa aintzat hartuta, zenbat lanpostuk izan behar duten izendatuta derrigorrezko hizkuntza eskakizuna».

Halaber, aipatu dekretuari jarraiki, honakoa da entitate bakoitzak berari dagokion derrigorrezko indizea finkatzeko erabili behar duen formula, entitatearen jarduera eremua oinarritzat hartuta:

Euskaldunak + (IA euskaldunak/2)

«Ia euskaldunak» izendapenaren baliokide ulertu behar da «elebidun pasibo» izendatzen den herritarren multzoa.

Aipatu indizea plangintzaldi bakoitzean berrikusi behar da, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuko 11.3 artikuluan xedatuari jarraiki: «Plangintzaldi bakoitzerako indizea finkatzeko, plangintzaldia hasten denerako indarrean dagoen Erroldan edo Biztanleria eta Etxebizitza Estatistikan jasotako azken datuak erabiliko dira, betiere, herri administrazio bakoitzari dagokion jarduera esparrua kontuan hartuta».

Hori horrela, V. plangintzaldirako derrigor bete beharreko indizea Eustatek Erroldako edo Biztanleria eta Etxebizitza Estatistikako datu soziolinguistikoen arabera 2006an ofizialki emandako datuetan oinarritu behar da. Hala, EAEko indize berria % 48.46koa izango da, IV. plangintzaldiko indizea (% 43.87) baino % 4.59 handiagoa.

Bistan da derrigor bete beharreko indizea handitzeak eragina izan dezakeela euskararen erabileran, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuko 17. artikuluan finkaturiko lau tipologietako helburu mailakatuak betetzea derrigor bete beharreko indizeari zuzenean lotuta baitago. Ikuspegi horretatik, Eusko Jaurlaritza eta beraren erakunde autonomiadunak 2. helburu mailakatutik 3.era igaro dira.

III.4.1.– Derrigortasun datak: indizea eta ezarpenerako hurrenkera.

Kontuan hartzekoa da, derrigor bete beharreko indizea gutxieneko abiapuntutzat hartu behar dela, Euskal Herriko Auzitegi Nagusiaren 549/2011 epaiaren argitan. Epaiak dioenez, «(el) índice de obligado cumplimiento definido por el artículo 11.1 del Decreto 86/1997 (...) en cuanto que se trata de un módulo que fija los objetivos porcentuales mínimos en cada período del Plan de Normalización y que por lo tanto solo determina con ese carácter el límite del ejercicio de las potestades discrecionales de la Administración...».

Esan den legez, V. plangintzaldiaren hasieran Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioari dagokion derrigortasun indizea % 48.46koa da. Betiere, derrigortasun indizeari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren sail bakoitzak eta erakunde autonomiadun bakoitzak, gutxienez, EAEko Administrazio Orokorrari V. plangintzaldi honetarako dagokion derrigortasun indizea betetzera joko du.

Derrigortasun datak ezartzerakoan kontuan hartuko dira apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren laugarren kapituluko 20, 21, 22 eta 23. artikuluak, eta ezarpenerako jarraian zehaztuko diren irizpideak. Nolanahi ere, derrigortasunak ezartzeari dagokionez, irizpide nagusia izango da derrigortasunak Erabilera Planaren helburuekin zuzenean lotzea.

Derrigortasun datak ezartzerakoan uztartuko dira apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan jasotako hiru elementuok: atal elebidun eta euskarazkoen aurreikuspena, aipatu dekretuko 3. helburu mailakatua eta administrazio atalen sailkapena.

Hori guztia kontuan harturik, sailek eta erakunde autonomiadunek honako hurrenkera honi jarraituko diote derrigortasunak ezartzerakoan:

1.– Jendaurrekotasuna. Jendaurreko zuzeneko arretako lanpostuei, hala nola, Zuzenean, eta antzeko ezaugarriak dituzten zerbitzu eta postuei ezarriko zaie derrigortasun data. Eginkizun nagusi eta berezko legez herritarrari zuzeneko arreta ematea duten lanpostuak identifikatuko dira (apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan «jendaurreko» izenez deituak). Jendaurreko zuzeneko arretako lanpostu guztietan derrigortasun data ezartzea bermatuko da, Eusko Jaurlaritzaren eta beraren erakunde autonomiadunen diru eta giza baliabideak eta errealitatea kontuan hartuta. Irizpide hau da euskara zerbitzu hizkuntza gisa bermatzeko tresnarik behinena, eta hizkuntza eskubideak eraginkortasun handiagoz betetzeko bidea. Horretarako, eta plan honen ondoreetarako bakarrik, Eusko Jaurlaritzaren eta beraren erakunde autonomiadunen mapa osatuko da, eta berean zehaztu edo identifikatuko dira zuzeneko jendaurreko lanpostuak; mapa hori egingo da, plan nagusia onartu eta gehienez ere lehenengo hilabetean.

2.– Administrazio atal elebidunak.

3.– Gizarte izaerako administrazio atalak.

4.– Izaera orokorreko administrazio atalak.

5.– Herri administrazioen barruko zeharkako administrazio atalak.

6.– Hizkuntza eskakizuna egiaztatuta duten lanpostuen kopurua % 60tik gorakoa duten administrazio atalak, betiere bertako atalburuak dagokion hizkuntza eskakizuna edo bat baxuagoa egiaztaturik baldin badu.

7.– V. plangintzaldiaren barruan erretiroa har dezaketen langileek betetako lanpostuak, betiere, ordea, aurreko irizpideak aplikagarri zaizkienean. Etorkizunerako berme moduan proposatzen da irizpide hau, aplikazio orokorrekoa izan dadin.

8.– Adinagatik salbuetsita dauden langileek betetako lanpostuak, betiere, ordea, aurreko irizpideak aplikagarri zaizkienean. Etorkizunerako berme moduan proposatzen da irizpide hau, aplikazio orokorrekoa izan dadin.

9.– Hizkuntza eskakizuna derrigortasun datarik gabe duten lanpostu ugari dira hizkuntza eskakizuna egiaztatua duten titularrek beterik daudenak. Kasu horietan ere, herritarrekiko harremanak direnean lanpostuaren eginkizunen funtsa edo lanpostuak zeharkakoak direnean edo % 60 lanpostutik gora hizkuntza eskakizuna egiaztaturik duten administrazio ataletakoak direnean, derrigortasun data jarriko da. Aurreko bi kasuetan bezala, batez ere etorkizunerako berme moduan proposatzen da irizpide hau.

III.4.2.– Hizkuntza eskakizunak berraztertzea.

Erabilera plan honen helburuak betetzeko zutoinetariko bat lanpostuen hizkuntza eskakizunak dira. V. plangintzaldian lanpostuek izango dituzten hizkuntza eskakizun eta derrigortasun datak 2014ko lehenengo hiruhilekoan finkatuko dira prozedura honi jarraiki:

– Sail bakoitzak bere baitako lanpostuen hizkuntza eskakizun eta derrigortasun data berretsi eta/edo aldatzeko proposamena egingo du.

– Sail guztien eta erakunde autonomiadun guztien proposamena kontuan hartuz, Funtzio Publikoko Sailburuordetzak lanpostu guztiei dagokien proposamen orokorra egingo du.

– Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak egingo du legediaren arabera dagokion agindutako txostena.

III.5.– Metodologia.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Eusko Jaurlaritzako sailentzat eta erakunde autonomiadunentzat V. plangintzaldi honetarako proposatutako metodologia IV. plangintzaldirako proposatutakoa da, esperientziak emaniko ekarpenez aberastuta.

III.5.1.– Metodologiaren ezaugarriak.

Honako hauek dira metodologia honen ezaugarri nagusiak:

– Diagnosi kuantitatibo eta kualitatibo batetik abiatzen da.

– Helmugatzat eta gidaritzat ditu Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak (ikusi III.2 atala).

– Euskaraz «zer» eta «nola» egiten hasi behar duen esaten zaie Administrazioko erakunde-ordezkariari eta langileari.

– Helburuak lortzeko metodologia da, emaitzetara bideratuta.

– Metodologia bera ez da helburua, tresna baizik, euskara, gaztelaniarekin batera, Administrazioko hizkuntza izan dadin.

– Metodologia bateratua da, sail guztiak eta erakunde autonomiadun guztiak bide bertsutik jartzeko modukoa. Bide bertsutik, baina malgutasunez, izan ere, sail bakoitzaren eta erakunde autonomiadun bakoitzaren abiapuntua desberdina da (langileen kopurua, baliabideak, hizkuntza egoera...), eta, alde horretatik, desberdina izango da proiektuaren kudeaketa ere.

– Helburu bakoitzak adierazleak izango ditu. Neurketa ahalbidetzen da, alegia, badago jakiterik sail bakoitzak eta erakunde autonomiadun bakoitzak zenbat egiten duen aurrera.

– Badu antolakuntza egitura bat, hiru batzordetan gauzatzen dena; hauexek dira gorenetik hasita (ikus III.6 atala): Hizkuntza Ofizialen Batzorde Iraunkorra, sailetako eta erakunde autonomiadunetako hizkuntza ofizialen batzorde kudeatzaileak eta Hizkuntza Normalizazioko Teknikarien Batzordea. Betiere, horretaz gain, planaren eraginpeko zuzendaritza mailako batzordeak eta langileen lantaldeak ere sortu dira, euren iritziak jaso eta aintzat hartu ahal izateko.

Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak oinarri eta helmugatzat harturik, sail bakoitzak eta erakunde autonomiadun bakoitzak zehaztu behar du zein helburu orokor garatuko dituen, eta helburu horien betetze maila neurtzeko adierazleak markatu, betiere V. plangintzaldian ezartzen diren helburu orokorrak lortzeko bidean jarrita. Horrela jakingo da, beraz, egoera zein den eta zer lortu nahi den, eta, Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideei eta plangintzaldi honetarako helburu orokorrei jarraituz, baita noraino heldu nahi den ere plangintzaldiaren amaieran. Aurrera egiteko, gainera, zehaztu beharra dago nola lortuko diren helburuak, alegia, zein estrategia eta baliabide erabiliko diren, eta, batez ere, zein ekintza plan jarriko den abian, helburuak lortzeko. Hori guztia egiteko, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sail guztietako eta erakunde autonomiadun guztietako Euskara Atalen eskuetan neurrien eta adierazleen katalogo bat jarriko du, haiek irizpide orokorrak, eta plangintzaldiko helburu orokorrak eta zehar-lerroak euren errealitatearen arabera egoki ditzaten.

Metodologia honen aplikazioari buruzko xehetasunak, jarraibideak, baliabideak eta euskarriak Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eskainiko dizkie sailei eta erakunde autonomiadunei.

III.5.2.– Metodologiaren urratsak.

Hauek dira metodologiaren urratsak, sail bakoitzean eta erakunde autonomiadun bakoitzean euskararen erabilera normalizatzeko planak garatzeko:

1.– Sail bakoitzaren eta erakunde autonomiadun bakoitzaren egoeraren diagnosia egin behar da informazio bilketaren bidez (kuantitatiboa eta kualitatiboa). Egoeraren diagnosia egiteko jarraibide, metodo eta euskarri zehatzak Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eskuratuko dizkie sailetako eta erakunde autonomiadunetako hizkuntza ofizialen batzorde kudeatzaileei.

2.– Plangintzaldi osorako erabilera plana definitu behar da (plangintzaldi osoa hartzen du, 2013ko urtarriletik 2017ko abendura):

2.1.– Helburuak finkatu.

Lan hau egiteko kontuan hartuko dira gunearen diagnostikoa, Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak eta V. plangintzaldirako ezarritako helburu orokorrak.

2.2.– Adierazleak ezarri.

Erabilera planak zenbateraino betetzen diren eta plangintzaldi honetako helburuen betetze maila zenbaterainokoa den jakiteko, adierazleak definitu eta neurtuko dira. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak proposatuko ditu hainbat adierazle, lehen adierazitakoen ildotik. Hala ere, sail bakoitzak eta erakunde autonomiadun bakoitzak, bere plana adosterakoan, kendu, erantsi, moldatu eta egokitu egingo ditu proposamen horiek bere beharren arabera.

2.3.– Estrategiak deskribatu.

Ezarritako helburuak lortzeko definitzen diren lan ildoak dira estrategiak. Helburuetara heltzeko bidea adierazten dute.

2.4.– Urtez urteko kudeaketa plana diseinatu.

Estrategiak aurrera eramateko eta helburuak lortzeko, urterako ekintza plana diseinatu behar da. Urte horretan abian jarriko diren jarduera guztien aurreikuspena jasoko du ekintza planak. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak ekintzak ere proposatuko ditu, baina sail bakoitzak eta erakunde autonomiadun bakoitzak bere planari egokitu beharko dizkio.

3.– Plana gauzatu eta kudeatu.

Plangintzaldi honetarako sortutako egiturek izango dute plana gauzatu eta kudeatzeko ardura, bakoitzak bere eremuan, betiere Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren koordinaziopean. Sail bakoitzean eta erakunde autonomiadun bakoitzean diseinatzen den planaren araberakoa izango da atal bakoitzeko esku-hartzea.

4.– Planaren jarraipen eta ebaluazioa egin.

Sail bakoitza eta erakunde autonomiadun bakoitza arduratu beharko da planaren jarraipena eta ebaluazioa egiteaz. Jarraipenak eta ebaluazioak bide eman behar du helburuak berrikusteko, estrategia eta ekintza berriak planteatzeko, eta horrela, urtez urte, sailetako eta erakunde autonomiadunetako erabilera planak definitzen joateko. Planaren ebaluazioa egiteko, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak zertifikazio sistema sortuko du, planaren jarraipena modu eraginkorrean egin ahal izateko, eta emaitzen arabera aitorpena egiteko.

Horretaz gain, urte bakoitzaren amaieran urteko balorazio txostena prestatu beharko dute sail guztiek eta erakunde autonomiadun guztiek urte horretako planaren ebaluazioa egiteko eta hurrengo urterako proposamenak jasotzeko. Txosten hori Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari bidaliko zaio, honek txosten bateratua presta dezan Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ofizialen Batzorde Iraunkorrari aurkezteko. Plangintzaldiaren hirugarren urtean (2015eko bukaeran) eta amaieran (2017ko amaieran) V. plangintzaldiaren ebaluazioa egingo du Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak herri administrazio guztietako informazioarekin, eta horri buruzko txostenak aurkeztuko dizkie Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluari eta Legebiltzarrari. Ebaluazioko txostenen edukiari buruzko jarraibideak emango ditu Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Dena den, informazio kuantitatiboa zein kualitatiboa erabiliko da, eta helburuen betetze maila eta aurreikusitako ekintzen burutze maila aztertuko dira.

V. plangintzaldiaren epea agortu aurretik, 2017ko abendua baino lehen, eta plangintzaldi berrirako erabilera plana lantzeari begira, ezinbestekoa izango da plangintzaldiko emaitzei erreparatzea: zein zen hasierako egoera, zerk egin duen huts, zer hobetu behar den, zerk funtzionatu duen eta abar. Hausnarketa prozesu bat antolatuko da sail bakoitzean eta erakunde autonomiadun bakoitzean Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren gidaritzapean. Prozesu horretan parte hartuko dute plangintzaldian estrategikoak izan diren gune horretako pertsona guztiek, egindakoak baloratzeko eta aurrera begirakoak zehazteko.

III.5.3.– Komunikazioa.

Plana bera zein planaren urrats guztietan planeko eragileekiko, langile zein erakunde-ordezkariekiko, komunikazioa bereziki zaindu behar da. Hain zuzen ere, ondo planifikatu beharreko atala da komunikazioarena, eta plan guztiek zehaztu beharko dute noiz, zer, norekin eta nola komunikatuko den. Beraz, sail guztiek eta erakunde autonomiadun guztiek erabilera planerako komunikazio plana izan beharko dute eta komunikazio ekintzen programazioa zehaztu beharko dute. Izan ere, IV. plangintzaldiko ebaluazioan komunikazio plan egokiaren beharra azpimarratu da behin eta berriro. Planeko eragile guztiek, langile zein erakunde-ordezkariek, planaren jakitun egon behar dute, eta erabilera planetik bideak jarri behar dira eragileon ekarpenak jasotzeko. Beraz, komunikazio lana ez da soilik informazioa ematera mugatuko, eta harremanak erraztu eta konfiantza giroa sortzeko ahaleginak egingo dira, erabilera plana erakargarria izan dadin, eta lankidetza eta elkarlana bultzatzeko. Erabilera planak jasotzen dituen helburuen arrakastarako gako bihur daiteke komunikazio plan egoki bat.

III.5.4.– Parte-hartzaileak.

Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuko 17. artikuluak zehazten ditu herri administrazioek gutxienez bete beharreko helburuak, erakundeak nahitaez bete beharreko indizearen bitartez. Horrela, % 45etik % 70era bitarteko indizea duen erakundeak (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta beraren erakunde autonomiadunen kasua, % 48.46ko indizea baitauka), honako betebeharrak izango ditu derrigor:

1.– Jendaurreko administrazio ataletan atal elebidunak ezartzea.

2.– Gazteriarekin zuzeneko harremanak eta ohikoak dituzten ataletan administrazio atal elebidunak ezartzea.

3.– Gizarte izaerako administrazio ataletan atal elebidunak ezartzea.

4.– Izaera orokorreko administrazio ataletan administrazio atal elebidunak ezartzea.

Erabilera planetan parte hartuko dute aurrean aipatutako ataletako kideek, bai eta hizkuntza eskakizuna derrigorrezkoa izanik bera egiaztatzen duten guztiek. Horiek ez ezik, aukera izango dute hizkuntza eskakizuna derrigorrezkoa izan gabe bera egiaztatuta dutenek ere, euren borondatez horrela nahi izanez gero.

III.5.5.– Lehentasun komunikatiboak.

Erabilera plana ezartzen ari den ataleko langileek gauzatzen dituzten lan jardunen izaera komunikatiboa zehaztuko da azterketa komunikatiboaren bidez. Horrela erabaki ahal izango da nork bere sailean edo erakunde autonomiadunean V. plangintzaldiak ezartzen dituen helburuak erdiesteko zein neurri aplikatu langilez langile.

Horregatik, eta erabakitzeko zein izango diren helburuekin zuzeneko lotura duten komunikazioak, sailetako edo erakunde autonomiadunetako hizkuntza ofizialen batzorde kudeatzaileek aztertu beharko dituzte komunikazio horietako lan jardun nagusiak, eta horiek betetzen dituzten atalak eta beraietako langileak, baita lan jardun horietako bakoitzean gauzatzen diren ahozko eta idatzizko komunikazio esanguratsuenak ere.

Azterketa komunikatiboa garatzean, lehentasuna izango dute plangintzaldi honetarako ezarri diren helburu orokorrekin eta sailaren edo erakunde autonomiadunaren erabilera planarekin zuzeneko lotura daukatenek. Gainera, lehenetsi egingo dira eragin handiko komunikazioak ere, alegia, maiztasun handikoak, zabalkunde handikoak, idazki askotarako oinarri direnak, aplikazio informatikoetan sartuko direnak eta irudi korporatiboan eragina dutenak.

Sailetako eta erakunde autonomiadunetako hizkuntza ofizialen batzorde kudeatzaileek egin beharreko azterketa komunikatibo honek lagunduko du zehazten zein hurrenkeratan garatuko diren erabilera planean lehenetsitako komunikazioak.

Azterketa komunikatiboak bide emango du, gainera, sailaren edo erakunde autonomiadunaren barruan hizkuntza eskakizunen egokitasunari buruzko eta derrigortasun datak jartzeari buruzko proposamena egiteko.

Horretaz gain, azterketa komunikatiboak erakutsiko du bidea, sailetako eta erakunde autonomiadunetako erabilera planetan adostutako hainbat ekintzatan aurrera egiteko: zirkuitu komunikatiboen norabideak azaleratuko dira, jakingo da zein diren moldatu eta gaurkotu beharreko idazki ereduak, zehatz jakingo da zein den langileen hizkuntza prestakuntza beharra.

Edozein kasutan ere, azterketa komunikatibo hori modu errealistan egingo da, helburuak garatzeko balioko duen metodoa izango da, eta ezinezkorik ezarri gabe, jardunbideen norabidea, harreman sarea eta zeharkakotasuna bere osoan ondo begiratuta, euskararen katea eten ez dadin.

III.5.6.– Plan nagusiaren jarraipena eta ebaluazioa.

Eusko Jaurlaritzan euskararen erabilera normalizatzeko plan nagusiaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko arduradun nagusia Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ofizialen Batzorde Iraunkorra da. Langintza horretarako informazioa Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bilduko du.

Ebaluazioak hiru epealdi hauek izango ditu:

– Urtez urteko ebaluazioa: urte bakoitzeko neurrien betetze maila jasotzen duen ebaluazio txostena egingo da.

– Tarteko ebaluazioa: plangintzaldiaren erdialdean, 2015eko amaieran, helburuen eta neurrien betetze mailaren egoera jasoko da.

– Amaierako ebaluazioa: 2017ko amaieran planaren betetze maila zenbatekoa izan den aztertuko da.

Ebaluazioak alderdi kualitatiboa eta alderdi kuantitatiboa jasoko ditu. Helburuen eta zehaztutako neurrien betetze maila aztertzeko, plan nagusi honetan definitu diren adierazleak erabiliko dira. Horiez gain, sail bakoitzaren eta erakunde autonomiadun bakoitzaren erabilera planetan zehaztutakoak ere kontuan hartuko dira.

Tarteko eta amaierako ebaluazioetan herri administrazio guztietako informazioa jasoko da. Informazio horrekin osatutako txostenak Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluari eta Legebiltzarrari aurkeztuko dizkie Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak.

Ebaluazioak behar bezala egin ahal izateko, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak adierazle sistema eta hori elikatzeko informazioa biltzeko sistema garatuko ditu plangintzaldi honetan zehar.

III.6.– Antolakuntza egiturak eta baliabideak.

III.6.1.– Antolakuntza egiturak.

Plangintzaldi honetan beharrezko antolakuntza egitura batzuk aurreikusten dira, sailetako eta erakunde autonomiadunetako erabilera planek aurrera egin dezaten. Atal honetan azaltzen diren batzordeetan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 23. artikuluaren arabera, kide izateko pertsonak izendatzerakoan, izendatutakoen artean trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadila sustatuko da.

III.6.1.1.– Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ofizialen Batzorde Iraunkorra.

Jaurlaritza mailako jarraipenerako organo gorena izango da, eta proiektu osoaren ardura izango du.

Partaideak:

– Batzordeburua: Hizkuntza Politikarako sailburuordea.

– Batzordeburuordea: Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria.

– Idazkaria: Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzako Hizkuntza Plangintzako arduraduna, Administrazio Orokorraren ardura duena.

– Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzako Hizkuntza Plangintzako arduraduna, gainerako herri administrazioen ardura duena; idazkari lanak egingo ditu, aurrekoa ez dagoenetan.

– Erabilera Plan Nagusiaren idazkaritza teknikoaren ordezkaria.

– Sailetako eta erakunde autonomiadunetako hizkuntza ofizialen batzorde kudeatzaileetako ordezkari bana (sailetako eta erakunde autonomiadunetako Euskara Atalen erakunde-ordezkariak).

– IVAPeko zuzendaria.

– Funtzio Publikoko zuzendaria.

– Langileen Batzordeko ordezkari bat.

Hizkuntza Politikarako sailburuordeak deituta batzartuko da Batzorde Iraunkorra, gutxienez, urtean behin, lehen hiruhilekoan, eta, besteak beste, eginkizun hauek izango ditu.

– Urtero-urtero Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sailetako eta erakunde autonomiadunetako hizkuntza ofizialen batzorde kudeatzaileek emandako informazioan oinarrituta egindako urteko txostena aztertu eta baloratzea.

– Sail guztiei eta erakunde autonomiadun guztiei eragiten dieten erabakirik estrategikoenak hartzea.

– Planak aurrera ateratzeko sor daitezkeen eragozpenak gainditzen laguntzea.

III.6.1.2.– Saileko eta Erakunde Autonomiaduneko Hizkuntza Ofizialen Batzorde Kudeatzailea.

Eusko Jaurlaritzako sail guztiek eta erakunde autonomiadun guztiek izango dute Hizkuntza Ofizialen Batzorde Kudeatzaile bana, euren erabilera plana aurrera eramateko. Batzordekide nor izango diren sailak berak edo erakunde autonomiadunak berak erabaki behar du, baina egokia izango litzateke, sail guztien eta erakunde autonomiadun guztien homogeneotasunaren mesedetan, honela osatzea.

Partaideak:

– Batzordeburua: Euskara Atalaren zuzendaria.

– Idazkaria: batzordeburuak izendatutakoa.

– Unean-unean ekintzak lantzea dagokien ataletako zuzendari eta zerbitzuburuak.

– Saileko edo erakunde autonomiaduneko Euskara Ataleko hizkuntza normalizazioko teknikaria.

– Unean-unean ekintzak lantzea dagokien ataletako langileen ordezkari bat.

– Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako ordezkari bat.

– IVAPeko ordezkari bat.

– Sail bakoitzak edo erakunde autonomiadun bakoitzak horrela erabakitakoak.

– Erabilera Plan Nagusiaren idazkaritza teknikoaren ordezkaria.

Erabilera plan hauetan nabarmena da Saileko edo Erakunde Autonomiaduneko Hizkuntza Ofizialen Batzorde Kudeatzailearen garrantzia; izan ere, harena da, nagusiki, erabilera planaren erantzukizuna: hartzen dituzten erabakien araberakoa izango da euskarak sailean edo erakunde autonomiadunean izango duen isla. Ondoren azalduko den lan prozedura proposatzen da Saileko edo Erakunde Autonomiaduneko Hizkuntza Ofizialen Batzorde Kudeatzailerako.

Sailetako eta erakunde autonomiadunetako hizkuntza ofizialen batzorde kudeatzaileak urtean bitan batzartuko dira, gutxienez: lehenengoan, erabilera planen gaineko erabaki estrategikoenak hartuko dituzte; eta, bigarrenean, urte amaieran, urteko balorazio txostena prestatuko dute, autoebaluaziorako bide emango diena.

Horiek horrela izanik, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak lan bikoitza izango du: batetik, plangintzaldiko urte bakoitzaren amaieran sailetako eta erakunde autonomiadunetako hizkuntza ofizialen batzorde kudeatzaileek bidalitako balorazio txostenak bildu, Eusko Jaurlaritzaren txosten orokorra osatu eta Batzorde Iraunkorrari aurkeztu; eta, bestetik, plangintzaldiaren erdian (2015) eta amaieran (2017) herri administrazio guztietako balorazioak jaso (apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 2. artikuluak ezartzen duen esparrua) eta V. plangintzaldiari dagokion balorazio txosten orokorra egin, Jaurlaritzaren Kontseiluari, Legebiltzarrari eta gizarteari oro har, euskararen erabilera herri administrazioetan zertan den jakinarazteko.

Saileko edo erakunde autonomiaduneko Zerbitzu zuzendariak deituta batzartuko da Hizkuntza Ofizialen Batzorde Kudeatzailea, eta, besteak beste, eginkizun hauek izango ditu:

– Euskararen egoeraren diagnostikoa onarturik, sailerako edo erakunde autonomiadunerako erabilera plana onartu eta urterako ekintza plana prestatu eta onartzea urtero lehen bihilekoan.

– Premia badago, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari proposatzea saileko edo erakunde autonomiaduneko lanpostuetako hizkuntza eskakizunei dagozkien aldaketak edo egokitzapenak.

– Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari derrigortasun data berriak jartzeko proposamena egitea, txosten honetan ezarritakoaren arabera.

– Plana kudeatu eta horren jarraipena egitea.

– Urtero, urte amaieran balorazioa egin, txostena osatu eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari bidaltzea.

– Urtez urte beharrezko jarraipena eta egokitzapenak egitea, saileko edo erakunde autonomiaduneko erabilera planaren arrakasta ziurtatzeko.

– Sailean edo erakunde autonomiadunean euskararen erabilerak gora egin dezan beharrezko diren baliabideak eta neurriak hartu eta gauzatzea.

– V. plangintzaldiaren erdialdean (2015eko bukaeran) eta amaieran (2017ko bukaeran): herri administrazio guztietan (apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 2. artikuluak ezartzen duen esparruan) euskararen erabilerari jarraipena egiteko beharrezko datuak eskuratzea Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari.

III.6.1.3.– Hizkuntza Normalizazioko Teknikarien Batzordea.

Euskararen normalizaziorako metodologia lantzeko gunea izango da, tokian tokiko esperientziak elkarren artean trukatzeko balio duena.

Partaideak:

– Batzordeburua: Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria.

– Idazkaria: batzordeburuak izendatutakoa.

– Erabilera Plan Nagusiaren idazkaritza teknikoaren ordezkaria.

– Sail bakoitzeko eta erakunde autonomiadun bakoitzeko Euskara Ataleko hizkuntza normalizazioko teknikari bat.

– Sailetako kanpo-aholkulari teknikoak.

– Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzako Hizkuntza Plangintzako arduraduna, Administrazio Orokorraren ardura duena.

– Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzako Hizkuntza Plangintzako arduraduna, gainerako herri administrazioen ardura duena.

– Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzako teknikari bat.

– IVAPeko ordezkari bat.

Batzordeko idazkariak edo edozein kidek proposatuta batzartuko da hilean behin Hizkuntza Normalizazioko Teknikarien Batzordea, eta eginkizun hauek izango ditu:

– Helburu eta neurriak erdiesteko metodologia aztertu eta ekarpenak egitea.

– Esperientzien eta praktika onen arteko trukea bultzatu eta modu bateratuan jarduteko metodologiaren zabalkundea egitea.

– Urtez urteko eta tokian tokiko kudeaketa planeko neurrien inplementazioa bideratzea.

III.6.1.4.– Besterik.

Eusko Jaurlaritzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan Nagusiaren eta sailetako planen kudeaketa eta jarraipenerako beharrezko jotzen diren lantalde berariazkoak sortuko dira unean uneko beharrizanei erantzuteko helburuarekin. Iraunaldi jakin bat izango duten lantalde horien osaera dagokion saileko Euskara Atalaren arduradunak erabakiko du. Beharrezkoa denean, lantalde horietan parte hartuko du saileko edo erakunde autonomiaduneko berdintasun teknikariak.

III.6.2.– Baliabideak.

Eusko Jaurlaritzaren sail bakoitzaren eta erakunde autonomiadun bakoitzaren erabilera planek aurrera egin dezaten, beharrezkoak izango dira giza baliabideak eta baliabide materialak. Hiru izango dira baliabideen hornitzaileak, betiere bakoitzari dagozkion funtzioen arabera: Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, IVAP eta saileko edo erakunde autonomiaduneko Euskara Atala.

III.6.2.1.– Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren ardura izango da Administrazio Orokorrean eta beraren erakunde autonomiadunetan euskararen erabilerak aurrera egitea modu homogeneoan: sail guztiak eta erakunde autonomiadun guztiak bide beretik eta era bateratuan. Jakina da sail bakoitzaren eta erakunde autonomiadun bakoitzaren abiapuntua desberdina dela, hala ere, V. plangintzaldirako erakunde osorako helburu orokorrak jarri izanak, diagnosi bera erabili izanak, metodologia bera erabili izanak eta jarraipenerako irizpide berak izateak batasuna, koherentzia eta efikazia ematen dizkiote proiektu osoari. Horregatik bada, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eginahal guztiak, hau da, giza baliabideak eta materialak, ikuspegi orokor horretatik abiatuta hedatuko dira: diagnosia, metodologia (helburu orokorrak, helburu zehatzak, adierazleak, ekintza plana, jarraipenerako balorazio txostenak), erabilera plana kudeatzeko aplikazioa, eta aholkularitza bera ere bai.

Bestalde, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza arduratuko da sail guztiei eta erakunde autonomiadun guztiei eragiten dieten ekintzak aurrera eramateaz; batez ere, komunikazioaren eta sentiberatzearen arlokoak direnean, adibidez, tresna informatikoen eretzean, ordenagailuak euskaraz konfiguratzeko kanpainak, euskaraz lan egiteko tresna informatikoen zabalkundea eta abar egingo dira.

Halaber, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza arduratuko da sail bakoitzean eta erakunde autonomiadun bakoitzean erabilera planak diseinatu eta abian jar daitezen beharko diren hastapeneko urratsetan laguntza emateaz, sailetako eta erakunde autonomiadunetako Euskara Atalekin koordinatuta.

III.6.2.2.– IVAP.

IVAP bere egitura eta eginkizunak arautzen dituen dekretuak ezartzen duenaz arduratuko da (urriaren 16ko 200/2012 Dekretua), eta horretarako neurriak hartuko ditu. Ardura horien artean, besteak beste, honako hauek daude: langileen hizkuntza prestakuntza orokorra, berariazkoa eta trebakuntza; hizkera administratiboa eta juridikoa; itzulpengintza, interpretazioa eta terminologia.

Ikuspegi horretatik, langileei eskainiko zaizkien itzulpengintza eta zuzenketa zerbitzuak, euskararen erabilerak aurrera egin dezan, aztertu, koordinatu eta arrazionalizatuko dira. Horiek lotura dute diagnosiarekin, baina, bestalde, badira langileen eskura jarri behar diren tresnak, erabilera sustatuko badugu. Horiez gain, on line esparruan eskaintzen diren kontsulta zerbitzuak eta bestelako argitalpenak eskaini eta eratuko dira. Batzuetan saileko edo erakunde autonomiaduneko Euskara Atalak eskainitakoak izango dira, besteetan, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) prestakuntzarekin loturikoak.

III.6.2.3.– Eusko Jaurlaritzaren sailetako Euskara Atalak.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu zituen, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren hamargarren xedapen gehigarrian jasotzen den bezala, sail bakoitzak Euskara Atalak baliatuko ditu.

Dekretu horrek ezartzen duenari jarraiki, Euskara Atalek Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren gidaritzapean jardungo dute euren sailetako eta erakunde autonomiadunetako erabilera planak garatzeko lanetan. Zehazki, abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren hamargarren xedapen gehigarriak honela dio: «Euskararen erabilera bultzatzeko politika administrazioaren jardunean zeharkako politika izan dadin eta dagokion ardatz-gune izan dadin, Lehendakaritzak eta sail guzti-guztiek euskara atal bat sortuko dute beren egitura organiko eta funtzionalean, politika publikoetan eta kudeatzen dituzten administrazio-gai guztietan euskara bultzatzen lagundu dezan, hizkuntza-politikaren alorrean eskumena duen organoaren irizpideei jarraituz».

Euskara Atalak izango dira euren eremuan euskararen erabilera plana diseinatzeko, inplementatzeko eta jarraitzeko neurriak hartzeko zutoin nagusiak. Sailak eta erakunde autonomiadunak arduratuko dira beharrezko diren giza baliabideak eta baliabide materialak jartzeaz, Hizkuntza Ofizialen Batzorde Kudeatzailea epean sortzeaz, eta planaren garapenerako eman behar diren urrats guztiak emateaz.

Ekintza horiek aurrera eramateko izango dute sailetako eta erakunde autonomiadunetako Euskara Atalak Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntza (III.6.2.1) eta IVAPen parte-hartzea (III.6.2.2).

ERANSKINA: SOZIETATE PUBLIKOAK ETA ZUZENBIDE PRIBATUKO ERAKUNDE PUBLIKOAK

A) Eragin eremua.

Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriak honela dio:

«Laugarren xedapen gehigarria.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioei lotuta egonik zerbitzu publikoak eskaintzen dituzten elkarte publiko zein zuzenbide pribatuko erakunde publikoek, nahi eta nahi ez euskara eta gaztelaniaren erabilera bermatu beharko dute herritarrekin zuzeneko harremanak dituzten zerbitzuetan.

2.– Helburu hori betetzeko, elkarte publiko zein zuzenbide pribatuko erakunde publiko horiek, dekretu honetan ezarritako irizpideak erabilita, erakundeetako bakoitzean ezarri beharreko helburuak zein izango diren aztertu eta helburu horiek benetan bete daitezen hartu beharreko neurriak hartuko dituzte. Ondoren, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari emango diote horren berri, dekretu honen 7. artikuluan ezarritakoari jarraituz».

Eragin eremuaren barruan dauden entitateei dagokienez, atal honen barruan sartzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren sektore publikoko entitate guztiak: sozietate publikoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, fundazioak eta partzuergoak.

Honenbestez, V. plangintzaldi honetan ondorengo hauek dira eragin eremuan sartzen diren entitateak:

1.– Lehendakaritza Sailari atxikitakoa:

a) Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia, zuzenbide pribatuko erakunde publikoa.

2.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari atxikitakoak:

a) Energiaren Euskal Erakundea (EEE/EVE), zuzenbide pribatuko erakunde publikoa.

b) Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SA (SPRI), sozietate publikoa.

c) Basquetour Turismoaren Euskal Agentzia SA, sozietate publikoa.

d) Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea AB (Neiker SA), sozietate publikoa.

e) Hazi Fundazioa, sektore publikoko fundazioa.

f) Elika Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioa, sektore publikoko fundazioa.

3.– Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikitakoak:

a) Euskadiko Etxebizitza eta Lurra EA (Visesa), sozietate publikoa.

b) Alokabide SA, sozietate publikoa.

4.– Ogasun eta Finantza Sailari atxikitakoak:

a) Finantzen Euskal Institutua, zuzenbide pribatuko erakunde publikoa.

b) Itelazpi SA, sozietate publikoa.

c) Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea SA (Ejie), sozietate publikoa.

5.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikitakoak:

a) Euskadiko Orkestra SA, sozietate publikoa.

b) Euskal Irrati Telebista (EITB), zuzenbide pribatuko erakunde publikoa.

c) Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia, zuzenbide pribatuko erakunde publikoa.

d) Etxepare Euskal Institutua, zuzenbide pribatuko erakunde publikoa.

e) Euskadi Kirola Fundazioa, sektore publikoko fundazioa.

f) Euskal Herriko Gazte Orkestra Fundazioa, sektore publikoko fundazioa.

g) Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia, sektore publikoko fundazioa.

h) Haurreskolak partzuergoa, EAEko sektore publikoko partzuergoa.

6.– Osasun Sailari atxikitakoak:

a) Berrikuntza eta Ikerketa Sanitariorako Euskal Fundazioa, sektore publikoko fundazioa.

b) Zahartzeari buruzko Ikerketa Zentro Nazionala, sektore publikoko fundazioa.

7.– Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari atxikitakoak:

a) Euskal Trenbide Sarea, zuzenbide pribatuko erakunde publikoa.

b) Uraren Euskal Agentzia, zuzenbide pribatuko erakunde publikoa.

c) Eusko Trenbideak SA, sozietate publikoa.

d) Euskotren Participaciones SA, sozietate publikoa.

e) Euskadiko Kirol Portua SA, sozietate publikoa.

f) Ihobe SA, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa, sozietate publikoa.

B) Entitate hauen betebeharrak.

Bi dira nagusiki hizkuntza arloaren eretzean entitate hauen betebeharrak ezartzen dituzten arauak: apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duena, eta abenduaren 22ko 6/2003 Legea, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutua onartu zuena.

Alde batetik, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak laugarren xedapen gehigarriaren bitartez eragiten die.

Beste alde batetik, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutua onartu zuen abenduaren 22ko 6/2003 Legeak erakunde publikoak arautzen ditu 38. artikuluan, halakotzat joz honako hauek:

«Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak eta Estatuko Administrazioa, eta baita horien mende dauden edo horietako erakunde-administrazioa osatzen duten zuzenbide pribatu edo publikoko entitateak ere.

Titulartzat aurreko idatz-zatian aipatutako administrazioek dituzten zerbitzuak kudeatzeaz arduratzen diren edozein izaeratako erakundeak, baldin eta horiek mota honetako zerbitzuak eskaintzen badihardute.

Batik bat a) idatz-zatian aipatutako administrazio eta erakundeen partaidetza duten edo horien kontrolpeko erakundeak, hauen izaera edozein dela ere. Ondorio hauetarako, kontrol-harremanak honako kasuetan daudela ulertuko da: erakundearen boto eskubide gehienak dituztenean edo gobernu organoko kide gehienak izendatu edo kargutik kentzeko eskubidea dutenean».

Abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 38. artikuluan xedatzen denez, erakunde publikoek kontsumitzaile eta erabiltzaileekiko harremanetan bi hizkuntza ofizialak agertzea bermatuko dute, era honetan:

«a) Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde eremuko establezimenduetan, errotuluak, oharrak eta, oro har, jendeari zuzendutako jakinarazpenak euskaraz eta gaztelaniaz emango dira.

b) Kontsumitzaile eta erabiltzaileek betetzeko egiten diren inprimaki edo eredu ofizialak bi hizkuntzatan emango dira.

c) Kontsumitzaileak edo erabiltzaileak berak hizkuntza ofizialetako bakarra erabiltzea nahi duela adierazi ezean, bi hizkuntzatan idatziko dira atxikipen kontratuak, klausula ereduak dituzten kontratuak, araupeko kontratuak, baldintza orokorrak eta kontratu horiei buruzko edo horiek egitearen ondoriozko agiriak.

d) Zehazki kontsumitzaileei zuzendutako jakinarazpenak bi hizkuntzatan eman beharko dira, eta baita fakturak, aurrekontuak eta antzeko agiriak ere, kontsumitzaile eta erabiltzaileak berak bi hizkuntza ofizialetako bat bakarrik erabiltzea aukeratu ezean.

e) Bi hizkuntzatan idatziko dira, halaber, produktu eta zerbitzuak erabili eta mantentzeko jarraibideen liburuxkak, berme-agiriak, eta etiketetan eta ontzietan adierazi beharrekoak.

f) Kontsumitzaile eta erabiltzaileei zuzendutako produktu, ondasun eta zerbitzuen eskaintza, sustapena eta publizitatea, erabilitako euskarria edozein dela ere, bi hizkuntzatan egingo da».

Orobat, abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 38.3 artikuluaren arabera, erakunde publikoekin dituzten harremanetan kontsumitzaile eta erabiltzaileek eskubidea dute arreta jasotzeko eurek hautatzen duten hizkuntza ofizialean.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari atxikitako zuzenbide pribatuko erakunde publikoek, administrazio kontratuak egiten dituztenean, hizkuntza baldintzak eskatu behar dituzte Jaurlaritzaren Kontseiluak 2006ko otsailaren 28an hartutako akordioaren arabera: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta beraren erakunde autonomiadunen eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoen administrazio kontratuak gauzatzeko orduan bete behar diren hizkuntza baldintzei buruzkoa, alegia.

C) Xede nagusia.

Sozietate publikoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek, eta sektore publikoko fundazio eta partzuergoek euskararen erabilera bermatuko dute herritarrekin zuzeneko harremanak dituzten zerbitzuetan, herritarrak aukera izan dezan nahi duen hizkuntza hautua egiteko.

D) Helburu orokorrak.

Eremu honetan sartzen diren entitateen izaera askotarikoa eta euskararen normalizazioari begira dauzkaten abiapuntu desberdinak kontuan harturik, xede nagusia lortzeko helburuak eta neurriak proposatzen dira. Dena den, asmo handiagoko helburuetara jotzeko aukera izango dute V. plangintzaldian Eusko Jaurlaritzako sailetarako eta erakunde autonomiadunetarako ezarri diren helburuak eta neurriak erreferentzia gisa hartuz.

Helburu orokor hauek landu ahal izango dituzte entitateek V. plangintzaldian, betiere bakoitzak bere egoerari egokituta eta xede nagusia lortzeko bidean:

– Arretako eta jendaurreko zerbitzuetan, ahozkoan eta idatzizkoan, herritarrari harrera euskaraz egitea.

– Irudi korporatiboan eta hizkuntza paisaian euskararen erabilera bermatzea.

– Langileen euskara gaitasuna handitzea.

– Euskararen normalizazio prozesua entitatearen jardunean integratzea, tokian tokiko erabilera planak onartuz.

E) Hizkuntzaren normalizaziorako neurriak.

Entitate bakoitzak zehaztuko ditu aipatu diren helburu orokor horietara heltzeko neurriak, nondik abiatzen den kontuan hartuta.

E.1.– Lehen helburuko neurriak.

Herritarrei euskarazko harrera bermatzeko, hainbat neurri landu daitezke:

– Herritarrei zuzentzen zaizkien ageriko eta idatzizko elementuak euskaratzea, eta langileei ereduak, datu-baseak, txantiloiak eta abar eskuratzea.

– Herritarrei euskarazko arreta bermatzeko, entitatean erabiliko diren prozedurak ezartzea.

– Langileen sentsibilizazioa eta parte-hartzea bultzatzeko ekimenak abian jartzea langileen hizkuntza ohituretan eragiteko.

E.2.– Bigarren helburuko neurriak.

Irudi korporatiboan eta hizkuntza paisaian euskararen erabilera bermatzeko neurri hauek erabil daitezke:

– Seinaleak, errotulazioa eta bestelako ageriko elementuak euskaraz ere jartzea.

– Web orriak eta batez ere herritarren eskura jartzen diren bestelako aplikazioak euskaraz ere jartzea.

– Entitatearen elementu korporatiboak euskaraz ere jartzea (paper-gauzak eta abar).

E.3.– Hirugarren helburuko neurriak.

Langileen hizkuntza gaitasuna hobetzeko, neurri hauek jarri ahal dira abian:

– Lanpostuaren definizioan txertatzea bertan jarduteko behar den euskara gaitasuna, herritarrekin harremana duten lanpostuetan.

– Langileen euskara gaitasuna hobetzeko prestakuntza ematea, lanpostuaren eginkizunen arabera.

E.4.– Laugarren helburuko neurriak.

Euskara entitatearen jardunean integratzeko, neurri hauek erabili ahal dira:

– Entitate bakoitzak bere erabilera plana diseinatu, onartu eta abian jartzea.

– Erabilera planei buruzko informazioa eta formazioa ematea erakunde-ordezkariei.

– Erabilera planaren inguruko komunikazio ekimenak lantzea entitatean.

– Entitatearen hizkuntza irizpideak erabaki eta ezartzea.

F) Erabilera planerako ibilbidea eta metodologia.

Erabilera planak egitea da euskararen erabileraren normalizaziorako biderik eraginkorrena. Horretarako, entitate bakoitzean euskararen erabilera normalizatzeko planak garatzeko urrats hauek proposatzen dira:

1.– Entitate bakoitzak egoeraren diagnosia egitea informazio bilketaren bidez (kuantitatiboa eta kualitatiboa). Egoeraren diagnosia egiteko jarraibide, metodo eta euskarri zehatzak Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eskuratuko dizkie entitateei. Entitatearen egoera edo abiapuntua ezagutzea ezinbestekoa da helburuak eta neurriak zehazteko. Entitateen funtzionamenduaren arlo guztietan hizkuntzek, bereziki euskarak, duten tratamenduari buruzko informazioa jasoko da. Besteak beste, arlo hauek aztertuko dira (EME-Erreferentziazko Marko Estandarra oinarri hartuta): hizkuntza paisaia eta irudi korporatiboa, harrera, bezeroak eta erabiltzaileak, produktua edo zerbitzua, pertsonen kudeaketa eta baliabide pertsonalak zein bestelakoak.

2.– Egindako diagnostikoan oinarrituta, plangintzaldi osorako erabilera plana, alegia, 2017ko abendurainokoa, definitzea. Planak aldagai hauek jasoko lituzke: helburuak, adierazleak eta estrategiak, adibidez.

3.– Plangintzaldi osorako onartu den erabilera plana urtez urteko planean zehaztea, betiere diagnostikoa eta planaren jarraipena kontuan hartuta. Urte horretan abian jarriko diren jarduera guztien aurreikuspena jasoko du urteko planak.

4.– Entitate bakoitzean diseinatzen den plana gauzatu eta kudeatzea. Horren ardura entitate bakoitzeko organoek, orokorrek zein erabilera planerako beren-beregi sortutakoek, izango dute.

5.– Planaren jarraipena eta ebaluazioa egitea, erabilera plana berrikusteko eta urtez urteko plana diseinatzeko.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak metodologia hori garatzeko sustapen lanak egingo ditu eta aholkularitza eskainiko du.

Horretaz gain, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak V. plangintzaldiaren tarteko eta amaierako ebaluazioa egiteko hizkuntza ofizialen erabilerari buruzko informazioa eskatuko die entitate hauei 2015eko amaieran eta 2017ko amaieran.

G) Hizkuntza irizpideak eta hizkuntza normalizaziorako gomendioak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailei atxikitako sozietate publikoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek, eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioek eta partzuergoek beren esparrurako hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak onartzea lagungarria izango da xede nagusia betetzeko. Horretarako, erreferentziatzat har ditzakete, beraientzat aplikagarriak diren heinean, Eusko Jaurlaritzan euskararen erabilera normalizatzeko plan nagusian jasotako irizpideak. Dena den, entitate horien izaera eta hizkuntza egoera kontuan hartuta, alor bakoitza lantzeko hainbat gomendio eta irizpide eskainiko dira jarraian.

1.– Harrera.

Entitate bakoitzak zehaztuko du erabili nahi duen harrera protokoloa, hau da, zein hizkuntzatan zein hurrenkeratan, etab., egingo den aurrez aurreko harrera, telefono bidezkoa edota automatizatua, baita megafonia bidezko mezuak ere.

Protokolo hau langile guztiei jakinaraziko zaie, bai zuzenean entitatean lan egiten dutenei, baita azpikontrataturiko langileei ere.

Aurrez aurreko harrera egiten duten lanpostuetan, euskaraz badakitela adierazten duen elementuren bat agerian izatea lagungarri gerta liteke (adibidez, mahaigaineko errotuluak, irudiak...).

Bisitariei dagokienez, bisita txarteletan eta idatzizko materialean euskararen presentzia bermatuko da.

2.– Bezeroak/Erabiltzaileak.

Entitateak bere bezero edota erabiltzaileekin dituen idatzizko harremanak bi hizkuntza ofizialetan izango dira. Hala, bi hizkuntzen presentzia bermatuko da merkataritza dokumentu eta inprimakietan (faktura, tiket, aurrekontu), inprimaki ofizialetan, lege dokumentuetan, emangarrietan eta bestelako dokumentuetan. Idatzizko komunikazioak bezeroak/erabiltzaileak hautaturiko hizkuntzan egingo dira.

Gauza bera ahozko harremanetan ere: aurrez aurre nahiz telefonoz bermatuko da erabiltzaileak aukeratutako hizkuntzan izango direla.

3.– Produktua/Zerbitzua.

Aurretik aipaturikoaz gain, entitateak berariaz adieraziko du produktua/zerbitzua ele bietan eskain dezakeela; bezeroak euskara erabil dezan bultzatuko du: sinadura elektronikoetan mezuak edo leloak txertatuz, logotipoak erabiliz, noizbehinkako kanpainak eginez...

Zerbitzua bezeroak aukeratutako hizkuntzan eman ahal izateko, derrigor euskaraz jakin behar den lanpostuak identifikatuko ditu entitateak, eta arreta euskaraz emateko gaitasuna duten behar beste langile badaudela bermatu arlo, txandetan, etab. Era berean, euskarazko arreta jaso nahi duen bezeroa langile euskaldunengana bideratzeko protokoloak ezarriko ditu, eta langile guztiei haien berri eman.

Entitateak, herritarrekin zuzeneko harremanak dituzten zerbitzuak emateko, hirugarren bat kontratatzen duenean, honek ere bete beharko ditu entitateak bete beharreko hizkuntza baldintzak.

Bezeroen gogobetetzean euskarari/hizkuntzari buruzko datuak jasotzea lagungarri gerta liteke entitatearentzat eskaera baloratzeko orduan, baita egiten ari denaren jarraipena eta ebaluazioa burutzeko ere.

4.– Hizkuntza paisaia eta irudi korporatiboa.

Entitate batek proiektatzen duen irudia garrantzitsua da, izan ere, eragina du herritarrak/bezeroak/erabiltzaileak entitate horrengana jotzerakoan erabiliko duen hizkuntzan.

Kontuan izan behar da, hizkuntza paisaia eta irudi korporatiboaren elementuak direla herritarrari lehen harrera egiten diotenak; entitateari buruzko informazioa eman eta entitatearen inguruko iritzia sortzen lagunduko diote. Elementuok herritarrei orokorrean zuzendutakoak dira, eta, beraz, bi hizkuntza ofizialen presentzia bermatuko dute.

Entitatearen ikusizko elementuetan, hala nola, marka, logotipoak, etab., euskararen presentzia bermatu beharko da.

Errotulazioa (kanpo nahiz barneko errotulazio finkoa eta aldakorra) eta paper-gauzei dagozkien elementuak lantzen hasteko, gehien erabiltzen diren edo erabiltzaileari gehien eragiten dioten elementuak identifikatuko dira, eta horietatik hasi aldaketak egiten. Era berean, harrera lekutik hasi eta entitate guztira zabaltzen joango da.

Webgunea eta gizarte sareak oso kontuan hartzeko elementuak dira; entitatearen erakustokia eta komunikazio tresna garrantzitsu bilakatu dira. Beraz, hemen ere, bi hizkuntza ofizialen presentzia bermatuko da. Gehien bisitatzen diren edukiak identifikatu eta horietatik hastea lagungarri gerta liteke, eta baita eduki garrantzitsuenen laburpenak euskaraz ipintzea. Horren helburua da V. plangintzaldiaren amaieran eduki guztiak ele bietan agertzea.

Hemen ere, hizkuntza irizpideak betetzen direla zainduko da, eta erabiltzaileari erraztasunak eskainiko zaizkio nabigatzeko orduan: orri guztietan, modu errazean, hizkuntza aldatzeko aukera eskaintzea; erabiltzailearen hizkuntza aukeraketa aintzat hartzea, euskaraz behin sartu eta gero, hurrengoetan ere hala sar dadin; esploratzailean euskara lehenetsita duen erabiltzaileari informazioa euskaraz zabaltzea, etab.

Azkenik, marketin eta publizitateari dagozkion elementuak herritarrei orokorrean zuzenduriko mezuak dira, eta hizkuntza ofizial bietan egingo dira.

Iragarki eta publizitate kanpainak egiterakoan, gomendatzen da testuak eta leloak egitea euskara kontuan hartuz, eta ez egitea gaztelaniaz sortutakoaren itzulpena, kasu gehienetan horrela egindakoek euskarara itzulitakoan porrot egiten baitute.

Entitateak jendaurreko ekitaldietarako irizpideak finkatuko ditu, eta euskararen presentzia bermatu, bai ahoz, bai idatziz.

Prentsa argitalpenetan ere, euskararen presentzia bermatuko da.

Aipaturiko elementu horiei guztiei eragiteko, erabili beharreko irizpideak zehaztuko ditu entitateak: hizkuntzen ordena, letra tamaina, tipografia... Gaiok entitatearen irudi korporatiboarekin batera landu daitezke.

Era berean, hizkuntzaren egokitasuna eta zuzentasuna zaintzeko prozedura zehaztea komeni da.

H) Baliabideak eta antolakuntza egitura.

Erabilera plana aurrera eramateko, giza egiturak eta inbertsioa zehaztu behar ditu entitate bakoitzak.

Ekimen planifikatua garatzeko, entitateak arduradun bat izendatzea oso lagungarria izaten da. Horretaz gain, euskara batzorde edo lantaldeak era daitezke planaren jarraipena egiteko, helburuen betetze maila zaintzeko, zuzentzeko neurriak proposatzeko, ekintzak koordinatzeko eta abar.

Era berean, hizkuntza kudeaketak ekarritako gastuen aurreikuspenak egitea beharrezkoa da (pertsonen dedikazioa, hizkuntza trebakuntza, hizkuntza lanabesak, itzulpena...), baita inbertsioak planifikatzea ere aurrekontuen bitartez.

Lagungarri gerta liteke beste erakunde batzuekin aliantzak bilatzea, hizkuntza normalizazioari dagokionez ikasteko eta elkarrekin aurrera egiteko.


Azterketa dokumentala