Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

73. zk., 2014ko apirilaren 15a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
1771

ERABAKIA, 2014ko martxoaren 26koa, Euskal Herriko Unibertsitatearen Gizarte Kontseiluarena, UPV/EHUko Ikasleen Iraunkortasunari buruzko Arautegia aldatzeko dena. Arautegi hori Kontseiluak berak onartu zuen, 2010ko uztailaren 14ko Erabakiaren bidez.

María Pilar Elorrieta Santosek, Euskal Herriko Unibertsitatearen Gizarte Kontseiluko idazkari nagusia naizen honek, honako hau

ZIURTATZEN DUT:

Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkurak, bere ehun eta laurogeita batgarren bileran, bi mila eta hamalauko martxoaren hogeita seian jarraian ageri duen erabakia onetsi du, aztergaien zerrendako bigarren garai buruz (UPV/EHUko ikasleen Iraunkortasunari buruzko Arautegia).

UPV/EHUn jarraitzeko indarreko arautegia Unibertsitateen Kontseiluak 2010eko maiatzaren 20an ontzat eman zuen eta UPV/EHUko gizarte kontseiluak onartu 2010eko uztailaren 14an.

Gobernu kontseiluak aurkezten duen proposamenak bete egiten ditu bete beharreko arauzko aurreikuspenak, ikasle berriek arduraldi partzialeko matrikula eskatu ahal izateko kasuak tipifikatzeko, indarreko arauetan honelakorik agertzen ez zelarik. Honez gain, ebaluazio deialdiei uko adierazteko prozedura argitzen du.

Unibertsitateen Kontseiluak 2014ko otsailaren 26an eman du aldeko txostena.

Ondorioz, Gizarte Kontseiluak, 2010eko uztailaren 14an, Unibertsitateko Graduko Ikasketetan Jarraitzeko onartutako arautegia aldatzea erabaki du, honetara:

Lehenengoa.– 3.1, 3.2, 3.3, eta 3.4. artikuluak aldatzen dira honako idazkera honekin:

3.1.– Ikasleak sei ebaluazio deialdi izango ditu irakasgai bakoitzerako.

3.2.– Ikasleak uko egin ahal izango dio ebaluazio deialdiari, eta deialdi hori ez zaio kontuan hartuko.

3.3.– Irakasgaiaren gidaliburuak adierazi beharko du zelan egin diezaiokeen uko ikasleak ebaluazio deialdi bati.

3.4.– Bosgarren, seigarren eta salbuespenezko deialdiak epaimahai batek ebaluatuko ditu, Gobernu Kontseiluak onartutako arauei jarraituz.

Ikastegian ikasleren bat badago bosgarren, seigarren edo salbuespenezko deialdian, aurreko paragrafoan adierazitako epaimahaia osatuko da, eta ikasturtearen lehenengo hiruhilekoan argitaratuko da epaimahaiaren osaera, kideen izen eta guzti. Epaimahaia osatzean, irakasleak aurreko deialdietan zuzentzaile lanetan jardun gabeak izan daitezela zainduko da, ahal den neurrian.

Bigarrena.– 6.3 artikulua aldatzen da honako idazkera honekin:

6.3.– Arautegi honetako 1.1a) artikuluaren arabera, lehenengo mailako irakasgai guztietan matrikulatu behar duten ikasle berriek beren matrikula «arduraldi partzialera» aldatzeko eskaera egin ahalko diote ikastegiko dekanoari/zuzendariari ikasturte akademiko bakoitzeko irailaren 15a baino lehen, edo, matrikula egun hori igaro ondoren egin bada, matrikula egin ondorengo bost egunen barruan.

Ikastegietako dekanoek/zuzendariek honako egoera hauetakoren batean dauden ikasleei baino ez diete baimenduko arduraldi partziala:

1.– % 33ko ezintasun maila edo handiagoa ofizialki aitortuta duten ikasleak. Ezintasuna eta ezintasun maila agiri bidez egiaztatu beharko dituzte.

2.– Adingabeak edo mendekotasun egoeran dauden pertsonak ardurapean izanik, familia unitatea osatzen duten ikasleak. Egoera hori agiri bidez egiaztatu beharko dute.

3.– Lanean ari diren ikasleak. Gizarte Segurantzaren Alta eta dagokion lan kontratua aurkeztuta, astean 20 ordutik gorako lanaldia dutela eta lanaldi hori eta eskoletara joatea bateraezinak direla egiaztatu beharko dute.

4.– Goi mailako kirolari, teknikari eta epaileak edo errendimendu handiko kirolariak. Egoera hori agiri bidez egiaztatu beharko dute, indarreko legediaren arabera.

5.– Presondegietan diren pertsonei buruzko UPV/EHUren protokoloa aplikagarri zaien ikasleak.

Hirugarrena.– 6. artikuluari laugarren atala gehitzen zaio honako idazkera honekin:

«6.4.– Ikastegiko dekanoak edo zuzendariak erabaki arrazoitua emango du eta erabaki horren aurka gorako errekurtsoa jarri ahalko zaio unibertsitateko errektoreari hilabeteko epean.

Laugarrena.– Azken Xedapenetako Lehenengoan aldatzen da honako idazkera honekin:

Lehenengoa.– UPV/EHUn jarraitzeko arau hauek 2014-2015 ikasturtearen hasieran jarriko dira indarrean, eta graduko ikasketei aplikatuko zaizkie.

Bosgarrena.– Honako erabaki honi atxiki zaio, erabakitako aldaketa hauek egin ondoren, UPV/EHUko graduko ikasketetan jarraitzeko arautegiaren testua».

Eta horrela ager dadin, akta oraindik onetsi gabe dagoela ohartarazirik, ziurtagiri hau eman dut Kontseiluburuaren aginduz, era berak ontzat eman du, Bilbon, bi mila eta hamalauko martxoaren hogeita seian.

O.E. Kontseiluburua,

ASIER ALORIA SÁNCHEZ.

Idazkari nagusia,

M. PILAR ELORRIETA SANTOS.

UPV/EHUko GRADUKO IKASKETETAN JARRAITZEKO ARAUAK, GIZARTE KONTSEILUAREN 2010eko UZTAILAREN 14ko ERABAKIAREN BIDEZ ONARTUAK ETA 2014ko MARTXOAREN 26ko ERABAKIAREN BIDEZ ALDATUAK

1. artikulua.– Baldintza akademikoak.

1.1.– UPV/EHUko ikasleek bete beharreko baldintza akademikoak:

a) UPV/EHUn graduko titulazioren bateko lehenengo mailan lehen aldiz matrikulatzen den ikasleak maila horretako irakasgai guztietarako egin beharko du matrikula.

b) Ikasleak, gutxienez, lehenengo mailako kredituen % 15 gainditu beharko ditu ohiko eta ezohiko deialdietan.

c) Matrikulako bigarren urtearen amaieran ikasleak, gutxienez, lehenengo mailako kredituen % 30 gaindituta izan beharko ditu.

1.2.– b) eta c) ataletan ezarritako baldintzak betetzen ez dituenak ezingo du ordura arte egiten ari zen ikasketekin jarraitu.

1.3.– Aurreko atalean (1.2.) azaldutako egoeran dagoen ikasleak beste titulazio bateko ikasketak hasi ahalko ditu, balorazio irizpideen eta plazak esleitzeko ikasturte bakoitzerako zehaztutako irizpideen arabera (irizpideok Gobernu Kontseiluak onartzen ditu unibertsitateko titulazioetan sartzeko prozedurari buruzko legedia garatzeko). Bigarren titulazioan ikasten hasi eta ez badu 1.1. atalean zehaztutakoa betetzen, ezin izango du beste ikasketarik egin UPV/EHUn, harik eta bi ikasturte UPV/EHUtik kanpo eman arte.

2. artikulua.– Ikasturte bakoitzerako matrikula.

2.1.– Ikasleak aurreko mailetan gainditzeke dituen irakasgai guztietan matrikulatu beharko du.

2.2– Ikasleak gehienez 60 kreditu berritarako egin dezake matrikula. Guztira, kreditu berriak eta errepikatutako kredituak batuta, ezingo du 90 kreditu baino gehiagotan matrikulatu.

3. artikulua.– Irakasgai bakoitzerako deialdi kopurua eta azterketa eskubideari uko egitea

3.1.– Ikasleak sei ebaluazio deialdi izango ditu irakasgai bakoitzerako.

3.2.– Ikasleak uko egin ahal izango dio ebaluazio deialdiari, eta deialdi hori ez zaio kontuan hartuko.

3.3.– Irakasgaiaren gidaliburuak adierazi beharko du zelan egin diezaiokeen uko ikasleak ebaluazio deialdi bati.

3.4.– Bosgarren, seigarren eta salbuespenezko deialdiak epaimahai batek ebaluatuko ditu, Gobernu Kontseiluak onartutako arauei jarraituz.

Ikastegian ikasleren bat badago bosgarren, seigarren edo salbuespenezko deialdian, aurreko paragrafoan adierazitako epaimahaia osatuko da, eta ikasturtearen lehenengo hiruhilekoan argitaratuko da epaimahaiaren osaera, kideen izen eta guzti. Epaimahaia osatzean, irakasleak aurreko deialdietan zuzentzaile lanetan jardun gabeak izan daitezela zainduko da, ahal den neurrian.

3.5.– Sei deialdiak behin agortuta, ikasleak salbuespenezko deialdi bakar bat eska dezake UPV/EHUko errektoreari zuzendutako idatziaren bidez.

Salbuespenezko deialdia emateari buruzko erabakia UPV/EHUko errektoreak emango du, kontuan hartuta ikaslearen espediente akademikoa eta beste gorabehera batzuk.

3.6.– Irakasgai baterako deialdiak agortuz gero, ikasleak ezingo du unibertsitatean ordura arte egiten ari zen ikasketekin jarraitu.

4. artikulua.– Matrikulako urte kopurua.

4.1.– Ikasleak matrikulako urte kopuru mugatua izango du graduko ikasketak amaitzeko; zehazki, graduak dituen maila kopurua eta beste bi urte gehiago izango ditu.

4.2.– Matrikulako urte horiek agortuta ez baditu graduko ikasketak amaitu, salbuespen gisa, eta behar bezala arrazoitu ostean, beste urte bat eska dezake. Horretarako, ikastegiko dekanoari edo zuzendariari idatzia aurkeztu beharko dio. Honek erabakia hartzerakoan kontuan hartuko ditu ikaslearen espediente akademikoa eta beste gorabehera batzuk.

4.3. Ikastegiko dekanoak edo zuzendariak hartutako erabakiaren kontra gorako errekurtsoa jarri ahalko zaio unibertsitateko errektoreari hilabeteko epean.

5. artikulua.– Egoera bereziak.

Ikasleari ez zaizkio ezarriko 1.2., 4.1. eta 4.2. artikuluetan zehaztutakoak, baldin eta honako egoera bereziren batean badago:

– Eskola aldian gaixorik egotea hiruhileko batean baino luzaroago. Egoera hori behar bezala egiaztatu beharko da.

– Objektiboki baloratu daitekeen beste egoeraren bat.

Egoera horietakoren batean egonez gero, alegazioa ikastegiko idazkaritzan aurkeztu beharko du ikasleak dekanoari/zuzendariari zuzendutako idatziaren bidez, eta dekanoak/zuzendariak emango du eskariari buruzko erabakia.

6. artikulua.– Arduraldi partzialeko ikasleak.

6.1.– Arduraldi partzialeko ikasletzat joko dira 60 kreditutik beherako matrikula egiten duten guztiak.

6.2.– Matrikula egiteko urte kopurua kalkulatzerakoan (4.1. atalean zehaztuta), arduraldi partzialeko matrikulak urte erdi gisa zenbatuko dira.

6.3.– Arautegi honetako 1.1.a) artikuluaren arabera, lehenengo mailako irakasgai guztietan matrikulatu behar duten ikasle berriek beren matrikula «arduraldi partzialera» aldatzeko eskaera egin ahalko diote ikastegiko dekanoari/zuzendariari ikasturte akademiko bakoitzeko irailaren 15a baino lehen, edo, matrikula egun hori igaro ondoren egin bada, matrikula egin ondorengo bost egunen barruan.

Ikastegietako dekanoek/zuzendariek honako egoera hauetakoren batean dauden ikasleei baino ez diete baimenduko arduraldi partziala:

1.– % 33ko ezintasun maila edo handiagoa ofizialki aitortuta duten ikasleak. Ezintasuna eta ezintasun maila agiri bidez egiaztatu beharko dituzte.

2.– Adingabeak edo mendekotasun egoeran dauden pertsonak ardurapean izanik, familia unitatea osatzen duten ikasleak. Egoera hori agiri bidez egiaztatu beharko dute.

3.– Lanean ari diren ikasleak. Gizarte Segurantzaren Alta eta dagokion lan kontratua aurkeztuta, astean 20 ordutik gorako lanaldia dutela eta lanaldi hori eta eskoletara joatea bateraezinak direla egiaztatu beharko dute.

4.– Goi mailako kirolari, teknikari eta epaileak edo errendimendu handiko kirolariak. Egoera hori agiri bidez egiaztatu beharko dute, indarreko legediaren arabera.

5.– Presondegietan diren pertsonei buruzko UPV/EHUren protokoloa aplikagarri zaien ikasleak.

6.4. Ikastegiko dekanoak edo zuzendariak erabaki arrazoitua emango du eta erabaki horren aurka gorako errekurtsoa jarri ahalko zaio unibertsitateko errektoreari hilabeteko epean.

7. artikulua.– Matrikula baliogabetzea.

7.1.– Ikaslearen eskariz matrikula baliogabetzeak eta matrikula ez egiteak ondorio berak izango dituzte unibertsitatean jarraitzeari dagokionez.

7.2.– Ikasleak, urtero, matrikula baliogabetzeko aukera izango du abenduaren 31ra arte.

7.3.– UPV/EHUk berak bere kabuz baliogabetuko du matrikula, baldin eta ikasleak ez badu betetzen matrikula egiteko zehaztutako baldintzaren bat edo ez badu matrikula ordaindu zehaztutako epeen barruan.

8. artikulua.– Prozedura.

8.1.– Arautegi honekin zerikusia duten eskariak (3.5. atalean adierazitakoa salbu) ikastegiko dekanoari/ zuzendariari zuzendu beharko zaizkio. Ondoren, hark hartutako erabakiaren kontra errekurtsoa jarri ahalko zaio errektoreari hilabeteko epean.

8.2.– Arautegi honetan jaso ez den guztirako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean zehaztutako prozedura ezarriko da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Desagertzear dauden diplomatura, lizentziatura, ingeniaritza tekniko, ingeniaritza, arkitektura tekniko eta arkitekturan matrikulatutako ikasleei UPV/EHUn jarraitzeko ezarriko zaizkien arauak izango dira Gizarte Kontseiluak 2005ean onartutakoak (2006ko urtarrilaren 17ko EHAAn argitaratuak). Hori horrela izango da harik eta ikasketa horiek erabat desagertu edo graduko ikasketetara egokitu arte.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Arautegi honek indargabetu egiten ditu UPV/EHUn jarraitzeko Gizarte Kontseiluak 2005ean onartutako arauak, bai eta arau haiek garatzeko zehaztutako xedapen guztiak ere, kalterik egin gabe Xedapen Iragankorrean ezarritakoari.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– UPV/EHUn jarraitzeko arau hauek 2014-2015 ikasturtearen hasieran jarriko dira indarrean, eta graduko ikasketei aplikatuko zaizkie.

Bigarrena.– Errektoreak, urtero-urtero, arautegi honen emaitzen eta ezarpenaren berri emango dio Gizarte Kontseiluari.


Azterketa dokumentala